1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
23/2026 EBAZPENA, otsailaren 13koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, 2026-2027 ikasturtean Nafarroan musikako lanbide-ikasketak egiteko berariazko sarrera-proben deialdia egiten duena.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 48. artikuluan aipatzen dira musikako lanbide-ikasketak, eta 49. artikuluan ezartzen denez, hezkuntza-administrazioek arautu behar dute ikasketa horietan sartzeko berariazko proba.
Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako musikako lanbide-ikasketetan sartzeko modua, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-eremuan, Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 29ko 78/2007 Foru Aginduan araututa dago (Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 6ko 37/2025 Foru Aginduaren bidez aldatua).
2026-2027 ikasturtean ikasleak musikako lanbide-ikasketetako ikastetxeetan sartzeko eta onartzeko prozesua antolatzeko xedez, nahitaezko sarrera-proben deialdia egin beharra dago orain.
Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuaren 2026ko otsailaren 6ko txostena ikusirik, eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak baliatuz, honako hau,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroan 2026-2027 ikasturtean musikako lanbide-ikasketetan sartzeko berariazko proben deialdia egitea, ebazpen honen I. eranskinaren oinarrien arabera.
2. Ebazpen hau eta haren I. eta V. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalera, "Pablo Sarasate" Musika Kontserbatorio Profesionalera, "Fernando Remacha" Udalaren Musika Kontserbatoriora eta "Irabia-Izaga" ikastetxeko Hezkuntza eta Kultura Elkartera.
4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Iruñean, 2026ko otsailaren 23an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
I. ERANSKINA.–OINARRIAK
1.–Xedea eta eremua.
Ebazpen honen xedea da prozedura bat ezartzea Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan musikako lanbide-ikasketetan sartzeko, 2026-2027 ikasturterako, Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 29ko 78/2007 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat (78/2007 Foru Agindua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritako musikako lanbide-ikasketetan sartzeko arauak ematen dituena Nafarroako Foru Komunitatean).
2.–Eragina eta balioa.
Sarrera-probak gaindituz gero, 2026-2027 ikasturterako matrikula soilik egiten ahalko da, baldin eta nahi den ikastetxean, espezialitatean eta ikasmailan postu librerik badago, hargatik eragotzi gabe eranskin honen 4. oinarrian ezarritakoa.
3.–Probak egiteko tokia eta egunak.
Probak "Pablo Sarasate" Musika Kontserbatorio Profesionalean (Musikaren Hiria, Antonio Pérez Goyena pasealekua, 31008 Iruña) edo Tuterako Udalaren "Fernando Remacha" Musika Kontserbatorioan (Mercadal plaza 7, 31500 Tutera) eginen dira, eta izangaiek egoitza bietako edozein aukeratzen ahalko dute.
Sarrera-probak 2026ko ekainaren 8tik aurrera eginen dira. Egun eta ordu zehatzak Nafarroako Gobernuaren webgunearen bidez argitaratuko dira (www.nafarroa.eus), zerbitzuen katalogoaren fitxan.
Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalak argitara emanen du zer egun eta ordutan eginen den proben zatietako bakoitza, aipatutako bideak erabiliz.
4.–Probetan izena ematea eta matrikula egin aurreko alderdiak.
4.1. Proban izena emateko, Nafarroako Gobernuaren webgunearen bidez egin behar da (www.nafarroa.eus), zerbitzuen katalogoaren "2026-2027 ikasturtean musikako lanbide-ikasketak egiteko berariazko sarrera-probak" fitxan. Izangaiek izena emateko eskaera bat bete beharko dute, eta hartan zehaztu zer ikastetxe lehenesten duten musikako lanbide-ikasketetan matrikula egiteko, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan. Eskaera bat baino gehiago aurkeztuz gero, aurkeztu den azkena soilik joko da baliozkotzat. Aurkeztutako eskaera ez bada osorik bete, probarako izen-ematea ez da baliozkoa izanen.
4.2. Iruñeko "Pablo Sarasate" Musika Kontserbatorio Profesionalean musikako lanbide-ikasketak egiteko lehentasuna lortu nahi duten izangaiek ebazpen honen II. eranskina betez eman beharko dute izena proban, www.nafarroa.eus webgunearen fitxan gaitutako estekaren bidez.
4.3. Burlatako "Irabia-Izaga" Musikako Arte-ikasketa profesionalen ikastetxe pribatuan musikako lanbide-ikasketak egiteko lehentasuna lortu nahi duten izangaiek ebazpen honen III. eranskina betez eman beharko dute izena proban, www.nafarroa.eus webgunearen fitxan gaitutako estekaren bidez.
4.4. Tuterako Udalaren "Fernando Remacha" Musika Kontserbatorioan musikako lanbide-ikasketak egiteko lehentasuna lortu nahi duten izangaiek ebazpen honen IV. eranskina betez eman beharko dute izena proban, www.nafarroa.eus webgunearen fitxan gaitutako estekaren bidez.
4.5. Eranskin honetako 4.2, 4.3 eta 4.4 oinarrietan ezarritakoaren arabera lehentasuna duten izangaiek matrikula egin ondoan ikaspostu hutsik bada II., III. eta IV. eranskinetan aipatzen diren ikastetxeetan, sarrera-proba gainditu duten izangaiek eskubidea izanen dute ikastetxe horietako edozeinetan matrikula egiteko, lehentasun-ordena honen arabera:
a) Iruñeko "Pablo Sarasate" Musika Kontserbatorio Profesionalean matrikula egiteko, honako hauek izanen dute lehentasuna, ordena honetan:
1. III. eranskina bete duten izangaiek, puntuaziorik altuena duenetik hasita.
2. IV. eranskina bete duten izangaiek, puntuazio altuena duenetik hasita.
b) Burlatako "Irabia-Izaga" Musikako Arte-ikasketa Profesionalen ikastetxe pribatuan matrikula egiteko, honako hauek izanen dute lehentasuna, ordena honetan:
1. II. eranskina bete duten izangaiek, puntuaziorik altuena duenetik hasita.
2. IV. eranskina bete duten izangaiek, puntuazio altuena duenetik hasita.
c) Tuterako Udalaren "Fernando Remacha" Musika Kontserbatorioan matrikula egiteko, lehentasuna izanen dute II. edo III. eranskinak aurkeztu dituzten izangaiek, puntuazio altuena duenetik hasita.
5.–Egokitzapenak.
Honako hauek egokitzapenak eskatzen ahal dituzte musikako lanbide-ikasketetan sartzeko proba egiteko:
a) %33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua duten izangaiek. Izena emateko prozesuan desgaitasun-maila egiaztatzen duen ziurtagiri indardunaren kopia aurkeztu beharko dute, baita gizarte zerbitzuetako erakunde eskudunak emandako irizpen teknikoa ere, hartan agertuko baita eskaturiko egokitzapena justifikatzen duen diagnostikoa.
b) Hezkuntza-premia bereziak, ikaskuntzaren edo arretaren nahasmenduak, hizkuntzaren eta komunikazioaren garapenaren nahasmenduak edo beste egoera pertsonal batzuk dituzten izangaiak. Izena emateko prozesuan dagokion ziurtagiria erantsi beharko dute. Ziurtagiririk ez badute, osasungintzako profesionalek edo espezialistek emandako irizpen teknikoa edo txosten klinikoa entregatu beharko dute, hartan agertuko baita eskaturiko egokitzapena justifikatzen duen diagnostikoa. Txostenean, halaber, profesionalaren identifikazioa eta elkargokide-zenbakia agertuko dira. Halakorik ezean, ebazpen honen V. eranskina entregatuko dute (Ikasleek hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituztela egiaztatzeko agiria), izangaia matrikulatuta egon den azken ikastetxeko orientatzaileak sinatua eta zigilatua (ikasleak ikastetxe horretan eginak izanen ditu derrigorrezko ikasketak edo derrigorrezkoaren ondokoak), eta eranskin horretan agertuko da zer egokitzapen proposatzen diren pertsona horrentzat.
Epaimahaiak neurri egokiak eta bidezkoak hartuko ditu denborak eta baliabideak egokitzeko, eta, betiere, errespetatuko du izangaiak frogatu ahal izatea badituela irakaskuntza horiek probetxuz egiteko behar diren ezaupide, gaitasun eta trebetasunak.
Sarrera-probak egiteko eskuragarri dauden baliabide teknikoen eta giza baliabideen mende daude neurri horiek, eta gerta daiteke eskatutakoekin bat ez etortzea guztiz. Inola ere ezin da egokitzapenik egin probaren edukian.
6.–Agiriak.
Izena emateko prozesuan, II. eranskina, III. eranskina edo IV. eranskina betetzeaz gain, hauek ere entregatu behar dira:
a) Nortasun agiri nazionalaren, atzerritarraren nortasun txartelaren (bi aldeetatik bi kasuetan), pasaportearen, nortasuna frogatzen duen bidaia agiriaren edo bisaren fotokopia.
b) Musikako lanbide-ikasketetan sartzeko probetan izena emateagatiko zenbatekoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren diru-bilketako kontuan sartu dela frogatzen duen gordekina. Kopuru hori ezarrita dago otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legean, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzkoan, eta hauxe da: 18,64 euro.
Honako zerga-onura hauek aplikatuko dira:
–Kategoria orokorreko familia ugarietako kideak, guraso bakarreko familiak edo gurasobakartasun egoeran daudenak (kategoria orokorrekoak) eta %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak: %50eko hobaria.
–Kategoria bereziko familia ugarietako kideak; guraso bakarreko familiak edo gurasobakartasun egoeran daudenak (kategoria berezikoak); ekintza terroristen biktimak (baita haien ezkontideak eta seme-alabak ere); genero indarkeriako ekintzen biktimak (baita haien seme-alabak ere); eta gutxienez %65eko desgaitasun aitortua duten pertsonak: %100eko salbuespena.
c) Sarrera-proban interpretatuko diren partiturak biltzen dituen PDF formatuko artxiboa. Partiturez gain, artxibo horretan izangaiak aukeratutako egile eta obren zerrenda jasoko da.
d) Hala badagokio, familia ugariaren tituluaren fotokopia, guraso bakarreko familiaren tituluarena, Barne Ministerioak ekintza terroristen biktimentzat, haien ezkontideentzat eta seme-alabentzat emandako ziurtagiriarena, genero-indarkeriaren biktima babesteko ebazpen judizialarena, kondena-epaiarena edo biktimaren aldeko kautelazko neurriarena.
e) Kasua bada, desgaitasun-maila egiaztatzen duen ziurtagiri indardunaren fotokopia, baita gizarte zerbitzuetako erakunde eskudunak emandako irizpen teknikoa ere, hartan agertuko baita eskaturiko egokitzapena justifikatzen duen diagnostikoa.
f) Kasua bada, ikasleak hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituela egiaztatzen duen agiria (ebazpen honen V. eranskina).
Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei eskaerarekin batera emandako agirien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.
7.–Proban izena emateko tokia eta epea.
Proban izena emateko, Nafarroako Gobernuaren webgunearen bidez egin behar da (www.nafarroa.eus), zerbitzuen katalogoaren "2026-2027 ikasturtean musikako lanbide-ikasketak egiteko berariazko sarrera-probak" fitxan.
Izena emateko epea 2026ko martxoaren 16tik 24ra bitartekoa izanen da, biak barne.
8.–Eskaera onartuak eta baztertuak.
Inskripzioa egiteko ezarri den epea bukatutakoan, Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus zerbitzu-katalogoan dagokion fitxan) zerrenda bat argitaratuko da, onartu diren eskatzaileen izenak adierazita eta ikastetxearen, mailaren eta espezialitatearen arabera bereizita, baita baztertutakoen zerrenda eta haiek baztertzeko arrazoiak ere. Baztertuek hiru egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrendak argitaratu eta biharamunetik hasita, baztertzearen arrazoiak zuzentzen ahal dituzten agiriak emateko. Eskaera bat baino gehiago aurkeztuz gero, aurkeztutako azken eskaera soilik joko da baliozkotzat, eta horren arabera agertuko da izangaia onartuen behin-behineko zerrendan.
Baztertzeko arrazoiak zuzentzen ahal dituzten agiriak Nafarroako Gobernuaren webgunearen bidez soilik entregatuko dira (www.nafarroa.eus), zerbitzuen katalogoaren "2026-2027 ikasturtean musikako lanbide-ikasketak egiteko berariazko sarrera-probak" fitxan.
Balizko erreklamazioei erantzuna eman ondoan, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak argitaratuko dira, lehenago aipatutako bide berberak erabiliz. Baztertuen kasuan, baztertzeko arrazoia zehaztuko da.
9.–Deialdiko espezialitateak.
Honako espezialitate hauetan sartzeko probak eginen dira: Akordeoia, harpa, baxu elektrikoa, kantua, klarinetea, klabezina, kontrabaxua, fagota, zeharkako txirula, moko-txirula, gitarra, gitarra elektrikoa, oboea, organoa, perkusioa, pianoa, saxofoia, tronboia, tronpa, tronpeta, tuba, txistua, biola, biolina eta biolontxeloa.
10.–Sarrera-proben egitura eta edukia, eta probetako atal bakoitzaren balorazio partziala espezialitatearen arabera.
Sarrera-proben egitura, edukia eta espezialitate bakoitzeko proben ataletako bakoitzaren balorazio partziala honako arau honetan ezarritakoaren araberakoak izanen dira: 78/2007 Foru Agindua, ekainaren 29koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritako musikako lanbide-ikasketetan sartzeko arauak ematen dituena Nafarroako Foru Komunitatean.
11.–Sarrera-proben kalifikazioa eta gainditzeko modua.
Sarrera-proben azken kalifikazioa zenbakiz adieraziko da, 0tik 10 puntura bitartean eta hamartar batekin gehienez. Hura lortzeko, batezbesteko haztatua kalkulatuko da: a) atalak %70eko balioa izanen du, eta b) atalak, %30ekoa. Proba gainditzeko, beharrezkoa izanen da a) eta b) atalak gainditzea (5 puntu, gutxienez) eta azken kalifikazioan 5 puntu edo gehiago lortzea.
Kalifikazio-aktak kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus zerbitzu katalogoan dagokion fitxan) argitara emanen dira behin-behineko puntuazioen hiru zerrenda, sarrera-probetan izena emateko egindako eskaeren arabera (II., III. eta IV. eranskinak).
Aipatu puntuazioen aurrean, izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, argitalpenaren ondoko lehen egun balioduna bukatu arte. Halakoetan, epaimahaiak erreklamazioa berrikusiko du, eta egiaztatuko du kalifikazioetan akats materialik edo egitezkorik, transkripziozkorik edo aritmetikorik egin den.
Era berean, epaimahaiak ofizioz zuzentzen ahalko ditu izangaiei emandako behin-behineko puntuazioan hautemandako akatsak.
Erreklamazioak ebatzi ondoren, bitarteko berberak erabilita, izangaiek lortutako behin betiko puntuazioen hiru zerrenda argitaratuko dira.
12.–Epaimahaiak.
Musikako lanbide-ikasketetako espezialitate bakoitzerako epaimahaiak eratuko dira, eta bakoitzean hiru kide izanen dira: epaimahaiburua, idazkaria eta epaimahaikide bat. Izendapena Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eginen da, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da (www.nafarroa.eus), zerbitzuen katalogoaren "2026-2027 ikasturtean musikako lanbide-ikasketak egiteko berariazko sarrera-probak" fitxan.
13.–Erreklamazioak.
Gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke behin betiko emaitzen kontra, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiari zuzendua, komunikazioa jakinarazi eta hilabeteko epean.
V. ERANSKINA.–IKASLEEK HEZKUNTZA-LAGUNTZAKO BERARIAZKO PREMIAK DITUZTELA EGIAZTATZEKO AGIRIA
Ikastetxea: .........................................................................................................................................
Helbidea (kalea, zenbakia, solairua): ......................................................................................................
Udalerria: ..........................................................................................................................................
Ikastetxe honetako orientazio-departamentuak egiaztatu du ezen ..................................................... ..................................................................... ikasleak hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituela, arrazoi hauengatik: ikaskuntzaren edo arretaren nahasmenduak, hizkuntzaren eta komunikazioaren garapenaren nahasmenduak, egoera pertsonalak, hizkuntzaren ezezagutza handia edo hezkuntza-premia bereziak, musikako lanbide-ikasketa artistikoetan sartzeko berariazko probak egokitzeko.
BEHARREZKO EGOKITZAPENAK:
–Denbora luzatzea(aldez aurreko prestaketarako eta/edo proba egiteko):
–Epaimahaiko norbaitek laguntza ematea (zalantzak argitzea, zenbat denbora gelditzen den oroitaraztea, jarraibideak ongi ulertu dituen galdetzea, arreta jartzeko esatea, azterketa berrikustea):
–Azterketaren eredua edo formatua egokitzea (testu handiagoa, lerroartea, proba zatikatzea edo beste batzuk):
–Kokapena edo tokia egokitzea (arreta galarazten duten tokiak saihestea, soinu-iturriekiko edo bestelakoekiko distantzia):
–Proba egiteko laguntza teknikoak eta baliabide materialak egokitzea (argiztapena, altzariak...):
–Ikasteko zailtasun berariazkoei buruzko informazioa epaimahaikideentzat:
–Kontuan hartu beharreko beste neurri batzuk:
OHARRAK:
OHARRA: inola ere ez da egokitzapen nabarmenik eginen baldin eta ez bada bermatzen sarrera-proban eskatzen diren gutxieneko edukiak betetzen direla.
Egunak:
Orientatzailea.
Iragarkiaren kodea: F2602386