2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BARGOTA
Ordenantza, autokarabanak eta bizitegi-ibilgailuak autokarabana-eremuan aparkatzea eta bertan gaua egitea arautzen duena. Behin betiko onespena
Bargotako Udalak, 2025eko azaroaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Bargotako autokarabana-eremuan autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta bertan gaua egitea arautzen duen ordenantza.
Hasierako onespenaren eta arauzko jendaurreko aldiaren iragarkia 2025eko 246. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 11n.
Alegazio bat aurkeztu zitzaion ordenantzaren hasierako onespenari, eta hura ebatzitakoan, Bargotako Udalak, 2026ko otsailaren 19an egin osoko bilkuran, erabaki zuen behin betiko onestea Bargotako autokarabana-eremuan autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta bertan gaua egitea arautzen duen ordenantza.
Hala bada, behin betiko onetsirik gelditu da, honekin batera ematen den testuaren arabera, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Aditzera ematen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan.
Bargotan, 2026ko otsailaren 26an.–Kudeaketa Batzordeko burua, Cristina Remírez Marquínez.
Zioen azalpena:
Espainiako Estatuan haziz joan da autokarabanetarako zaletasuna edo turismo ibiltaria, nahiz eta gaur egungo egoerak, horren gaineko arau berariazkorik ez dagoenez, interpretazio okerrak eragiten dituen autokarabanak bizitegi-ibilgailutzat erabiltzeari aplikatzen zaizkion arlo bateko eta besteko araudiei dagokienez.
Gehiago sakonduz, gai honen arauketan, hain zuzen, honako hauek gurutzatzen dira: administrazio baten baino gehiagoren eskumen-esparruak, erabilera turistikoa bateragarria izan beharra herrietako natura eta kultura baliabideen erabilera arrazional eta iraunkorrarekin, eta herritarren eta autokarabanetan ibiltzen diren turisten arteko bizikidetza erraztea.
Testuinguru horretan, udalek egiteko garrantzitsua dute, lurzoruaren ordena eta erabilera finkatzen dutelako, horretarako erabilita lurzoruaren antolamenduari buruzko legeek aitortzen dizkieten tresnak.
Bargotako Udalak, 2025ean, gaua egiteko eremu bat sortu du, erabil ditzaten autokarabanen turismo ibiltariak, iragaitzazko karabanek eta antzekoek. Espero da, halaber, gora egitea garraiobide eta ostatutzat karabanak erabiltzen dituzten turisten kopuruak, hori erregulatzeko, alabaina, araurik egon gabe. Egoera horrek beharrezko egiten du aisiarako ibilgailu hauen presentziaren normalizazioa, bateragarriak izan daitezen autokarabanen erabiltzaileak herriak turismo aldetik dituen gauza xarmagarrien gozatzea eta interes publiko bidezkoen zaintza, ingurumenaren defentsa eta eremuan aparkatzeko dauden lekuen banaketa zuzena.
Testuinguru horretan, hau proposatu da:
UDAL ORDENANTZA
Atarikoa
Espainiako 1978ko Konstituzioak, VIII. tituluan, Estatuaren lurralde antolaketari buruzkoa baita, 3. kapituluko 148.1.18 artikuluan, ezarri zuen autonomia-erkidegoek turismoa antolatzeko eskumenak bereganatzen ahalko dituztela beren lurralde esparruan. Alde horretatik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.13 artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari eskumen esklusiboa ematen dio turismoaren sustapen eta antolamenduaren arloan.
Eskumen bereganatze hori betetzeko asmoz onetsi zen Nafarroako Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Legea (abenduaren 16ko 19/2020 Legearen bidez aldatua), Nafarroako Foru Komunitateko turismo sektorea arautzeko xedea duena; Legeak ezartzen ditu bere helburu eta printzipioak, beharrezko jarduketak zehazten ditu Nafarroako administrazio publikoek jarduera turistikoak antolatzeko eta sustatzeko eta zerbitzu turistikoen kalitatea lortzeko, finkatzen ditu turismoaren alorrean dihardutenen eskubide eta betebeharrak, eta sendotzen ditu Nafarroako baliabide turistikoak. Lege horren 5.1.c) artikuluak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eskumen hauek dituela turismoaren arloan: Foru Komunitateko turismoa planifikatzea, antolatzea eta sustatzea. Era berean, lege horrek, 6. artikuluaren b apartatuan, ezartzen ditu toki-erakundeek turismo arloan dituzten eskumenak, hau da, beren baliabide turistikoak babestu eta zaintzea, bereziki ingurune naturala eta monumentu ondarea.
Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak 25. artikuluan ezartzen duenez, udalerriak, bere interesak kudeatzeko eta bere eskumenen barrenean, mota guztietako jarduerak sustatzen ahal ditu eta behar adina zerbitzu publiko eman, herritarren beharrak eta nahiak betetzearren.
Azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuaren 93. artikuluak (Zirkulazio Erregelamendu Orokorra onesten duen errege-dekretua, aplikatuz eta garatuz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna –zeina onetsi baitzen urriaren 30eko 6/2005 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez–) honako hau xedatzen du: hiri barneko bideetan gelditzeko eta aparkatzeko araubidea udal ordenantzen bidez arautuko da, eta behar diren neurriak hartzen ahalko dira trafikoa ez trabatzeko, hala nola aparkatzeko orduak mugatzea, bai eta behar diren neurri zuzentzaileak ere, ibilgailua erretiratzea eta ibilgetzea barne, denbora mugatua duten eremuetan aparkatzeko gaitasuna ematen duen titulua ez dutenean, edo emandako baimena gainditzen dutenean, gidaria nor den jakitea lortu arte (testu artikuludunaren 39.4 artikulua), eta udal ordenantzek ezin izanen dute inoiz ere erregelamendu horren aginduei aurka egin, edo horiek aldatu, ahuldu edo horien inguruko nahasmendurik sortu.
Uztailaren 19ko 226/1993 Foru Dekretuak (1993ko 93. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 30ekoa) arautzen du zer baldintza bete behar dituen kanpaldi libreak, eta haren 4. artikuluaren 1. apartatuak ezartzen du kanpaldi librea aurretik baimendu behar duela dagokion toki-erakundeak.
Kapitulu bakarra
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da, batetik, Bargotako udalerrian arautzea autokarabanak ostatatzeko erabilera, xedea izanik bertako natur baliabide eta espazioak zaintzea eta Bargotako herritarren eta autokarabanak erabiltzen dituzten turisten arteko bizikidetza erraztea, pertsonen segurtasuna eta aparkalekuetan behar den errotazioa eta banaketa zuzena bermatzea autokarabana-eremuaren erabiltzaile guztien artean, eta, bestetik, bermatzea Nafarroako Gobernuaren araudi autonomoan kanpaldi libreari buruz ezarri den debekua betetzen dela.
2. artikulua. Zehapena ezarriko zaio Bargotako udal-mugartean kanpaldi librea egiteko debekua betetzen ez duenari, salbu aurretik baimena eskuratu badu.
3. artikulua. Kanpaldi librea da paratzea aterpe mugikor bat, karabana bat, autokarabana bat, kanpadenda bat edo gisako elementu bat edo gehiago, aise garraiatu eta desmuntatzekoa, lege eta erregelamenduek arautzen dituzten turismoko kanpalekuetatik kanpora.
Kanpatzeko elementuak dira erraz garraiatzen direnak eta zimendurik ez dutenak. Kanpaldi libre esatean, horren barnean sartzen da ordenantza honetan arautzen den denbora baino gehiago egotea, bai eta udaltzainen edo Alkatetzaren iritziz edozein udal ordenantzarekin talka egiten duten jarduerak ere.
4. artikulua. Zilegi da gelditzea eta aparkatzea autokarabana-eremuan.
Aditzera emate aldera, honelakoetan ulertzen da autokarabana bat aparkatua dagoela, eta ez kanpatua:
1.–Gurpilekin edo segurtasun-altxagarriekin baizik ez duelarik zorua ukitzen (ez daude beheraturik hanka egonkortzaileak, ez eta beste edozein tramankulu paraturik ere).
2.–Autokarabana itxia baino espazio gehiagorik okupatzen ez duelarik, hau da, inolako elementurik hedaturik eduki gabe ibilgailuaren perimetrotik kanpora.
3.–Kutsagarria izan nahiz ez, inolako isurkiren igorpenik gertatzen ez delarik, salbu eta motorraren errekuntzak ihes-hodiaren bidez berezkoak dituenak, edo jendetasunaren eta/edo osasunaren aurkako portaerak agertzen direlarik, hala nola ur erabiliak eremu publikoa hustea.
4.–Zarata gogaikarriak ateratzen ez direlarik, hala nola argindar sorgailu bat piztuz, edo ekipamendu akustikoak sobera ozen edukiz atsedenerako ohiko ordutegian edo, egunez, denbora luzeegian.
5. artikulua. Udal-mugarte osoan debeku da karabanak edo atoiak aparkatzea beren trakzio-ibilgailuetatik bereizita.
6. artikulua. Autokarabanak gehienez ere 48 orduz egon daitezke jarraian berendako eremu erreserbatuetan aparkaturik. Udalak mugatzen edo debekatzen ahalko du, gainera, autokarabanak bide publikoko zona mugatuetan aparkatzea, arrazoi objektiboak eta etxebizitza-ibilgailuen tamaina edo baimendutako gehieneko masa direla-eta, bide segurtasunari eta zirkulatzeko eta aparkatzeko espazioari eragiten badiete.
7. artikulua. Autokarabanendako zerbitzugunea da hustubideak edo estolda-zuloak izatea, estolderia sarearekin lotuak, hondakinak botatzeko eta haien tratamendu ekologikoa egiteko araztegi batean.
Eremu horretan autokarabanak aparkatzeko plaza erreserbatuak daude.
Autokarabanendako zerbitzuguneak erabiltzeko arau hauek egonen dira:
1.–Etxebizitza-ibilgailu gisa katalogatuak direnak baizik ez dira aparkatzen ahalko eremu erreserbatuetan, eta bazterturik daude gainerako ibilgailu guztiak, hala nola kamioiak, karabanak, turismoak, etab., baldin etxebizitza-ibilgailu gisa homologaturik ez badaude eta komunik eta ur erabilien tangarik ez badute.
2.–Aparkatutako ibilgailuek une oro errespetatu beharko dituzte plaza bakoitzaren mugak.
3.–Gehienez ere 48 orduz egon daitezke, gelditzen diren unetik plaza uzten duten arte. Ezinbestean edo premia dagoenean baizik ez da gaindituko gehieneko denbora baimendu hori, eta betiere Alkatetzak baimendurik.
4.–Erabiltzaileek autokarabanetan edo gisako ibilgailuetan sorturiko ur gris eta beltzak isurtzeko espazioa izanen dute, bai eta edateko uraren hargune bat ere.
5.–Tangak husteko espazioan ezin da aparkatu; aldiz, oztoporik gabe egon behar du, erabiltzaileen eskura, proposatutako xederako erabiltzen ez den bitartean; erabiltzaileek higienea mantendu beharko dute erabili ondoan.
6.–Espresuki debeku da edozein ibilgailu mota garbitzea. Zehapena ekarriko du arau hori ez betetzeak.
7.–Zerbitzuen eremuen erabiltzaileek men eginen diete Udalak ematen dizkien jarraibide guztiei, eremu hori zaintzeko eta begiratzeko eta errespetua eta jendetasuna izan dadin. Orobat, Udalak noiznahi xeda dezake zerbitzuguneen eremuek beste erabilera bat izatea, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik ekarriko erabiltzaileendako.
8.–Debeku da kanpatzeko tresnak paratzea bide publikoan eta bereziki autokarabanak aparkatzeko plazetan, hala nola mahaiak, aulkiak edo olanak, leku espresuki baimenduetan izan ezik.
8. artikulua. Arau-haustea izanen da ez betetzea edo urratzea ordenantza honen artikuluetako edozein eta hura garatzeko Alkatetzak ematen dituen xedapenak; Alkatetzari dagokio bidezko ikuskapen- eta zehapen-eginkizunak betetzea.
Segurtasun indar eta kidegoak edo horretarako gaitzen diren agenteak arduratuko dira ordenantza hau betetzen den begiratzeaz.
9. artikulua. Zehapen-prozedura.
1.–Bargotako Udaleko alkate udalburua da zehapen-prozedura hasteko eta ebazteko eskumena duen organoa.
2.–Zehapen-prozedura bideratuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.
10. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
1.–Arau-hauste arina izanen da autokarabanak aparkatzea ordenantza honen 4. artikuluak xedatzen duenaren aurka, eta haren zehapena 90 euroko isuna izanen da, arau-hausteak ekartzen ez badu bide publikoan oztopo egitea.
2.–Arau-hauste astuna izanen da autokarabanak aparkatzea ordenantza honen 4. artikuluak xedatzen duenaren aurka, eta haren zehapena 300 euroko isuna izanen da, arau-hausteak ekartzen badu bide publikoan oztopo egitea.
3.–Arau-hauste astuna izanen da autokarabanak aparkatzea ordenantza honen 6. artikuluak xedatzen duenaren aurka, eta haren zehapena 300 euroko isuna izanen da.
4.–Arau-hauste astuna izanen da kanpaldi librea egiteko debekua ez betetzea, eta haren zehapena 300 euroko isuna izanen da. Isuna 450 euroraino handitzen ahal da egitate horrekin hiri-altzariei kalte egin bazaie edo kanpaldiko tokia nabarmenki zikindu bada, egindako kalteak konpontzeko betebeharraz aparte.
Handitze hori aplikatuko da jartzen badira barbakoak edo gisako elementuak, ingurunean kalte egiten edo arriskua ekartzen dutenak.
11. artikulua. Kautelazko neurriak.
Indarreko ordenantzan aurreikusten diren kasuetan, bidezkoa izanen da arau-haustea egiteko erabili den ibilgailua bide publikoan ibilgetzea edo hortik erretiratzea.
Arau-hauste bat gertatzen denean, arau-hausleak ez badu frogatzen ohiko bizilekua Espainiako lurraldean duela, salaketa egin duen agenteak behin-behinean ezarriko du isunaren zenbatekoa, eta zenbateko hori ordaintzen ez bada edo haren ordainketa bermatzen ez bada, ibilgailua ibilgetu eginen du zuzenbidean onartzen diren bideetako edozein erabiliz.
12. artikulua. Erantzukizuna.
Arau-haustea zer egitatek ekarri duen, haren egilea izanen da ordenantza honetan xedatzen denaren aurkako arau-hausteen erantzulea.
Dagokionean, arau-haustea egiteko erabili den ibilgailuaren titular edo errentariak nahitaez eta egiazki esan beharko du nor den arau-haustearen erantzule den gidaria, horretarako errekerimendu egiten bazaio. Betebehar hori behar den prozedura izapidean betetzen ez badu haren zehapena 300 euroko isuna izanen da, arau-hauste astunaren egilea izateagatik.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau indarrean jarriko da behin betiko onespenaren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.
ERANSKINAK
Tasak
- 10 euro aparkaldi bakoitzeko.
- 2 euro ur-karga eta -deskarga bakoitzeko.
Iragarkiaren kodea: L2603235