50. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

20C/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 28koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Bacaicoa Industrias Plásticas SA enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ikusi da Bacaicoa Industrias Plásticas SA enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31000802011983), erregistro honetan 2025eko azaroaren 28an sartu zena, eta 2025eko azaroaren 20an sinatu zutena enpresaren eta sindikatuen ordezkariek. Egin beharreko zuzenketak eginda,

Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin,

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuari dagokionez,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Bacaicoa Industrias Plásticas SA enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode-zenbakia: 31000802011983).

Bigarrena.–Agintzea argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, orok jakin dezan.

Iruñean, 2026ko urtarrilaren 28an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

Bacaicoa Industrias Plásticas SA enpresaren zuzendaritza eta enpresa batzordea bildu dira, eta itundu dute

BACAICOA INDUSTRIAS PLASTICAS SA ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA

1. artikulua. Aplikazio eremua eta eremu funtzionala. Hitzarmen kolektibo honek "BACAICOA INDUSTRIAS PLÁSTICAS SA" enpresari eragiten dio, enpresa horrek Nafarroako Orikain herrian duen lantegian.

Enpresaren jarduera plastikoaren sektorekoa da.

2. artikulua. Eremu pertsonala. Hitzarmen hau "BACAICOA INDUSTRIAS PLÁSTICAS SA" enpresan, arestian aipatutako lantegian, aritzen diren langile guztiei aplikatuko zaie.

Salbuespen bakarra 1. eta 2. talde profesionaletako langileen ordainsariak eta lanaldia dira, baina gainerako puntuetan hitzarmena aplikatuko zaie. 1. eta 2. taldeetako langile horien soldatak eguneratuko dira, 4. artikuluaren B) eta C) ataletan aurreikusitako igoerak aplikatuko baitzaizkie.

3. artikulua. Denbora-eremua. Hitzarmen kolektibo honek HIRU URTEko iraupena izanen du (2025., 2026. eta 2027. urteak), eta, ondorioz, 2027ko abenduaren 31n bertan amaituko da.

Langileen Estatutuaren 86.2. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, ulertzen da hitzarmen hau salatuta gelditzen dela sinatzen den egunetik beretik.

Legean ezarrita dagoen aurreraeraginaren ondorioetarako, Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, hitzarmen kolektiboa salatu eta urtebetera beste hitzarmen bat adostu ez bada, alderdiak Langileen Estatutuaren 86. artikuluan xedatutakoaren mende jarriko dira.

4. artikulua. Ordainsariak: alderdi orokorrak.

A) 2025. urteko ordainsariak:

Hitzarmena indarrean den lehenbiziko urtean, hots, 2025ean, %5eko igoera izanen da 2024ko abenduaren 31n indarrean dauden soldata tauletan.

I. eranskin gisa gehitu dira 2025. urteari dagozkion soldata taulak, bertaratuek ados jarrita sinatu dituztenak.

Lehengo igande eta jaiegunetako osagarri berezia mantendu egiten da, igandeko lanaldiaren osagarrian behin betiko bildua eta xurgatua.

Enpresak soldataren aurrerakin bat eginen du hil bakoitzeko 15ean, 300,51 euro langile bakoitzarentzat, hain zuzen.

B) 2026. urteko ordainsariak:

Hitzarmenaren indarraldiko bigarren urterako (2026rako), soldataren igoera hau adostu da: Nafarroako 2025eko KPIaren igoeraren baliokidea, gehi %1,25, 2025ean indarrean dauden soldata taulen gainean.

C) 2027. urteko ordainsariak:

Hitzarmenaren indarraldiko hirugarren urterako (2027rako), soldataren igoera hau adostu da: Nafarroako 2026ko KPIaren igoeraren baliokidea, gehi %1,25, 2026an indarrean dauden soldata taulen gainean.

5. artikulua. Antzinatasuneko soldata osagarria. Antzinatasuneko soldata osagarria aldian aldiko igoera bat izanen da eta enpresaren zerbitzura emandako denborarengatik jasoko da; bi hirurteko eta bost bosturteko izanen dira gehienez.

Hirurteko bakoitzeko zenbatekoa oinarrizko soldataren %5 izanen da eta bosturteko bakoitzeko oinarrizko soldataren %10, eskala honen arabera:

–Hirurteko bat: oinarrizko soldataren %5.

–Bi hirurteko: oinarrizko soldataren %10.

–Bi hirurteko gehi bosturteko bat: oinarrizko soldataren %20.

–Bi hirurteko gehi bi bosturteko: oinarrizko soldataren %30.

–Bi hirurteko gehi hiru bosturteko: oinarrizko soldataren %40.

–Bi hirurteko gehi lau bosturteko: oinarrizko soldataren %50.

–Bi hirurteko gehi bost bosturteko: oinarrizko soldataren %60.

6. artikulua. Soldataren osagarria estrusioan bost txandako etenik gabeko lan araubidean aritzeagatik.

Estrusio atalean etenik gabe eginen da lan, bost txandatan, aurrerago azaltzen den moduan.

Bost txandako etenik gabeko lan araubide horretan aritzeagatik, araubide horren arabera urte guztian estrusio atalean lan egiten duten langile guztiek 139,20 euroko soldata osagarria jasoko dute hilero 2025ean, ohiko hamabi soldatetan eta uztaileko, Gabonetako eta mozkin banaketako ordainsari berezietan, bost txandako etenik gabeko araubidearen kontzeptuan. 139,20 euroko zenbatekoa lortzeko, 2024an langile horien alde sortutako soldata osagarriaren zenbatekoari (132,57 euro) hitzarmen honetan 2025erako hitzartutako %5eko igoera aplikatu zaio.

2026. eta 2027. urteetarako, estrusioan bost txandako etenik gabeko lan araubide horretan aritzeagatik ematen den soldata osagarria zehazteko, 4. artikuluko B eta C ataletan xedatutakoa aplikatuko da, hots, Nafarroako KPIak aurreko urtean izandako igoera, gehi %1,25.

Estrusio atalean urtearen zati batean bakarrik aritzen direnek benetan lan egindako denborarekiko modu proportzionalean jasoko dute soldataren osagarri hori.

7. artikulua. Inprimatze-lanpostuko osagarria.

Zerbitzuak inprimatze atalean egiten dituzten langileek, inprimaketaren arloko ezagutza tekniko bereziak konpentsatzeko, jarraituko dute berariazko lanpostuko osagarri espezifikoa jasotzen, hitzarmenak irauten duen bitartean. Osagarri hori ezartzeko 4. artikuluan ezartzen diren arau orokorrak aplikatuko dira.

8. artikulua. Gaueko lanaren plusa.

Produkzio beharrek hala galdegiten dutenean, enpresako langile guztiek gaueko txandan lan egin beharra mantentzen da. Hori dela eta, une jakin batean gaueko txandarik ez duten ataletan, enpresak halakorik ezar dezake hura justifikatzen duten beharrak bukatu arte.

Zerbitzuak benetan gaueko txandan egiten dituzten langileek eskubidea izanen dute hileko gaueko plusa jasotzeko, gaueko txandan lan egindako egun kopuruaren arabera dagokien proportzioan.

Bestalde, gaueko txandan benetan lan egiten ez duten langileek utziko diote soldatako berariazko ordainsari hori jasotzeari. Gaueko txandan lan ez egiteagatik gaueko plusa jasotzeari uzten dion langile orok eskubidea izanen du txanda horretan lan egiteko, betiere enpresa eta langilea ados badaude. Ordutik aurrera, langileak gaueko plusa kobratuko du.

Gaueko plusaren ordainsariaren zenbatekoa hitzarmen honetan erantsi diren soldata tauletan dago ezarrita.

9. artikulua. Absentismo txikiaren plusa.

Hiruhileko natural bateko lanaldietan eta lan orduetan %3,5etik beherako absentismoa duten langileek eskubidea izanen dute 180 euro gordin jasotzeko, hiruhileko hori bukatzean.

Esate baterako, urteko lehen hiru hileetan lanaldiaren eta benetan lan egindako orduen %3,5etik beherakoa bada absentismoa, langileak 180 euro gordin jasoko ditu hiruhileko hori bukatzen denean. Modu horretan konputatuko da urteko lau hiruhilekoetan.

Plus horren ondorioetarako, honako hauen ondorioz lanera ez joatea konputatuko da absentismotzat: gaixotasun arrunta, lanez kanpoko istripua, edo horietaz aparte, araudi aplikagarrian justifikaturik ez dagoen beste edozein.

Orobat, plus hori arautzen duen absentismoa kalkulatuko da kontuan izanda langile bakoitzak benetan lan egindako egunak eta orduak.

10. artikulua. Aparteko pagak. Urtean hiru aparteko paga ordainduko dira: uztailekoa, eguberrietakoa eta mozkinena.

Aparteko pagak noiz sorraraziko diren:

–Mozkinen paga, martxoan.

–Uztaileko paga, uztailean.

–Eguberrietako paga, abenduan.

Mozkinen pagaren sortzapena urtekoa izanen da, eta uztaileko pagarena eta eguberrietako pagarena, berriz, seihilekokoa.

Hiru aparteko pagetan soldataren hileko soldata bat ordainduko da, "egunekoa, guztira" izenekoa, soldata tauletan zehaztu bezala.

11. artikulua. Urteko lanaldia, lan egutegia eta estrusio ataleko 5 txandako etenik gabeko lan araubidea.

1.–Urteko lanaldia (benetako lan denbora).

Enpresako atal eta departamentu guztietan, hitzarmen kolektiboa indarrean den bitartean (2025., 2026. eta 2027. urteetan), lanaldiak ez du aldaketarik izanen; hau da, 2025ean indarrean egon den lanaldi bera izanen da.

a) Estrusio departamentua: 1.704 orduko benetako lana, hau da, 213 egun.

b) Gainerako atalak: 1.712 orduko benetako lana, hau da, 214 egun.

2.–Estrusio ataleko 5 txandako etenik gabeko lan araubidea.

Estrusio atalean lan egiten duten langileak 5 txandako etenik gabeko lan araubidean arituko dira.

Ekipamenduak eta instalazioak ahalik eta gehien erabiliz produktibitate handiena lortze aldera, estrusioko langileak etenik gabeko lan araubidean arituko dira, "5 txandako etenik gabeko lan araubidea" izenekoan. 5 txandako etenik gabeko lan araubidea estrusio ataleko ekoizpen instalazioetan aritzen den langileen ekoizpen sistema da, eta, hari esker, instalazio horiek etenik gabe funtziona dezakete. Sistema horretan, egunero eginen da lan 8 orduko 3 txandatan (goizez, arratsaldez eta gauez), txandaka, urteko egun natural guztietan. Igande eta jaiegunetan ere lan eginen da, eta langileek indarreko legerian ezarritako konpentsazioko atseden egunak izanen dituzte.

Hitzarmen hau indarrean den bitartean (2025., 2026. eta 2027. urteak), 213 lan egunak mantenduko dira, langile bakoitzaren banakako 1.704 orduko benetako lanaren baliokide direnak.

Estrusio ataleko txandakako 5 txanden sistema mantenduko da. Txanda bakoitzean 6 langile arituko dira, eta benetako lan erritmoa segidako 7 egunekoa izanen da, txandaka: bi goiz, hiru arratsalde eta bi gau; bi goiz, bi arratsalde eta hiru gau; edo hiru goiz, bi arratsalde eta bi gau. Zazpi eguneko benetako lanaren txanda bakoitzeko 4 edo 5 eguneko atsedenaldiak izanen dituzte langileek.

Udan, ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean, goiti-beheiti, txanda oso batek 7 opor egun izanen ditu. Horrela, atsedenaldiaren 4 eta 5 egunei gehituta, langile bakoitzak etenik gabeko 16 edo 17 eguneko oporraldia izanen du, baldin eta lan txanda berean ez badaude bi langile aldi berean oporretan.

Lan egindako egunen eta langile bakoitzak lan egin behar duen egunen guztirako kopuruaren artean diferentziarik bada, egun horiek erregularizatu beharko dira, enpresako zuzendaritza eta langileak ados jarrita.

Hitzarmen honen eranskin gisa gehitu dira estrusio atalaren laneko bost txanden egutegiak, 5 txandako etenik gabeko araubidean.

3.–Benetan lan egiteko orduak eta ogitartekoa jateko atsedenaldia:

Langileak bere lanpostuan egiten dituen orduak hartzen dira benetako lan ordutzat; laneko denbora konputatzeko, kontuan hartzen da langileak eguneko lanaldiaren hasieran eta bukaeran bere lanpostuan egon behar duela.

Ogitartekoa hartzeko atsedenaldia enpresaren kargura izanen da. Hartara, urteko lanaldia kontatzeko, benetan lan egindako egun bakoitzean 8 ordu konputatuko dira, eta horren barruan daude atsedenaldirako legean aurreikusitako 15 minutuak.

Ogitartekoa hartzeko atsedenaldiak ezin du 15 minutu baino gehiago iraun egunean, eta saihestuko da jarduera hori gehiegi eta modu irregularrean luzatzea. Horretarako, sirena bidez abisatzeko sistemak jarraituko du enpresan. Horrela, ogitartekoa hartzeko atsedenaldiaren hasiera zehaztuko da, eta, une horretatik aurrera, langilea joan daiteke lanpostutik. Halaber, lanpostura itzultzen hasteko unea ere markatuko du, eta, hartara, atsedenaldian produkzioa gelditzen den lanpostuen etenaldia ez da izanen 15 minututik gorakoa. Lana ez bada eteten atsedenaldian (estrusioa), langileak eskubidea izanen du ogitartekoa hartzeko. Horretarako, ataleko kideek ordeztuko dute, eta, horrenbestez, atsedenaldia txandaka hartuko da, langilezainaren irizpidearen arabera.

12. artikulua. Oporrak. Lan egutegian zehaztutako oporrak dituen langileari aldi baterako ezintasun prozesu bat suertatzen bazaio oporrak hasi baino lehenago, aldi baterako ezintasunarekin bat egiten duten opor egun horiek beste epe batean har ditzake, legean ezarritakoaren arabera.

Enpresaren opor egunen egutegiaren arabera finkatutako oporraldiak bat egiten badu langile baten haurdunaldiaren edo erditzearen ondoriozko edo bularra emateko aldi baterako ezintasun egoera batekin edo Langileen Estatutuaren Legearen 48. artikuluko 4., 5. eta 7. apartatuetan ezarritako lan kontratua eteteko aldiarekin, langileak eskubidea izanen du opor egunak aldi baterako ezintasuna edo dagokion baimena bukatutakoan edo kontratuaren etenaldia bukatutakoan hartzeko, urte naturala bukatu bada ere.

Oporraldia bitartean aurreko paragrafoan aipatu ez den arrazoi batengatik aldi baterako ezintasun egoera bat gertatuz gero, eta horren ondorioz langileak oporrak dagokion urte naturalean hartzerik ez badu, osorik edo partez, ezintasun egoera bukatu ondoren hartzen ahalko ditu, betiere opor horiek sortu diren urtea bukatzen denetik 18 hilabete baino gehiago igarotzen ez badira.

13. artikulua. Lanaldi partzialeko kontratua: ordu osagarrien ituna. Langileen Estatutuaren Legearen 12.5 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, enpresak lanaldi partzialeko lan kontratu mugagabe bat izenpetzen duenean, langilearekin hitzartzen ahal du ordu osagarriak egitea. Hona hemen haien araubidea:

–Enpresaren eta lanaldi partzialeko kontratua duen langilearen artean hitzartzen den ordu osagarrien kopurua ezin da kontratatutako ordu arrunten %60tik gorakoa izan, eta, inola ere, ordu arruntak eta ordu osagarriak batuta ezin da gainditu lanaldi osoz aritzen den langile baten lanaldiaren legezko muga.

–Ordu osagarriak egiteko aurreabisua egin beharko dio enpresak langileari, gutxienez egun bat lehenago.

–Artikulu honetan aurreikusten ez den orotan, aplikagarria izanen da enpresak lanaldi partzialeko langilearekin sinatzen duen ordu osagarrien hitzarmenean xedatzen dena, bai eta, kasu guztietan, Langileen Estatutuaren Legea eta arau osagarriak ere.

14. artikulua. Lanerako aldi baterako ezintasunaren osagarria. Gaixotasun arrunt edo profesionalarengatik eta lanez kanpoko istripuarengatik izaten diren aldi baterako ezintasun prozesuetan, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak ordaintzen dituen prestazioak osatuko ditu enpresak benetako soldataren gainean ondotik zehazten diren portzentajeekin, fabrikako absentismo mailaren arabera, gaixotasun arrunt edo profesionalarengatik eta lanez kanpoko istripuarengatik zein laneko istripuarengatik izaten diren aldi baterako ezintasun prozesuetan, ondoko eskalari jarraituz:

–Absentismoa %0tik %4,5era bitartekoa bada: %100era arteko osagarria.

–Absentismoa %4,51tik %5,5era artekoa bada: %90era arteko osagarria.

–Absentismoa %5,51tik %6,0ra arteko bada: gehienez %80ko osagarria.

–Absentismoa %6,1etik gorakoa bada: langileak soilik jasoko ditu Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren kargura diren prestazioak.

Osagarria zein hilabetetakoa den, horren aurreko 12 hilabete naturalean konputatuko da absentismoa. Laneko istripuen ondorioz diren aldi baterako ezintasun prozesuetan, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak edo laneko istripuen mutuak ordaintzen dituen prestazioak %100era bitarte osatuko ditu enpresak, aldi baterako ezintasunaren lehen egunetik aurrera. Artikulu honetako lehen paragrafoan adierazten den bezala, laneko istripuarengatik izandako aldi baterako ezintasuna konputatu eginen da aipatutako absentismo maila kalkulatzeko.

15. artikulua. Barneko lehentasuna lanpostu hutsak betetzeko. Zerbitzuak estrusio atalean egiten dituzten langileek lehentasuna izanen dute kategoria profesional pareko lanpostu huts bat betetzeko gainerako produkzio ataletan. Lehentasun hori erabiltzen badute, lanpostu berriari dagozkion soldata eta soldataren osagarriak jasoko dituzte.

Era berean, gainerako produkzio ataletako langileek lehentasuna izanen dute kategoria profesional pareko lanpostu huts bat betetzeko estrusio atalean. Lehentasun hori erabiltzen badute, lanpostu berriari dagozkion soldata eta soldataren osagarriak jasoko dituzte.

Enpresako zuzendaritzak erabakita beteko dira lanpostu hutsak, une oro begiratu beharko baitu giza baliabideak ahalik eta hobekien banatzen direla.

16. artikulua. Eszedentziak. Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duten langileek eskubidea dute borondatezko eszedentzia aitor diezaieten, hiru hilabeterako gutxienez eta bost urterako gehienez.

Langileak eszedentziaren egoera urtebeteko gehieneko mugarekin eskatzen badu, enpresak lanpostua gorde behar dio, baldin eta langileak, eszedentzia egoeran dagoenean, ez badu lanik egiten bere kontura edo beste baten kontura. Enpresak, eszedentzian dagoen langilearen lanpostua betetzeko, bitarte baterako kontratua egin beharko du, lanpostua gehienez gorde beharreko denborarako, hau da, urte baterako.

Gainerako kasuetan, esan behar baita, eszedentzia urte batetik gorakoa denean eta/edo langileak zerbitzuak beste baten kontura edo bere kontura egiten dituenean, eszedentzia borondatez emanen da, eta langileak, soilik, eskubidea izanen du bere lanpostura itzultzeko baldin eta lanpostu hutsik badago bere talde profesionalean edo maila beheragoko batean.

Eszedentziako langileak lanpostura itzultzeko eskatu beharko du, idatziz, eszedentzia bukatu baino hilabete bat lehenago.

17. artikulua. Lizentzia ordainduak eta lanaldi murrizketak. Honako egoera hauetan, langileak baimena izanen du denbora batez lanera ez agertzeko, galdu gabe ordaindua izateko eskubidea, baldin aldez aurretik abisatu eta justifikatzen badu:

a) Ezkontideak, izatezko bikotekideak edo odol edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaideek (izatezko bikotekidearen odol bidezko ahaideak barne) edo langilearekin etxe berean bizi den eta haren zaintza behar duen beste edozein pertsonak istripu edo eritasun larria baldin badu, ospitaleratu behar badute edo etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoa baldin badu, bost egun.

b) Ezkontidea, izatezko bikotekidea edo odol edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaideak hiltzeagatik, bi egun. Arrazoi horrengatik langileak beste norabait joan beharra badu, epea bi egun naturalez luzatuko da.

c) Aurreko bi kasuetan, ordaindutako baimena eteten ahalko du langileak (egun ez jarraituak), baldin eta baimen hori ahaidearen ospitalizazioarekin edo lizentzia eragin duen etxean atseden hartzearekin bat baldin badator. Joan-etorria egin behar bada, baimena luzatuko da joan-etorriak egin ahal izateko behar bezainbeste, eta gehienez ere bi egun gehiago.

Langileak gertakariaren lekura joan behar badu eta bidaiaren distantzia 100 eta 200 kilometro artekoa bada, baimen ordaindua egun batez luzatuko da. Eta egin beharreko bidaia hori 200 km-tik gorakoa bada, baimena bi egunez luzatuko da. Bi kasuetan, beharrezkoa izanen da egindako joan-etorria justifikatzea, edozein froga-bitartekoren bidez.

d) Odol edo ezkontza bidezko hirugarren mailara arteko ahaideen heriotza, egun natural bat.

e) Ezkontzeagatik, 18 egun natural.

f) Langilearen nahiz haren ezkontidearen seme-alaba, guraso nahiz anai-arreben ezkontzagatik: egun bat, ezkontzaren eguna bera: egun bat.

g) Erditze naturala ospitaleratzetzat joko da.

h) Aurreko ataletan biltzen ez diren gainerako lizentzia ordainduak Langileen Estatutuan xedatuaren arabera zehaztuko dira.

i) Legezko zaintza dela-eta, langileren batek bere kargura baldin badu hamabi urtetik beherako haurren bat edo ordaindutako lanik egiten ez duen eta desgaitasuna duen pertsona bat, eskubidea izanen du eguneko lanaldia murrizteko, soldata ere hein berean murriztuta, haren iraupenaren zortziren bat gutxienez eta erdia gehienez ere.

Adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen ahaideren bat –bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezkoa– zaindu behar duen langileak ere eskubide bera izanen du.

Gurasoak, adoptatzaileak edo adoptatzeko edo harrera iraunkorra egiteko zaintzaileak eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, gutxienez erdira, soldata hein berean murriztuta, minbiziak (tumore gaiztoak, melanomak eta kartzinomak) edo beste gaixotasun larri batek jota dagoen bere ardurapeko adingabe bat zaintzeko, gaixotasun horrek ospitaleratze luzea ekartzen badu eta, hortaz, umeak zaintza zuzena, jarraitua eta iraunkorra behar badu, osasun zerbitzu publikoak edo kasuan kasuko autonomia erkidegoko osasun organo administratiboak egiaztaturik, gehienez ere adingabeak hamazortzi urte bete arte.

Atal honetan araututako lanaldiaren murrizketak langileen banako eskubidea dira, gizonezkoak zein emakumezkoak izan. Hala ere, baldin subjektu eragile bera zaintzeko eskubidea badute enpresa bereko bi langilek edo gehiagok, enpresaburuak mugatzen ahal du aldi berean erabiltzea eskubide hori, baldin enpresaren funtzionamenduarekin lotutako bidezko arrazoirik bada.

Langileak zehaztuko du artikulu honetan zehaztutako haurrari esnea emateko eta lanaldia murrizteko baimena zein epe eta ordutan hartuko duen, bere ohiko lanaldiaren barrenean. Lanaldia murrizteko eskatzen duten langileek ahalegina eginen dute %50eko murrizketa hartzeko. Horrela, hala badagokio, murrizketa eskatzen duten bi langile daudenean enpresak lan txanda jakin bat osatzen ahalko du.

j) Hitzarmeneko testuaren 17. artikulu honetan araututako lizentzia ordainduak hartzeko eskubidea izanen dute izatezko bikoteek ere, baldin eta izatezko bikoteen udal erregistroan izena emanda badaude.

18. artikulua. Aseguru kolektiboa. Enpresak, bere kargura, aseguruaren poliza kolektibo bat eguneratuko du, plantillako langile guztien alde, ondoko kapital aseguratu hauek estaltzeko:

  • 24.000 euro, ezintasun iraunkor osoaren kasuan.
  • 28.000 euro, erabateko ezintasun iraunkorraren kasuan, heriotzaren kasuan gaixotasun arruntarengatik eta lanez kanpoko istripuaren kasuan.
  • 44.000 euro, heriotzaren kasuan laneko istripuagatik edo gaixotasun profesionalarengatik.

Gehienez ere hogeita hamar eguneko epean, hitzarmen hau sinatzen den egunetik aurrera, enpresak muga berri horietara eguneratu beharko du aseguru poliza. Muga horiek indarra izanen dute aipatutako eguneratze hori egiten den egunetik aurrera.

19. artikulua. Erretiro partziala. Enpresak behar diren betebeharrak eginen ditu unean-unean indarrean den legeriaren arabera erretiro partziala eskatzen duten langileek aukera hori balia dezaten.

20. artikulua. Osasun azterketa. Lan orduetatik kanpo eginen zaie osasun azterketa orokor bat enpresako langile guztiei.

Enpresak entitate laguntzaileari (Mutua Patronal) eskatuko dio osasun azterketak egiteko belarrietan eta bizkarrezurrean hori berariaz eskatzen duten pertsonei.

21. artikulua. Laneko jantziak. Enpresak lan arropa emanen die langileei beharrezkoa denean erabileragatik eta egoeragatik, eta langileak erabilitako arropa itzuliko du.

Udarako, enpresak bi arropa sorta (prakak eta atorra) emanen dizkie langileei. Gero, berritu eginen dira, beharrezkoa bada erabileragatik edo egoeragatik.

22. artikulua. Ordezkapeneko plusa. Estrusio atalean, bere egutegiaren berezitasuna dela-eta, ordu gehiagoko lanaldia eta/edo laneko baja duten pertsonak ordezten dituzten langileek plus hori jasoko dute ordezkapena egiten duten egunetan, kontuan izan gabe nolako ordezkapena den.

23. artikulua. Lanbide taldeak. Langileen Estatutuaren Legearen 22. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat, alderdiek adosten dute lanbide taldeen araberako lanbide sailkapenaren sistema erabiltzea.

Lanbide taldeak 1. taldetik 3. taldera artekoak dira.

1. taldea: Talde honetan daude zuzendaritza taldekoak, laborategiko arduraduna eta administrazio eta ekoizpeneko arduradunak.

2. taldea: Talde honetan daude biltegiko arduraduna, biltegiko burua, merkataritzako ordezkaria, administrazioko ofizialak, laborategiko teknikaria eta mantentze lan elektriko eta mekanikoko teknikariak.

3. taldea: Talde honetan daude enpresako gainerako langileak, garai bateko kategoria hauek guztiak bilduta: langilezaina, lehenbiziko mailako profesionala, bigarren mailako profesionala, laguntzaile espezialistak, peoia eta enpresako gainerako langile eta enplegatuak.

3. lanbide taldean zenbait ordainsari maila ezarri dira, soldata tauletan adierazten den moduan.

Hitzarmenaren indarraldiaren lehen urterako, hots, 2025erako, 3. lanbide taldeko ordainsariak hitzarmenaren eranskinean zehaztu dira. Kasu guztietan, errespetatu eginen dira egun indarrean diren ordainsariak.

24. artikulua. Batzorde paritarioa.

1.–Hitzarmenaren batzorde paritarioa osatzen da, alderdi sinatzaileek osatua. Hitzarmena interpretatuko du, bitartekaritza eta arbitrajea eginen ditu eta begiratuko du hura beteko dela.

Halaber, harena izanen da hitzarmena egokitzeko eginkizuna, hark irauten duen bitartean.

Batzorde paritarioak aurretik esku-hartzeko tramitea agortutzat joko da gehienez ere zazpi eguneko epea pasatzen denean desadostasuna planteatu zenetik batzorde paritarioak iritzia eman gabe.

2.–Bi alderdiak, oro har, bat datoz hitzarmena aplikatu eta interpretatzean sor litezkeen problema, desadostasun edo gatazka guztiak batzorde paritarioaren menpe uztearekin, kasuak Nafarroako Lan Auzitegian edo lan arloan eskumena duen jurisdikzioan aurkeztu baino lehen. Orobat, 15 egunean ebatzi beharko du gehienez, egoera aurkezten zaionetik hasita. Ebazpena ez bada ematen, arrazoia edozein delarik ere, bukatutzat emanen da batzorde paritarioaren tramitea.

3.–Enpresa batzordeko buruak eta enpresako kudeatzaileak osatuko dute batzorde paritarioa.

4.–Oro har, ordezkaritzako edozeinek eskatuta bilduko da batzorde paritarioa, jorratu beharreko gaiak zehaztuta. Erabakitakoari publizitatea emanen zaio zentroko iragarki oholean.

5.–Batzorde paritarioak ebazten ez duenetan aurkeztutako eskaeraren inguruan, bi alderdiek, enpresak eta langileen ordezkaritzak, erabaki dute berariaz men egingo diotela Nafarroako Lan Auzitegiari.

Batzorde paritarioaren erabakiek hitzarmen kolektibo honen testuak adinako balioa izanen dute, Langileen Estatutuaren 91.4 artikuluan xedatuarekin bat.

25. artikulua. Arau osagarriak. Enpresako hitzarmen honetan aurreikusten ez den orotan, enpresako aurreko hitzarmenetan araututakoari jarraituko zaio, edo, bestela, lan arloko araudian oro har araututakoari. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Espainiaren eremuko hitzarmen kolektiboan aurreikusitakoari jarraituko zaio.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Langileen Estatutuaren Legearen 85. artikuluko 3. atala, estatutuaren araberako hitzarmen kolektiboaren gutxieneko edukiari buruzkoa, aldatu zuen uztailaren 6ko 3/2012 Legearen 14.4 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, ondoko xedapen gehigarri hauek hitzartu dira:

Bakarra.–Langileen Estatutuaren 82.3 artikulua aplikatzean sortzen ahal diren desadostasunak konpontzeko, estatutu-arau horretan aurreikusitako prozedurak baliatuko dira.

Eta adostasunaren eta onarpenaren frogagarri, enpresako hitzarmen kolektibo hau sinatu dute, hiru aletan, Orikainen (Nafarroa), 2025eko azaroaren 17an.

BACAICOA INDUSTRIAS PLÁSTICAS SA:

Fernando BACAICOA ULAYAR jauna.

ENPRESA BATZORDEA:

David BURGUI VISCARRET (UGT) jauna.

Jesús SOPEÑA SEGURA (UGT) jauna.

Oscar REDIN LACARRA (UGT) jauna.

Mohamed ATIA KIFOUCHE (ELA) jauna.

Jesús SANZ GARRO (ELA) jauna.

SOLDATA TAULAK, 2025-01-01ETIK 2025-12-31RA

KATEGORIA

LANB.

TALDEA

OINARRIZKO SOL.

OSAG. BERT.

PIZG.

OSAG. PERTS.

EGUNAK OSOTARA

GAUEKO LANA

IGANDETAKO LANA

EGUNAK OSOTARA

LANGILEZAINA

3.1

31,35

13,11

19,19

9,08

72,73

6,12

15,15

94,00

1. MAILAKO PROF.

3.2

31,35

8,65

17,58

9,08

66,66

6,12

15,15

87,93

2. MAILAKO PROF.

3.3

31,35

7,99

16,93

9,08

65,35

6,12

15,15

86,62

LAGUNTZ. ESP.

3.3

31,35

7,99

15,62

9,08

64,04

6,12

15,15

85,31

PEOIA

3,4

31,35

6,15

9,11

9,08

55,69

6,12

15,15

76,96

JOAN-ETORRIA

96,05

EURO HILEAN, LAN EGINDAKO HILABETEENGATIK; LANALDI ZATITUAN, BIKOITZA

JARDUERA PLUSA

153,07

EURO HILEAN (12 HILABETE)

INPRIMATZE LANP. OSAG.

49,18

EURO HILEAN (12 HILABETE)

3.3 LANBIDE TALDEA

71,06

EURO HILEAN (12 HILABETE)

3.2 LANBIDE TALDEA

NON STOP PLUSA

139,20

EURO HILEAN (15 HILABETE), ESTRUSIO ATALEKO LANGILEAK

Oharra: soldata taula honen aplikazio eremutik kanpo geratzen dira 1. eta 2. lanbide taldeko eta horien barneko azpitaldeetako langileak.

Iragarkiaren kodea: F2601487