50. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

108E/2026 FORU AGINDUA, otsailaren 17koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntza deialdia hau onesten baita: "Dirulaguntzak toki entitateentzat, haur eta nerabeentzako prebentzio komunitarioko programak abiarazi ditzaten." Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko kodea: 877459.

Maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legeak, Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoak, 63. artikuluan ezartzen duenez, adingabeen arreta integralari dagokionez, lehentasunezkoak izanen dira balizko babesgabetasun-egoerak eta adingabeen garapena kaltetzen duten edo haien eskubideak urra ditzaketen gabezia larriak prebenitzeko jarduketak.

Era berean, foru lege horrek 67. artikuluan prebentzio komunitarioa zedarritzen du, eta zehazten du prebentzio komunitarioa auzoetan, herrietan eta haranetan garatzen diren hainbat arlotako prebentzio jarduerei dagokiela. Arauak dioenez, prebentzio komunitarioa erantzukizun partekatua da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren, toki administrazioen eta haur eta nerabeen arloko sare komunitarioen artekoa. Toki administrazioek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren sostenguarekin, beren lurraldean sustatuko dute haur eta nerabeen arloko erakunde komunitarioak abian jartzea eta garatzea, baliabide ekonomikoak, lokalak eta languneak horretara bideratuta.

Azkenik, foru lege horren 68. artikuluko 2. apartatuan ezartzen denez, gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuak deialdi bat eginen du, toki entitateek haur eta nerabeak babesteko prebentzio plan komunitarioak garatu ahal ditzaten.

Erantzukizun partekatu hori gauzatzeko, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak (PAGNA) egokitzat jotzen du toki entitateentzako dirulaguntza deialdi bat onestea, norgehiagokako araubidearen araberakoa, osorik edo partez finantzatzeko haurren eta nerabeen arloko erakunde komunitarioak abian jartzeak dakartzan gastuak, 2026an haur eta nerabeei zuzendutako prebentzio komunitarioko zerbitzuen dinamizatzaileak diren aldetik.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du zer araubide juridiko orokor aplikatu behar zaien onura publikoko edo gizarte-intereseko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei. Arau horren 17. artikuluak ezartzen ditu dirulaguntzak emateko prozedurak, eta bertan adierazten da norgehiagoka bidezkoa izanen dela ohiko prozedura.

Bestalde, hala xedatzen baitu apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berdintasuneko klausulak txertatuko dira balorazioa egiteko, baita beste klausula batzuk ere, hala eragozteko laguntza publikoak ematea sexua edo generoa dela-eta lan-jardunbide baztertzaileak izateagatik edo onartzeagatik zehapena edo zigorra jaso duten entitate eskatzaileei.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 5 bis artikuluan xedatutakoa betez, proposatutako dirulaguntza Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2025-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren II. eranskinean jasota dago. Plan hori Gobernuaren 2025eko apirilaren 30eko Erabakiaren bidez onetsi zen.

Ikusirik espedienteko txosten tekniko eta juridikoak, adierazten dutenak egokia eta interes publikokoa dela deialdi hau onestea eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla, eta Eskubide Sozialetako Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuaren oniritzia izanik, proposatzen da deialdi hau onestea.

Horrenbestez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskumenak baliatuz, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen ekainaren 5eko 60/2024 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak baliatuz, honako hau,

AGINTZEN DUT:

1. Dirulaguntza deialdia hau onestea: "Dirulaguntzak toki entitateentzat, haur eta nerabeentzako prebentzio komunitarioko programak abiaraz ditzaten."

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

920008-93300-4609-231700: Toki entitateentzako dirulaguntza, haur eta nerabeentzako prebentzio komunitarioko programetarako

2026 urte

350.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko otsailaren 17an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA.–TOKI ENTITATEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, HAUR ETA NERABEENTZAKO PREBENTZIO KOMUNITARIOKO PROGRAMAK GARATZEKO, 2026AN. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da toki entitateei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, haur eta nerabeentzako prebentzio komunitarioko programak gara ditzaten, zeinak abian jarriko baitituzte haur eta nerabeen arloko erakunde komunitarioek, haur eta nerabeentzako prebentzio komunitarioko tokiko zerbitzuen dinamizatzaile diren aldetik, 2026. urtean.

Proiektu horren helburu nagusia da haur eta nerabeen arloko tokiko erakunde komunitario bat sortzea, metodologia komunitarioa erabiliz, Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legearen III. kapituluko 3. atalean jasotzen den bezala.

Haurren eta nerabeen arloko erakunde komunitarioa eraikitzeko prozesua haurren eta nerabeen eskubideen sustapenaren eta babesaren esparruan kokatzen da, eta horrek eskatzen du zerbitzu publiko eta komunitarioetan haurren eskubideen ikuspegia aplikatzea.

2. Entitate onuradunak.

2.1. Nafarroako Foru Komunitateko toki entitate guztiek eskuratzen ahalko dituzte deialdi honetako dirulaguntzak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

2.2. Toki entitateek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan beharko dituzte, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezartzen diren debekuak ez izatea.

3. Aurrekontua.

Deialdi honi aurre egiteko aurrekontua, guztira, 350.000 eurokoa da, eta 2026ko gastu aurrekontuko "Toki entitateentzako dirulaguntza, haur eta nerabeentzako prebentzio komunitarioko programetarako" izeneko 920008 93300 4609 231700 partidaren kargura finantzatuko da.

4. Dirulaguntzaren banaketa eta zenbatekoa.

4.1. Deialdi honen aurrekontu erabilgarria, guztira, 350.000 eurokoa da.

4.2. Proiektu bakoitzak 50.000 euroko dirulaguntza jasoko du gehienez.

5. Prebentzio proiektuek bete beharrekoak.

5.1. Proiektu guztiek haurren eta nerabeen eskubideen ikuspegia, genero-ikuspegia eta desgaitasunarena kontuan hartu beharko dituzte, bai eta baldintza hauek bete ere:

a) Herriaren gizarte zerbitzuen eskualde oinarrizkoa zein den, horretako profesional batek hartuko du proiektua koordinatzeko ardura.

b) Espazio fisiko espezifiko bat egonen da, jardueretan parte hartzen duten haur eta nerabeen topagune izan dadin.

c) Profesionalen eta entitateen tokiko haur eta nerabeen sareak parte hartuko du, halakorik badago, edo abian jarri eta aldi horretan garatuko da.

d) Herriko haur eta nerabeentzako jarduerak eginen dira.

e) Ez da beharrezkoa aurretik haurren eta nerabeen arloko elkarte bat izatea. Proiektuan izanez gero, haur eta nerabeen arloko erakunde komunitarioaren egiaztapena sustatu beharko du.

f) Aurkeztutako proiektuek kontuan hartu behar dituzte genero-ikuspegia eta desgaitasuna duten pertsonen inklusioaren ikuspegia. Proiektuaren datu guztiak sexuaren arabera bereizita egonen dira.

5.2. Ez dira diruz lagunduko 2024an hasitako prebentzio komunitarioko proiektuak edo 2026rako Nafarroako aurrekontu orokorren dirulaguntza espezifikoa jasotzen dutenak.

5.3. Proiektuaren egitura:

Deialdi honetara aurkezten den prebentzio komunitarioko proiektu orok honako hauek izan behar ditu:

–Proiektua egiteko beharraren justifikazioa, tokiko errealitate komunitarioaren testuinguruan kokatua. Justifikazio horrek honako hauek jasoko ditu:

a) Haur eta nerabeen deskribapena: kopurua (adinaren eta sexuaren arabera bereizita), aniztasuna eta ezaugarri soziokulturalak.

b) Lurraldearen deskribapena: errealitate soziala, ekonomikoa, kulturala...

c) Udalerrian haurren eta nerabeen eskubideak bermatzeko eskuragarri dauden baliabide publikoak eta komunitarioak.

d) Haur eta nerabeei eragiten dieten problematikak.

e) Haur eta nerabeen eskaerak.

f) Herriko prebentzio komunitarioko esperientzia historikoa(k).

–Helburu praktikoak eta neurgarriak ezartzea, ezarritako helburuarekin eta prozesu metodologikoarekin koherenteak direnak eta lurraldeko errealitatera egokitzen direnak.

–Ezarritako prebentzio jarduketak haurrek eta nerabeek parte hartuko duten jarduerekin lotzea, hau da, jarduketak udalerrian dauden edo proiektuarekin abian jarritako jardueren esparruan eginen dira (gizarte jarduerak, eskolakoak, jaietakoak, kultura edo kirol arlokoak, etab.).

–Metodologia bat, honako hauek azaltzeko: prozesua, zer eginen den, nork eginen duen, erabiliko diren estrategiak, antolaketa eta erabiliko diren oinarrizko baliabideak.

–Kronograma, etapak eta jarduketak urtean zehar.

–Ebaluazioa, emaitza- eta prozesu-adierazleekin:

  • Proiektuaren subjektu guztiek parte hartuko dute horretan, bai haurrek eta nerabeek, bai profesional eta boluntario komunitarioek.
  • Esperientzia sistematizatzekoa.
  • Genero eragina.

6. Proiektuen metodologia.

6.1. Metodologia komunitarioa.

Proiektuek metodologia komunitario bat erabili behar dute, 12/2022 Foru Legearen 40. artikuluak ezartzen duen bezala: "Komunitatetasuna gizarte- eta hezkuntza-lan publikorako metodologia bat da, lan hori komunitateko kideen artekoa nahiz horiek Nafarroako Foru Komunitateko administrazioen zerbitzu eta zentro publikoekin eginikoa dela ere. Horren bitartez erantzunkidetasun soziala garatzen da erantzukizun publikoko maila desberdinak dauzkaten eragileen artean, horretarako plan, proiektu eta baterako ekintzen bidez."

6.2. Garatu beharreko prozesua:

Proiektuek honako prozesu hau garatu behar dute 2026an zehar:

–Proiektuaren talde eragile bat osatzea bizilagunekin eta profesionalekin.

–Tokiko errealitatearen diagnostiko komunitarioa egitea, haurren eta nerabeen eskubideak bermatzeari dagokionez. Diagnostikoan haur eta nerabeek parte hartuko dute.

–Zentroa/lokala egokitzea haurrek eta nerabeek parte har dezaten; ez da diruz lagunduko ez obrarik ez material inbentariagarririk.

–Haurrek eta nerabeek parte hartzeko espazioak sortzea edo, halakorik badago, garatzea, prebentzio-jardueren bidez.

–2026ko udarako jarduera-proiektu bat diseinatzea eta gauzatzea partaidetza-taldeetako haur eta nerabeekin.

–2026ko udazkenerako jarduera-proiektu bat diseinatzea eta gauzatzea partaidetza-taldeetako haur eta nerabeekin.

–Haurren eta nerabeen eskubideak sustatzeko eta defendatzeko elkarte komunitario bat sortzea. Baldin eta halakorik bada, haur eta nerabeen erakunde komunitarioa izan dadin sustatu eta egiaztatzea.

7. Gastu diruz lagungarriak.

Oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten toki entitateek honako kontzeptu hauetarako jasoko dute dirulaguntza:

a) Jarduera egiteko zuzenean behar diren materialak.

b) Langile-gastuak (koordinatzaileak edo esku-hartze zuzenerako pertsonak): eskualdeko gizarte zerbitzuetako Haurren eta Familien Programarako langileak kontratatzen ahalko dira, baldin eta hezitzaileak, gizarte langileak, gizarteratze-teknikariak edo antzekoak badira, ekintza zehatza egiteko, edo entitateko langileak izan, ekintzan duten dedikazio-portzentajearen arabera; kasu horretan, zehazki identifikatu beharko dira langile horiek eta proiektuan izanen duten dedikazio portzentaje hori.

c) Zeharkako gastuak. Ematen den dirulaguntzaren %10, gehienez, zeharkako gastuei egozten ahalko zaie, baldin eta zerikusia badute kudeaketa administratiboarekin edo hornidurekin (hala nola ura, argia eta telefonoa), zentzuzko neurri batean, eta betiere behar bezala justifikatuak badaude eta jarduera benetan gauzatzen den epean eginak badira.

Deialdi honen eremutik kanpo geratzen dira deialdi espezifikoago baten xede diren jarduera guztiak, edo diruz lagundutako proiektuarekin zuzenean lotuta ez daudenak.

8. Laguntza teknikoa.

Dirulaguntzen onuradun diren toki entitateak PAGNAk deialdirako ezartzen eta kontratatzen duen laguntza teknikoko taldearekin lankidetzan arituko dira. Laguntza horrek, gutxienez, honako hauek hartuko ditu barnean:

–Prebentzio komunitarioari buruzko tailer bat.

–Proiektuaren garapenaren gaineko tutoretza, prebentzio-jarduketak helburura, xedeetara eta metodologia komunitariora egokitzeko.

9. Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea.

9.1. Entitate sustatzaileek hilabeteko epean aurkeztu beharko dute eskaera, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

9.2. Eskaera horiek entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatu beharko ditu.

9.3. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen webgunean eskuragarri dagoen deialdiaren fitxatik (www.nafarroa.eus). Fitxa horretan esteka bat egonen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro elektroniko orokorrera jotzeko. Ziurtagiri digitala eduki behar da.

9.4. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

10. Dirulaguntzak emateko prozedura eta balorazio irizpideak.

10.1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduran emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritako baldintzetan; prozedura horretan, aurkeztutako eskaerak alderatuko dira, haien arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio-irizpideen arabera.

10.2. Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak tramitatuko ditu eskaerak, eta Haurtzaroaren, Nerabezaroaren eta Familiaren Zuzendariordetzari egokituko zaizkio aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak. Zuzendariordetza horrek, halaber, egiaztatuko du beharrezko baldintzak betetzen direla dirulaguntzak eskuratzeko, eta ofizioz baloratuko ditu eskaerak oinarri hauen arabera.

Instrukzio-organoak aholkularitza teknikoa jasotzen ahalko du.

10.3. Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin, toki entitate eskatzaileari errekerituko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarrita dagoenari jarraikiz. Errekerimendu hori kasu hauetan eginen da:

a) Eskabidean identifikazio daturik ez dagoenean, dela eskatutako dirulaguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.

b) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak daudenean (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, argibideak eskatzen ahalko dira, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.

c) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritako kasuetako edozeinetan.

10.4. Bestelako kasuetan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari dagokionez, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

10.5. Kide hauek izanen dituen batzorde tekniko batek baloratuko ditu eskaerak: Familiaren eta Adingabeen zuzendariordea, Familia Ataleko burua eta Arreta Goiztiarreko Zentroko zuzendaria.

10.6. Proiektuak baloratu ondoren, instrukzio organoak ebazpen proposamena igorriko dio dirulaguntzak emateko eskumena duen organoari.

10.7. Puntuazioen lehentasunerako balorazio-irizpideak deialdiaren II. eranskinean ezarritakoak dira, eta, nolanahi ere, honako hauek:

–Eskaerak 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera baloratuko dira, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.

–Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek gutxienez 60 puntu lortu beharko dituzte; horietarik 40, gutxienez, II. eranskineko B ataleko balorazioan.

–Dirulaguntzaren zenbatekoa eskatu eta onartzen den aurrekontuaren %100 adinakoa izanen da, laugarren oinarrian ezartzen den gehieneko mugarekin.

–Eskaera guztietarako behar adinako krediturik ez badago, ez da hainbanaketarik eginen.

11. Antolaketa eta instrukzioa.

Dirulaguntza hauek emateko prozeduraren antolaketa eta instrukziorako eskumena duen organoa Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetza (PAGNA) izanen da.

12. Laguntzak emateko ebazpena.

12.1. Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako (PAGNA) zuzendari kudeatzailea izanen da dirulaguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Ebazpena emateko eta toki entitate interesdunei jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izanen da eskaerak aurkezteko epealdia bukatzen denetik. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

12.2. Dirulaguntza emateko ebazpenak dirulaguntza jasoko duten entitate eskatzaileen zerrenda bildu beharko du, eta gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada, baita arrazoiak ere.

13. Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, dirulaguntzaren ordainketa bakarra eginen da, aurreratu eta ebazpena ematearekin batera egiten ahalko dena toki entitateek aski baliabiderik ez dutenean diruz lagundutako jarduera aldi batez finantzatzeko, eta, betiere, hori behar bezala frogatzen badute. Hori egiaztatzeko, entitateak Idazkaritzaren ziurtagiria aurkeztu beharko du, jarduera aldi baterako finantzatzea ezinezkoa dela justifikatzen duena.

Premia hori egiaztatzen ez bada, gehienez ere 2026ko azaroaren 30ean aurkeztuko da jardueraren justifikazioa. Justifikazio hori 14. oinarrian ezarritakoaren arabera eginen da.

14. Justifikatzeko epea eta modua.

1. Dirulaguntza osorik aldez aurretik ordaindu bada, entitateek justifikatu egin beharko dute egin dutela, 2027ko otsailaren 28a baino lehen.

2. Dirulaguntza aurreratu ez zaien toki entitateen kasuan, egindako jarduketaren justifikazioa 2026ko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da.

Bi kasuetan, diruz lagundutako proiektuaren guztizko gastuaren justifikazioa honako hauek aurkeztuta eginen da:

a) Proiekturako jasotako dirulaguntzari aplikatu zaizkion gastuen zerrenda, kontzeptuka, non agiri zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, data eta zenbatekoa zehaztuko baitira. Era berean, gastu horiek hasierako aurrekontuan egindako kontzeptu berberen arabera sailkatuta aurkeztuko dira.

Zerrenda horrek dagozkion fakturen babesa izan beharko du, gastuen zerrendan deskribatutako ordenari jarraituz. Entitateko langile propioak egotziz gero, inputatutako pertsona bakoitzaren hilabete bakoitzeko nominak erantsi beharko dira.

Fakturetan jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez onetsi baitzen fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua.

Entitateak baliabide telematikoen bidez bidaliko du gastuen zerrenda hori, Excel eta pdf formatuetan. Azken hori toki entitateko idazkariak sinatu beharko du digitalki, eta bertan adieraziko du diruz lagundutako jarduketak zerrenda horretan agertzen direnak direla, bertan agertzen den kostua zuzena dela eta osorik ordaindu dela. Deialdi honen ondorioetarako, ziurtagiri hori ordainketaren justifikaziotzat hartuko da.

Gauzatutako aurrekontuaren zenbatekoa eskatu zena baino txikiagoa denean, azkenean gauzatutakoa izanen da justifikatu beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ebazpenean onartu ez diren kontzeptuak kanpo utzita.

Honako hauek ez dira inolaz ere onartuko: ordainagiri hutsak, kutxako tiketak, albaranak, dohaintzak, emate-orriak, autofakturak eta froga-baliorik, merkataritzako trafiko juridikoan baliorik eta egindako gastua frogatzeko administrazio eraginik ez duten ziurtagiriak.

Eskaeran aurkeztutako kalkulu ekonomikoa benetan justifikatutakoa bezalakoa ez bada, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera erregularizatu beharko da dirulaguntzaren azken zenbatekoa.

b) Diruz lagundutako proiektua gauzatzeari buruzko azken txostena, honako hauek jasoko dituena:

b.1) Txosten teknikoa: gutxienez honako atal hauek jasoko ditu, aurkeztutako proiektuan adierazitakoarekin bat: lortutako helburuak zehaztea.

–Sexuaren arabera xehakatutako datuak.

–Lortutako emaitzak.

–Garatutako jarduerak.

–Garatutako antolaketa- edo sare-egiturak.

–Ebaluazioa eta adierazleak: egindako jarduerak egiaztatzeko iturriak.

Txosten teknikoa hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliz idatzi beharko da.

b.2) Proiektuaren emaitzen kontua (diru-sarrerak eta gastuak), kontzeptuen arabera xehakatuta.

b.3) Onetsitako aurrekontua eta gauzatutakoa erkatzen dituen taula, izan diren desbideratzeak adierazita.

3. Espezifikotasunak, dirulaguntza aldez aurretik ordaindu ez den kasuetarako:

Kasu horietan, oinarri honen 2. puntuan adierazi den bezala, toki entitateek 2026ko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dute aipatutako dokumentazioa. Egotzitako langileen abenduko nominak, halakorik balego, egun horretan sortu gabe daudenez, nomina horien proposamenak aurkeztuko dira, toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiriaren bidez egiaztatuta. Era berean, fakturatu gabeko beste gasturen bat badago, ziurtagiri horretan jasoko da abenduan egin beharreko eta fakturatu gabe dauden gastuen zerrenda. Oraindik egin ez diren gastu horiek hartuko dira kontuan ordaindu beharreko dirulaguntza kalkulatzeko, betiere gastu horiek egiaztatzen badira. Egiaztapen hori 2027ko otsailaren 28an eginen da beranduenez, 2026ko azaroaren 30ean aurkeztu gabe dauden eta oinarri honetan eskatzen diren gainerako agiriekin batera.

15. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten toki entitateek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte helburu eta xede beretarako; baina haiek, guztira, ezin izanen dute gastuaren %100 gainditu, barnean dela deialdi honetan oinarrituta emandako zenbatekoa.

Baldin eta, dirulaguntzaz gain, funts berekiak edo bertzelako dirulaguntza nahiz baliabideak erabiltzen badira jarduerak finantzatzeko, egiaztatu beharko dira halako funtsen zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueretan izan duten aplikazioa. Era berean, erakunde bakoitzetik jasotako finantzaketa egiaztatzen duen dokumentua erantsi beharko da.

16. Ez-betetzeak.

Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo PAGNAren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, eta, beraz, jasotako dirua itzuli beharra –Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz–, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

Azkenik, entitate onuradunen balizko ez-betetzeei dagokienez, balizko ez-betetzeen mailaketa honako hauen araberakoa izanen da:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.

–Baldin eta azken justifikazioan ez-betetze guztiak formazkoak baino ez badira, kontuan hartuko da zenbat egun joan diren epea bukatu zenetik behar diren dokumentuak aurkeztu arte, eskala honen arabera:

  • Egun baliodun batetik hirura bitarteko atzerapena: %5era arteko murriztapena.
  • Lau eta sei egun baliodun arteko atzerapena: %50eko murriztapena.
  • Sei egun baliodun baino gehiagoko atzerapena: dirulaguntza osoa itzultzea edo galtzea.

17. Entitate onuradunen betebeharrak.

Proiektu baterako dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak gauzatzea deialdi honetako oinarri arautzaileen eta baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea. Gauzatze horretan sartzen da, betiere, proiektua osatzen duten jarduerak kudeatzea eta zuzentzea, baita beharrezkoak diren baliabideak eta bitartekoak jartzea ere.

b) Oinarri arautzaile hauetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

d) Dirulaguntza ematen duen organoari komunikatzea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortutako bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

e) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen artean.

f) Betetzea kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak, entitatearen izaeraren araberakoak.

g) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarritako betebeharrak betetzea. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen zabalkundea egiteko arauak ezarri ziren, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetarako.

Diruz lagundutako ekintzetan Nafarroako Gobernuaren eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren parte-hartzea azaltzeko betebeharra bete dela frogatzen duen frogagiria aurkeztu beharko da; izan ere, proiektuari lotutako publizitate, hedapen eta agiri guztietan Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta testu hau agertu behar dira, edozein dela ere erabilitako bitartekoa: "Nafarroako Gobernuak-Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak diruz laguntzen dute". Testu horrek urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak bete beharko ditu, horren bidez arautzen baitira Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera.

h) Kontratatutako langileei dagokienez, proiektua gauzatzeak berekin dakartzan lan betebeharrak betetzea.

i) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta betiere jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

j) Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren baimena eskatu eta eskuratzea diruz lagundutako proiektuan funtsezko aldaketak egiteko, baldin proiektua gauzatu bitartean hura nabarmen aldarazten edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen badira.

Funtsezko aldaketatzat joko dira helburuetan, emaitzetan, onura hartzen duen populazioan edo lurralde kokapenean eragina dutenak, edo, hasierako aurrekontuarekin alderaturik, gastu diruz lagungarri guztien %5eko desbideratze ekonomikoa ekartzen dutenak. Programa aldatzeko eskaeretan alterazio edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere diruz lagundutako proiektua egiteko epea bukatu baino lehen. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekartzen ahalko du, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

Proiektua gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketa ez-funtsezkoak arrazoituta adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari dagokion justifikazio txostenean, barnean dela Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea.

k) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

l) Betiere, pertsonei buruzko datuak, azken onuradunenak izan edo esku hartzen duten langileenak izan, sexuaren arabera bananduta egonen dira, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 20. artikuluarekin eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 19. artikuluarekin.

m) Entitate eskatzaileek Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte.

n) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

o) Entitate onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

p) Dirulaguntza honen babesean sortutako haur eta nerabeen arloko erakunde komunitarioek legez eratuta eta erregistratuta egon behar dute, maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

18. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.

19. Aplikatzekoa den legeria.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F2602586