2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Hiri-jarduketarako plan berezia, UI XXIII-ko ZNO-1 zonako plan partzialaren UM3ko P2 lurzatian. Hasierako onespena
Iruñeko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2026ko otsailaren 23an, honako erabaki hau hartu zuen:
JOB 23-FEB-26 (7/UV).
«Iruñeko Udalak hiri-jarduketarako plan berezi bat egin nahi du UI XXIII-ko ZNO-1 zonako plan partzialaren UM3ko P2 lurzatian, haren jabe bakarra baita, egungo plangintzan ezarritako ekonomia-jarduera aldatzeko xedez nagusiki, bizitegi kolektiboko erabilera ezartzeko haren ordez, etxebizitza babestuetarako, bat etorriz Iruñeko Udalaren Etxebizitza Eskuragarrien Udal Planean ezarritako behar eta helburuekin.
Tabuenca, Saralegui y Asociados SLPk, Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziak enkargua egin ondoan, aldez aurretik parte hartzeko prozesua prestatu eta egin zuen. Prozesu hori onetsi zen Iruñeko Udaleko alkateak 2025eko irailaren 12an emandako ebazpen baten bidez.
Parte hartzeko prozesua bukatuta, Tabuenca, Saralegui y Asociados SLPk hiri-jarduketarako plan bereziaren agiri bat aurkeztu zuen 2026ko otsailaren 11n (erregistro-zenbakia: 13266), hasierako izapideak egiteko.
Espedientean ingurumen-txosten bat dago, Iruñeko Udaleko Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako Alorrak egina, baita beste bi txosten ere, Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziako arkitektoak eta legelariak eginak.
Horrenbestez,
ERABAKITZEN DA:
1. Hasiera batez onestea hiri-jarduketarako plan berezia, U.I. XXIII-ko ZNO-1 zonako (Sadar) plan partzialaren UM3ko P2 lurzatian. Iruñeko Udalak sustatu du plan berezia.
2. Agiria jendaurrean jartzea eta entzunaldia ematea, hilabetez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatzen hasita, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 72. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina). Epe horretan, egokitzat jotzen diren alegazio-idazki guztiak aurkezten ahalko dira.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan argitaratzea, eta hari buruzko iragarkiak paratzea Nafarroako Foru Komunitatean editatzen diren egunkarietan.
4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da epea.
5. Agintzea espedientea jendaurrean jar dadila Udaleko Hirigintza Gerentziaren bulegoetan (Armada etorbidea 2, 6. sol., 31002 Iruña), jendearentzako orduetan, bai eta Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoan ere (https://www.pamplona.es/eu/udala/araudia/normativa-en-tramitacion).
6. Erabaki hau igortzea Tabuenca, Saralegui y Asociados SLP taldeari, hark idatzi baitu plana.
7. Behar diren txostenak eskatzea, administrazio-espedientean sartzeko».
Iruñean, 2026ko otsailaren 24an.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.
Iragarkiaren kodea: L2602922