Iragarkia
52. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 12a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
CASCANTE
Oposizioa, bete dadin udal eraikinen eta instalazioen mantentze-lanetako ofizialen plaza bat
Cascanteko Udaleko alkate udalburuak, 2026ko otsailaren 19ko ebazpen baten bidez, honako hau onetsi zuen: deialdia, bete dadin udal eraikinen eta instalazioen mantentze-lanetako ofizialen plaza bat, oposizio bidez. Hona hemen:
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea udal eraikinen eta instalazioen mantentze-lanetako ofizialen plaza bat, Cascanteko Udalaren zerbitzura aritzeko.
1.2. Era berean, deialdi honen xedea da hautapen prozeduran plazarik lortzen ez duten izangaiekin, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat, izangaien zerrenda bat eratzea, eraikinen eta instalazioen mantentze-lanetako ofizialaren plaza aldi baterako betetzeko, Cascanteko Udalean sortzen diren beharren arabera.
1.3. Izendapenaren ondorioz hautatzen dena bihurtuko da nomina eta plantillako langile lan-kontratudun finko, ondorio guztietarako, plazaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio.
1.4. Aplikatu beharreko araubide juridikoa da ezarririk dagoena urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuan eta aplikatzekoak diren hitzarmen kolektiboetan (aipatutako legegintzako errege dekretu horren bidez onetsi zen Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina).
1.5. Lanpostuaren ordainsariak izanen dira oro har ezarririk daudenak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan C mailako lanpostuetarako (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen testu bategina), baita uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan ezarritakoak ere, eta, orobat, ordainsari osagarriak, baldin ezartzen badira aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan eta zehazten badira plantilla organikoan.
Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio-organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.
Baliteke lanpostuak behar izatea ohiko ordutegitik kanpo lanerako prest egotea, premiazko gorabeherez arduratzeko, guardien edo lokalizatuta egotearen araubidean. Prestasuna konpentsatuko da bat etorriz aplikagarri den araudiarekin eta/edo indarrean den lan arloko akordioarekin.
1.6. Deialdia eta haren oinarriak lotesleak izanen dira administrazioarentzat, hautaproben epaimahaientzat eta parte-hartzaileentzat.
1.7. Deialdi honen ondorioz kontratatzen diren izangaiek eginen dituzte beren mailari eta kategoriari eta deialdian eskatzen diren ikasketei dagozkien eginkizunak eta lanak. Hauek izaten ahal dira, beste batzuen artean:
–Udal azpiegituren mantentze-lanak egitea, bai espazio publikoetan bai udal eraikinetan:
a) Instalazio elektrikoak eta argiztapena: argiak, entxufeak, etengailuak eta fusibleak aldatzea, kaxa elektrikoak berrikustea, kableak ordeztea, matxurak detektatzea, eta abar.
b) Argiteria publikoa: argiak, zutoinak eta kableak berrikusi eta ordeztea, argiak piztu eta itzaltzeko prozesua berrikustea, enpresa hornitzaileekin koordinatzea, kexak edo eskaerak jaso eta bideratzea, eta abar.
c) Telekomunikazioak: telefonia eta interkomunikazioa.
d) Megafonia eta soinu-instalazioa egitea.
e) Ikus-entzunezko gailuak.
f) Berokuntzako, ur beroko eta aire-girotzeko sistemak: galdaren, ponpen, zirkuitu hidraulikoen, erradiadoreen, giltzen, erregulazio sistemen eta hodien mantentze-lanak egitea, iragazkiak garbitzea, eta abar.
g) Arotzeria eta sarrailagintza lanak: Leihoen, pertsianen, ateen, malgukien, sarrailen eta altzarien mantentze-lanak egitea eta horiek konpontzea.
h) Iturgintza: txorrotak, zisternak, hodiak eta hustubideak konpontzea, komunontzien mantentze-lanak egitea, ihesak konpontzea, eta abar.
i) Igeltserotza eta pintura lan txikiak: Azulejuak aldatzea, itoginak konpontzea, erretenak garbitzea, paretak luzitzea, zoruak instalatzea, eta abar.
–Bere ardurapean utzitako lanen jarraipena eta kontrola egitea.
–Buruak agindutako lan programa betetzea.
–Lanak egunero antolatzea, bai eta horiek egiteko makineria, lanabes, ibilgailu eta materialak ere.
–Buruari proposatzea, lan programaren arabera, materiala eta ekipoak kontratatzeko beharrizanak, behar besteko aurrerapenarekin, geldialdiak edo atzerapenak saihestuz.
–Bere kargura dauden langileen lana gainbegiratzea eta behar duten laguntza teknikoa ematea, antolaketak ezarritako betebeharrekin bat.
–Hornitzaileei aurrekontuak eskatzea, agintzen zaizkion erosketak egitea (materialak eta abar erosteko txartelak sinatu eta kontrolatzea bere eskumenen esparruan), ezarritako jarraibide eta prozeduren arabera.
–Esleitzen zaizkion udal ibilgailu, tresna eta makinak kontrolatu eta zaintzea eta horien mantentze-lanak egitea.
–Laneko arriskuen prebentzio arauak betetzea eta betearaztea, bai eta segurtasun eta higiene arauak ere.
–Gertatzen diren larrialdi, arazo eta desbideraketei irtenbidea ematea, zuzenketa egokiak eginez larrialdiaren edo ezartzen diren lehentasunen arabera.
–Urbanizazio berrien proiektuak eta kanpoko enpresek egindako lanak gainbegiratzea, bai eta aipatutako lanen jarraipena eta onespena ere, eta arduradunari horren berri ematea.
–Langileak hautatzeko prozesuetan parte hartzea, epaimahaikide gisa, bere lanpostuaren sailkapenari dagozkion kasuetan.
–Obren udal taldeari agintzen zaizkion lanetan laguntzea.
–Eta, oro har, organo eskudunak agintzen dizkion oraingo eta etorkizuneko lan guztiak egitea, bere lanpostuarekin lotuta daudenak eta bere mailaren eta kategoriaren barrenean.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Hautapen prozesu honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
A) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea, betiere jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuei, Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan. Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren ezkontideek eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eratutako izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.
B) Hamasei urte beteak izatea, eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
C) Gutxienez Batxilergoko edo Lanbide Heziketako goi mailako titulua izatea, adar hauetako batean: Instalazio Elektrikoak eta Automatikoak, Elektromekanikako Mantentze-lanak, Hozteko eta Girotzeko Instalazioak, Beroa Sortzeko Instalazioak, Iturgintza eta Aire-girotzea, Eraikinen Mantentze-lanak, edo titulazio baliokideak.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiriaren bitartez akreditatu beharko dira.
D) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
E) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.
F) B1 motako gidabaimena izatea.
2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzemate bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.
2.3. Plaza eskuratzen duen izangaiak aurreko baldintzak frogatu beharko ditu deialdi honen 9. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Izangaiek baldintza horiek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epearen muga-egunean, bai eta hautapen prozesu osoan mantendu ere, izendatu arte.
Eskabideak aurkeztean frogatu beharko da titulazio-baldintza betetzen dela.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta bete beharko dira hautapen prozesuak, izendapenak eta kontratazioak iraun bitartean ere.
3.–Eskabideak.
3.1. Hautapen prozesuan parte hartzeko eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira, Cascanteko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (https://cascante.sedelectronica.es/info.0). Horretarako, 20 egun naturaleko epea izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Azken eguna baliogabea bada, epea luzatu eginen da, hurrengo lehen egun baliodunera arte.
3.2. Eskabideak egokituko zaizkio deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari. Eskabidea aurkeztuta, izangaiek adierazten dute deialdi honetan eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela.
3.3. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten izangaiek, denborak edo baliabideak egokitzea behar badute ariketak egiteko, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera agiri bat aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana, frogatzeko legeen arabera desgaitasun bat dutela.
3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.5. Noiznahi zuzentzen ahalko dira eskaeran atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, ofizioz edo interesdunak eskaturik.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Cascanteko Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Cascanteko Udalaren gardentasunaren atarian (enplegu publikoaren atala) eta iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan.
4.2. Behin-behineko zerrenda egoitza elektronikoan argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioak ebatzi ondotik, alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Cascanteko Udalaren gardentasunaren atarian (enplegu publikoaren atala) eta iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan.
4.4. Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertu ondoren, ohartuz gero baldintzaren bat ez dela betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
–Epaimahaiburua: Alberto Añón Jiménez, Cascanteko Udaleko alkate udalburua.
Epaimahaiburuaren ordezkoa: Javier Ochoa Redín, Cascanteko Udaleko Hirigintzako zinegotzia.
–1. epaimahaikidea: Candelario Hervás Cuadra, Tuterako ETI Ikastetxe Bateratu Politeknikoko irakaslea.
1. epaimahaikidearen ordezkoa: Roberto Berrueta Vicente, Tuterako ETI Ikastetxe Bateratu Politeknikoko irakaslea.
–2. epaimahaikidea: Sergio Bertore Muro, industria ingeniari teknikoa.
2. epaimahaikidearen ordezkoa: José M.ª Prada Velázquez, udal arkitektoa.
–3. epaimahaikidea: Amaya Igea García, Cascanteko Udaleko administrari-ofiziala.
3. epaimahaikidearen ordezkoa: Ana Isable Rupérez Vaquero, Cascanteko Udaleko administrari-ofiziala.
–Epaimahaikide idazkaria: M.ª Teresa Perales Díaz, Cascanteko Udaleko idazkaria.
Ordezko epaimahaikide idazkaria: José Luis Romano Blasco, Cascanteko Udaleko kontu-hartzailea.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo eskudunari horren berri eman, baldin eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean badaude (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).
5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Hautapen sistema: oposizioa.
6.1. Hautapen prozesua oposizio bidez eginen da, maiatzean; betiere, gutxienez bi hilabete igaro badira deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu denetik.
6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldia non, noiz eta zehazki zer ordutan hasiko den.
7.–Oposizio fasea.
7.1. Nahitaezkoa eta baztertzailea izanen da, eta proba hauek izanen ditu:
–Lehendabiziko proba: test motako proba teorikoa.
Edukia: deialdiaren I. eranskineko gai-zerrendari buruzkoa izanen da.
Formatua:
- Test motako galdetegia izanen da, 80 galderaz osatua. Galdera bakoitzak 4 erantzun izanen ditu eta bakarra izanen da zuzena.
- Erreserbako 5 galdera sartuko dira.
- Erantzun oker bakoitzagatik 0,25 puntu kenduko da.
Iraupena: 90 minutu.
Kalifikazioa: 30 puntu gehienez.
–Bigarren proba: proba teoriko-praktikoa.
Edukia: idatziz ebatzi beharko dira lanpostuaren berezko eginkizunekin lotutako kasu praktiko bat edo batzuk.
Kasuak gai hauei buruzkoak izaten ahalko dira, beste batzuen artean:
- Instalazio elektrikoak.
- Aire-girotzea eta berokuntza.
- Iturgintza.
- Arotzeria eta sarrailagintza lanak.
- Lanaren antolaketa.
- Laneko arriskuen prebentzioa.
Iraupena: 90 minutu.
Kalifikazioa: 20 puntu gehienez.
Bazterturik geldituko dira aurreko probetan (teorikoan eta teoriko-praktikoan) gutxienez 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak. Gainera, ez dute hirugarren proban parte hartuko.
–Hirugarren proba: ofizioaren proba praktikoa.
Edukia: ariketa praktiko bat edo batzuk egin beharko dira, lanpostuaren berezko eginkizunekin lotuta daudenak, eta baloratuko dira izangaien trebetasuna, gaitasun teknikoa eta ezagutza profesionalak.
Epaimahaiak ezartzen ahalko du estazioen araberako zirkuitu praktiko bat edo segidako zenbait ariketa egitea.
Iraupena: 3 ordu gehienez.
Kalifikazioa: 40 puntu gehienez.
Gainditzeko, 20 puntu lortu beharko dira gutxienez.
7.2. Oposizioko ariketa edo zati bakoitza kalifikaturik, epaimahaiak iragarki-taulan eta Cascanteko Udaleko egoitza elektronikoan argitaratuko du hura gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin batera.
7.3. Dei bakarra eginen da oposizioko ariketa bakoitza egiteko, baita elkarrizketa pertsonala egiteko ere. Izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik kanpo geldituko dira bertaratzen ez direnak edo aipatutako agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.
7.4. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.
7.5. Probaren hasieran, epaimahaiak zehaztuko du zenbat denbora utziko zaien izangaiei proba egiteko. Halaber, epaimahaiak zehaztuko du probak egiteko behar den materiala, eta behar besteko aurrerapenaz iragarriko da Cascanteko Udalaren egoitza elektronikoan.
7.6. Oposizioaldiko azken kalifikazioa edo balorazioa kalkulatzeko, batuko dira ariketa guztietan lortutako puntuazioak eta epaimahaiarekin izandako elkarrizketan lortutakoa.
8.–Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda eta agirien aurkezpena.
8.1. Azken ariketaren kalifikazioa eginik, epaimahaiak Cascanteko Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazio-ordenan, eta 5 egun balioduneko epea emanen du puntuazioen kontrako alegazioak aurkezteko.
Berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde joko da. Berdinketak badirau, kontuan hartuko dira bigarren ariketan lortutako puntuazioak. Berdinketak badirau, berdinketa hautsiko da kontuan hartuta elkarrizketa pertsonaleko puntuazio handiena, eta, azkenik, zozketa publiko baten bidez.
8.2. Epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio puntu gehien erdietsi duen izangaia izendatzeko proposamena.
Aipatutako proposamena argitaratuko da Cascanteko Udalaren gardentasunaren atarian (enplegu publikoaren atala) eta egoitza elektronikoan.
8.3. Kontratatzeko proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Cascanteko Udalaren Erregistro Orokorrean:
1. Nortasun agiri nazionalaren jatorrizkoa eta fotokopia.
2. Eskatzen den titulu akademikoaren jatorrizkoa eta fotokopia, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarenak.
3. Zinpeko aitorpena, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetarako, eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
4. Osasun ziurtagiria, erakusten duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea.
5. Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
8.4. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu ezta kontratatu ere, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, horrek deusetan galarazi gabe dagokien erantzukizuna, deialdian parte hartzeko eskaeraren faltsukeria dela-eta, halakorik egin badute.
8.5. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, lanpostua beteko du 9.1 apartatuan aipatzen den zerrendan hurrengoa den izangaiak, eta harekin ere erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.
9.–Kontratazioa eta plazaz jabetzea.
9.1. Hautapen-prozesua bukaturik eta kontratatzeko proposatutako izangaiak aurkezturik 9.2 oinarriko agiriak, alkate udalburuak ebazpen bat emanen du kontrataziorako, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko du.
9.2. Izangaiak kontratua sinatu beharko du, eta plazaz jabetu, kontrataziorako ebazpenean ezarritako egunean. Baldin epe horretan, ezinbesteko arrazoiak salbu (behar adina justifikaturik), plazaz jabetzen ez bada, eskubide guztiak galduko ditu Cascanteko Udaleko lan-kontratudun finkoa izateko.
10.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.3 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda eratuko da, probak gainditu bai baina plazarik lortu ez duten izangaiekin.
10.2. Cascanteko Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.
10.3. Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.
10.4. Izangaien zerrendaren kudeaketa egokituko da Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduaren III. tituluan ezarritakora (foru agindu horren bidez onetsi ziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak), aplikatzekoa den guztian.
11.–Datu pertsonalak babestea.
Izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):
–Cascanteko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Datuen tratamenduaren xedea da betetzea zerbitzu anitzetako enplegatuaren (ehorzlearen eginkizunekin) plaza bat, oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratu finkoaren bidez, lanaldi osoan.
–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:
- DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra).
- DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).
–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudia aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Legez ezarritako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo egoitza elektronikoa erabiliz.
–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.
12.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA.–ESKAERA EREDUA
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
I. blokea.–Udal araudia eta antolaketa.
1. gaia.–Toki Administrazioa.
–Udalerria.
–Gobernu organoak.
–Udalaren eskumenak.
2. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileak.
–Langile motak.
–Eskubideak eta betebeharrak eta diziplina-araubidea.
3. gaia.–31/1995 Legea, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa.
–Eskubideak eta betebeharrak.
4. gaia.–Lanpostuaren laneko arrisku espezifikoak.
–Garaierako lanak.
–Zamak eskuz manipulatzea.
–Bide publikoan eta espazio itxietan lanak egitea, eta makinak erabiltzea.
5. gaia.–Norbera babesteko ekipamenduak (NBE).
–Motak, erabilera, mantentzea eta zaintzea.
6. gaia.–Oinarrizko lehen laguntza.
–Larrialdi egoeretan nola jokatu.
II. blokea.–Instalazio elektrikoak eta argiteria.
7. gaia.–Instalazio elektrikoak behe-tentsioan.
–Oinarrizko kontzeptuak.
–BTEE. Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoa.
–Kaxa elektrikoak.
–Babesa.
–Lur konexioa.
8. gaia.–Udal eraikinen elektrizitateko mantentze-lanak.
–Luminariak.
–Etengailuak.
–Entxufeak.
–Fusibleak.
–Matxurak detektatzea.
9. gaia.–Herriko argiak.
–Luminaria motak.
–Pizte sistemak.
–Aginte koadroak.
–Energia aurrezpena.
–Prebentziozko mantentze-lanak.
III. blokea.–Telekomunikazioak eta ikus-entzunezko sistemak.
10. gaia.–Telefonia eta interkomunikazio sistemak.
–Telefonoguneak.
–Barne sareak.
–Kable-sare egituratua.
–Ohiko matxurak.
11. gaia.–Megafonia eta soinu-instalazioa egitea.
–Osagaiak.
–Instalazioa.
–Doikuntzak.
–Mantentze-lanak.
12. gaia.–Ikus-entzunezko ekipoak.
–Proiektagailuak.
–Pantailak.
–Bideo sistemak.
–Konexioak.
–Zaintzea.
IV. blokea.–Berokuntza, ura eta aire-girotzea.
13. gaia.–Instalazio termikoak.
–Oinarrizko araudia. Instalazio termikoen erregelamendua (RITE).
–Galdarak.
–Ponpak.
–Zirkuitu hidraulikoak.
14. gaia.–Berokuntza sistemak eta etxeko ur beroa.
–Erradiadoreak.
–Balbulak.
–Termostatoak.
–Erregulazioa.
15. gaia.–Aire-girotzea eta aireztapena.
–Aire girotuko sistemak.
–Hodiak.
–Iragazkiak.
–Garbiketa.
V. blokea.–Arotzeria, sarrailagintza lanak eta altzariak.
16. gaia.–Zurezko, aluminiozko eta PVCzko arotzeria.
–Leihoak.
–Ateak.
–Pertsianak.
–Mantentze-lanak.
17. gaia.–Sarrailagintza lanak eta ixteko sistemak.
–Sarrailak.
–Sarraila-zilindroak.
–Malgukiak.
–Burdineria.
VI. blokea.–Iturgintza eta saneamendua.
18. gaia.–Iturgintza instalazioak.
–Barneko sareak.
–Materialak.
–Balbulak.
19. gaia.–Ohiko konponketak.
–Txorrotak.
–Zisternak.
–Ihesak.
–Hustubideak.
20. gaia.–Saneamendu sistemak.
–Zorrotenak.
–Kutxatilak.
–Mantentze-lanak.
VII. blokea.–Igeltserotza eta pintura.
21. gaia.–Oinarrizko igeltserotza lanak.
–Alikatatzea.
–Luzitzea.
–Itoginak konpontzea.
–Erretenak.
22. gaia.–Estaldurak eta zoruak.
–Zeramikoak.
–Binilikoak.
–Kokatzea.
23. gaia.–Pintura eta akaberak.
–Pintura motak.
–Gainazalak prestatzea.
–Ematea.
VIII. blokea.–Antolatzea, kudeatzea eta gainbegiratzea.
24. gaia.–Lana planifikatu eta antolatzea.
–Mantentze-lanen programak.
–Lehentasunak.
–Laneko parteak.
25. gaia.–Jarduketen kontrola eta jarraipena.
–Txostenak.
–Erregistroak.
–Kalitate kontrola.
26. gaia.–Materialak eta hornidurak kudeatzea.
–Biltegia.
–Stocka.
–Eskariak.
–Hornitzaileak.
27. gaia.–Langileak gainbegiratzea.
–Koordinazioa.
–Laguntza teknikoa.
–Komunikazioa.
28. gaia.–Intzidentziak artatzea eta erabiltzaileekiko harremana.
–Kexak kudeatzea.
–Komunikazioa.
–Gatazkak konpontzea.
Argitara ematen da, orok jakin dezan.
Cascanten, 2026ko otsailaren 19an.–Alkatea, Alberto Añón Jiménez.
Iragarkiaren kodea: L2602757
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
