58. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

10/2026 FORU AGINDUA, otsailaren 17koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, adineko pertsonek 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitarte jantokiak erabiltzeko laguntza ekonomikoen deialdia onesten duena, baita haien kudeaketan laguntzen duten entitateak aukeratzeko prozedura ere. DDBN kodea: 888263.

Gizarte-zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen denez, botere publikoen jarduketek, gizarte zerbitzuen arloan, funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste: pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa sustatzea gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Orobat, xedatzen du gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezarriko dituen tresna Gizarte Zerbitzuen Zorroa izanen dela.

Martxoaren 20ko 30/2019 Foru Dekretuak, zeinaren bidez aldatzen baita ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onetsi zuen. Foru dekretu horren II. eranskineko B11 apartatuan ("Bermatu gabeko prestazioak"), jantokietarako prestazio ekonomikoak aurreikusten dira adinekoei laguntzeko prestazioen artean. Prestazio horren xedea da adinekoei dirulaguntzak ematea jantokietan menu orekatu bat jateko aukera izan dezaten, prezio onean.

Beraz, deialdi honen xedea da baliabide ekonomiko urriak dituzten adineko pertsonei jantokiak erabiltzeko laguntzak ematea, eguneroko dieta orekatua ziurtatua izan dezaten. Gisa horretara, beren ingurunean bizi kalitate onarekin irautea sustatzen da, haien autonomia indartzen da eta mendekotasun egoerei aurrea hartzen zaie.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako.

Foru lege horren 17.1 in fine artikuluan, dirulaguntzak emateko banakako ebaluazioaren araubidea ezartzen da. Araubide horretan, araudiak edo oinarri arautzaileek eskaerak ebaluatzeko eta dirulaguntza ebaluazio horren arabera esleitzeko irizpideak ezartzen dituzte, eta espedienteak aurkeztu ahala izapidetzen eta ebazten dira, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean.

Aipatutako foru legeak, orobat, aukera ematen du deialdiak aurrekontu ekitaldia hasi baino lehen onesteko, betiere baldintza gisa ezartzen bada, dirulaguntzak emateko, kreditu nahikoa egon behar dela kasuan kasuko ekitaldian.

Lege horrek, bestalde, dirulaguntzak kudeatzeko entitate laguntzailearen figura jasotzen du, eta, zuzenbide pribatuaren menpeko pertsonak direnean, horiek publikotasun, konkurrentzia, berdintasun eta bereizkeriarik ezeko printzipioei jarraitzen dien prozeduraren bidez aukeratu beharra ezartzen du.

Ekainaren 5eko 60/2024 Foru Dekretuaren bidez, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi ziren, eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eskumenak.

Nafarroako Gobernuak 2026ko otsailaren 4an hartutako erabakiaren bidez, baimena eman da deialdi bat onesteko adineko pertsonei laguntza ekonomikoak emateko, 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitarte jantokiak erabil ditzaten. Laguntzak banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz banatuko dira.

Ikusirik espedienteari lotutako txosten teknikoak eta juridikoak, argi dago egokia eta interes publikokoa dela deialdi hau onestea, eta legezkoak direla deialdia eta oinarri arautzaileak.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu zaizkidan ahalmenak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitutakoak erabiliz,

HONAKO HAU AGINTZEN DUT:

1. Adineko pertsonek 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitarte jantokiak erabiltzeko laguntza ekonomikoen deialdia onestea, baita deialdi hori arautuko duten oinarriak ere, foru agindu honi I. eranskin gisa gehitu zaizkionak.

2. Adineko pertsonek jantokiak erabiltzeko laguntza ekonomikoen kudeaketan lagunduko duten entitateak aukeratzeko prozeduraren oinarriak onestea, foru agindu honi II. eranskin gisa gehitu zaizkionak.

3. 55.000,00 euroko gastua baimentzea "Jantokietarako dirulaguntza" izeneko 920005 93100 4809 231B02 aurrekontu-partidaren kargura, edo 2026ko gastu-aurrekontuan horretarako gaitzen den antzeko partidaren kargura, betiere kreditu aski baldin badago.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalera, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

Iruñean, 2026eko otsailaren 17an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA.–ADINEKO PERTSONEK JANTOKIAK ERABILTZEKO LAGUNTZA EKONOMIKOEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da laguntza ekonomikoak ematea baliabide ekonomiko urriak dituzten adineko pertsonei, errazagoa izan dakien jantokiak erabiltzea 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitarte.

2.–Lankidetza hitzarmenak entitate laguntzaileekin.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak lankidetza hitzarmenak izenpetuko ditu entitate laguntzaileekin, horiek II. eranskinean ezarritako prozeduraren arabera aukeratu ondoren. Hitzarmen horietan lankidetzaren nondik norakoak eta baldintzak ezarriko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 11. artikuluan erabakitakoari jarraikiz.

3.–Pertsona onuradunak eta baldintzak.

3.1. Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua aldatu zuen martxoaren 20ko 30/2019 Foru Dekretuaren II. eranskineko B11 apartatuan ("Jantokietarako prestazio ekonomikoa") xedatutakoaren arabera, adinekoak eta haien ezkontideak edo bikote egonkorrak izanen dira deialdi honetan arautzen diren laguntzen onuradunak.

3.2. Hona hemen laguntza hauek jasotzeko baldintzak:

a) Nafarroako Foru Komunitatean benetan eta jarraian bizi dela frogatzea.

b) 65 urtetik gorako pertsona izatea, edo erretiro edo baliaezintasunagatik pentsioduna izatea eta 60 urte beteta izatea, edo alarguntzagatik pentsioduna izatea eta 55 urte beteta izatea.

c) Autonomia funtzionala izatea jantokian beren kasa moldatzeko.

d) Establezimenduetako elkarbizitzan gorabeherak sor ditzakeen portaera arazo larririk ez izatea.

Salbuespen gisa, adierazitako baldintzak betetzen ez dituzten eskatzaileei ere ematen ahalko zaie laguntza, gizarte zerbitzuen txosten baten bidez egiaztatzen bada laguntza jasotzeko beharra dutela.

Gainera, eskatzaileak mugitzeko arazoak izateagatik horretarako ezarritako lokalera joan ezin direnean, entitate kudeatzaileak etxean emanen die janaria. Zailtasun hori dutela txosten sozial baten bidez egiaztatu beharko da.

4.–Eskaerak eta erantsi beharreko dokumentazioa aurkeztea.

4.1. Eskaerak aurkeztea.

4.1.1. Eskaerak eta erantsi beharreko dokumentazioa Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Erregistroan (González Tablas kalea 7, 31005 Iruña) aurkeztuko dira, edo, bestela, telematika bitartez (ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez sortu eta arautu zen Erregistro Orokor Elektronikoa erabiliz), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean, posta bulego baten bidez edo administrazio prozedura erkideari buruzko araudian ezarritako tokietan.

4.1.2. Eskaerak oinarrizko gizarte zerbitzuetan edo Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren bulegoetan emanen diren inprimakien bidez aurkeztuko dira. Erakunde horren web-orrian ere eskura daitezke.

4.2. Aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea honako hau izanen da:

–2025. urtean, deialdia argitaratu aitzin, jantokia erabiltzen ari diren pertsonentzat, hilabeteko epea izanen da eskaera aurkezteko, deialdia argitaratu eta biharamunetik hasita. Laguntza ematen bada, zerbitzua ematen hasten den egunetik sortuko da, jantokiaren titularra edo kudeatzailea den entitate laguntzaileak hala ziurtatuta.

–Zerbitzua deialdi hau argitaratu ondoren erabiltzen hasten diren pertsonentzat, eskaera aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, jantokira joaten hasten diren egunetik hasita. Laguntza ematen bada, zerbitzua ematen hasten den egunetik sortuko da, jantokiaren titularra edo kudeatzailea den entitate laguntzaileak hala ziurtatuta.

Nolanahi ere, eskaerak aurkezteko epea 2026ko urriaren 31n bukatuko da.

4.3. Eskaerari erantsi beharreko dokumentazioa.

a) Erroldatzea, Nafarroako Foru Komunitatean benetan eta jarraian bizi dela frogatzen duena.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzaren onuradun izateko inolako debekurik ez duela dioena.

c) Entitate laguntzailearen erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek adierazten dituena:

–Asteko zein egunetan erabiliko den jantoki zerbitzua.

–Jantokira joaten hasi(ko) den eguna.

d) Deialdi honen 3. oinarriko baldintzak betetzen ez dituzten eskaera berezietarako, gizarte zerbitzuen txostena erantsi beharko da, egoera berezi hori gertatzen dela justifikatzeko.

Mugikortasun urriko pertsonen kasuan, desgaitasun maila eta baremo bidez neurtutako mugikortasun zailtasunak izan beharko dituzte, edo, bestela, egoera hori justifikatzen duen medikuaren txostena.

4.4. Aurkezten diren eskaerak osorik ez badaude, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko, eta aditzera emanen zaio, bestela, bertan behera utziko dela bere eskaera, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak horretarako emanen duen ebazpenaren bidez.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak ofizioz egiten ahalko ditu legeen arabera bidezko diren jarduketak, interesdunek eskabidean emandako informazioa egiaztatzearren.

5.–Prozeduraren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

5.1. Laguntzak emateko prozeduraren antolamendua eta instrukzioa Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalari dagozkio.

5.2. Laguntza ekonomikoen gaineko ebazpena ematea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileari dagokio, instrukzio organoak proposamena egin ondotik.

Ebazteko gehieneko epea Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan aurreikusitakoa izanen da. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaerak ezetsitzat jo beharko dituzte. Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da berariazko edo presuntziozko ebazpenaren kontra, eta zuzendu behar zaio Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari, bat etorriz martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearekin (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa) eta urriaren 1eko 39/2015 Legearekin (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).

5.3. Ebazpenak laguntza ekonomikoaren eskatzaileei eta entitate laguntzaileei jakinaraziko zaizkie. Bertan, emandako dirulaguntzaren munta agertuko da.

5.4. Dirulaguntza eranskin honen 8.2 puntuan adierazi bezala ordainduko da.

6.–Laguntzak.

6.1. Dirulaguntza honen xedea onuradunei eta, bereziki, egoera sozioekonomiko zaurgarrian daudenei diruz laguntzea da, menu orekatua prezio onean eskaintzeko.

2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitarteko lanegunetan bereziki entitate laguntzailearen lokaletan egiten den otordu nagusiagatik emanen da dirulaguntza.

Laguntzaren xede izan daiteke, orobat, asteburuetan eta jaiegunetan ematen den zerbitzua, entitate laguntzaileak zerbitzu hori eskaintzen badu.

6.2. Laguntza ematea.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioaren bidez izapidetuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Eskatzaileak eta entitate laguntzaileak I. eranskineko 3. oinarrian eta II. eranskineko 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, balorazio ekonomikoa eginen da.

Laguntzaren munta eskatzailearen ahalmen ekonomikoaren eta familia-unitateko kideen kopuruaren araberakoa izanen da, baremo honi jarraikiz:

URTEKO PER CAPITA ERRENTAREN TARTEA

(kide bat familia-unitatean)

LAGUNTZAREN MUNTA

LGSaren %90era bitarte

4,00 euro eguneko

LGSaren %90etik urteko LGSaren %115era

3,50 euro eguneko

Urteko LGSaren %115 baino handiagoa

0,00 euro eguneko

FAMILIAREN URTEKO ERRENTA TARTEA

(bi kide familia-unitatean)

LAGUNTZAREN MUNTA

Urteko LGSaren %115era bitarte

4,00 euro eguneko

> LGSaren %115, baina ≤ urteko LGSaren %150

3,50 euro eguneko

Urteko LGSaren %150 baino handiagoa

0,00 euro eguneko

Eskatzailearen ahalmen ekonomikoa kalkulatzeko, familia-unitatearen errenta hartuko da aintzat, eta honako hauek kontatuko dira:

a) Lan etekinak, barne izanik aurreikuspen sozialeko prestazioak eta pentsioak, zein den ere haien araubidea.

b) Kapital higigarria eta horren etekinak.

c) Kapital higiezina eta horren etekinak.

Familia-unitatetzat hartuko da eskatzaileek eta haien ezkontideek, bikote egonkorreko kideek edo antzeko afektibotasun-harremana dutenek osatzen dutena, bai eta haien seme-alaba adingabeak ere, eta adinez nagusiko seme-alabak ere bai, desgaitasuna baldin badute.

Nolanahi ere, haien kapital higigarria 30.000 eurotik gorakoa bada edo kapital higiezinaren etekinak 300 eurotik gorakoak badira, ez da laguntzarik emanen.

Konputatu beharreko aldia hauxe izanen da: eskaera aurkezten den egunean aitorpena aurkezteko epemuga bukatua duen azken ekitaldi fiskala.

6.3. Laguntzaren indarraldia.

Behin eskaera baloratuta eta eskatzaileari dagokion laguntzaren munta zehaztuta, indarraldia ezarriko da. Arau orokor gisa, zerbitzuaren hasiera egunetik (jantokiaren titularra den entitate laguntzaileak ziurtatua) 2026ko urriaren 31ra arte emanen da laguntza.

Hala entitate laguntzailea nola onuraduna edo haren ahaideak behartuak daude Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari jakinaraztera jantoki zerbitzua aldi baterako edo behin betiko uztea dakarren edozein gorabehera.

7.–Laguntzaren bateragarritasuna bestelako prestazioekin.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek edo bestelako erakunde publiko zein pribatuek helburu bererako ematen dituztenekin.

Hala ere, ematen den muntak ez du inola ere gainditzen ahalko dirulaguntzaren xede den jardueraren kostua, bakarrik hartuta edo beste laguntza edo dirulaguntza batzuekin batuta.

8.–Justifikazioa eta laguntzaren ordainketa.

8.1. Justifikazioa.

Entitate laguntzaileak, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak ezartzen dituen epeetan, deialdiaren xedeko laguntza ekonomikoen onuradunek jasotako otorduen kopurua frogatzen duen agiria aurkeztuko du.

Otorduak ez dira justifikatu beharko baldin eta onuradunek egiten badituzte entitate laguntzaileak jantoki zerbitzua emateko prestatutako lokaletatik kanpo, edo mugikortasun arazoak dituen pertsonaren etxean ematen ez badira.

8.2. Laguntzaren ordainketa.

Onuradun bakoitzari dagokion laguntza ekonomikoaren munta kalkulatzeko, ematen den diru kopurua eta egin diren otorduen kopurua hartuko dira kontuan.

Onuradun bakoitzari dagokion diru kopurua entitate laguntzaileari ordainduko zaio zuzenean, aipatutako ziurtagiriak aurkeztutakoan.

Entitate laguntzaileari dagokio onuradun bakoitzaren egoera erregularizatzea eta kasuan kasuko laguntza ekonomikoa ordaintzea.

Ordainketak epe hauetan eginen dira:

–Lehen ordainketa, 2025eko azaroaren 1etik 2026ko otsailaren 28ra bitarteko zenbateko justifikatuari dagokiona.

–Bigarren ordainketa, 2026ko martxoaren 1etik ekainaren 30era bitarteko zenbateko justifikatuari dagokiona.

–Hirugarren ordainketa, 2026ko uztailaren 1etik urriaren 31ra bitarteko zenbateko justifikatuari dagokiona.

9.–Entitate laguntzaileen betebeharrak eta ez-betetzeak.

Honako hauek dira entitate laguntzailearen betebeharrak:

a) Funtsak onuradunei ematea, dirulaguntza arautzeko oinarrietan eta entitate emailearekiko hitzarmenean ezarritako irizpideei jarraikiz.

b) Behar izanez gero, dirulaguntza emateko edo dirulaguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla frogatzea.

c) Dirulaguntzak ematen dituen organoaren aurrean egiaztatzea hartutako funtsak banatu dituela, eta, hala badagokio, entregatzea onuradunek aurkeztutako justifikazioak.

d) Laguntzak ematen dituen organoak funtsen kudeaketari buruz egiten ahal dituen egiaztapenak onartzea, baita eskumena duten kontrol organoek —are Europar Batasunekoek ere— egiaztapen eta kontrol finantzariorako egin ditzaketen bestelako jarduerak ere, eta lan horien ondorioz eskatzen zaion informazioa ematea.

10.–Dirua itzultzea.

a) Harturiko zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, dirulaguntza emateko ezarririko baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaindu daitezela eskatzea; hain zuzen, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutakoak.

b) Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak jarraituko dio aipatutako artikuluari, eta ebatzi beharko da hasten denetik hamabi hilabeteko epean.

c) Orobat, entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren.

11.–Aurrekontuko kontsignazioa.

Laguntza hauek emanen dira aurrekontuan horretarako dagoen kontsignazio erabilgarriaren arabera.

Programaren izaera kontuan harturik, gehieneko zenbateko hori gainditu behar izanez gero, bidezkoa izanen da deialdiko kreditua handitzea, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak onesten badu.

12.–Deialdiaren kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, bidezko da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

13.–Aplikatu beharreko araudia

Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaz gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

II. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, ADINEKO PERTSONEK JANTOKIAK ERABILTZEKO LAGUNTZA EKONOMIKOEN KUDEAKETAN LAGUNTZAILE IZANEN DIREN ENTITATEAK AUKERATZEKO PROZEDURARAKO

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da foru agindu honen 2. puntuan aipatzen diren entitate laguntzaileak aukeratzea, hots, adineko pertsonek jantokiak erabiltzeko prestazio ekonomikoen kudeaketan instrukzio organoarekin batera arituko direnak. Aukeraketa hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 11.5. artikuluan xedatutakoaren arabera eginen da.

2.–Entitate laguntzaileak bete beharreko baldintzak.

Zuzenbide pribatuaren mendeko pertsona fisikoek edo juridikoek hartzen ahalko dute parte deialdi honetan, baldintza hauek betez gero:

a) Adineko pertsonei jantoki zerbitzua emateko prestatutako lokalen titularrak edo kudeatzaileak izatea.

b) Aukera ematea, hala nahi duten onuradunei, janaria hartu eta eramateko, otordua beren etxean egin dezaten. Gainera, eskatzaileei mugikortasun arazoak izateagatik lokalera sartzea kostatzen zaienean, entitateak etxean emanen die janaria.

c) Gaitasun tekniko-profesionala frogatzea.

d) Desgaituta ez egotea dirulaguntza publikoak lortzeko, ezta Administrazioarekin kontratatzeko ere.

e) Jantokiaren funtzionamenduan gutxienez bi urteko esperientzia egiaztatua izatea.

3.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

3.1. Entitate interesdunek horretarako prestatu diren ereduen araberako eskaera aurkeztu beharko dute. Ereduak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako bulego nagusietan (González Tablas kalea 7, Iruña) eta erakunde beraren web-orrian eskuratzen ahalko dituzte.

Eskaerari eranskin honen 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa erantsiko zaio, honako agiri hauek, alegia:

a) Jantokiaren titulartasunari edo kudeaketari buruzko egiaztagiria.

b) Jantokiaren proiektuaren memoria eta hura kudeatzeko egiten diren lanen deskribapen laburra.

Memorian, zerbitzuaren deskribapena agertu beharko da, alderdi hauek zehaztuta: zenbat otordu eskaintzen diren, zerbitzuaren helburuak, baliabide teknikoak eta giza baliabideak, sarean egiten den lana eta erabiltzaileei parte hartzeko zer bide eskaintzen zaizkien.

Horrez gain, baldintzak eta zerbitzuan sartzeko eta baja emateko modua, itxarote-zerrendaren kudeaketa, aurkeztu beharreko dokumentazioa, funtzionamendua eta menuaren eguneko prezioa agertu beharko dira.

Memoria gehienez 10 orrialdetan egin beharko da, behar bezala zenbakituta, DIN A4 tamainan eta alde biko inprimaketan; zenbaketatik kanpo utziko dira azala eta aurkibidea. Letra mota Arial izanen da, gutxienez 11 puntukoa, eta lerroartea arrunta.

Idazketari dagokionez, memoriak hizkera argia, erraza eta inklusiboa izanen du.

3.2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez sortutako eta araututako Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean.

3.3. Eskaerak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

3.4. Aurkezten diren eskaerak osorik ez badaude, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko, eta aditzera emanen zaio, bestela, bertan behera utziko dela bere eskaera, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak horretarako emanen duen ebazpenaren bidez.

4.–Entitateak aukeratzeko irizpideak.

Eskaerak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira:

a) Baliabideak:

–Baliabide teknikoak: jantokia kudeatzeko protokoloak, ezartzen diren dietak eta menuak, elikagaien kontserbazioa, kalitate ziurtagiriak.

–Baliabide materialak: kudeaketan erabiltzen diren etxetresna elektrikoak, lekuen deskribapen laburra (sukaldea, office-a, jangela, despentsa), otorduak zerbitzatzeko erabiltzen den tresneria.

–Giza baliabideak: dietistak/nutrizionistak, sukaldeko langileak, garbitzaileak, hornitzaileak, otorduak kudeatzeko kontratatzen den enpresa. Kasu horretan, baliabideak, txandak eta lanaldiak labur deskribatu behar dira.

b) Esperientzia jantokien kudeaketan:

–3 eta 5 urte bitarte: 3 puntu.

–6 eta 9 urte bitarte: 7 puntu.

–10 urtetik gora: 10 puntu.

c) Sarean lan egitea, hau da, oinarrizko gizarte zerbitzuarekin, osasun-etxearekin, udalarekin, boluntarioekin eta entitate publiko edo pribatuekin lankidetzan aritzea eta koordinatzea. Gizarte-langileak bideratzea eta, ondoren, egokitzapenaren jarraipena egitea. Sarbiderako mekanismoa eta arestian aipatutako entitateen inplikazioa kontuan izanen dira.

d) Erabiltzaileek parte hartzeko bideak, alegia, erabiltzaileek elikagaien kalitateari, kantitateari, tenperaturari, ongailuei, erabiltzen diren materialei (zentroaren eta tresneriaren garbitasuna), eta langileen arretari buruz duten iritzia, proposamenak eta oharrak helarazteko dituzten gogobetetze inkestak, bai eta iradokizunak, kexak eta erreklamazioak jasotzeko sistemak ere. Erabiltzaileek jantoki-zerbitzuaren plangintzan, egikaritzean eta ebaluazioan parte hartzeko modua.

Aipatutako apartatu bakoitzean 10 puntu emanen dira gehienez.

Entitate laguntzaile gisa aukeratua izateko, balorazioan gutxienez 20 puntu lortu beharko dira.

Entitate laguntzailearen izaerak indarra izanen du baldintzek iraun bitartean eta aukeratua izateko betebeharrak betetzen diren bitartean.

5.–Ebazpena eta jakinarazpena.

Balorazio prozesua bukatuta, adierazitako irizpideei jarraikiz, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendariak ebazpena emanen du deialdia ebazteko.

6.–Entitate laguntzaileari ordaintzea.

Adineko pertsonek jantokiak erabiltzeko laguntza ekonomikoak kudeatzen entitate laguntzaileak egiten duen lanak ez du inolako konpentsazio ekonomikorik sorraraziko Administrazioaren kargura.

Behar diren ondorioak izan ditzan.

Iragarkiaren kodea: F2602769