2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARANGUREN
Gutxieneko zerbitzuak, martxoaren 17ko greba deialdia dela eta
Arangurengo Udaleko alkateak, martxoaren 9an, 174/2026 Ebazpena eman zuen, zeinaren bidez ezartzen baitira gutxieneko zerbitzuak eta horiez arduratuko diren langileak, martxoaren 17ko greba dela eta. Hona hemen ebazpena:
"Udaleko Langileen Batzordeak komunikatu du bat egin duela martxoaren 17ko grebarekin. ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek egin dute grebarako deia, eta leloa da ‘Gutxieneko soldata hemen erabaki. SMI 1.500 euros. Mejorar salarios para repartir la riqueza’.
Greba egiteko eskubidea (Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua) bateragarria izan behar da gizartearen funtsezko zerbitzuak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta bermeak ezarri behar dira horretarako. Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzeko, kontuan hartu behar dira (Konstituzio alorreko jurisprudentziak behin eta berriro dioenez) proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta behar adina arrazoituta ezarriko dira.
Konstituzioaren 23. artikuluaren arabera, herritarrek eskubidea dute gai publikoetan parte hartzeko, zuzenean edo ordezkarien bidez, hots, bozkatze unibertsaleko aldian aldiko hauteskundeetan libreki hautatutako ordezkarien bidez.
Bestalde, Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25. artikuluak eta hurrengoek zenbait zerbitzu publiko ezartzen dituzte, udalek eman beharrekoak; eta greba deialdiaren aurrean, Arangurengo Udalak ematen dituen zerbitzu publikoak ezin dira erabat gelditu, herritarrei kalte konponezina eraginen litzaiekeelako.
Aurreko guztiagatik, gutxieneko zerbitzu batzuk ezarri beharra dago (betiere errespetatuz grebarako eskubide konstituzionala), bermatuta egon dadin gai publikoetan parte hartzeko eta zerbitzu publikoak hartzeko herritarrek duten eskubidea, eta hala beteko dira botere publikoei ezarri zaizkien eginbeharrak, Espainiako Konstituzioaren 23. eta 28. artikuluetan ezarri ere.
Lan harremanetarako eskumena Nafarroako Foru Komunitateari transferitu zitzaion, jarraikiz abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58.1.b) artikuluari (lege horrek hizpide du Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzea). Hala, gobernuaren agintaritzaren eskumena da behar diren neurriak hartzea oinarrizkotzat jotzen diren zerbitzuak zehazteko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko; hori dena, jarraikiz martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluari (errege lege dekretu horrek aldatzen du lan harremanei buruzko araudia).
Horrenbestez, kontuan hartuta xedaturik dagoena Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58.b) artikuluan, eta jarraikiz eman zaizkidan eskumenei, hain zuzen ere apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.h) artikuluak (Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea) eta aplikatzekoak diren gainerakoek eman dizkidaten eskumenei,
EBATZI DUT:
1. Arangurengo Udaleko langileek greba eskubidea erabiliko dute 2026ko martxoaren 17an. Betiere, errespetatuko dira Udalaren eta sindikatu-ordezkaritzaren artean adostu diren eta jarraian zehazten diren gutxieneko zerbitzuak:
–Idazkaritza: 1 pertsona lanaldi osoan.
–Erregistro Zibila: 1 pertsona lanaldi osoan.
–Herritarren arretarako zerbitzua: 2 pertsona lanaldi osoan.
–Oinarrizko Gizarte Zerbitzua: 1 administrari-ofizial, lanaldi osoan; 1 gizarte langile, lanaldi osoan; eta 5 familia-langile, euren etxez etxeko zerbitzuaren ordutegian.
–Kirolak: 1 administrari-ofizial, bere lanaldian; eta 1 kiroldegiko sarbideetako langile, kiroldegia irekita dagoen ordutegian.
–Mantentze-lanak: 1 langile kiroldegian, lanaldi osoan.
–Ikastetxe publikoak: irekitzeko, hesteko eta eskola jarduerak iraun bitarteko ikasleen sartu-irtenetan laguntzeko beharrezkoak diren langileak.
–Udal eraikinen garbiketa: 3 pertsona, lanaldi osoan, San Pedro ikastetxean.
2. Ebazpen hau komunikatzea udal zerbitzuen arduradunei, behar diren neurriak har ditzaten, ebazpen honetan ezarritakoa betetze aldera. Halaber, honako hauek adieraztea:
–Greba hasi baino lehen, zerbitzu edo arlo bakoitzak udal honi idatziz komunikatu beharko dio udalean nork eginen duen lan 2026ko martxoaren 17an.
–Soldatatik zati proportzionala deskontatuko zaie greba eskubidea erabiltzen duten langileei, greba egunak iraun bitartean ez baitute lan eginen udalean.
3. Ebazpen hau komunikatzea Batzordeari, eta agintzea argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta udaletxeko iragarki-taulan, eta honen berri ematea Udalbatzari, egiten duen hurrengo ohiko osoko bilkuran".
Administrazio-egintza honen aurka, errekurtso hauek jar daitezke:
–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Mutiloan, 2026ko martxoaren 9an.–Alkatea, Manuel Romero Pardo.
Iragarkiaren kodea: L2603789