1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
12/2026 FORU DEKRETUA, otsailaren 18koa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2026ko Berdinna saria ematen diona El Cambio emakumeen elkarteari.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko Berdinna sariaren xedea da nabarmentzea eta publikoki aintzatestea Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanagatik nabarmendu direnen jarduna. Saria Nafarroako Gobernuak sortu zuen, urtarrilaren 10eko 1/2018 Foru Dekretuaren bidez.
Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak urriaren 2an emandako 52/2025 Foru Aginduaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2026ko Berdinna sariaren deialdia egin zen eta hura emateko oinarriak ezarri ziren.
Hautagaitzak jaso eta saria emateko irizpideen arabera baloratu ondoren, epaimahaiak proposatu du saria El Cambio emakumeen elkarteari ematea, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko eta berdintasuna sustatzeko eginiko lan nabarmena aitortzeko, bere lurraldean erreferente baita eta gizarte justuago eta ekitatiboago bat izateko lan egiten baitu.
Berdintasunaren arloan etengabe eta irmoki egindako ekarpenagatik sari hau jasotzeko aintzat hartu diren merezimenduetatik honako hauek aipatu behar dira:
–Ibilbidea.
El Cambio emakumeen elkartea Murillo el Frutokoa da, irabazi-asmorik gabekoa eta toki esparrukoa. 1998. urtetik dago inskribatuta Nafarroako Gobernuaren Elkarteen Erregistroan (3.345 zenbakia du).
Duela 27 urte hasi zen elkartearen ibilbidea, gizarte justuago eta ekitatiboagoa lortzeko asmoz, gizonezkoek eta emakumezkoek eskubide, aukera eta askatasun berberak izan ditzaten.
Gaur egun, hainbat adinetako 183 emakumek osatzen dute elkartea. Zuzendaritza-batzordean 7 kide aritzen dira, eta berdintasuna sustatzeko era askotako jarduerak prestatzen dituzte. Horrez gain, urtero-urtero berdintasunarekin, landa-eremuko emakumeekin eta indarkeriak prebenitzearekin lotutako egun garrantzitsuak ospatzen dituzte: martxoaren 8a, urriaren 15a eta azaroaren 25a.
Hain zuzen ere, hautagaitza honetarako bideoklip kolektibo bat sortu zuten, Murillo el Frutoko adin askotako herritarren laguntza eta parte-hartzearekin, mezu argi eta irmo bat helarazteko: "Se acabó".
Era berean, nabarmentzekoa da elkarteak sustatutako proposamenek herritarren parte-hartze eta erantzun sendoa izan dutela.
–Garrantzia.
2025eko azaroaren 25a ospatzeko, emakumeen elkarteak ikus-entzunezko proiektu kolektibo bat prestatu zuen, non Murillo el Frutoko herritarrek ere parte hartu baitzuten. Proiektuaren izena Murillo dice "Se acabó" da, eta xede du emakumeen kontrako indarkeria agerian jartzea eta errespetuan, berdintasunean eta bizikidetzan oinarritutako kultura sustatzea.
Hainbat adin, profil eta eremutako 100 boluntariok baino gehiagok hartu zuten parte bideokliparen grabazioan, zeinak "Se acabó" kanta baitu oinarri, indarkeria mota horren aurrean indar, duintasun eta haustura sinbolo artistiko izandako María Jiménezena.
Emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen urraketa iraunkorrenetako bat da oraindik ere gure gizartean, eta landa-eremuetan, gainera, indarkeriari bizirauten dioten emakumeek are isolamendu, ikusezintasun eta baliabide falta handiagoa pairatzen dute.
Hala, proiektu honek oinarri du herriak emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko konpromisoa, eta herritarren parte-hartzea sustatzen du. Biktimak babesteko eta edozein indarkeria mota baztertzeko mezu kolektiboa helaraztea da helburua.
–Nafarroako Foru Komunitatean duen eragina eta oihartzuna.
Sentsibilizazio ekintza horrek eragin handia izan du Murillo el Frutoko eta Nafarroa osoko herritarrengan. 2025eko azaroaren 23an aurkeztu zen, eta 200 pertsona inguru bertaratu ziren ekitaldira.
Bideoklipa Whatsapp bidez partekatu da, eta milaka bistaratze izan ditu. Sare sozialetan –YouTuben eta Instagramen–, 6.000 bistaratze baino gehiago izan ditu. Horrez gain, azaroaren 25eko albisteetako bat izan zen, eta hainbat komunikabidetan eman zuten horren berri.
Orobat, zenbait ikastetxetan ere erreproduzitzen ari dira, lan-material gisa; horien artean, Murillo el Frutoko Raimundo Lanas ikastetxe publikoa eta Tafallako eskualde-eskolak.
Bideoklipa ekoizpen parte-hartzailea, soziala, hezitzailea eta kulturala da, emoziozko eragin handikoa eta eskuratzen eta errepikatzen erraza; azken batean, emakumeen kontrako indarkeriari buruzko sentsibilizazioa indartzen du tokiko mailan zein komunitate mailan.
Horrela, Murillo el Frutori leku bat ematen dio berdintasuna sustatzeko eta emakumeen eskubideen defentsarako espazio aktibo gisa, benetan sentsibilizatutako gune berritzaile eta parte-hartzaile gisa.
Horrenbestez, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2026ko otsailaren 18an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
1. 2026ko Berdinna saria El Cambio emakumeen elkarteari ematea.
2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
Iruñean, 2026ko otsailaren 18an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.
Iragarkiaren kodea: F2602604