1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
14E/2026 EBAZPENA, otsailaren 9koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira aisialdiko hezkuntza proiektu onenari "Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola (NGJE)" saria emateko 2026ko deialdia eta haren oinarri arautzaileak.
Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak honela definitzen du gazteriaren hezkuntza ez-formala: pertsonaren garapena faboratzen duten jarduera ez-arautuen multzoa. Heziketa hori ematen ahalko dute Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolak (NGJE) eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdiko hezkuntza-eskolek.
Nafarroako Gazteriaren Institutua jakitun da aisialdiak gaztaroan duen garrantziaz. Aisialdi hezigarri eta komunitarioa zera da: elkarbizitza, atsedena, dibertsioa eta garapen pertsonala. Gainera, alderdi ludiko bat du, eta hori ezinbestekoa da pertsonen oreka sozial, fisiko, psikologiko eta emozionalerako. Aisialdi hezigarrirako zentro eta entitateak gizarteratzeko gune seguruak dira, erreferentziako eredu positiboekin, indarkeria eta arrisku jardueretatik urrun. Parte-hartze boluntario, motibatu eta atsegingarrian oinarrituta daude, baina baita ere beste pertsonekiko harremanetan, askotarikoak, errealitate eta esperientzia desberdinak dituztenak. Horiekin posible dira jarduera hezigarria eta garapen komunitarioa.
Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola ekainaren 21eko 236/1999 Foru Dekretuaren bidez sortu zen, eta hura da gazteriaren egunerokoan hezkuntza ez-formala sustatzearen arduraduna. Bere kalitatea bermatzeko, uztailaren 5eko 56/2023 Foru Dekretuan, Nafarroako Foru Komunitatean aisialdiko hezkuntza-eskolak eta horien irakaskuntzak aitortzeko bidea arautzen da.
Nafarroako Gazteriaren Institutuak aisialdiko begirale eta zuzendari izateko zenbait ikastaro kudeatzen ditu urtero. Nafarroako Gobernuak ofizialki onartutako aisialdiko hezkuntza-eskolek ematen dituzte ikastaro horiek.
Aisialdi hezigarria sustatzeko eta ikasleek ikastaroen azken memoriaren bidez aurkeztutako proiektuen hedapena errazteko, Nafarroako Gazteriaren Institutuak egokitzat jo du aisialdiko hezkuntza proiektu onenaren "NGJE" sarien seigarren edizioa deitzea, Nafarroan bizi diren, 31 urte baino gutxiago dituzten eta Nafarroako Gobernuak ofizialki aitortutako aisialdiko hezkuntza-eskoletan 2025eko urtarrilaren 1etik eta abenduaren 31ra bitartean aisialdiko begirale edo zuzendari izateko titulua lortu duten pertsonei zuzenduta.
Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak esleitu dizkidan ahalmenak baliatuz,
EBAZTEN DUT:
1. Aisialdiko hezkuntza proiektu onenari "NGJE" saria emateko 2026ko edizioaren deialdia onestea.
2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. 1.200,00 euroko gastua baimentzea, 2026ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Sariak, txapelketak eta lehiaketak" izeneko 340002-34100-4809-232105 partida ekonomikoaren kargura.
4. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Agiri horiek guztiak https://www.juventudnavarra.es/eu web-orrian ere egonen dira eskuragarri.
5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
6. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu hartzailetza delegatuari, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalari eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko otsailaren 9an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, José Maria Burgaleta Encina.
I. ERANSKINA.–AISIALDIKO HEZKUNTZA PROIEKTU ONENARI "NGJE" SARIAK EMATEKO OINARRI ARAUTZAILEAK; 2026KO EDIZIOA
1. Xedea.
Oinarri hauen xedea da behar diren araubide juridikoa eta arauak ezartzea aisialdiko hezkuntza proiektu onenari "NGJE" saria emateko VI. edizioaren deialdirako.
Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.
2. Proposamenak aurkeztea.
Nafarroan bizi diren eta 18 eta 30 urte bitarte (biak barne) dituzten gazteek parte hartzen ahalko dute. Parte hartzeko Europako Gazte Txartel Nafarraren titular izan beharko dute eta aisialdiko begirale edo zuzendari titulua, 2025eko urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 bitartean lortua, Nafarroako Gobernuak ofizialki onartutako aisialdiko hezkuntza-eskoletako batean (aurrerantzean, AHE).
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Izena emateko orria Nafarroako Gobernuaren eredu ofizialaren araberakoa izanen da eta honako leku hauetan aurkezten ahalko da: Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan (Yanguas y Miranda 27, 31003 Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko Atarian edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan ere.
Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:
–Eskabide orria. II. eranskina.
–Amaierako memoria, gaztelaniaz eta/edo euskaraz idatzita.
–NANaren fotokopia.
Ezin izanen dute lehiaketan parte hartu dokumentazioa osorik aurkezten ez duten pertsonek, oinarrietan adierazi bezala. Komunikazioa jakinarazi eta biharamunetik hasita, hamar egun balioduneko epea emanen da aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko. Halakorik aurkeztu ezean, interesdunak eskaerari uko egin diola ulertuko da.
3. Aurkezten diren lanen balorazioa.
Aurkezten diren lanak baloratzeko, epaimahai bat eratuko da, hauek osatua:
–Ana Redín Pascual, Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko burua, epaimahaiburu gisa.
–Ordezkoa: Lucía Andía García de Olalla, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Ataleko burua.
–Elena Latorre Requetibate, epaimahaiko idazkari gisa. Epaimahaiaren eztabaidak jasoko ditu idatziz, eta hitza izanen du, baina botorik ez.
–Ordezkoa: Arantxa Lalinde Zabala.
–Ainhoa Aroz Iturbide, Argibide eta Prestakuntza Bulegoko burua, epaimahaikide gisa.
–Ordezkoa: Mónica Domínguez Catena, Parte-hartzearen eta Sormenaren Bulegoko burua.
–Ainara Hermoso de Mendoza San Juan, erdi mailako tituluduna (Administrazioa). Epaimahaikidea.
–Ordezkoa: Laura Álvarez de Eulate San Juan, gizarte-hezitzailea.
Epaimahaikideak ez badaude edo eri badaude, identifikatutako ordezkoak arituko dira haien ordez.
Epaimahaiak Nafarroako Gobernuak ofizialki aitortutako AHEen zuzendaritzen aholkularitza eta laguntza jaso ditzake.
Epaimahaiak deliberazioen akta eginen du, gehiengoz hartuko ditu erabakiak eta proiektuak hautatuko ditu. Halaber, sariak nori eman proposatu eta justifikatu beharko du, honako irizpide hauen arabera:
1. Kalitate teknikoa; horretarako aisialdiko hezkuntzako proiektuaren programazioan edo memorian jasota dauden honako elementu hauek hartuko dira erreferentzia gisa:
a. Arrazoibidea (errealitatearen analisia, jarduketa esparrua). 15 puntu gehienez.
b. Planteamenduaren koherentzia eta hizkera inklusiboa. 10 puntu gehienez.
c. Azalpena argia izatea. 5 puntu gehienez.
d. Erabilitako metodologia (praktikaren garapena eta erabilitako baliabideak). 15 puntu gehienez.
e. Proiektuaren gaineko balorazio pertsonala. 15 puntu gehienez.
Lehen atal honetako guztizko puntuazioa. 60 puntu gehienez.
2. Proiektuaren helburuak zehaztea, bai orokorrak bai espezifikoak (gehienez 10 puntu), eta helburu horiek 2025-2028 Gazteriaren Foru Estrategian jasotako zeharkako edozein printzipiorekin eta 2030 Agendako garapen jasangarrirako edozein helbururekin daukaten lotura, behar bezala argudiatua (gehienez 10 puntu). 20 puntu gehienez.
(Hauek dira foru estrategia horretan jasotako zeharkako printzipioak: genero-berdintasuna; inklusioa; sareko lana; lurralde kohesioa; bizitzaren jasangarritasuna; parte-hartzea; gazteentzako informazioa eta hizkuntza- eta kultura-aniztasuna).
3. Proiektuaren bideragarritasuna. 10 puntu, gehienez.
4. Programazioa berritzailea eta jatorrizkoa izatea. 10 puntu, gehienez.
4. Sariak eta aintzatespenak aurkezten diren lanik hoberenentzat.
Aurkeztutako lan bakoitzak gehienez 100 puntu lortzen ahal ditu, eta onartua izateko gutxienez 50 puntu lortu beharko ditu. Lehiaketarako onartzen diren lanen artean, epaimahaiak puntuaziorik altuena lortzen duten hiru memoriak aukeratuko ditu, eta saria eman gabe uzteko eskubidea izanen du, baldin eta aurkezten diren lanen kalitatea eta gaiak ez bazaizkie lotzen lehiaketa hau egiteko oinarri izan diren irizpideei.
Saria emateko epaimahaiaren proposamena loteslea da, eta saria ematearen justifikazioa haren akta izanen da.
Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez emanen dira finalera iritsi diren proposamenen sariak. Gainera, epaimahaiaren erabakiaren berri emanen da Institutuaren web-orriaren bidez eta sare sozialen bidez.
Hautatutako pertsonek honako sari hauek jasoko dituzte:
- 600,00 euro, puntuaziorik altuena jasotzen duen proiektuari.
- 400,00 euro, bigarren puntuaziorik altuena jasotzen duen proiektuari.
- 200,00 euro, hirugarren puntuaziorik altuena jasotzen duen proiektuari.
5. Egile eskubideak.
Egileek aurkezten duten memoria bakoitzaren eskubideak atxikiko dituzte. Nolanahi ere, erabiltzeko baimena emanen dute, argitaratu eta zabaldu daitezen, lehiaketa honen ideiak eta balioak sustatzearren. Hautatzen diren lanen egileek baimena ematen diote Nafarroako Gazteriaren Institutuari haien izen-deiturak argitaratzeko bere webguneetan, bere sare sozialetan eta proiektu hau zabaltzeko erabiltzen den edozein hedabidetan.
Nafarroako Gazteriaren Institutuak parte-hartzaileek beren lanen gainean dituzten eskubide intelektualak errespetatuko ditu.
6. Antolaketaren ardura.
Nafarroako Gazteriaren Institutuak ebatziko ditu, aplikagarria den araudiaren arabera, deialdi honetan gertatzen diren gorabeherak, bai eta oinarriotan aurreikusita ez dauden aferak ere. Halaber, Nafarroako Gazteriaren Institutuak ahalmena izanen du oinarri hauen interpretazioaren eta aplikazioaren gainean sortzen ahal diren zalantzak ebazteko.
Nafarroako Gazteriaren Institutua salbuetsita egonen da parte-hartzaileek egiten ahal duten edozein plagiogatik edo jabetza intelektualaren arloan indarrean dagoen legediaren edozein urraketagatik etor daitekeen edonolako erantzukizunetik.
7. Datuen babesa.
Datuen babesaren gaineko oinarrizko informazioa:
Arduraduna: Nafarroako Gazteriaren Institutua.
Xedea: NGIri dagozkion laguntza eta dirulaguntzen esleipena, kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko prozesuak.
Legitimazioa: ahal publikoak betetzean edota interes publikoko aferetan egin beharreko tratamendua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
Hartzaileak: ez zaizkie datuak hirugarrenei lagako, ez bada horretarako baimena eman dela edo, baimenik eman gabe, araudiak hartarako gaitzen duela.
Eskubideak: datuetara sartzea, datuok zuzentzea eta ezabatzea eta haien tratamendua mugatzea.
Eskubide horiek baliatzeko: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea?back=true&pageBackId=7567267
Informazio gehigarria:
Argibide gehiagorako, web-orria kontsultatzen ahal duzu: https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/sites/default/files/clausulas-informativas-proteccion-de-datos-inj-526-es-1.pdf.
Iragarkiaren kodea: F2602394