50. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

11/2026 FORU DEKRETUA, maiatzaren 18koa, zeinaren bidez aldatzen baita maiatzaren 30eko 43/2018 Foru Dekretua, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile edo suhiltzaile-kabo lanpostuak betetzen dituzten langileendako bigarren jarduerako egoera arautzen duena.

SARRERA

Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 55. artikuluan, bigarren jarduerako egoera jasotzen da suhiltzaile edo suhiltzaile-kabo lanpostuak betetzen dituzten eta eritasuna edo istripua dela-eta beren lanpostuaren eginkizunak betetzeko ezindurik dauden prebentzio, su-itzaltze eta salbamendu zerbitzuetako funtzionarioentzat, bai eta 60 urte bete dituztenentzat ere; 55 urte betetzen dituzten funtzionarioek, berriz, osasun-azterketa gainditzen badute, aukera dute lanpostu berean jarraitzeko 60 urte bete arte. Aipatutako 55. artikuluak jasotzen du zer-nolako eginkizunak izanen diren bigarren jarduerakoak, baina beharrezkoa zen erregelamendu bat onestea, bigarren jardueraren esparruan sartzen diren lanpostuak zehazteko, baita egoera berezi horretara iristeko eta hari aplikatzekoa den araubidea garatzeko ere.

8/2005 Foru Legearen 55. artikulua garatzeko, maiatzaren 30eko 43/2018 Foru Dekretua onetsi zen; haren bidez, bigarren jarduera arautzen da Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile edo suhiltzaile-kabo lanpostuak betetzen dituzten langileentzat.

Bestalde, 2017ko martxoaren 24an, Administrazioak eta Nafarroako Suhiltzaileen eta Babes Zibileko zerbitzuen Mahai Sektorialean dauden sindikatuek erabaki bat hartu zuten Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko plantilla berritzeko bideei buruz, eta erabaki hartan aipatzen zen ezen Zerbitzuko Zuzendaritzak eginiko azterlanean –egungo plantillako langile operatiboen bilakaerari buruzkoa– ondorioztatzen dela zenbait neurri hartu behar direla, helburua izanik bere zerbitzuen zorroaz segurtasunez eta efizientziaz arduratzeko behar den gaitasuna bermatzea eta, aldi berean, bere konpetentzien garapen hobea ahalbidetzea. Langile-baliabideen erabilera arrazionalizatu eta optimizatu nahi duten beste antolaketa-neurri batzuen artean, aipatutako erabakiak beste hau jasotzen du: pizgarri bat ezartzea suhiltzaile eta suhiltzaile-kaboentzat, baldin eta, gaitasun psikofisikoa izanik, beren borondatez zerbitzu operatiboan jarraitzen badute 55 urte bete ondotik.

Adostutakoaren xedea aintzat hartuta, maiatzaren 30eko 43/2018 Foru Dekretuaren testu arauemailean konpentsazio bat txertatu da 55 urte beteta zerbitzu operatiboan jarraitzen duten langileentzat, akordio sindikal horren espirituari jarraikiz.

Halaber erantsi da nola jokatu ezustean behin betiko bukatzen bada langilearen lan-harremana, hau da, nola eman konpentsazio ekonomikoa, eginiko lanari dagozkion orduak ez badira hartu.

Bestalde, komeni da prozedura eraginkor bat ezartzea bigarren jarduerako lanpostuak antolatzen diren taldeen egitura eta ezaugarriak azkar eta ongi egokitu daitezen antolaketa- eta funtzionamendu-egoera berrietara, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak egoera berri horietara egokitu beharko baitu pixkanaka. Hori dela eta, I. eranskina kendu da, eta hura aipatzen duten artikuluak aldatu, eta erabaki da taldeen erregulazio osoa barne-arloko eskumenak dituen departamentuko titularraren foru agindu bidez eginen dela.

13. artikulua berridatzi da, bigarren jarduerako lanpostu batera esleitutako langileak behin bakarrik eta baldintza jakin batzuen arabera aldatzeko, berdin atxikipena behin-behinekoa nahiz behin betikoa izan, eta II. eranskina kendu da.

Azkenik, zehaztu behar da zer ondorio izanen dituzten esleipen-lehiaketek, lehiatzera behartuta egon arren lehiatu ez diren pertsonentzat.

Hori horrela, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluari entzunda, eta bat eginez Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita seiko otsailaren hemezortzian eginiko bilkuran hartutako erabakiarekin,

DEKRETATZEN DUT:

Lehenengo artikulua. Maiatzaren 30eko 43/2018 Foru Dekretua aldatzea, zeinak bigarren jarduerako egoera arautzen baitu Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile edo suhiltzaile-kabo lanpostuak betetzen dituzten langileentzat.

Bat. Maiatzaren 30eko 43/2018 Foru Dekretuaren 4. artikuluko 3. apartatua aldatzen da, eta 4. apartatua eransten zaio; honela idatzita gelditzen dira biak:

"3. 55 urte beteta zerbitzu operatiboan jarraitzen duten langileek aldi baterako konpentsazio bat jasotzeko eskubidea izanen dute, honela banatuta: 72 ordu, zerbitzu operatiboan eginiko lehenengo urtean; 144 ordu, bigarrenean; 216 ordu, hirugarrenean; 288 ordu, laugarrenean; eta 360 ordu, bosgarrenean.

Operatiboan jarraitzeagatiko konpentsazioa, urte bakoitzean, denbora-tarte horretan zerbitzu operatiboan lan eginiko ordu-kopuruarekiko proportzionala izanen da.

Interesdunak hala nahi izanez gero, operatiboan jarraitzeagatiko konpentsazio-orduak sortzen diren urtean hartzen ahalko dira osorik, edo, bestela, ordu-poltsa batean metatu, langileak erretiroa hartu aurreko aldian jarraian hartzeko. Aukera urtez urte eginen da, konpentsazioa sortzen den urtea baino lehenago.

Metatutako orduen poltsa erabiltzeko eta lan-bizitzaren azken aldian orduak hartzen hasteko eskaerak berekin ekarriko du eskatzailea automatikoki bigarren jarduerako egoerara igarotzea, ordu horiek hartzen hasten den unetik.

Operatiboan jarraitzeagatiko konpentsazio-orduak ez dira ezein kasutan ordainduko, salbu eta zerbitzu-harremana behin betiko akitzen baldin bada gerora sortutako arrazoien ondorioz. Kasu horretan, hartzeko dauden ordu metatuak ekonomikoki konpentsatuko dira, eta une horretan konpentsazio ekonomikorako ezarrita dauden aurreikuspenak aplikatuko dira.

4. 60 urte betetzean, langilea nahitaez igaroko da bigarren jarduerako egoerara."

Bi. Maiatzaren 30eko 43/2018 Foru Dekretuaren 9. artikulua aldatzen da; hala, 3. apartatua kendu, eta 2. apartatua aldatzen da, zeina honela gelditzen baita idatzita:

"2. Barneko esparruan eskumenak dituen departamentuko titularrak aldatzen ahal ditu aurreko apartatuan aipaturiko taldeak eta taldeon ezaugarriak, lan-baldintzak eta lehentasunak, foru dekretu baten bidez, langileen ordezkariek edo zerbitzuko zuzendariak proposatuta. Horretarako, aldez aurretik, erregelamendu honen 19. artikuluaren arabera eratutako jarraipen-batzordearen mende jarriko da.

Hiru. Maiatzaren 30eko 43/2018 Foru Dekretuaren 10. artikulua aldatzen da, eta honela gelditzen da:

"10. artikulua. Esleipen funtzionala.

Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaritzak foru dekretu honen 9. artikuluan aipatutako eta I. eranskinean ezarritako taldeetako postu batera esleituko ditu bigarren jarduerako egoerara iritsitako langileak. Irizpide hauen arabera eginen da esleipen hori:

a) Postuaren eginkizunak betetzeko egokitasun teknikoa.

b) Gaitasun psikofisikoa, ezarritako agindu medikoen arabera, baldin eta langilea gaixotasunagatik edo istripuagatik iritsi bada bigarren jarduerako egoerara.

c) Taldean lanpostu hutsak izatea."

Lau. Maiatzaren 30eko 43/2018 Foru Dekretuaren 11. artikuluaren 3. apartatua aldatzen da. Honela gelditzen da:

"3. Talde bati atxikita egon eta lehiaketa batean parte hartzen ahalko duten pertsonen gehieneko kopurua talde bakoitza osatzen duen gutxieneko lanpostu-kopuruaren balioaren 1/3 izanen da, eta hala egonen da ezarrita bigarren jarduerako lanpostuen taldeak arautzen dituen foru aginduan.

Talde batean egonik, lehiaketan parte har dezaketen pertsonen lehentasuna ezartzeko, lehenik egonen dira taldean antzinatasun handiena dutenak, eta, berdinketarik gertatuz gero, bigarren jardueran eginiko denboraren arabera ebatziko da, eta, hala ere berdinketa gertatuz gero, kontuan hartuko da Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko antzinatasuna.

Bost. Maiatzaren 30eko 43/2018 Foru Dekretuaren 12. artikulua aldatzen da, eta honela gelditzen da:

"12. artikulua. Behin-behineko esleipena.

1. Urtean zehar bigarren jarduerako egoeran sartzen diren langileei, lanpostu hutsak dituen taldeko lanpostu bat esleituko zaie behin-behinean, harik eta lanpostuak esleitzeko lehiaketa ebatzi arte; atxikipen horrek ez du inolako eskubiderik sortuko.

2. Behin-behineko esleipena duten langile horiek behartuak daude lanpostuak esleitzeko deitzen den lehenengo lehiaketan parte hartzera. Lehiaketan parte hartzen ez badute, zerbitzuaren zuzendaritzak lehiaketako lanpostuetako bat esleituko die, zerbitzuaren beharren arabera.

3. Baldin eta taldeak arautzen dituen foru-agindua onetsi edo aldatzeak talde bat kentzea badakar, egokitze-lehiaketa bat eginen da, urteko esleipen-lehiaketaren aurretik, ezabatuko den taldean lanpostua duten langileentzat."

Sei. Maiatzaren 30eko 43/2018 Foru Dekretuaren 13. artikulua aldatzen da, eta honela gelditzen da jasoa:

"13. artikulua. Lanpostuan jarraitzea.

Bigarren jarduerako postu batera esleitutako langileak ez dira handik beste nonbaitera aldatzen ahalko salbu eta gutxieneko atalasea bete gabe badago 1. lehentasuneko talde batean. Kasu horretan, postuan antzinatasun txikiena duena aldatuko da lanpostutik, eta behin bakarrik, hurrengo esleipen-lehiaketa arte, lanposturako eskubidea galdu gabe; antzinatasun-maila bereko kasuetan, zerbitzuko antzinatasun txikiena hartuko da kontuan, eta, hala ere berdinketa gertatzen bada, zozketa bidez erabakiko da.

Zazpi. Maiatzaren 30eko 43/2018 Foru Dekretuaren 17. artikuluaren 2. apartatua aldatzen da. Honela gelditzen da:

"2. Eguneroko lanaldia talde bakoitzarentzat ezarriko da, eta aukera egonen da ordutegi berezi bat ezartzeko –txandei, gauei eta jaiegunei dagokienez– talde bakoitzaren funtzioen ezaugarrien arabera.

Zortzi. Kendu egiten da maiatzaren 30eko 43/2018 Foru Dekretuaren I. eranskina: "bigarren jarduerako lanpostuen zerrenda".

Bederatzi. Kendu egiten da maiatzaren 30eko 43/2018 Foru Dekretuaren II. eranskina: "bigarren jarduerako lanpostuen zerrenda nominala, 2017/12/01ean".

Bigarren artikulua. Azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretua aldatzea, zeinaren bidez ezartzen baita Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa.

Azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuaren 23. artikuluko 6. apartatua aldatzen da. Honela gelditzen da:

"6. Funtzionalki eta organikoki Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuari atxikita dauden bigarren jarduerako taldeak ezartzen ahalko dira erregelamendu bidez".

Xedapen iragankor bakarra.–Taldeen erregulazio iragankorra.

Bigarren jarduerako lanpostuak egituratzen dituzten taldeak arautzen dituen foru agindua indarrean sartzen ez den bitartean, foru dekretu honek ezabatutako I. eranskinean ("bigarren jarduerako lanpostuen zerrenda") xedaturikoa aplikatuko da.

Azken xedapenetako lehena.–Gaikuntza.

Barneko esparruan eskumena duen departamentuaren titularrari gaikuntza ematen zaio behar diren xedapen guztiak eman ditzan foru dekretu honetan xedaturikoa garatzeko eta betearazteko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarrean sartzea.

Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Iruñean, 2026ko otsailaren 18an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, Inmaculada Jurío Macaya.

Iragarkiaren kodea: F2602602