55. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

17E/2026 FORU AGINDUA, martxoaren 2koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, Iruñerriko erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularreko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena, 2026ko martxoaren 17rako greba orokorraren deialdia dela eta.

Zenbait sindikatu greba orokorrerako deialdia egin dute Nafarroako Foru Komunitatean, 2026ko martxoaren 17rako.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Bidaiarien garraioa funtsezko zerbitzu bat da, Espainiako Konstituzioaren 19. artikuluan jasota dagoen askatasunez zirkulatzeko eskubidea bermatzen duen tresna baita. Gainera, baliabide bat da Konstituzioak babesten dituen oinarrizko beste eskubide eta ondasun batzuk erabiltzeko, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lanerako eskubidea eta osasuna babesteko eskubidea.

Garraio publikoari funtsezko izaera ematea Konstituzio Auzitegiak berretsi zuen 53/1986 eta 26/1981 epaien bidez, baita Auzitegi Gorenak ere, 2003ko apirilaren 11ko Epaiaren bidez.

Hortaz, greba orokorrerako deialdia dela eta, Foru Komunitatean bidaiari-garraio erregularraren zerbitzua ezin da osorik gelditu; izan ere, erabat geldituz gero, gizarteko beste sektore batzuei kalte eginen litzaieke, joan-etorriak galarazi edo eragotziko bailitzaizkieke langileei, eskoletako eta gainerako ikasleei eta garraio publikoa behar-beharrezkoa duten bestelako erabiltzaileei, eta gizartearen interes orokorrei ere kalte larriak eraginen litzaizkieke. Gainera, ez da ahantzi behar grebarako eskubidea herritarren beste oinarrizko eskubide batzuekin batera erabili behar dela, eta, kasu honetan, iragarritako grebak kalte egiten ahal die gatazka horretatik kanpo dauden herritarrei.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera bereganatutako eskumenak baliatuz.

Iruñerriko Mankomunitateko buruaren otsailaren 25eko 116/2026 Ebazpenaren bidez, Lurralde Kohesiorako Departamentuari proposatu zaio zer gutxieneko zerbitzu ezarri Iruñerriko erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularrean, greba orokorraren deialdia dela eta; izan ere, erakunde horri dagokio garraio zerbitzu horren titulartasuna.

Ebazpen horren arabera, antzeko ezaugarriak zituzten beste greba batzuetarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak ezarri behar dira greba deialdi honetan, zeinak zuzenbidearen araberakoak zirela adierazi baitzuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak.

Ebazpen horrek, halaber, Iruñerriko hiri garraioaren ezaugarri bereziak hartzen ditu kontuan, zeinak Iruñerriko Mankomunitateko Garraioaren Arloak berariaz egindako txostenean zehazten baitira eta aipatu espedientean jasota baitaude. Daturik esanguratsuenak jarraian azaltzen dira, bai eta greba zehatz-mehatz zer egunetarako deitzen den ere.

Eskualdeko hiri garraioa Iruñerriko 18 udalerrik osatzen duten eremu batean ematen da. Bertako bizilagunak Nafarroako erdiak baino gehixeago dira, eta bertan daude ospitale nagusiak eta bi unibertsitateak. Eremu eta jarduera gune horiek guztiek joan-etorri asko eragiten dituzte egunean, eta joan-etorri horien ehuneko handi bat hiri garraio publikoan egiten da.

Iruñerrian ez dago hiri garraio kolektiborako bestelako alternatibarik (metroa, aldirietako trena, tranbia eta abar) eskualdeko hiri garraioan egunero egiten diren joan-etorriak bestela egiteko, eta hori oso kontuan hartu beharrekoa da greba honetako funtsezko zerbitzuak ezartzeko orduan.

Taxi zerbitzua, bistan denez, ez da alternatiba bat, haren prezioa ez baita konparatzen ahal hiri garraioarenarekin eta haien gaitasuna ez delako inola ere aski joan-etorri jendetsuetarako (151.000 bidaiari lanegun batean, gutxi gorabehera).

Iragarritako grebak, batez ere, garraiobide alternatiborik (norberaren autoa edo bidaide gisa joateko aukera) ez duten erabiltzaileek egunero garraio publikoan egiten dituzten 83.000 bidaiei eraginen die, eta, ondorioz, pertsona horiek zuzenen jasanen dituzte grebaren ondorioak.

Era berean, kontuan hartu behar da erabiltzaileei argibide egokiak eman behar zaizkiela, edo, bestela esanda, erabakitzen den zerbitzu maila erabat identifikatua egon behar dela.

Hiri garraioaren erabilera, neurri handi batean, garraio horri buruz ematen den informazioaren menpe dago. Izan ere, eskaintza erreala benetan dena baino txikiagoa bihurtzen ahal da eskuragarri dagoen informazioaren arabera.

Hori bereziki garrantzitsua da gutxieneko zerbitzuak zehazteari begira. Izan ere, zerbitzu gutxi direnez, erabiltzailea "ezin daiteke geralekuan gelditu autobusaren zain" (maiztasun handiko zerbitzuetan horixe da ohiko jokabidea), eta ordu zehatz eta ezagunetan joan behar du geralekura. Hori dela eta, gutxieneko zerbitzu gisa zehazten den portzentajeak bermatu behar du autobus linea guztiak arrazoizko denbora-tarteetan iritsiko direla eta horren gaineko informazioa ulergarria izanen dela.

Iruñerriko Mankomunitateko Garraioaren Arloaren txosten horrek eskualdeko hiri garraioaren zerbitzuaren eskaintzaren ezaugarri nagusiak azaltzen ditu lanegun arrunt baterako (greba-deialdia 2026ko martxoaren 17rako dago planteatuta, asteazken baterako, hau da, laneguna eta eskola-eguna den egun baterako).

Hala, eskaintzari dagokionez, honako hau nabarmentzen da:

a) Lanegunetako eguneko sareak 23 linea ditu: 19 linea erradial edo bitan erradial, 2 linea perimetral eta 2 linea zirkular, honako maiztasun hauek dituztenak:

–Maiztasun handia: 12 minutuko edo hortik beherako tartea autobus batetik bestera: 9 linea (3, 4, 7, 8, 9, 12, 16, 18 eta 21).

–Maiztasun ertain-handia: 15 eta 20 minutu arteko tartea autobus batetik bestera: 9 linea (2, 5, 6, 11, 15, 17, 19, 20 eta 25).

–Maiztasun txikia: 30 minutuko edo hortik gorako tartea autobus batetik bestera: 5 linea (1, 10, 14, 22 eta 23).

Lanegun batean 138 autobus ibiltzen dira, gutxi gorabehera:

–Autobus finkoak, eguneko zerbitzuan zehar dabiltzanak: 122.

–Errefortzuko autobusak, puntako orduan bakarrik dabiltzanak: 14 inguru.

–Erreserbako autobusak, matxuratzen diren autobus finkoak edo errefortzukoak ordezteko: 2.

b) Gaueko sareak 16 linea ditu: 15 erradial eta zirkular 1.

Maiztasunak eta lineak diferenteak dira astegun batetik bestera. Greba martxoaren 17ko 00:00etan hastekoa denez (asteartearekin), eta 24:00ak arte iraunen duela aurreikusten denez (eta horren barne da martxoaren 17an hasita egun hori bukatu ondoren bukatzen den txanda), kontuan hartu beharko da martxoaren 17tik (asteartea) 18ra (asteazkena) bitarteko gaueko zerbitzua ere ukitua izanen dela. Beraz, martxoaren 17ko grebak aldi horri eraginen diola kontuan hartuta, aldi horretarako zerbitzu arruntaren eskaintza honako hau izanen da:

Astearteetako eskaintza 22:45etik 00:30era arte ematen da, gutxi gorabehera, eta honako hau da:

–30 minutuko edo hortik beherako tartea autobus batetik bestera: 5 linea (N1, N2, N5, N6 eta N10).

–30-60 minutuko tartea autobus batetik bestera: 2 linea (N4 eta N7).

–60 minututik gorako tartea autobus batetik bestera: 4 linea (N3, N8, N9 eta N11).

Gaueko zerbitzuan martxan izaten den autobus kopurua askoz txikiagoa da eguneko zerbitzuan izaten dena baino:

–16 autobus finko.

–Erreserbako autobusak, matxuratzen diren autobus finkoak ordezteko: 1.

Horren ondotik, aipatu txostenean jasotzen dira eskualdeko hiri garraioak eskola-egun eta lanegun batean Iruñerrian eskaintzen duen zerbitzuaren ezaugarri nagusiak:

a) Eguneko sarean, 151.000 bidaiari izaten dira batez beste.

Eskola-egun eta lanegun baterako garraio eskariak puntako hiru tarte ditu:

–Goizeko puntako orduak: 06:00etatik 9:30era; 12.400 bidaiari orduko izan daiteke puntako eskaria; aldi horrek eguneko eskariaren %20,7 inguru biltzen du.

–Eguerdiko puntako orduak: 13:00etatik 15:30era; 15.700 bidaiari orduko izan daiteke puntako eskaria; aldi horrek eguneko eskariaren %20,9 inguru biltzen du.

–Arratsaldeko puntako orduak: 17:00etatik 20:30era; 10.300 bidaiari orduko izan daiteke puntako eskaria; aldi horrek eguneko eskariaren %21,8 inguru biltzen du.

Gutxien erabiltzen diren orduei edo haraneko orduei dagokienez, goizeko haraneko orduan (09:30-13:00) arratsaldekoan (15:30-17:00) baino bidaiari gutxiago daude.

Bestalde, hona hemen batez besteko lanegun batean bidaiatzeko arrazoiak, 2013ko azaroan eskualdeko hiri garraioko erabiltzaileek betetako inkestatik atereak eta ehunekotan emanak:

LANA

IKASKETAK

KUDEAKETAK EGITEA

EROSKETAK

MEDIKUA,
OSPITALEA

BESTE
BATZUK

GUZTIRA

%38,3

%20,4

%13,2

%6,6

%6,3

%15,1

%100,00

Horren arabera, lana eta ikasketak (ikastetxea, unibertsitatea...) dira bidaiatzeko arrazoi nagusiak, horrelakoak gutxi gorabehera bidaien %60 baitira eskualdeko hiri garraioko linea guztietan. Arrazoi medikoa gehituz gero, hiru arrazoi horiek garraio publikoan egindako joan-etorri guztien bi heren biltzen dute.

Aztertuz gero nola banatzen diren bidaiatzeko arrazoiak egunean zehar, ikusiko dugu lan eta ikasketengatik egindako joan-etorriak batez ere goizeko eta eguerdiko puntako orduetan biltzen direla, eta arrazoi medikoengatik, ospitalera joateko eta antzekoetarako egiten direnak egunean zehar banatzen direla.

Inkesta horretako datuen arabera, lanegunetako bidaiarien %55ek ez du bestelako garraiobiderik.

b) Gaueko sarean, hau da bidaiarien batez besteko kopurua:

–Igandetik asteazkenera: Batez beste 1.000 bidaiari gau bakoitzeko (ordu eta erdiko zerbitzua, gutxi gorabehera).

Kontuan hartuz goian esandakoa eta Iruñerriko hiri garraioak duen eskaintzaren eta eskariaren ezaugarriak, Iruñerriko Mankomunitateko Garraio Arloaren txosten horretan, gutxieneko zerbitzuen honako proposamen hau egiten da:

a) Eguneko sarean gutxieneko zerbitzuen banaketa aldakorra izatea proposatzen da, eskaria aldatu egiten baita egunean zehar.

Prozedura hori operatiboa izan dadin, tarte homogeneoen arabera zehaztu dira gutxieneko zerbitzuak, puntako orduen eta haraneko orduen eskemari jarraituz:

–Goizeko puntako ordua: 06:00etatik 09:30era.

–Eguerdiko puntako ordua: 13:00etatik 15:30era.

–Arratsaldeko puntako ordua: 17:00etatik 20:30era.

–Haraneko orduak gainerakoak izanen dira.

–Bidaien %60 baino gehixeago nahitaezkoak direnez (lana, kontsulta medikoak, etab.) eta puntako orduetan biltzen direnez, aldi horretarako gutxieneko zerbitzua, ohiko zerbitzuaren portzentaje jakin baten gisa definitua, portzentaje hori adinakoa izan beharko litzateke gutxi gorabehera.

Portzentaje hori zehazteko, zerbitzu operatiboetan adierazita, beharrezkoak dira 78 autobus finko eta erreserbarako autobus bat, bai eta errefortzuko 4 ibilgailu ere. Kontuan hartuz lanegun batean 122 autobus finko gehi erreserbako 2 eta errefortzuko 14 autobus izaten direla, zehaztutako funtsezko zerbitzua lanegun bateko zerbitzuaren %60 izanen da gutxi gorabehera.

Funtsezko zerbitzu hori jaiegunetakoa bezalakoa da 14 lineatan (3, 4, 5, 6, 11, 12, 14, 15, 16, 19, 20, 21, 22 eta 25 lineak), 3 lineatan jaiegunetakoa baino txikiagoa da (9, 10 eta 23 lineak) eta 6 lineatan handiagoa da (1, 2, 7, 8, 17 eta 18 lineak).

Haraneko orduari dagokion gutxienekoa finkatzeko, kontuan hartzen da haraneko orduaren batezbestekoaren eta puntako orduaren batezbestekoaren arteko erlazioa, eta puntako orduan ezarritako gutxienekoei aplikatzen zaie. Erlazio hori hauxe izanen litzateke: 7.298 zati 10.752 bidaiari orduko. Emaitza, beraz, puntako orduaren %67,87 da. Erlazio hori puntako orduan finkatutako gutxienekoari aplikatuz gero, hauxe izanen genuke: %67,87 bider %60, hau da, %40,73.

Zehatzagoak izanda, portzentaje hori zerbitzu operatiboetan adierazita, 54 autobus finko eta erreserbako autobus 1 beharko lirateke, hau da, lanegun bateko zerbitzuaren %40. Kasu honetan ez dago errefortzuko autobusik.

Beraz, 2026ko martxoaren 17rako greba orokorraren deialdian, egunez, %60ko gutxieneko zerbitzuak izanen dira puntako orduetan, eta %40koak haraneko orduetan, lanegun bateko ohiko zerbitzuarekin alderatuta. Portzentaje horiek bai autobus finkoetan eta erreserbakoetan bai errefortzukoetan aplikatuko dira, Iruñerriko Mankomunitateak egin duen proposamenean zehaztutako zerbitzuaren arabera, foru agindu honen eranskinean ikus daitekeen moduan.

Puntako ordutik haraneko ordura pasatzen den uneetan (09:30ean, 15:30ean eta 20:30ean), autobusean doazen bidaiariei errespetatu egin beharko zaie zerbitzua, eta ibilbidea hurrengo geltoki-bururaino segitu beharko da oraindik jaisteko dagoen bidaiaririk izanez gero, eta eskatzen diren geldiuneetan gelditu; gero, autobusa hutsik dela, kotxetegira itzuliko da.

b) Gaueko sareak zerbitzu murriztua du berez, eta gehienetan 30 eta 60 minutu arteko maiztasuna du. Horregatik, gutxieneko zerbitzu hauek proposatzen dira:

–Oro har, gaueko zerbitzuaren gutxieneko zerbitzu guztietan, edozein egun mota dela ere, gutxienez, lehen eta azken zerbitzua egin behar dira erdiguneko lehenengo geralekutik abiatuta, eta, gutxienez, zerbitzu bat tartekatu behar da aldirietako lehenengo geralekutik abiatuta.

–20 minutuko edo gutxiagoko maiztasuna duten lineen kasuan, gutxieneko zerbitzuen maiztasuna 30 minutukoa izanen da.

–20 minutu eta 60 minutu arteko maiztasuna duten lineen kasuan, gutxieneko zerbitzuen maiztasuna 60 minutukoa izanen da.

–60 minututik gorako maiztasuna duten lineen kasuan, zerbitzua ohikoa izanen da, berez zerbitzua murriztua duten lineak baitira jada.

–Erreserbako autobus batek zerbitzuan egon beharko du.

c) Gutxieneko zerbitzu horiek guztiak egiten direla bermatzeko beharrezkoak diren langileek jardunean egon beharko dute.

Horrenbestez, kontuan harturik bai Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, bai martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoa, bai Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. artikulua, bat etorriz Iruñerriko Mankomunitateak eta Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak egindako proposamenarekin eta erabiliz Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean zenbait sindikatuk 2026ko martxoaren 17rako iragarritako greba orokorra egitean, Iruñerriko erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularrean gutxieneko zerbitzu hauek errespetatu beharko dira:

a) Eguneko zerbitzuan: %60 inguru puntako orduetan (06:00-09:30, 13:00-15:30 eta 17:00-20:30) eta %40 inguru haraneko orduetan (09:30-13:00, 15:30-17:00 eta 20:30-22:30), lanegunetako ohiko zerbitzua erreferentzia hartuta.

Portzentaje horiek bai autobus finkoetan eta erreserbakoetan bai errefortzukoetan aplikatuko dira, foru agindu honen eranskinean zehaztutako zerbitzuaren arabera.

b) Gaueko zerbitzuan, gutxieneko zerbitzu hauek eginen dira:

–Oro har, gaueko zerbitzuaren gutxieneko zerbitzu guztietan, edozein egun mota dela ere, gutxienez, lehen eta azken zerbitzua egin behar dira erdiguneko lehenengo geralekutik abiatuta, eta, gutxienez, zerbitzu bat tartekatu behar da aldirietako lehenengo geralekutik abiatuta.

–20 minutuko edo gutxiagoko maiztasuna duten lineen kasuan, gutxieneko zerbitzuen maiztasuna 30 minutukoa izanen da.

–20 minutu eta 60 minutu arteko maiztasuna duten lineen kasuan, gutxieneko zerbitzuen maiztasuna 60 minutukoa izanen da.

–60 minututik gorako maiztasuna duten lineen kasuan, zerbitzua ohikoa izanen da, berez zerbitzua murriztua duten lineak baitira jada.

–Erreserbako autobus batek zerbitzuan egon beharko du.

2. Zerbitzu horiek guztiak egiten direla bermatzeko beharrezkoak diren langileek jardunean egon beharko dute.

3. Puntako ordutik haraneko ordura pasatzen diren uneetako zerbitzuetan (09:30ean, 15:30ean eta 20:30ean), autobusean doazen bidaiariei errespetatu egin beharko zaie zerbitzua, eta ibilbidea hurrengo geltoki-bururaino segitu beharko da oraindik jaisteko dagoen bidaiaririk izanez gero, eta eskatzen diren geldiuneetan gelditu; gero, autobusa hutsik dela, kotxetegira itzuliko da.

4. Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

5. Lurralde Kohesiorako Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa igortzeko eskatzen ahal die agindu honek ukitzen dituen zerbitzuen arduradunei.

6. Foru agindu hau deialdia egin duten sindikatuei, Iruñerriko Mankomunitateari eta Transports Ciutat Comtal SAri jakinaraztea, eta Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

8. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, foru agindu honek bukaera ematen dio administrazio publikoentzako administrazio bideari. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, hura jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2026ko martxoaren 2an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.

ERANSKINA.–2026KO MARTXOAREN 17KO GREBA OROKORREKO GUTXIENEKO ZERBITZUAK

LINEA

HARANEKO ORDUETAKO GUTXIENEKO ZERBITZUA
(%40)

PUNTAKO ORDUETAKO GUTXIENEKO ZERBITZUA
(%60)

(09:30etik 13:00etara; 15:30etik 17:00etara;
20:30etik 22:30era)

(06:00etatik 9: 30era; 13:00etatik 15:30era;
17:00etatik 20:30era)

Ibilgailu
kopurua

Tarteak autobus
batetik bestera

(min)

Bidaia denbora (min)

Ibilgailu
kopurua

Tarteak autobus
batetik bestera

(min)

Bidaia denbora (min)

L-1

1

60

60

2

30

60

L-2

2

30

60

3

20

60

L-3

2

20

40

3

15

45

L-4

9

12

108

9

12

108

L-5

1

60

60

2

30

60

L-6

2

30

60

2

30

60

L-7

4

30

120

8

15

120

L-8

2

30

60

4

15

60

L-9

2

40

80

3

24

72

L-10

2

45

90

2

45

90

L-11

3

30

90

3

30

90

L-12

2

35

70

4

20

80

L-14

1

30

30

1

30

30

L-15

1

60

60

2

30

60

L-16

4

30

120

6

20

120

L-17

2

40

80

4

20

80

L-18

4

30

120

8

15

120

L-19

3

40

120

4

30

120

L-20

2

30

60

2

30

60

L-21

2

20

40

3

15

45

L-22

1

30

30

1

30

30

L-23

1

120

120

1

120

120

L-25

1

40

40

1

40

40

Erreserbak

1

1

Errefortzukoak

4

GUZTIRA

55

83

Iragarkiaren kodea: F2603747