53. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

1205E/2026 EBAZPENA, otsailaren 6koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, Foruzaingoko buruaren esku uzten dituena langileriaren, kontratazio publikoaren eta trafikoaren arloko zenbait eskudantzia.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak 11. artikuluan xedatzen duenarekin bat, Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dute esleituak dituzten eskumenen erabilera eskuordetzea kasuan kasuko administrazioko maila bereko edo baxuagoko beste organo batzuei, hierarkikoki beren menpe ez badaude ere.

Artikulu horrek ezartzen duenez, eskumenen eskuordetzea noiznahi egin edo errebokatu daiteke, organo eskuordetzaileak onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ezartzen du, halaber, eskuordetze baten bidez ematen diren administrazio egintza eta ebazpenetan inguruabar hori azaldu beharko dela berariaz eta, ondorio guztietarako, organo eskuordetzaileak emanak balira bezala hartuko direla.

Departamentuaren jarduerak betetzean beharrezkoa den eraginkortasuna eta azkartasuna lortzeko, egokitzat jotzen da Foruzaingoko buruaren esku uztea langileriaren eta kontratazio publikoaren arloko eta trafikoaren arloko zenbait eskudantzia.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Foruzaingoko buruaren esku uzten dira Barneko zuzendari nagusiari dagozkion eskudantzia hauek:

1.1. Langileriari dagokionez:

a) Langileak zuzentzeko eta antolatzeko ahalmenak erabiltzea, haien mailarekin eta izendapenarekin bat datozen zereginak eta eginkizunak esleitzekoak barne.

b) Aparteko orduak egiteko baimena ematea, arauz ezarritako baldintzetan.

c) Arauz ezarritako oporrak, lizentziak eta baimenak ematea.

1.2. Horretaz gain, Nafarroako Foruzaingoko kideei dagokienez:

a) Langileen lanaldia murrizteko eskabideen gainean ebaztea, kasuan kasuko unitate organikoko arduradunak txostena eman ondoren, hala behar bada.

b) Langileen lanera etortzeak kontrolatzeko sistema kudeatzea.

c) Aldi baterako ezintasuneko egoeran dauden langileen baja-parteak, baja berresteko parteak eta alta-parteak kudeatu eta izapidetzea.

d) Aplikatu beharreko araudian jasotako bateragarritasun baimenak izapidetzea eta ebaztea.

1.3. Kontratazio publikoaren arloan:

a) Kontratazio publikoaren gaineko eskumenak, bere eskumen esparruaren barnean.

1.4. Trafikoaren arloan:

a) Ibilgailuen hondar-tratamenduari buruzko eskumenak eta ordezko esleipenari buruzkoak, zeinak, hurrenez hurren, zehaztuak baitaude Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 106.1 artikuluaren a) eta b) letretan eta 106.3 artikuluan.

2. Eskuordetze honen bidez ematen diren ebazpen guztietan, horren berri eman beharko da espresuki, eta ebazpen horiek Barneko zuzendari nagusiak emanak balira bezala hartuko dira ondorio guztietarako.

3. Indarrik gabe uztea Barneko zuzendari nagusiak irailaren 29an emandako 151/2023 Ebazpena, Foruzaingoko buruaren esku uzten dituena langileriaren eta kontratazio publikoaren arloko zenbait eskudantzia.

4. Ebazpen hau igortzea Foruzaingoko buruari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuari eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko otsailaren 6an.–Barneko zuzendari nagusia, Salvador Díez Zapata.

Iragarkiaren kodea: F2602946