49. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

417/2026 EBAZPENA, otsailaren 25ekoa, Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako errektoreordeak emana, zeinaren bidez "Santander X Spain Awards | Ekintzailetzako 2026ko Proiektu Unibertsitarioak" sarien deialdia onesten baita. DDBN identifikazioa: 889883.

2024ko uztailaren 3an, Nafarroako Unibertsitate Publikoak lankidetza-hitzarmen orokor bat sinatu zuen Banco Santander SArekin, eta, haren bidez, "Santander X Spain Awards | Ekintzailetzako 2026ko Proiektu Unibertsitarioak" izeneko sarien deialdian hartuko du parte Unibertsitateak.

"Santander X Spain Awards | Ekintzailetzako 2026ko Proiektu Unibertsitarioak" programaren baldintza orokorren arabera, programaren helburua da estatu mailan aintzatetsi eta indartzea ekintzailetzarekin loturiko proiektu unibertsitario onenak, programan parte hartzen duten unibertsitateekin harremana duten pertsonek egindakoak.

Ikusirik Unibertsitateko Zerbitzu Juridikoak eta Ekonomia Gaietarako Zerbitzuak egindako txostenak.

Ikusirik Sarbidearen, Beken eta Tituluen Ataleko buruak egindako proposamena.

Barne Kontrolerako Zerbitzuak aldeko fiskalizazioa eginda.

Errektoretza-taldearen egitura orokorra eta eginkizunak onesten dituen 2023ko ekainaren 20ko 1306/2023 Ebazpenaren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak delegatu dizkidan eskudantziak erabiliz –ebazpen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen 2025eko otsailaren 25eko 351/2025 Ebazpenaren, 2025eko maiatzaren 26ko 1026/2025 Ebazpenaren eta 2025eko ekainaren 4ko 1101/2025 Ebazpenaren bidez aldatu zen–,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–"Santander X Spain Awards | Ekintzailetzako 2026ko Proiektu Unibertsitarioak" programan sari bat emateko deialdia onestea. Deialdia Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin harremana duten pertsonei zuzendua dago, ebazpen honen eranskinean aurreikusitako baldintzetan.

Bigarrena.–2.000 euroko gastua baimentzea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2026ko Gastuen Aurrekontuko "30.12.00A/0646/480.08 Sariak" partidaren kargura (espediente zenbakia: 2026/0000314).

Hirugarrena.–Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitara daitezela agintzea.

Laugarrena.–Ebazpen hau Kontabilitate Atalari eta Barne Kontrolerako Zerbitzuari aditzera ematea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean 2026ko otsailaren 25ean.–Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako errektoreordea, Mónica Cortiñas Ugalde.

ERANSKINA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO KALITATEKO, EKONOMIAKO ETA ESTRATEGIAKO ERREKTOREORDEAREN EBAZPENARENA

"Santander X Spain Awards | Ekintzailetzako 2026ko Proiektu Unibertsitarioak" programaren sari baterako deialdiaren oinarriak.

1. oinarria.–Xedea.

1.–Programaren helburua da Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin (aurrerantzean, NUP) harremana duten pertsonek ekintzailetzarekin loturik egindako proiektu unibertsitario onenak aintzatestea eta sustatzea, 3. oinarrian aurreikusitako baldintzetan, baldin eta proiektuak merkaturatzeko balioztatze fasean badaude. Programak aukera ematen du zenbait sari eskuratzeko eta estatuko enpresa ekosistemako aktore onenekin batera aritzeko.

2. oinarria.–Zenbatekoa.

1.–NUPek bi mila euroko (2.000 euro) sari ekonomikoa emanen du, talde irabazleak aurkeztutako ekintzailetzaren arloko irtenbidea gara dezan. Zenbateko ekonomikoa taldeko kideen artean banatuko da.

2.–Laguntzaren finantzaketa NUPek eta Banco Santanderrek sinatutako hitzarmenaren kargura eginen da. Hain zuzen, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2026ko Gastuen Aurrekontuko "30.12.00A/0646/480.08 Sariak" partidaren kargura ordainduko da (espediente zenbakia: 2026/0000314).

3.–Halako sariak Nafarroan ondare-irabazpentzat hartzen dira, eta ez dute atxikipenik, ez baitira lehiaketa, joko edo zozketetan parte hartzearen ondoriozko sariak.

3. oinarria.–Partaideak eta bete beharreko baldintzak.

1.–Hautagaitzat hartuko dira, eta, beraz, deialdi honetan sarituak izaten ahalko dira ekintzaile unibertsitarioz osatutako taldeak, baldin eta baldintza hauetako bat betetzen badute gutxienez:

a) Taldekide bat, gutxienez, NUPeko ikaslea izatea edo azken 5 urteetan graduatu izana.

b) Taldekide bat, gutxienez, NUPeko irakaslea, ikertzailea edo funtzionarioa izatea.

c) Taldekide batek, gutxienez, lotura formala izatea NUPekin.

d) Taldekide bat, gutxienez, NUPeko ekintzailea izatea orain.

2.–Horrez gain, eta kasu denetan, taldekide batek, gutxienez, Espainian izan beharko du egoitza.

3.–Bestalde, taldeek egindako ekintzailetzako proiektuek baldintza hauetako bat bete beharko dute gutxienez:

a) Ekintzailetzari loturiko proiektua izatea eta merkaturatzeko balioztatze fasean egotea. Horretaz gainera, disrupzioa egiteko potentziala edukitzea, oso eskalagarria izatea eta MVP bat edukitzea (ingelesez, minimun viable product, gutxieneko produktu bideragarria); edo, bestela, fakturaziorik izan ez duen eta proiektua finantzatzeko kapitala bilatu ez duen enpresa gisa eratuta egotea legez.

b) Prototipo kontzeptual bat izatea, irtenbidea bezero potentzialekin balioztatzeko aukera izateko.

c) Merkaturako ondasun edo zerbitzu berriak garatzera eta/edo fabrikatzera bideratutako proiektu ekintzailea izatea, abangoardiako ezagutza zientifikoak edo teknologikoak erabilita.

d) Teknologia berri egingarri eta sinesgarri batean, aplikazio teknologiko berri batean, negozio eredu berri batean edo prozesu berri batean oinarritutako proiektu ekintzaile berritzailea izatea. Teknologiaren heldutasunaren erreferentzia eman behar da irtenbideari lotutako edozein patente edo jabetza intelektualeko estrategiarekin batera.

4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko forma eta epea.

1.–Taldekide bat taldearen ordezkaria izanen da, eta pertsona horrek eginen du deialdian parte hartzeko inskripzioa. Ulertuko da proiektuaren ordezkariak talde ekintzaile osoaren izenean egin duela inskripzioa. Aurkezteko prozedurak bi fase ditu; nahitaezkoak dira biak, eta bakoitzak epemuga bat dauka:

a) 1. fasea. Taldearen ordezkariak https://www.santanderx.com plataforman egin beharko du inskripzioa, zehazki "Premios Santander X Spain Awards | Proyectos Emprendedores Universitarios 2026" deialdia dioen tokian. Bestela, 2. fasean erantsi beharko da. Izena emateko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2026ko apirilaren 16an bukatuko da.

b) 2. fasea. Parte hartzeko ezarritako baldintzak egiaztatu ahal izateko, 1. fasean aipatzen den inskripzioa egin ondoren, interesdunek talde ekintzailea osatzen duten pertsonen zerrenda jasotzen duen dokumentu bat erantsiko dute, haien datu pertsonalak eta taldea adierazita. Hori NUPeko erregistro elektronikoaren bidez egin beharko dute, Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko Errektoreordetzari zuzenduta ("Premios Santander X Spain Awards | Ekintzailetzako 2026ko Proiektu Unibertsitarioak" adieraziz). Dokumentua taldea osatzen duten kide guztiek sinatuko dute, elektronikoki. Urrats hori egiteko azken eguna 2026ko apirilaren 24a izanen da.

2.–Bi faseak dagokion ordenan egin ondoren joko da aurkeztutzat hautagaitza.

5. oinarria.–Hautapen prozesua.

1.–Proiektuen hautapen prozesuak 3 fase izanen ditu:

1. fasea: Baldintzak betetzen dituzten proiektuak hautatzea lehenbizi.

2. fasea: Hautaturiko proiektuak ebaluatzea eta finalistak zein diren erabakitzea.

3. fasea: Balorazio Batzordeak irabazlea hautatzea.

2.–1. fasean, inskripzioak berrikusiko dira, deialdiaren 3. oinarriko baldintzak betetzen ote dituzten egiaztatzeko.

Hautagaiei 2026ko maiatzaren 8an jakinaraziko zaie beren hautagaitzaren egoera, NUPen iragarki ohol elektronikoan argitaratuta. Era berean, Santander X-ren bidez jakinaraziko zaie.

6. oinarria.–Hautaturiko proiektuak ebaluatzea eta finalistak zein diren erabakitzea.

1.–2. fasean, aurkeztutako hautagaitzen balorazioa eginen du Balorazio Batzordeak –8. oinarrian azaltzen da batzorde hori–, honako irizpide hauen arabera:

–Eragina izateko potentziala: 25 puntu.

–Berrikuntzaren kalitatea: 15 puntu.

–Bideragarritasuna: 15 puntu.

–Eskalagarritasuna: 15 puntu.

–Lehiarako abantaila: 15 puntu.

–Taldearen egitura: 15 puntu.

2.–Finalistatzat hartuko dira 60 puntu baino gehiago lortzen dituzten hautagaitzak, eta 3. fasera pasatuko dira.

3.–2026ko ekainaren 2an argitaratuko da NUPen iragarki ohol elektronikoan 2. faseko balorazioaren emaitza. Era berean, finalistek Santander X-ren bidez mezu bat jasoko dute hurrengo fasera pasatuko direla aditzera emateko.

7. oinarria.–Balorazio Batzordeak irabazlea hautatzea.

1.–3. fasean, NUPek gonbidapen bat bidaliko die parte-hartzaile finalistei 2026ko ekainaren 3tik uztailaren 1era bitartean eginen den azken hautapen prozesuan parte har dezaten; hartan, talde bakoitzak ekintzailetzari loturik egin duen proiektua aurkeztu beharko dio Balorazio Batzordeari.

2.–Aurkezpena lau minutukoa izanen da gehienez, eta, horren ostean, batzordeak hiru minutu izanen ditu taldeari galderak egiteko. Aurkezpenak egiteko erabiltzen ahal diren kanal eta/edo bitarteko digitalen erabilera arautzeko, legezko baldintzetan eta pribatutasun politiketan ezarritakoa hartuko da kontuan. Finalistei gomendatzen zaie baldintza horiek arretaz irakurtzea edozein bitarteko edo kanal erabili aurretik.

3.–Aurkezpena 1etik 10 puntura baloratuko da. Puntuaziorik altuena lortzen duen taldeari esleituko zaio zenbateko ekonomikoa, eta puntuazioa, hain zuen, irizpide hauen arabera emanen da:

–Eragina izateko potentziala: %20.

–Eskalagarritasuna: %20.

–Lehiarako abantaila: %20.

–Taldearen egitura: %20.

–Pitch delakoaren balorazioa: %20.

4.–Balorazio Batzordeak eskubidea izanen du kalitate handia izateagatik irabazteko zorian egon diren finalistei "ohorezko aipamen" bat emateko.

5.–2026ko uztailaren 2an, irabazi egin duela adieraziko zaio talde irabazleari; horretarako, jakinarazpen bat bidaliko zaio Santander X-ren bidez.

Hautagaitza irabazleak konpromisoa hartzen du sari ekonomiko osoa programan aurkeztutako irtenbidearen garapenerako erabiltzeko.

6.–Balorazio Batzordeak saria eman gabe utziko du baldin eta taldeetako batek ere ez badu gutxienez 6 puntu lortzen.

8. oinarria.–-Balorazio Batzordea.

1.–Balorazio Batzordea honako hauek osatuko dute:

a) Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako errektoreordea edo hark eskuordetutako pertsona, zeina batzordeburu arituko baita.

b) Ekintzailetza Arloko zuzendaria, zeina idazkari arituko baita.

c) Ikerketaren Arloko zuzendaria.

d) Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluko burua edo hark eskuordetzen duen pertsona.

e) Unibertsitatea-Gizarte Fundazioko zuzendari kudeatzailea edo hark eskuordetzen duen pertsona.

f) CEIN Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europar Zentroak proposaturiko pertsona bat.

2.–Balorazio Batzordeak saria behin-behinean nori esleituko dion proposatuko du, eta jakitera emanen du zer hautagaitza gelditu diren baztertuta, baztertzeko arrazoia adierazita. Proposamen hori NUPen iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da, eta ondoren hiru egun balioduneko epea egonen da alegazioak aurkezteko.

3.–Epe hori amaituta, aurkeztutako alegazioak aztertuko ditu Balorazio Batzordeak, eta saria behin betiko nori esleituko dion proposatuko du. Proposamen hori ikusita, Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako errektoreordeak sariaren behin betiko esleipenaren ebazpena emanen du, non baztertutako hautagaitzak ere agertuko baitira, baztertzeko arrazoia adierazita.

Alegaziorik ez badago, Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako errektoreordeak behin betiko esleipenaren ebazpena emanen du, Batzordea bildu beharrik gabe.

4.–Sariaren behin betiko esleipenaren ebazpenaren aurka, interesdunek zilegi dute aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, aukeran, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, NUPen iragarki ohol elektronikoan argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

9. oinarria.–Betebeharrak.

1.–Deialdi honetako onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Deialdiaren oinarriak onartzea, bai eta "Santander X Spain Awards │ Ekintzailetzako 2026ko Proiektu Unibertsitarioak" programaren baldintza orokorren dokumentua ere, zeina deialdiaren eranskin gisa atxikirik baitago. Eranskinaren apartatu hauek azpimarratu behar dira:

–VI.–Hautagai edo onuradun izaera galtzea.

–VII.–Jabetza intelektuala eta industriala.

–VIII. Parte-hartzaile irabazleen proiektuak argitaratzea, irudiaren ikusgarritasuna.

b) Saria emateko erabakigarriak diren baldintzak betetzen direla eta eraginkorrak direla egiaztatzeko beharrezko egiaztapen jarduerak egitea, eta horretarako eskatzen zaien informazioa ematea.

c) Hala badagokio, Dirulaguntzei buruzko 2005eko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezartzen diren betebeharrak betetzea.

10. oinarria.–Saria indargabetzea eta itzultzea.

1.–Datuak ezkutatu edo faltsutu direla ikusten bada, saria indargabetuko da, eta zenbatekoa itzultzeko exijituko zaio onuradunari.

2.–Saria indargabetzeko, Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atalaren txosten arrazoitua beharko da, eta Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako errektoreordearen ebazpen baten bidez onetsiko da indargabetzea.

11. oinarria.–Datuen babesa.

1.–NUP da deialdi honetan parte hartzen duten interesdunen datuen tratamenduaren arduraduna, eta araudi hauen arabera jardunen du: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 EB Erregelamendua –2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena (hemendik aurrera, DBEO)– eta 3/2018 Lege Organikoa –2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa–.

2.–Parte-hartzaileen datuak tratatzea datu horiek deialdia izapidetzeko erregistratzea, artxibatzea eta ebaluatzea da, bai eta emaitzak NUPen iragarki ohol elektronikoan argitaratzea ere. Xede hori interes publikoko helburu bat da, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrarekin (DBEO) eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin bat etorriz.

3.–Tratatu beharreko datuak honako hauek dira: nortasuna (izena, abizenak, NANa), harremanetarako datu akademikoak, eta, sariaren onuradun izanez gero, bankuko datuak edo ordaintzeko beste datu batzuk. Datuen tratamendu horrek ukitutako pertsonek informazio, sarbide, zuzenketa eta ezabatze eskubideak eta datuak babestearen arloko beste eskubide batzuk erabiltzen ahalko dituzte, eta, horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbide elektronikora.

12. oinarria.–Argitalpena.

Deialdi honetako oinarriak NUPen iragarki ohol elektronikoan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuko dira.

11. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honek eta dirulaguntza emateko behin betiko ebazpenak administrazio bidea agortzen dute, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren (LOSU) 38.4 artikuluak ezartzen duen moduan. Hori dela-eta, 39/2015 Legeak –2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa– 112. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin arabera, zilegi da honako errekurtso hauek jartzea dirulaguntza emateko prozedura honen eta dirulaguntza emateko behin betiko ebazpenaren aurka:

–Aukerako berraztertzeko errekurtsoa, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita; eta dirulaguntzak emateko ebazpenaren aurka, behin betiko ebazpena NUPen iragarki ohol elektronikoan argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

–Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita; eta dirulaguntzak emateko ebazpenaren aurka, behin betiko ebazpena NUPen iragarki ohol elektronikoan argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

ERANSKINA.–ZEHAZTAPENAK ETA BALDINTZA OROKORRAK

"Santander X Spain Awards│Ekintzailetzako 2026ko Proiektu Unibertsitarioak" programa.

"Santander X Spain Awards │ Ekintzailetzako 2026ko Proiektu Unibertsitarioak" programa (aurrerantzean, "programa") Banco Santander SAk sustatu du (aurrerantzean, Santander) –IFKa: A-39000013; helbidea: Juan Ignacio Luca de Tena 11-13, Madril, 28027; helbide elektronikoa: emprendimiento@gruposantander.es–.

Santanderrek "Santander X" izeneko plataforma garatu du (www.santanderx.com). Plataforma global, kolaboratibo, malgu eta irekia da, eta haren helburua ezagutzan oinarritutako ekintzailetza-ekosistema berritzaile bat sortzen eta bultzatzen laguntzea da, benetako eragina izanen duena garapen ekonomikoan eta ongizate sozialean. Plataformak ekintzailetza-prozesuaren urratsetan planteatzen diren beharrei erantzun nahi die, hala nola honako hauei: aktibazioa, xede izanen duena talentua eta berrikuntzarako gaitasuna pizten laguntzea; konexioa, xede izanen duena ekintzailetzako eta berrikuntzako ekosistema osatzen duten eragileekiko harremana erraztea; eta azelerazioa, xede izanen duena ekintzailetzako proiektuak sustatzen laguntzea, hazkundeari, negozio-eskalatzeari edo nazioartekotzeari laguntzeko programen bidez Plataforma hori (aurrerantzean, "Santander X" edo "Plataforma"), zehazki, tresna digital batean gauzatzen eta irudikatzen da, zeinean ekosisteman esku hartzen duten eragileak biltzen eta erlazionatzen baitira eta unibertsitateko ekintzailetza sustatzeko baliabideen eskaintza askotarikoa eta egituratua aurkezten baita.

I.–Helburuak.

Programaren helburua da unibertsitateko ekintzailetzako proiekturik onenei aitorpena eman eta haiek sustatzea Espainia mailan; horretarako, Santanderrekin edo Banco Santander Fundazioarekin hitzarmen bat sinatu duten unibertsitateetan eginak izan behar dira proiektuak (aurrerantzean, "unibertsitateak"), eta merkaturatzeko balioztatze fasean egon beharko dute. Programak aukera ematen du zenbait sari eskuratzeko eta Espainiako enpresa ekosistemako aktore onenekin batera aritzeko (aurrerantzean, "sariak").

II.–Parte hartzen duten unibertsitateak.

Santanderrek unibertsitateei zabalduko die programan parte hartzeko aukera, Santanderrek haietako bakoitzari esleitutako sari kopuruaren arabera.

Parte hartzeko, unibertsitate bakoitzak berariaz onartu beharko ditu legezko oinarriak, eta, horretarako, programaren zehaztapen eta baldintza orokor hauek ezagutu eta onartu beharko ditu. Izan ere, hori unibertsitateen eta Santanderren arteko lankidetza-akordiotzat hartuko da. Hori guztia, plataformaren bidez eginen da.

Unibertsitate bakoitzaren ardura izanen da hari dagokion sariak eman eta kudeatzea; edonola ere, dokumentu honetan jasotako zehaztapenak eta baldintzak errespetatu beharko dituzte unibertsitateek, bai eta barneko prozedurak koordinatu eta kudeatu ere, funtzionamendua egokia izan dadin.

Plataformaren bidez eginen da programan izena emateko prozesua, bai eta hautagaitzen kudeaketa eta izangai saridunen aukeraketa ere.

III.–Norentzat den.

Izangaitzat hartuko dira, eta, beraz, programa honetan sarituak izaten ahalko dira ekintzaile unibertsitarioak edo ekintzaile unibertsitarioz osatutako taldeak (aurrerantzean, "izangaiak"), baldin eta baldintza hauetako bat betetzen badute gutxienez:

a. Taldekide bat, gutxienez, unibertsitateetako bateko ikaslea izatea edo azken 5 urteetan graduatu izana.

b. Taldekide bat, gutxienez, unibertsitateetako bateko irakaslea, ikertzailea edo funtzionarioa izatea.

c. Taldekide batek, gutxienez, lotura formala izatea unibertsitateetako batekin.

d. Taldekide bat, gutxienez, unibertsitateetako bateko ekintzailea edo mentorea izatea orain.

Horrez gain, eta kasu guztietan:

–Taldekide batek, gutxienez, Espainian izan beharko du egoitza.

–Sariak esleitzeari buruzko apartatuan zerrendatutako irizpideak bete beharko dituzte izangaiek.

Bestalde, izangaiek egindako ekintzailetzako proiektuek baldintza hauetako bat bete beharko dute gutxienez:

–Ekintzailetzari loturiko proiektua izatea eta merkaturatzeko balioztatze fasean egotea. Horretaz gainera, disrupzioa egiteko potentziala edukitzea, oso eskalagarria izatea eta MVP bat edukitzea (ingelesez, minimun viable product, gutxieneko produktu bideragarria); edo, bestela, fakturaziorik izan ez duen eta proiektua finantzatzeko kapitala bilatu ez duen enpresa gisa eratuta egotea legez.

–Prototipo kontzeptual bat izatea, irtenbidea bezero potentzialekin balioztatzeko aukera izateko.

–Merkaturako ondasun edo zerbitzu berriak garatzera eta/edo fabrikatzera bideratutako proiektu ekintzailea izatea, abangoardiako ezagutza zientifikoak edo teknologikoak erabilita.

–Teknologia berri egingarri eta sinesgarri batean, aplikazio teknologiko berri batean, negozio eredu berri batean edo prozesu berri batean oinarritutako proiektu ekintzaile berritzailea izatea. Teknologiaren heldutasunaren erreferentzia eman behar da irtenbideari lotutako edozein patente edo jabetza intelektualeko estrategiarekin batera.

Unibertsitatearen ardura izanen da izangaiek baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea; horretarako, izangaien datu pertsonalak erabiliko ditu, zeinak unibertsitatearen datu basean baitaude.

Unibertsitateak ez die inolaz ere izangaiei buruz bereziki babesturik dagoen daturik emanen Santanderri edo haren filialei.

IV.–Sarien edukia.

2026ko deialdi honetara gehienez ere HIRUREHUN ETA HOGEITA HAMALAU MILA EURO (334.000 euro) bideratuko dira, Santanderren eta unibertsitateen artean sinatutako lankidetza-hitzarmen orokorretan aitortutako zenbatekoaren kargura, betiere programa argitaratzen den egunean indarrean badaude hitzarmenak. Zenbatekoak, bestetik, irabazi asmorik gabeko erakundeen zerga-araubideari eta mezenasgoaren zerga-pizgarriei buruzko 2002ko abenduaren 23ko 49/2002 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako izaera du, eta programa honetara bideratu beharko da oso-osorik.

Aplikatzekoa den araudiaren arabera, unibertsitateek nahitaez zabaldu behar dute Santanderrek parte hartzen duela programa honetan, "Zabaltzea eta publizitatea ematea" apartatuan xedatutakoaren arabera. Hori guztia, plataformaren bidez unibertsitateak programari atxiki zaizkiolako, eta horrek lankidetza-akordio baten balioa duelako.

Programaren hautaketa-prozesua amaitzean, unibertsitateetako bakoitzak erabakiko du bertako zer proiektu izanen diren finalistak (aurrerantzean, "finalistak"), eta horien artean erabakiko da irabazlea (aurrerantzean, "irabazleak", edo, singularrean, "irabazlea"). Aurrerantzean, horiei denei "saridun" esanen zaie.

Irabazleek onura hauek izanen dituzte:

–Bi mila euroko (2.000 euro) sari ekonomikoa, unibertsitate bakoitzeko irabazleak aurkeztutako ekintzailetzako irtenbidea garatzeko (aurrerantzean, "sari ekonomikoa").

–"Santander X Spain Award | University 2026"* sariketa nazionalera zuzenean sartzea, aldez aurretik plataformaren bidez izena emanda. Sariketa horretan, unibertsitate guztietako irabazleak beren artean artean lehiatuko dira eta ikusgarritasuna lortzen ahalko dute Espainia osoan; halaber, baita onura gehigarri batzuk lortzeko aukera izanen dute, bai ekonomikoak, bai gauzazkoak, sariaren deialdi espezifikoaren arabera.

(*) "Santander X Spain Award | University 2026" sariketaren erregulazioa www.SantanderX.com webgunean egonen da eskuragarri irabazleek kontsulta dezaten.

Nolanahi ere, kategoria bakoitzeko irabazleek jasoko duten sari ekonomikoa berdina izanen da unibertsitate guztietan, programan parte-hartze hutsak konpromiso hori baitakar.

Horrez gain, irabazleek honako onura hauek jasoko dituzte:

–Proiektu irabazleei zabalpena ematea, bidezkoa bada; Santander Taldearen sare sozialetan eta webguneetan zabalduko dira, bereziki https://www.santanderx.com webgunean; honako hauek aipatuko dira zehazki: irabazlearen izena –taldea bada, taldekide guztien izena–, proiektuaren deskribapen laburra, logoak eta irabazleen webgunerako eta sare sozialetarako sarbideak.

–Unibertsitateak egokitzat jotzen badu, mentoretza-saioetan parte hartzeko aukera izatea; saioak mentore adituek emanen dituzte, eta ekintzailetzako proiektuak aurrera eramateko gaiak landuko dituzte.

Programaren xede den saria jasotzea bateragarria izanen da programa honen xede den sariaren izaera bereko edo desberdineko beste laguntza-mota batzuk jasotzearekin, laguntza horien jatorria edozein dela ere (publikoa edo pribatua), betiere parte hartzen duten taldeko edozein kidek eskuratzen ahal baditu.

V.–Programaren kudeaketa.

–Izen-ematea.

Sarien onuradun izateko ezinbesteko baldintza izanen da taldekide bat gutxienez plataforman egotea erregistratua, bai eta plataformaren bidez programan izena emanda egotea ere.

Plataforma horretan unibertsitate bakoitzarentzat prestatutako kudeaketa-sistemaren bidez jakinaraziko da saria eman dela.

Ikasleek 2026ko otsailaren 3tik apirilaren 16ra bitarte izanen dute izena emateko; horretarako, plataforman eskuragarri dagoen formularioa baliatu beharko dute.

Izena emateko formularioak bi helburu ditu: batetik, taldeak eta proiektuak aurkezteko modua erraza izatea, eta, bestetik, izangaiak aukeratzeko prozesuan izangaiekin harremanetan jartzeko behar diren datuak biltzea.

Izangaiek, bestetik, honako hauek bidaltzen ahalko dituzte beren hautagaitza indartzeko:

a. Taldearen proiektua aurkezteko bideo baterako esteka.

b. Proiektuaren Pitch Deck delakoa.

c. Proiektuarekin lotuta dagoen eta interesgarria izan daitekeen edozein material, bai "media" motakoa, bai ikus-entzunezkoa.

Unibertsitate bakoitzak programa garatu eta gauzatzeko barneko deialdiko ohiko kudeaketa-prozedurei jarraituko die, unibertsitatearen barneko araudiaren eta bekak edo sariak emateko politiken arabera; hala ere, prozedura horiek ez dute zehaztapen eta baldintza orokor hauetan ezarritakoa urratzen ahalko.

Programa amaitzean, emaitzak aurkezteko ekitaldi bat antolatzen ahalko da.

–Izangaien artean sariak esleitzea.

Unibertsitate bakoitzak hautaketa-prozesu bat eginen du izangaien artean sariak esleitzeko; hiru fase izanen ditu, jarraian azalduko direnak:

1. fasea: Baldintzak betetzen dituzten proiektuak hautatzea lehenbizi.

Unibertsitateak izangaien izen-emateak berrikusiko ditu dokumentu honetan jasotako baldintzak –bereziki "III.–Norentzat den" apartatuan jasotakoak– betetzen ote diren egiaztatzeko. Hautagaitzak Unibertsitateak baloratuko ditu.

2026ko maiatzaren 8an jakinaraziko zaie izangaiei haien hautagaitza zer egoeratan dagoen, eta hori jakinarazteko Santander X plataforma erabiliko da.

2. fasea: Hautaturiko proiektuak ebaluatzea eta finalistak zein diren erabakitzea.

Oinarri hauetako baldintzak betetzen dituzten izangaiak Unibertsitateak izendatutako adituek ebaluatuko dituzte (aurrerantzean, "ebaluatzaileak"). Unibertsitate bakoitzak aldez aurretiko gonbidapen bat bidaliko die ebaluatzaileei, eta haiek ere erregistratu beharko dira Santander X plataforman.

Ebaluatzaileek modua izanen dute izangaiekin harremanetan jarri eta proiektuari buruzko argibideak eskatzeko; horrela, helburua da emandako informazioa kontrastatzea eta behin-behinean hautatutako proiektuen kalitatea homogeneoa dela bermatzeko, irtenbiderik onenak hautatzearren.

Ebaluatzaile bakoitzari hautatutako izangaien zenbait proiektu esleituko zaizkio. Finalistak hautatzeko, ebaluatzaileek irizpide ponderatu hauek hartuko dituzte kontuan:

–Eragina izateko potentziala: %25.

–Berrikuntzaren kalitatea: %15.

–Bideragarritasuna: %15.

–Eskalagarritasuna: %15.

–Lehiarako abantaila: %15.

–Taldearen egitura: %15.

Era berean, 2026ko ekainaren 2an, finalistek Santander X plataformaren bidez mezu bat jasoko dute hurrengo fasera pasatu ote diren aditzera emateko. Hautatuak izan ez badira, parte hartzeagatik eskerrak emateko mezu bat jasoko dute izangaiek.

Unibertsitateak parte-hartzaile finalista bat eta mentore bat elkartzen ahalko ditu (aurrerantzean, "mentoreak").

Hala ere, mentoreak partekatzen ahalko dira, hau da, mentore bakoitza proiektu finalista batekin baino gehiagorekin aritzen ahalko da.

3. fasea: Epaimahai batek irabazleak hautatzea.

Unibertsitateak gonbidapen bat luzatuko die finalistei hautaketaren amaierako fasera joateko, zeina 2026ko ekainaren 3tik uztailaren 1era bitartean eginen baita. Fase horretan, taldeek beren proiektu ekintzaileak aurkeztu beharko dituzte Unibertsitateak aukeratutako epaimahai baten aurrean (aurrerantzean, "epaimahaia"), eta Santanderrek ordezkari bat izaten ahalko du epaimahai horretan.

Aurkezpenek 4 minutu iraunen dute gehienez; ondoren, epaimahaiak 3 minutu izanen ditu galderak egiteko. Aurkezpenak egiteko erabiltzen ahal diren kanal eta/edo bitarteko digitalen erabilera arautzeko, haien legezko baldintzetan eta pribatutasun politiketan ezarritakoa hartuko da kontuan. Finalistei gomendatzen zaie baldintza horiek arretaz irakurtzea edozein bitarteko edo kanal erabili aurretik. Finalistek gaizki erabiltzen badituzte, Santander ez da inolaz ere horren erantzule izanen.

Epaimahaiak finalistak baloratuko ditu, eta proiektu irabazleak irizpide ponderatu hauen arabera hautatuko ditu:

–Eragina izateko potentziala: %20.

–Eskalagarritasuna: %20.

–Lehiarako abantaila: %20.

–Taldearen egitura: %20.

–Pitch delakoaren balorazioa: %20.

Epaimahaiak eskubidea izanen du kalitate handia izateagatik irabazteko zorian egon diren finalistei "ohorezko aipamen" bat emateko.

2026ko uztailaren 2an, irabazi egin dutela adieraziko zaie irabazleei; horretarako, jakinarazpen bat bidaliko zaie Santander X-ren bidez. Hautatuak izan ez badira, parte hartzeagatik eskerrak emateko mezu bat jasoko dute finalistek.

Irabazlearen izenean irekitako kontu batean ordainduko dute unibertsitateek sariaren zenbatekoa.

Inklusio finantzarioa sustatzeko, Banco Santanderrek doako kontu korronte bat eskainiko du; izangaiek, programan izena eman eta gero, eta plataforman hala onartzen badute, aukera izanen dute kontu korronteari buruzko baldintzen berri izateko.

Irabazleek konpromisoa hartuko dute sari ekonomiko osoa programan aurkeztutako irtenbidearen garapenerako erabiltzeko.

Programa 2026ko abenduaren 31n (aurrerantzean, "epea") amaituko da.

Klausula honetan aurreikusitako datak aldatzen ahalko dira Santanderren irizpidearen araberako legezko oinarriei jarraikiz, eta, nolanahi ere, plataforman argitaratuko dira.

VI.–Izangai edo onuradun izaera galtzea.

Izangaiak edo saridunak edozein momentutan izaten ahalko dira baztertuak programatik, eta saridunak badira, horrek dakarzkien onurak bertan behera utziko dira; baztertuak izateko arrazoiak hauek dira:

–Santanderrekin gatazkak izatea; egoera horretan daudela ulertuko da baldin eta legezko edozein arrazoirengatik ezgaituak izan badira, Santanderrekin prozedura judizialen bat edo gatazka-egoeraren bat badute edo Santanderren ospean kalte handiak eragiten ahal badituzte.

–Programaren eta zehaztapen eta baldintza hauen eskakizunak betetzeari uztea saridun izendatu eta hiru hilabete igarota.

–Irabazle izateagatik emandako sari ekonomikoa programarekin zerikusirik ez duen helburu baterako erabiltzea.

Aurreko betebeharrak ez betetzeak programatik baztertuak izatea ekarriko die izangai saridunei, eta Santanderri itzuli beharko dizkiote hark ordaindutako gastuen zenbatekoak.

VII.–Jabetza intelektuala eta industriala.

a) Proiektua aurkezteko bidalitako materialen jabetza intelektuala.

Programan parte hartzeko, aukera egonen da bideoak, argazkiak edo ikus-entzunezko materialak bidaltzeko hautagaitzak indartzearren (aurrerantzean, "materialak"), bat etorriz zehaztapen eta baldintza hauetako V. apartatuko "Izen-ematea" atalarekin.

Materialak bidaltzeak berekin dakar izangaiek honako hauek onartzea: (a) izangaiak dira materialen jabe bakarrak; (b) materialek ez dute hirugarrenen eskubiderik urratuko (besteak beste, jabetza intelektualeko eskubideak); (c) bideoan agertzen den edozein hirugarrenek izangaiari baimena eman diola argazkiak ateratzeko edo filmatzeko eta dokumentu honetan baimentzen denaren arabera erabiltzeko; eta (d) izangaiak dokumentu honetan ematen duen informazio guztia egiazkoa eta zehatza dela –Santanderrek eskubidea izanen du materialean sartuta dagoen edozein hirugarrenen lagapenak/baimenak edozein unetan eskatzeko, Santanderri inolako ordainketarik edo kontraprestaziorik egin gabe–; (e) bideoa ez dela difamazioa edo kalumnia edozein pertsona, enpresa edota elkarterentzat; eta (f) ez duela elementu debekaturik, hala nola birusik, spamik eta horietarako estekarik.

Izangaia, modu partikularrean, eta taldea dira bidalitako materialen arduradun bakarrak, eta Santander eta gure kolaboratzaileak ez dira izanen material horiek erabiltzeagatik sor daitekeen edozein erreklamazioren (judiziala edo estrajudiziala) erantzule.

Izangaiek material horiek bidaltzea berekin dakar Santanderri lizentzia bat ematea. Lizentzia hori ez-esklusibo, ezeztaezin eta pribilegiorik gabekoa izanen da, eta erabiliko da materialak erabiltzeko, erreproduzitzeko, argitaratzeko eta erakusteko, osorik edo zati batean, munduko edozein lekutan eta orain ezagutzen diren edo 5 urteren buruan garatu diren edozein modu, bitarteko edo teknologiatan, betiere programari zabalpena emateko helburuarekin, dela Interneteko baliabideetan, dela Santanderreko webgune eta sare sozialetan.

Izangaiak onartu beharko du Santanderrek materiala edozein modutan tratatzea, betiere izangaiaren eskubide moralak urratzen ez badira.

b) Zeinu bereizgarriak eta markak.

Zehaztapen eta baldintza orokor hauen arabera, izangaiak Banco Santanderri lizentzia bat ematen dio, mundu mailakoa eta ez-esklusiboa, Programan parte hartzeko bidali behar ziren eta izangaiaren titulartasunekoak diren edukiak erreproduzitu, banatu eta publikoki komunikatzeko –bereziki erakundearen logoak–, eta materialak Santanderren webguneetan eta sare sozialetan argitaratuko dira ekitaldia zabaltzeko. Ondorio horietarako, izangaiak adierazten eta bermatzen du bera dela emandako edukien gaineko jabetza intelektual eta industrialeko eskubide guztien jabe bakarra, edo, bestela, erabat gaituta eta baimenduta dagoela eduki horien gaineko eskubide guztiak ustiatzeko, bai eta horietan agertzen den edo txertatuta dagoen hirugarrenen edozein material eta/edo edukirekin lotutako eskubide eta lizentziak emateko ere, eta, beraz, lizentzia horretarako behar diren baimen eta lizentzia guztiak berrikusteko eta eskuratzeko ardura duela. Ildo horretan, Santander ez da izanen klausula honetan ezarritakoa ez betetzearen ondoriozko edozein erreklamazioren erantzule.

VIII.–Parte-hartzaile irabazleen proiektuak argitaratzea, irudiaren ikusgarritasuna.

Proiektu irabazleen izenak plataforman argitaratuko dira.

Era berean, saria emateko azken erabakiak berekin ekartzen ahal du programaren emaitzen berri emateko eta parte-hartzaile irabazleak sustatzeko eta ikusteko komunikazio-jarduerak antolatzea.

Zehazki, irudiaren erabilerari dagokionez, parte-hartzaileek honako hau adierazten dute:

1) Programaren zehaztapenak eta baldintzak ezagutzen dituztela.

2) Aurreko guztiarekin bat etorriz, Santanderri baimena ematen diotela mundu osoan eta denbora-mugarik gabe erabiltzea finalista eta irabazle gertatzen diren taldeko kide guztien irudia (aurrerantzean, "irudia"), itxura, izen-abizenak eta horiek ustiatzeko egin dezaketen edozein adierazpen eta interpretazio (aurrerantzean, "adierazpenak"); zehazki, erreprodukziorako, banaketarako, komunikazio publikorako eta eraldaketarako (osoa edo partziala) eskubideak izanen ditu Santanderrek, eta, horretarako, edozein formatu, euskarri eta gaur egun ezagutzen den edo etorkizunean erakundearen barnean edo kanpoan garatuko den edozein sistema, prozedura edo modalitate baliatzen ahalko ditu. Hona hemen ustiapenaren adibide batzuk:

a. Publizitaterako ustiapena, hau da, irudia eta/edo adierazpenak programa sustatzeko erabiltzeko eskubidea izatea.

b. Edizio inprimatua, hau da, irudia eta/edo adierazpenak paperean argitaratzeko eskubidea, aldizkarietan, liburuxketan, postaletan edo liburuetan banatzeko, edo paperean edo antzeko material batean zabaltzeko aukera ematen duen beste edozein formatutan, aleak banatzeko aukera ematen duen batean.

c. Bideo formatuan ustiatzea, hau da, aukera izatea irudia eta/edo adierazpenak ustiatu eta banatzeko kontsumitzaileek bideo-sistemetan bistaratu ditzaten modu ez-komertzialean; horrela, kontsumitzaile horiek libreki kontrolatzen ahalko dute bistaratzeko unea eta maiztasuna.

d. Telebistako ustiapena, hau da, irudia eta/edo adierazpenak doako telebistaren eta ordainpeko telebista kodifikatuaren bidez transmititzeko, zabaltzeko eta erakusteko eskubidea; horren barnean daude, halaber, bereizmen handiko telebistak, telebista digitalak eta analogikoak, VODekoak eta PPVkoak ("ordainpeko telebistak"), edozein dela ere transmititzeko modua: lurretik, kable bidez, satelite bidez edo beste edozein bide erabiliz.

e. Online ustiapena, hau da, irudia eta/edo adierazpenak ordenagailu-sare integratuen bidez banatzeko eskubidea, gaur egun ezagutzen den edo etorkizunean garatzen den edozein protokolo erabiliz; horren barnean daude, zehazki, "Internet" protokoloa, edo irudia edozein bistaratze-ekipamendutan ikusteko erabili beharreko ordenagailu-sareetara sartzeko antzeko edozein teknologia, Santander Taldeko sare sozialak barne.

f. Irrati bidez hedatzeko ustiapena, edo adierazpenaren ahotsa uhin bidez, lurreko sare bidez edo satelite bidez hari gabe hedatzeko balio duen beste edozein bitarteko edo prozedura, dela analogikoa, dela digitala.

3) Aurreko puntuan aipatutako eskubideen lagapena inolako kontraprestaziorik jaso gabe egiten dela, eta, beraz, uko egiten diotela kontzeptu horrengatik inolako erreklamaziorik egiteari, eta Santanderrek ez duela inolako erantzukizunik izanen eskubideen titularrek nahiz hirugarrenek aurkeztutako eskubideen lagapenari buruzko edozein erreklamazioren aurrean.

IX.–Zabaltzea eta publizitatea ematea.

Unibertsitateko komunitatean programa zabaldu eta sustatzeko konpromisoa hartuko dute unibertsitateek, eta, betiere, modu argian identifikatuko dute plataforma.

Horrez gain, Unibertsitateek berariaz adieraziko dute "Santander X Spain Awards │ Ekintzailetzako 2026ko Proiektu Unibertsitarioak" izena, eta, halaber, Santanderren logotipoa sartuko dute programarekin lotuta egiten dituzten dokumentazioetan eta euskarrietan.

X.–Programaren fiskalitatea.

Sariei une bakoitzean indarrean dagoen zerga-araudia aplikatuko zaie, eta, zehazki, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruz xedatutakoa. Horren ondorioz, batzuetan, erakundeek zerga horren konturako atxikipenak egiten ahalko dituzte, eta sariaren onuradunak urteko errenta-aitorpenean dagozkion zenbatekoak sartzeko betebeharra izaten ahalko du (sariaren onuradunaren erantzukizun esklusiboa izanen da zerga-betebeharrak betetzea).

XI.–Datuen babesa.

Plataforman argitaratutako pribatutasun adierazpenaren dokumentuan dago jasoa deialdi honetan aplikatzekoa den datuak babesteko politika, legezko oinarri hauekin batera.

XII.–Jarraipena.

Programa amaitu eta sariak esleitu ondoren, unibertsitateek plataformaren bidez identifikatu beharko dituzte saridunak, bai eta saria jaso ez dituztenak ere; horretarako, plataforman hori egiteko ezarritako modua erabiliko dute. Santanderrek, programaren deitzaile den aldetik, modua izanen du informazio hori eskuratzeko.

Bai programa egiten den bitartean, bai amaitu ondoren, unibertsitateek plataformaren bidez emanen diote Santanderri informazio zehatz horren berri, bai eta behar bezalako jarraipena egiteko programari eta haren gauzatzeari buruz eskatzen dieten beste edozein informazio ere.

Unibertsitateak arduratuko dira programaren jarraipen eraginkorra egiteaz, ohiko prozeduren arabera, eta, halaber, Santanderrek deialdiaren amaieran eska dezakeen jarraipenari buruzko informazioarekin dokumentu bat egin beharko dute.

XIII.–Onartzea eta aldatzea.

Programaren deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar izangaiek oinarriak onartzea.

Santanderrek beretzat gordetzen du oinarri hauek interpretatzeko eskubidea. Era berean, beretzat gordetzen du programaren deialdiaren edozein zehaztapen edo baldintza aldatzeko edo zuzentzeko eskubidea, zati batean edo osorik, edozein unetan; are gehiago, deialdia eten, atzeratu edo ezeztatzen ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoi objektibo bat kontuan hartuta, eta deialdi honen bidez lortu nahi den inpaktu soziala babesteko helburuarekin; kasu horretan, plataformaren bidez emanen die izangaiei aldaketen berri.

XIV.–Aplikatzekoak diren legeak.

Programa, oinarri hauek, unibertsitateen atxikitzeak eta, oro har, horien garapena eta betearazpena Espainiako legeen mende daude.

Iragarkiaren kodea: F2603185