1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
18/2026 EBAZPENA, otsailaren 13koa, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Doneztebeko "Agorreta" musika eskolaren baimena, ikastetxe horren titulartasuna aldatu eta herri horretako udala izanen baita haren titularra aurrerantzean.
Aztertu da Doneztebeko Udalak (P3122100E IFKa du eta helbidea, berriz, Mercaderes kalea 9, P.K. 31740) aurkeztu duen instantzia, zeinaren bidez eskatzen baitu "Agorreta" musika eskolaren titulartasuna aldatzeko, orain arteko titularra, Udalaren Musika Patronatua, azkentzeagatik. Musika eskolaren erregistro zenbakia 31005322 da eta helbidea du Doneztebeko Mourgues etorbideko 6 Can (P.K.: 31740).
Kontuan hartuta aurkeztutako dokumentazioa, hau da, Doneztebeko Udalaren IFKaren kopiak, Doneztebeko Musika Eskolako Patronatua erakunde autonomoaren azkentzeari buruzko komunikazioa, 2025eko abenduaren 31koa, eta ziurtagiri bat, egiaztatzen duena 2025eko urriaren 27an egindako osoko bilkuran patronatua azkentzeko hartutako erabakia, zeinaren bidez udala patronatuaren eskubide eta betebehar guztietan subrogatzen baita, eskolaren zuzeneko kudeaketa bere gain hartzen baitu eta udalaren plantilla organikoan sartzen baititu musika eskolako langileak.
Musika eta dantza eskolen sorrerari eta funtzionamenduari buruzko oinarrizko arauak ezartzen dituen abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuaren 29. artikuluan ezarritakoa aplikatu da, hau da, ikastetxe baten titulartasuna aldatzea baimena aldatzea eraginen duen arrazoia dela.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Aldatzea Doneztebeko "Agorreta" musika eskolak (erregistro zenbakia 31005322, eta helbidea Doneztebeko Mourgues etorbideko 6, P.K.: 31740) duen baimena, ikastetxe horren titulartasuna aldatu delako. Aurrerantzean titularra Doneztebeko Udala izanen da (IFKa: P3122100E, helbidea: Mercaderes kalea 9, P.K. 31740, Doneztebe). Aldaketak 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.
2. Adieraztea titular berriak izanen dituela, aipatu ikastetxeari dagokienez, indarra duen legerian ezarritako eskubide, betebehar eta karga guztiak, batez ere udal musika eskolentzako dirulaguntzen araubideari dagokion orotan.
3. Titular aldaketa Nafarroako Ikastetxeen Erregistroan erregistratzea, eta idazpen berria helaraztea Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren Ikastetxeen Estatuko Erregistrora.
4. Gogoraraztea ezen titularrak baimena aldatzeko eskatu beharko duela, edo administrazio baimen berria, baldin aldaketarik bada bere erregistroko edozein datutan, edo instalazioak aldatzen badira, abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuaren VI. tituluan ezarritakoarekin bat.
5. Ebazpen hau jakinaraztea ikastetxearen titularrari, eta adieraztea interesdunek, administrazio publiko ez direnek, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dutela, Hezkuntzako kontseilariari zuzenduta, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.
6. Ebazpen hau igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalera, Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzura eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Atalera.
7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
Iruñean, 2026ko otsailaren 13an.–Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia, Luis Calatayud Yuste.
Iragarkiaren kodea: F2602401