2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LESAKA
Aldaketa, ordenantza honetan: ordenantza fiskala, arautzen duena autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta horietan gaua igarotzea. Behin betiko onespena
Lesakako Udalak, 2025eko abenduaren 18an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa bat ordenantza honetan: ordenantza fiskala, arautzen duena autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta horietan gaua igarotzea.
Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2026ko 10. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 15ean. Jendaurreko aldia igarota inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onesten da aipatu ordenantza, eta agintzen da argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatutakoarekin.
Lesakan, 2026ko otsailaren 15ean.–Alkatea, Ladis Satrústegui Alzugaray.
UDAL ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DUENA LESAKAN AUTOKARABANAK ETA ETXEBIZITZA-IBILGAILUAK APARKATZEA ETA HORIETAN GAUA IGAROTZEA
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da arautzea autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen aparkamendua eta horietan gaua igarotzea kanpaldietarako, aldi baterakoak zein ibiltariak izan, Lesakako udal-mugartean. Hori guztia, zaintzeko bertako natura baliabide eta espazioak eta bermatzeko pertsonen segurtasuna eta aparkalekuetan behar den errotazioa eta banaketa zuzena egiten dela, eremu publikoen erabiltzaile guztien artean.
2. artikulua. Ibilgailuetan gaua igarotzea.
Oro har eta berariaz kontrakoa baimendu ezean, debeku da ibilgailuen barruan gaua igarotzea udal-mugarte osoan, salbu eta horretarako diren eremuetan, bat etorriz ordenantza honetan araututakoarekin.
3. artikulua. Kanpaldi librea debekatzea.
Zehapena ezarriko zaio autokarabanak aparkatzeko erreserbatutako eremuan kanpaldi librea egiten duenari. Hurrengo artikuluetan zehaztuko da zein den kanpaldi librearen eta autokarabanak aparkatzearen arteko aldea.
4. artikulua. Kanpaldi librea.
Kanpaldi libretzat hartuko da:
a) Aisiarako edozein tresna jartzea autokarabanaren espaziotik kanpo.
b) Ordenantza honetan ezartzen dena baino denbora gehiago egotea autokarabanen aparkalekuan.
c) Lesakako Udaleko Udaltzaingoaren iritziz beste udal ordenantza batzuekin kontraesanean sartzen diren jarduerak egitea.
5. artikulua. Zilegi da autokarabanak eta horien gisako ibilgailuak gelditzea eta aparkatzea hiri bideetan; betiere, baldintza hauek betetzen badira:
d) Ibilgailu bat gelditzea edo aparkatzea, arriskuan jarri gabe edo oztopatu gabe zirkulazioa edo oinezkoen joan-etorria.
e) Jardutea indarrean dagoen araudiari jarraituz.
f) Ibilgailua kokatzea horretarako baimendutako moduan eta tokian.
g) Ez ateratzea aparkaleku-plazatik.
h) Ez gelditzea edo aparkatzea etxebizitzen parean, baldin ataria, saltokiak edo beheko solairua badute.
Orientazio gisa, kasu hauetan ulertuko da autokarabana bat geldituta dagoela eta ez dagoela kanpatuta:
1. Gurpilekin bakarrik ukitzen badu lurra (ez badira jaitsi egonkortzeko euskarriak edo bestelako tresnak).
2. Autokarabana itxiaren espazioa baino gehiagorik okupatzen ez bada, hau da, ez badago leiho irekirik (leiho irekiak edo goitik kanpora irekitzen diren leihoak, ibilgailuaren perimetroa baino espazio handiagoa okupatzen dutenak), aulkirik, mahairik, toldo irekirik eta abar.
3. Emisiorik egiten ez bada (kutsatzen duena edo ez), salbu eta ihes hodiaren motor errekuntza bera, eta ez badago gizalegearen edo osasungarritasunaren aurkako portaerarik, hala nola eremu publikoan ura hustea. Ez bada zarata gogaikarririk sortzen, hala nola sorgailu elektriko bat piztea ohiko atseden ordutegian edo denbora luzez.
6. artikulua. Zerbitzugunea.
Autokarabanetarako zerbitzugunea Landazelaiko aparkalekuan dago. Hona hori erabiltzeko arauak:
1. Erreserbatutako eremuetan, etxebizitza-ibilgailu gisa katalogatutako ibilgailuek baino ezin izanen dute aparkatu. Gainerako ibilgailuek ezin izanen dute; tartean, kamioiek, karabanek eta turismo-ibilgailuek.
2. Aparkatutako ibilgailuek beti errespetatu beharko dituzte plaza bakoitzerako espazio mugak, eta ez dute kanpora aterako mahairik, aulkirik, eguzkitakorik, toldorik edo bestelako tresnarik.
3. Gaua igarotzeko oinarrizko eremuak okupatzen ahalko dira egonaldiko 48 orduz gehienez ere. Betiere, okupatzen ahalko dira gaua igarotzeko azken gauaren biharamuneko 10:00ak arte.
Aldi horretan ez dago denbora mugarik, eta eguneko tasa bat ezarriko da aparkatzeko eta gaua igarotzeko.
Ezinbesteko arrazoiengatik edo beharragatik, gainditzen ahalko da gehieneko denbora hori, Udaltzaingoak edo alkateak baimendu ondotik.
4. Erabiltzaileek espazioa izanen dute autokarabanetan edo horien gisako ibilgailuetan sorturiko ur gris eta beltzak isurtzeko, baita ur hargune bat ere. Espazio horretan ezin izanen da aparkatu, eta erabiltzaileen eskura egonen da. Erabili ondotik, higienea mantendu beharko da. Berariaz debeku da edozein motatako ibilgailuak garbitzea.
5. Aparkalekuko zerbitzuguneko erabiltzaileek bete beharko dituzte udalak edo Udaltzaingoak ematen dizkieten behar beste jarraibide, zaintzari, errespetuari eta gizalegeari dagokienez. Era berean, udalak edozein unetan zehazten ahalko du zerbitzuguneko espazioak beste zerbaitetarako erabiltzea, eta horrek ez die inolako kalte-ordainik ekarriko erabiltzaileei.
6. Egonaldian, herritarrei ez zaie eragin behar ez zaratarik ez eragozpenik.
7. artikulua. Ikuskapena.
Arau-haustea da ordenantza honetako edozein artikulu ez betetzea edo haustea, baita ordenantza garatzeko alkateak emandako xedapenak ez betetzea edo haustea ere, eta Osoko Bilkurari dagokio kasuan kasuko ikuskapenak egitea eta zehapenak ezartzea.
Udaltzaingoa arduratuko da ordenantza hau betetzen dela zaintzeaz.
8. artikulua. Eskumena eta zehapen-prozedura.
1. Lesakako Udaleko alkate udalburua edo hark eskuordetutakoa izanen da zehapen-prozedura hasteko eta ebazteko organo eskuduna.
2. Zehapen-prozedura gauzatuko da urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
3. Espedientearen ebazpena jakinaraziko da prozedura hasten denetik gehienez ere sei hileko epean, eta bertan interesdunek mahai gainean jarritako afera guztiak erabakiko dira, baita prozeduraren ondoriozko gainerakoak ere.
Prozedura hasten denetik sei hilabetera zehapen ebazpenik jakinarazi ez bada, prozedura iraungiko da eta jarduketak artxibatuko, interesdunek eskatuta edo ebazpena emateko eskumena duen organoak ofizioz artxibatuta, salbu eta prozedura gelditu bada, interesdunei egozten ahal zaien arrazoi batengatik edo jarduketa judizialen ondorioz.
9. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
Ordenantza arautzaile honetan ezarritakoa hausten duen arau-hauste oro zehatuko da 90 eta 300 euro arteko isunarekin. Zehapenak mailakatuko dira eragindako arrisku, eragozpen edo inpaktuen arabera edo arau-haustea behin baino gehiagotan egitearen arabera. Ulertuko da arau-haustea berriz egin dela baldin bi urteko epean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egiten bada, administrazio-ebazpen irmo batek hala deklaratuta.
Betiere, arau-hauste astuna izanen da kanpaldi librea egitea, eta 300 euroko isunarekin zehatuko da. 450 euroko zehapena aplikatuko da, halaber, baldin instalatzen badira inguruneari kalte egiten dioten edo ingurunea arriskuan jartzen ahal duten barbakoak edo horien gisako elementuak. 450 euroko zehapena aplikatuko da, halaber, baldin instalatzen badira inguruneari kalte egiten dioten edo ingurunea arriskuan jartzen ahal duten barbakoak edo horien gisako elementuak.
10. artikulua. Kautelazko neurriak.
Indarrean dagoen araudian zehaztutako kasuetan, ibilgailu arau-hauslea espazio publikoan geldiaraziko da, edo handik kendu.
Arau-hauste bat gertatzen denean, arau-hausleak ez badu frogatzen ohiko bizilekua Espainiako lurraldean duela, salaketa egin duen agenteak behin-behinean ezarriko du isunaren zenbatekoa, eta, zenbateko hori ordaintzen ez bada edo haren ordainketa bermatzen ez bada Zuzenbidean onartzen diren bideetako edozein erabiliz, ibilgailua geldiarazi eginen du.
11. artikulua. Erantzukizuna.
Lesakan autokarabanak aparkatzeko eremua ez dago zainduta. Beraz, Lesakako Udala ez da erantzule izanen baldin gorabeherarik, lapurretarik edo horien gisakorik gertatzen bada aparkatutako autokarabanetan.
Arau-hauslea izanen da lege honetan zehaztutako arauak urratu izanaren erantzulea.
Kasua bada, ibilgailu arau-hauslearen titularrak edo errentariak deklaratu beharko du gidari arau-hauslea nor den, egiaz, hala eskatzen zaionean. Betebehar hori betetzen ez badu behar den prozedurazko izapidean, 300 euroko isunarekin zehatuko da, arau-hauste astunaren egile gisa.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
ERANSKINA.–TASAK
Aparkatzeagatik: 10,00 euro eguneko.
Iragarkiaren kodea: L2602489