55. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

14/2026 FORU AGINDUA, otsailaren 23koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, 2026ko deialdia onesten duena aldizka ordaintzeko zuzeneko laguntza batzuk emateko, langileen lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko neurri osagarri gisa, langileak eszedentzian daudenean lehen mailako ahaideak zuzenean, jarraian eta etengabe zaintzeko, eta horretarako behar den gastua baimentzen duena. DDBN kodea: 881098.

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariaren martxoaren 25eko 101/2024 Foru Aginduaren bidez, oinarri arautzaileak onetsi ziren aldizka ordaintzeko zuzeneko laguntza batzuk emateko, besteak beste, 2024tik 2027ra bitarte, langileen lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko neurri osagarri gisa, langileak eszedentzian daudenean lehen mailako ahaideak zuzenean, jarraian eta etengabe zaintzeko.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak honako eginkizun eta helburu hauek ditu, besteak beste: Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko Plan Integraletan jasotzen diren jarduketak koordinatu, bultzatu eta ebaluatzea, bai eta familiarentzako programak sustatu, koordinatu eta kudeatzea eta horien jarraipena egitea ere.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du zer araubide juridiko orokor aplikatu behar zaien onura publikoko edo gizarte-intereseko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei.

Gobernuak 2024ko martxoaren 20an hartutako 3291 Erabakiaren bidez, baimendu zen laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez ematea; hau da, eskaerak aurkezten diren ordenari jarraituz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuetan horretarako kreditua dagoen bitartean. Deialdi bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontu-dirua agortzen denean, eskaerak ezetsi eginen dira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 5 bis artikuluan xedatutakoa betez, proposatutako dirulaguntza Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2025-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago.

Ikusita espedienteko txosten tekniko eta juridikoak, adierazten dutenak, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek egokiak eta gizarte interesekoak direla eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, erabiliz Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuari dagokionez Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez esleitu dizkidaten eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. 2026ko deialdia onestea aldizka ordaintzeko zuzeneko laguntza batzuk emateko, langileen lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko neurri osagarri gisa, langileak eszedentzian daudenean lehen mailako ahaideak zuzenean, jarraian eta etengabe zaintzeko, bat etorriz Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariaren foru aginduaren bidez onetsitako oinarri arautzaileekin.

2. 450.000 euroko gastua baimentzea 2026ko aurrekontuko "Kontziliaziorako laguntzak" izeneko 920006 93300 4809 231507 partidaren kargura.

3. Dirulaguntza bakoitzari dagozkion zenbatekoak ezartzea. Honako hauek izanen dira 2026. urterako:

a) 725 euro hilean, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariaren martxoaren 25eko 101/2024 Foru Aginduaren 1. eranskineko 2.1 oinarriko a) atalean jasotako kasuetan. Foru agindu horren bidez, familiaren esparrurako zenbait laguntza emateko oinarri arautzaileak onetsi dira 2024tik 2027ra bitarteko urteetarako.

b) 500 euro hilean, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariaren martxoaren 25eko 101/2024 Foru Aginduaren 1. eranskineko 2.1 oinarriko b), c), d) eta f) ataletan jasotako kasuetan. Foru agindu horren bidez, familiaren esparrurako zenbait laguntza emateko oinarri arautzaileak onetsi dira 2024tik 2027ra bitarteko urteetarako.

4. Eskaera guztiei erantzuteko aurrekontu nahikorik ez badago, baimendutako gastua handitzen ahalko da, gehienez 300.000 euro gehituz, dagokion aurrekontu gehikuntzaren bidez. Zenbateko hori erabiltzen ahalko da kreditu gehigarria baimentzen bada Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan adierazten diren egoeretako baten ondorioz. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitara dadila agintzea.

6. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

7. Foru agindu hau igortzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzara eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Kontabilitate Zentrora eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko otsailaren 23an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2603177