Iragarkia
61. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 26a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
VIANA
Oposizio-lehiaketa, bete dadin zerbitzu anitzetako enplegatuen (hilerria) plaza bat
Alkatearen 2026ko martxoaren 9ko 273. Ebazpenaren bidez, deialdi bat eta haren oinarriak onetsi dira, oposizio-lehiaketa bidez bete dadin zerbitzu anitzetako enplegatuen (hilerria) plaza bat, funtzionarioen araubidekoa. Hona hemen deialdiaren oinarriak:
Vianan, 2026ko martxoaren 10ean.–Alkate udalburua, B. Yolanda González García.
DEIALDIAREN OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea zerbitzu anitzetako enplegatuen plaza bat, funtzionarioen araubidekoa eta D mailakoa, berariaz aritzeko hilerriko zereginetan (ehorzlea), Vianako Udalaren zerbitzura. Plazak 7-06 zenbakia du plantilla organikoan.
1.2. Izendapenak Vianako Udaleko funtzionario bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, plazaz jabetzen denetik aitzina, eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean afiliatuko da, hala behar badu, eta hartan alta emanen zaio.
1.3. Era berean, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, hautapen-prozesuan plazarik lortzen ez duten izangaiekin (9. apartatuan ezarritakoarekin bat), lanpostuak aldi baterako betetzeko, zerbitzuan sortzen diren beharren arabera.
1.4. Plazak izanen ditu D mailako ordainsariak, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkienak. Vianako plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak ere jasoko ditu.
1.5. Lanaldi osoan jardun beharko da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira, eta organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera. Lanaldia astelehenetik igandera bitartean banatzen ahalko da, eta behar diren jaiegunetan lan egin beharko da. Orobat, lanpostuari berez dagozkion eginkizunak bete beharko dira Udalak antolatzen dituen edo laguntzen dituen ekitaldi guztietan, herriko jaiak barne, urte osoan zehar.
1.6. Plazaren titular izendatzen denak zerbitzu anitzetako berezko jarduerak eginen ditu obra lantaldean, eta horien artean hilerriko zerbitzuari dagozkionak daude, besteak beste honako hauek:
–Hilerriko zerbitzu integraleko lanak. Gorpuak lurpetik ateratzea eta lurperatzea, eta hilerria kontserbatu eta mantentzeko lanak.
–Bere jardun-eremuarekin lotutako makineria, erremintak eta lanabesak kontrolatzea, maneiatzea, mantentzea eta konpontzea, bai eta zer erreminta eta makina behar izaten ahal diren proposatzea eta justifikatzea ere.
–Altzariak eta gauzak lekualdatzea eta paratzea, parkeen mantentze-lanak.
–Basolanak egitea, Udalaren eskumenenen barnean, eta ingurumena babestekoak.
–Jai eta ekitaldi publikoetan agertokiak, hesiak eta bestelako altzariak muntatzea eta desmuntatzea.
–Kaleak garbitzeko eta bide publikoak mantentzeko lanak.
–Azpiegituren, parkeen, lorategien, berdeguneen eta udal-zerbitzuen ohiko mantentze-lanek eskatzen dituzten iturgintzako, oinarrizko elektrizitateko, soldadurako, zurgintzako eta lorezaintzako lanak.
–Igeltserotza-lanak, oro har, eta udal eraikinen eta instalazioen mantentze-lanak.
–Bere maila eta kategoriaren barnean agintzen zaizkion gainerako lanak.
2.–Baldintzak.
Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
–Espainiar nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izaki, haien kontura bizi badira.
–Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.
–Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean Eskola Graduatuaren titulua, DBHko graduatua edo Lehen Mailako Lanbide Heziketaren titulua izatea, edo titulu baliokideren bat; edo, bestela, eskuratzeko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).
–Izangaiek alegatzen badute badituztela eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak, aipatu beharko dute baliokidetasun hori onartzen duen lege edo erregelamenduzko xedapena, edo, bestela, aurkeztu beharko dute Hezkuntza Ministerioak emandako ziurtagiria.
–Atzerrian lortutako tituluak baldin badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.
–Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publiko baten zerbitzutik kendua, ez eta diziplinaz kaleratua ere.
–B motako gidabaimena izatea.
–Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazio bat edo hitzemate bat, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.
Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko ditu bai plaza betetzeko izendatutakoak, bai aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen dutenek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.
Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak edo Udalari baimena ematen ez diotenak horiek kontsultatzeko, plaza bete behar badute, ezin izanen dira kontratatu. Ordura arteko haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.
Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta bete beharko dira hautapen-prozesuak, izendapenak eta kontratazioak iraun bitartean ere.
3.–Eskabideak.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea aurkeztu behar dute Vianako Udalaren Erregistroan (Foruen Plaza 1), 10:00etatik 14:00etara, edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), jarraikiz I. eranskinean jasotzen den eskabide ereduari.
Halaber, parte hartzeko eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Vianako Udalaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Udalaren egoitza elektronikoan dago (https://sedeelectronica.viana.es/). Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskabideak eta behar diren gainerako agiriak aurkezteko, erabiltzen ahal da Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko ezarritako formatuetatik edozein.
Eskabidea aurkezten bada urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako beste erregistroren batean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), eta eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barnean, ayuntamiento@viana.es helbide elektronikora igorriko da deialdian parte hartzeko eskabidea, adieraziz zer erregistrotan aurkeztu den dokumentazio osagarria.
Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, hura ziurtatu aurretik.
Eskabidean izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela hautapen-prozesuan parte hartzeko eskatzen diren baldintza guzti-guztiak. Vianako Udalaren erregistro orokorrean eskuratuko da eskabidearen eredua; bestela, Interneten, helbide honetan: https://www.viana.es/oferta-publica-de-empleo/.
Desgaitasuna duten izangaiek eskatzen ahalko dute epeak eta moduak egokitzeko, ariketak egiteko, hala behar izanez gero. Kasu horietan, eskabidean, beste orrialde batean, adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkezten ahalko du eskabidea aurkeztean.
3.3. Aurkeztu beharreko agiriak.
Honako hauek erantsi behar zaizkio eskabideari:
–NANaren fotokopia, edo horren baliokidea den agiriarena.
–Deialdi honen 2. puntuan eskatutako titulazioaren fotokopia arrunta, edo ziurtagiri bat, frogatzen duena hura lortzeko moduan egotea, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako.
–B motako gidabaimena izatea egiaztatzen duen fotokopia.
–Alegatzen diren merezimendu guztien zerrenda eta haien egiaztagirien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak, deialdiaren 6. apartatuan ezartzen denari jarraikiz.
–%33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Denborak eta baliabideak egokitu daitezela eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetako baten kopiaren bidez:
- IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
- Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
–Azterketa egiteko eskubidea izateko, udalaren diruzaintzan 7,20 euro ordaindu izanaren frogagiria. Eskabideak aurkezteko epean azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.
Zenbateko hori ordaintzeko, diru-sarrera edo banku-transferentzia egin beharko da honako kontu hauetako batean:
Caixabank | ES 30 2100 4105 19 2200044759 |
Nafarroako Rural Kutxa | ES 64 3008 0061 52 0702366329 |
Banco Santander | ES 26 0049 2878 04 1710021880 |
Ordainagirian datu hauek adierazi behar dira nahitaez:
–Izangaiaren izen-deiturak.
–Kontzeptua: zerbitzu anitzetako enplegatuaren deialdia.
Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.
4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta horiek ebatzita, alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.
Behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean zehaztuko dira 6. puntuan jasotako probak hasteko tokia, eguna eta ordua.
4.4. Izangai onartuen zerrendan agertzeak ez du erran nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Baldin eta hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak galduko dituzte, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: B. Yolanda González García, Vianako Udaleko alkatea.
Epaimahaiburuaren ordezkoa: Aitana Duque Martínez, Vianako Udaleko lehen alkateordea.
–Lehen epaimahaikidea: José Miguel Alfaro Ibaibarriaga, Vianako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.
Lehen epaimahaikidearen ordezkoa: Ricardo Sada Arriaga, Vianako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.
–Bigarren epaimahaikidea: Carlos Naranjo Duque, Vianako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.
Bigarren mahaikidearen ordezkoa: Íñigo Garín Bernechea, Vianako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.
–Hirugarren epaimahaikidea: David Arguijo Pérez, Vianako Udaleko langileen ordezkaria.
Hirugarren epaimahaikidearen ordezkoa: Sonia Echeverría Santamaría, Vianako Udaleko langileen ordezkaria.
–Epaimahaikide idazkaria: María Asunción Gil Barnó, Vianako Udaleko idazkaria.
Epaimahaikide idazkariaren ordezkoa: Fernando del Prado Abadía, Vianako Udaleko Giza Baliabideen teknikaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Vianako Udalari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaiaren osaera aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla medio, horren berri emanen da, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera.
5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, eta ezin izanen du jardun, bertan ez badago kideen gehiengo osoa gutxienez.
Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren apartatuen interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izaten ahalko du, laguntzeko proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
5.6. Epaimahaiak eskatzen ahalko ditu erabakiak hartzeko behar dituen txosten tekniko eta juridikoak.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
Hautapen-prozesua bi urratsetan gauzatuko da, hurrenez hurren; lehenbizi, lehiaketaldia, eta bigarrenik, oposizioaldia. Oposizio-lehiaketan, guztira, 100 puntu lortzen ahalko dira.
6.1. Lehiaketaldia.
6.1.1. Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte izangaiek, deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztean, 3.3 oinarrian jasotzen den bezala, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsaturikoak erabiliz horretarako. Bestela, ez dira kontuan hartuko.
Egindako zerbitzuen apartatuan alegaturiko merezimenduak egiaztatuko dira dagokion administrazio publikoen, entitate eta bestelako enpresa erakunde pribatuen ziurtagirien bidez, eta ziurtagiri horietan jaso beharko dira lan egindako denbora, lanbide-kategoria eta lanaldiaren iraupena.
6.1.2. Kalifikazio-epaimahaiak deialdiko baremoaren arabera kalifikatuko eta puntuatuko ditu alegatutako eta frogatutako merezimenduak.
6.1.3. Agiriek eduki beharko dute aipatutako baremoa aplikatzeak eskatzen duen informazio guztia. Ez dira kontatuko justifikatzen ez diren merezimenduak.
Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu azalpenak eta datu osagarriak, lehiakideek alegatutako merezimenduen gainean.
6.1.4. Lehiaketaldiak 10 puntuko balorazioa izanen du gehienez. Honela banatuko dira puntuak:
Izangaiaren esperientzia zerbitzu anitzetako langile gisa eta/edo ehorzle gisa: 10 puntu gehienez.
–Tokiko, foru-erkidegoko edo estatuko administrazio publikoetan izandako esperientzia: 2 puntu urte bakoitzeko.
–Erakunde autonomo, enpresa publiko eta enpresa pribatuen esparruan izandako esperientzia: puntu bat urte bakoitzeko.
6.1.5. Epaimahaiak bere iritzia arrazoituz baloratuko ditu izangai bakoitzaren kasuan egokitzat jotzen dituen merezimenduak. Epaimahaiak ez du inolaz ere aintzat hartuko izangaiak alegatu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik.
6.1.6. Merezimenduen balorazioa egindakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu emaitzak udaletxeko iragarki-taulan, eta Interneten ere kontsultatzen ahalko dira, web-orrian (www.viana.es).
6.2. Oposizioaldia.
6.2.1. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira lehendabiziko proba egiteko tokia, eguna eta ordua.
Oposizioaldiko proba bakoitza zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Vianako Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.
Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute.
Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.2.2. Oposizioaldiko probak honako apartatu honetan zehaztutakoak izanen dira, deialdiko II. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak, eta gai-zerrendako ordena berean eginen dira.
6.2.3. Oposizioan 90 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ariketa hauek izanen ditu:
6.2.3.1. Lehen ariketa.
Proba teorikoa izanen da, eta test motako 45 galderari erantzun beharko zaie gehienez ere, idatziz, II. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko hiru aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Ongi erantzundako galdera bakoitzari puntu bat emanen zaio, eta ez da punturik kenduko oker erantzundako galderengatik. Erantzun gabe utzitako galderak ez dira puntuatuko, eta haiengatik ez da punturik kenduko.
Kalifikazioa: ariketan gehienez 45 puntu lortzen ahalko dira.
Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 22,50 puntu lortzen ez dituztenak.
6.2.3.2. Bigarren ariketa.
Lanpostuarekin zerikusia duten proba bat edo bi egin beharko dira, II. eranskinean jasotako gaiei buruzkoak.
Ariketa honetan gehienez ere 45 puntu emanen dira, eta ariketa gainditzeko gutxienez ere 22,50 puntu erdietsi behar dira.
Halaber, bazterturik geldituko dira probetako eta/edo kasu praktikoetako batean 0 puntuko kalifikazioa lortzen dutenak.
6.2.4. Ariketak gutun-azal itxien sistemaren bidez eginen dira, salbu eta proba praktikoak egiten badira eta ez kasu praktikoak.
6.2.5. Epaimahaiak ariketa hasterakoan adieraziko du izangaiek zenbat denbora izanen duten proba bakoitza egiteko.
6.2.6. Hiru egun baliodun izanen dira proben edukiari buruzko alegazioak jartzeko, zenbatzen hasita ariketa egin den egunaren biharamunetik edo, test motako ariketaren kasuan, erantzun zuzenen plantilla argitaratzen den egunaren biharamunetik. Test motako ariketari buruzko alegazioei dagokienez, epaimahaiak aztertuko ditu, eta ebatzitzat eta erantzuntzat joko dira aldatutako erantzunen txantiloia argitaratzearekin bat edo, hala badagokio, probaren kalifikaziotik ondorioztatzen den erabakiarekin.
6.2.7. Hiru egun balioduneko epean bakarrik onartuko dira azterketak berrikusteko eskabideak, ariketako kalifikazioak argitaratu eta biharamunetik hasita.
6.2.8. Berdinketarik gertatuz gero, joko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde. Berdinduta jarraituz gero, deialdi honen 6. apartatuko bigarren eta lehen ariketetan –ordena horretan– ateratako puntuazioa hartuko da kontuan eta, azkenik, berdin jarraituz gero, jendaurreko zozketa eginen da.
7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta izendapen proposamena.
7.1. Hautaprobak bukaturik, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioekin, eta lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik. Gero, zerrenda hori alkateari igorriko dio, eta, horrekin batera, igorriko dio probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko –eta, beraz, kontratatzeko– proposamena eta espediente osoa.
Era berean, gainditu dutenen zerrenda eratzeko proposamena eginen du, aldi baterako kontratazioetarako poltsa bat eratzeko, erabiliko dena hura indarrean dagoen bitartean behar diren kontratazioetarako. Lan-poltsa hori bost urteko aldirako izanen da, luzaezina, eta haren eraginkortasuna iraungitzen ahalko da, baldin lanpostu bererako beste hautapen-prozesu baterako deialdia egiten bada.
Izendatzeko proposamen hori argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Udalaren iragarki-taulan zein web-orrian.
7.2. Proposatzen den izangaiak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu, izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 10 egun naturaleko epearen barnean:
–Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
–Deialdiaren 2. atalean eskatzen diren tituluetako baten fotokopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.
–B motako gidabaimenaren fotokopia.
–Txosten medikoa, frogatzen duena ez duela eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik karguaren eginkizunak betetzea.
–Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu administrazio publikoren baten zerbitzutik.
–Desgaitasuna alegatu duten izangaiak. Desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek ofizioz egina. Frogagiri hori espedienteari erantsiko zaio.
7.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituena ezin izanen da kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe bere eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna.
7.4. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, alkateak hutsunea beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin.
7.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, alkateak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek deialdi honetan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.
8.–Izendapena, plaza hutsaren adjudikazioa eta plazaz jabetzea.
8.1. Alkateak Vianako Udaleko funtzionario izendatuko du aurreko apartatuetan ezarritakoa betetzen duen izangaia, eta kontratua sinatuko du bete dezan zerbitzu anitzeko lanpostua, hilerriko zereginetan aritzeko.
8.2. Kontratua sinatzearen eta plazaz jabetzearen ondorioz, izendatua nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko da, indarra duten xedapenek Vianako Udalaren zerbitzuko langile horientzat ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko da eta hartan alta emanen zaio, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.
8.3. Izendatutako izangaia 15 egun naturaleko epean jabetu beharko da plazaz, kontratua sinatzen duen egunetik hasita, edo 30 egun naturaleko epean izendapenaren egunetik hasita.
Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, plazaz jabetzen ez bada, Vianako Udaleko enplegatu izateko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, jarraituko zaio deialdiaren 7.4 atalean ezarritakoari.
Kontratatutako izangaiak bi hilabeteko probaldia egin beharko du, eta kontratuak berariaz adieraziko du hori. Epe horretan, langileak izanen ditu betetzen duen lanpostuari dagozkion eskubide eta betebehar berberak, plantillakoa balitz bezala, eta lan-harremana desegiten ahalko da probaldia bukatutakoan, alderdietako edozeinek hala nahi badu, inolako arrazoirik alegatu gabe eta aurreabisurik eman gabe.
9.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.
9.1. Jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari eta oinarri honetan ezarritako prozedurari, izangaien zerrenda bat eratuko da, aldi baterako kontratazioak egiteko, osatuko dutena hautapen-prozesuan parte hartu baina plazarik eskuratu ez dutenek. Horiek probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaien zerrenda osatuko dute.
9.2. Alkatearen ebazpen baten bidez onartuko dira aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda eta zerrenda hori kudeatzeko arauak.
9.3. Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, jokatuko da bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuari (horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).
9.4. Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko frogagiriak, hots, deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten frogagiriak, kontratua formalizatzen denean ekarri ere, kopiak aurkeztuz.
9.5. Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.
9.6. Eskatutako agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek (aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik) eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galduko dituzte deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak; betiere, galarazi gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.
9.7. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, horiek frogatu beharko dituzte apartatu honetan adierazten den moduan.
10.–Errekurtsoak.
10.1. Deialdiaren eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat jartzen ahalko da:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.
10.2. Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
11.–Datuen babesa.
11.1. Helburua: ematen diren datu pertsonalak Udalak egindako hautapen-prozesuan erabiliko dira, udal eskumenak gauzatzeko.
11.2. Tratamenduaren legitimazioa:
–Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo botere publikoen izenean gauzatutako eginkizun bat betetzeko (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko langileen Estatutuaren testu bategina).
–Adostasuna.
11.3. Eskubideak erabiltzea: interesdunek erregistro-bulegoan eta egoitza elektronikoan erabiltzen ahalko dituzte datuetan sartzeko eta horiek zuzendu eta deuseztatzeko eskubideak, bai eta tratamendua mugatu eta haren kontra egitekoak ere. Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahalko dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, idazki bat bidalita haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril) edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.
11.4. Datuak gordeko diren epea: datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran gordeko dira, eta biltegiraturik edukiko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izaten ahal duen bitartean. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
11.5. Datuen hartzaileak: datuak sindikatuei, langileen batzordeei eta organo judizialei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.
I. ERANSKINA.–OPOSIZIO-LEHIAKETAN ONARTUA IZATEKO ESKABIDEA
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1.–Vianako Udala. Udalkideak hautatzea. Udalaren antolamendua eta eskumenak. Osoko Bilkura. Alkatea eta zinegotziak. Informazio batzordeak. Udaltzaingoa.
2.–Viana: herria eta geografia. Udalerriko kale, auzo eta bideak. Zerbitzu publikoak. Instalazio eta ekipamendu publikoak. Lorategi eta parke publikoak.
3.–Matxura eta konponketa ohikoenak igeltserotzan, iturgintzan, pinturan, elektrizitatean, sarrailagintzan, zurgintzan eta lorezaintzan.
4.–297/2001 Foru Dekretua, urriaren 15ekoa, onesten duena Hileta Osasunaren Erregelamendua (2001eko 143. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, azaroaren 26an).
5.–772/2011 Foru Agindua, azaroaren 7koa, Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilariak emana, behin betiko onesten duena Hilotzak Lurpetik Ateratzeko Nafarroako Foru Komunitateko Protokoloa (2011ko 229. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, azaroaren 18an).
6.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak.
7.–Idazketako eta ortografiako oinarrizko erregelak.
8.–Oinarrizko ezagutzak laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauez eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauez. Segurtasuna, makinak eta erremintak erabiltzean.
9.–Ibilgailuen eta makineriaren eta bitarteko lagungarrien erabilera lorezaintzan. Erremintak berrikustea, zorroztea eta doitzea. Segurtasun neurriak, ibilgailuak eta makinak erabiltzean.
10.–Lehen sorospenak. Babes-ekipamenduak, seinaleztapena eta prebentzio-neurriak zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanetan.
Oharra: arlo guztietako gaietan jarraituko zaio deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen egunean indarra duen legeriari.
Iragarkiaren kodea: L2603863
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
