61. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

20/2026 FORU DEKRETUA, martxoaren 11koa, aldatzen dituena Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuak, ekainaren 5eko 60/2024 Foru Dekretuaren bidez onetsiak.

ZIOEN AZALPENA

Ekainaren 5eko 60/2024 Foru Dekretuaren bidez Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onetsi ziren. Foru dekretu horren 3. atalean jasotzen dira Haurtzaroaren, Nerabezaroaren eta Familiaren Zuzendariordetzaren eskumenen esparru materiala eta egitura, bai eta hura osatzen duten atalak eta haien eginkizunak ere.

Babesgabetasun Egoeren Balorazio Atala eta Zaintza Kudeatzeko Atala arduratzen dira babesgabetasun egoera oso larrian dauden haur eta nerabeak babesteko sistemaz; horien artean daude inoren kargura ez dauden haur eta nerabe migratzaileak. Bi atalen egitura eta eginkizunak aldatu eta aztertu behar dira egungo errealitatera egokitzeko eta bat egiteko Nafarroako Gobernuak egindako apustuarekin: haurrentzako tratu ona sustatu eta babesgabetasun egoerak prebenitzea, batetik, eta, bestetik, Europar Batasunak haurren pobreziaren aurka borrokatzeko ezarritako helburuak betetzea (Europako Haurrendako Bermerako Estatu Proiektua, 2022-2030), bai eta Gazte eta Haur Ministerioak ezarritakoak ere (Haur eta Nerabeen Eskubideen aldeko Estatu Estrategia, 2022-2030).

Bestalde, beharrezkotzat jotzen da estatutuak aldatzea argitzeko zein den Balorazio Zentroaren izaera; izan ere, Arreta Goiztiarreko Zerbitzuko Zentro Koordinatzailea bezalaxe, atal bat da eta ez zentro bereki bat, izen hori badu ere, zentroen kalifikazioa duten bakarrak El Vergel, Santo Domingo eta Lur Gorri egoitzak eta San José zentroa baitira.

Hori horrela, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita seiko martxoaren hamaikan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuak, ekainaren 5eko 60/2024 Foru Dekretuaren bidez onetsiak.

Bat.–24. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

24. artikulua. Balorazioen eta Zerbitzuen Zuzendariordetzaren egitura.

Balorazioen eta Zerbitzuen Zuzendariordetzak atal hauek ditu bere egituran:

a) Adinekoentzako Zerbitzuen Atala.

b) Desgaitasuna duten Pertsonentzako Zerbitzuen Atala.

c) Prestazioak Kudeatzeko Atala.

d) Pertsonarengan Zentratutako Arretaren eta Koordinazio Soziosanitarioaren Atala.

e) Balorazio Zentroa

Bi.–30. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

30. artikulua. Haurtzaroaren, Nerabezaroaren eta Familiaren Zuzendariordetzaren egitura.

Haurtzaroaren, Nerabezaroaren eta Familiaren Zuzendariordetzak atal hauek ditu bere egituran:

a) Familiaren eta Haurren Eskubideen Sustapenaren Atala.

b) Babesgabetasun Egoeretan Esku Hartzeko Atala.

c) Planen, Programen eta Baliabideen Plangintza eta Kudeaketa Atala.

d) Arreta Goiztiarreko Zerbitzuko Zentro Koordinatzailea.

Hiru.–32. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

32. artikulua. Babesgabetasun Egoeretan Esku Hartzeko Atalaren esparru materiala eta funtzionala.

Babesgabetasun Egoeretan Esku Hartzeko Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Haur eta nerabeen babesaren gainean zehazten diren departamentuko, departamentuen arteko edo erakundeen arteko lantalde teknikoetan parte hartzea.

b) Prestakuntza jardueretan parte hartzea, haren eskumen esparruari dagokionez.

c) Beste entitate edo unitate organikoa batzuekin elkarlanean aritzea haur eta nerabeei tratu ona ematea sustatzeko eta babesgabetasun egoerak prebenitzeko jarduketetan.

d) Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legea betetzeko eta garatzeko jarraipena egitea eta bultzada ematea.

e) Gizarte zerbitzuen sisteman Haurrentzako Arreta Koordinatzeko Egituran parte hartzea.

f) Haur eta nerabeen babesaren arloan aholkularitza ematea Nafarroako Gobernuko beste unitate organiko batzuei edo sektoreko entitateei.

g) Balorazio diagnostikoa egitea edo Oinarrizko Laguntzako Gizarte Zerbitzuek egindako balorazio diagnostikoa berrestea, babesgabetasun oso larriko egoerak izan daitezkeenetan.

h) Esku hartzea babesgabetasun oso larriko egoeretan, egoera bakoitzean behar diren babes neurriak aplikatuz eta esku hartzen duten gainerako baliabideekin koordinatuta.

i) Koordinatzea epaitegiekin, fiskaltzarekin eta segurtasun kidegoekin babesgabetasun egoera oso larrietan dauden haur eta nerabeekin esku hartzeari dagozkion gaietan.

j) Koordinatzea eta elkarlanean aritzea beste autonomia erkidego batzuekin bere eskumen esparruan.

k) Nafarroako toki entitateekin elkarlanean aritzea haur eta nerabeen arrisku egoerak baloratu eta deklaratzeko, arrisku egoeran neurriak betearaztea bere gain hartuz, kasuaren konplexutasunagatik edo baliabide faltagatik toki entitateak ezin duenean gauzatu eta hala adosten denean.

l) Oinarrizko laguntzako gizarte zerbitzuekin eta babesgabetasun egoeren prebentzio, balorazio eta jarraipenaren esparruko beste zerbitzu batzuekin elkarlanean aritzea eta haiei aholkularitza ematea.

m) Harrera familia zabalen egokitasuna baloratzea, eta haiek hautatzea eta sustatzea. Harrera familientzako eta adopzio nazionaleko familientzako jarraipena eta laguntza.

n) Familia harrerak eta egoitzakoak formalizatzea, eta epaitegian adopzio proposamenak egitea, bai eta adopzioen eta harreren jarraipena ere.

o) Entitate publikoaren zaintzapean dauden haur eta nerabeekin eta haien familiekin egiten den esku-hartzearen plangintza eta jarraipena.

p) Bigarren mailako babes sisteman dauden haur eta nerabeei buruzko datu basea mantentzea eta eguneratzea.

q) Autonomiarako eta bizitza independenterako prestaketa prozesuan dauden gazteekin egiten den esku-hartzearen jarraipena.

r) Nafarroako esparru orokorreko Gizarte Zerbitzuen Zorroan jasota dauden prestazio ekonomikoak kudeatzea, haur eta nerabeen babesaren esparruan.

s) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatzea eta artxibatzea.

t) Gazteentzako Justizia arloarekin elkarlanean aritzea, inputatu ezin diren adingabeekin eta erreforma sistemaren mende dauden nerabe eta gazteekin egiten den esku-hartzean.

u) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren jarduerei loturik agintzen zaion beste edozein eginkizun.

Lau.–33. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

33. artikulua. Planen, Programen eta Baliabideen Kudeaketa eta Plangintza Atalaren esparru materiala eta funtzionala.

Planen, Programen eta Baliabideen Kudeaketa eta Plangintza Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Haur eta nerabeen babesaren gainean zehazten diren departamentuko, departamentuen arteko edo erakundeen arteko lantalde teknikoetan parte hartzea.

b) Prestakuntza jardueretan parte hartzea, bere eskumen esparruari dagokionez.

c) Beste entitate edo unitate organiko batzuekin elkarlanean aritzea haur eta nerabeei tratu ona ematea sustatzeko eta babesgabetasun egoerak prebenitzeko jarduketetan.

d) Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legea betetzeko eta garatzeko jarraipena egitea eta bultzada ematea.

e) Gizarte zerbitzuen sisteman Haurrentzako Arreta Koordinatzeko Egituran parte hartzea.

f) Haur eta nerabeen babesaren arloan aholkularitza ematea Nafarroako Gobernuko beste unitate organiko batzuei edo sektoreko entitateei.

g) Sistemako planen, programen eta baliabideen plangintza eta diseinua egitea.

h) Sistemako planak, programak eta baliabideak kudeatzea, eta jarraipena eta ebaluazioa egitea.

i) Kanpoko harrera familien egokitasuna baloratzea, familiak hautatzea, informazioa ematea eta haien prestakuntza sustatzea, eta nazioarteko adopzioaren jarraipena egitea.

j) Nafarroako esparru orokorreko Gizarte Zerbitzuen Zorroan jasota dauden prestazio ekonomikoak kudeatzea, haur eta nerabeen babesaren esparruan.

k) Babes sistemako haur eta nerabeen arloko esku-hartzean kalitatea bermatzeko beharrezkotzat jotzen diren jarduketa guztiak diseinatu eta garatzea.

l) Bere eskumen esparruko kontratuak, itunak edo enkarguak kontrolatu eta gainbegiratzea.

m) Bigarren mailako babes sisteman programak eta baliabideak kudeatzen dituzten entitateen gaineko gainbegiratze teknikoa eta jarraipena egitea.

n) Sentsibilizazio eta erakartze kanpainak diseinatu eta gauzatzea, harrera mota desberdinei, adopzioari eta mentoretzari buruz.

o) Adingabearen erantzukizun penalari buruzko urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoan ezarritako neurriak betetzearen gaineko jarraipena egin eta hura sustatzea.

p) Haurtzaroaren, Nerabezaroaren eta Familiaren Zuzendariordetzako profesionalentzako prestakuntza plana diseinatu eta gauzatzea.

q) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren jarduerei loturik agintzen zaion beste edozein eginkizun.

Bost.–35.1 artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

1. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak atxikirik ditu eta zuzenean kudeatzen ditu honako zentro bereki hauek:

a) Iruñeko El Vergel zahar-egoitza, Balorazioen eta Zerbitzuen Zuzendariordetzaren mende dagoena.

b) Lizarrako Santo Domingo zahar etxea, Balorazioen eta Zerbitzuen Zuzendariordetzaren mende dagoena.

c) Iruñeko San José zentroa, Balorazioen eta Zerbitzuen Zuzendariordetzaren mende dagoena.

d) Lur Gorri egoitza, hierarkia aldetik Desgaitasuna duten Pertsonentzako Zerbitzuen Atalaren eta atal hori mendean duen Balorazioen eta Zerbitzuen Zuzendariordetzaren mende dagoena.

Xedapen gehigarri bakarra.–Izendapenen berrespena.

Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:

–Babesgabetasun Egoeren Balorazio Ataleko buruarena, Babesgabetasun Egoeretan Esku hartzeko Ataleko burua izanen baita.

–Zaintzaren Kudeaketa Ataleko buruarena, Planen, Programen eta Baliabideen Kudeaketa eta Plangintza Ataleko burua izanen baita.

Xedapen iragankor bakarra.–Administrazio unitateen iraupena.

Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, atalarena baino maila txikiagokoak diren unitate organikoek berdin segituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behineko egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte betetzen zituzten eginkizunen arabera.

Azken xedapenetako lehena.–erregelamendu-garapenerako ahalmena.

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari baimena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2026ko martxoaren 11n.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2603968