Iragarkia
53. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 13a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
128E/2026 EBAZPENA, otsailaren 6koa, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira bizikleten konponketa eta mantentze-lanak egiteko 2026ko dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak. Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko kodea: 887572.
Mugikortasun seguru eta jasangarrirako estrategiak funtsezkoak dira Nafarroako jarduera ekonomiko eta sozialaren funtzionamendurako. Beraz, administrazio publikoek behar diren jarduerak egin behar dituzte herritar guztiek joan-etorriak egin ahal izan ditzaten modu seguruan eta jasangarrian, bereziki nahitaez egin beharrekoak direnean.
Bizikleta garraiobide ezin hobea da hiri eta herrien barnean ibiltzeko, eta batzuetan hiri edo herri batetik bestera ibiltzeko ere bai, sortzen dituen kutsadura eta zarata minimoak direlako eta espazio publiko txikia okupatzen duelako; gainera, onuragarria da ariketa fisikoaren eta ingurumenaren aldetik.
Horregatik guztiagatik, komenigarria da zenbait jarduera garatzea bizikleta eguneroko garraiobide gisa erabiltzea sustatzeko. Jarduketek bi norabide eduki behar dituzte: alde batetik, azpiegitura espezifikoak eta seguruak garatzea (ahal den guztietan ibilgailu motordunen zirkulaziotik bereizita), eta, beste alde batetik, bizikleta erabiltzearen kultura bultzatzea.
Deialdi honen helburuek guztiz bat egiten dute 2030erako Nafarroako Energia Planaren helburuekin, pizgarriak ematen baititu pertsonen mugikortasunean energiaren kontsumoa arrazionalizatzeko eta petrolioaren morrontza murrizteko, baita klima-aldaketaren aurkako borrokaren ibilbide-orria bultzatzeko ere, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko neurri gisa.
Dirulaguntza hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2025-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren parte da, zeina Nafarroako Gobernuaren 2025eko apirilaren 30ko Erabakiaren bidez onetsi baitzen (44. erregistro-zenbakia).
Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak adierazi duenez, 2025eko kanpainan lortutako emaitzak ikusita, egokitzat jotzen da bizikleten konponketak eta mantentze-lanak egiteko dirulaguntzen beste deialdi bat sustatzea 2026an, bizikleta garraiobide seguru eta jasangarri gisa erabil dadin eguneroko eta nahitaezko joan-etorrietan, bereziki, hiri eta herrien barnean.
Nafarroan bizi den edozein pertsona izan daiteke laguntzen onuraduna. Hori norbera identifikatzeko dokumentuaren bidez edo erroldatze-ziurtagiri baten bidez frogatuko da. Xedea da laguntzak ahalik eta jende gehienarengana iristea. Xede hori eta onuradun eta bizikleta bakoitzeko emanen den gehieneko dirulaguntza kontuan hartuta (50 euro), eskaera espedienteak erregistratu ahala tramitatu eta ebatziko dira, horretarako aurrekontuko kreditua dagoen bitartean. Dirulaguntza emateko prozedura banakako ebaluazioa izanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan jasotako moduan.
Aipatu 17. artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak 2026ko urtarrilaren 28an hartutako Erabakiaren bidez, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion bizikleten konponketetarako eta mantentze-lanetarako dirulaguntza banakako ebaluazioaren bidez emateko.
Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak jakinarazi du dirulaguntza jasotzeko salbuespen batzuk ezarri direla, bizikleta motari dagokionez, xedea baita pizgarriak ematea bizikleta eguneroko garraiobidea izan dadin. Hori horrela, ia erabat kirol-jardueretarako erabiltzen diren bizikletak salbuetsi eginen dira, haien ezaugarri teknikoak kontuan hartuta.
Onuradunentzako laguntzak tramitatzea errazagoa izan dadin, komenigarritzat jo da oinarri arautzaileetan atxikipen-prozedura bat ezartzea bizikleten konponketak eta mantentze-lanak egiten dituzten lantegientzat, entitate laguntzaileak izan daitezen eta dirulaguntza kudeatzen lagun dezaten, funtsak aldez aurretik eman eta banatu behar izan gabe. Oinarri arautzaileek ezartzen dute atxikipen-prozedura hori.
Ezarri den prozeduraren arabera, onuradunek aldez aurretik atxiki diren entitateetara jo beharko dute, entitate horiek kudeatuko dituztelako dirulaguntzak eta eskaerak.
Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren 52. artikuluko h) letraren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak egindako proposamenari jarraituz,
EBAZTEN DUT:
1. Bizikleten konponketa eta mantentze-lanak egiteko 2026ko dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onestea. Oinarriak ebazpen honen eranskinean daude.
2. 100.000 euroko gastua baimentzea deialditik sortutako konpromisoetarako, 2026ko gastuen aurrekontuko 230002 23200 4809 441100 partidaren kargura ("Bizikleten konponketa eta mantentze-lanak egiteko laguntzak").
3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-basean argitaratzea.
4. Ebazpen hau jakinaraztea Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuari (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa) eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari.
5. Adieraztea ebazpen honek ez duela bide administratiboa amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko otsailaren 6an.–Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.
ERANSKINA.–OINARRIAK
1.–Xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da dirulaguntza hauen oinarri arautzaileak ezartzea: Nafarroan entitate laguntzaile moduan atxiki den lantegi batean egiten diren bizikleten konponketetarako eta mantentze-lanetarako dirulaguntzak.
1.2. Dirulaguntzen onura publikoa mugikortasun jasangarria sustatzea da, kutsadura eta zarata gutxiagotzeko eta espazio publikoaren erabilerarako dituen onurak baliatzeko; halaber, ariketa fisikoaren eta ingurumenaren aldetik ere onurak ditu.
2.–Dirulaguntza jaso dezaketen jarduketak eta laguntzaren zenbatekoa.
2.1. Diruz lagungarriak izanen dira konponketetarako, mantentze-lanetarako eta osagarriak jartzeko piezen eta eskulanaren kostua, ondoren adierazten den bezala:
a) Konponketa.
Elementu hauek konpontzea eta aldatzea sartzen da:
–Balaztak: heldulekuak, diskoak, zapatak, pastillak, pintzak.
–Koadroa eta aurreko urkila.
–Errodamenduak.
–Katea, piñoiak eta platerak.
–Martxa-aldagailuak.
–Pneumatikoak eta ganberak.
–Zela eta zela-hodia.
–Bateria.
b) Mantentze-lanak.
–Garbitu eta koipeztatzea.
–Gurpilak zentratzea eta erradioak doitzea edo aldatzea.
–Balazta-doitzea: zapatak aldatzea eta palankak doitzea, balazta-pastillak aldatzea eta balaztak purgatzea.
–Aldagailua doitzea: aurrekoa (desbideragailua) eta atzekoa.
–Torlojuak doitzea: zela, potentzia eta direkzioa. Gurpilen itxiturak aztertzea.
–Transmisioa: lubrifikatu eta garbitzea. Behar diren elementuak aldatzea: katea, piñoiak, gurpilak eta/edo platerak.
–Zirgak eta zorroak: aldatzea, burugabetuak, hondatuak edo gaizki doituak daudenean.
c) Ekipamenduak eta osagarriak jartzea:
–Argiak eta txirrina jartzea.
–Lohi-babesak jartzea.
–Haurrentzako aulkiak.
Instalatutako ekipamendu eta osagarriek behar bezalako homologazioa izan behar dute, eta erabiltzaileen ardura da horiek kasuan kasuko udal-araudian xedaturikoaren arabera erabiltzea.
2.2. 50 euroko laguntza ez da izanen piezen eta eskulanaren kostua (BEZa barne) baino handiagoa.
2.3. Laguntza, gehienez, 50 eurokoa izanen da, onuraduneko eta bizikletako.
3.–Bizikleta diruz lagungarriak.
3.1. Bizikleta diruz lagungarriek bete beharko dute maiatzaren 9ko 339/2014 Errege Dekretuak ezartzen duena (dekretu horretan zenbait betebehar ezartzen dira bizikletak eta beste ziklo batzuk, haien zatiak eta piezak merkaturatzeko eta zerbitzuan jartzeko).
3.2. Bizikleta mota hauek laguntzetatik kanpo daude:
a) Errepidekoak, MTB (mountain bike) edo hibridoak, honako elementu hauetako bat badaukate:
–Karbonozko koadroa.
–Aldagailu elektronikoa.
b) BMX (bike motocross): guztiak.
4.–Onuradunak.
4.1. Onuradun izateko, eskatzaileek betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Pertsona fisikoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatean bizitzea.
b) Kontu bat edukitzea banku batean. Adingabeen kasuan, betebehar hori betetzeko, aski izanen da guraso baten edo legezko tutorearen banku-kontua aurkeztea.
c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea (aurrerantzean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legea). Betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeko, eskaera-inprimakian jasota dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoan (www.nafarroa.eus) dagoen fitxan eskura daitekeen ereduaren arabera.
4.2. Onuradun bakoitzak behin baizik ez du jasoko laguntza hau. Ezin dira deialdi honetan onuradun izan 2022ko, 2023ko, 2024ko eta 2025eko deialdietan onuradun izan zirenak.
5.–Bizikleten erabilera.
5.1. Onuraduna behartuta egonen da bizikletaren erabileraren jarraipena egiten laguntzera, jarduketa egiten denetik bi urtean.
5.2. Onuradunak ezin izanen du dirulaguntza jasotzen duen bizikleta inori saldu bi urteko epean, jarduketa egiten den egunetik kontatuta.
5.3. Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari dagokio ezarritako bi urteetan erabileraren eta titulartasunaren jarraipena egitea. Horretarako, onuradunei beharrezkoa den informazio guztia eskatzen ahal die.
6.–Aurrekontu-zuzkidura.
Deialdi honetarako bideratu den zuzkidura ekonomikoa 100.000 eurokoa da, eta 2026ko gastu-aurrekontuko "Bizikleten konponketa eta mantentze-lanak egiteko dirulaguntzak" izeneko 230002 23200 4809 441100 partidaren kargura ordainduko da.
7.–Entitate laguntzaileak.
7.1. Eskaeren kudeaketaren efizientzia hobetzeko asmoz, entitate laguntzaileen bidez eginen da kudeaketa hori, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 10. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
7.2. Bizikleten konponketak eta mantentze-lanak egiten dituen edozein entitatek eska dezake atxikitzea entitate laguntzaile gisa, egoitza soziala edo lantokia Nafarroan edukiz gero.
7.3. Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak eta entitate laguntzaileak lankidetza-hitzarmen bat izenpetu behar dute, aipatu foru-legearen 11. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Hartan arautuko da zer baldintza eta betebehar hartzen dituen bere gain entitate laguntzaileak, eta ulertuko da hitzarmena formalizatuta dagoela entitateak atxikipen-eskaera aurkezten duenean eta Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak aldeko ebazpena eman ondoren. Atxikipen-eskaera horrek berekin dakar oinarri hauetan ezartzen diren betebehar guztiak onartzea. Lankidetzak deialdi honek irauten duen beste iraunen du.
7.4. Deialdiari atxiki nahi zaizkion entitateek atxikipen-eskaera bat aurkeztu beharko dute, Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus) dagokion fitxan horretarako prestatutako inprimakiaren bidez. Inprimakiak erantzukizunpeko adierazpen hauek barne hartuko ditu:
a) Alta emanda egotea jarduera ekonomikoen erregistroan, bizikleten salmenta, konponketa eta mantentze-lanak biltzen dituen epigrafean.
b) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako debeku-egoeretako bakar batean ere.
c) Konpromisoa hartzea dirulaguntzaren onuradunek laguntza eskatzeko inprimakian emandako informazioa deialdiaren oinarrietan aurreikusita ez dagoen beste edozein erabileratarako ez emateko.
Era berean, dirulaguntza kudeatzen duen organoari baimena emanen diote Nafarroako Foru Ogasunarekiko ordainketak egunean dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria eskuratzeko. Informazio hori lortzeko baimena eman ezean, aipatu dokumentazioa aurkeztu beharko dute atxikipen-eskaerarekin batera, Gestam Transportes aplikazioaren bidez.
Hala badagokio, ordezkariaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
Atxikitzeko eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
7.5. Entitateek atxikitzeko eskaerak aurkezteko daukaten epea amaitu eta gero, aurkeztutako dokumentazioa aztertuko da, eta egiaztatuko da ea ezarritako betebeharrak betetzen diren. Atxikitzeko eskaeraren bat osorik ez badago, hura osatzeko eskatuko zaio entitateari. Eskaera-orria osatzeko epea 10 egun baliodunekoa izanen da. Epea amaituta ez bada osatu, eskatzaileak atzera egin duela ulertuko da. Entitate laguntzaileen zerrenda Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko da, eta argitara emanen da Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus).
7.6. Entitate batek atxikipen-eskaera aurkezteak berekin dakar oinarri hauek onartzea eta konpromisoa hartzea bertan ezartzen dena betetzeko.
7.7. Entitate laguntzaileek konpromisoa hartzen dute beren izena eta kokapena erabil daitezen onartzeko, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak deialdi hau sustatzeko egiten dituen informazio eta komunikazio kanpainetan.
7.8. Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak hala eskatzen badu, entitate laguntzaileek ekintza identifikatzen duen logoa jarriko dute lantegian, erraz ikusteko moduan.
7.9. Ez da izanen entitate laguntzaileen aldeko ordain ekonomikorik.
7.10. Entitate laguntzaileek helbide elektroniko bat emanen dute, prozesuan gerta litezkeen gorabeherak komunikatzeko. Entitate laguntzaile bakoitza arduratuko da emandako posta elektronikoari kasu egiteaz eta ongi funtzionatzen duela ziurtatzeaz.
7.11. Entitate laguntzaileek konpromisoa hartzen dute dirulaguntzaren onuradunek eskaera-orrian eman dituzten datuak eta informazioa inori ez emateko, oinarri hauetan aurreikusten ez den edozein erabileratarako. Bereziki, ez diote inori emanen dokumentuen edo datuen kopiarik. Debekatuta dago dokumentuen eta datuen inolako erreprodukziorik egitea, eta osorik edo partez ezein pertsona fisikori edo juridikori lagatzea.
7.12. Entitate laguntzaileek eta onuradunek komunikazioetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.
8.–Dirulaguntza eskatzeko eta emateko prozedura.
8.1. Laguntzak banakako ebaluazioaren bidez emanen dira. Hortaz, eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera ebatziko dira beti, funtsak agortu arte.
8.2. Dirulaguntza bi fasetan eskatuko da:
–Dirulaguntzaren eskaera-orria aurkeztea.
–Dirulaguntza justifikatzea, xede den jarduketa egin ondoren.
8.3. Dirulaguntzaren eskaera-orriak entitate laguntzaileen zerrenda Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus) argitaratzen den egunetik hasita aurkezten ahalko dira, oinarri hauen 7.5 apartatuan ezarritakoaren arabera.
8.4. Entitate laguntzaileetan bakarrik aurkezten ahalko dira eskaera-orriak, modu telematikoan, Gestam Transportes aplikazioaren bidez.
8.5. Dirulaguntza-eskaerak prestatutako ereduaren arabera aurkeztuko dira. Eredua Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian eskuratzen ahalko da (www.nafarroa.eus), zerbitzuen katalogoan dagokion fitxan. Onuraduna adingabea bada, haren guraso batek edo legezko tutoreak eginen du eskaera haren ordez.
Dirulaguntzaren xede diren konponketak eta mantentze-lanak lantegia entitate laguntzaile gisa atxiki den egunetik aurrera egindakoak izan beharko dira, eta dirulaguntza Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak duen diru erabilgarriaren menpe egonen da. Ulertuko da lan horiek fakturan ageri den egunean eginak direla.
8.6. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, Datuak Egiaztatzeko eta Kontsultatzeko Sistemaren bidez, dirulaguntza eskatzen duen pertsonaren edo, hala badagokio, ordezkariaren nortasuna (NANa edo AIZa) eta bizilekua kontsultatuko ditu. Eskatzaileak kontsultaren aurka dagoela adierazten badu, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu eskaera-orriarekin batera:
a) Identifikazio pertsonalerako agiria (NANa edo AIZa).
b) Nafarroan erroldatuta egotearen ziurtagiria.
Eskatzaileek modu arrazoituan adierazten ahalko dute aipatutako kontsultak egitearen aurka daudela, inprimaki hau beteta: https://www.aepd.es/sites/default/files/2019-09/formulario-derecho-de-oposicion.pdf Inprimaki hori, hala badagokio, eskaera-orriarekin batera aurkeztu beharko da.
8.7. Dirulaguntzen eskaera-orriak aurkezteko epea 2026ko irailaren 4ra artekoa da.
8.8. Dirulaguntza eskaerak automatikoki onartuko dira tramitatzeko, seigarren oinarrian ezarritako aurrekontu-kreditua gainditzen ez den bitartean. Tramitatzeko onartzen direnean, eskatzaileei komunikatuko zaie, eman duten helbide elektronikoaren bidez.
8.9. Aurkeztutako dirulaguntza eskaeren zenbatekoa seigarren oinarrian ezarritako aurrekontuko zuzkidura adinakoa denean, entitate laguntzaileek eskaerak jasotzen jarraitzen ahalko dute, baina ez dira tramitatzeko onartuko, eta itxarote-zerrenda bat osatuko dute. Aurkeztutako dirulaguntzak justifikatzeko fasean kreditu nahikoa geratzen bada, aurkeztutako eskaerei esleituko zaie, itxarote-zerrendako hurrenkerari jarraikiz. Eskaerok tramitatzeko onartuko dira, eta horren berri emanen zaie eskatzaileei eta entitate laguntzaileari, emandako helbide elektronikoaren bidez.
8.10. Webgune bat gaituko da eskatzaileek beren eskaeren egoera kontsulta dezaten (tramitatzeko onartua, justifikatua, ikuskatua, ordaindua), edo eskaera itxarote-zerrendako zer postutan dagoen begiratu dezaten. Halaber, seigarren oinarrian ezarritako aurrekontu-kreditua agortzen denean horren berri emanen da.
8.11. Eskatzaileak dirulaguntzaren eskaera bertan behera uzten ahalko du, eskaera tramitatu duen entitate laguntzailearen bidez.
9.–Dirulaguntzaren justifikazioa.
9.1. Jarduketa egin ondoren, entitate laguntzaileek modu telematikoan aurkeztu beharko dituzte eskaera bakoitzari dagozkion frogagiriak. Hauek izanen dira:
a) Faktura, non agertuko baitira eskatzailearen datuak eta egindako jarduketak. Dirulaguntza honen xede diren jarduketei dagozkien fakturak baizik ez dira onartuko, oinarri hauen 2.1 atalean ezartzen denaren arabera.
b) Egindako ordainketaren frogagiria.
c) Bizikletaren argazkia.
Entitate laguntzaileek formatu digitalean (PDF edo JPG formatuan) aurkeztuko dute adierazitako dokumentazio guztia, Gestam Transportes aplikazioaren bidez.
Entitate horiek bi urtez gorde beharko dituzte jatorrizkoak. Bi urte horietan, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak dokumentazio hori aurkezteko eskatzen ahalko du.
9.2. Dirulaguntzaren eskaera-orria aurkeztu eta gero, lau hilabeteko epea egonen da jarduketak justifikatzeko, laguntza-programa ixteko egunera arte (2026ko irailaren 30a).
9.3. Eskaeran zuzenketarik egin behar bada edo hari buruzko azalpenik behar bada, entitate laguntzaileari eskatuko zaio –edo eskatzaileari, entitate laguntzailearen bidez–, eta errekerimendua jakinarazten zaionetik 10 egun baliodun izanen ditu erantzuteko. Epe hori amaituta, eskatzaileak atzera egin duela ulertuko da.
10.–Dirulaguntza ematea eta ordaintzea.
10.1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak, eskaerak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari igorriko dio dirulaguntzak eman eta ordaintzeko proposamena. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
10.2. Ezetsi eginen dira programa ixten den egunean, oinarri hauen 9.2 puntuan adierazitakoan, justifikatu gabe dauden edo aurrekontu-krediturik ez izateagatik tramitatzeko onartu ez diren dirulaguntza eskaerak.
10.3. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia da. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta eman eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da, dirulaguntza eskaeraren frogagiriak aurkezten diren egunetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 21. artikuluarekin bat, ebazpen horretan, gutxienez, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da, eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsi direnak. Jakinarazpena egiteko, ebazpena Nafarroako Gobernuaren web-atarian argitaratuko da (www.nafarroa.eus), deialdiari dagokion atalean.
10.4. Dirulaguntza ordainduko da onuradunak dirulaguntzaren eskaera-orrian eman duen banku-kontuan.
11.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
11.1. Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako laguntzak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basearen bitartez, honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
11.2. Halaber, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren web-atarian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein aurrekontu-programari eta -kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
12.–Onuradunen betebeharrak.
12.1. Dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea aurreko oinarrietan ezarritako moduan.
b) Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak, laguntzen xedea ikuskatzeko eginkizunak betetzeko, eskatzen dien informazio guztia ematea.
c) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
12.2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru-lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
13.–Beste laguntza batzuekiko bateraezintasuna.
Dirulaguntza hau bateraezina da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz atzerrikoek, helburu bererako ematen dituzten bestelako dirulaguntza edo laguntzekin.
14.–Publizitatea.
Entitate laguntzaileek, deialdi honi buruz egiten duten edozein adierazpenetan, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusia aipatu behar dute.
15.–Aplikatu beharreko araudia.
Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
16.–Errekurtsoak.
Deialdi hau edo oinarri arautzaileak aplikatuz emandako egintzen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Iragarkiaren kodea: F2602578
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
