50. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARBARIN

Udal ordenantza, gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzkoa. Behin betiko onespena

Barbaringo Udalak, 2025eko irailaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko udal ordenantza.

Onespenaren erabakia argitaratu zen 2025eko 246. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 11n, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Barbarinen, 2026ko otsailaren 4an.–Alkatea, María Carmen Puerta Extremera.

UDAL ORDENANTZA, GIZALEGEZKO JOKAERAK SUSTATZEARI ETA ESPAZIO PUBLIKOAK BABESTEARI BURUZKOA

ZIOEN AZALPENA

Komunitatean bizitzea eta herritarren arteko bizikidetza oinarrizkoak dira, edozein gizarte demokratiko garatuko bada. Gizalegezko balioak, hau da, herritarrei harmonian bizitzeko aukera ematen dietenak, funtsezkoak dira eskubide pertsonalak izateko, eta horiek errespetatzeak berekin dakar norbanako bakoitzak elkarrekiko betebeharrak betetzea. Helburu horrekin, eta bere legezko eskumenen esparruan, Barbaringo Udalak ordenantza hau aurkeztu du gizalegezko jokaerak sustatzeko eta espazio publikoak babesteko.

Ordenantza honek helburu bikoitza du: alde batetik, kontzientzia zibikoa sustatzea eta, orobat, prebenitzea gizarte-bizikidetza nahasten duten jokaerak; bestetik, udalerriko hiri- eta arkitektura-ondarea babestea. Arau honen helburua da erabilera publikoko ondasunak eta espazioak babestea, hala nola kaleak, plazak, parkeak, lorategiak, zubiak, udal eraikinak eta beste instalazio batzuk, bai eta herria apaintzen laguntzen duten hiri-altzarietako elementuak ere, titulartasun publiko zein pribatukoak.

Ondasun eta espazio publikoak babesteaz gain, ordenantzaren helburua da gizalegezko balioen aurkako portaerak zuzentzea, Udalaren zehatzeko ahalaren bidez. Era berean, helburua da sustatzea bizikidetza-arauak hausten dituztenen errehabilitazioa. Barbaringo Udalak aktiboki sustatuko du balio horien garapena, hezkuntza jarduketen bidez, beste administrazio eta erakunde batzuekiko hitzarmenen bidez eta, halaber, herritar guztiei zuzendutako komunikazio publikoko kanpainen bidez.

Ordenantzak ezartzen du herritarren portaerarako esparru bat; hala, zedarriztatzen ditu bide publikorako bizikidetzaren eta elkartasunaren printzipioak, eta arautzen ditu ondasunen kalteak, zaratak, keak, usainak eta zerbitzu publikoen erabilera desegokia eragiten dituzten ekintzak. Gai espezifikoak ere jorratzen ditu, hala nola pintaden erregulazioa, publizitatea, kartelak, kanpaldiak, animalienganako tratua eta hondakinen eta zaborren kudeaketa. Arau horiek guztiak ez betetzea zehapen araubide baten mende dago. Araubidean, arau-hausteak arin, astun eta oso astun gisa sailkaturik daude, eta isunak aldatzen dira egitatearen astuntasunaren arabera.

Azken batean, Barbaringo gizalegezko jokaerei buruzko ordenantzak jomuga du tresna bat izatea berma daitezen elkarrekiko errespetua, ingurunearen zaintza eta espazio komunen gozamen baketsua, eta, horrela, gure udalerriko gizarte-ehuna indartzea.

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek xede hauek ditu:

1. Gizalegezko kontzientzia eta jokaerak sustatzea, prebenituz herritarren bizikidetza trabatzen duten jarduketak.

2. Erasoetatik, kalteetatik eta legez kontrako erabileretatik babestea ondasun eta espazio publikoak eta udalerriko hirigintza- eta arkitektura ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak.

Ordenantza honetan arautzen diren babes neurriak udal titulartasuneko zerbitzu edo erabilera publikoko ondasunei buruzkoak dira, hala nola kaleak, plazak, pasealekuak, parkeak eta lorategiak, zubiak eta zaldainak, tunelak eta lurpeko pasabideak, aparkalekuak, iturriak eta urmaelak, eraikinak, merkatuak, museoak eta kultur etxeak, ikastetxeak, hilerriak, igerilekuak, kirolguneak eta haietan diren instalazioak, estatuak eta eskulturak, bankuak, kale-argiak, elementu apaingarriak, bide seinaleak, zuhaitzak eta landareak, edukiontziak eta paperontziak, hesiak, Udalaren garraio elementu eta ibilgailuak, eta gisa bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak.

Halaber, eta apaintasun publikoari dagokionez, ordenantza honen babes-neurrien xede dira beste administrazio publiko batzuen eta erakunde publiko edo pribatuen ondasunak eta instalazioak, baldin badira udalerriko hiri altzarien parte, herritarrentzat badira edo baldin badira zerbitzu publiko baten ekipamenduak, instalazioak edo elementuak, hala nola markesinak, garraioko elementuak, kale-argiak, estatuak, hesiak, kartelak, iragarkiak eta bestelako publizitate elementuak, trafiko seinaleak, kioskoak, edukiontziak, terrazak eta beladoreak, eguzki-oihalak, jardinerak, objektuak ematen dituzten makina automatikoak eta gisako gainerako ondasunak.

Ordenantza honetan bildutako babes-neurriek barne hartzen dituzte, orobat, eraikinetako fatxadak eta beste hirigintza eta arkitektura elementu batzuk, azpiegiturak, eta titulartasun publiko edo pribatuko tresna edo instalazioak, hala nola atariak, merkataritzako galeriak, patioak, orubeak, igarobideak, lorategiak, heskaiak, jardinerak, kale-argiak, elementu apaingarriak, edukiontziak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak, eremu publikoan kokatuta badaude edo hartatik ikus badaitezke. Izan ere, hiriko ondare eta paisaiaren parte dira, apaintasun publikoak eskatzen duen baldintza egokietan izan beharrekoak.

3. Gizalegezko balioen aurkako jarduketak zuzentzea, zehatzeko ahalaren bidez.

4. Bizikidetza arauak hausten dituztenen errehabilitazioa sustatzea.

2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honetan jasotzen diren udal eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen jabeen eskubideak, ahalmenak eta betebeharrak, ez eta beste administrazio publiko batzuen eskumenak ere.

2. Ordenantza honek arautzen ditu gizalegezko balioekin zerikusia duten herritarren jarduketak eta ez-egiteak; ez die eragiten, beraz, zerbitzu publikoen jarduerei, baldin egiten badira egungo antolamendu juridikoak ezarritakoa betetzeko.

3. Ordenantza hau Barbaringo udal-mugarte osoan aplikatuko da.

4. Udalaren nahiz udalez gaindiko instalazio eta zerbitzuetan, kirol, kultur nahiz aisia arlokoetan, arau berariazkoei jarraikiko zaie. Halakoei modu osagarrian aplikatuko zaie ordenantza hau, eta bidezkotzat jotzen bada, honen zehapen araubidea aplikatzen ahalko da, berezitasun batekin, arau haietako aginduei egokituko baitzaie.

II. TITULUA.–GIZALEGEA SUSTATZEA

3. artikulua. xedapen orokorra.

1. Barbaringo Udalak gizalegezko balioak sustatuko ditu; gizalegezko baliotzat joko dira gizarte demokratiko bateko herritarren bizikidetza egokia ahalbidetzen dutenak. Gizarte horren ezaugarri nagusia da eskubide pertsonalak izatea, eta eskubide horien errespetuak berekin dakar betebeharrak egotea eta herritar bakoitzak horiek bete behar izatea.

Era berean eta berariaz, Barbaringo Udalak legez dituen eskumenak erabiliko ditu, herritarren kontzientzia guztiz pizteko, zuzen erabil ditzaten hiriko espazio komunak eta zaindu dezaten hiri-ingurunea.

4. artikulua. Hezkuntza jarduketak.

Udalak bultzatuko du transmititzea eta sendotzea gizalegezko balioak eta jokaerak, bere eskumeneko hezkuntza eta prestakuntza arloko jarduketetan.

Era berean, eta bere eskumen guztiak erabiliz, portaera sozialaren oinarrian dauden balioak hedatzen eta sustatzen saiatuko da Udala, herritar bakoitzak bere askatasun konstituzionala erabil dezan, muga izanik gainerakoen eskubide eta balioen errespetua eta ondasun publikoak guztiek erabiltzeko moduan zaintzea.

5. artikulua. Hitzarmenak.

Udalak hitzarmenak eginen ditu bai beste administrazio edo erakunde publiko batzuekin, bai entitate pribatuekin, baldin bultzatzen badituzte kontzientziazio zibikoa nahiz prestakuntza, hezkuntza eta jarduera pribatuen egokitzapena planaren xedeetarako.

Hitzarmen horien bidez, sustatuko dira herritarren ekimenak, baldin eta gizalegezko jarduketak bultzatzen badituzte kulturaren, kirolaren eta aisialdiaren arloetan.

Halaber, sustatuko da eremu publikoak apaintzea eta hiri-ingurumena hobetzea.

6. artikulua. Komunikazio publikoa.

Udalak gizalegezko balioak eta jokaerak hedatuko ditu, herritar guztiei edo biztanle talde jakin batzuei zuzendutako zabalkunde kanpainen bidez.

III. TITULUA.–HERRITARREN PORTAERA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

7. artikulua.

1. Bizikidetza printzipioak.

1.1. Herritarrek beren arteko bizikidetza errespetatu behar dute, eta ondasunak eta zerbitzu publikoak erabili behar dituzte berezkoa duten helburuaren arabera, begiratuta gainerako herritarrek haiek erabiltzeko duten eskubidea. Horren ondorioz, debeku dira herritarren bizikidetza hausten, eragozpenak sortzen eta pertsonei lotsa galtzen dieten portaerak, ordenantza honetan ezarri bezala.

1.2. Herritarrek eskubidea dute hiriko eremu eta espazio publikoak libreki erabiltzeko, eta askatasun hori errespetatu behar zaie. Eskubide hori gizalegez erabiliko da, eta eskubide horren mugak izanen dira, batetik, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenak eta, bestetik, gainerako pertsonak eta ondasun pribatuak errespetatu beharra.

1.3. Debeku da bizilagunen atsedena eragozten duten zaratak egitea, bai eta gaueko iskanbiletan parte hartzea ere, edo gaueko aisiarako lokaletatik zalapartaka ateratzea.

1.4. Herritarrek ez dute eginen abusuzko ekintzarik bide publikoan, edo diskriminatzailerik, edo larderiazkorik, ez eta indarkeria fisikoa edo morala dakarrenik ere.

2. Elkartasuna eremu publikoan.

2.1. Udalak herritarren elkartasuna bultzatuko du, laguntza eman diezaieten haren beharra dutenei bide publikoetan edo beste leku batzuetan ibiltzeko edo orientatzeko, istripuak izan dituztenei edo arrisku egoeran daudenei. Ohitura bultzatuko da gehien behar dutenei pasatzen uzteko edo hiri altzariak erabil ditzaten haiei uzteko, eta elkartasuneko eta jendetasuneko beste jokabide batzuk ere sustatuko dira.

2.2. Galdurik aurkituz gero umeak edo desgaitasuna duten pertsonak –edo anomalia fisiko edo psikiko nabariko egoeran daudenak–, horiek aurkitzen dituen edonork horren berri eman beharko die agintaritza-agenteei, eta haiek arduratuko dira halako pertsonak babestu eta beren tutoretzaren erantzuleen esku jartzeaz.

3. Kautela-neurriak.

3.1. Ordenantza honetan jasotzen diren aginduak edozein motatako materiala erabiliz urratzen direnean, agintaritza-agenteek hura kendu edo atzematen ahalko dute aldi baterako.

3.2. Halaber, udalerriko halako toki batzuk hutsarazi edo haietarako sarrera mugatzen ahalko da, baldin egiaztatzen bada bertan ordenantza honetako arauak maiz hausten direla edo unean bertan hausten ari direla eta, jokaera berak beste toki batzuetan eginez gero, ez dutela arau-hausterik ekarriko.

II. KAPITULUA.–ONDASUNAK HONDATZEA

8. artikulua. Hondatzea eta kalteak eragitea.

Ezin izanen da jarduketarik egin ordenantza honek babesten dituen ondasunetan, baldin haien helburuaren kontrakoa bada, haiek hondatzen baditu edo kalteak eragiten badizkie, edo haien estetika desitxuratzen badu, 1. artikuluan ezarritakoaren arabera.

9. artikulua. Pintadak eta grafismoak.

1. Debeku da pintadak, idazkiak, inskripzioak eta grafismoak egitea ordenantza honek babesten dituen ondasun publiko edo pribatuetako edozeinetan.

2. Aurreko apartatuan agertu debekutik kanpo geldituko dira horma-irudi artistikoak, baldin egiten badira, Udalaren baimena izanda, kasu bakoitzean horretarako gaituriko tokietan.

Udal baimena ematea diskrezionala da, eta hura ematean, erantsiko dira baimendutako jarduerak errespetatu beharreko baldintzak eta betebeharrak. Zehazki, 27. ordenantza aplikatu beharko da, grafitien gainekoa, 2002an onetsi eta 2006an partez aldatu zena.

3. Erabilitako materialak edo tresnak kendu edo atzematen ahalko dituzte agintaritza-agenteek, baldin jarduerak egiten badira Udalaren nahitaezko baimenik gabe.

4. Baldin pintadak egiten badira, edo paperak ezarri, kristalak marratu edo hautsi, kartelak itsatsi, edo kaltea dakarren beste edozer egiten bada eraikin publiko batean edo hiri altzarietako elementu batean, Udalak enpresa, erakunde edo pertsona erantzuleari egozten ahalko dizkio bidezko kalte-ordainak eta garbitzearen, berria jartzearen edo lehengoratzeko lanen fakturen kostua. Horrez gain, bidezko den zehapena ezarriko dio.

10. artikulua. Zuhaitzak eta bestelako landare espezieak.

Zuhaitzak eta bestelako landare espezieak babesteko neurri gisa, honako hauek debeku dira:

a) Kalte egitea edo tratu txarrak ematea.

b) Haietan edozein elementu itsastea edo lotzea, Udalaren baimenik gabe.

c) Haien inguruan zaborrak eta hondakinak botatzea.

11. artikulua. Parke eta lorategi publikoak.

1. Herritarrek udalerriko parkeak eta lorategiak errespetatu behar dituzte.

2. Ongi zaintzeko eta mantentzeko parkeetan, lorategietan, jardineretan eta bide edo espazio publikoetan landatutako landare-espezieak eta zuhaitzak, debeku dira honako ekintza hauek:

–Loreak edo landareak ebatsi, errotik erauzi edo kaltetzea eta, oro har, parkeak edo lorategiak, belardiak edo landaketak behar ez bezala erabiltzea.

–Soropila hondatzea eta horren gainean kanpatzea, berariaz baimentzen diren parkeetako tokietan izan ezik.

–Zuhaitzak moztu, kimatu edo apurtzea, eta ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak erabiltzea plaza, parke eta lorategietan.

–Azalak grabatu edo pintatzea, puntapaxak sartzea, haiei eskailerak, tresnak, aldamio euskarriak eta abar lotzea, eta kartelak paratzea.

Zuhaitzetan obra-materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo haietan isurtzea edozein motatako produktu toxikoak edo, toxiko izan gabe, espezientzako kaltegarriak direnak.

–Berdeguneetan botatzzea zaborrak, hondakinak, harriak, legarra edo haiek hondatu edo haien estetikari eta gustu onari eraso diezaiekeen beste edozein produktu.

–Soropil eta lorategien gainean gorotzak uztea.

–Sua egitea parke eta lorategietan.

12. artikulua. Paperontziak eta edukiontziak.

Debeku da erabiltzea bide edo espazio publikoetako paperontziak edo edukiontziak, halako moduz non kalteak eragiten diren, edo haien estetika desitxuratzen den edo erabilera oztopatzen den. Bereziki debeku da haiek mugitzea, erauztea, erretzea, iraultzea edo haien edukia lurrera botatzea, inskripzioak egitea eta paperak edo eranskailuak itsastea.

Paperontzi eta edukiontziak erabiliko dira 21.2 artikuluan (Hondakinak eta zaborrak) agintzen denari jarraikiz.

13. artikulua. Iturriak.

Debeku da iturrietako instalazio edo elementuetan baimenik gabeko manipulazio oro egitea. Bereziki debeku da horietan sartu edo edozein objektu garbitu, arrantza egin, animaliei edaten eman eta substantziak isurtzea edo objektuak botatzea.

III. KAPITULUA.–KARTELAK, PANKARTAK ETA ANTZEKOAK

14. artikulua. Publizitatea.

1. Edozein euskarri eta edozein ezaugarri eta helburu izanda ere, kanpoko publizitatea soilik jar daiteke horretarako bereziki prestatutako lekuetan. Horrela, Udalak helburu horretarako berariazko euskarriak jarriko ditu komenigarri iruditzen zaion tokietan. Establezimenduen titularrek ezin izanen dute bide publikoan ezarri publizitatea duen inolako instalaziorik, ez finkorik ez mugigarririk, baimena izan ezean.

2. Udal baimenik izan ezean, debeku da zeinahi iragarki mota paratzea eraikin publiko edo pribatuen fatxadetan, portxeetan, markesinetan, hiri-altzarietan, zuhaitzetan, hormetan, tuneletan, lurpeko pasabideetan eta, oro har, berariaz prestatutako tokietatik kanpo.

15. artikulua. Kartelak, pankartak eta banderolak.

1. Udalak eremu publikoan kartel, pankarta eta banderolak jartzea espresuki baimentzen ahalko du hurrengo kasuetan:

a) Udalerrian egiten direnean kultura, arte edo kirol ekitaldi garrantzitsuak.

b) Udalerriaren intereseko kontzertu, ekitaldi edo erakusketak egiteko lagungarriak direnean.

c) Hauteskunde kanpainetan, behar bezala baimendutako tokietan.

d) Publizitate helburua dagoenean.

Salbuespen gisa, baimena ematen ahalko da bide publikoan afixa, pankarta eta banderolak paratzeko, adierazitakoen artean ez dauden beste kasu batzuetan.

2. Artikulu honek aipatzen duen baimenaren eskaerak honako zehaztapen hauek jaso beharko ditu, gutxienez:

–Arduraduna, identifikazioa, helbidea eta telefono-zenbakia.

–Kartel edo banderolen edukia eta neurriak.

–Haiek paratzeko tokiak.

–Paraturik egonen diren denbora eta egunak.

–Haiek kentzeko eta eragindako kalteak konpontzeko konpromisoa, halakorik eragiten bada.

–Banderolak kale-argi edo argi-puntuei lotzeko modua erakusten duen krokisa, bermatuta euskarriaren pinturak edo galvanizatuak ez duela kalterik jasoko.

3. Kale-argi edo argi-puntuetan paratu baino 72 ordu lehenago emanen da horren berri, gutxienez, argiteriaren ikuskapen teknikoko udal zerbitzuak haien instalazioa gainbegiratu eta kontrola dezan.

4. Kartel, pankarta eta banderolak baimendutako berezitasunei lotuko zaizkie; horien artean egon daiteke 29.2 artikuluan jasotzen den fidantza.

5. Kartelek, pankartek eta banderolek baimenaren baldintzak bete beharko dituzte, eta baimenaren eskatzaileak kenduko ditu, emandako epea iragan bezain laster. Hala egin ezean, Udala ordezko betearazpenari lotzen ahalko zaio, bidezko diren zehapenak deusetan ukatu gabe.

IV. KAPITULUA–HERRITARREN JARDUKETAK

1. ATALA.–ONDASUN EDO ZERBITZUEN ERABILERA ARRUNTAREN KONTRAKO JARDUERAK

16. artikulua. Bide edo espazio publikoen erabilera arruntaren kontrako jarduerak.

1. Bide edo espazio publikoek zer xede duten, horretarako erabiliko dituzte herritarrek, eta ezin izanen dute eragotzi oinezkoen edo ibilgailuen ohiko joan-etorria horretarako prestatutako tokietan, salbu legez ezarritako kasuetan eta horiei dagozkien baldintzetan.

Debeku da bide edo espazio publikoetan jarduerak egitea baldin berekin ekartzen ahal badizkiete kalteak pertsona edo ondasunei, edo eragozpen nabariak eragiten ahal badizkiete herritarrei, kontuan harturik kasu zehatz bakoitza eta inguruabarrak.

Debeku hori ez da aplikatuko aurretik baimena lortu denean edo aipatutako jarduerak egiten direnean berariaz prestaturiko tokietan edo berez haiek egiteko diren tokietan, ezarritako baldintzak betez.

Udalak bizikidetzarako arauak ematen ahalko ditu eta halako eremu batzuetan erabilera berariazkoa edo debekatua zehaztu, kartelen bidez.

2. Espazio publikoetan ezin da inolako elementurik instalatu edo jarri, Udalaren baimena izan ezean.

17. artikulua. Zerbitzu publikoen erabilera egokiaren kontrako jarduerak.

Debeku da zerbitzu publikoen erabilera desegokia dakarren portaera oro eta, bereziki, maltzurkeriaz eragitea larrialdi zerbitzuak mobiliza daitezen.

2. ATALA.–JARDUERA BERARIAZKOAK 18. ARTIKULUA. SUA ETA JAIAK

1. Debeku da erabilera publikoko espazioetan sua piztu edo izatea, eta piztutako metxak eramatea edo petardoak, suziriak eta bengalak edo bestelako artikulu piroteknikoak erabiltzea.

2. Jai edo gertaera jakin batzuk direla eta, Udalak baimen orokorra ematen ahalko du, eta hartan ezarriko du zer baldintza bete beharko dituzten baimendutako suek edo jarduketek.

19. artikulua. Zaratak.

1. Herritar guztiek bizilagunen lasaitasuna eta atsedena errespetatu behar dituzte, eta saihestu bizikidetza arrunta eragozten duten zaratak egitea; horretarako, aintzat hartuko dira bai Hots mailei buruzko ordenantzan ezarritakoa, bai gizalegezko jokaeren sustapenari buruzko ordenantza honek arautzen dituen hurrengo baldintzak.

Gidariek ez dituzte ozen jarriko ibilgailuetako musika-ekipoak.

Ozentzat joko da agintaritza-agenteek kanpotik modu gogaikarrian entzuten ahal dutenean.

Irizpide bera aplikatuko da eragozpenak nahita sortzen direnean ibilgailuen motorra, ihes-hodia edo pneumatikoak erabiliz, edo zarata egiten denean modu ezohikoan gidatzeagatik edo tutua behar ez bezala erabiltzeagatik, trafikorako araututako kasuetatik kanpo. Orobat aplikatzen ahalko da zaratak lagun egiteko animaliek edo alarmek egiten dituztenean eta, azken batean, bestelako zaratak ateratzen direnean, zeinak neurtzeko sonometroa erabiltzea eraginkorra edo egokia ez baita; nolanahi ere, nahita egiten ez denean, gertaera errepikatua dela frogatu beharko da.

Debeku da botatzea zaratak edo suteak sor ditzaketen petardoak, suziriak, bengalak eta mota guztietako gai piroteknikoak, Udalaren baimenik gabe.

Obrak egunez eginen dira, salbu arrazoi justifikatuak direla-eta Udalak ordutegi berezia baimentzen badu.

Ezin izanen da bozgorailurik erabili edo jarri bide publikoan, ez eta, hari begira, eraikinetan eta ibilgailuetan ere, baimena lortu ezean.

Oro har, ez dira baimenduko bizilagunei eragozten dieten jarduerak, batez ere gauez.

20. artikulua. Kea eta usainak.

1. Herritarrek ez dute eginen lasaitasuna eragozten duen edo osasungarritasunaren eta apaintasunaren kontrakoa den jarduerarik, dela keak edo usainak sortzen dituelako, dela hautsa harrotzen duelako, edozein izanik ere ezarritako mugak indarreko legedian eta Jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei buruzko ordenantzan.

Aurreko debekutik kanpo daude aldez aurreko baimenik gabe gauzatu daitezkeen etxeko lanak, hala nola, zorua bernizatzea, hormak pintatzea, etab. Betiere, lan horiek egin behar dira kalerantz ahalik eta gehien aireztatuz, eta ahaleginak eginez usainak gune komunetara ez iristeko, hala nola eskailera, eskailera-buru eta patio txikietara.

Barbakoa mugigarriak edo gisakoak eginez gero, kontuan hartuko da airearen norabidea, eta, hori jakinda, paratuko dira gainerako bizilagunei ahalik eta traba gutxiena egiteko moduko tokian. Betiere erebili beharko dira ahalik eta ke txikiena ateratzen duten erregaiak.

2. Ibilgailuak ezin izanen dira aparkatuak egon bost minutu baino gehiagoan motorrak piztuta, baldin badaude bizitegi-eraikinetatik 10 metro baino gutxiagora.

3. Errekuntzako motor gisa funtzionatzen duten sorgailu elektrikoak, pneumatikoak edo gisakoak eraikinen fatxadetatik 10 metrora jarri beharko dira gutxienez, eta haien keak bideratu beharko dira 2,5 metroko altueratik gora, baldin jendea distantzia hori baino hurbilago badago, Udalaren baimenik izan ezean.

21. artikulua. Hondakinak eta zaborrak.

1. Debeku dira erabilera publikoko bide eta espazioak zikin ditzaketen baimendu gabeko jarduera edo eragiketa guztiak –aipatutako tokien parte dira orubeak, itxi gabeko finkak, ibaiertzak eta ibaien ibilguak–. Batzuk aipatzearren, debeku da bide edo espazio horietan automobilak garbitzea, konpontzea edo olioztatzea, ezinbesteko kasua izan ezean; zigarro-muturrak, bilgarriak, txikleak eta hondakin solidoak edo likidoak botatzea; hautsontziak eta ontziak hustea; botilak haustea; zaborrak edukiontzi edo paperontzi hutsen ondoan uztea; eta gisako beste ekintza batzuk.

2. Herritarrak behartuta daude hiri hondakinak paperontzi eta edukiontzietara botatzera, hondakinen bilketa sailkatuaren arabera.

Paperontzietan bota behar dira hondakin solido txikiak, hala nola zigarro-mutur itzaliak, azalak, txikleak (paper batean edo gisakoan bilduak), paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak, birziklagarriak izan ezean. Azken kasu horretan, erabili beharko dira bide publikoan bilketa sailkaturako diren edukiontziak.

Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatzea tresna edo objektu arriskutsuak, eta piztutako zigarro-muturrak edo piztutako beste edozein gauza. Horri dagokionez, tresna edo objektu arriskutsutzat joko dira pertsonei kalte egin diezaieketenak, hala nola xiringak eta sorgorgarrien kontsumorako tresnak, eritasunak kutsatu edo barreia ditzaketen osasun laguntzako materialak eta mota guztietako droga toxikoak, sorgorgarriak eta gai kimikoak, erradioaktiboak, piroteknikoak edo leherkorrak, eta hondakin solido txikiak eta beste edozein gai, sutan badaude.

Paperontzietara botatzen ahal ez diren hiri hondakinak horretarako paratu edukiontzietara bota beharko dira, Iruñerriko Mankomunitateko ordenantzen arabera eta hondakinen bilketa sailkatuaren printzipioarekin bat.

3. Espresuki debeku da uztea edo abandonatzea beirazko edozein objektu, osorik nahiz hautsirik, erabilera publikoko edozein espaziotan. Hura horretarako prestaturiko edukiontzira bota beharko da.

4. Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatako hondakinak atera eta barreiatzea.

5. Debeku da landareak baimenik gabe ureztatzea, baldin soberako ura eror badaiteke nolabait kaltetu daitezkeen etxebizitzetako objektu edo elementuen gainean edo kalteak eragiten ahal badizkiete bide publikoari edo haren erabiltzaileei.

Ez da libre izanen eremu publikora inolako alfonbra, arropa edo oihalik baimenik gabe inarrostea.

6. Debeku da ibilgailuetatik hondakin mota oro botatzea, abian nahiz geldirik egon.

7. Debeku da hondakin likidoak isurtzea euri-uren sarera edo zuzenean ibaira, urmaeletara edo iturrietara, egitez edo ez-egitez, ingurune naturalari kalte egiten dioten xaboiak, detergenteak, koipeak edo gisako beste gai batzuk baitituzte.

22. artikulua. Hondakin organikoak.

Debeku da kaka, pixa edo tu egitea bide publikoetan eta erabilera publikoko espazioetan.

23. artikulua. Animaliak.

1. Herritarrek behar bezala zaindu beharko dituzte etxeko animaliak, eta bereziki debeku da horiek abandonatzea.

2. Herritarrek lagun egiteko animaliak eramaten ahal dituzte berekin espazio publikoetan, baldin eta eramaten badituzte uhal edo kate batez loturik, edo legez ezarri bezala. Betiere, eramaten diren animalia guztiak, behar diren segurtasun neurriekin eraman behar dira, gainerako herritarrei trabarik edo erasorik ez egiteko moduan.

3. Jabearen erantzukizun subsidiarioa ukatu gabe, animaliak daramatzaten pertsonek ez diete utziko kaka egin dezaten espaloi, kale, pasealeku, lorategi eta, oro har, oinezkoak iragateko edo aisia hartzeko edozein tokitan.

Animaliek kaka egin beharko dute horretarako prestatutako tokietan. Horretarako, Udalak esparru egokiak ezarriko ditu, animaliek beren eginbehar fisiologikoak egoera higieniko egokian egin ditzaten.

Nolanahi ere, animalia daramanak gorozkiak bildu eta kendu beharko ditu, eta behar bezala bildu ondoan bide publikoan dauden edukiontzietara bota eta zikindutako gunea garbitzeaz arduratu. Nolanahi ere, animalien jabeek edo arduradunek haiek eremu publikoan uzten dituzten gorozki solidoak bildu beharko dituzte.

4. Animaliek ezin izanen dute edan bide publikoan gizakiek edateko dauden iturrietatik.

5. Ezin izanen zaie tratu txarrik edo eraso fisikorik egin animaliei. Animaliekin egiten den jarduera ez da tratu txar edo erasotzat hartuko, baldin eta Udalak antolatu badu edo ospakizunak direla-eta berak baimendu badu, ezarritako arau edo baimenei jarraikiz.

6. Zezen festak (entzierroak, zezenketak, bigantxak...) direla-eta, eta haiek egitean, segituko da aipatu jarduerak erregulatzen dituzten ohiko arauak aplikatzen, bai eta agintaritza eskudunak eguneratzen dituenak ere.

7. Animaliek ezin izanen dira bazkatu lorategi eta parkeetan.

8. Hirigune osoan debeku da hegaztiak hil edo harrapatzea.

24. artikulua. Kanpaldiak eta aisia.

1. Ezin izanen da kanpatu edo kanpadenda edo horretarako prestatutako ibilgailurik paratu 226/1993 Foru Dekretuan aurreikusi gabeko espazio publiko edo pribatuetan, horretarako baimenik izan ezean.

Agintaritza-agenteek kanpadenden, ibilgailuen edo bestelakoen erabiltzaile eta jabeei eskatuko diete bertan behera uzteko kanpaldia, baldin bide publikoa bidegabeki okupatzen badute, horrek ezertan galarazi gabe egoki den salaketa jartzea. Ezezkoa emanez gero, edo jabeak edo erabiltzaileak aurkitu ezin izanez gero, agintaritza-agenteek behar diren baliabideak erabil ditzakete haiek berehala kentzeko. Halakoetan, arau-hausleek eta, haiekin batera, jabeek beren gain hartu beharko dute sortu den gastua.

2. Ezin izanen da bide publikoan janaririk prestatu, berariazko baimena izan ezean.

3. Ezin da biluzik egon erabilera publikoko espazio eta bideetan –salbu eta administrazioak horretarako prestatzen dituen tokietan, halakorik prestatuz gero–, horrek trabatzen duenean herritarren lasaitasuna edo beren eskubide eta betebeharrak bakean gauzatzea. Betiere, oro har, inork ezin du gutxietsi, bide edo espazio publikoetan duen portaerarekin, gainerako pertsonen eskubidea edo ekiteko askatasuna, ez eta sinesmenak edo orokorrean onarturik dauden bizikidetza arauak laidoztatu ere; debeku da sexu-organoak erakustea, bai eta ordenantza honetan edo aplika daitekeen beste araudi batean debekaturiko jokaera edo jarduerak gauzatzea ere.

3. ATALA.–BETEBEHAR BEREZIAK

25. artikulua. Merkataritzako eta industriako jarduerak.

1. Merkataritza, industria edo zerbitzu jarduera batek maiz zikinkeria sortzen duenean inguruetan edo baimendutako tokietan (terrazak eta gisakoak), establezimenduaren titularrak bide publikoan ukitutako zatia garbi utzi beharko du, deusetan ukatu gabe neurri zuzentzaileak eta gainerako betebeharrak, nahitaezko lizentziei aplika dakiekeen araubidetik ondorioztatzen direnak.

2. Kioskoen titularrek eta beste establezimendu batzuen titularrek, baldin badituzte terrazak, beladoreak eta bide publikoko beste instalazio batzuk, garbi utzi beharko dituzte okupatzen duten tokia eta ingurua, bai eta instalazioak berak ere.

Gainera, kioskoen, izozki denden, josteta aretoen edo jarduera motagatik hondakinak sortzen dituen beste edozein saltokiren titularrek paperontzia paratu beharko dute inguruan, eta beren bizkar mantendu.

Espazio eta ingurune horiek etengabe garbitu beharko dira eta, betiere, establezimendua ixten denean.

Estetika, higiene eta segurtasun arrazoiak direla eta, debeku da produktuak, terrazetako altzariak edo materialak terrazetan eta haien ondoan bildu edo pilatzea. Ezin izanen da inola ere baimendutakoa baino leku handiagoa okupatu, ez eta aldi baterako elementurik –ez finkorik, ez zoladurari loturik– erabili ere Udalaren baimenik gabe.

Udalak edozein elementu edo altzari ken dezake, baldin bide publikoan jarri bada baimenik gabe, edo okupatzen badu baimendutakoa baino leku handiagoa. Halakoetan, instalazioaren erantzuleari eskatuko zaio hura kentzeko gastua, deusetan ukatu gabe bidezko den zehapena.

26. artikulua. Establezimendu publikoak.

Establezimendu publikoen jabeak edo titularrak, beste xedapen batzuk errespetatzeaz gain, saiatuko dira eragozten bezeroen gizalegerik gabeko ekintzak edo ekintza gogaikarriak, lokaletan sartzean zein haietatik ateratzean.

Jokaera horiek eragotzi ezin direnean, poliziari deitu beharko diote, mantendu daitezen ordena eta herritarren bizikidetza, eta laguntza emanen diete, une oro, esku hartzen duten agenteei.

27. artikulua. Ekitaldi publikoak.

1. Ekitaldi publikoen ondorioz zikinkeria sortzen bada edo kalte egiten bazaie hiri edo arkitektura elementuei, erantzuleak izanen dira antolatzaileak, eta administrazioak behartzen ahalko ditu erabili edo hondatzen diren ondasunak lehengoratzera.

2. Udalak fidantza eratzeko eskatzen ahalko die antolatzaileei, eta hala bermatuko da behar den erantzukizuna, garbiketa eta ingurumen lanengatik nahiz ekitaldiak ekar ditzakeen bestelako kalte-galerengatik. Kasuan kasuko espazio publikoa behar bezala geldituz gero, fidantza itzuliko zaie. Bestela, egin diren aparteko lanen zenbatekoa kentzen ahalko da aipatu fidantzatik, bai eta baimena edozein alderditan urratzeagatik edo antolatutako ekitaldiarekin zerikusia duten beste arau-hauste batzuengatik legokiokeen zehapena ere.

3. Betiere, ekitaldi publikoen antolatzaileek egin beharko dute kalteak bermatzeko erantzukizun zibileko aseguru-kontratu bat, ekitaldiaren izaera kontuan hartuta.

28. artikulua. Arropa hedatua eta apaingarriak.

Balkoi, leiho, terraza edo teilatu-lauetan ez da arroparik hedatzen ahal, kaletik ikusteko moduan. Halaber, balkoi edo galerietan ez da uzten ahal eraikinaren estetikari kalte egiten dion materialik, tresnarik edo altzaririk, kanpotik ikusten ahal badira.

Eraikinen batzuek ez badute kaletik ezkutaturiko esekilekuen aukera, udalak berariazko araubide bat baimentzen ahalko du halakoetarako.

Balkoi, leiho, terraza edo teilatu-lauetan apaingarririk jarriz gero, hala nola loreontziak edo beste, babesturik egon beharko dute, inola ere eror ez daitezen.

IV. TITULUA.–ZEHAPEN ARAUBIDEA

29. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Zehapenak ezartzeko, bete beharko da legez eta erregelamenduz arlo horretan ezarrita dagoen prozedura, zehatzeko ahala gauzatzeko.

2. Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak baldin badaki egitateak izan daitezkeela, ez bakarrik arau-hauste administratibo, baizik zigor-zuzenbideko arau-hauste ere, organo judizial eskudunari emanen dio horren berri, eta geldirik utziko du zehapen administratiboko prozedura –hasita baldin badago–, harik eta agintaritza judizialak erabakia hartu arte.

Zehapen prozedura etenda dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.

3. Arau-haustearen erantzulea haren ondorioz sortutako kalte-galeren erantzulea ere izanen da; haien ordaina Barbaringo Udalak erabakitzen duen moduan eginen da, arau-hausteari dagokion zehapena aparte utzirik.

Arau-hauste edo zehapenik ezean, kalte-galeren ordainak zerbait egin beharra edo ez egin beharra dakarrenean, hura ez betetzeak Udalaren baimen bat ez betetzearen ondorio berak izanen ditu zehapentzat.

Udalarenak ez diren ondasunak badira eta horiek bide publikotik ikusten ahal badira, ez da beharrezkoa izanen ukitutako alderdiaren salaketa.

4. 37. artikuluko zenbatekoak, haien eguneratzeak, bai eta 33., 38., 39. eta 40. artikuluak ere, gainerako udal ordenantzetan aplikatuko dira, haien testuetan ez bada ezarri bertan jasoriko zehapenetarako zenbatekorik, salbu eta beste batzuk badira aplikatu beharrekoak eta deusetan ukatu gabe haien kalifikazioa (arina, astun edo oso astun). Orobat, artikulu horiek ordezko gisa aplikatuko dira, Udalaren ordenantza guztietako aginduak urratzen direnerako, halako ordenantzetan urratze horiek zehaturik ez badaude.

30. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, izan egiteak nahiz ez-egiteak, joko dira oso astuntzat, astuntzat edo arintzat.

31. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Oso astunak dira honako hauek eragiten dituzten arau-hausteak:

a) Herritarren bizikidetza nabarmen eragoztea, halako moduz non larriki, berehala eta zuzenean galarazten den beste batzuen lasaitasuna, legezko eskubideak erabiltzea edo denetariko jarduerak normal egitea, jarraikiz aplikatzekoa den araudiari edo osasungarritasun eta apaintasun publikoari; betiere, jokaera horiek ezin badira tipifikatu otsailaren 21eko 1/1992 Legearen IV. kapituluan ezarritakoaren arabera (Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko Legea) edo horren ordezko araudiaren arabera.

b) Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.

c) Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea, edo funtzionamendu hori larriki eta nabarmen oztopatzea.

d) Larriki eta nabarmen hondatzea zerbitzu publiko baten ekipamenduak, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak.

e) Eremu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea. Betiere, arau-haustea izanen da oinezkoei edo ibilgailuei nahita eta modu larrian galaraztea haientzat prestatutako tokian zirkulatzea, baimenik izan gabe.

f) Larriki eta nabarmen hondatzea bide publikoak, edo haietako edozein instalazio eta elementu, izan higigarri nahiz higiezin, ez baldin badira herritarren segurtasuna asaldatzeak eragindakoak. Betiere, honako jokaera hauek izanen dira arau-hauste:

–Seinale publikoak hautsi, erauzi edo pintatzea edo haietan kalteak eragitea, baldin eta horrela seinalea ikustea edo ulertzea eragozten edo zailtzen bada.

–Zerbitzu publikoko elementuei, obra hondakinei edo zaborrei su ematea nahita edo erru astunarekin, eta gasolindegi batetik gertu ez betetzea 18. artikulua (suari eta jaiei buruzkoa), arrisku larriren bat dagoenean.

–Bide publikoan eta parke-lorategietan dauden zuhaitzak haustea, edo deusetarako ez direla uztea.

g) Ordenantza honetan aipatu diren animaliekin anker jokatzea, haiei tratu txarrak ematea edo eraso fisikoak egitea, bai eta haiek abandonatzea ere.

h) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak edo ez-egiteak, baldin arriskuan jartzen badute pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala.

i) Bidegabeki eta maltzurkeriaz eragitea larrialdi zerbitzuak mobiliza daitezen.

j) Nahita itzaltzea argiteria publikoko edozein sistema.

k) Urtebetean hiru arau-hauste astun edo gehiago egitea.

l) Arau-hauste astuna edo oso astuna egitea, espresuki debekatu denean baimentzeko idazkien edo beste batzuen bidez, edo baimen baten baldintzak ez betetzea eta horren ondorioz nahasmendu oso larria eragitea. Espresuki debekaturiko arau-hauste oso astuna egin bada, ezar daitekeen zenbatekorik handiena izanen da zehapena.

m) Desobeditze oso astuna. Agintaritza-agenteek debekatu ondoren, norbaitek arau-hauste oso astuna egiten duenean, edo hura gelditzeko eskatu eta hala ere egiteari uzten ez dionean, eta orobat arau-haustea egin ondoren agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanik ere, uko egiten dionean.

32. artikulua. Arau-hauste astunak.

Arau-hauste astunak honako hauek dira:

a) Herritarren bizikidetza larriki eragoztea, halako moduz non galarazten den beste batzuen lasaitasuna, beren legezko eskubideak erabiltzea edo denetariko jarduerak normal egitea, jarraikiz aplikatzekoa den araudiari edo osasungarritasun eta apaintasun publikoari, baldin eta jokaera horiek ez badaude tipifikaturik herritarren segurtasuna babesteari buruzko araudian.

b) Zerbitzu edo espazio bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen larriki eragoztea.. Betiere, arau-haustea izanen da bide edo espazio publikoetan terrazak edo beladoreak jartzea Udalaren baimenik gabe.

c) Larriki eragoztea zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta.

d) Larriki hondatzea zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak.

e) Larriki eragoztea osasungarritasun edo apaintasun publikoa. Betiere, arau-haustea izanen da:

–Zaborrak edo hondakinak botatzea estolderia-sarera edo bide edo espazio publikoetara eta, horrela, ibiltzea eragoztea edo osasungaiztasun arriskua sortzea.

–Eraikin edo ibilgailuetatik edozein gauza botatzea edo zabarkeriaz edo zuhurtziagabekeriaz erortzera uztea, bidearen erabiltzaileei arriskurik sortzen bazaie.

–Bide publikoan janariak edo edariak saltzea Udalaren baimenik gabe.

–Edozein ondasun edo espazio publikotan pintadak, grafismoak edo horma-irudiak egitea Udalaren baimenik gabe.

f) Nahita oztopatzea oinezkoek edo ibilgailuek normal zirkulatzea, haientzat prestatutako tokietan.

g) Udalak kartelen bidez adierazten dituen bizikidetza arauak urratu eta hartan nahasmendu larria sortzea.

h) Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.

i) Arau-hauste arina egitea, espresuki debekatu denean baimentzeko idazkien edo beste batzuen bidez, edo baimen baten baldintzak ez betetzea eta horren ondorioz nahasmendu oso larria eragitea.

j) Desobeditze astuna. Agintaritza-agenteek debekatu ondoren, norbaitek arau-hauste astuna egiten duenean, edo hura gelditzeko eskatu eta hala ere egiteari uzten ez dionean, eta orobat arau-haustea egin ondoren agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanik ere, uko egiten dionean.

k) Ikuskaritza lana oztopatzea, udal ordenantza honetako nahiz gainerakoetako aginduen kontra arau-haustea eginda.

Honi dagokionez, oztopatzetzat joko da nork bere nortasuna adieraztean datu faltsuak ematea edo nork bere nortasuna adierazteari uko egitea, Udalak kanpoko baliabideak erabili behar baditu hura ikusteko.

33. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Herritarren bizikidetza arinki eragoztea, halako moduz non galarazten den beste batzuen lasaitasuna, beren legezko eskubideak erabiltzea edo era guztietako jarduerak normal egitea, jarraikiz aplikatzekoa den araudiari edo osasungarritasun eta apaintasun publikoari, baldin eta jokaera horiek ez badaude tipifikaturik herritarren segurtasuna babesteari buruzko araudian. Betiere, arau-haustea izanen da:

–Espazio publikoetan lagun egiteko animaliak eramatea uhal edo katez lotu gabe, eta haiei eremu debekatuetan sartzen uztea, baimenik izan gabe.

–Bide publikoan su egitea.

b) Zerbitzu edo espazio bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen arinki eragoztea. Betiere, arau-haustea izanen da:

–Ibilgailuak abandonaturik uztea, jendearen higiene, osasun eta segurtasunerako arriskutsuak izaten ahal badira.

–Bide edo espazio publikoetan terrazak edo beladoreak paratzea, Udalaren baimenik izan gabe.

–Metxa piztuak edo gailu piroteknikoak eramatea edo petardoak, suziriak edo gisakoak botatzea baimenik gabe, bai eta haiek baimenik gabe saltzea ere.

–Bide edo espazio publikoetan terrazak edo beladoreak paratzea, baimendu baino leku handiagoa hartuta.

–Baimenik gabe kanpatzea.

–Gaua eman edo etzatea bankuen gainean, markesinetan edo kutxazain automatikoetan.

–Espazio publikoetan edozein elementu paratzea baimenik gabe.

–Espazio publikoa erabiltzea ibilgailuak konpontzeko edo metal arotzerian, iturgintzan edo gisakoetan aritzeko, edo ibilgailuak nahiz animaliak garbitzeko.

–Udalak kartelen bidez adierazten dituen bizikidetza arauak urratzea, kalifikazio larriagorik merezi ez badu.

c) Arinki eragoztea zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta. Honako hau arau-haustea izanen da beti:

–Iturri edo urmael publikoetan bainatzea.

d) Arinki hondatzea zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak. Betiere, arau-haustea izanen da:

–Kalteak eragitea zuhaitz, landare eta lorategi publikoetan.

–Zerbitzu edo espazio publiko bateko apaingarri, ekipamendu, azpiegitura, muntadura edo elementuetan kalte egitea eta, era berean, kale-argietan eta gainerako hiri altzarietan, argiztatzeko izan zein ez eta udalarenak izan zein ez.

e) Arinki eragoztea osasungarritasun edo apaintasun publikoa. Betiere, arau-haustea izanen da:

–Bide publikoan pixa edo kaka egitea.

–Espazio publikoak lagun egiteko animalien gorozkiekin zikindu eta ez garbitzea.

–Propaganda edo publizitatea zabaltzea ordenantza honetan ezarritakoa hautsirik.

–Hiri altzarien gainean listu egitea, haien erabilera lotetsirik dagoenean edo udalerriaren irudia kalteturik gelditzen denean.

–Bide publikoan zaborra edo beste edozein elementu botatzea edo bertan uztea.

–Apaingarriren bat edo hiri altzariren bat lekualdatu, mugitu, goititu, beheititu, biratu edo zernahi gisaz zegoen bezala ez uztea, bere lehengora itzuli behar bada.

f) Baimen baten baldintzak ez betetzea, betiere kalifikazio larriagorik merezi ez badu.

g) Desobeditze arina. Agintaritza-agenteek debekatu ondoren, norbaitek arau-hauste arina egiten duenean, edo hura gelditzeko eskatu eta hala ere egiteari uzten ez dionean, eta orobat arau-haustea egin ondoren agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanik ere, uko egiten dionean.

h) Udal ordenantza honetako edo gainerakoetako aginduen kontra arau-haustea egin ondoan nork bere nortasuna zuzen adierazteari uko egitea, horrek zailtasun arina badakar.

i) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak eta ez-egiteak, aurreko artikuluetan tipifikatu ez direnak.

34. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinei 60tik 199,99 eurora bitarteko isuna ezarriko zaie, salbu 33. artikuluko b) eta e) apartatuetako lehen puntuetan aipatutakoei; horiei 150 eurotik 199,99 eurora bitarteko isuna ezarriko zaie.

Arau-hauste astunei 200 eurotik 599,99 eurora bitarteko isuna ezarriko zaie. Arau-hauste oso astunei 600 eurotik 1.500 eurora bitarteko isuna ezarriko zaie.

35. artikulua. Kalteak konpontzea.

Ordenantza honetan adierazten diren zehapenak ezartzean, beti eskatuko zaio arau-hausleari hondatutako egoera lehengora dezala. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konponduko edo ordainduko dituzte beti.

Lehengoratzeko eta kalteak ordaintzeko eskaera Udalak izapidetuko du, antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera, eta kontuan hartuta hondatutako ondasuna nolakoa den.

Udalak egin beharrekoak eginen ditu betebeharpekoaren kontura, gauzak arau-haustearen aurreko egoerara lehengoratzeko, non eta ez dituen arau-hausleak ordurako egin. Betebeharpekoari kostua eskatzeko, jarraikiko zaio antolamendu juridikoan ezarritakoari.

36. artikulua. Erantzuleak.

1. Ekitaldi publikoetan erantzule solidario izanen dira antolatzaile edo sustatzaile dena eta baimena eskatzen duena.

2. Animaliak daramatzaten pertsonak eta, modu subsidiarioan, animalien jabeak izanen dira erantzule, animaliek gauzei edo pertsonei sortutako kalte edo eraginengatik, eta zikinkeriarengatik.

3. Kanpoko publizitateari (eskuorriena barne) buruzko arau-hausteen erantzuleak izanen dira iragarlea eta zuzeneko egilea, modu solidarioan.

4. Etxebizitzak edo lokalak erabiltzeko eskubidea dutenak izanen dira 21.1, 22.5, 26. eta 31. artikuluetan bildutako arau-hausteen erantzuleak.

5. Gainerako kasuetan, ordenantza honen kontrako arau-hausteen erantzule izanen dira arau-hausteen zuzeneko egileak.

6. Oro har, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izanen dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen arau-hauste administratiboak prebenitzeko.

Erantzulea adingabea izanez gero, edo lege-arrazoiren bat izanez gero hari ez egozteko, erantzule izanen dira gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak.

7. Arau-haustea dakarten jarduketak hainbat pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.

37. artikulua. Zehapenen mailakatzea.

Aurreko artikuluen arabera sailkatu ondoren, ezarri beharreko zehapena mailakatzeko, honako inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Berrerortzea: baldin urtebetean astuntasun bereko arau-hauste bat baino gehiago egin badira, ebazpen irmo batek hala deklaraturik.

b) Errepikatzea: urtebetean arau-hauste astunago bat egin bada, edo astuntasun bereko edo txikiagoko bi arau-hauste egin badira, ebazpen irmo batek hala deklaraturik.

c) Intentzionalitatea.

d) Gertaerek gizartean duten garrantzia edo oihartzuna.

e) Eragindako kalteen izaera eta larritasuna.

f) Eragindako kaltea prozedura ireki baino lehen konpontzea.

38. artikulua. Kautela-neurriak.

Betiere, arau-hausleak gizalegerik gabe jokatzen segitu eta, hartara, beste erabiltzaile batzuei eragozten badie, kautela-neurriak hartzen ahalko dira, hori galarazteko.

Horri dagokionez, ondasun hauek aldi baterako kendu edo atzematen ahalko dira: pintura-potoak, ganibetak, labanak eta arma debekatu gabeak eta objektu mingarriak, musika tresnak eta musika edo soinu aparatuak, baloiak, pilotak, makilak, gai piroteknikoak, erremintak eta materialak, kartelak, pankartak, banderolak, paskinak, eskuorriak, bai eta puntu honetan espresuki bildu gabeko beste edozein gauza ere, baldin eta agintaritza-agenteen aburuz inork erabiltzen baditu ordenantza honetako aginduak urratzeko, eta komenigarria bada aldi baterako kentzea edo atzematea.

V. TITULUA.–ERREHABILITAZIOA

39. artikulua. Itundutako bukaera.

Bidezko zehapen-ebazpena eman aurretik, Udalak espedientatuari eskaintzen ahal dio gizartearentzako zeregin edo lanak egiteko aukera, ezar litekeen isun osoaren ordez nahiz zati baten ordez. Zein den arau-haustearen larritasuna, haren araberako eta proportzioko zeregina izanen litzateke.

Arau-hausleak adingabeak badira, hezigarritasunari ematen ahalko zaio lehentasuna, gizartearentzako zerbitzuaren gainetik.

Aukera hori eskaintzen ahalko da arau-hausleen errehabilitaziorako bidea izan dadin, eta horregatik, beharrezkotzat jotzen denean baizik ez da aplikatuko:

–Arau-hausteak oso zehapen astuna ezartzea dakarrenean.

–Zehapen astuna dakarren arau-haustea izanda, aurretik arau-hauste astunak edo oso astunak egin direnean.

–Arau-hausleak adingabeak edo ezgaiak direnean.

–Neurri hori hartzearen alde egiten duten baldintza bereziak ikusita, modu arrazoituan horrela erabakitzen denean.

Espedientatuak zer lan egiteko prest dagoen esanen dio Udalari. Ahal dela, gizartearen onerako lan borondatezkoak izanen dira, gizalegezko jokaerak sortzekoak edo antzeko ekintzen ondoriozko kalteak konpontzekoak. Udaltzaingoak kontrolatu eta bermatuko du betetzen direla.

Espedientatuak eskaera egin ondoren, prozedura ebazteko epea eten eginen da, eta Udalak egin beharreko zerbitzuaren baldintzak jakinarazi beharko dizkio arau-hausleari.

Udalak prozedura bukatzeko, ebazpen ekitaldian zehaztuko du espedientatuak egin beharreko zerbitzua, bai eta isunaren zenbatekoa ere, baldin zerbitzu horrekin zehapen osoa ordezten ez bada.

Kasu bakoitzaren inguruabarrak ikusita, Udalak kautela-neurriak hartzen ahalko ditu, bermatzeko zerbitzua betetzen dela behar den denboran eta moduan.

Espedientatuak zerbitzuaren baldintzak onartu ondoren, zehapen prozedura bukatutzat joko da, 30/92 Legearen 88. artikuluan ezarritakoaren arabera (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

Zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen ez bada, isuna ezarriko da, prozedura laburtuaren bidez erabakita. Hori zehazteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

Hasierako arau-haustearen sailkapen bera izanen du arau-hausteak.

Zehapena mailakatzeko, berariazko astungarria izanen da Udalaren eta arau-hauslearen artean itundutako zerbitzua ez betetzea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza hau indarrean jartzen denean, indarrik gabe geldituko dira harekin bat ez datozen udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da behin iraganik 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritako epea (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Iragarkiaren kodea: L2601684