50. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

10/2026 FORU DEKRETUA, otsailaren 18koa, zeinaren bidez aldatzen baitira abuztuaren 30eko 67/2023 Foru Dekretua, Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duena, eta azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretua, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

Abuztuaren 30eko 67/2023 Foru Dekretuaren bidez, Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen, eta azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuaren bidez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa.

Urriaren 23ko 96/2024 Foru Dekretuaren bidez aldatu ziren abuztuaren 30eko 67/2023 Foru Dekretua, Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duena, eta azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretua, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

Ondoren, ikusi da egungo egiturak ez diela erantzuten Departamentuak epe labur zein ertainean dituen erronkei. Hori dela eta, egoki da Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko atxikipena aldatzea; izan ere, gaur egun Langileriaren eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren mende dago, eta aurrerantzean Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiaren mende egonen da.

Horiek horrela, foru dekretu honen xedea da honako hauek aldatzea: 67/2023 Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duena, eta 245/2023 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2026ko otsailaren 18ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 67/2023 Foru Dekretua aldatzea.

Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 67/2023 Foru Dekretuaren artikulu bakarra aldatzen da. Honela idatzita geldituko da:

"Artikulu bakarra.–Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura.

Hezkuntza Departamentuak, bere titularraren goi-zuzendaritzapean, honako organo hauek ditu bere oinarrizko egituran:

a) Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusia.

b) Azpiegituretako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusia.

c) Langileriaren Zuzendaritza Nagusia.

d) Idazkaritza Tekniko Nagusia".

2. artikulua. Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretua aldatzea.

Honela aldatzen da Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretua:

Bat.–I. kapituluko 3. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

"3. artikulua. Hezkuntza Departamentuaren antolaketa orokorra.

Hezkuntza Departamentuak, bere titularraren goi zuzendaritzapean, honako organo hauek ditu bere oinarrizko egituran:

a) Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusia.

b) Azpiegituretako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusia.

c) Langileriaren Zuzendaritza Nagusia.

d) Idazkaritza Tekniko Nagusia".

Bi.–III. kapituluaren izena aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

"III. KAPITULUA.–AZPIEGITURETAKO, DIGITALIZAZIOKO ETA HEZKUNTZA ZERBITZUETAKO ZUZENDARITZA NAGUSIA"

Hiru.–III. kapituluko 1. atala aldatzen da eta honela idatzita geldituko da:

"1. ATALA.–ESKUMENEN EREMU MATERIALA ETA EGITURA.

38. artikulua. Azpiegituretako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiaren eremu material eta funtzionala.

Azpiegituretako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiak ondotik ematen diren eginkizunak beteko ditu, honako hauei dagokienez: hezkuntza sistema digitalizatzeko bultzada eta hobekuntza, ikasteko laguntzak kudeatzea, zerbitzu osagarriak, hezkuntza arloko azpiegituren obrak eta mantentze-lanak planifikatzea eta gauzatzea eta Hezkuntza Departamentuko prozedura eta prozesu guztietarako sostengua diren informazio-sistemak modernizatzea eta hobetzea.

a) Hezkuntzako teknologien ezarpena zuzentzea eta bultzatzea, haiek curriculumean txertatzea, eta, orobat, hezkuntzako informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) azpiegiturak hobetzea.

b) Behar diren irizpide eta planak zehaztea, ikastetxeak hornitzeko informatikako eta ikus-entzunezko ekipamenduz, robotikaz, komunikazio sistemaz eta informazioaren teknologiaz.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntzaren digitalizazioa zuzentzea.

d) Bultzatzea ikasleek hezkuntza digital ziur eta errespetuzkoa izateko duten eskubidea.

e) Pentsamendu konputazionala eta adimen artifiziala txertatzea curriculumean eta hezkuntzako metodologietan.

f) Bultzatzea plataforma digitaletan erabiltzeko moduko hezkuntza-edukiak sortu eta egokitu daitezen, horretarako garatuz hezkuntzako material digital bereziak, hezkuntza-sistemaren beharrei egokituak.

g) Proposatzea tresna eta metodologia digitalei buruzko berariazko prestakuntza-eskaintza irakasleentzat.

h) Konpetentzia digitalen ebaluazioa diseinatzea ikasle eta irakasleentzat.

i) Datuen ingeniaritza-plataforma diseinatzea eta bultzatzea Hezkuntza Departamentuaren eremu funtzionalean.

j) Zuzentzea Departamentuaren eta ikastetxeen arteko informazio trukerako eta komunikaziorako sistemen kudeaketa eta mantentze-lanak, bai eta ikastetxeetako ekipo informatikoenak ere.

k) Eskola-estatistikaren prestaketa zuzentzea.

l) Eskaeren bideragarritasunaren azterketa zuzentzea, Hezkuntza Departamentuaren informazio-sistemetan garapen berriak egiteko eskatzen denean.

m) Bultzatzea informazio-sistemen garapena, kudeaketa, mantentzea eta eboluzioa, erantzuna emateko Hezkuntza Departamentuaren kudeaketa-beharrei.

n) Proposatzea Administrazioaren modernizaziorako eta administrazio elektronikorako proiektuen ezarpena, Hezkuntza Departamentuaren eremu funtzionalean.

ñ) Definizio, mantentze eta euskarri lanak zuzentzea informazio-sistema guztiak osatzen dituzten eta estaldura ematen dieten arkitektura teknikoan eta softwarea garatzeko inguruneetan.

o) Ikasketak egiteko beka eta laguntza deialdiak zuzentzea, unibertsitateaz kanpoko mailetan.

p) Testuliburuen doakotasun programa proposatu, kudeatu eta kontrolatzea.

q) Garraioaren eta eskolako jantokien zerbitzu osagarriak zuzentzea.

r) Garraioaren eta eskolako jantokien zerbitzu osagarrien plangintza estrategikoa eta operatiboa.

s) Garraioaren eta eskolako jantokien zerbitzu osagarrien kontratazioa eta jarraipena zuzentzea.

t) Ikastetxeak eta haien irakaskuntzak baimentzea eta erregistratzea.

u) Nafarroako Eskola Kontseiluan parte hartzea, eta lankidetzan aritzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuekin, zuzendaritza nagusi honen eginkizunekin lotutako guztian.

v) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenekoak diren hezkuntza arloko azpiegitura obrak planifikatzea.

w) Bere eskumenen esparruko dirulaguntzak proposatu, eman, kudeatu eta kontrolatzea.

x) Indarra duten xedapenek Hezkuntza Departamentuari agintzen dizkioten gainerako eginkizunak, zuzendaritza nagusi honen esparruan.

39. artikulua. Azpiegituretako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Azpiegituretako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu bere egituran:

a) Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzua.

b) Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzua.

c) Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzua.

d) Hezkuntza Azpiegituren Zerbitzua".

Lau.–III. kapituluari 5. atala eransten zaio, eta honela idatzita geldituko da:

"5. ATALA.–HEZKUNTZAKO AZPIEGITUREN ZERBITZUA.

55 bis artikulua. Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuaren eremu material eta funtzionala.

Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuak honako eginkizun hauek beteko ditu:

a) Nafarroako Foru Komunitatean hezkuntzako azpiegitura beharrak proposatu eta kontrolatzea, epe laburrera, ertainera eta luzera.

b) Hezkuntza Departamentuko egoitza administratiboaren instalazio eta egoitza guztietako mantentze-lanak programatu eta kontrolatzea.

c) Agintzen zaizkion obrak kudeatzea hezkuntzaz kanpoko azpiegiturak egiteko.

d) Ikastetxe eta egoitzetako mantentze-lanak kontrolatzea, bai eta hezkuntza beharretara egokitzen direla ere.

e) Nafarroako Gobernuaren ikastetxeetako eta Departamentuko bertako garbiketa kontratuak planifikatu eta kontrolatzea.

f) Departamentuaren mendeko ikastetxe eta zerbitzuak ekipamenduz hornitzeko planak gauzatu eta kontrolatzeko plangintza egitea. Eremu honetatik kanpo gelditzen dira tresneria informatikoa, lizentziak, periferikoak eta gelako gailuak, Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuaren eskumenekoak izanen baitira. Halaber, eremu horretatik kanpo gelditzen da Lanbide Heziketako ikastetxeetako eta arte eskoletako zentralizatu gabeko berariazko ekipamendua.

g) Toki erakundeei hezkuntza arloko obrak eta inbertsioak egiteko eta ekipamendua erosteko ematen zaizkien dirulaguntzen jarraipena egitea.

h) Hezkuntza Departamentuaren mendekoak diren eta hezkuntzarako erabilera duten eraikinak erabiltzeko bidezkoak diren baimenak koordinatu eta proposatzea.

i) Toki erakundeekin lankidetza hitzarmenak koordinatu eta proposatzea, udal instalazioak hezkuntzarako erabiltzeko.

j) Hezkuntza Departamentuaren eremu funtzionalean administrazioa modernizatzeko proiektuak txertatzen laguntzea eta prozesu horietan parte hartzea.

k) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion guztiak.

55 ter artikulua. Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuaren egitura.

Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuak honako atal hauek ditu bere egituran:

a) Obren Atala.

b) Egoitzen eta Ikastetxeen Mantentze-lanetarako Atala.

55 quarter artikulua. Obren Atalaren eremu material eta funtzionala.

Obren Atalak honako eginkizun hauek beteko ditu:

a) Nafarroako Gobernuaren mendeko ikastetxeetako obrak gauzatzea eta jarraipena egitea.

b) Hezkuntza Departamentuan behar diren obrak gauzatzea eta jarraipena egitea.

c) Hezkuntzaz kanpoko azpiegituretarako agintzen zaizkion obrak gauzatzea eta jarraipena egitea.

d) Hezkuntzaren arloko obretarako dirulaguntzak emateko deialdiak egin, kudeatu eta kontrolatzea.

e) Nafarroako Gobernuaren eskoletan obra zibilen konponketak egitea, hala behar denean.

f) Txostenak egitea Hezkuntza Departamentuaren mendekoak diren eta hezkuntzarako erabilera duten eraikinak erabiltzeko espedienteen gainean eta udal instalazioak hezkuntzarako erabiltzeko toki erakundeekin egiten diren lankidetza hitzarmenen gainean, eta haiek tramitatzea eta proposatzea.

g) Ikastetxe edo hezkuntzako egoitza berrien ekipamendua, Lanbide Heziketako eta irakaskuntza artistikoetako ikastetxeetakoak ez beste.

h) Nafarroako Gobernuaren mendeko ikastetxe guztietan ekipamendu didaktikoaren eta azpiegituraren planak gauzatzea eta haien jarraipena egitea, Lanbide Heziketako eta irakaskuntza artistikoko ikastetxeetako berariazko ekipamenduaren ez beste kasuetan.

i) Esleitu zaizkion gaien gaineko administrazio espedienteen instrukzioa egitea.

j) Helburuak egoki betetzeko agintzen zaion beste edozein eginkizun, kudeatzen duen esparruan.

55 quinquies artikulua. Egoitzen eta Ikastetxeen Mantentze-lanetarako Atalaren eremu material eta funtzionala.

Egoitzen eta Ikastetxeen Mantentze-lanetarako Atalak honako eginkizun hauek beteko ditu:

a) Nafarroako Gobernuaren ikastetxeetako instalazioak mantentzea.

b) Udal titulartasuneko ikastetxeak behar bezala mantentzeko lanak gainbegiratzea.

c) Nafarroako Gobernuaren mendeko ikastetxeetan segurtasun arauak betetzen diren begiratzea, eraikinen ebakuazioari, hornidurei, instalazioei, jantokiei eta abarri dagokienez.

d) Hezkuntza Departamentuaren instalazio eta hornidura beharrak aztertzea eta behar horiei erantzutea.

e) Hezkuntza Departamentuaren eta bertan dauden pertsonen segurtasun beharrak zehaztea eta behar horiei erantzutea, segurtasunaren arloan eskumena duten organoekin lankidetzan.

f) Nafarroako Gobernuaren mendeko ikastetxeetako garbiketa kontratuak programatzea eta jarraipena egitea.

g) Lankidetzan aritzea sare publikoko ikastetxeetan informatika eta komunikazio sareak instalatzeko eskumena duten organoekin.

h) Esleitu zaizkion gaien gaineko administrazio espedienteen instrukzioa egitea.

i) Helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion gainerako eginkizunak".

Bost.–IV. kapituluaren izena aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

"IV. KAPITULUA.–LANGILERIAREN ZUZENDARITZA NAGUSIA".

Sei.–IV. kapituluko 1. atala aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

"1. ATALA.–ESKUMENEN EREMU MATERIALA ETA EGITURA.

56. artikulua. Langileriaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru material eta funtzionala.

Langileriaren Zuzendaritza Nagusiak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, eta, berariaz, honako eginkizun hauek beteko ditu:

a) Behar diren jarduketak zuzendu eta sustatzea ematen den hezkuntza zerbitzua eraginkorra izan dadin.

b) Unibertsitateaz kanpoko irakasleriaren politika, I. kapituluko aurrekontuen aurreproiektua eta unibertsitateaz kanpoko irakasleen ordezkaritza organoekin izan beharreko harremana diseinatu eta garatzea, Departamentuan eskumena duten beste organo batzuekin batera.

c) Departamentuko langileen nomina eta kotizazioak ordaintzeko beharrezkoak diren jarduketak planifikatzea.

d) Ikastetxeen finantzaketaren arloko jarduerak sustatzea.

e) Bere eskumenen esparruko dirulaguntzak proposatu, eman, kudeatu eta kontrolatzea.

f) Indarra duten xedapenek Hezkuntza Departamentuari esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, Zuzendaritza Nagusi honen esparruan.

57. artikulua. Langileriaren Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Langileriaren Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu bere egituran:

a) Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzua.

b) Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzua.

c) Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzua.

d) Nominen eta Gizarte Aseguruen Zerbitzua.

e) Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzua".

Zazpi.–IV. kapituluko 7. atala ezabatzen da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Izendapenak.

Berretsi egiten dira foru dekretu honetan ezarritako egituraren arabera izen berari eusten dioten zerbitzuetako zuzendaritzen edo ataletako burutzen izendapenak, haiek egin zireneko baldintza berberetan betiere.

Era berean, honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:

–Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiarena; aurrerantzean izanen da Azpiegituretako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia.

–Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiarena; aurrerantzean izanen da Langileriaren zuzendari nagusia.

Bigarren xedapen gehigarria.–Atal mailatik beherako unitateen iraupena.

Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, atal mailatik beherako unitate organikoek berdin jarraituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekoz, egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte izan dituzten eginkizunekin bat.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Gaikuntzak.

Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko titularrari, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko titularrari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrari gaikuntza ematen zaie behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egin dezaten.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2026ko otsailaren 18an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2602600