2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ORKOIEN
Musika Eskola erabiltzeko administrazioarteko hitzarmena
Iragarki honen bidez aditzera ematen da Orkoiengo Udalbatzako eta Oltza Zendeako Udalbatzako osoko bilkurek hartu duten erabakia, hizpide duena Orkoiengo Musika Eskola erabiltzeko administrazioarteko hitzarmena, urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoari egokituta (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legea).
Hitzarmenaren testua osorik dago argitaratuta Orkoiengo Udalaren egoitza elektronikoan, ondoren adierazitako estekan, eta argitalpen honen eranskin gisa.
https://orkoien.sedelectronica.es/preview-document/ac8725cc-7c67-4e43-9ed0-95eb88aa072d/
Orkoienen, 2026ko otsailaren 9an.–Alkatea, Alejandro López Orejuela.
OLTZA ZENDEAKO ETA ORKOIENGO UDALEN ARTEKO ADMINISTRAZIOARTEKO HITZARMENA, ORKOIENGO MUSIKA ESKOLA ERABILTZEKO
BILDU DIRA:
Alde batetik, José María Cuende Vallejo, Oltza Zendeako Udaleko alkate udalburua; egintza horretarako ahalmena espresuki jasoa du 2025eko ekainaren 26ko osoko bilkuran hartutako erabaki baten bidez.
Beste aldetik, Alejandro López Orejuela, Orkoiengo Udaleko alkate udalburua; egintza horretarako ahalmena espresuki jasoa du 2025eko ekainaren 25eko osoko bilkuran hartutako erabaki baten bidez.
Bi alderdiek elkarri aitortzen diote Oltza Zendeako Udalaren eta Orkoiengo Udalaren arteko hitzarmen hau egilesteko lege ahalmen nahikoa, eta horretarako adostu dute hitzarmena formalizatzea, klausula hauen arabera;
KLAUSULAK
Lehena.–Hitzarmenaren xedea.
Oltza Zendeako Udaleko eta Orkoiengo Udaleko osoko bilkurek hartutako erabaki baten bidez (2022ko urtarrilaren 20ko eta 2022ko urtarrilaren 27ko bilkuretan, hurrenez hurren), onetsi zen Oltza Zendeako Udalaren eta Orkoiengo Udalaren arteko administrazioarteko hitzarmena, Orkoiengo Musika Eskola erabiltzeko.
Hitzarmena 2023ko otsailaren 1ean formalizatu zen, 2023ko 62. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 28an, eta haren indarraldia 2024/2025 ikasturtean amaitu da (irail eta abuztu arteko aldia ulertuta).
Hitzarmen honen xedea da arautzea zer-nola erabili behar duten Orkoiengo Udalak eta Oltza Zendeako Udalak Orkoiengo Udal Musika Eskola (Escuela de Música Jose Miguel Huarte de Orkoien Musica Eskola).
Bigarrena.–Musika Eskolaren izena eta helbideak.
Musika Eskolaren izen zehatza honako hau izanen da: Escuela de Música Jose Miguel Huarte de Orkoien Musica Eskola. Helbide ofiziala hau da: Iturgain plaza z.g. (Orkoien).
Eskolak emateko baimendutako helbideak honako hauek izanen dira: Orkoiengo Angel Gutiérrez zentro zibikoa.
Era berean, baimendutako helbidetzat hartuko dira Oltza Zendeako Udalak horretarako egokitzen dituen helbideak, bat etorriz hirugarren klausulan ezarritakoarekin. 7. Musika egoitzak.
Irakaskuntzak izanen dira Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak egun baimentzen dituenak edo bihar edo etzi baimentzen ahalko dituenak.
Hirugarrena.–Onuradunen betebeharrak.
Hitzarmen hau izenpetzen duten udalek honako konpromiso hauek hartzen dituzte:
1. Ikasleak.
Orkoiengo Udalak eta Oltza Zendeako Udalak eskubidea izanen dute, erabateko berdintasunean eta hitzarmen honen indarraldian, beren bizilagunek matrikula egin dezaten Musika Eskolak euskaraz zein gaztelaniaz ematen dituen ikastaroetan.
2. Langileak.
Orkoiengo Udalak subrogatu ditu Oltza zendea - Orkoien Musika Eskolako Patronatuaren (2018ko abenduaren 31n desegina) plantilla organikoan zeuden irakasle guztiak.
3. Tasak eta prezio publikoak.
Orkoiengo Udalak onetsiko ditu Musika Eskolan ematen diren ikastaroetan izena emateko eta parte hartzeko tasa eta prezio publikoak, bai eta Musika Eskolaren barne funtzionamendurako arauak ere, aurretiaz Oltza Zendeako Udalari jakinarazita.
4. Pedagogia proiektua, prestakuntza eskaintza eta metodologia.
Hitzarmena indarrean dagoen urteetan mantenduko dira gaur egungo prestakuntza eskaintza, metodologia, antolaketa eta proiektu pedagogikoa, jarraikiz beti Musika Eskolako zuzendaritza taldearen irizpideari eta proposamenei.
5. Hizkuntza eredua.
Hitzarmen honen indarraldian mantenduko da egungo euskarazko eta gaztelaniazko irakaskuntza-eredua.
6. Aurrekontu defizita.
Hitzarmen hau sinatu duten udalek betebeharra hartzen dute Musika Eskolako aurrekontuaren defizitaren ekarpena egiteko urtero eta toki-entitate bakoitzaren urteko aurrekontuan behar besteko kopurua sartzeko, betebehar horri erantzuteko.
Defizita kalkulatzeko kostu hauei dagozkienak sartuko dira:
–Irakasleen eta zuzendaritza taldearen kostua (barne hartuta Gizarte Segurantzako enpresa kuotak eta kilometroak).
–Langileen prestakuntza ikastaroak.
–Laneko arriskuen prebentzioa.
–Bulegoko materiala.
–Ekipamenduaren eta bulego materialaren eta/edo informatikoaren mantentzea.
–Tresnak konpontzea eta mantentzea.
–Liburuak eta bestelako material didaktikoa.
–Telefonoa.
–Musika Eskolako jaiak.
–Lan arloko aholkularitza.
–Laguntzako gainerako langileen kostuak, kalkulatuko direnak oinarri hartuta egungo Musika Eskolaren kostuen azterlana, zeina Nafarroako Gobernuaren Toki Administrazioaren Zuzendaritza Nagusiak idatzi baitzuen 2017ko uztailean. Honako dedikazio portzentaje hauek aplikatuko dira:
- Administrazioa/kontabilitatea: lagun bat. %50 (C maila).
- Koordinazio/idazkaritza lanak: lagun bat. %15 (B maila).
- Garbiketa: lagun bat. %24 (E maila).
- Etxezaintza: lagun bat. %24 (D maila).
Aurreko portzentajeak aplikatzeko oinarria kalkulatzeko, kontuan hartuko dira kostu guztiak, Gizarte Segurantzako enpresa kuotak barne, bai eta Musika Eskolako irakasleen eta zuzendariaren kostua ere.
Defizita banatuko da Musika Eskolak guztira ematen dituen eskola orduen arabera. Ateratzen den kopurua udal bakoitzari jasanaraziko zaio, udalerri bakoitzean erroldaturiko ikasleek jasotzen duten eskola-ordu kopuruaren proportzioan.
7. Musika egoitzak.
2. klausulan ezartzen dira eskolak emateko baimendutako helbideak. Horiez gain, egoitza bat ezartzen ahalko da Oltza zendean.
Oltza zendeako zentroan ikasgaiak eman ahal izateko irizpidea hezkuntza arlokoa izanen da, Musika Eskolako zuzendaritzak eta klaustroak balioetsia eta adostua.
Oltza Zendeako Udalean egoitza bat ezartzen bada, defizitaren kalkuluan egotziko dira erabilitako lokalen garbiketari dagozkion kostuak, aipatu kostuen azterketan ezarritako portzentajean; hau da, pertsona bat, %15 (E maila). Pertsona horren kostua eta Musika Eskolako gainerako langileen kostua kalkulatzeko, kontuan hartuko dira kostu guztiak, Gizarte Segurantzako enpresa kuotak barne.
8. Kudeatzeko modua.
Hitzarmen hau indarrean den artean Musika Eskolaren kudeaketa zerbitzua egin beharko da zerbitzu publikoko kudeaketa zuzeneko moduetako batean. Horiek zehazturik daude uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), apirilaren 2ko 7/1985 Legeari dagokionez (Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen Legea).
Laugarrena.–Hitzarmena eta alderdien konpromisoak betetzearen jarraipen, zaintza eta kontrol mekanismoak.
Hitzarmena eta sinatzaileek hartutako konpromisoak betetzearen jarraipen, zaintza eta kontrola egiteko, batzorde bat eratuko da. Batzorde horrek sinatzaileen ordezkaritza parekidea izanen du.
Kide hauek osatuko dute jarraipen batzordea:
–Oltza Zendeako Udaleko bi ordezkari.
–Orkoiengo Udaleko bi ordezkari.
Batzorde horretan parte hartzen ahalko dute, era berean, bi udaletako lege aholkulariek, ekonomikoek edo teknikoek, bai eta Musika Eskolako zuzendaritzak ere. Hitza izanen dute, baina botorik ez.
Batzordeak musika eskolaren zerbitzuarekin zuzenean loturiko proposamenak egiten ahalko dizkio Orkoiengo Udalari, hark onets ditzan.
Batzordeko burutza Orkoiengo Udalari dagokio eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19.2 artikuluan ezarritako eginkizunak beteko ditu (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea), bere botoarekin berdinketak ebaztea izan ezik.
Jarraipen batzordea, oro har, hiru hilean behin bilduko da eta ezohiko bileran, edozein alderdik eskatzen duen aldiro.
Jarraipen batzordeak ebatziko ditu hitzarmen hau interpretatzeko eta betetzeko moduari buruz sortzen diren arazoak.
Bosgarrena.–Hitzarmenaren aldaketa.
Hitzarmen honetan aurreikusitako edozein klausula aldatu ahal izateko, aurretik beharko da Oltza Zendeako Udalaren eta Orkoiengo Udalaren osoko bilkuren adostasuna.
Seigarrena.–Hitzarmenaren indarraldia.
Hitzarmen honen iraupena bi ikasturtekoa da: 2025/2026 eta 2026/2027, irail eta abuztu arteko aldia ulertuta. Luzatzen ahalko da, gainera, ikasturteka, lau eskola urte gehienez ere. Nolanahi ere, amaituko da 2029ko abuztuan. Luzapenak aho batez adostuko dituzte bi alderdiek, noiznahi eta ezarritako epea bukatu aurretik.
Zazpigarrena.–Hitzarmena desegitea.
Hitzarmen hau iraungiko da xede dituen jarduketak betetakoan edo suntsiarazteko arrazoietako bat gertatzen denean.
Honako hauek dira suntsiarazteko arrazoiak:
a) Hitzarmenaren indarraldia igarotzea haren luzapena adostu gabe.
b) Sinatzaile guztiek aho batez adostea.
c) Sinatzaileetako batek hartutako betebehar eta konpromisoak ez betetzea.
Kasu honetan, alderdi batek errekerimendu bat jakinarazten ahalko dio bete ez duen alderdiari, epe jakin batean bete ditzan ez-betetzat jotzen dituen betebeharrak edo konpromisoak. Errekerimendu hori jakinaraziko zaie hitzarmenaren exekuzioaren jarraipen, zaintza eta kontrol mekanismoaren arduradunari eta sinatu duten gainerako alderdiei.
Errekerimenduan adierazitako epea igarota bete gabe jarraitzen badu, errekerimendua egin zuen alderdiak alderdi sinatzaileei jakinaraziko die hutsaltzeko arrazoiak bere horretan dirauela eta hitzarmena hutsaldutzat joko da. Hitzarmena arrazoi horregatik suntsitzeak eragiten ahalko du sorrarazitako kalte-galerak ordaindu beharra.
d) Hitzarmenaren deuseztasuna aitortzen duen epai judiziala.
e) Aurreko horiez bestelakoa den beste edozein arrazoi, legeetan ezarritakoa.
Aurrez aipatutako kasuetako edozeinetan, baldin eta hitzarmena suntsitzeak badakartza ikasleen murrizketak edo absentziak eragindako gastuak (esaterako, irakasleen lanaldiak murriztea, langileak kaleratzea, kalte-ordainak ordaintzea eta abar), udalek ordainduko dituzte gastu horiek, Musika Eskolako ikasle kopuruarekiko proportzioan. Horretarako, ikasle kopuruaren batezbestekoa kalkulatuko da, erreferentzia gisa hartuta hitzarmen hau ebatzi aurreko azken lau ikasturteak.
Zortzigarrena.–Hitzarmenaren izaera.
Hitzarmen honek administrazio izaera du, eta izenpetzen da babes harturik urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluan ezarritakoa (lege horrek hizpide du Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa).
Hitzarmenaren aplikazioaren ondoriozko jarduketek alderdien artean sortzen dituzten auziak, jarraipen batzordean konpondu ezin direnak, administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenak ebatziko ditu, jarraikiz jurisdikzio hori arautzen duen legean xedatutakoari.
Hori guztia, deusetan ukatu gabe Nafarroako toki-entitateen egintza eta erabakiak aurkaratzeari dagokionez indarreko legedian ezartzen diren berezitasunak.
Orkoienen, 2025eko uztailaren 29an.–Sinatzaileak: Alejandro López Orejuela, Orkoiengo Udaleko alkatea, eta José María Cuende Vallejo, Oltza Zendeako Udaleko alkatea.
Iragarkiaren kodea: L2601966