1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
109E/2026 EBAZPENA, otsailaren 27koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez formulatzen baita ingurumen adierazpen estrategikoa Santakarako udal hirigintza planarentzat; Sustatzailea Santakarako Udala da.
1.–Ingurumen arloko tramitazioa.
Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, administrazio publiko batek ezarri edo onetsitako planei ingurumen ebaluazio estrategikoa egin behar zaie eta ingurumen adierazpen estrategikoaren xede izan behar dute, plana onetsi aurretik edo onestearekin batera.
Ohiko ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura hasteko, Hirigintza Atalak, 2025eko martxoaren 31n, aurkeztu zuen Santakarako Udalak sustatutako udal plan orokorra, Biodibertsitate eta Arrantza Kudeaketako Zerbitzuaren aurrean.
Udalak, 2023ko urtarrilaren 10eko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, Hirigintzako Udal Plana onetsi zen hasiera batez, eta jendaurrean jarri zen 13. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2023ko urtarrilaren 19an, argitaratutako iragarki batez.
Honako agiri hauek osatzen dute espedientea: memoria, hirigintza-araudia, planoak eta ingurumen azterketa estrategikoa.
Ingurumen Ebaluazioaren Atalak txosten bat egin zuen 2025eko uztailaren 3an, eta ebaluazioarekin jarraitzeko txertatu beharreko ingurumen kontsiderazio batzuk adierazi zituen han, zehazki: lurzoru urbanizaezinaren kartografiako akats batzuk zuzentzea, eta ingurumen eraginak murriztea (tamariz ugariko hezegune batean, jarduera ekonomikoetako SI-6 eremuaren ondoan, SR 5 bizitegi eremuaren ondoko pinudian, eta iparraldeko bide berriaren ondoko erreka batean).
Udalak 2025eko irailaren 17an aurkeztu zuen dokumentazio berria, lehen aipatutako ingurumen kontsiderazioei behar bezala erantzunez.
2.–Udal planaren laburpena:
Hirigintza planeko analisiak, diagnostikoak eta proposamenek udal mugarte osoa hartzen dute, 34,27 km²-ko azalera guztira.
a) Hirigintza eredua:
Udalaren ereduak garatzen du lurraldearen okupazio estrategian eta ereduan (EMOT) planteatutakoa, hirigune trinkoa sendotuz, eta hirigintza proposamen berria diseinatzen du, egungo hiri sareari jarraipena emanez.
Hiri lurzoru ez finkatuaren eta urbanizagarriaren antolamenduan, guztira, 163 etxebizitza berri proposatzen dira. Tipologia ugariena da familia bakarreko etxebizitza: elkarri atxikitako etxeak, herriguneko eta inguruko etxadietan, eta isolatuak, zabaltze eremuetan. Hiriguneko bizitegi eremuak hedatzeko, eremu hauek planteatzen dira:
–Ipar-ekialdeko eremua: Santakarako bizitegi garapenerako lehentasunezko azalera da (SR-4 eta 5), eta kirol eremuraino iristen da.
–Hego-mendebaldeko eremua, hiri-sarea osatzeko (SR-1 eta 2).
–Ipar-mendebaldeko eremua: bizitegi eremu txikia gazteluaren hegalean (SR-3).
b) Jarduera ekonomikoen eremua/lurzoru industriala:
Santakarako jarduera ekonomikoetarako egungo lurzorua finkatzen da, hirigunean eta Angel Garroren instalazioetan biltzen dena, eta iparraldean sortutako eremuaren (SI-6) ondoren handitzea planteatzen da.
c) Komunikazio sistema:
Egungo komunikazio sarea mantendu da, orain arte dagoen trafikorako behar adinakoa, eta zabaleran espazioa erreserbatu da hobekuntzak egiteko, eta iparraldeko saihesbide bat aurreikusi da Pitillas-Mélida edo Pitillas-Zarrakaztelu trafikoa desbideratzeko, hirigunea zeharkatu ez dezan.
d) Landa lurzorua:
Planak natura inguruneari dagokionez dituen helburu orokorrak hauek dira: natura baliabideak kontserbatzea eta lehengoratzea, baliabide horien aprobetxamendua antolatzea eta arrazionalizatzea, eta ingurumen eta jasangarritasun irizpideak integratzea udalerrian planteatzen diren garapen guztietan, bereziki zainduz dauden natura balioen kontserbazioa.
Babestutako lurzoru urbanizaezinean sailkapen hau ezarri zuen:
–Ingurumen balioko lurzorua:
- Naturagune babestuak: "Arga eta Aragoi ibaien beheko tarteak" eta "Errege Bardea" Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE).
- Hezegune babestuak: "Pitillasko aintzira" KBEa.
- Faunaren interes bereziko eremuak: Altarrasako Estepa Gunea.
- Interes bereziko landaredia: Sakan mediterraneoak.
- Ibai eremua: Aragoi ibaia eta ibaiadar eta sakanen ibilgu eta erriberen sistema.
–Ustiapen naturalerako lurzorua: "Onura publikoko mendiak", "Gaitasun agrologiko handiko lurzoruak" eta "Ureztalurrak".
–Balio kulturaleko lurzorua: "Abelbideak: 10 Iraganbidea, 14. Adarra eta Txaluparen Adarra", eta "Aztarnategi arkeologikoak".
–Arriskuen prebentziorako lurzorua: "Uholde arriskuko eremuak eta alubioi lautadak".
–Azpiegituretarako lurzorua: "Lehendik dauden errepideak", "Nafarroako Ubidea" eta "Gasbidea".
Era berean, Babeseko lurzoru urbanizaezinaren barruan hainbat azpikategoria bereizten dira. Hauek dira ingurumen balioa dutenak:
–Ingurumen balioko lurzorua: "Baso lurzorua", "Zuhaixka eta belar formazioak", "Mendi eta laborantza mosaikoa", eta "Hezeguneak eta ibai eremua".
3.–Ingurumen ebaluazioa:
a) Hiri eredua:
Aurreikusi diren zabalkuntzak eta horien hirigintza garapenak hiri lurzoruen ondokoak dira, batez ere, nekazaritza edo abeltzaintza erabilerako lursailen gainean aurreikusten direnak eta, beraz, ez da ingurumen eragin nabarmenik atzematen. Gainera, lursail lauak dira, ipar-mendebaldeko SR-3 bizitegi eremuan izan ezik (han, egokiak lirateke mendi hegaleko topografiara egokitzeko irizpideak). Ipar-ekialdeko bizitegi eremuak (SR-5) birpopulatze pinudiaren zati bat errespetatzen du ("eremu berde publiko" gisa agertzen da 2025eko abuztuko kartografian).
b) Jarduera ekonomikoetarako eremuak:
Iparraldeko eremu ekonomikoan (SI-6) aurreikusitako handitzeak eta dagokion biribilguneak murriztu dute tamariz ugariko hezegune bati eraginen litzaiokeen ingurumen eragina. Azaleraren zati bat berdegune publikorako erreserbatutako eremu gisa geratuko litzateke (10. planoa, hiri lurzoruko antolamendu xehatua, 2025eko abuztua). Horrenbestez, ibilgu natural baten eta haren habitaten kontserbazioa bermatzen da, eskuineko bazter askirekin (30 metroko zabalera).
c) Komunikazio sistema:
Iparraldeko saihesbidearen trazadura orientagarria da. Udal Planaren aurreikuspenean egiaztatzen denez, bide berri horrek, biribilgunean izan ezik, La Huesera izeneko sakanarekiko babes distantzia mantentzen du –gutxienez 35 metro sakanaren ardatzetik–, landaredia azken zatian ukitzea saihesteko (han aurreikusita dago bide berria lotzea Traibuenas-Santacara - Zarrakaztelu NA1240 errepidearekin). Eta Udal Planak prebentzio neurriak jasotzen ditu sakanari eta horri lotutako landarediari dagokienez (hirigintza araudiaren 109. artikulua): "Azpiegitura berria egiteko, neurri egokiak hartuko dira prebenitzeko, bai La Huesera sakanaren inguruko topografia aldaketak, bai eta larreen, Batasunaren intereseko orgaza landaretza eta ihitoki halofiloak habitatei eragitea prebenitzeko ere".
d) Landa lurzorua:
Ingurumen balio nagusiak Babestu beharreko Lurzoru Urbanizaezin gisa jaso dira Planean.
Santakarako udal mugarteak Natura 2000 Sareko hiru lurralderen zati bat hartzen du, zehazki, "Arga eta Aragoi ibaien beheko tarteak" kontserbazio bereziko eremuak (KBE), "Pitillasko aintzira" KBEa eta "Errege Bardea" KBEaren zati txiki bat. Lehenengoan, kontserbazio egoera onean dauden sotoak eta ibai habitatak daude, eta enklabe natural (EN) izendatu dira: EN 6 López-Val zaldua, EN 16 Escueralgo zaldua EN 17 Sequero zaldua.
Planak hartzen du, ingurumen balioa duen babes lurzoru gisa, "faunaren interes bereziko eremu" bat. Ordoki handi bat da, jatorri endorreikokoa, hondo lauetako sakan zabalez zeharkatua, tarteka ageri direla lehorreko belar laboreen azalerak. Haien garrantziaren arrazoia da hainbat hegazti han egotea: ganga azpibeltza, mirotz zuria eta urdina eta atalarra; ganga azpizuria eta basoilo txikia detektatu dira, eta udan, Naumann belatza.
–Udal Planean definitutako azpikategoria hau da: "Faunaren interes bereziko eremuak: Altarrasako estepa eremua". Egia esan, 2023ko martxoan estepako eremu horiek eguneratu zirenetik, ez dator bat Altarrasako parajearekin, eta izen ofiziala da "Estepako hegaztiak kontserbatzeko eremu kritikoa (AC-14) -Pitillas-Santakara". Bestalde, egiaztatu da zuzen jaso dela IDENAn dagoen "Pitillas-Santakara" estepako hegaztientzako eremu kritikoaren kartografia; hala ere, Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalaren 2026ko urtarrilaren 19ko txostenaren arabera, 5. poligonoko 96A eta 89M azpizatiak eta 1. poligonoko 117A azpizatia ez dira eremu kritiko horren parte, eta beraz, azalera horiek eremu kritikotik kanpo utz daitezke.
Babeseko lurzoru urbanizaezin gisa ere ezartzen dira (4. planoa: antolamendu egituratzailea, 2025eko abuztukoa) honako hauek:
–"Ibai eremua: Aragoi ibaia eta ibaiadar eta sakanen ibilgu eta erriberen sistema. Haren lurralde eremua ibai ibilguen ibaiertzeko korridorea da, ibaiertzeko landaredi naturalarekin edo erripako formazioekin batera.
–"Interes bereziko landaredia: Sakan mediterraneoak". Substratu gazien gaineko ibilguak dira, ongi kontserbatutako landaredia dutenak, bazkaleku higrofiloak, ihitokiak, gesaltzak eta espartzu eremuak dituztelarik. Horietatik aipagarriak dira La Huesera, Arasa (Villarren saroia) eta Tunante sakanak.
–Abelbideak eta horiei lotutako larreak biltzen dira. Aipatutako sakanekin batera, korridore ekologikoen sare egokia osatzen dute.
–Nafarroako Onura Publikoko Mendien Katalogotik "El Monte" izenekoa sartzen da (674 zenbakiko onura publikoko mendia). Labore lurrez eta alepo pinudiez osatutako mosaikoa da, udalerriaren ipar-ekialdean.
Babeseko lurzoru urbanizaezinen kategoria guztietarako ezarritako babes araubidea (hirigintza araudiaren 89. artikulutik 97.era bitartekoak) egokia da udalerriko habitatak, fauna eta naturguneak kontserbatzeko.
Babesteko lurzoru urbanizaezinari dagokionez:
Udalerriaren iparraldeko herena "mendi eta laborantza mosaikoa" da, eta horrela sailkatu da. "Baso lurzorua" eta "zuhaixka eta belar formazioak" ere bereizten dira; azken horiek abariztiak, ipuru, erromero eta ezkai eremuak dira, dibertsitate eta heterogeneotasun handia dute konposizioari eta egiturari dagokienez, eta fauna eta floraren intereseko eremuak osatzen dituzte. Balio ekologikoa duten baltsak kartografian jaso dira ("Ingurumen balioa duen lurzorua–Hezeguneak eta ibai eremua").
Proposatutako jardueren erregimenak berekin baldin badakar erabilera aldatzea, dela eraikuntzen bidez, dela instalazio energetikoak ezarriz, ingurumenean eragina izan dezake. Horri dagokionez, "baso lurzoruan" debekatuta daude instalazio eolikoak edo eguzki instalazioak; "baso eta labore mosaikoan" baimentzen ahalko dira, soilik, paisaia balioak aldatzen ez dituzten eraikuntzak; eta "zuhaixka eta belar formazioetan", instalazio eolikoak edo eguzki instalazioak.
Lurzoru urbanizaezineko eraikuntzetarako, zehazki nekazaritzako biltegietarako eta abeltzaintzarako eraikuntzetarako, haien integraziorako irizpideak ezartzen dira, espezie autoktonoen bidez (113. eta 114. artikuluak): "Eraikuntzaren eta errepidetik edo sarbidetik ikus daitezkeen mugen arteko zerrenda landatuko da landaredi autoktonoarekin, askotariko espezie eta estratuekin, ingurumen eta paisaia irizpideak kontuan hartuta, eraikuntzaren kokalekuaren arabera".
Azkenik, nabarmendu behar da biodibertsitatearen zati bat nekazaritza ingurunearekin lotzen dela, eta hor sailkatu dira "gaitasun agrologiko handiko lurzoruak" eta "ureztalurrak". Azalera handiko (3000 m² baino gehiago) berotegi industrialak ezartzeak eragina izaten ahal du lurzoruan eta, horregatik, txosten honetan horri buruzko baldintza bat jasotzen da.
Udal-planak zonakatze akustikoa dakar (6. planoa, antolamendua), Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak ezartzen duen bezala. Kutsadura Prebenitzeko Atalak, 2025eko azaroaren 28an, zaratari buruz emandako txostenak adierazten du zonakatze horretan ikusten dela "elkarren ondo-ondoan daudela herriaren iparraldean dagoen industria erabilerako eremu akustiko bat eta bizitegi erabilerako eremu bat, bi eremuen arteko trantsizio eremurik aurreikusi gabe, eta ez dela aurreikusten balizko neurri zuzentzailerik, industria guneko soinu emisioek eragin negatiboa izanen luketen kasurako, bizitegi eremuko kalitate akustikoaren helburuak lortzeko bidean".
Argien zonakatze bat ere jaso da (7. planoa, antolamendukoa), gaueko ingurunea babesteko, eta argiteria publikoaren baldintzak hirigintza araudian (9. artikulua) ere bai. Hori garrantzitsua da ingurumenaren aldetik, argi-kutsadurak eragina izan baitezake Natura 2000 Sarearen mugetan dagoen faunarentzat (hirigunetik 550 metrora dago, hegoaldera) eta beste espazio natural batzuentzat (Estepako hegaztientzako eremu kritikoa, sakan mediterraneoak...). Azken azterketen ondorioek iradokitzen dutenez, beharrezkoa da kanpoko argiak egokitzea, uhin luzera laburreko argia (urdina) mugatuz, horixe baita kaltegarriena gauean (horrela, 2.200 K edo gutxiagoko kolore tenperatura duten lanparak erabiltzea gomendatzen da). Estrategia hori aintzat hartuta, gomendio bat jaso da ebazpen honetan.
Espezie exotiko inbaditzaileei dagokienez, erreferentzia interesgarri bat dago urbanizazioari buruzko ordenantzan (15. artikulua – espazio libreen eta berdeguneen gaineko jarduketak): "debekatuta dago landare aloktono oro erabiltzea, landatarra delako eta ugaltzeko gaitasuna duelako bertakotzeko eta espezie autoktonoei hazteko eragozpena egiteko gai bada".
Ingurumen ebaluazio honetan ondorioztatzen da araudian behar bezala jorratu eta jaso direla udalerrian dauden ingurumen intereseko balio nagusiak, eta landa lurzorua lurzoru urbanizagarri bihurtzeko aurreikusitako aldaketak ez duela izanen ingurumen eragin nabarmenik.
Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura behar bezala garatu dela kontuan hartuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak aldeko txostena eman du, ingurumen adierazpen honetan jasotako baldintzak ezarrita.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretua; eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua;
EBAZTEN DUT:
1. Aldeko ingurumen adierazpen estrategikoa egitea Santakarako Udalaren Hirigintza Planari buruz; Santakarako Udala da planaren sustatzailea.
2. Plana garatzean, ingurumen azterketa estrategikoan ingurumena babesteko jasota dauden irizpideak kontuan hartu beharko dira, bai eta honako baldintza hauek ere:
a) "Estepako hegaztiak kontserbatzeko eremu kritikoa (AC-14) -Pitillas-Santakara" eremuari dagokionez:
–"Altarrasako Estepa Eremua" izena aldatu eta "Pitillas-Santakara Estepako hegaztiak kontserbatzeko Eremu Kritikoa" jarriko da.
–Naturguneen eta Espezie Babestuen Atalak 2026ko urtarrilaren 19an emandako txostenaren arabera, 5. poligonoko 96A eta 89M azpizatiak eta 1. poligonoko 117A azpizatia ez dira eremu kritikoaren parte eta, beraz, azalera horiek eta jarduera ekonomikoetarako lurzoruaren azalera guztia (SI-6) eremu horretatik kanpo utz daitezke.
b) Zaratari dagokionez, Kutsaduraren Prebentziorako Atalak 2025eko azaroaren 28an emandako txostenean xedatutakoa aplikatuko da:
–Zonaka antolatzen denean ikusten da elkarren ondo-ondoan daudela herriaren iparraldean dagoen industria erabilerako eremu akustiko bat eta bizitegi erabilerako eremu bat, bi eremuen arteko trantsizio eremurik aurreikusi gabe, eta ez dela aurreikusten balizko neurri zuzentzailerik, industria guneko soinu emisioek eragin negatiboa izanen luketen kasurako, bizitegi eremuko kalitate akustikoaren helburuak lortzeko bidean.
c) Argi-kutsadura: hirigunea hurbil dagoenez Natura 2000 Saretik eta beste naturgune batzuetatik, honako hau hartuko da kontuan:
Kanpoko argiterian, argi-puntuek igorritako goiko hemisferioko fluxuak (FHS) % 1ekoak edo txikiagoak izanen dira, eta ahal dela, uhin laburreko argia (urdinak) mugatzen duten lanparak erabiliko dira, argi mota hori kaltegarriena baita faunarentzat eta gaueko ingurumenarentzat.
d) Berotegi industrialak (3.000 m² baino gehiago): lurzatien gehieneko okupazio azalerak ezarriko dira azalera handiko berotegietarako, agrosistemen sinplifikazio ekologikoa eta konektibitatearen galera saihesteko.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta Santakarako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko otsailaren 27an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2603354