1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2026ko otsailaren 25ean hartua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Energiaren eta Klimaren 2050eko Ibilbide orri integratua (ENERKLINA 2050).
Europako eta Estatuko klima-konpromisoekin bat etorriz, Nafarroako Foru Komunitateak politika integratuen eta anbizio handiko energia-plangintzaren bidez antolatzen du bere ekintza klimatikoa. Klima-aldaketak lurraldean eragiten dituen inpaktu gero eta handiagoen aurrean, Nafarroak hainbat tresna estrategiko eta araudi ditu.
Hala, Nafarroako Gobernuak 2018ko urtarrilaren 24ko Erabakiaren bidez onetsitako 2030erako Nafarroako Energia Planak –gaur egun eguneratzen ari dena–helburuak eta xedeak ezartzen ditu energia berriztagarriak, energia-eraginkortasuna eta energia-autonomia handiagoa sustatzeko. Bestalde, Nafarroako Klima Aldaketaren 2017-2030-2050 Ibilbide Orriak (KLINa), zeina egun berean onetsi baitzuen Nafarroako Gobernuak, 2030 eta 2050 urteetarako helburuak eta lurraldean eraginak arintzeko eta egokitzeko neurriak finkatzen ditu. Gainera, Nafarroak Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legea onetsi zuen 2022ko martxoan, erkidegoan arintze, egokitze eta trantsizio justuaren helburuak betetzeko lege-esparru gisa.
Hala ere, beharrezkoa da ikuspegi bateratua izatea klima-aldaketaren aurkako ekintzari eta trantsizio energetikoa bultzatzeari dagokionez, eta helburuak, neurriak eta bitartekoak esparru komun batean batzea, Europako eta Espainiako gomendioekin bat eginez. Horregatik, eta informazio eta ezagutza berriagoak oinarri hartuta, dauden tresnak eguneratu egin dira, Nafarroako Energia eta Klimaren 2050eko Ibilbide Orri Integratu (ENERKLINA 2050) berria eginda.
ENERKLINA 2050 modu koordinatuan egin da Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren eta Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiaren artean, Nafarroako Gobernuko beste unitate askorekin lankidetzan. Lankidetza hori Klima-aldaketaren Departamentuarteko Batzordearen bidez bideratu da. Batzorde hori Nafarroako Gobernuaren 2023ko otsailaren 15eko Erabakiaren bidez sortu zen, Klima-aldaketari eta Energia-trantsizio Energetikoari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen 7. artikulua garatzeko.
Ibilbide-orri honek izaera adierazgarria du, hau da, Nafarroako Gobernuak datozen urteetan izanen dituen lan-ildo nagusiak markatu nahi ditu, proposatutako helburuak 2050ean lortzeko. Inbertsioei eta finantzaketari dagozkien atalak, bereziki, estimazioak dira eta ez dute inolako konpromisorik sortzen; aurrekontuko ekarpena, berriz, urtero onetsiko diren Nafarroako Aurrekontu Orokorren araberakoa izanen da. Hala izatea oso justifikaturik dago hau bezalako planifikazio batean, epe luzera begira egina baita; izan ere, egun dagoen ziurgabetasuna dela eta, batez ere epe ertainean eta luzean, komeni da zuhurtziaz jokatzea.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak eta Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak proposatuta,
ERABAKITZEN DU:
1. Onestea Nafarroako Energiaren eta Klimaren 2050eko Ibilbide orri integratua (ENERKLINA 2050). Erabaki honen eranskinean jasota dago.
2. Nafarroako Gobernuko departamentuei igortzea erabaki hau eta eranskina, barnean sartuta horiekin batera doazen eranskinak.
3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan. Era berean, agintzea Nafarroako Gobernuko Gobernu Irekiaren Atarian argitara eman dadila Nafarroako Energiaren eta Klimaren 2050eko Ibilbide orri integratua (ENERKLINA 2050) eta haren eranskinak.
Iruñean, 2026ko otsailaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.
Iragarkiaren kodea: F2603048