Iragarkia
61. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 26a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
BEIRE
Oposizio-lehiaketa murriztua, bete dadin zerbitzu anitzetako enplegatuen plaza bat
Beireko Udaleko alkateak, martxoaren 6ko 8/2026 Ebazpenaren bidez, erabaki hau hartu zuen:
ERABAKIA:
1. Onestea honako deialdi honen oinarriak: deialdia, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez bete dadin zerbitzu anitzetako enplegatuen plaza bat, D mailakoa, destinoa duena Beireko Udalean.
2. Agintzea oinarri horiek eta eranskinak argitara daitezela Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Beiren, 2026ko martxoaren 6an.–Alkatea, M.ª Pilar Sánchez Ongay.
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzea zerbitzu anitzetako enplegatuen lanpostuaren plaza bat Beireko Udalean, D mailakoa eta plantilla organikoan 1 zenbakia duena. Deialdian, bada, Beireko Udalaren plantillako langileek soilik parte hartzen ahalko dute.
1.2. Prozedura eginen da bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluarekin, zeinak ezartzen baitu hautaproben deialdia egiten ahalko dela beren funtzionarioetara murrizturik (betiere deialdiko lanpostu hutsak ez badakar plantillako lanpostuen kopurua handitzea), ikusten bada komeni dela lanpostu zehatz batzuk barne-igoeraren bidez betetzea, administrazio unitateen antolaketarengatik eta haien gain utzitako lanengatik.
1.3. Hautaprobak gainditu ondoan lanposturako izendatzen den izangaia sailkatuko da D mailan, eta jasoko ditu maila horretako ordainsariak, jarraikiz Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduari (erregelamendua onetsi zen uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez), eta jasoko ditu, orobat, Beireko Udalaren plantilla organikoan lanpostu bakoitzerako ezarritako ordainsari osagarriak.
1.4. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko izangaiak izendapenaren aurretik zuen araubide juridikoa. Hala, eutsiko dio Gizarte Segurantzako eta osasun-laguntzarako araubide berari.
1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.
1.6. Ordura arte egiten zituen lan eta eginkizunetan jardunen du izendatuak, bai eta haren gain uzten diren beste edozeinetan ere, lanpostuaren maila edo taldearekin bat etorririk.
1.7. Plazaren titular izendatzen denak zerbitzu anitzetako berezko jarduerak eginen ditu obra-lantaldean. Hona hemen horietariko batzuk, aipatzearren eta bestelakoak baztertu gabe:
–Mantentze-lanak azpiegitura publikoetan, hala nola hilerrian, eta konponketa-lanak bideetan, plaza publikoetan, parkeetan eta lorategietan, udaletxean, udal igerilekuetan, zentro zibikoan, kontsultategian eta Udalaren gainerako higiezinetan.
–Garbiketa-lanak kale eta bide publikoetan.
–Berdeguneak, zuhaiztiak, loreak eta zuhaixkak mantentzeko lanak (kimatzea, belardia moztea, landatzea, ereitea, ongarria botatzea...), barnean direla udalerriko ureztapenak kudeatzea. Izurrite arruntei aurre egiteko bitartekoak ere kudeatuko ditu, eta beharrezkoak diren tratamenduak aplikatuko ditu, horretarako baliatuz metodo jasangarriak, ekologikoak eta ingurumena errespetatzen dutenak.
–Igeltserotzako lanak, iturgintzakoak, oinarrizko elektrizitatekoak, soldadurakoak, zurgintzakoak, pinturakoak eta lorezaintzakoak, beharrezkoak direnak azpiegituren, parkeen, lorategien, berdeguneen eta udal-eraikinen ohiko mantentze-lanetarako. Beharrezkoa bada, konponketak eta obra txikiak ere eginen ditu.
–Toki batetik bestera mugitzea eta instalatzea hiri barneko altzariak eta objektuak: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak, eta abar.
–Bere jardun-eremuarekin lotutako makineria, ibilgailu, erreminta eta lanabesak kontrolatzea, maneiatzea, mantentzea eta konpontzea, bai eta zer erreminta eta makina behar izaten ahal diren proposatzea eta justifikatzea ere. Orobat, egin beharko ditu udal-ibilgailuaren oinarrizko mantentze- eta zaintze-lanak.
–Herritarrek hirigintzaren arloan egiten dituzten jarduketak ikuskatzea eta kontrolatzea.
–Eremu publikoak prestatzea ospakizunetarako, eta haietan behar diren gauzak jartzea. –Jai eta ekitaldi publikoetan agertokiak, bigantxen entzierroetarako hesiak eta bestelako altzariak muntatzea eta desmuntatzea.
–Udaletxea eta gainerako ekipamenduak garbitzea.
–Medikuaren kontsultategia irekitzea, ixtea eta garbitzea.
–Banatzea eta jartzea iragarkiak, bandoak, eta Udalaren publizitatea, eta Udalaren jakinarazpenak eramatea.
–Hilerriko zerbitzu integraleko lanak. Desobiratzeak eta hobiratzeak.
–Bere maila eta kategoriaren barnean agintzen zaizkion gainerako lanak.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Beireko Udaleko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea, E mailakoa.
b) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea, gutxienez.
c) Eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunean eskola graduatua, lehen mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokidea izatea, edo eskuratzeko baldintzetan egotea. Baldintza hori bete ezean, administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasun aitortua duela frogatu beharko da.
d) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, barne-igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez izatea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.
f) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
2.2. Aurreko baldintzak deialdi honetan jasotako epean eta moduan frogatu beharko dituzte gainditu ondoren plazak eskuratzen duten izangaiek. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean bete beharko dira, baita hautaprobek dirauten bitartean eta izendatu arte ere.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu behar dira Beireko Udaleko erregistro orokorrean, hamabost egun naturaleko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina, eta I. eranskineko ereduari lotu behar zaizkio; haietan adierazi behar da betetzen direla eskatutako baldintza guzti-guztiak.
3.2. Behar bezala betetako eskabide horrekin batera, behar diren agiriak aurkeztu beharko dira, frogatzeko betetzen direla deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak (2. oinarria), bai eta honako hauek ere:
3.2.1. NANaren kopia.
3.2.2. Eskola graduatua, lehen mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokidea izatea.
3.2.3. Izangaiak eskabideari gehitu behar dizkio lehiaketaldian baliatu nahi dituen merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak edo kopia autentifikatuak.
3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.4. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, eskatzen ahalko dituzte, eskabidean bertan, denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
4.–Izangaiak onartzea.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Beireko Udalaren web-orrian.
Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, alkateak ebazpen bat emanen du, deklaratzen duena oposizio-lehiaketa bete gabe gelditu dela.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, deialdian onartuak izateko baldintzen inguruan, horiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatu eta, kasua bada, erreklamazioak edo zuzenketak ebatzitakoan, alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du zerrenda hori argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, iragarki-taulan eta web-orrian. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren.
Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrenda zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda gisa.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia izendatuko da deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen. Kide kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta izendatu beharko da horien ordezkoen kopuru bera. Izendapen hori Beireko Udalaren webgunean argitaratuko da (http://www.beire.es/).
5.2. Epaimahaiak osatzerakoan, espezialitatearen printzipioa betetzen dela zainduko da, eta, horretarako, epaimahaikideen gehiengo osoak izan beharko du sartzeko eskatzen den ezagutza-arlo bereko titulazioa, maila akademiko berekoa edo goragokoa, eta gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera joko da.
5.3. Baldin eta langileen ordezkariek ez badute dagokien kidea izendatzeko proposamenik egiten hala eskatzen zaienetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori hautatutako langileen ordezkarien artetik, dagokion eremuan.
5.4. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek.
5.5. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.6. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.7. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.2. Oposizioaldia: izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da probak non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren.
7.–Lehiaketaldia.
Lehiaketaldia ez da baztertzailea. Hartan izangai bakoitzaren merezimenduak baloratuko dira. Betiere deialdiko lanpostuko eginkizunekin zuzenean ikusteko dutenak hartuko dira kontuan. 30 puntu emanen dira, gehienez.
Epaimahaiak III. eranskineko baremoarekin bat baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, horretarako erabiliz jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.
Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu lehiakideek alegatu merezimenduen gaineko azalpen eta datu osagarriak.
Epaimahaiak izangaien merezimenduak baloratuko ditu baremoaren atal bakoitzean. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretiaz azaldu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik.
Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du lorturiko puntuazioa Udalaren iragarki-taulan, bakoitzak lehiaketaldian eskuratu dituen puntuak zehazturik.
8.–Oposizioaldia.
8.1. Probak izaera teorikoa eta praktikoa izanen du, eta II. eranskineko gaiei lotutako ariketak ebatzi beharko dira. Probaren gehieneko balioa, osotara, 70 puntu da, eta bazterturik geldituko dira gutxienez ere puntuazio horren erdia eskuratzen ez dutenak.
Oposizioan 70 puntu emanen dira gehienez ere, eta ariketa bakarra eginen da.
Proba teoriko-praktiko bat egin beharko da, eta idatziz erantzun test motako galdera sorta bati; galdera bakoitzari erantzuteko zenbait aukera emanen dira. Galderok izanen dira bete nahi den plazako zereginei buruzkoak.
Epaimahaiak, proba hasi baino lehen, haren gehieneko iraupena finkatuko du.
Gehieneko puntuazioa 70 puntukoa izanen da, eta gainditzeko, gutxienez 35 puntu lortu beharko dituzte izangaiek.
8.2. Ariketarako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.
8.3. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da ariketan. Gutun-azal itxiak jendaurrean irekiko dira, eta ekitaldi hori Beireko Udalaren iragarki-taulan iragarriko da, gutxienez ere 24 ordu lehenagotik.
9.–Proba gainditu dutenen zerrenda.
9.1. Oposizioaldia bukatutakoan, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda argitara emanen du Udalaren iragarki-taulan, erdietsitako puntuazioaren hurrenkeran, oposizioaldian eta lehiaketaldian izangai bakoitzak lorturiko kalifikazioak batuta.
9.2. Epaimahaiak alkateari igorriko dio oposizio-lehiaketan puntuazio handiena lortu duten izangaiak izendatzeko proposamena. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.3. Proposatutako izangaiak espresuki uko egiten badio izendapenari, oposizioa gainditzen duen zerrendako hurrengoarentzat izanen da izendapen proposamena.
9.4. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egunean, proposatutako izangaiek deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituztela ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte Udalaren erregistro orokorrean, baita beste agiri gehigarri batzuk ere, Udalak eskatzen badizkie.
Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa frogatzeko, epaimahaiak proposatu den izangaiaren osasun azterketa aginduko du.
9.5. Proposatutako izangaiak aipatu epearen barrenean agiriak aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan salbu, ezin izanen da kontratua formalizatu, eta haren egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, ukatu gabe ere eskabidean egin faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna.
Arestiko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 9.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.
10.–Izendapena eta plazaz jabetzea.
10.1. Aitzineko oinarriak aipatzen duen hautapen prozedura burututa, ebazpen baten bidez, alkateak proposatutako izangaiak izendatzeko aginduko du; ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
10.2. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Aipatu epean eta ezinbestekoak salbu, jabetza hartzen ez badu, lanpostu berrirako eskubide guztiak galduko ditu. Halakoetan, 9.1 oinarriko zerrendan ondotik heldu den izangaiarekin beteko da lanpostua.
10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
11.–Datuen babesa.
Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), izangaiei honako hau jakinarazten zaie:
Beireko Udala da parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
Oinarri juridikoa honako hau da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikulua: tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko, eta Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua: tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko.
Datuak behar den denboran gordeko dira, zer xedetarako bildu diren, xedea lortzeko beharrezkoa den denboran, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko behar den denboran ere. Aplikatuko da artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa (Nafarroako toki-entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
Datuak komunikatuko dira legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela argitaratzea, 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin bat.
Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, haien tratamendua mugatzeko, tratamendu horren aurka egiteko eta datuok eramateko. Horretarako, udal bulegoetara jotzen ahal dute, han informazio gehiago eskuratzen ahalko dute-eta, edo, bestela, baliatzen ahal dute www.Beire.es webguneko gardentasun ataria.
Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es), edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari. Ordezkariak gehienez ere bi hilabeteko epean helaraziko die bere erabakia.
12.–Errekurtsoak.
12.1. Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahal da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Legeria orokorrean ezarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, arlo horretako bereko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, organo egileari aldez aurretik errekurritzeko asmoa dagoela adierazita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
12.2. Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aurrera.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
Izena: ............................................................................................................................................, adinez nagusia; NANa: ........................................., jaioteguna: (e)ko ..................aren ……(a), jaioterria: ......................................... (...................................), helbidea: .................................. (..........................); karrika: .....................................................; zenbakia: ................; solairua/atea: ...................; posta kodea: ...................; telefono finkoa: ...................; telefono mugikorra: ................... Zure aurrera azaldu, eta honako hau adierazten dut:
Eskatzen dudala onartua izatea Beireko Udaleko D mailako plaza bat oposizio murriztuaren bidez betetzeko deialdian. Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisiko nahiz psikikorik. Ez dudala indarrean dauden xedapenetan ezarritako ezintasunik.
Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, betetzen ditudala behar diren baldintza guztiak.
Horiek horrela, eskabide hau onartu eta, ondorioz, D mailako plaza bat oposizio murriztuaren bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.
Beiren, 2026ko ...................................aren .........................(e)(a)n
(Sinadura)
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. gaia.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak. Idazketako eta ortografiako oinarrizko erregelak.
2. gaia.–Beireko udalerria: udalerriaren ezagutza orokorra; kaleen, parajeen eta udal eraikin eta instalazioen izenak. Udalaren osaera. Beireko udal ordenantzak.
3. gaia.–Oinarrizko ezagutzak laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauez eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauez.
4. gaia.–297/2001 Foru Dekretua, Hileta-osasunari buruzko Erregelamendua (2021-11-26ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala). 772/2011 Foru Agindua, Hilotzak Lurpetik Ateratzeko Protokoloa onesten duena (2011-11-18ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).
5. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Tresnak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Kofratuak eta paretak egitea. Obrak egoera onean zaintzea eta haiek mantentzeko lanak. Obra-makineria arina eta ertaina maneiatzea.
6. gaia.–Zurgintzako oinarrizko lanak: ate-leihoak doitzea, sarrailak, sarraila-zilindroak eta pertsianak eta antzekoak.
7. gaia.–Oinarrizko argi zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak. Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoa eta diferentziala.
8. gaia.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen gaineko mantentze-lanak: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuitua betetzea eta airez purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak. Ezagutzea instalazio termikoetan efizientzia energetikoa hobetzeko sistemak (eguzki-energia termikoa, energia geotermikoa, biomasa).
9. gaia.–Ezagutzea, maneiatzea eta mantentzea lorezaintzako eta mendiko produktuak, makinak eta erremintak (sasi-garbitzeko makina, belarra mozteko makina, heskai-moztekoa, aizkora, motozerra, altueran moarratzeko plataforma jasotzailea, traktorea, atzerako hondeamakina). Fitosanitarioen aplikazioa.
10. gaia.–Eraikinen eta hiri altzarien mantentze-lanak. Pintura. Motak, produktuak, erremintak eta aplikazioa.
11. gaia.–Hondakinen tratamendua eta haiei buruzko ezagupen orokorra.
12. gaia.–Laneko arriskuen prebentzioa, arau-esparrua: 31/1995 Legea, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. Eskubideak eta betebeharrak. Segurtasun-baldintzekin eta laneko ingurumenarekin lotzen diren arriskuak. Arriskuak kontrolatzeko oinarrizko sistemak: babes kolektiboak eta norbera babesteko ekipamenduak. Bide segurtasuna: Lehen laguntza. Modu seguruan erabiltzea metalezko hodi-aldamioak, eskailerak eta plataforma jasotzaileak. Makinen eta lanabesen alorreko segurtasuna.
III. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA
1.–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.
Administrazio publikoetan egindako zerbitzuen balorazioa egiteko, bi puntu emanen dira deialdia argitaratzen den egunean aitortutako antzinatasun urte bakoitzeko; gehienez ere 25 puntu.
Titulazio bat izatea Laneko Arriskuen Prebentzioko oinarrizko ikastaroa gainditzeagatik, erakunde ofizialek edo gaituek behar bezala homologatutakoa eta emandakoa, gutxienez 50 ordukoa, 39/97 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. 4 puntu emanen da.
Goi-mailako heziketa zikloko edo batxilergoko titulazioa edukitzea. 1 puntu emanen da.
Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuak administrazio kontratatzailearen ziurtagiriaren bidez frogatuko dira. Agiri horretan honako hauek agertuko dira: lanpostua, maila profesionala, lanaldi mota (lanaldi partziala izanez gero, portzentajea edo ordu kopurua adierazi beharko da) eta lan egindako denboraren hasiera eta amaiera datak.
Oharrak:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.
3. Deialdia argitaratu ondotik egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.
Iragarkiaren kodea: L2603873
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
