1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
15/2026 FORU AGINDUA, otsailaren 23koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez familiaren esparrurako laguntza ekonomiko batzuk emateko deialdia onesten baita, familia ugarietan eta gurasobakarretan 2026. urtean sortzen diren ohiz kanpoko eta beharrezko gastuei aurre egiteko, eta horretarako behar den gastua egitea baimentzen baita. DDBN kodea: 881102.
Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariaren martxoaren 25eko 101/2024 Foru Aginduaren bidez, oinarri arautzaileak onetsi ziren familia ugarietan eta gurasobakarretan sortzen diren ohiz kanpoko eta beharrezko gastuei aurre egiteko laguntza ekonomikoak emateko 2024tik 2027ra bitarte; zehazki, entzumen protesiak eta optikako gaiak erosi edo ordezteko eta ortodontziako tratamenduetarako dira gastu horiek.
Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak honako eginkizun eta helburu hauek ditu, besteak beste: Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko Plan Integraletan jasotzen diren jarduketak koordinatu, bultzatu eta ebaluatzea, bai eta familiarentzako programak sustatu, koordinatu eta kudeatzea eta horien jarraipena egitea ere.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du zer araubide juridiko orokor aplikatu behar zaien onura publikoko edo gizarte-intereseko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei.
Gobernuak 2024ko martxoaren 20an hartutako 3291 Erabakiaren bidez, baimendu zen laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez ematea; hau da, eskaerak aurkezten diren ordenari jarraituz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuetan horretarako kreditua dagoen bitartean. Deialdi bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontu-dirua agortzen denean, eskaerak ezetsi eginen dira.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 5 bis artikuluan xedatutakoa betez, proposatutako dirulaguntza Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2025-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago.
Ikusita espedienteko txosten tekniko eta juridikoak, adierazten dutenak, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek egokiak eta gizarte interesekoak direla eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.
Horrenbestez, arau hauen bidez eman zaizkidan eskudantziak erabiliz: 14/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzkoa; eta 251/2023 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.
AGINTZEN DUT:
1. Familiei laguntza ekonomiko batzuk emateko deialdia onestea, 2026. urtean familia ugarietan eta gurasobakarretan sortzen diren ohiz kanpoko eta beharrezko gastuak ordaintzeko, hau da, entzumen protesiak eta optikako gaiak erosteko edo ordezteko eta ortodontziako tratamenduetarako gastuak, bat etorriz Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariaren martxoaren 25eko 101/2024 Foru Aginduaren bidez onetsitako oinarri arautzaileekin.
2. 430.000 euroko gastua baimentzea, 2026ko gastu-aurrekontuko "Familia ugarientzako laguntzak" izeneko 920006 93300 4809 231509 partidaren kargura.
Gehieneko zenbatekoa honako hau izanen da, dirulaguntzaren xedeko lerro bakoitzerako:
- 10.000 euro entzumen protesiak erosteko edo ordezteko aurreikusten diren laguntzetarako izanen dira.
- 150.000 euro optikako gaiak erosteko edo ordezteko aurreikusten diren laguntzetarako izanen dira.
- 270.000 euro ortodontziako tratamenduetarako aurreikusten diren laguntzetarako izanen dira.
3. 100.000 euroko gastua baimentzea, 2026ko gastu-aurrekontuko "Familia gurasobakarrentzako laguntzak" izeneko 920006 93300 4809 231500 partidaren kargura.
Gehieneko zenbatekoa honako hau izanen da, dirulaguntzaren xedeko lerro bakoitzerako:
- 5.000 euro entzumen protesiak erosteko edo ordezteko aurreikusten diren laguntzetarako izanen dira.
- 40.000 euro optikako gaiak erosteko edo ordezteko aurreikusten diren laguntzetarako izanen dira.
- 55.000 euro ortodontziako tratamenduetarako aurreikusten diren laguntzetarako izanen dira.
Kasu horietakoren baterako, bai gurasobakarrentzako laguntzetan, bai familia ugarientzako laguntzetan, aurreikusitako zenbatekoa agortzen ez bada, gainerako kasuetarako eskaerei emateko eta horiek ordaintzeko erabiltzen ahalko da, haiek kreditu eskasiagatik laguntzarik gabe gelditu badira; halakoetan, eskaera zer egunetan jaso zen hartuko da aintzat.
4. Dirulaguntza bakoitzari dagozkion zenbatekoak ezartzea familia ugarientzat eta familia gurasobakarrentzat. Honako hauek izanen dira 2026rako:
a) Entzumen protesiak erosteko edo ordezteko dirulaguntzak:
- 500 euro, edo protesiaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia-unitatearen per capita errenta OAEAP halako 1,5etik beherakoa denean (14 ordainketa).
- 350 euro, edo protesiaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia-unitatearen per capita errenta OAEAP halako 1,5 edo hortik gorakoa denean (14 ordainketa) baina OAEAP halako 1,9tik beherakoa denean (14 ordainketa).
b) Optikako gaiak erosteko edo ordezteko dirulaguntzak:
- 160 euro, edo optikako gaiaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia-unitatearen per capita errenta OAEAP halako 1,5etik beherakoa denean (14 ordainketa).
- 120 euro, edo optikako gaiaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia-unitatearen per capita errenta OAEAP halako 1,5 edo hortik gorakoa denean (14 ordainketa) baina OAEAP halako 1,9tik beherakoa denean (14 ordainketa).
c) Ortodontziako tratamenduetarako dirulaguntza:
- 600 euro, edo ortodontziako tratamenduaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia-unitatearen per capita errenta OAEAP halako 1,5etik beherakoa denean (14 ordainketa).
- 300 euro, edo ortodontziako tratamenduaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia-unitatearen per capita errenta OAEAP halako 1,5 edo hortik gorakoa denean (14 ordainketa) baina OAEAP halako 1,9tik beherakoa denean (14 ordainketa).
5. Eskaera guztiei erantzuteko aurrekontu nahikorik ez badago, baimendutako gastua handitzen ahalko da, partida bakoitzean 200.000 euro gehituz, gehienez, dagokion aurrekontu gehikuntzaren bidez. Zenbateko hori erabiltzen ahalko da kreditu gehigarria baimentzen bada Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan adierazten diren egoeretako baten ondorioz. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.
6. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
7. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitara dadila agintzea.
8. Foru agindu hau igortzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Haurtzaroaren, Nerabezaroaren eta Familiaren Zuzendariordetzara, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Kontabilitate Zentrora eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera ere, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko otsailaren 23an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.
Iragarkiaren kodea: F2603179