Iragarkia
52. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 12a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
TUTERA
Oposizioa, udaltzainen bost plaza betetzeko
Alkateak otsailaren 24an emandako 910/2026 Ebazpenaren bidez, deialdi bat eta haren oinarriak onetsi ziren, oposizio bidez betetzeko udaltzainen bost plaza (C maila/taldearekin parekatuak).
I. ERANSKINA.–OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da udaltzainen bost plaza oposizio bidez betetzea, Tutetako Udaltzaingoan aritzeko. Honako txanda hauetan banatuta daude, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikuluan ezarritakoarekin bat (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina):
a) 2 plaza txanda irekian: 0506C00206 eta 0506C00228 kodeak.
b) 3 plaza, Nafarroako administrazio publikoetako langileentzako igoera txandan: 0706C00249, 0506C00203 eta 0906C00256 kodeak.
1.2. Igoera txandako plazaren bat bete gabe geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik, txanda irekiko plazei gehituko zaizkie.
1.3. Halaber, igoera txandan hutsik dauden plazak baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditurik ere plaza eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera, ezagutzei buruzko probako puntuazioa, proba fisikoetakoa eta proba psikoteknikoetakoa baturik.
1.4. Tuterako Udalak, alkateak emandako ebazpen baten bidez, deialdi honetako plazen kopurua handituko du, haiei gehituz Tuterako Udalaren 2026rako lan publikoaren eskaintzan sartutakoak. Edonola ere, deialdi honetako plazen kopurua handitzeko erabakia plaza hutsak adjudikatzeko egintzan parte hartzera onartutako izangaien zerrenda argitaratu aurretik hartuko da, eta argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Tuterako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.
Plazen kopurua handitzean, plazak txanda bati edo besteari esleitzeko, kontuan hartuko da abuztuaren 20ko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikulua (LFD horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).
1.5. Deialdi honen bidez polizia izendatzen diren izangaiek beteko dituzte Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean eta lege hori garatzeko araudian ezarritako udaltzain-agenteen eginkizunak, eta haietan aipatu eskubide eta betebeharrak izanen dituzte; gainera, C mailan sailkatuko dira, foru lege horretan ezarritako mailetatik.
1.6. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da.
2.–Aplikatzekoa den araudia.
Prozedura honako arau hauen aplikazio-xedapenen arabera izapidetuko da:
23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa (ondotik egindako aldaketekin).
718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duena.
251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.
113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena.
Aplikagarri diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.
3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
3.1. Txanda irekia.
Oposizio honetan txanda irekian onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea.
b) 18 urte beteak izatea, eta ez izatea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina, indarrean dauden legeekin bat.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide den titulu bat edukitzea, edo edukitzeko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).
Atzerrian eskuratutako titulua izanez gero, haren homologazioa frogatzen duen agiria eduki beharko da eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunean.
d) Behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, bete ahal izateko lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak, eta ez egotea deialdiaren IV. eranskinean baztertua izateko aipatzen diren arrazoi medikoek ukiturik.
e) Ez egotea kondenatuta dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez egotea eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor- eta administrazio-arloetako arauei jarraikiz.
f) A2 eta B motako ibilgailuak gidatzeko gidabaimenak izatea, indarrean.
g) Konpromisoa hartzea armak aldean eramateko eta, behar denean, erabiltzeko. Konpromisoa hartuko da eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez.
h) Haurrendako eta nerabeendako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere.
3.2. Igoera-txanda.
Txanda irekiko izangaiei eskatutako baldintzez gain, igoera txandako izangaiek baldintza hauek ere bete beharko dituzte:
a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, eta Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea, Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez egin dituztela benetan zerbitzuak kidego horietan.
b) Deialdiko plaza hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.
c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, barne-igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.
3.3. Baldintza horiek guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, 3.1.f) apartatukoa izan ezik; hari dagokionez, aski izanen da betetzea oinarrizko prestakuntza ikastaroa (deialdiaren 7.3.5 apartatua) egiteko izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako.
4.–Eskabideak.
4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak zer epetan eta non aurkeztu behar diren.
1.–Eskabideak.
1.1.–Deialdian parte hartzeko eskabideak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (sede.tudela.es); "Trámites destacados-Empleo Público" atalean sartuta, deialdiari dagokion aipamenean. Aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
1.2.–Eskabideak aurkeztu behar dira sede.tudela.es helbideko "Trámites destacados-Empleo Público"atalean, deialdiaren aipamenean, ageri den eredua erabiliz, eta, eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute deialdiko baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean (salbu 3.1.f apartatuko baldintzari buruz ezarritakoa).
4.2. Izangaiek parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, bi aldeena.
b) Batxilergoko edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketako tituluaren fotokopia edo horien baliokide den titulu batena, bi aldeena.
c) Igoera txandako izangaiek abiaburuko lanpostua, maila eta bertan duten antzinatasuna frogatzen dituen agiria aurkeztu beharko dute, zein administraziotakoak diren, hartan ziurtagiriak emateko eginkizuna esleitua duen organoak emana.
5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.
5.1. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkateak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean. Horretarako, bi zerrenda eginen dira: 1. Txanda irekiko izangaiak. 2. Igoera txandako izangaiak.
5.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratu eta hamar egun balioduneko epean, baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, hala behar bada, egindako akatsak zuzendu.
5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta, halakorik bada, horiek ebatzi ondoren, Tuterako Udaleko alkatearen ebazpen baten bidez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko dira, eta adierazitako euskarri berberetan argitaratuko dira.
5.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Baldin eta hautapen prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
6.–Kalifikazio epaimahaia.
6.1. Osaera.
Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
–Epaimahaiburua: Fernando Ferrer Molina, Tuterako Udaleko zinegotzia.
–Ordezkoa: Laura Casanova Sainz-Aja, Tuterako Udaleko zinegotzia.
–Epaimahaikidea: Ainhoa Lizuain Hernando, Tuterako Udaltzaingoko inspektoreordea.
–Ordezkoa: Ignacio Pérez Arnaiz, Tuterako Udaltzaingoko inspektoreordea.
–Epaimahaikidea: Fernando García Izquierdo, Tuterako udaltzain-agentea.
–Ordezkoa: Iñaki Osta Lombardo, Tuterako udaltzain-agentea.
–Epaimahaikidea: Carlos Navarro Izal, Langileen Batzordeak izendaturiko ordezkaria.
–Ordezkoa: José Miguel Catalán Ayuso, Langileen Batzordeak izendaturiko ordezkaria.
–Idazkaria: Vicente Catalán Oiz, Tuterako Udaleko erdi-mailako teknikaria.
–Ordezkoa: Montserrat León Santesteban, Tuterako Udaleko administrari-ofiziala.
6.2. Eraketa eta jarduna.
Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da epaimahaia. Aldez aurretik epaimahaiburuak horretarako deialdia eginen du.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien legezko ordezkoek egon beharko dute bertan.
Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak.
Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo eskudunari horren berri eman, baldin eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean badaude (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).
Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
7.–Oposizioa nola eginen den.
7.1. Oposizioak bi fase izanen ditu:
Lehen fasea: ezagutzei buruzko probak, proba fisikoak, proba psikoteknikoak eta osasun probak eginen dira.
Bigarren fasea: oinarrizko prestakuntza ikastaro bat gainditu beharko da.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.
7.2. Probetarako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun-agiri nazionala eraman beharko dute edo, bestela, pasaportea, gidabaimena edo beste agiriren bat, epaimahaiaren iritziz izangaia nor den frogatzen duena. Oposiziotik kanpo geldituko dira iragarritako egun, ordu eta tokietan agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.
Proba bakoitzaren kalifikazioa burututakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Tuterako Udalaren egoitza elektronikoko (sede.tudela.es) "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean, bai eta Enplegu Publikoaren iragarki-taulan ere, eta bost egun naturaleko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkez ditzaten.
Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira, eta horiek ere argitaratuko dira aipatu euskarrietan; proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak adieraziko dira, bai eta hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago.
7.3. Prozeduraren faseak, dokumentazioa, ikastarorako behin betiko onarpena, praktiketako funtzionarioen izendapena eta oinarrizko prestakuntza ikastaroa.
7.3.1. Prozeduraren faseak:
Hautapen prozesuaren lehen fasean honako proba hauek izanen dira:
a) Proba teorikoa.
Test motako ariketa bat egin beharko da, deialdi honen II. eranskineko gaiei buruzkoa.
Zehazki, idatziz erantzun beharko zaio 100 galdera teoriko-praktikoz osatutako galdera sorta bati. Galdera guztietan hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da balioduna. Erantzun zuzen bakoitzak 1,50 puntuko balioa izanen du, eta erantzun okerrek 0,50 puntuko balio negatiboa izanen dute.
Galdera guztiei balorazio bera emanen zaie.
Izangaiek ariketa hori egiteko bi ordu izanen dituzte gehienez ere.
Proba honetan 150 puntu lortzen ahal dira gehienez. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 75 puntu lortzen ez dituztenak. Kontuan hartu beharko da, orobat, zer dagoen jasota b) apartatuan izangaiei gaitasun fisikoa neurtzeko probara deitzeari buruz.
Proban, erreserbako hamar galdera gehigarri izanen dira, azterketako galderaren bat kendu behar bada ere, akatsa izateagatik. Hala ere, epaimahaiaren ustez galdera oker gehiago badago, kendu eginen dira, eta ez dira kontuan hartuko azterketa zuzentzeko.
b) Gaitasun fisikoa neurtzeko probak.
Deialdiko III. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira; baztertzaileak izanen dira.
Gaitasun fisikoa neurtzeko probara egitera soilik dei eginen zaie proba teorikoa gainditzen dutenei.
Proba honen kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da. "Gai" kalifikazioa eskuratzeko, izangaiek ariketa guztiak gainditu beharko dituzte. Epaimahaiak ezarriko du proba honetako ariketak egiteko ordena, eta erabakiko du egun bakarrean ala gehiagotan egin beharko diren.
Epaimahaiak, probak egiteko laguntzaileak edukitzea erabakitzen badu, behar besteko aurrerapenaz argitaratuko du langile horiei buruzko informazioa.
Epaimahaiak erabakiko du zer ordenatan eginen diren proba fisikoak. Gerta liteke egun berean egitea guztiak, edo batean baino gehiagotan.
Deialdiko III. eranskinean ezartzen diren gutxieneko markak gainditzen ez dituzten izangaiak baztertuta geratuko dira, bai eta dopinaren kontrako kontrolen batean positiboa ematen dutenak ere.
Hona hemen proba osatzen duten ariketak, zeinak "gai" edo "ez gai" gisa kalifikatuko baitira:
–Pisua jasotzeko proba (bankako press-a).
–Uretako trebetasun proba.
–Zalutasun proba (Barrow testa)
–Erresistentzia-proba (Course Navetteren testa).
Izangai guztiak behartuta egonen dira dopinaren kontrako kontrola egitera, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Behar den organo espezializatuak eginen ditu analisiak, jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko. Hala, debeku dira hainbat substantzia, gai farmakologiko, dopin-metodo eta manipulazio. Horiek guztiak jasota daude Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzaren 2025eko abenduaren 2ko Ebazpenaren I. eranskinean; ebazpen horren bidez onetsi zen kirolean debekatuta dauden substantzia eta metodoen zerrenda (2025eko 295. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abenduaren 9koa).
Bazterturik geldituko dira kontrol horretan emaitza positiboa ateratzen duten izangaiak eta, orobat, kontrola egitea onartzen ez dutenak.
Erantzukizunpeko adierazpena. Proba fisikoak hasi baino lehen, izangaiek erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko dute. Bertan berariaz adieraziko dute badituztela proba egiteko baldintza fisiko eta osasun-baldintza nahikoak. Adierazpen hori berariaz ezartzen den moduan eta epean aurkeztu beharko da, betiere proba fisikoak egin aurretik. Proba egiteko eskubidea galduko dute adierazpena sinatzen ez dutenek edo hura sinatzeko moduan ez daudenek, eta prozesutik kanpo geldituko dira, ondorio guztietarako.
Ziurtagiri hori aurkezten ez dutenek bigarren probako ariketa guztiak egiteko eskubidea galduko dute, eta prozesutik baztertuta geldituko dira, ondorio guztietarako.
Bigarren proba honetako ariketa fisikoak ikus-entzunezko baliabideen bidez grabatzen ahalko dira, epaimahaiak proben emaitzak erregistratu eta balora ditzan soilik, oinarri hauetan ezarritakoaren arabera.
c) Gaitasun psikoteknikoaren proba.
Proba batzuk egin beharko dira, neurtu dadin izangaiak noraino egokitzen diren lanpostuaren ezaugarri profesiografikoaren eskakizunetara. Proba hauek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalak eginen ditu, edo erakunde horrek izendatzen dituen langileek, eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.
Gaitasun psikoteknikoaren proban 50 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Bazterturik geldituko dira gutxienez 25 puntu lortzen ez dituztenak.
Proba fisikoak gehi proba teorikoa gainditzen dituzten izangai guztiek eginen dituzte gaitasun psikoteknikoaren probak.
d) Proba medikoak.
Proba psikoteknikoak gainditzen dituzten izangaiei, deialdiko lanpostuak baino gehiago badira, eta epaimahaiak zehazten duen kopuruan, osasun probak egitera dei eginen zaie, gaitasun psikofisikoa egiaztatu beharrez, jarraikiz deialdiaren 3.1 apartatuaren d) letran ezarritakoari. ASPY Prevención-ek eginen du osasun azterketa.
Izangaiak "gai" edo "ez gai" kalifikatuko dira, ASPY Prevención-ek igorritako txosten medikoen arabera. "Gai" kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.
Dauden plaza guztiak zehaztu (1.4 oinarrian ezarritakoarekin bat, deialdian onetsitako plazen kopurua handitzeko aukerari dagokionez) eta epaimahaiak osasun azterketaren balorazioak jaso ondoren, epaimahaiak izangai onartuen zerrenda prestatuko du, plaza hutsak adjudikatzeko ekitaldian parte hartzeko, betiere lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta txanda irekia eta igoera txanda kontuan harturik.
7.3.2. Plazen adjudikazioa:
a) Adjudikazioen ekitaldia eginen da prestakuntza ikastaroaren aurretik, zehazteko nork duten sarbidea bete beharreko postuetarako.
b) Ekitaldi horren helburua da dauden plazak betetzea, hautaprobetan lortutako puntuazio handienaren arabera.
c) Epaimahaiak bi zerrenda eginen ditu horretarako, guztirako puntuazio handienetik txikienera ordenatuta: bat igoera txandako izangaiena eta beste bat izangai guztiena. Dei egiten hasiko da, ordenaren arabera, lehenik igoera txandako zerrendan agertzen direnei, txanda horretako plaza hutsak adjudikatzeko. Plaza horiek bete ondoren, gauza bera eginen da izangai guztiak jasotzen dituen zerrendarekin, igoera txandako plaza hutsak adjudikatu zaizkienak kenduta, txanda irekiko plazak betetzeko.
d) Ekitaldi honetan plaza lortzen duten izangaien zerrenda behin-behineko proposamena izanen da oinarrizko prestakuntza ikastarorako. Proposatutakoen kopurua ez da inolaz ere izanen deialdiko plaza kopurua baino handiagoa. Epaimahaiak jendaurrean jarriko du zerrenda Tuterako Udalaren egoitza elektronikoko (sede.tudela.es) "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.
7.3.3. Dokumentazioa eta ikastarorako behin betiko onarpena:
Oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, behin-behinean onartutakoek frogatu beharko dute, hamar egun naturaleko epean, ikastaro horretarako onartutakoen behin-behineko zerrenda Tuterako Udalaren egoitza elektronikoko (sede.tudela.es) "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean, argitaratzen denetik hasita, deialdiaren 3.1 apartatuko e), f), g) eta h) baldintzak betetzen dituztela. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute telematikoki, eta epaimahaiko idazkariari zuzendua, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (sede.tudela.es):
–Deialdian eskatutako gidabaimenen fotokopia konpultsatua, bi aldeena.
–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela kondenatua dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.
–Justizia Ministerioaren mendeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, frogatzen duena ez dagoela izangaiaren aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.
–Erantzukizunpeko adierazpena, zeinaren bidez konpromisoa hartzen baita armak eramateko eta, behar denean, horiek erabiltzeko.
–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.
–Hala behar denean, deialdiko 8.2 apartatuaren laugarren paragrafoan aipatzen den aukeraz baliatzeko agiria.
Aurreko izapideak egin eta gero, epaimahaiak oinarrizko prestakuntza ikastaroan onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko du, puntuazio handienetik txikienera ordenatuta, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), Enplegu Publikoaren iragarki-taulan eta "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean. Baldin oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinean onartutako izangairen batek ez badu eskatutako dokumentazioa aurkezten, horren ordez beste bat jarriko da, hain zuzen ere probak gainditu eta baldintzak betetzen dituztenen artean puntuazio handiena duen izangaia.
7.3.4. Praktiketako funtzionarioaren izendapena:
Polizia izateko oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartzen duten izangaiak Tuterako Udaleko praktiketako funtzionario izendatuko dira Alkatetzaren ebazpen baten bidez, salbu aitzinetik Nafarroako Administrazio Publiko bateko funtzionarioak direnak.
7.3.5. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa:
Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du oinarrizko prestakuntza ikastaroa, eta baztertzailea izanen da. Ikastaroak jarraituko die irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuari eta aplikagarriak diren gainerako xedapenei (aipatutako foru dekretuak onetsi zuen Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua).
Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34.3 eta 45.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, gainditu badu, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko, egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroetako edukien berdintasuna edo baliokidetasuna frogatzen duena, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori aipatu eskolak emanen du, interesdunak eskatuta. Behin ikastaroaren edukia berdina edo baliokidea dela egiaztatuta, puntuazio proportzionala aterako da, bai ikastaroaren puntuazio orokorrarena, bai ikastaroaren barruko arlo bakoitzarena.
Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren eginkizunetako bat izanen da eginkizun berberak edo antzekoak dituzten erakunde publikoek emandako ikastaro eta diplomak osorik edo partez baliozkotzea, bai eta eskolak berak lehenago emandakoak ere, baldin eta eduki-baliokidetasuna badago. Horrelakoetan, behar den puntuazioa esleituko du.
Izangaiak, prestakuntza ikastaroak dirauen bitartean, C mailaren hasierako soldata jasoko du, bai eta familia-laguntza ere, hala badagokio.
Oinarrizko prestakuntza ikastarora sartzen diren langile finkoek jatorrizko lanpostuaren ordainsaria jasoko dute, hori handiagoa baldin bada praktiketako funtzionarioari dagokiona baino.
Bestetik, Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik afiliatuta bazeuden Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste erregimen batean; kasu horretan, horrexetan segituko dute.
Praktiketako funtzionario izateak ez dakar berekin eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik.
Oinarrizko prestakuntza ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Hori gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Epaimahaiak jakinaraziko dio baja hori Udalari.
Oinarrizko prestakuntza ikastaroan onartua izan baino lehen egindako osasun azterketaz gain, ikastaroa egin bitartean edo hura bukatutakoan, izangaiek agintzen zaizkien proba mediko guztiak pasatu beharko dituzte, deialdiaren 3.1.d) apartatuan aipatzen den baldintza betetzen segitzen dutela frogatzeko. Proba horien bidez atzematen bada badela baztertzeko arrazoirik, epaimahaiak aginduko du horiei baja emateko hautapen prozesutik, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.
Oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditzen duten izangaiek, eta hautapen prozesuan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baja ematen ez bazaie, praktiketako funtzionarioak izaten segituko dute plazaz jabetu arte.
–Oinarrizko prestakuntza ikastaroan, izangaiak "gai" edo "ez gai" kalifikatuko dira, ateratako puntuazioaren hurrenkeran. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak aipatutako ikastaroan ematen dituen kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio epaimahaiarendako.
Oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditzen ez duten izangaiak deialditik bazterturik geldituko dira.
7.3.6. Azken kalifikazioa. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, batuko dira hautapen prozesu osoko puntuazioak, hau da, hautapen fasean lorturiko puntuazioak.
8.–Izendapena eta plazaz jabetzea.
8.1. Izendapena.
Oinarrizko prestakuntza ikastaroa bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta gainditu dutenak izendatzeko proposamena igorriko du.
Oinarrizko prestakuntza ikastaroa bukatu, eta izangaiek zin egin edo hitzeman beharko dute errespetatuko eta defendatuko dutela Nafarroako Foru Eraentza, men eginen dietela Konstituzioari eta legeei, eta zintzo beteko dituztela karguari dagozkion betebeharrak.
Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondotik, alkatearen ebazpen baten bidez, Tuterako Udaleko udaltzain eta funtzionario izendatuko dira oposizioa gainditu duten izangaiak, txanden eta lortutako azken puntuazioaren hurrenkeraren arabera, aurreko apartatuan ezarritakoa bete badute.
Izendapena argitaratuko da Tuterako Udalaren egoitza elektronikoko (sede.tudela.es) "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
8.2. Plazaz jabetzea.
Izangaiek izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko dute plazaz. Plazaz jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izaera galtzea.
Ezarritako egunean plaza hartzen ez dutenek Tuterako Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko dituzte, ezinbesteko kasuetan izan ezik.
Halaber, ikastaroa baliokidetu zaion izangaiak hautatutako polizian sartu ondoren, jabetza hartzeak berekin ekarriko du une horretara arte edukitako lanpostuari berariaz uko egitea, eta lanpostua gelditzea gorde gabeko borondatezko eszedentziaren egoeran.
Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede diren plazetarako izendatuak izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiak afiliatuko dira Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean, eta alta emanen zaie erregimen horren babesean, salbu eta lehendik afiliaturik badaude Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzaren beste erregimen batean; halakoetan, eta izendatu aurretik, aukeratzen ahalko dute babes erregimen horretan segitzea ala Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean afiliatzea.
9.–Datu pertsonalak babestea.
Tuterako Udala da datuen tratamenduaren arduraduna, enplegu-deialdiak kudeatzeko helburuz eta botere publikoak baliatuz erabiliko diren datu pertsonalei dagokienez.
Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, eta interesdunak eskabidea aurkeztean emaniko adostasuna.
Datuak gordeko diren denbora: datuak edukiko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Datuen hartzaileak: datuak organo judizialei eta ordezkari sindikalei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta Udalaren webgunean eta iragarki-taulan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.
Eskubideak: jakinarazten dizugu badituzula datuetara irispidea izateko eskubidea, datu horiek zuzentzeko eskubidea, zuzenak ez badira, eta datuak ezerezteko eskubidea, bai eta beste eskubide batzuk ere. Horiek erabiltzeko, jo beharko duzu Erregistro Orokorrera (Plaza Vieja 1, 31500 Tutera), edo egoitza elektronikora (sede.tudela.es). Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan; horretarako, idazki bat bidali behar dute haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril) edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.
10.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA
1. Espainiako 1978ko Konstituzioa. Hitzaurrea. Atariko titulua. I. titulua: Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. III. titulua: Gorte Nagusiak. IV. titulua: Gobernua eta Administrazioa. VI. titulua: Botere Judiziala.
2. 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Udalerria. V. titulua: Toki-erakundeei buruzko xedapen komunak. VII. titulua: Toki-erakundeen zerbitzurako langileak. X. titulua: Biztanleria handiko udalak antolatzeko araubidea. XI. titulua: Zenbait arlotako arau-hauste eta zehapenen tipifikazioa toki-erakundeetan.
3. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. tituluaren barnean: Toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa, I. kapitulua: Udalerriak. III. tituluaren barnean: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea, I. kapituluko 1. atala eta 2. atala: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamendua.
4. 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.
5. 2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa.
6. 4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.
7. 23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.
8. 6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, Habeas Corpus Prozedura arautzen duena.
9. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea. atariko titulua: Xedapen orokorrak. I. titulua: prozeduran interesdun direnak, I. kapitulua: jarduteko gaitasuna eta interesdunaren kontzeptua. II. titulua: administrazio publikoen jarduera, I. kapitulua: jarduketarako arau orokorrak eta II. kapitulua: epemugak eta epeak. III. titulua: administrazio egintzak, I. kapitulua: administrazio egintzen betekizunak, II. kapitulua: Egintzen efikazia. III. kapitulua: deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. V. titulua: egintzak bide administratiboan berrikustea, I. kapitulua: ofiziozko berrikuspena, eta II. kapitulua: administrazio errekurtsoak.
10. Etika eta deontologia poliziala: 690/1979 Ebazpena, Europako Kontseiluaren Parlamentu Biltzarrak emana, poliziaren gaineko deklarazioa egiten duena.
11. 10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa: Atariko titulua: zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa. I. titulua: arau-hauste penala. II. titulua: delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak. III. titulua: zigorrak. I. kapitulua: Zigorrak, motak eta ondoreak.
12. 5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen erantzukizun penala arautzen duena. Atariko titulua. I. titulua: legearen aplikazio esparrua. II. titulua: neurriak. III. titulua: prozeduraren instrukzioa.
13. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa. I. eta II. tituluak.
14. 14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa, poliziaren arreta eta babes eraginkorra. I. titulua: Xedapen orokorrak. VII. titulua: Poliziaren arreta eta babes eraginkorra.
15. Tuterako Udalaren Emakumeen eta Gizonen arteko Aukera Berdintasunerako Plana eta Tuteran emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko jarduera koordinatzeko tokiko lehen protokoloa: 2. kapitulua: Tuterako Udalaren erabakia. 3. kapitulua: Protokoloaren xedea eta helburuak. 6. kapitulua: Jarduera-prozedurak arloka: Hastapenak. 6.2. kapitulua: Polizia arloko jarduera-prozedura. 6.3. kapitulua: Udaltzaingoaren jarduera-prozedura. 9. kapitulua: Arreta emateko udal baliabideak emakumeen kontrako indarkeriaren esparruan.
16. 1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, Zirkulazio Erregelamendu Orokorra onesten duena, aplikatuz eta garatuz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna –zeina onetsi baitzen martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez–.
17. 2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena. 201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Ikuskizun Publikoen eta Josteta Jardueren Ordutegi Orokorra arautzen duena. 202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa onetsi eta enpresen eta lokalen erregistroak arautzen dituena.
18. 1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, Prozedura Kriminalaren Legea onesten duena: II. liburua: I. titulua: Salaketa. III. titulua: Polizia judiziala. VI. titulua: zitazioa, atxiloketa eta behin-behineko espetxeratzea. VIII. titulua: I. kapitulua: toki itxian sartu eta hori miatzea. IV. liburua: prozedura bereziak, II. titulua: prozedura laburtua, II. kapitulua: polizia judizialaren eta fiskaltzaren jarduketak. III. titulua: delitu jakin batzuk azkar epaitzeko prozedura.
19. Tuterako Udaleko udal ordenantza ez fiskalak:
19.1. Koadrila gelatako lokalak arautzen dituen ordenantza.
19.2. Udal ordenantza, arautzen duena terrazak, beladoreak eta barra-mostradoreak paratzea jabari eta/edo erabilera publikoko eremuetan.
19.3. Udal ordenantza, gizalegezko jokaeren sustapenari eta Tuterako espazio publikoen babesari buruzkoa.
19.4. Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Plana.
19.5. Tuterako taxien hiriko zerbitzu publikoaren gaineko ordenantza.
20. Tuterako Udaleko udal ordenantza ez fiskalak:
20.1. Ordenantza fiskala, tasak arautzen dituena ibilgailuak espaloietan barna sartu eta ateratzeko eta bide publikoa erreserbatzeko, ibilgailuak gelditzeko eta edozein motatako salgaien zamalanak egiteko (4. ordenantza fiskala).
20. Ordenantza fiskala, merkatu txikietan lurzorua okupatzeko tasak arautzen dituena (11. Ordenantza fiskala).
21. Tuterako geografia eta kale-izendegia https://tudela.es/callejero aipameneko testuaren eta planoaren arabera), barnean direla industrialdeetako eta aisialdiguneetako izenak eta kaleak.
22. Gaztelaniaren oinarrizko ortografia.
23. Foru Dekretua, urriaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea garatzeko erregelamendua.
24. 8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa.
25. Udal antolaketa (https://tudela.es/tu-ayuntamiento/organizacion-municipal) eta administrazio-antolaketa (https://tudela.es/tu-ayuntamiento/organizacion-administrativa).
Oharra: gai guztiak baloratuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz, baina egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak ere baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.
III. ERANSKINA.–BIGARREN PROBARI DAGOZKION ARIKETAK (GAITASUN FISIKOA)
1.–Banku press-a.
Deskribapena: banku batean etzanda, ahoz gora, eta oinak euste-zoruan dituela, izangaiak pisu bat goratu beharko du 60 segundoan ahal duen aldi guztietan. Pisua 40 kilokoa izanen da gizonentzako, eta 25 kilokoa emakumeentzako. Bi eskuekin goratuko du pisua, barrari ahurraz heldu eta hatzak itxirik (eskuen arteko distantzia 80 cm izanen da gehienez, neurtuta barrarekin kontaktuan dauden hatz erakusleen arteko tartea). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Izangaiek saiakera bakarra izanen dute proba egiteko.
Ezin da erabili ez eskularrurik, ez heltzea errazten duen beste edozein substantziarik, ez eta jantzia kendu ere, bizkarra bankuan zuzenean bermatzeko. Kamiseta gorputzari itsatsita gelditzen dela bermatu beharko da; galtzaren barrenetik sartu beharko da.
Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du. Ariketak irauten duen denbora guzti-guztian, oinek lurzorua ukitzen egon beharko dute.
Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetu eginen da, eta, beraz, ez da kontatuko.
Kasu hauetan, ariketa bukatutzat emanen da:
–Oin batek edo biek lurzorua ukitzeari uzten badiote.
–Izangaiak, ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.
Puntuazioa: egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:
ZENBAT ALDIZ GIZONEK | ZENBAT ALDIZ EMAKUMEEK | NOTA |
30 baino gutxiago | 20 baino gutxiago | Ez gai |
30 edo gehiago | 20 edo gehiago | Gai |
2.–Uretako trebetasun-proba (50 metro estilo librean).
Baloratuko da arnasa hartzeko mekanismoen kontrola eta ur-ingurunean nola egokitzen den.
Azalpena: joan-etorria egin behar da igerian, crawl estiloan edo estilo librean, 25 metroko igeri-ontzi batean. Igerilekuaren ertzetik atera behar da, irteera-plataforma erabili gabe.
Ezin izanen da erabili ez neoprenozko jantzirik, ez urpeko betaurrekorik, ez eta urpekaritzako beste tresnarik ere, baina bai igeriketa-betaurrekoak. Ezin izanen da proba igerileku barnetik hasi.
Nola eginen den: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia uretara bota eta 50 metro igerian eginen ditu (25 metroko tarte bat joateko eta 25 metro itzultzeko). Igerilekuaren ertzetik irten beharko da, zutik jarrita (bi oinak lurrean), uraren arrasetik eta geldirik egonda. Irteteko, ezin da inolako aulki edo irteera-plataformatara igo.
Saio bakarra eginen da. Saioa baliogabetzat joko da, eta izangaia baztertuko da, baldin eta izangaiak:
–Kortxo-ilarak edo igerilekuko alboko kaleak erabiltzen baditu euskarri moduan edo bulkatzeko.
–Igerilekuaren ertzei heltzen badie atseden hartzeko.
–Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz abiada hartzen badu.
–Kalez aldatzen bada.
–Noranzkoa aldatzean horma ukitzen ez badu.
–Baliorik gabeko bi irteera egiten baditu.
Puntuazioa: honako eskala honen arabera puntuatuko da (denbora segundotan neurtua, segundo-hamarrenak ez baitira kontuan hartuko).
DENBORA (GIZONAK) | DENBORA (EMAKUMEAK) | NOTA |
42" edo gehiago | 48" edo gehiago | Ez gai |
41"9 edo gutxiago | 47"9 edo gutxiago | Gai |
3.–Zalutasun proba. (Barrowen testa).
Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren gibelean.
Nola eginen den: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea "zortzi" baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz osatu beharko dute zirkuitua, lehenik alde batera, eta gero beste aldera (grafikoko A eta B ibilbideak). Ibilbide bakoitzean, bi saiakera egin daitezke. Bigarren saioa eginen da, bakar-bakarrik, baldin lehenbizikoa baliogabea izan bada. Minutu bateko atsedenaldia utziko da bigarren saioa egin baino lehen.
Zirkuituaren eskema:

Proba hau egiteko gehieneko denbora hau da: 25"8 segundo gizonezkoentzat, eta 27"5 segundo emakumeentzat.
Saioa baliogabea izanen da izangaiak honako hauetako bat egiten badu:
–Zutoin bat botatzen badu.
–Zutoin bat hartzen badu, eror ez dadin.
–Izangaia ibilbidetik ateratzen bada, hau da, lasterketako marra idealetik ateratzen bada (nahiz eta ibilbide zuzenetik itzuli).
Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) emandako denbora batuko da, fotozelulak irakurri bezala, ehunenetan, kontuan hartuz ariketa bukatzen dela izangaiak irteera marra berriz gurutzatzen duenean. Segundo-ehunenak alde batera utziko dira. Fotozelula sistemak huts egiten badu, erreserbako eskuzko kronometrajea aplikatuko da.
DENBORA (GIZONAK) | DENBORA (EMAKUMEAK) | NOTA |
25"8 edo gehiago | 27"5 edo gehiago | Ez gai |
25"7 edo gutxiago | 27"4 edo gutxiago | Gai |
4.–Erresistentzia-proba (Course Navette-ren testa).
Nola eginen den: izangaiek 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbide bat egin behar dute, zinta magnetofoniko batek emandako seinale akustikoen bidez markatutako erritmoari jarraikiz, ahalik eta joan-etorri gehien eginez. Izangaiek, seinalea entzuten duten une berean, txandaka zapaldu beharko dituzte ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak, edo marretatik harago. Oin baten gainean bermatuta eman behar da buelta, marra zapalduz edo marratik haratago. Zintak tarte erregularretan emanen du soinua. Probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa izanen da. Izangaiek saiakera bakarra izanen dute proba egiteko.
Testaren helburua da zinta magnetofonikoak markatzen duen erritmoari eustea eskatzen diren tarteak bete arte. Izangaia seinalea entzun baino lehentxeago abiatzen bada, behin baino gehiagotan, abisu bat emanen zaio. Izangaia seinalea baino lehen ateratzen bada, metro bateko tartea gainditurik, probari bukaera emanen zaio besterik gabe. Honako egoera hauetan bukatuko da izangai bakoitzaren proba, eta ordura arte lortutako tarteak kontatuko dira:
–Izangaia gelditzea, salbu eta une batez soilik gelditzen bada, 20 metroen marraren gainean pibotatzen ari denean, seinale akustikoaren zain.
–Izangaia bere kaletik ateratzea.
–Izangaiak ibilbide oso bat ez bukatzea, muturreko marra edo haratago zapaldu gabe utzi duelako.
–Seinale akustikoa entzuten denean, izangaia ez iristea 20 metroen marratik metro bateko eremura.
–Izangaia hiru aldiz jarraian ez iristea muturreko marra edo harago zapaltzera, seinale akustikoak agintzen dionean. Seinaleak jotzen duen unean, marratik metro bateko tartera egotea onartuko da. Segurtasun metroaren barrenean egonda, izangaiak ez badu lortzen marra zapaltzea seinale akustikoak jo baino lehen, abisu bat emanen zaio, kontrolatzailearen ezker-eskuin jarriko den kono baten bidez. Abisu hori kendu eginen zaio baldin eta lortzen badu 20 metroko beste marra ukitzea seinale akustikoak jotzean. Marra ukitzen ez badu, bigarren abisua emanen zaio. Bi abisu dituela, izangaia 20 metroen beste marrara iristen bada seinale akustikoarekin batera, bi abisuak kenduko zaizkio; garaiz iristen ez bada, berriz, hirugarren abisua emanen zaio, eta proba bukatutzat hartuko da.
Puntuazioa: izangai bakoitzak proba bukatzen duen arte egindako tarteen araberakoa izanen da (tarte bakoitza minutu batekoa da gutxi gorabehera), eskala honi jarraikiz:
TARTEAK (GIZONAK) | TARTEAK (EMAKUMEAK) | NOTA |
10,5 baino gutxiago | 8,5 baino gutxiago | Ez gai |
10,5 edo gehiago | 8,5 edo gehiago | Gai |
IV. ERANSKINA.–BAZTERTZEKO ARRAZOI MEDIKOEN TAULA
1.–Ikusmena. Begien sistema.
–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna (begien barneko leiarrak ez dira leiar zuzentzailetzat hartuko ondorio hauetarako):
- 4/10 bi begietan, edo
- 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
- 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.
–Ikuseremu monokularra: Plano horizontalean, ez da 120°-tik beherakoa izanen, eta ez da murrizketa nabarmenik izanen ikuseremuaren ezein meridianotan.
–Diplopia.
–Diskromatopsia larriak.
–Estereopsirik eza.
–Keratotomia erradiala.
2.–Entzumena. Entzumen-sistema.
–500 eta 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB-eko edo gehiagoko galera monoauraleko entzumen-zolitasuna.
–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.
3.–Mintzamena.
–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta disglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazteko modukoak.
4.–Aparatu muskuloeskeletikoa.
–Giltzaduraren baten ankilosia edo galera anatomikoa, eragin funtzionalaren arabera.
–Prozesu artikularrak, ondorio funtzionalen arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.
–Eskoliosiak, 20° baino handiagoak.
–Zifosiak, 30° baino handiagoak.
–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bat-egiteak eta ornoarteko diskoaren nahasmenduak.
–Espondilitis ankilosatzailea.
–Paget-en eritasuna.
–Osteoporosia eta osteomalazia (ondorio funtzionalen arabera).
–Fibromialgia.
–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.
5.–Digestio aparatua.
–Crohn-en gaixotasuna eta kolitis ultzeraduna.
–B eta C hepatitis aktiboak.
–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.
–Gibeleko zirrosia.
–Behazun-zirrosi primarioa.
–Pankreatitis kronikoa.
–Fibrosi kistikoa.
–Abdomeneko paretako herniak, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoak.
–Uzki-esfinterreko ihesa.
6.–Bihotz-hodietako sistema.
–Bihotz-gutxiegitasuna, maila guztietan.
–Arritmia eta blokeoak: eszitazio aurreko sindromeak eta erritmo edo kondukzio kardiakoaren edozein nahasmendu, honako hauek salbu: arritmia sinusala, estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako blokeo aurikulobentrikularra, eskuineko adarreko blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.
–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.
–Balbulopatiak.
–Miokardiopatiak.
–Perikardiopatia kronikoak.
–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.
–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.
–Hipertentsio arteriala (TASa > 140 eta TADa > 90).
–Hipotentsioa (TASa < 90 eta TADa < 45).
–Gutxiegitasun benoso eta linfatikoa.
7.–Arnas aparatua.
–Arnas aparatuko gaitz kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas eritasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).
–Pleurako isuri errepikatuak.
–Berezko pneumotorax errepikatuak.
–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.
–Asma eta bronkioetako hiperreaktibotasuna.
8.–Nerbio-sistema.
–Epilepsia.
–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizatzaileak.
–Neurona motorraren eritasunak.
–Ataxiak.
–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktua, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).
–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.
–Odol-hodien gaitz iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.
–Miastenia larria eta lotura neuromuskularraren bestelako nahasmenduak.
–Bertigoak.
–Siringomielia.
–Hidrozefalia.
–Miopatiak.
–Nerbio-sistema zentraleko lesioaren ondoriozko paralisia.
–Paralisi periferikoak, ondorio funtzionalen arabera.
–Nerbio-sistema periferikoko eritasunak, eragin funtzionalaren arabera.
–Neke kronikoaren sindromea.
–Anosmia.
–Beste nahasmendu motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren nahasmenduak), giza harremanetan eta lanean duten eraginaren arabera.
9.–Nahasmendu psikiatrikoak.
–Nahasmendu mental organikoak, alde batera utzita prozesu automugatuak eta itzulgarriak edo arintzen ari direnak.
–Substantzia psikotropikoak (alkohola barne) kontsumitzearen ondoriozko nahasmendu mentalak eta portaeraren nahasmenduak.
–Eskizofrenia eta beste nahasmendu psikotiko batzuk.
–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, nahasmendu depresibo errepikariak, depresio-aldi larria, nahasmendu distimikoak).
–Antsietate-nahasmenduak, baldin eragin kliniko nabarmena badute.
–Nortasunaren nahasmenduak eta bulkaden kontrolari loturikoak, gizarte-harremanetan eta lanean eragina dutenak.
10.–Aparatu genitourinarioa.
–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Gernu-inkontinentzia.
–Giltzurrun-polikistosia.
11.–Sistema endokrinologikoa.
–Guruin endokrinoen eritasun metaboliko oro, baldin eta zerbitzuari dagozkion eginkizunak betetzea mugatzen edo eragozten badu edo horretarako pronostiko kaltegarria badu.
–Ordezko terapia jarraitua behar duten eritasun endokrinometabolikoak.
–Bestelako eritasun endokrinometabolikoak, pronostikatzeko moduko alterazio morfologiko edo funtzionalak sortzen dituztenak, edo zerbitzuari dagozkion eginkizunak osotara betetzea mugatzen edo eragozten dutenak, edo lanbide jarduerak berak dituen eskakizun operatiboek larriagotzen ahal dituztenak.
–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.
–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Addison-en eritasuna, Cushing-en sindromea, feokromozitoma eta guruin suprarrenalen beste nahasmendu batzuk.
–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.
–Adenomatosi endokrino anizkoitza.
–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
12.–Larruazala, fanerak eta guruin exokrinoak.
–Orbainak eta larruazalaren prozesu kronikoak, baldin poliziaren eginkizunetan aritzeko gaitasuna gutxitzen badute haien zabalerarengatik, ondorio funtzionalengatik eta kokapenarengatik.
13.–Odola eta organo hematopoietikoak.
–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.
–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Sindrome linfougalkor kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en eritasuna.
–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.
–Immunoeskasiak.
–Esplenektomia.
–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo eritropoietina erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.
14.–Bestelakoak.
–Amiloidosia.
–Kolagenosia.
–Lupus eritematoso sistemikoa.
–Artritis erreumatoidea.
–Esklerodermia.
–Sjögren-en sindromea.
–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.
–Obesitatea (gorputz-masaren indizea > 30).
15.–Azalpen orokorrak.
–Patologia baztertzaileak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu eragin funtzionalaren arabera, eta polizia lanetan aritzeari begira eginen den pronostikoaren arabera.
–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Eragin funtzionala duten bestelako gaitzak, zeinahi aparatu edo sistematakoak, baldin polizia lanetan aritzea eragozten badute ebaluazio mahaiaren iritziz.
Tuteran, 2026ko otsailaren 25ean.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.
Iragarkiaren kodea: L2603030
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
