52. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ERROIBAR

Oposizio-lehiaketa, brigadarako zerbitzu anitzetako langile lanpostu bat betetzeko, Erroibarko Udalerako

2025eko urriaren 7ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, Erroibarko Udalaren zerbitzurako zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, aldizkako langile finko gisa, oposizio-lehiaketa bidez eta lan araubidean betetzeko deialdiaren oinarriak onartu dira. Hona hemen:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, lan-araubidekoa, aldizkako langile finko gisa, Erroibarko Udalaren plantilla organikoan identifikatua (2025eko urriaren 27ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 214. zenbakia), Udaleko brigadan aritzeko.

1.2. Lanpostua: zerbitzu anitzetako langilea. Plaza kopurua: 1 Sarbidea: oposizio-lehiaketa. Maila: D. Lan egoera: hutsik. Mailako osagarria: %12. Lanpostuko osagarria: %15. Lanaldia: %100. Araubide juridikoa: aldizkako lan araubide finkoa. (Arau osagarriak: lanpostuak izaera jarraigabea dauka eta epealdia martxotik azarora izanen da; egin beharreko lanak: mendiaren garbiketa, bazkalekuen kontrola eta zerbitzu anitzetako langile gisa zerbitzuan egon daitezkeen bestelako beharren araberako lanak). Euskara maila: B2.

Era berean, deialdi honen xedea da, sartzeko hautaketa-prozeduran plazarik lortzen ez duten izangaiekin, eta 9. oinarrian ezarritakoaren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hau eratzea:

–Probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

1.3. Izendapenak Erroibarko Udaleko aldizkako lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua ondorio guztietarako, eta gizarte segurantzaren araubide orokorrean kidetuko da eta hartan alta emanen zaio, lanpostuaz jabetzen denetik aurrera.

Hala ere, kontratua indarrean dagoen bitartean eta bi aldeak ados egonik, kontratua azkentzeko arrazoi izan daitezke bai kontratatutako pertsonaren borondatezko erabakia, hamabost egun lehenago abisua eman ondoren, bai administrazio kontratatzailearen erabaki arrazoitua, kontratatutako pertsonari entzunda eta udal korporazioko osoko bilkuraren aldeko txostena izanda, gaitasunik edo egokitzapenik ezak eragindako arrazoiak egiaztatzen badira, lanpostuko zereginak eraginkortasunez egitea eragozten duen errendimendu eskasak eraginda.

Halaber, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina eta aplikatu beharreko gainerako araudia onartzen dituen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 49. artikuluan aipatzen diren arrazoietako edozein kontratua azkentzeko arrazoia izango da.

Bi hilabeteko probaldia ezartzen da eta epe horretan bi aldeetako edozeinek kontratua bertan behera utzi ahalko du bere aldetik.

1.4. Lanpostuak D mailari dagozkion lansariak izanen ditu, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkienak, bai eta plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere (2025eko urriaren 27ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 214. zenbakia).

1.5. Urteko lanaldia brigada-zerbitzuko gainerako langileen berbera izanen da, eta zerbitzu horren beharretara egokituko da. Erroibarko Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.

1.6. Bete beharreko eginkizunak deialdiaren kategoriarako egokiak izango dira, dagokion mailari dagozkionak. Izendatutako pertsonak honako eginkizun hauek beteko ditu:

–Hornidura- eta saneamendu-sareak mantentzea eta kontrolatzea.

–Karrikak, udal-zerbitzuak, eraikinak, kirol-instalazioak, hiri-altzariak, udal-hilerria, komun publikoak eta abar mantentzea, kontserbatzea eta garbitzea. -Basogintzako eta lorezaintzako mantentze-lanak eta bestelako lanak.–Igeltserotzako, iturgintzako, elektrizitateko, zurgintzako, soldadurako eta abarretako oinarrizko lanak egitea.

–Udalak eskatzen dituen egitura eta aparatuak jarri eta kentzea.

–Oinarrizko laguntza administratiboa ematea, dokumentazioa banatzea, bandoak zabaltzea udalerrian eta udalerri mugakideetan.

–Horiez gain, kontrataturiko pertsonak Udalak agintzen dion beste edozein lan egin beharko du, bere mailari dagozkion eginkizunen barruan.

2.–Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei. Parte har dezakete, era berean, espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko bertze estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin eta zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

Nazionalitate espainiarra ez duten izangaiek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, non adieraziko baita ez dutela administrazio publikoan sartzea eragozten dien diziplina-zehapenik edo zigor penalik.

b) Hamasei urte beteta izatea eta, hala badagokio, nahitaezko erretiroaren gehieneko adina ez gainditzea.

c) Eskola graduatua, lehen mailako lanbide heziketa edo baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, homologazioa egiaztatzen duen egiaztagiria eduki beharko da.

Eskatutako kategorian sartzeko ikasketa baliokideak alegatzen dituzten izangaiek baliokidetasun hori aitortzen duen lege- edo erregelamendu-xedapena aipatu beharko dute edo Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandako ziurtagiria aurkeztu.

d) Euskaraz jakitea nahitaezkoa da, B2. euskara-maila. Hura egiaztatzeko behar den titulazioa ez duenak proba batean parte hartu beharko du. Proba hori oposizioa egin aurretik egingo da.

e) Dagozkion funtzioak betetzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea izatea.

g) B motako gidabaimena izatea. Kontrataziorako ezinbestekoa da baimena indarrean egotea.

2.2. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak frogatu beharko ditu aurreko betebeharrak, deialdi honen zazpigarren oinarriak xedatzen duen maneran eta epean. Hori dena bete beharko da eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baita oposizio prozedura osoan eta izendapena egin arte.

3.–Eskabideak eta aurkezteko epea.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskaerak Erroibarko Udaleko alkateari zuzenduko zaizkio, eta hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Erroibarko Udalaren erregistro orokorrean, Erroibarko Udalaren bulegoetan bulego orduetan, edo Erroibarko Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoan http://erro.sedelectronica.es, eskabide orokorra erabiliz. Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan arautzen diren eskabideak aurkezteko gainerako bideak ere erabili ahal izango dira.

Epe hori larunbatean edo egun baliogabean amaitzen bada, hurrengo egun baliodunari dagokiola ulertuko da.

Eskabidea 39/2015 Legean aurreikusitako bideren baten bidez aurkeztea erabakitzen bada, mezu elektroniko bat bidali beharko da 24 orduko epean ayuntamiento@erro.es helbide elektronikora, egoera hori adieraziz. Eskaera posta-bulego batean aurkezten bada, gainera, gutunazal irekian egingo da, ziurtatu aurretik postako langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari.

Eskabideak deialdiaren I. Eranskin gisa argitaratutako ereduarekin bat etorri beharko dira, eta, bertan, izangaiek adierazi beharko dute eskabideak aurkezteko ezarritako epea amaitzen den egunari dagozkion baldintza guztiak betetzen dituztela.

3.2. Desgaitasun aitortua duten izangaiek ariketak egiteko behar diren denbora eta bitartekoen balizko egokitzapenak eskatu ahal izango dituzte. Kasu horretan, eskaeran adierazi beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten, eta organo eskudunak emandako desgaitasunaren legezko egoeraren egiaztapena erantsi beharko dute.

3.3. I. Eranskineko eskabideari, behar bezala betea, honako dokumentazioa erantsiko zaio:

a) NANaren edo haren baliokidearen fotokopia.

b) Deialdian eskatutako titulazioaren fotokopia.

1.–Titulazio akademikoa.

2.–Euskara maila egiaztatzen duen titulazioa.

c) Lehiaketa-fasean baloratu behar diren merezimenduak egiaztatzeko agiriak (tituluak, lan-bizitza, JEZen alta, diruzaintzaren, gizarte-segurantzaren, lan-kontratuen eta abarren ziurtagiriak edo txostenak).

Lan-esperientziari dagokionez, zerbitzuak edo kontratua eman den administrazioaren ziurtagiriak aurkeztu beharko dira. Horietan, egindako lana, kontratu-harremanaren hasiera- eta amaiera-egunak eta lanaldia zehaztuko dira. Iraupena eta dedikazio-lanaldia egiaztatzerik ez dagoen kontratu-harremana ez da zenbatuko deialdi honetako lehiaketaren ondorioetarako.

3.4. Aitortutako desgaitasunen bat dutenek hori egiaztatzen duen agiria erantsi beharko diote parte hartzeko eskabideari, organo eskudunak emana. Era berean, beharrezkotzat jotzen dituzten denboren eta baliabideen balizko egokitzapenak eskatu ahal izango dituzte; kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute, eta, gainera, aparteko orri batean, zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

3.5. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Erroibarko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Erroibarko Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratzeko: https://www.erro.es.

4.2. Baztertutako izangaiek, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun baliodunen barruan, erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte eta, hala badagokio, akatsak zuzendu.

4.3. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Erroibarko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Erroibarko Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratzeko: https://www.erro.es.

Behin-behineko zerrendan bazterturik ez badago, onartutakoen behin betiko zerrenda egingo da.

4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du erran nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.5. Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda hori onartzen duen ebazpenean, oposizioko lehen ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua zehaztuko dira, baita epaimahaiaren behin betiko osaera ere. Ondoren, epaimahaiak behar bezala argitaratuko ditu gainerako ariketak egiteko iragarkiak Erroibarko Udalaren webgunean, esteka honetan: https://www.erro.es.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honakoek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Leire Remiro Esnoz, Erroibarko Udaleko alkatea.

–Ordezkoa: Elena Jimenez Rey, Erroibarko Udaleko zinegotzia.

–Mahaikidea: Enrique Garralda Erro, Erroibarko Udaleko zinegotzia.

–Ordezkoa: Erroibarko Udaleko zinegotzia.

–Mahaikidea: Xabier Zia Urrutia, Erroibarko Udaleko zerbitzu anitzetako langilea.

–Ordezkoa: Jesús Román Pedroarena Etulain, Aurizko Udaleko zerbitzu anitzetako langilea.

–Mahaikidea: Nafarroako Gobernuak izendatutako teknikaria.

–Ordezkoa: Nafarroako Gobernuak izendatutako teknikaria.

–Mahaikidea: Gregori Miaillier, Basarteako teknikaria.

–Ordezkoa: Basarteak izendatutako teknikaria.

–Idazkari-mahaikidea: Marisol Ezcurra Irure, Erroibarko Udaleko idazkaria. Ordezkoa: Maite Iribarren, Luzaideko Udaleko idazkaria.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean badaude (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

5.3. Halaber, izangaiek epaimahaiko kideak errekusatzen ahalko dituzte, baldin eta aipatutako egoerak gertatzen badira.

5.4. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen. Epaimahaia ezin izango da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa, gutxienez, bertaratu gabe. Kide anitzeko organoa behar bezala eratzeko eta jarduteko, lehendakaria eta idazkaria, edo, hala badagokio, haien ordezkoak, egon beharko dira. Ordezko bokal gisa izendatutakoak ere izan daitezke horren ordezko, baldin eta bigarren ordezkapena beharrezkoa bada. 5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzearen inguruan sor daitezkeen gai guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren garapena.

6.1. Oposizioa 2026ko apiriletik aurrera hasiko da eta bi fasetan egingo da, lehenik, oposizio fasea izango da, eta, ondoren, lehiaketa fasea.

6.2. Oposizio fasea.

a) Oposizio fasean honako ariketak eginen dira eta lor daitekeen puntuaziorik altuena 70 puntukoa da.

b) Lehenengo ariketa baztertzailea izango da, eta II. Eranskinean agertzen den gai-zerrendari buruzko test moduko galdetegi teoriko bat ebaztea izango da. Ariketaren gehieneko puntuazioa 35 puntukoa izango da, eta eskatutako gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez dutenak baztertuko dira.

c) Bigarren ariketa baztertzailea izango da, eta proba teoriko-praktiko bat edo gehiago egingo dira, makineriaren erabilera, igeltserotza, pintura, mantentze orokorra, obra arin/ertaineko makineriaren erabilera, motozerra edo lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duen beste edozeini buruzkoak. Ariketaren gehieneko puntuazioa 35 puntukoa izango da, eta eskatutako gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez dutenak baztertuko dira.

d) Oposizio-aldiko ariketa bakoitza amaitu ondoren, epaimahaiak udaletxeko iragarki-oholean eta udalaren webgunean argitaratuko ditu gainditu dutenen zerrenda lortutako kalifikazioekin, eta hurrengo ariketa egiteko eguna eta tokia, hala badagokio.

e) Probak deialdi bakar baten bidez egingo dira, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo legez parekatutakoa eraman beharko dute. Edozein arrazoi dela medio, iragarritako egunean, orduan eta lekuan aurkezten ez diren pertsonak baztertu egingo dira.

f) Ariketak epaimahaiak zehaztutako hurrenkeran egingo dira, eta epaimahaiak egun batean edo gehiagotan egitea erabaki dezake.

g) Ariketa bakoitzaren iraupena epaimahaiak zehaztuko du hura hasi baino lehen.

h) Proba teorikoan plika itxien sistema erabiliko da. i) Izangaiek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte behin-behineko kalifikazioen aurka bost egun naturaleko epean, eta Erroibarko Udaleko erregistro orokorrean aurkeztuko dira, bulegoko ordutegian, edo Erroibarko Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoan, eskabide orokorra erabilita.

j) Hautaprobak egiten diren bitartean, horiek egiteko behar diren denbora eta bitartekoen egokitzapen posibleak eta beharrezkoak ezarriko dira ezgaitasun aitortua dutenentzat eta eskabidean eskatu dutenentzat.

6.3. Lehiaketaldia:

Lehiaketa-fasea oposizio-fasearen ondoren egingo da, eta oposizio-fasea gainditu duten izangaiek bakarrik parte hartu ahal izango dute. Lehiaketa-faseak gehienez 30 puntu izango ditu, baremo honen arabera:

A) Eskarmentua.

E eta D mailako zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuan Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuengatik, deialdiaren xede den lanpostuaren berezko eginkizunekin, puntu 1 urte oso bakoitzeko. Batura gehienez 20 puntu izango da.

Aurreko atalean aurreikusitako merezimenduak zenbatzeko, lehiatzaileak lan egin zuen Administrazio Publikoaren ziurtagirien bidez egiaztatuta, kontuan hartuko dira lan-erregimenean, behin-behinekoan edo finkoan, administrarian, bitartekoan edo jabetzan emandako zerbitzuak, baina, aldi berean, atal batean baino gehiagotan sartutako zerbitzuak ematen badira, aldi horretan puntuazio handiena duten zerbitzuak bakarrik zenbatuko dira.

Egiaztatutako esperientzia-denborak urte osoak osatzen ez dituenean, dagokion proportzionaltasuna lortuko da. Proportzionaltasun hori hileroko osoen arabera kalkulatuko da, eta kontratu bakoitzeko gutxienez hileko oso bat egiaztatzen duten kasuak soilik hartuko dira kontuan.

Lanaldia osoa ez bada, orduan ere dagokion proportzioan kalkulatuko da.

Zerbitzuak bete izana frogatzen duten dokumentuetan espresuki adieraziko da zerbitzu horiek lanaldi osokoak ala murriztukoak ote ziren, eta lanaldi murritza bazen, zenbatekoa, bai eta lanean aritutako epea hasitako eta bukatutako data zehatzak ere.

B) Prestakuntza-ikastaroak.

Garatu beharreko lanpostuaren eginkizunekin zerikusi zuzena duen prestakuntzagatik, gehienez 10 puntu, baremo honen arabera:

10 orduko edo 10 ordu baino gehiagoko eta 20 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzeko: 0,5 puntu.

20 orduko edo 20 ordu baino gehiagoko eta 40 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzeko: puntu 1.

40 orduko edo gehiagoko eta 100 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzeko: 1,5 puntu. 100 orduko edo 100 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzeko: 2 puntu.

Ez dira 10 ordu baino gutxiagoko ikastaroak baloratuko.

Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

Oposizio-fasea gainditu duten izangaiek bakarrik aurkeztu beharko dituzte alegatzen dituzten merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak, lehiaketa-fasea baloratzeko ezarritako baremoaren arabera.

Oposizio-faseko behin betiko emaitzak argitaratu ondoren, fase hori gainditu duten izangaiek 10 egun balioduneko epea izango dute alegatzen dituzten merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak aurkezteko.

Lehiaketa-fasea amaitzean, epaimahaiak Erroibarko Udaleko iragarki-taulan argitaratuko du lortutako puntuazioa, eta lehiaketa-fasean izangai bakoitzak lortu dituen puntuak zehaztuko ditu. Izangaiek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun naturaleko epean, Erroibarko Udaleko erregistro orokorraren bidez edo bulegoko ordutegian, edo Erroibarko Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoan (http://erro.sedelectronica.es), eskabide orokorraren izapidea erabilita.

7.–Gainditu duten izangaien zerrenda eta dokumentuak aurkeztea.

7.1. Izangaien kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak Erroibarko Udalaren iragarki-oholean eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren ordenean, eta puntuaziorik handiena eskuratu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio alkatetzari. Proposamena Erroibarko Udalaren iragarki oholean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Oposizio-fasean lortutako puntuazioa eta lehiaketa-fasean lortutakoa batuz lortuko da guztizko puntuazioa.

Berdinketarik gertatuz gero, oposizio-faseko ariketa praktikoan puntuaziorik handiena lortzen dutenen alde egingo da. Berdinduta segituz, jendaurreko zozketa egingo da.7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak Erroibarko Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko ditu deialdian eskatutako betekizunak eta baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak, eta, zehazki, honako hauek:

a) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Laneko Osasun Zerbitzuko Balorazio Kliniko-laboraleko eta Ikuskaritza Medikoko Atalak edo, hala badagokio, behar bezala egiaztatutako kanpoko erakunde batek emandako txostena, lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzea eragozten duen gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duena. Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

b) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu Administrazio Publikoren baten zerbitzutik.

Nazionalitate espainiarra ez duten izangaiek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, non adieraziko baita ez dutela administrazio publikoan sartzea eragozten dien diziplina-zehapenik edo zigor penalik.

c) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

d) Bizileku- eta lan-baimena, Europar Batasunekoak ez diren beste herrialde batzuetako herritarren kasuan, legez ezarritako kasuetan. e) Deialdia egin duena ez den Nafarroako Administrazio Publikoko langile finkoen izaera duten izangaiek, gainera, beren aurreko administrazioko espediente pertsonalean jasotako inguruabar eta aurrekari guztiak (sartzeari, antzinatasunari, mailari, administrazio-egoerei eta abarri buruzkoak) egiaztatzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

7.3. Epe horren barruan, eta behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, proposatutako izangaiek agiri horiek aurkezten ez badituzte, ezin izango dira izendatu, eta jarduketa guztiak baliogabetuta geratuko dira, hasierako eskabidean faltsukeria egiteagatik izan dezaketen erantzukizunari kalterik egin gabe.

7.4. Aurreko idatz-zatian aurreikusitako kasuan, 7.1 idatz-zatian aipatutako zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko da hutsunea, eta aurreko idatz-zatietan adierazitako moduan jokatuko da.

8.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

8.1. Hautapen prozesua amaiturik, eta aurreko 7.2 oinarrian aipatzen diren agiriak puntuaziorik handienarekin gainditu dituen izangaiak aurkezturik, Erroibarko alkateak Erroibarko Udaleko aldizkako lan-kontratudun finko izendatuko du, zerbitzu anitzetako enplegatu izateko.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean jabetu beharko du lanpostuaz, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan eta behar bezala frogatutako ezinbesteko kasuetan salbu, lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Erroibarko Udaleko aldizkako lan-kontratudun finko izateko eskubide guztiak galduko ditu. Horrelakorik gertatuz gero, deialdiaren 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

9.–Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda eratuko da hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortu ez duten izangaiekin:

–Probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

9.2. Probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda eta Erroibarko Udalean kontratatzeko zerrenda.

Sartzeko hautapen epaimahaiak espedientea igorririk, Erroibarko Udaleko alkatetzaren ebazpen baten bidez, probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten pertsonen zerrenda onetsiko da, une horretan indarra duten kudeaketa arauei jarraikiz, eta iragarki oholean eta Erroibarko Udalaren webgunean argitaratuko da.

Aldi baterako kontratazio-zerrendako izangaien hurrenkera sarrerako hautapen prozesuan lortutako puntuazio handienaren araberakoa izanen da, lanposturik gabeko izangai gaindituen kasuan. Berdinketarik gertatuz gero, berdinketa hausteko deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera ebatziko da.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan sartzeak ez du esan nahi interesdunei 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela aitortzen zaienik. Baldintza horiek oinarri honetan ezarritako moduan egiaztatu beharko dira.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek bakarrik aurkeztu beharko dute 2. oinarrian eskatutako titulazioaren baldintzak betetzen dituztela frogatzen duen dokumentazioa, kontratua formalizatzen denean. Horretarako, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatutako kopiak aurkeztu beharko dituzte.

Eskatzen diren agiriak aurkezten ez dituztenek, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eta eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituztenek, sartzeko deialdian parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, eskabideko faltsutasunagatik izan dezaketen erantzukizunaren kalterik gabe.

Zerrenden indarraldia: Lanean hasteko hurrengo deialdi publikora arte. Deialdi honetan ezarritako aldi baterako kontratazioen zerrendak lehentasuna izanen du Erroibarko Udalean lehendik dauden aldi baterako kontratazioen zerrenden aldean.

9.3. Sarrera prozedurako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hautaprobek dirauten bitartean eta kontratazioak dirauen bitartean bete beharko dira.

9.4. Aldi baterako kontrataziorako deia.

Hautaprobak gainditzen dituzten pertsonak, puntuazioaren arabera, izangaien zerrendan sartuko dira, lanpostu hutsak aldi baterako kontratatzeko edo erakundean sor daitezkeen beste beharretarako.

Aldi baterako kontratazio-prozesua honako arau hauen arabera kudeatuko da:

9.4.1. Izangaien zerrendak onartzeko irizpide orokorrak.

Deialdia egiteko, kontuan hartuko da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuan ezarritakoa, desgaitasunen bat duten pertsonek enplegu publikoa lortzeari dagokionez. Aldi baterako kontratazioa eginen duen entitate eskatzaileak egiaztatu beharko du kasuan kasuko eginkizunekin bateragarria dela.

9.4.2. Deitzeko sistema.

9.4.2.1. Deitzeko arau orokorrak.

Hautagaiei banaka deituko zaie langileak kontratatzeko dauden beharrak betetzeko, dagokion zerrendan hautagaien lehentasun-hurrenkeraren arabera, eta, hala dagokionean, kontuan hartuko dira dagozkien profilak.

Izangaiek, beren lokalizazioa errazte aldera, gutxienez harremanetarako telefono bat eman beharko dute, hargatik eragotzi gabe harremanetarako beste telefono batzuk edo posta elektronikoko beste helbide batzuk ere jakinaraztea, eta informazio hori etengabe eguneraturik eduki beharko dute.

Kontratua eskaintzeko deiak hautagaiak emandako zenbakira egingo dira, zerrendako ordenari jarraituz. Deiaren emaitza jasota geratuko da (interesatzen zaio, ez zaio interesatzen, ez du erantzuten).

Nolanahi ere, banakako deiak bizkor egingo dira, kontratazio-beharra ahalik eta lasterren bete ahal izateko. Kontratua eskaintzen zaion izangai bakoitzari gutxienez hiru aldiz deituko zaio harremanetarako telefonora, bi egunez.

Lehenengo jakinarazpenean hautagaiarekin harremanetan jartzea lortzen ez bada, SMS bat eta/edo informazioa emateko mezu elektroniko bat bidaliko zaio.

Izangai bat aurkitu ezin denean, zerrendako hurrengoarekin edo hurrengoekin jarriko da harremanetan, eskainitako lanpostua edo lanpostuak bete arte.

Interesdunak 24 ordu izango ditu deiari adostasuna emateko. Izangaiak eskaintza ukatzen badu edo epe hori iraganik erantzunik jasotzen ez bada, uko egin duela ulertuko da, eta zerrendako azken tokira pasatuko da.

Izangaiarekin harremanetan jarri ezin bada, lehenik telefonoz eta, bigarrenik, SMS eta posta elektronikoz, zerrendako azken postuan geratuko da hurrengo deialdietarako.

Sei hilabetez aurkitu ez diren izangaiak lanposturako prest ez dauden pertsona gisa agertuko dira zerrendan.

Kontratazioa presazkoa bada, hau da, lanpostura gehienez ere 24 orduko epean sartu behar bada, eta hasieran hiru hilabete edo gutxiago iraungo duela aurreikusten bada, goian aurreikusitakoa bete beharrik izan gabe harremanetan jartzea lortu eta berehala lanean hastea onartzen duen lehenengo hautagaiari eskainiko zaio.

Egiten diren deien ondorioz zerrendan egiten diren aldaketak espedientean jasoko dira. Zerrendako edozein kidek kontsultatu ahal izango du. Egindako aldaketak ez dira pertsonalki jakinaraziko.

9.4.2.2. Administrazio araubideko kontratazioa.

Aldi baterako langileak administrazio araubidean kontratatzeko araubide juridikoa Nafarroako Administrazio Publikoetan administrazio araubideko langileen kontratazioa arautzen duen irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuan ezarritakoa izanen da. Horretarako, deialdi honetan ezarritako deialdi sistema aplikatuko da 68/2009 Foru Dekretuaren aurka ez doan guztian.

9.4.2.3. Araubide orokorraren salbuespenak.

a) Erroibarko Udalarekin aldi baterako lotura duen pertsonak indarra duen kontratuari uko egiten ahalko dio beste bat eskaintzen zaionean kontratazioaren hobekuntza gisa, betiere kontrataturik dagoen eremu beraren barnean bada, zerrendan agertzen bada eta kasu hau gertatzen bada:

–Iraupen laburreko kontratu bat indarrean mantentzen duenean eta iraupen luzeko kontratu bat eskaintzen zaionean (iraupen laburreko kontratu gisa hartuko da 6 hilabeteko edo gutxiagoko iraupena aurreikusten dena; eta iraupen luzeko kontratu gisa, 6 hilabetetik gorako iraupena aurreikusten dena).

b) Izangai batek ordezkapen-kontratu baten bidez lanpostu bat bete duenean, eta kontratua amaitu eta 20 egun igaro baino lehen lanpostu hori aldi baterako betetzeko beharra suertatzen bada, kontratua izangai berari eskainiko zaio, baldin eta, deialdi berria egiteko unean, honako baldintza hauek betetzen badira:

–Izangaia deialdiaren unean indarra duen zerrenda batean egotea.

–Kontratuaren amaiera hari uko egiteagatik gertatu ez izana.

–Kontratuaren amaiera zerrendatik kanpo uzteko arrazoiren batengatik gertatu ez izana.

c) Izangai batek lanaldi partzialeko kontratua sinatuta duenean, Udalean beste behar bat sortzen bada, behar berria eskainiko zaio izangaiari, baldin eta kontratazio berriaren ondorioz bere gain hartu behar duen ordutegi osoa bateragarria bada ordura arte esleituta zuenarekin, lanaldiaren % 100 osatu arte. Langile batek baino gehiagok lanaldi partzialeko kontratua badute, une horretan indarrean dagoen aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan betetzen duten lanpostuaren hurrenkera zehatzaren arabera dagokion pertsonari eskainiko zaio.

9.4.2.4. Kontratazio eskaintzei uko egitea.

Izangairen batek eskainitako lanpostuari uko egiten badio, dagokion zerrendako azken tokian geldituko da, kasu hauetako batean dagoela frogatzen ez badu behintzat. Kasu horretan, zerrendan jarraituko du:

–Amatasun, aitatasun, adopzio edo harreragatiko lizentzia egoeran egotea.

–Aldi baterako ezintasun egoeran egotea.

–Lan-kontratua indarrean izatea.

–6 urtetik beherako semea edo alaba zaintzea. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten diotenek ezin izango dute berriz ere eskuragarri egon, uko egin dutenetik hilabete igaro arte.

–Odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko lehen mailako senide bat zaintzea, adinagatik, istripuagatik edo gaixotasunagatik bere kabuz moldatu ezin dena. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten diotenek ezin izango dute berriz ere eskuragarri egon uko egin dutenetik hilabete igaro arte.

–Norberaren ezkontza edo antzeko egoera, bikote egonkorren berdintasun juridikorako uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, uko egitea eratu eta hurrengo hamabost egun naturalen barruan edo aurretik gertatzen bada.

Kasu horietan, izangaia zerbitzurako prest ez dagoela agertuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan, harik eta izangaiak berak berriz zerbitzurako prest dagoela eskatzen duen arte, alegatutako egoera amaitu delako.

Prest dagoela jakinaraztean, kontratua eskaini zitzaion unean alegatutako egoera egiaztatu beharko du, agiri bidez eta modu frogagarrian. 9.4.2.5. Zerrendako azken tokira jaistea.

Zerrendako azken postuan geratuko dira kasu hauetakoren batean dauden izangaiak:

a) Deialdiari jarraiki lanpostua onartu ondoren, dagokion kontratua ez sinatzea, hautagaiari egotz dakiokeen arrazoiren bat dela medio.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, 9.4.2.3.paragrafoan aurreikusitako kasuetan izan ezik.

9.4.2.6. Zerrendatik kanporatzea.

Deialdia eragin duen zerrendatik kanpo utziko dira honako kasu hauetakoren batean dauden izangaiak:

a) Probaldian kontratua deuseztatu izana, zuzendaritzak emandako txosten arrazoitu baten ondoren.

b) Lanpostua uztea bidezko arrazoirik gabe eta Udalaren zuzendaritzarekin inolako komunikaziorik izan gabe.

c) Gerora sortutako arrazoiengatik kontratua iraungitzea. Arrazoi horiek honakoak izan daitezke: kontratatutako pertsonak lanpostuan jarduteko gaitasunik ez izatea, lanpostuari esleitutako eginkizunak eraginkortasunez betetzea eragozten dion errendimendu eskasa izatea, lanpostuaren edukia aldatzea, beti ere interesdunari entzun ondoren eta dagozkion langileen ordezkariek txostena egin ondoren.

10.–Datuen babesa.

(EB) 2016/679 (DBEO) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoari jarraituz, honako hau jakinarazten zaie izangaiei:

Parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Erroibarko Udala da.

Tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

Hau da oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.b) artikulua Interesduna parte den kontratu bat egikaritzeko edo hark eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezko tratamendua, eta DBEOren 6.1.c) artikulua Tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko beharrezko tratamendua.

Datuak behar beste denboraz gordeko dira, zertarako biltzen diren, eta deialdiaren eta datuen tratamenduaren ondorioz sor daitezkeen erantzukizunak zehazteko. Artxiboei eta dokumentazioari buruzko araudian xedatutakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-entitateen dokumentuak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideak). Legez aurreikusitako kasuetan jakinaraziko dira datuak (urriaren 30eko 5/2015 LED), gardentasun-atarian argitaratzea barne, 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluaren arabera.

Titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, aurka egiteko eta eramateko eskubideak erabil ditzakete udal-bulegoetan edo informazio gehiago aurkituko duten webgunearen bidez (https://sedeelectronica.erro.es).

Halaber, Datuak Babesteko ordezkariarekin harremanetan jar daitezke ayuntamiento@erro.es helbidean, eta erreklamazio bat aurkez dezakete Datuak Babesteko Espainiako Agentzian (aepd.es), uste badute tratamendua ez datorrela bat indarrean dagoen araudiarekin.

11.–Errekurtsoak.

11.1. Deialdi honen, bere oinarrien eta berau aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat jar daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa egintza egin duen organoari berari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Administratiboaren aurrean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo hilabetearen barnean.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Auzitegi Nagusian, dagokion salan, bi hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurritzen den aplikazio-egintza jakinarazi eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

11.2. Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten edo argitaratzen denetik hilabeteko epean, egoitza elektronikoaren gardentasun atalean eta Erroibarko Udaleko alkateari zuzendua.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Lintzoainen, 2026ko otsailaren 2an.–Alkatea, Leire Remiro Esnoz.

I. ERANSKINA.–ESKABIDEA

https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/013_Local_solicitud_concurso_con_euskera_E.pdf

II. ERANSKINA.–PROBA TEORIKORAKO GAIAK

Gai zerrenda.

1. gaia.–Erroibarko udalerria: karrika, auzo, mendi, paraje, ibai eta kontzejuen izenak,

2. gaia.–Elektrizitateko, iturgintzako, igeltserotzako, zurgintzako, soldadurako eta lorezaintzako oinarrizko erremintak eta materialak.

3. gaia.–Iturgintzako eta elektrizitateko instalazioen mantentze-lanak.

4. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Erremintak. Materialak. Zolaketa eta alikatatzea. Enkofratuak eta hormak egitea.

5. gaia.–Soldadurari buruzko ezagutzak eta doikuntza makineriaren oinarrizko erabilera.

6. gaia.–Edateko uraren instalazioak. Biltegien eta sareen kontrola eta mantentze lanak. Uren ponpaketa, iragazkiak eta produktu zuzentzaileen dosifikatzaileak ezagutzea.

7. gaia.–Laneko segurtasun- eta higiene-arauei buruzko oinarrizko ezagutzak, bai eta oztopo arkitektonikoei buruzkoak ere.

8. gaia.–Motozerra eta sasiak garbitzeko makina: deskribapena, kontserbazioa eta mantentze-lanak; alderdi praktikoak eta beharrezko segurtasun-ekipoa.

9. gaia.–Eraikinen eta herrietako altzarien mantentze lanak. Pintatzea, zurgintza, etab.

10. gaia.–Lorezaintza: Mantentze lanak, makineria eta tresnak. Zuhaixka- eta zuhaitz-espezieak eta horien erabilera.

Iragarkiaren kodea: L2602804