61. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

VILLATUERTA

Oposizio-lehiaketa, bete dadin zerbitzu anitzetako enplegatuen plaza bat

Villatuertako Udalak, 2026ko otsailaren 25ean egin osoko bilkura berezian, deialdi bat onetsi zuen, oposizio-lehiaketa bidez bete dadin zerbitzu anitzetako enplegatuen lanpostuaren plaza bat, Villatuertako Udalaren zerbitzura aritzeko. Hona hemen deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea zerbitzu anitzetako enplegatuen lanpostuaren plaza bat, lan-araubidekoa eta C mailakoa, Villatuertako Udalaren zerbitzura aritzeko lanaldi osoan. Plaza zerbitzu anitzetako enplegatuen lanpostu gisa identifikatuta dago plantilla organikoan.

1.2. Era berean, eta 9. oinarrian ezarritakoarekin bat, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, zerbitzu anitzetako enplegatuen lanpostua aldi baterako betetzeko, lehen proban puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaiekin.

1.3. Izendapenaren ondorioz hautatua gertatzen dena Villatuertako Udaleko lan-kontratudun finko bihurtuko da, ondorio guztietarako, plazaz jabetzen den egunetik hasita. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko da eta hartan alta emanen zaio.

1.4. Lanpostuak C mailako ordainsariak izanen ditu, eta jasoko ditu plantilla organikoan nahiz aplikatu beharreko bestelako xedapenetan ezarritakoaren arabera egoki lekizkiokeen ordainsariak eta osagarriak.

1.5. Beren mailako eta kategoriako eginkizunak beteko dituzte. Adierazpen gisa eta ez modu baztertzailean, hona hemen egin beharreko zeregin batzuk:

–B motako gidabaimena behar duten ibilgailuak gidatzea.

–Zerbitzu anitzetako alorreko lanei, orotariko mantentze-lanetako obrei, Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan egindako deialdiak barne, enplegu sozial babestuari, gizarteratzeari eta abarrei atxikitako langileen erantzule zuzena izanen da, haiek finkoak nahiz aldi baterakoak edo azpikontratatuak izan.

–Bere esku dituen langile guztien artean lan eta zeregin guztiak antolatu, banatu eta kontrolatuko ditu, ordutegien eta lan egutegiaren kontrola barne.

–Udalaren instalazioetan Udalaren mendeko langileen lanak eta funtzionamendua kontrolatuko ditu, eta Udalaren zerbitzuak emateko kontrataturiko enpresen funtzionamendua gainbegiratuko du.

–Jai, kultura, kirol eta antzeko arloetako ekitaldiak bukatzeko, garatzeko eta prestatzeko lanak antolatzea eta gauzatzea.

–Hirigintza alorretik eskatzen zaizkion lanak, honako hauek jartzeko, muntatzeko eta desmuntatzeko: hesiak, seinaleak, agertokiak, karpak eta bestelako elementuak.

–Eratzen ahal diren lantalde guztiak koordinatuko ditu, zerbitzua hobeki kudeatu eta eraginkorrago izan dadin.

–Bere kargurako langileak garaiz etortzen eta lanera agertzen diren kontrolatuko du, eta ikusitako hutsen berri emanen dio arduradunari.

–Egin beharreko lanen hurrenkera ezarriko du, hirigintza eta obren arduradunarekin bat etorrita.

–Bere zerbitzuko makineria guztiak, erremintak, ibilgailuak eta abar zaindu eta kontrolatuko ditu.

–Materialak, lan egiteko arropa eta abar erosteko txartelak sinatu eta kontrolatzeko ardura izanen du.

–Zerbitzu anitzetako langileei dagozkien lanak gainbegiratu, antolatu eta kontrolatuko ditu, bai eta bere mailaren eta kategoriaren barrenean agintzen zaizkion eginkizun guztiak ere.

–Langile aski dagoen kontrolatzea, eta kontratazioak proposatzea oporretarako, erialdietarako eta halako iraupen jakineko lan berezietarako.

–Bandoak zabaltzeko eta herritarrei jakinarazpenak banatzeko lanak eginen ditu, bai eta administrazio antolamenduan laguntzeko bestelako lanak ere.

–Herriko kaleen eta udalaren eraikin eta instalazioen garbiketa lanak eginen ditu.

–Lorategien eta kaleko zuhaitzen, pasealekuen eta gune edo finka publikoen mantentze-lanak eginen ditu.

–Igeltserotza, zurgintza, pintura, iturgintza eta elektrizitate lanak, eta zailtasun tekniko handia edo bitarteko handiak behar ez dituzten bestelako lanak eginen ditu.

–Hilerria zaindu eta haren mantentze-lanak eginen ditu.

–Udalerriaren zaintza eta ikuskaritza lanak eginen ditu, trafikoaren antolamenduari, aparkatzeari, obra lizentziei, kale argiteriari, eremu publikoaren okupazioari, landazaintzari eta abarrei dagokienez.

–Laneko arriskuak prebenitzeko udal plana betetzen eta aplikatzen dela begiratuko du, bere kargura dauden mantentze-lanetako langileei dagokienez.

–Laneko segurtasun eta higiene arauak betetzen direla begiratuko du.

–Udalaren erregelamendu, ordenantza, bando eta ebazpenak betearaziko ditu, baita gainerako xedapen eta egintzak ere.

–Bere mailaren eta kategoriaren barrenean manatzen zaizkion guztiak.

2.–Baldintzak

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.2. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

2.2.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiar nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean edukitzea titulu hauetako bat, gutxienez, edo eskuratzeko moduan egotea (eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina): Batxilergoa, bigarren mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidea.

Tituluak atzerrian lortu badira, homologazioa frogatzen duen agiria eduki beharko da.

d) B motako gidabaimena.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

f) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

2.3. Probak gainditu eta plaza eskuratzen duten izangaiek deialdi honen 8. oinarrian ezarritako epean eta moduan frogatu beharko dituzte aipatu baldintza guztiak. Eskabideak aurkezteko epearen azken egunean bete beharko ditu eta haien jabe izanen da hautapen-prozesuan, harik eta izendatuak izan eta plazaz jabetzen diren arte.

3.–Eskabideak eta aurkezteko epea.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko 30 egun naturaleko epea egonen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, eta modu telematikoan aurkeztu behar dira Villatuertako Udalaren egoitza elektronikoaren erregistroaren bidez (https://sedeelectronica.Villatuerta.es/), instantzia orokorraren izapidea baliatuta.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), "administrazioek haiekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izanen dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen kolektibo batzuentzat, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela".

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskabideak deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio. Haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.3. Desgaitasun aitortua duten izangaiek (%33koa edo hortik gorakoa) egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denbora eta baliabideen aldetik, ariketak egin ahal izateko, hala behar izanez gero. Halakoetan, eskabidearekin batera adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkezten ahalko du, eskabidea aurkeztean.

3.4. Izangaiek alegatu beharko dituzte kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharreko merezimenduak, deialdi honen seigarren 6. oinarriaren arabera.

Dokumentazio hori aurkezten ez bada eskabideetarako ezartzen diren epean eta moduan, ez dira baloratuko merezimenduak.

3.5. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa. Eskabidea aurkezteko unean, izangaiek aurkeztu beharko dute dokumentazio hau, kasuaren arabera:

3.5.1. NANaren edo nortasuna frogatzen duen beste agiri baten fotokopia.

3.5.2. Deialdiko 2. oinarrian eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan egotea frogatzen duen ziurtagiria.

3.5.3. Alegatutako merezimenduak frogatzen dituzten ziurtagiriak, lehiaketaldian baloratzeko, 6. oinarrian ezarritako baremoari jarraikiz.

3.5.4. Desgaitasun aitortua duten izangaiek (%33koa edo hortik gorakoa) aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, azterketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denboraren nahiz baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Villatuertako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duena, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Villatuertako Udalaren egoitza elektronikoan.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina, erreklamazioak aurkezteko eta, deialdiko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko agirietan akatsik egin badute, horiek zuzentzeko. Telematika bidez aurkeztu beharko dira erreklamazioak.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Villatuertako Udalaren egoitza elektronikoan.

Baldin behin-behineko zerrendarako bazterturik ez badago, onartuen behin betiko zerrenda onetsiko da.

4.4. Izangai onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela erabaki honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Baldin eta hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak galduko dituzte, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.5. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioaldiko lehen ariketa eta zein izanen den epaimahaiaren behin betiko osaera. Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu behar denean, Villatuertako Udalaren egoitza elektronikoan.

4.6. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: María José Calvo Meca, Villatuertako Udaleko alkate udalburua.

–Ordezkoa: Cristian Arina Apesteguía, Villatuertako Udaleko zinegotzia.

–1. epaimahaikidea: Francisco Javier Zúñiga Lacruz, Jurramendiko Mankomunitateko mantentze-lanetako teknikaria.

–1. ordezkoa: Eduardo Yániz Álvarez, Servicios de Montejurra SAren mantentze-lanen taldeko burua.

–2. epaimahaikidea: José Manuel Lozano, Jurramendiko Mankomunitateko mantentze-lanen arduraduna.

–2. ordezkoa: Nicolás Ulibarri Iparraguirre, Jurramendiko Mankomunitateko kudeatzailea.

–3. epaimahaikidea: Javier Sanz de Galdeano Echávarri, Villatuertako Udaleko zinegotzia.

–3. ordezkoa: Luis Alberto Cagigal Álvarez, Villatuertako Udaleko zinegotzia.

–Epaimahaikide idazkaria: Villatuertako Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa: beste toki-entitate bateko idazkaria, horretarako izendatzen dena.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.3. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, kide guztien gehiengo osoa bildu beharko da gutxienez.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izaten ahalko du, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Lehiaketaldia. Epaimahaiak izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko ditu, ondotik heldu den baremoari jarraikiz. Merezimenduak agiri bidez frogatu beharko dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Horrela egin ezean, ez dira aurkeztutzat hartuko. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

6.3. Merezimenduen baremoa. Lehiaketaldian, 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.

6.3.1. Laneko esperientzia. Gehienez ere 15 puntu.

a) Deialdiko lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzeko, edozein administrazio edo sozietate publikotan egiazki egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 2 puntu urteko.

b) Deialdiko lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzeko, administrazio publikoetatik kanpo egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: puntu bat urteko.

Egindako zerbitzuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:

a) Bete diren lanpostuen maila, haietan eskatutako titulazioa eta lanpostuen izena.

b) Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

c) Lanaldi partzialean egindako zerbitzuak berdin baloratuko dira, lanaldia edozein izanik ere.

d) Beste zerbitzu batzuekin aldi berean egindako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.

e) Lanean egindako denbora baloratzeko, aurkeztu beharko da, zerbitzuak zein administraziotan egin diren, harexek eginiko ziurtagiri bat, frogatzen dituena betetako eginkizunak eta adierazten duena lanpostu horretarako eskatu zen titulazioa.

6.3.2. Prestakuntza. Deialdiko lanpostuaren edukiarekin lotutako prestakuntza jarduerak baloratuko dira, baldin antolatu badituzte erakunde ofizialek, zentro publikoek eta unibertsitateek, eta 10 puntu emanen dira gehienez:

–0,5 puntu, 10 eta 30 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko.

–0,7 puntu, 30 ordutik gora eta 100 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko.

–1 puntu, 100 ordutik gorako ikastaro bakoitzeko.

Ez dira baloratuko 10 ordu baino gutxiagoko ikastaroak, ez eta zer iraupen izan duten zehazten ez dutenak ere.

6.3.3. Goi mailako tituluak. Bigarren mailako Lanbide Heziketatik gorako titulazio akademikoengatik, baldin lanpostuarekin erlazionatuta badaude:

–Goi mailako gradua: Energia eta Ura lanbide-arloa; Instalazioa eta Mantentze-lanak lanbide-arloa; Elektrizitatea eta Elektronika lanbide-arloa, Igeltserotza eta Eraikuntza lanbide-arloa; Arotzeria lanbide-arloa; Lorezaintza lanbide-arloa; edo deialdiaren xedeko lanpostuarekin lotutako goi mailako heziketa zikloa: 3 puntu.

Gehienez ere 5 puntu emanen dira, guztira, goi mailako titulazioengatik.

6.4. Oposizioaldia 2026ko apiriletik aitzina hasiko da.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean bertan ezarriko da probak non, noiz eta zein ordutan hasiko diren. Epaimahaiak hurrengo probetarako deialdiak argitaratuko ditu Villatuertako Udalaren egoitza elektronikoan, 48 orduko aurrerapenarekin, gutxienez; bertan adieraziko du proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda, bai eta proba hori non, noiz eta zer ordutan eginen den ere.

Oposizioaldiko probetarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena, bai eta bolaluma urdina edo beltza ere. Prozesutik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.5. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.

Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira %33ko desgaitasun aitortua edo hortik gorakoa dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, baldin eskabidean hala eskatu badute.

6.6. Oposizioak proba hauek izanen ditu:

6.6.1. Lehen proba: teorikoa. Idatziz erantzun beharko zaio galdera sorta bati. Galderak test modukoak izanen dira, II. eranskineko gaiei buruzkoak.

Ariketa honengatik gehienez 35 puntu emanen dira, eta gutxienez 17,5 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko. Erantzun okerrak zigortu eginen dira, galdera zuzen baten puntuazioaren laurdenarekin.

6.6.2. Bigarren proba: praktikoa. Proba praktikoa gai hauetako bati edo batzuei buruzkoa izaten ahalko da: elektrizitatea, mekanika, iturgintza, igeltserotza, soldadura eta abar, lanpostuaren berezko eginkizunekin zerikusia dutenak. Ariketa honengatik gehienez 35 puntu emanen dira, eta gutxienez 17,5 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko.

Proba bakoitza hasi baino lehen, epaimahaiak ezarriko du ariketak egiteko zenbat denbora egonen den.

6.7. Oposizioaldiko ariketa guztiak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira, bada, ariketa bakoitzari dagokion gutxieneko puntuazioa bederen eskuratzen ez dutenak.

Proba teorikoa egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, bolaluma urdina edo beltza izan ezik.

6.8. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da proba teorikoan. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen du kalifikazioen zerrenda Villatuertako Udalaren egoitza elektronikoan eta, era berean, adieraziko da gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua.

6.9. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak Villatuertako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du, interesdunek eskubidekotzat jotzen duten guztia alega dezaten, modu telematikoan.

7.–Gainditu dutenen zerrenda, plaza aukeratzea eta izendapen proposamena.

7.1. Izangaien kalifikazioa buruturik, epaimahaiak ikusgai jarriko du, Villatuertako Udalaren egoitza elektronikoan, probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenatua, eta, horretarako, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian eskuratu dituen kalifikazioen batuketa eginen du. Berdinketa gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldiko lehen proban puntuazio handiena lortu duten izangaien alde. Berdinketak badirau, zozketa publiko bidez ebatziko da.

7.2. Epaimahaiak Villatuertako Udaleko alkateari helaraziko dio puntuazio handiena duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena. Proposamen hori Udalaren egoitza elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu Villatuertako Udalaren erregistro orokorrean; zehazki, honako hauek:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Osasun ziurtagiria, aditzera ematen duena interesdunak ez duela lanpostuko eginkizunak betetzea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik.

c) Deialdian eskatutako tituluaren kopia autentikoa, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

d) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu administrazio publikoren baten zerbitzutik.

e) Zin egite edo hitzematea, Nafarroako Foru Araubidea begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

7.4. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ez da izendatuko, eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna.

7.5. Baldin gertatzen bada 7.4 apartatuan aipatutako kasua, baja beteko da probak gainditu dituztenen zerrendan (7.1 apartatua) ondo-ondotik heldu den izangaiarekin, eta harekin ere aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

8.–Izendapena eta plazaz jabetzea.

8.1. Hautapen-prozesua bukatu ondoren, eta gainditu eta puntuaziorik altuena lortu duen izangaiak 7.3 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Villatuertako Udaleko alkateak Villatuertako Udaleko lan-kontratudun finko izendatuko du, jardun dezan zerbitzu anitzetako enplegatuen lanpostuan.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

8.3. Izendatutako izangaia hilabeteko epean jabetu beharko da plazaz, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan plazaz jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan izan ezik, Villatuertako Udaleko lan-kontratudun finko bihurtzeko eskubide guztiak galduko ditu, eta aurreko oinarrian zehaztu bezala jokatuko da.

9.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatutakoarekin bat, eta deialdi honen 1.1 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat prestatuko da probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaiekin.

Era berean, aldi baterako kontrataziorako izangaien bigarren zerrenda bat eratuko da, zerrenda nagusiaren subsidiarioa (probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaiena), oposizioko lehen ariketarako ezarritako puntuazioaren %30, gutxienez, lortu dutenekin.

Probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaien zerrendan, izangaien ordena ezarriko da oposizioaldian lortutako puntuazioaren arabera. Halaber, hautapen-prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrendako ordena finkatuko da lehen ariketan lortutako puntuazioaren arabera, eta, zerrenda horretan berdinketa badago, zozketa bidez ebatziko da.

9.2. Villatuertako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

9.3. Deialdi honetan sortuko diren kontratazio zerrendek bost urte iraunen dute, salbu eta epe laburragoan agortzen badira edo beste deialdi bat egiten bada.

10.–Datuen babesa.

Izangaiei honako honen berri ematen zaie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO); zehazki, haren 13. artikuluari:

–Villatuertako Udala da deialdiko parte-hartzaileek emandako datuen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Hona hemen oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna denean kontratu horren alderdi bat, edo tratamendua beharrezkoa da kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).

–Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko denboran ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz (Villatuertako udaletxean), administracion@villatuerta.es helbide elektronikora idatziz edo web-orria kontsultatuz (www.villatuerta.es). Web-orri horretan izanen dute informazio gehiago.

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (www.aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen toki-entitateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Villatuertan, 2026ko martxoaren 3an.–Alkate udalburua, María José Calvo Meca.

I. ERANSKINA.–ESKABIDEA

I.–Hautapen-prozesua.

Deialdia egiten duen entitatea: Villatuertako Udala. Lanpostuaren izena: zerbitzu anitzak.

II.–Datu pertsonalak.

Deiturak eta izena: .................................................................................................................................

Helbidea: ……………………...................…………………………………………………………………..

1. telefonoa: .......................................................... 2. telefonoa: ..........................................................

Posta elektronikoko helbidea: .................................................................................................................

–Bitarteko elektronikoak: jakinarazpen telematikoa: BAI / EZ.

–Adierazitako helbidean jakinaraztea: BAI / EZ.

Bitarteko elektronikoak aukeratzen badituzu, bide hori erabiliko da eskabide honekin lotutako edozein komunikazio edo jakinarazpen egiteko, eta jakinarazpenak behar bezala egintzat joko dira eta behar diren ondorioak izanen dituzte, harik eta berariaz jakinarazten duzun arte jakinarazpenak posta-helbidearen bidez egitea nahi duzula.

III.–Aditzera ematen dut.

Eskabide honekin batera aurkezten ditut merezimenduak eta merezimenduen frogagirien kopiak, deialdiaren 3.4 oinarrian jasotzen den eran.

–Desgaitasun-baldintzak:

BADUT / EZ DUT aitortua desgaitasun bat, honako maila honetakoa: %..............(e)koa, eta desgaitasunaren ziurtagiria aurkezten dut.

Horiek horrela,

ADIERAZTEN DUT:

1. Betetzen ditut hautapen-prozesuan parte hartzeko baldintza guztiak, deialdiaren oinarrietan eskatu bezala.

2. Ez nago kondenatua dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez nago desgaitua eginkizun publikoetan aritzeko.

3. Ez dut indarreko xedapenetan ezarritako desgaitasun edo bateraezintasunerako berariazko kausarik.

4. Errealitatearen isla zehatza dira alegatutako merezimenduak eta haien frogagiriak.

Horregatik guztiagatik,

ESKATZEN DUT onar nazatela eskabide honetan aipatzen den deialdian.

Eguna eta sinadura

Deklaratzen duenak baimena ematen dio toki-entitateari, jarraikiz abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari (Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoa), tratatu daitezen espedientean eta izapideetan jasota dauden bere datuak, fitxategi automatizatu batean sartzeko, fitxategi horren helburua baita datu pertsonal horiek sartzen dituzten organoei erraztea dagozkien kudeaketa-, egiaztapen- eta jarraipen-prozedurak kontrolatzea eta hobetzea. Halaber, deklaratzen duenak badaki, aipatutako lege organikoaren arabera, toki-erakundearengana jotzen ahal duela, baldin bere eskubidea erabili nahi badu datu horiek ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta aurka egiteko, idatziz, eskatzailearen nortasunaren fede ematen duen frogarekin, eta erreferentzia gisa "Datuen babesa" paratuz.

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak. Idazketako eta ortografiako oinarrizko erregelak.

2.–Villatuertako udalerria: udalerriaren ezagutza orokorra; kaleen, parajeen eta udal eraikin eta instalazioen izenak. Ordenantzak.

3.–Ureztapen sarea mantentzeko lanak: ureztatzeko instalazioak diseinatzea, instalatzea, mantentzea eta programatzea. Drainatze-sistemak.

4.–Ezagutzea, maneiatzea eta mantentzea lorezaintzako eta mendiko produktuak, makinak eta erremintak (sasi-garbitzeko makina, belarra mozteko makina, heskai-moztekoa, aizkora, motozerra). Fitosanitarioen aplikazioa. Landatzea zuhaitzak, zuhaixkak, heskaiak, sasoiko loredun parterreak, tapiz-landareak eta erraboilak. Belardiak berriztatzea eta ereitea. Zapaldak eta parterreak prestatzea. Inauste-lanak: Zuhaitzak, zuhaixkak eta heskaiak inaustea.

5.–Zurgintzako oinarrizko lanabesak ezagutu, erabili eta mantentzea (mailuak, zerrak, trintxak, daratulu elektrikoa eta beste batzuk, hala nola lixak eta kolak). Zurgintzako oinarrizko lanak: doitzea ate-leihoak, sarrailak eta sarraila-zilindroak. Pertsianak: motak, mantentze-lanak eta konponketa. Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak. Matxura eta konponketa ohikoenak.

6.–Igeltserotza: kontzeptu orokorrak; materialak; erremintak; zolatzeak; alikatatzeak; kofratzeak; murruak egitea; egiturak konpontzea; hiri-altzariak eta eraikinak pintatzea; hiri-altzarien eta eraikinen mantentze-lanak. Matxura eta konponketa ohikoenak.

7.–Oinarrizko elektrizitatea: elektrikariaren oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea (bihurkinak, guraizeak, aliketak eta abar). Eraikinetako banaketa koadroak (potentzia kontrolatzeko etengailuak, magnetotermikoak, diferentzialak). Hots egiteko zirkuituak (sakagailuak, txirrinak). Oinarrizko argi-zirkuituak (etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak –lur-konexiodunak nahiz gabekoak–, lanparak). Argi fluoreszenteko zirkuituak (pitzarazgailuak, erreaktantziak, lanpara fluoreszenteak). Zirkuitu bereziak (alarmak, larrialdiko argiak). Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak. Matxura eta konponketa ohikoenak.

8.–Iturgintza eta berokuntza instalazioen gaineko mantentze-lanak: materialak, iturgintzako hodietarako, saneamendurako eta berokuntzarako; aparatu sanitarioak; txorrotak; zisternak; sifoiak; berokuntza zirkuituak; erradiadoreak betetzea eta purgatzea; galdara-gelak eta haien osagai nagusiak. Hornidura eta saneamendua: sailkapena, materialak eta sareen elementuak. Ulertzea iturgintza, saneamendu, berokuntza eta aire-girotze eskemak. Matxura eta konponketa ohikoenak.

9.–Soldadura: kontzeptu orokorrak eta oinarrizko lanak: ezaugarriak, tipologiak, ekipoak, teknikak, prozesuak.

10.–Arlo hauetako ezagutzak: kudeaketa energetikoa, kontsumo energetikoen neurketa, datu bilketa, energia aurrezpenen kalkulua, hobekuntzen planteamendua, ingurumen irizpideak erabiltzea ekipo eta instalazioen erosketan.

11.–Mekanika: udal makineria, ibilgailuak, lanabesak eta tresnak maneiatzea, mantentzea eta konpontzea. Biltegia kontrolatzea.

12.–Laneko arriskuen prebentzioa, arau-esparrua: 31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. Eskubideak eta betebeharrak. Segurtasun-baldintzekin eta laneko ingurumenarekin lotzen diren arriskuak. Arriskuak kontrolatzeko oinarrizko sistemak: babes kolektiboak eta norbera babesteko ekipamenduak.

13.–Bide-segurtasuna: lehen sorospenak. Modu seguruan erabiltzea metalezko hodi-aldamioak, eskailerak eta plataforma jasotzaileak. Obren seinaleak eta balizak. Makinen eta lanabesen alorreko segurtasuna.

14.–Laneko segurtasuneko eta higieneko neurrien gaineko oinarrizko ezagupenak.

Oharra: gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean dagoen legediaren arabera.

Iragarkiaren kodea: L2603649