61. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ERRONKARIKO IBAXAREN BATZORDEA

Oposizio-lehiaketa, gizarte-hezitzailearen plaza bat betetzeko

2025eko abenduaren 30ean egin bilkura berezian hartutako erabaki bidez, onetsi zen gizarte-hezitzailearen plaza bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia, lan-araubide finkoan aritzeko Erronkariko Ibaxaren Batzordearen zerbitzuan.

Hautapen-prozesua honako hauen arabera eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, onetsi zuena Langileak Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua; aplikatu beharreko gainerako arauak; eta deialdi honen oinarriak.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea Erronkariko Ibaxaren Batzordearen zerbitzuan aritzeko gizarte-hezitzailearen lanpostu bat, lan-araubide finkoan jarduteko, plantilla organikoan 10 zenbakia duen plazan.

1.2. Plaza lortzen duen izangaia lan-kontratudun finko bilakatuko da, langileen arloan indarrean dauden xedapenek adierazten dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko da eta hartan alta emanen zaio, eta araubide horrek Erronkariko Ibaxaren Batzordearentzat ezartzen duen babesaren pean egonen da.

1.3. Plazak izanen ditu B mailako ordainsariak, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkienak. Plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak ere izanen ditu.

1.4. Lanaldi osoan jardun beharko da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira une oro, eta organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dituzte, beharrezkoa baldin bada.

1.5. Oporren araubidea Erronkariko Ibaxaren Batzordearen bulegoetako gainerako langileena izanen da.

1.6. Halaber, deialdi honen xedea da aldi baterako kontrataziorako zerrenda bat eratzea sartzeko hautapen-prozesuan plazarik eskuratzen ez duten izangaiekin, deialdiaren 9. oinarriari jarraikiz.

2.–Baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Unibertsitate titulu hauetako bat izatea: Gizarte Hezkuntzako gradua edo diploma, edo horien baliokidetzat jotzen den beste titulu bat; bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu horietako bat lortzeko moduan izatea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak eduki beharko dira.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea.

f) Euskarazko C1 titulua edo baliokideren bat edukitzea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazio bat edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.1.2. Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, lanpostu honetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.1.3. Genero Indarkeriari buruzko 1/2004 Lege Organikoaren eta Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko 14/2015 Foru Legearen arabera, baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea emakumeen aurkako biolentzia delitu batengatik.

2.2. Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko ditu bai plaza betetzeko izendatutakoak, bai aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen dutenek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

Aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira langile lan-kontratudun finko izendatu, plaza bete behar badute, edo, gainerako kasuetan,ezin izanen dira kontratatu. Ordura arteko haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta bete beharko dira hautapen prozesuak, izendapenak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3.–Eskabideak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskaerak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da. Azken eguna baliogabea bada, epea luzatu eginen da, hurrengo lehen egun baliodunera arte.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea aurkeztu behar dute Erronkariko Ibaxaren Batzordearen Erregistroan (Julian Gaiarre pasealekua 5, 31415 Erronkari), 09:00etatik 13:00etara, edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), horretarako erabiliz II. eranskinean jasotzen den eskabide eredua.

Halaber, parte hartzeko eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Erronkariko Ibaxaren Batzordearen Erregistro Orokor Elektronikoan, Batzordearen egoitza elektronikoan (https://jgvallederoncal.sedelectronica.es/info.0).

Eskabidea aurkezten bada urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako beste erregistroren batean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), eta eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barnean, juntageneral@vallederoncal.es helbide elektronikora igorriko da deialdian parte hartzeko eskabidea, adieraziz zer erregistrotan aurkeztu den dokumentazio osagarria.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztu behar da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, hura ziurtatu aurretik.

Eskabidean izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela hautapen prozesuan parte hartzeko eskatzen diren baldintza guzti-guztiak. Erronkariko Ibaxaren Batzordearen Erregistro Orokor Elektronikoan eskuratu ahal izanen da eskabide-eredua, bai eta Internet bidez ere, Erronkariko Ibaxaren Batzordearen webgunean (https://vallederoncal-erronkaribar.com/eu/).

Desgaitasuna duten izangaiek epeak eta moduak egokitzeko eskatzen ahalko dute ariketak egiterakoan, hala behar izanez gero. Kasu horietan, eskaeran, beste orrialde batean, adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkeztuko du, eskabidea aurkeztearekin batera, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

–NANaren fotokopia, edo horren baliokidea den agiriarena.

–Deialdi honen 2.1.1 c) oinarrian eskatutako titulazioaren fotokopia arrunta, edo parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako hura lortzeko moduan egotea frogatzen duen ziurtagiria.

–6.1 oinarrian ezarritakoaren arabera alegatutako merezimenduen frogagirien kopia.

–Hala badagokio, desgaitasuna duten izangaien probak egiteko denbora eta baliabide egokitzapenei buruzko dokumentazioa eta desgaitasuna frogatzen duen ziurtagiria. %33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Denborak eta baliabideak egokitu daitezela eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetako baten kopiaren bidez:

  • IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
  • Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soil konpultsatuak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil nahiz administratiboak eskatuko dira.

3.4. Izangaiek helbide elektroniko bat adieraziko dute eskabidean, jakinarazpenak jasotzeko.

4.–Izangaiak onartzea.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Batzordeko buruak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Batzordearen iragarki-taulan eta webgunean.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangai onartuen behin betiko zerrenda.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko, idazkia aurkezturik Erronkariko Ibaxaren Batzordeko Erregistro Orokorrean.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoan, Batzordeko buruak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (https://vallederoncal-erronkaribar.com/eu/). Ebazpen horretan bertan adieraziko da deialdi honetako hautaprobak egiteko tokia, eguna eta ordua.

4.4. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du erran nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Baldin eta hautapen prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Amparo Viñuales Galé, Erronkariko Ibaxaren Batzordeko burua.

Epaimahaiburuaren ordezkoa: Jose Javier Echandi Sarriés, Gizarte Zerbitzuen eta Hezkuntzaren Batzordeko burua.

Lehen epaimahaikidea: Amaya Larumbe Torrano, Erronkariko Ibaxaren Batzordeko ordezkari sindikala.

Bigarren epaimahaikideren ordezkoa: hark eskuordetutako bat.

Bigarren epaimahaikidea: Maitane Urbizu Ruiz, Nafarroako Gobernuko gizarte-hezitzailea Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentzian.

Bigarren epaimahaikidearen ordezkoa: Lourdes Zoco Cía, Zaraitzuko eta Nabaskozeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko gizarte-hezitzailea.

Hirugarren epaimahaikidea: María Jesús Mandacen Elizalde, Erronkariko Ibaxaren Batzordeko gizarte-langilea.

Hirugarren epaimahaikidearen ordezkoa: Marta Moler Ayechu, Zaraitzuko eta Nabaskozeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko gizarte-langilea.

Epaimahaikide idazkaria: Asier Gil Artuch, Erronkariko Ibaxaren Batzordeko idazkaria.

Epaimahaikide idazkariaren ordezkoa: Anne Cubillas Armendáriz, Erronkariko Udaleko idazkaria.

5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

Hautaketa-prozesua bi urratsetan gauzatuko da, hurrenez hurren; lehenbizi, lehiaketaldia, eta bigarrenik, oposizioaldia. Oposizio-lehiaketan, guztira, 100 puntu lortzen ahal dira.

6.1. Lehiaketaldia.

6.1.1. Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu behar dituzte izangaiek, deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztean, 3. oinarriak dioen bezala, horretarako erabiliz jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak. Bestela, ez dira kontuan hartuko.

Egindako zerbitzuen apartatuan alegaturiko merezimenduak dagokion administrazio publiko, gobernuz kanpoko erakunde (aurrerantzean GKE), elkarte edo irabazi asmorik gabeko fundazioaren ziurtagirien bidez egiaztatuko dira, eta ziurtagiri horietan lan egindako denbora, lanbide-kategoria eta lanaldiaren iraupena jaso beharko da.

6.1.2. Kalifikazio-epaimahaiak deialdiko baremoaren arabera kalifikatuko eta puntuatuko ditu alegatutako eta frogatutako merezimenduak.

6.1.3. Agiriek eduki beharko dute aipatutako baremoa aplikatzeak eskatzen duen informazio guztia. Ez dira kontatuko justifikatzen ez diren merezimenduak. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu azalpenak eta datu osagarriak, lehiakideek alegatutako merezimenduen gainean.

6.1.4. Lehiaketaldiak 20 puntuko balorazioa izanen du gehienez. Honela banatuko dira puntuak:

–Administrazio publikoetan, xede den lanpostuaren antzeko ezaugarriak dituzten lanpostuetan, B mailan, emandako zerbitzuak: 2 puntu lan-urte bakoitzeko, eta 10 puntu gehienez.

–GKE, elkarte, fundazio eta irabazi asmorik gabeko erakundeetan eta enpresa pribatuetan, xede den lanpostuaren antzeko ezaugarriak dituzten lanpostuetan, emandako zerbitzuak: 1 puntu lan-urte bakoitzeko, eta 10 puntu gehienez.

Egindako zerbitzuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:

a) Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

b) Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

c) Beste zerbitzu batzuekin aldi berean egindako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.

d) Baloratzeko, hilabete baino gehiago iraun duten lan-kontratuak bakarrik hartuko dira kontuan.

e) Lanean egindako denbora baloratzeko, honako hauek aurkeztu beharko dira: lan-bizitza, kontratuak, eta zerbitzuak egin diren administrazioaren edo enpresaren ziurtagiria, non ziurtatuko baitira egindako eginkizunak, lanaldiaren iraupena, kontratuaren iraupena eta lanposturako eskatutako titulazioa. Alegatutako merezimenduak ez-aurkeztutzat joko dira, baldin eta ez badute betetzen atal honetan eskatzen dena.

f) Deialdia argitaratu ondotik egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

g) Administrazio publikoetako langileen kasuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon badira, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu badira, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari dagokionez, egoera horietan sartzean zeukaten lanpostuan egin izan balituzte bezala kontatuko dira.

6.1.5. Epaimahaiak bere iritzia arrazoituz baloratuko ditu izangai bakoitzaren kasuan egokitzat jotzen dituen merezimenduak. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik.

6.1.6. Merezimenduen balorazioa egindakoan, emaitzak argitara emanen dira iragarki-taulan, eta Interneten ere kontsultatzen ahalko dira, Batzordearen webgunean.

6.2. Oposizioaldia.

6.2.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat, oposizio-lehiaketa hasiko da deialdia argitaratu eta gutxienez ere bi hilabete iragandakoan. Lehiaketaldia eginen da lehenik, eta ondotik, berriz, oposizioaldia, oinarri hauetan zehaztu bezala.

6.2.2. Batzordeko buruak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta ebazpen horretan zehaztuko dira oposizioko lehenbiziko proba egiteko tokia, eguna eta ordua, eta egun bakarrean edo gehiagotan egin ahalko dira. Epaimahaiak, aurkezturiko izangaien kopurua kontuan hartuz, dagokiona erabakiko du eta behar den denborarekin argitaratuko du, ziurrenik ekainean zehar.

Oposizioko proba bakoitzaren kalifikazioa amaitu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu izangaien kalifikazioak Erronkariko Ibaxaren Batzordearen webgunean eta iragarki-taulan.

Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute.

Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2.3. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.

Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskaeran hala eskatu badute.

6.2.4. Oposizioan 80 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ariketa hauek izanen ditu:

–Lehenbiziko ariketa.

Proba teorikoa izanen da, eta, gehienez ere, test motako 50 galdera erantzun beharko dira idatziz, ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Ongi erantzundako galdera bakoitzari puntu bat emanen zaio, eta ez da punturik kenduko oker erantzundako galderengatik.

–Bigarren ariketa.

Kasu praktiko bat izanen da. Epaimahaiak proposatuko du I. eranskineko gaiekin lotutako arazo bat, eta garatu eta ebatzi egin beharko da, eta baloratuko da izangaiak daukan gaitasuna egituratzeko, sintetizatzeko, argumentatzeko eta egoki aplikatzeko.

Ariketa honetan gehienez ere 30 puntu emanen dira, eta ariketa gainditzeko gutxienez ere 15 puntu erdietsi behar dira.

Lehenbiziko atala (proba teorikoa) gainditzen ez dutenei ez zaie zuzenduko bigarrena (kasu praktikoari buruzko ariketa).

Halaber, bazterturik geldituko dira kasu praktikoan 0 puntuko kalifikazioa lortzen dutenak.

6.3. Ariketa guztiak eginen dira plika sistemaren bidez.

6.4. Epaimahaiak ariketa hasterakoan adieraziko du izangaiek zenbat denbora izanen duten proba bakoitza egiteko.

6.5. Genero-indarkeriaren biktima izan direnek arriskurik izan ez dezaten, eta bete beharrez abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa (lege horrek hizpide ditu genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriak), bermatuko da biktimen datu pertsonalak babesten direla administrazioko egintzak argitaratzean eta jakinaraztean, eta, oro har, hautaketa-prozesu osoan.

6.6. Hiru egun baliodun izanen dira proben edukiari buruzko alegazioak jartzeko, zenbatzen hasita ariketa egin den egunaren biharamunetik edo, test motako ariketaren kasuan, erantzun zuzenen plantilla argitaratzen den egunaren biharamunetik. Test motako ariketari buruzko alegazioei dagokienez, epaimahaiak aztertuko ditu, eta ebatzitzat eta erantzuntzat joko dira aldatutako erantzunen txantiloia argitaratzearekin bat edo, hala badagokio, probaren kalifikaziotik ondorioztatzen den erabakiarekin.

6.7. Soilik hiru egun balioduneko epean onartuko dira azterketak berrikusteko eskabideak, ariketako kalifikazioak argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.8. Berdinketarik gertatuz gero, joko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde. Berdinduta jarraituz gero, kontuan hartuko da deialdi honen 6. oinarriko bigarren eta lehen ariketetan ateratako puntuazioa (ordena horretan), eta, azkenik, berdin jarraituz gero, jendaurreko zozketa eginen da.

7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta izendapen proposamena.

7.1. Hautaprobak bukaturik, kalifikazio-epaimahaiak Batzordearen iragarki-taulan eta webgunean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioekin eta puntuazio-ordenan. Zerrenda hori, orobat, Batzordeko buruari igorriko dio, espediente osoarekin batera, bai eta probak puntuazio handienarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamena ere.

Halaber, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda igorriko dio, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda eratzeko. Izan ere, zerrenda hori erabiliko da, indarrean dagoen bitartean, egitekoak diren kontratazioetarako, eta bost urteko iraunaldia izanen du, epe laburragoan agortzen ez bada edo beste deialdi bat egiten ez bada.

Izendatzeko proposamen hori argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Batzordearen iragarki-taulan zein webgunean.

7.2. Kontratazio proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Erronkariko Ibaxaren Batzordearen Erregistro Orokorraren bidez:

a) NANaren fotokopia konpultsatua edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.

b) Deialdiaren 2.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena. Administrazioak noiznahi egiaztatzen ahalko du aurkeztutako dokumentazioa. Aurkeztutako agirietan edo datuetan zehaztasunik eza edo faltsukeria antzemanez gero, erantzukizunak eskatuko dira.

c) Osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena interesdunak ez duela akats fisikorik nahiz psikikorik edo eritasunik, eragozten dionik karguaren eginkizunak betetzea.

Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, frogagiri bat aurkeztu beharko dute, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioena, balorazio- eta orientazio talde-eskudunek emana.

d) Zinpeko deklarazioa, bere erantzukizunpekoa, adierazten duena ez dagoela desgaitua ez gabetua eginkizun publikoetarako eta ez dutela kendu inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

e) Zina edo hitzematea, adierazten duena ezen Nafarroako foru-araubidea errespetatuko duela, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.

f) Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa, zeina arautu baitzen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez.

g) Erronkariko Ibaxaren Batzordeak eskatzen dizkion gainerako agiriak.

7.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, ezin izanen da kontratatu, eta haren jarduketa guztiak baliogabetu eginen dira, eskabidean gezurra esateagatik egozten ahal zaion erantzunbeharra alde batera utzi gabe.

7.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko du baja Batzordeko buruak, eta horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

7.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Batzordeko buruak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek deialdi honetan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

8.–Izendapena, plaza hutsaren adjudikazioa eta jabetza hartzea.

8.1. Eskatzen zaizkion agiriak aurkeztu ondoren, Batzordeko buruaren ebazpen baten bidez, Erronkariko Ibaxaren Batzordeko langile lan-kontratudun finko izendatuko da aurreko oinarrietako ezarritakoa betetzen duen izangaia.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek izanen dituela jakinarazpenaren ondorio berberak, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

8.3. Izendapen ebazpenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz izangaiak.

Ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezarritako egunean plazaz jabetzen ez denak eskubide guztiak galduko ditu Erronkariko Ibaxaren Batzordean lan-kontratudun finko aritzeko.

9.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko arauak.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatutakoarekin bat, eta deialdi honen 1.6 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat prestatuko da probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaiekin.

Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.

Kontratazio-zerrendek bost urteko indarraldia izanen dute, salbu eta epe laburragoan agortzen badira edo beste deialdi bat egiten bada.

9.2. Deitzea.

Kontratazioa, oro har, zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik eginen da.

Izangaiek harremanetarako zenbait telefono, helbide elektronikoa, ematen ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik eduki beharko dituzte.

Zerrendan dagoen lehentasun ordenaren arabera deituko zaie izangaiei, une jakin horretan lanean egon ala ez. Aurrekoa gorabehera, langileei dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. apartatuan ezarritakoa (Administrazio publikoetan desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera).

Lanerako kontratua telefonoz eskaintzen zaion izangaiari hiru dei, bederen, eginen zaizkio emandako komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra jasoko da, adierazita gorabeherak, eguna eta ordua.

Deitutako izangaiarekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostu guztiak bete arte.

9.3. Uko egitea.

Izangairen batek uko egiten badio eskaini zaion lanpostuari edo kontratuari, zerrendaren bukaerara pasatuko da, frogatu ezean honako egoera hauetako batean dagoela:

a) Horretara behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.

b) Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia izatea ama izateagatik edo adoptatzeagatik.

c) Zaindu beharra 3 urte baino gutxiagoko haurra.

d) Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere burua gobernatu ezin duena adinagatik, istripuagatik edo eritasunagatik.

e) Izangaiaren ezkontza edo pareko egoera (jarraikiz uztailaren 3ko Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko 6/2000 Legeari), baldin lanpostuari uko egiten bazaio hori gertatu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalen barnean.

f) Beste lan-kontratu baten frogagiria aurkeztea.

Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean daudenek, edo kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko dituen gisako egoeretan daudenek, hilabeteko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiriekin eta modu frogagarrian frogatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean segituko dute.

Artikulu honen lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan, izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, egoki diren agiriak aurkeztu beharko dituzte, adierazten dutenak noiz bukatu den uko egitea ekarri zuen egoera. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

9.4. Zerrendatik kanporatzea.

Izangaiak honako kasu hauetan geldituko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, baldin ez badira gertatzen B letrako kasuak.

c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

9.4.2. Honako hau izanen da zerrendatik kanporatzeko prozedura:

Kanporatzeko kausaren bat dagoela jakinez gero, kasuan-kasuan eskumena duen organoak aginduzko txostena eginen du, eta, 10 egun balioduneko entzutea eman ondoren, bidezkoa denean, izangaia kanporatzeko proposamena eginen dio Batzordeko buruari.

Buruak izangaiak kanporatzeko ebazpen bat emanen du, aurreko apartatuetan ezarritako arrazoiekin bat.

Kanporatzeko ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio 10 eguneko epean gehienez, eta espresuki adieraziko zaio kanporatzearen arrazoia.

Kanporatzeko prozedura izapidetu bitartean, ulertuko da izangaia ez dagoela kontratatzeko moduan.

10.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

Erronkariko Ibaxaren Batzordea da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

Datuak tratatuko dira xede honekin: langileak hautatzea eta gizarte-hezitzailearen plaza bat betetzea.

Hona hemen tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da kontratu bat gauzatzeko, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo tratamendua beharrezkoa da kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).

Datuak zein helburutarako bildu diren, hura betetzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko behar den denboran ere. Aplikatuko da artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

Datuak komunikatuko dira legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), gardentasunaren atarian argitaratzea barne, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.

Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, aurka egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, egoitza elektronikoaren bidez, edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez.

Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (www.aepd.es) edo, bertzela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

11.–Errekurtsoak.

Errekurtso hauek para daitezke deialdi honen aurka, baita oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ere:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio egoki den Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Erronkarin, 2026ko martxoaren 5ean.–Batzordeburua, Amparo Viñuales Galé.

I. ERANSKINA.–GIZARTE-HEZITZAILEAREN GAI-ZERRENDA. ERRONKARI, 2026

Lehenengo zatia.–Oinarrizko araudia.

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. I. TITULUA: Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.

2. gaia.–13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa: atariko titulua eta II. titulua. Nafarroaren ahalmen eta eskumenak.

3. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Atariko titulua. Xedapen orokorrak, sektore publikoaren jarduketa- eta funtzionamendu-printzipioak, IV. kapitulua (Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna). III. titulua. Administrazioen arteko harremanak.

4. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Administrazio-prozedurari buruzko xedapen orokorrak. I. titulua: Prozedurako interesdunak. II. titulua: Administrazio publikoen jarduera: jarduketa-arau orokorrak, epemugak eta epeak. III. titulua: Administrazio-egintzak: Administrazio egintzen betebeharrak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. IV. titulua. Administrazio prozedura erkideari buruzko xedapenak: Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearazpena. V. titulua. Egintzak administrazio-bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio-errekurtsoak.

5. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Datu-babesaren printzipioak. III. titulua: pertsonen eskubideak.

6. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. III. titulua: Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. VI. titulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

7. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Xedapen orokorrak. Dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak. Dirulaguntzak itzultzea.

8. gaia.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa. Atariko titulua. I. titulua: Berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. II. titulua: Berdintasunerako politika publikoak. Printzipio orokorrak. V. titulua: Berdintasun-printzipioa enplegu publikoan (I., II. eta III. kapituluak).

9. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

Bigarren zatia.–Oinarrizko araudi berariazkoa, planak, programak eta gidak.

1. gaia.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, hizpide dituena autonomia pertsonala sustatzea eta mendetasun egoeran dauden pertsonak zaintzea.

2. gaia.–8/2021 Lege Organikoa, ekainaren 4koa, haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babestekoa.

3. gaia.–1/1996 Lege Organikoa, urtarrilaren 15ekoa, Adingabearen Babes Juridikoari buruzkoa, eta Kode Zibilaren eta Prozedura Zibilaren Legearen zati batzuk ere aldatzekoa.

4. gaia.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, adingabeen erantzukizun penala arautzen duena.

5. gaia.–12/2022 Foru Legea, maiatzaren 11koa, Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa.

6. gaia.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa. Eskubideak eta betebeharrak. Gizarte zerbitzuen sistema publikoa. Eskumenen eta antolaketaren gaineko araubidea.

7. gaia.–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena.

8. gaia.–541/2013 Foru Agindua, ekainaren 20koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, Behaketa eta Harrera Zerbitzua, ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuan arautua, garatzen duena. Foru dekretu horrek gizarte zerbitzu orokorren zorroa onetsi zuen.

9. gaia.–197/2018 Foru Agindua, ekainaren 15ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, arautzen duena familiako egoera baloratzeko zer baremo eta zer prozedura aplikatuko diren adineko pertsonak, desgaitasun bat dutenak, gaixotasun mental bat dutenak edo gizartean bazterturik edo horrela gertatzeko arriskuan daudenak artatzeko egoitza plazetara sartzeko.

10. gaia.–13/2023 Foru Legea, apirilaren 5ekoa, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka borrokatzekoa.

11. gaia.–15/2016 Foru Legea, azaroaren 11koa, Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituena. Hitzaurrea. I. kapitulua: Xedapen orokorrak. II. kapitulua: Gizarte inklusiorako eskubidea. 26/2018 Foru Dekretua, apirilaren 25ekoa, gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak garatzeari buruzkoa: Hitzaurrea. I. kapitulua: xedapen orokorra. II. kapitulua: gizarte inklusiorako eskubidea. III. kapitulua. errenta bermaturako eskubidea, 1. atala: xedapen orokorrak, 3. atala: gizarteratzerako eskubidearekin batera baliatzea.

12. gaia.–19/2021 Legea, abenduaren 20koa, Bizitzeko Gutxieneko Errenta ezartzen duena. Hitzaurrea. I. kapitulua: Xedapen orokorrak. II. kapitulua: Aplikazio-eremu subjektiboa.

13. gaia.–31/2022 Foru Legea, azaroaren 28koa, Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzkoa.

14. gaia.–92/2020 Foru Dekretua, abenduaren 2koa, arautzen dituena, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, nahasmendu mentala dutenen, adigabeentzako arretaren eta gizarte inklusioaren arloetan, eta, bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea.

15. gaia.–Aldaketa Erronkariko Ibaxaren Batzordeko komisioen funtzionamendua arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena 2022-05-17.

16. gaia.–Ordenantza, Erronkariko Ibaxaren Batzordeko kulturaren, kirolaren, iraskaskuntzaren, turismoaren, osasunaren, aisiaren eta gizarte zerbitzuen arloetako jardueretarako dirulaguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena. 2010-09-20.

17. gaia.–Zainketen aldeko ituna Nafarroan.

18. gaia.–III. Prebentzio Plana: drogak eta adikzioak (2018-2023).

19. gaia.–Nafarroan Migratzaileei Harrera Egiteko Plana (2021-2026).

20. gaia.–130/1999 Foru Dekretua, apirilaren 26koa, gizartetik bazterturik dauden pertsonei zuzendutako gizarteratze eta laneratze programak garatzeko laguntza ekonomikoak arautzen dituena Atariko titulua: xedapen orokorrak. I. kapitulua, Enplegu sozial babesturako laguntzak.

21. gaia.–198/2019 Foru Dekretua, abuztuaren 28koa, Nafarroako Arreta Goiztiarreko Sarea arautzen duena.

22. gaia.–Erronkariko oinarrizko gizarte zerbitzuaren araudia.

Hirugarren zatia.–Gizarte Hezkuntzako gai berariazkoak.

1. gaia.–Gizarte-hezitzailearen kode deontologikoa. Gizarte-hezitzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren agiri profesionalizatzaileak.

2. gaia.–Eginkizunen eta eskumenen katalogoa. Gizarte-hezitzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren lanbide agiriak.

3 gaia.–Eskuliburua, Nafarroako Foru Komunitateko Babesgabeko Haurren Kasuetan Esku Hartzeko. Prozesuaren faseak eta faseen garapena.

4. gaia.–Desgaitasuna duten pertsonak gizarteratzeko eta lan munduan txertatzeko prozesuak.

5. gaia.–Lagun egitea esku-hartze metodo gisa inklusio prozesuetan. Hausnarketa berriak. Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren aurkako Nafarroako sarea.

6. gaia.–Prebentzioa: kontzeptua eta motak. Esku-hartze prebentiboa, selektikoa eta berariazkoa aurrera eramateko gida metodologikoa (ADES).

7. gaia.–Talde lana. Gizarte-hezitzailea talde multiprofesionalaren barrenean. Diziplinartekotasuna heziketa lanaren esparru gisa.

8. gaia.–Trebetasun sozialak. Kontzeptua. Portaera sozial motak. Trebetasun sozialen defizita eta defizit horren zergatiak. Trebetasun sozialak erakusteko metodoak.

9. gaia.–Asertibitatea eta komunikazio-estiloak. Teknika asertiboak eta hezkuntzako entrenamendua.

10. gaia.–Arlo sozioedukatiboan esku hartzeko programen diseinua eta ebaluazioa. Programen prestaketa. Beharren analisia. Ebaluazioa.

11. gaia.–Esku-hartze sozioedukatiboa. Definizioak eta kontzeptuak. Esku-hartze sozioedukatiboaren esparruak. Esku-hartzearen estrategiak eta teknikak. Akonpainamendu soziala esku hartzeko metodo gisa. Taldean esku hartzeko tresnak.

12. gaia.–Gizarte-hezitzaileen profil profesionala. Oinarrizko ezaugarriak. Eginkizunak. Esparru profesionalak.

Iragarkiaren kodea: L2603719