49. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

166E/2026 EBAZPENA, otsailaren 6koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez baimentzen baita dirulaguntza deialdi honen gastua eta oinarriak aldatzen baitira: "30 urtetik beherako gazte langabeak praktiketan kontratatzea sustatzeko dirulaguntzak". Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko kodea: 883277.

Otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, lan bitartekotza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko; horien oinarri arautzaileak 2026. urtea baino lehen onetsi dira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da 30 urtetik beherako gazte langabeen praktiketako kontratazioa sustatzeko dirulaguntzen gastua baimentzea 2026. urterako.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 23ko 1496/2017 Ebazpenaren bidez arautzen dira 30 urtetik beherako gazte langabeak praktiketan kontratatzea sustatzeko dirulaguntzak. Ebazpen hori aldatu zen apirilaren 16ko 47E/2018 Ebazpenaren bidez, otsailaren 14ko 233E/2023 Ebazpenaren bidez eta otsailaren 14ko 188E/2024 Ebazpenaren bidez.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea dirulaguntza deialdi bat, 30 urtetik beherako gazte langabeak praktiketan kontratatzea sustatzeko.

2. 250.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko; 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako honako partida honen kargura finantzatuko da:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

950001-96100-4709-241205 [PEP: E-24/000737-01]: Konferentzia sektoriala. Enpresek gazte langabeak kontratatzeko pizgarriak

2026

250.000

3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, zenbateko gehigarri bat baimentzen ahalko da, kreditua sortzeagatik aurrekontu-kreditu erabilgarria handitu ondoren, baldin eta halakorik bada. Hala bada, organo eskudunak aipatutako kreditu gehigarria deialdiaren baldintza berberetan argitaratuko du, eta horrek ez du ekarriko dirulaguntzen eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea berriro zenbatzen hastea ere.

4. Deialdiko 13.2.d) oinarri arautzailea aldatzea. Honela geldituko da:

13.2.d) Urteko gutxieneko lansari gordina (aparteko pagak barne) kontratuan agertuko da, eta, titulazio akademikoa zein den, honako kopuru hauek adinakoa izanen da gutxienez:

–Unibertsitateko titulua: 21.500 euro.

–Goi mailako heziketa zikloak (LH II): 19.500 euro.

–Erdi mailako heziketa zikloak (LH I) eta profesionaltasun ziurtagiriak: 17.500 euro.

Kopuru horiek ez dira inoiz izanen lanbide arteko gutxieneko soldatatik beherakoak.

Diru kopuru horiek lanaldi osoetarako dira. Lanaldia txikiagoa izanez gero, proportzionalki murriztuko dira.

5. Deialdiko 14.1 a) oinarri arautzailea aldatzea. Honela geldituko da:

14.1.a) Langabeak izatea eta enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea enplegu-zerbitzu publikoetan.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko otsailaren 6an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, M.ª Esther Fernández Razquin.

Iragarkiaren kodea: F2602307