Iragarkia
49. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 9a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
525/2026 EBAZPENA, otsailaren 18koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko soziologoen zazpi plaza oposizio bidez betetzeko.
Abenduaren 27ko 115/2024 Foru Dekretuaren bidez (2024ko 264. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 30ean), 2024ko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako, 2024ra luzatutako Estatuko 2023rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasari dagokiona. Foru-dekretu horretan, besteak beste, soziologoen plaza huts batzuk sartu ziren, A mailakoak.
Apirilaren 30eko 42/2025 Foru Dekretuaren bidez (2025eko 90. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, maiatzaren 8an), 2025eko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako. Foru-dekretu horretan, besteak beste, soziologoen plaza huts batzuk sartu ziren, A mailakoak.
Abenduaren 18ko 146/2025 Foru Dekretuaren bidez (2025eko 258. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 30ean), 2025eko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako, Estatuko 2023ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2025 Legean ezarritako ordezte-tasari dagokiona. Foru-dekretu horretan, besteak beste, soziologoen plaza huts batzuk sartu ziren, A mailakoak.
Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren maiatzaren 12ko 1280/2025 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko soziologoen plaza huts batzuk lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko.
Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak urtarrilaren 26an emandako 227/2026 Ebazpenaren bidez, bukaera eman zitzaion Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko soziologoen plaza huts batzuk lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko prozedurari.
Aurrekoa kontuan harturik, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko soziologoen zazpi plaza betetzeko deialdia onestea, bai eta haren oinarriak ere. Plazak sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez beteko dira.
Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko soziologoen zazpi plaza betetzeko deialdia onestea, bai eta haren oinarriak ere. Plazak sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez beteko dira.
2. Deialdiaren testua onestea; ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
3. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Ebazpen hau jakinaraztea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari eta Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari, Herritarren Arretarako Bulegoak eta Erregistroak Koordinatzeko Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko otsailaren 18an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Gloria Arancón Largo.
ERANSKINA.–DEIALDIA, SOZIOLOGOEN ZAZPI PLAZA OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO
Honako hauek arautuko dute deialdia:
Oinarriak
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da soziologoen zazpi plaza oposizio bidez betetzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzukoak, funtzionarioen araubidekoak eta A mailakoak. II. eranskinean zerrendatuta daude plaza horiek.
1.2. Zazpi plaza huts horiek txanda hauetan banatuko dira:
–3 plaza txanda irekian.
–3 plaza igoera-txandan.
–Plaza bat, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenentzako erreserba-txandan.
1.3. Igoera-txandako plaza hutsen bat bete gabe geldituz gero izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, plaza horiek txanda irekikoei gehituko zaizkie.
Era berean, desgaitasuna dutenentzako erreserba-txandako plaza hutsak bete gabe geldituz gero izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa lortu ez dutelako, egoki den txandakoei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako hurrenkeraren arabera.
Bestalde, igoera-txandan edo desgaitasuna dutenentzako erreserba-txandan plaza hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren plazarik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.
Era berean, igoera-txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean, baldin eta deialdiaren 2.1.2 oinarriko berariazko betebeharrak betetzen ez badituzte deialdiaren 8.1 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean.
2.–Betebeharrak.
2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.
Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea. 65 urtekoa da adin hori.
Hala ere, enplegu publikoan sartzen utziko zaie 65 urte beteak dituztenei, baldin eta ez badute osatu beren aurreikuspen sozialeko sisteman erretiro-saria jasotzeko eskubidea sortzeko ezarritako gabealdia, bai eta pentsioa osorik kobratzeko beharrezkoak diren kotizazio urteak osatu ez dituztenei ere.
c) Soziologiako lizentziadunaren edo gradudunaren titulu unibertsitarioa izatea, edo baliokidetzat hartutako beste bat, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.
Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, homologazio-egiaztagiria edo baliokidetasun-ziurtagiria eduki beharko da, dagokionaren arabera. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide-kualifikazioaren aitorpena eskuratu dutenei, Europar Batasuneko zuzenbideko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu ere.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
2.1.2. Igoera-txandako izangaientzako berariazko betebeharrak:
Txanda honetako izangaiek, honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte, aurreko apartatuan adierazitakoez gain:
a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa izatea, eta ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian, salbu eta borondatezko eszedentzian den pertsona zerbitzuak ematen ari bada –langile finko gisa edo aldi baterako– deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu batean.
Aplikatuz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa, Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte har dezakete igoera-txandan, baldin betetzen badituzte txanda horretan parte hartzeko gainerako betebeharrak.
b) Deialdiko plaza hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.
c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.
2.1.3. Desgaitasuna dutenentzako erreserba-txandako izangaien berariazko betebeharrak:
Desgaitasuna dutenentzako erreserba-txandako izangaiek, 2.1.1 atalean aipatzen diren betebeharrak betetzeaz gainera, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna eduki beharko dute, ofizialki aitortua.
2.1.4. Gidabaimena izatea eskatzen duen plaza bat eskuratu nahi izanez gero, B motako gidabaimena edukitzea.
2.1.5. Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik (zehazki, arau honetan tipifikatutako delitu batengatik: Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. titulua), ezta gizakien salerosketaren delitu batengatik ere (zehazki, arau honetan tipifikatutako delitu batengatik: Zigor Kodearen VII bis titulua).
Baldintza hori egiaztatzearren, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari baimena eman beharko zaio abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez araututako Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralari eska diezaion ziurtagiri hori, edo, bestela, erregistro horrek emandako ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da.
2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta plazaren jabetza hartu arte.
2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.
3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.
3.1. Eskaerak aurkezteko epea.
Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskaerak , deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bidez, honako helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa "Herritarrentzako lan deialdiak" atalaren barnean, deialdi honi dagokion fitxan, hain zuzen.
%33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan edo bitartekoetan, hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake eskaera aurkeztean, 3.4 atalean ezarritakoari jarraikiz.
3.3. Tasak.
41,60 euroko tasa ordaindu behar da, funtzio publikoan sartzeko eta gora egiteko hautapen-prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik.
Telematika bidez ordaindu behar da tasa hori, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.
Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:
a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.
b) Hautaproben deialdia argitaratu baino gutxienez hilabete lehenagotik langabe gisa inskribaturik daudenak.
Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak behar diren kontsultak eginen ditu, egiaztatzeko aurreko paragrafoan adierazitako salbuespen-egoera (langabezia-egoera). Izangaiak ez badu baimenik ematen kontsulta hori egiteko, kasuan kasuko enplegu-bulegoak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko du, eta bertan agertu behar da zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.
Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.
Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.
3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:
Bat.–Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badute, eta ez badute ematen langabezia-egoera kontsultatzeko baimenik, kasu horretan bakarrik, kasuan kasuko enplegu-bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren langabe gisa.
Bi.–Deialdian igoera-txandan parte hartu nahi duten izangaiek, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak badira, agiri bat aurkeztu beharko dute eskaerarekin batera, frogatzeko betetzen dituztela deialdi honen 2.1.2 atalean jasotzen diren betebeharrak.
Hiru.–%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:
a) IMSERSOk edo autonomia-erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
b) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea aitortzen diena, hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
c) Organo eskudunari %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortzeko eskatu diotela frogatzen duen agiria.
Hala ere, deialdi honetan plaza hutsak aukeratzeko ezarritako epea ireki baino lehen lortu beharko da aitorpen hori, modu frogagarrian. Bestela, %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonentzako erreserba-txandaren bidez parte hartzeari loturiko eskubide guztiak galduko ditu interesdunak.
Lau.–%33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan, komenigarritzat jotzen dituzten agiriak aurkezten ahalko dituzte egokitzapenak justifikatzeko.
Bost.–Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek hori egiaztatu beharko dute, hauetakoren bat aurkeztuz: kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial, edo, bestela, Fiskaltzaren txostena, izangaia genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena. Genero-indarkeriaren egoerak egiaztatzeko, halaber, gizarte-zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako Administrazio Publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiria eta txostena aurkezten ahalko dira.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren atarian dagoen deialdiaren web-fitxan argitaratzeko aginduko du.
Izangaien zerrenda horietan, bai eta hautapen-prozeduraren barneko ondorengo jarduketetan ere, gezurrezko izen bat erabiliko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak identifikatzeko, bakoitzari modu pertsonalean esleituko zaiona, deusetan galarazi gabe publikotasun- eta gardentasun-printzipioak aplikatzea.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute telematika bidez erreklamazioak aurkezteko, eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Epe hori zenbatzen hasiko da behin-behineko zerrenda Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan argitaratu eta biharamunetik aurrera. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta erreklamazio horiek ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan argitaratzeko aginduko du.
4.4. Ez da itzuliko funtzio publikora sartzeko eta bertan jarduteko hautapen-prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindutakoa, baldin eta izangaiak bazter gelditzen badira haiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Baldin eta hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: Víctor Iraceburu Zazpe jauna, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Analisiaren, Ebaluazioaren, Berrikuntzaren, Prospektibaren eta Estrategia Operatiboaren Zerbitzuko soziologoa.
Ordezko epaimahaiburua: Laura Pérez Villanueva andrea, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Modernizazio eta Dibulgazio Ataleko burua.
–Epaimahaikidea: Raquel González Eransus andrea, Nafarroako Gazteriaren Institutuko soziologoa.
Ordezko epaimahaikidea: Mattias Petter Bergman Johansen jauna, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Berrikuntza eta Ikuskapen Ataleko burua.
–Epaimahaikidea: Sara Soto Ahechu andrea, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Estrategia Operatiboaren eta Ebaluazioaren Ataleko burua.
Ordezko epaimahaikidea: Antidio Martínez de Lizarrondo Artola jauna, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Analisiaren, Ebaluazioaren, Berrikuntzaren, Prospektibaren eta Estrategia Operatiboaren Zerbitzuko zuzendaria.
–Epaimahaikidea: Langileen Batzordea ordezkatzeko izendatutako pertsona bat.
Epaimahaikide ordezkoa: Langileen Batzordea ordezkatzeko izendatutako pertsona bat.
–Idazkaria: Beatriz Aceña Laparra andrea, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.
Ordezko idazkaria: Itziar Ayerdi Fernández de Barrena andrea, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuko zuzendaria.
5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak, edo haien ordezkoek.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizioa nola eginen den.
6.1. Oposizioa 2026ko irailetik aurrera hasiko da.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.
Epaimahaiak hurrengo probetako deialdiak argitaratuko ditu gutxienez 48 ordu lehenago, eta deialdi honen 11. oinarrian ezartzen den moduan; bertan, proba egitera deitutako izangaien zerrenda emanen du, eta adieraziko du oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.
Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.
Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskaeran hala eskatu badute.
6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:
6.3.1. Lehenbiziko proba.
Proba teorikoa izanen da. Gehienez ere test motako 100 galderari erantzun beharko zaie idatziz, deialdi honen I. eranskinean agertzen den gai-zerrendako edukiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.
Epaimahaiak esanen du, hasi baino lehen, zenbat denbora izanen den proba hau egiteko.
Proba honetan 30 puntu lortzen ahal dira gehienez.
Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
Proba egiteko ezin da erabili inolako testurik edo dokumentaziorik, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, salbu mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza.
6.3.2. Bigarren proba:
Teorikoa izanen da. 25 galdera labur garatu beharko dira idatziz, deialdi honetako I. eranskinean jasotako gai-zerrendako zati espezifikoko gaiei buruzkoak.
Proba hau egiteko 3 ordu izanen dira gehienez.
Proba honetan 30 puntu lortzen ahal dira gehienez.
Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza izan ezik.
6.3.3. Hirugarren proba:
Teoriko-praktikoa izanen da. Ordenagailua erabiliz, epaimahaiak planteatutako bi kasu praktiko ebatzi beharko dira idatziz, deialdi honen I. eranskineko gai-zerrendako zati espezifikoko gaiekin loturiko alderdiei buruz. Epaimahaiak emanen du ordenagailua.
Proba idatzi hori egiteko 4 ordu izanen dira gehienez.
Hirugarren proban 40 puntu lortzen ahal dira gehienez ere. Kasu bakoitzean gehienez 20 puntu eman daitezke.
Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak. Bazterturik geldituko dira, orobat, gai batean zero puntuko kalifikazioa lortzen dutenak.
Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza izan ezik.
6.4. Bigarren eta hirugarren probak gutun-azal itxien sistemaren bidez eginen dira.
6.5. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus helbidean (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.
7.–Oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda.
7.1. Hautaprobak bukaturik, oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du kalifikazio-epaimahaiak, lortutako kalifikazioak adierazita, txanden arabera sailkatuta eta lortutako puntuazioaren arabera. Orobat, zerrenda Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko du, betebeharrak betetzen diren egiaztatu eta plaza hutsak hautatzeko izapideak egin daitezen.
7.2. Puntu-berdinketarik gertatuz gero, lehenbiziko proban puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Eta, hala ere, berdinduta segitzen badute, bigarren proban lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, eta, azkenik, hirugarren proban lortutakoak.
7.3. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak horretarako eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan atera den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.
8.–Betebeharrak frogatzea eta plaza hutsak hautatzea.
8.1. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak 10 egun balioduneko epea irekiko du izangaiek betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten, horretarako ezartzen den bidea erabiliz:
a) Deialdiko 2.1.1.c) atalean eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.
b) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren kopia, betebehar hori duen plaza bat eskuratu nahi izanez gero.
c) Adingabeekin ohiko harremana izatea dakarren plaza bat lortu nahi izanez gero, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan araututako Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralak emandako ziurtagiri negatiboa, baldin eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari ziurtagiri hori eskatzeko baimena eman ez bazaio.
8.2. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak plaza hutsak hautatzeko egintzarako deia eginen du, argitara emanez hauta daitezkeen plaza hutsen zerrenda eta hautaketara deitutako izangaien zerrenda (plaza hutsak hautatzeko lehentasun-ordenari jarraituz antolatua, txandaren arabera eta puntuazio ordenaren arabera). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe duten plaza hutsak hautatzeko.
Informazio hori jendaurrean paratuko da, deialdiaren fitxan.
Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, aditzera emanen dute beren lehentasun-ordena, plaza hutsak eskuratzeko.
8.3. Plaza hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.
Desgaitasun aitortua deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria balorazio- eta orientazio-talde eskudunek eginen dute, ofizioz. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.
Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu plaza huts batean edo bestean jarduteko, plazen hautaketa hasi aurretik, haren desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio- eta orientazio-talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.
Era berean, hautaprobak gainditu eta genero-indarkeriaren biktima direla egiaztatzen duten emakumezko izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik plaza hutsak hautatzeko, deusetan galarazi gabe desgaitasuna duten pertsonentzat ezarritako lehentasun-ordena.
Hautaprobak igoera-txandatik gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute deialdiaren xede diren plaza hutsak aukeratzeko txanda irekiko izangaien aurretik, baina kontuan hartuta, betiere, desgaitasuna dutela egiaztatzen duten izangaientzat eta genero-indarkeriaren biktima direla egiaztatzen duten emakumeentzat ezarritako salbuespena.
9.–Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.
9.1. Behin plaza hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena, non agertuko baitira hautapen-prozesua gainditu duten izangaien artetik deialdiko plaza kopuruan sartzen ahal direnak.
Izendapen-proposamen hori deialdiaren fitxan argitaratuko da, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat.
9.2. Proposatutako izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan izendapen-proposamena argitaratu eta biharamunetik 10 egun balioduneko epean:
A.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaien kasuan:
a) Nortasun-agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokide batena.
b) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela lanpostuan aritzea eragozten dion gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.
c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
B.–Administrazio dei-egileaz besteko Nafarroako administrazio publiko bateko langile finko diren izangaiek edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, baldin eta igoera-txandan parte hartzen badute, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko ataleko dokumentazioaz gainera, frogatzeko jatorrizko administrazioan jardunean daudela, edo borondatezko eszedentzian daudela eta lanean ari direla deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.
C.–2.1.1.b) oinarrian adierazitako ondorioetarako, Gizarte Segurantzak edo organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.
9.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.
9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak oposizioa gainditu duten izangaien zerrendan –7. oinarrian aipatzen den horretan– hurrengoa den izangaiarekin beteko du hutsunea, baldin eta hutsik geratu den plazaren betebeharrak betetzen baditu, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.
9.5. Deialdi honen xede den lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak beste agiriren bat behar izanez gero bere eskudantziak erabiltzeko, proposaturiko izangaiari eskatuko dio, eta hark agiri hori aurkeztu beharko du, deialdi honen 9.2 atalean ezarritako moduan.
9.6. Ezarritako prozeduraren arabera plaza epe barruan eta behar bezala hautatzen ez bada, hautapen-prozesuari uko egiten bazaio, deialdian plaza betetzeko ezarritako baldintzak betetzen ez badira edo eskatutako dokumentazioa ezarritako prozeduraren arabera epe barruan eta behar bezala aurkezten ez bada, plaza hutsen hautaketaren emaitza ez da aldatuko.
Administrazioko organo eskudunak gainditzen dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea.
10.–Izendapena, plaza hutsen esleipena eta jabetza hartzea.
10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, deialdiko lanpostuan aritzeko, eta plaza hutsak esleituko dizkie.
10.2. Izendapenaren eta plazaren jabetza-hartzearen bidez, izendatuak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, indarreko xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.
Aurrekoa gorabehera, baldin izendatutakoak afiliaturik badaude Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean, bi aukera izanen dituzte: edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan segitzea, babes harturik martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidea, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzea. Hori dena, bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua).
10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.
Izendatzen diren izangaiek izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko dute plazaz, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik.
Ezinbesteko kasuetan izan ezik, zehaztutako egunean plazaren jabetza hartzen ez duten izangaiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, deialdiaren 9.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.
10.4. Baldin funtzionario bilakaturiko izangaiei borondatezko eszedentzia ematen bazaie jabetza hartzen duten egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, lanpostuan batere aritu gabe eta haiek eskatuta, hutsik gelditzen den plaza ere beteko da deialdiaren 9.4 atalean ezarritako moduan.
10.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plaza hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei zuzenean esleituko zaizkie egoera horien ondoriozko plazak.
11.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, deialdiaren fitxan argitara emanen da, Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus), proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere.
12.–Administrazio erroaren eremuan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.
12.1. Bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen-prozesuan parte hartu eta plazarik lortzen ez duten izangaiekin:
a) Hautapen-prozesua gainditu arren, plaza lortu ez duten izangaien zerrenda.
b) Hautapen-prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda.
12.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira, alde batetik, hautapen-prozesua gainditu arren plaza lortu ez duten izangaien zerrenda, eta bestetik, prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda, aplikatu beharreko kudeaketa-arauekin bat.
Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.
12.3. Izangaiei lanerako deitzeko eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzeko, honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 814/2010 Foru Agindua, abenduaren 31koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.
Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.
Kontrataziorako izangaien zerrendak onetsi baino lehen, kasua bada, epe bat irekitzen ahalko da hizkuntzen maila egiaztatzeko, eta betebehar hori eskatzen hasiko da horretarako emanen den epea bukatu eta gero.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.
13.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.
13.1. Aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatu eta kudeatzeko orduan, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 14ko 180E/2024 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiko zaio; izan ere, foru-agindu horren bidez onetsi ziren Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak (2024ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 30ekoa). Bestela, hala badagokio, zerrenda horiek indarra hartzen dutenean indarra duen araudiari jarraikiko zaio.
13.2. Oposizioaren deialdiaren azken emaitzak argitaratu eta gero, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangaien zerrenda bidaliko die Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko organo eskudunei, izangai bakoitzak oposizioko hautaprobetan lorturiko puntuazioak adierazita, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak esparru horretako aldi baterako izangaien kontratazio-zerrendak presta eta onets ditzan.
13.3. Aldi baterako kontrataziorako bi zerrenda mota eginen dira: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.
Oposizioaren deialdian parte hartzeko eskaeran izangaiek aukeratu beharko dute zer kontratazio mota nahi duten, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak aldi baterako kontratazioetarako zerrendak presta ditzan.
Orobat, deialdiaren azken emaitzak argitaratu ondoren, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak hamar egun balioduneko epea irekiko du, nahi duenak hasierako hautaketa alda dezan.
13.4. Aldi baterako kontrataziorako zerrendetan sartu nahi dutenek deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta baldintza horiek bete prozedura osoan zehar.
13.5. Titulazioa eta egindako zerbitzuak aurkeztea eta aukerak hautatzea.
Dokumentazioa aurkezteko eta aukerak hautatzeko, 10 egun balioduneko epea izanen da, deialdiaren azken emaitza argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Telematikaz eginen da, dagokion kategoriara sartuz esteka honen bidez: https://empleosalud.navarra.es/eu/contratacion.
13.5.1. Titulazioa.
Aldi baterako kontrataziorako zerrendan onartua izan nahi duenak, frogatu beharko du baduela deialdian eskatzen den titulua.
Izangaiaren titulazioa gure datu-baseetan badago, adierazitako web-orrian erakutsiko zaio, eta kasu horretan ez da beharrezkoa izanen berriz eranstea. Bestela, erantsi egin beharko da.
Nahi duenak baimena ematen ahal dio kontratazioa kudeatzen duen zentroari bere titulazioa kontsultatzeko Hezkuntza Ministerioko Datuak Egiaztatzeko Zerbitzuan, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztapena, batzuetan ez baita ministerio horretan agertzen.
13.5.2. Egindako zerbitzuak.
Oposizioaldia gainditzen ez dutenek bakarrik aurkezten ahalko dituzte egindako zerbitzuak. Izangaiak ikusten badu egindako zerbitzuak web-orrian agertzen direla, ez ditu berriz erantsi beharko.
–Zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta/edo haren erakunde autonomoetan egin badira, ez da inolako dokumentaziorik aurkeztu behar haiek egiaztatzeko, ofizioz aurkeztuko baitu NOPLOIko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuak.
–Aldiz, zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateko Administraziotik eta/edo haren erakunde autonomoetatik kanpo egin badira, zentro bakoitzeko langileen arloko burutza duen organoak egindako ziurtagirien bidez frogatu beharko dira. Ziurtagiri horietan honako datu hauek azaldu beharko dira nahitaez: lantokia, estamentua eta/edo espezialitatea eta zerbitzualdiaren iraupena, egunetik egunera adierazita, baita guztirako egun kopurua ere.
13.5.3. Kontratazio-zerrenden esparruak eta motak aldatzea.
Interesdunek aukera izanen dute deialdian inskribatzeko eskaeran hautatutako zerrenda mota (kontratu luzeak edo laburrak) aldatzeko, murrizteko edo zabaltzeko.
13.5.4. Lanaldi murriztuak egiteko deiak hautatzea edo baztertzea.
Interesdunek zilegi izanen dute eskatzea, modu telematikoan, ez diezaietela lanerako deitu baldin eta eskaini behar zaien kontratazioa lanaldiaren heren batekoa edo gutxiagokoa bada.
Izangaiek, hala nahi badute, eskatzen ahalko dute deitu diezaietela bakarrik lanaldiaren %50eko edo gutxiagoko kontratazioak eskaintzeko.
Gainera, beste aukera batzuk ere hautatzen ahalko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera gaituta badaude.
13.6. Euskara.
Aldi baterako kontratazio-zerrendetako izangaiek noiznahi egiaztatzen ahalko dute euskararen ezagutzaren betebeharra, zerrenda horiek indarrean dauden bitartean.
13.7. Desgaitasuna duten pertsonak.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko orduan, errespetatuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei aplikatu beharreko araudian desgaitasunaren arloan ezarritakoa.
Desgaitasun-egoera noiznahi frogatzen ahalko da, zerrendak indarrean dauden bitartean, eta, halakoetan, araudian ezarritako lehentasuna sortuko da desgaitasuna frogatzen den unean.
Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, frogatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Frogagiri hori ofizioz eginen dute balorazio- eta orientazio-talde eskudunek.
13.8. Indarrean jartzea.
Hautapen-prozesu honetan sortutako aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendek indarra hartuko dute Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak kudeatutako kontratazio-zerrendekin batera.
14.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan aldi baterako barne-igoera bidez aritzeko izangaien zerrendak.
14.1. Aldi baterako barne-igoerako zerrendak prestatu eta kudeatzeko orduan, honako hauei jarraikiz jokatuko da: 347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzea eta lanpostuak hornitzea arautzen duena; eta 379E/2025 Foru Agindua, urriaren 28koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baita lanpostuak aldi baterako barne-igoeraren bidez betetzeko prozedura Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan; edo zerrenda horiek indarrean jartzen direnean indarrean den araudia.
14.2. Aldi baterako barne-igoeran parte hartzeko, eskabidean adierazi behar da interes hori, eta, era berean, zein lan-eremutarako nahi dituen deiak jaso, aldez aurreko barne-egokitzapenean definitutakoen artean. Esparrurik aukeratzen ez badu, ulertuko da izangaiak guztietan sartuta egon nahi duela.
Hala ere, nahi izanez gero, hasierako aukera horiek 10 egun balioduneko epean aldatzen ahalko dira, deialdiaren azken emaitzak argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
Horrez gain, esparruen aukerak urtero aldatzen ahalko dira, otsailean eta irailean. Aldaketa horrek indarra izanen du, hurrenez hurren, urte bakoitzeko martxoaren 1etik eta urriaren 1etik aurrera sortzen diren igoera-eskaintzetarako.
14.3. Zerrenda horietan egon nahi dutenek baldintza batzuk bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta haiek betetzen jarraitu prozedura guztian; hauek dira baldintzok:
a) Osasunbidea Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile finkoa izatea, eta soziologo-lanpostuari dagokion maila-taldetik edo kategoriatik beheragoko batean sailkatua egotea. Ondorio horietarako, beheragoko kategoriako lanpostutzat joko dira maila berekoak izanda destinoko edo berariazko osagarri txikiagoak jasotzen dituztenak.
b) Jarduneko zerbitzuan edo eszedentzia berezian egotea. Nolanahi ere, deia egiten den unean eta sustapen-aldian, jarduneko zerbitzuan egoteko baldintza bete beharko da.
c) Lanpostu horretarako eskatzen den titulazioa izatea eta 2.1.1 oinarrian ezarritako gainerako baldintzak betetzea.
14.4. Zerrenda horretan sartzeko, deialdi honetan zehazten den probako edo probetako puntuazio onenaren %30 lortu beharko da gutxienez.
14.5. Oposizioaren azken emaitzak argitaratu ondoren, aldi baterako barne-igoerarako izangaien zerrendak sortuko dira, esparru bakoitzean mailaz igotzeko moduan dauden izangaiekin, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta.
Sarrera-deialdi batetik datorren aldi baterako barne-igoerako zerrenda bakoitzean lehentasun-ordena ezartzeko, lehenik eta behin, gainditutako azterketa kopuruari erreparatuko zaio; azterketa kopuru bera gainditu dutenen artean, haietan guztira lortutako kalifikazioa hartuko da kontuan; eta berdinketak jarraitzen badu, gainditu gabeko azterketen nota gehituta ebatziko da.
Oraindik ere berdinketarik izanez gero, hura hausteko kontuan hartuko da deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean aitortutako antzinatasuna. Berdinketak bere horretan badirau, zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan atera den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.
14.6. Titulazioa aurkeztea.
Zerrendan sartzeko, deialdian eskatutako titulazioa aurkeztu beharko da, deialdiaren azken emaitza argitaratu eta biharamunetik 10 egun balioduneko epean.
Izangaiaren titulazioa jasoa baldin badago aldi baterako barne-igoerako deiak kudeatzen dituen erakundean, adierazitako web-orrian erakutsiko zaio, eta kasu horretan ez da beharrezkoa izanen berriz eranstea.
Dokumentazioa telematika bidez aurkeztuko da, esteka honetan behar den kategorian sartuta: https://empleosalud.navarra.es/eu/.
14.7. Euskara.
Aldi baterako barne-igoerako zerrendei dagokienez, euskararen ezagutza edozein unetan egiaztatzen ahalko da, betiere deia jaso aurretik.
14.8. Desgaitasuna duten pertsonak.
Aldi baterako barne-igoerarako izangaien zerrendak kudeatzeko orduan, errespetatuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei aplikatu beharreko araudian desgaitasunaren arloan ezarritakoa.
Desgaitasun-egoera noiznahi frogatzen ahalko da, zerrendak indarrean dauden bitartean, eta, halakoetan, araudian ezarritako lehentasuna sortuko da desgaitasuna frogatzen den unean.
Aldi baterako barne-igoerarako deituz gero, frogatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela igoeraren xede den lanpostuarekin. Frogagiri hori ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek.
14.9. Indarrean jartzea.
Hautapen-prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako barne-igoerarako izangaien zerrendek indarra hartuko dute plaza eskuratzen dutenen izendapen-proposamena argitaratu eta biharamunean.
15.–Errekurtsoak.
Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio-epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
Zati orokorra.
1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atariko titulua. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere Judiziala. Konstituzio Auzitegia: Osaera, izaera eta eskumenak.
2. gaia.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia.
3. gaia.–Europar Batasuneko zuzenbidea: Haren iturriak. Sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Tratatuak. Erregelamenduak, zuzentarauak eta erabakiak. Europar Batasuneko zuzenbidearen eta estatu kideen antolamendu juridikoaren arteko loturak. Politika erkideak.
4. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.
5. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen-esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedurak eta ebazpenak.
6. gaia.–14/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzkoa: Nafarroako Gobernua: eginkizunak. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta kontseilariak.
7. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Gobernuaren lege-mailako xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege-mailako arauak emateko ahala. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.
8. gaia.–Administrazio Publikoa eta sektore publikoa: kontzeptuak. Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua, urriaren 1eko 40/2015 Legean. Administrazioen arteko harremanak.
9. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa: I. titulua: "Xedapen orokorrak". II. titulua: I. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoa". II. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoaren antolaketa". III. kapitulua, "Eskumenen erabileraren araubide juridikoa". IV. kapitulua, "Kide anitzeko organoak". III. titulua: I. kapitulua, "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa". VI. titulua: I. kapitulua, "Pertsonen eskubideak". II. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoaren betebeharrak izapidetze elektronikoaren arloan".
10. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: administrazio-prozedurari buruzko xedapen orokorrak: prozedurako interesdunak. Administrazio publikoen jarduera: jarduteko arau orokorrak; epemugak eta epeak.
11. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: Administrazio-egintzak Administrazio-egintzen betebeharrak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.
12. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearazpena. Egintzak administrazio-bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio-errekurtsoak.
13. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio-karrera. Administrazio-egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.
14. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa: aplikazio-eremua eta Nafarroako Ogasun Publikoa. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; exekuzioa eta likidazioa.
15. gaia.–Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean. 11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa: IV. titulua: Foru Administrazio Publikoaren funtzionamendu elektronikoa.
16. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.
17. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: xedapen orokorrak. Datu-babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.
18. gaia.–Genero-berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa: berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
Berariazko zatia.
I. MULTZOA.–PENTSAMENDU SOZIOLOGIKOAREN GARAPENA.
1. gaia.–Teoria soziologiko klasikoak. Oinarriak eta erreferentziako egileak.
2. gaia.–Egungo teoria soziologikoak. Oinarriak eta erreferentziako egileak.
3. gaia.–Dialektika, alienazioa eta gizarte kapitalisten egiturak. Marx eta Frankfurteko eskola (Marcuse, Adorno, Horkheimer).
4. gaia.–Gertakari sozialak, lanaren banaketa eta suizidioa gizarte kapitalistetan (Durkheim).
5. gaia.–Errealitatearen eraikuntza soziala: oinarriak eta garapenak (Max Weber eta Alfred Schutz; Berger eta Thomas Luckmann).
6. gaia.–Metodo soziologikoa (Weber, Durkheim eta Giddens).
7. gaia.–Eguneroko bizitza, aurkezpen soziala, egitura eta erakunde sozialak (Mead, Goffman eta Simmel).
8. gaia.–Interakzio soziala, egitura sozialak eta kapital sozialaren eraikuntza (G. Simmel, R. Collins, P. Bourdieu).
9. gaia.–Klasea, estratifikazioa eta desberdinkeria. Klasearen, generoaren eta mugikortasun sozialaren teoriak eta neurriak (Marx, Weber, Wright, Goldthorpe, Dahrendorf, Offe).
10. gaia.–Gizarte-ekintzaren eta -komunikazioaren teoriak (M. Weber, T. Parsons eta J. Habermas).
11. gaia.–Soziologia fenomenologikoa eta etnometodologia (A. Schutz, H. Garfinkel eta G. Ritzer).
12. gaia.–Egitura, agentzia eta erreprodukzio soziala (P. Bourdieu eta A. Giddens).
13. gaia.–Instituzioak eta instituzionalizazio-prozesuak (E. Goffman, M. Foucault, F. Dubet).
14. gaia.–Lotura sozialen prekaritatea eta indibidualizazioa (Z. Bauman, U. Beck eta A. Giddens).
15. gaia.–Egungo teoria feminista. Gai teoriko nagusiak eta egungo aldaera teorikoak.
16. gaia.–Teknopolitika, sareak eta kolonialitate digitala: boterea eta identitatea sareko gizartearen aroan (M. Castells, B. Latour, B. Wellman, W. Mignolo).
17. gaia.–Hezkuntza eta igogailu soziala, berrikuspen kritikoak: aukera-berdintasunaren mitoa (Bourdieu eta Passeron; Bowles eta Gintis, Boudon).
18. gaia.–Osasunaren soziologia: trantsizio demografikoa, klima-aldaketa eta zainketak (Y. Herrero, S. Harper, R. Muttarak, C. Possas).
19. gaia.–Emozioen soziologia: intimitatearen merkantilizazioa, indibidualizazioa eta hauskortasun afektiboa, eta identitatearen ekoizpen kolektiboa eta populismoak (Beck & Elisabeth Beck-Gernsheim; E. Illouz, A. Hochschild).
20. gaia.–Mcdonalizazioa, entusiasmoa eta uberizazioa (G. Ritzer, J. Rifkin, R. Zafra, Bossat).
21. gaia.–Zaintza algoritmikoa: biopolitika eta nekropolitika gaur egungo gizartean (Bauman, Butler, Foucault, Mbembe).
II. MULTZOA.–SOZIOLOGIA APLIKATUA: POLITIKAK, PLANAK ETA ESTRATEGIAK.
22. gaia.–Soziologikoki pentsatzea: diskurtsoa, globalizazioa, modernitatea, postmodernitatea, arrazionalizazioa, gizartea, egitura/agentzia.
23. gaia.–Soziologia egitea: tipo ideala, metodo kualitatiboak/kuantitatiboak, errealismoa, gogoeta-gaitasuna, zientzia, eraikuntza soziala.
24. gaia.–Ingurumena eta hirigintza: alienazioa, ingurumena, industrializazioa, migrazioa, arriskua, garapen jasangarria, hirigintza.
25. gaia.–Gizartearen egiturak: burokrazia, kapitalismoa, kontsumismoa, lanaren banaketa, hezkuntza, antolaketa, erlijioa.
26. gaia.–Bizi-aukeretan berdintasunik eza: klasea eta desberdinkeria, generoa, intersekzionalitatea, patriarkatua, pobrezia, "arraza" eta etnikotasuna, mugikortasun soziala, estatusa.
27. gaia.–Harremanak eta bizitzaren bilakaera: komunitatea, familia, bizitzaren bilakaera, sareak, sexualitatea, sozializazioa.
28. gaia.–Elkarrekintza eta komunikazioa: kultura, identitatea, ideologia, elkarrekintza, komunikabideak, eremu publikoa.
29. gaia.–Osasuna, gaixotasuna eta gorputza.
30. gaia.–Delitua eta kontrol soziala: anomia, desbideratzea, etiketatzea, izu morala, justizia errestauratiboa, kontrol soziala.
31. gaia.–Soziologia politikoa: dominazioa, herritartasuna, gizarte zibila, gatazka, demokrazia, estatu-nazioa, boterea, gizarte-mugimendua.
32. gaia.–Ongizatearen estatua: jatorria, garapena eta tipologiak. Ongizatearen estatua Espainian, ereduen testuinguruan.
33. gaia.–Gizarte-bazterketa. Bazterketa aztertzeko eta neurtzeko metodoak. Gizarte-bazterketaren ezaugarri nagusiak Nafarroan.
34. gaia.–Adinekoen beharrak eta eskakizunak: zainketa-sistema Espainian eta Nafarroan.
35. gaia.–Eskubideak, bizi-kalitatea eta haurrendako arreta.
36. gaia.–Gazteria eta emantzipazioa. Emantzipazio-prozesuetan eragina duten faktoreak, kontzeptualizazioa eta haiek neurtzeko metodologia.
37. gaia.–Gazteak eta lan-merkatua Espainian eta Nafarroan. Adierazleak, iturriak eta laneratzeari eragiten dioten gizarte-aldaketa nagusiak.
38. gaia.–Immigrazioa Espainian: ondorioak eta aukerak.
39. gaia.–Kontsumo-ohitura berriak, aldaketa sozialak eta teknologikoak.
40. gaia.–Emakumeak, lanak eta zainketak: proposamenak eta etorkizunerako perspektibak.
41. gaia.–Osasun-sistema: egungo egoera eta etorkizunerako perspektibak.
42. gaia.–Landa-ingurunea eta haren gizarte- eta lurralde-egituraketa.
43. gaia.–Nafarroako Boluntariotzaren III. Plana (2024-2027).
44. gaia.–Nafarroako Estrategia Jasangarria 2030.
45. gaia.–Nafarroako despopulazioaren aurkako estrategia.
46. gaia.–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako Nafarroako plan estrategikoa.
47. gaia.–Berrikuntza soziala: garrantzia, kontzeptu-esparrua eta artearen egoera.
48. gaia.–Partaidetza eta berrikuntza soziala.
49. gaia.–Nafarroako Gobernuaren zerbitzuak sinplifikatzeko laguntza-eskuliburua.
50. gaia.–Tokiko komunitateetan kulturarteko bizikidetza sustatzeko parte-hartzeari buruzko gida. Nafarroako Gobernua.
51. gaia.–Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Borrokarako Nafarroako Plana (2021-2026).
52. gaia.–Esku-hartze publikoa diseinatzeko eta planifikatzeko gida orokorra. Nafarroako Gobernua.
53. gaia.–Gizarte-politikak ebaluatzeko gida. Nafarroako Gobernua.
54. gaia.–Nafarroako Gobernuaren ebaluagarritasun-gida.
55. gaia.–Prospektiba estrategikoa: jatorriak, funtsezko kontzeptuak eta praktikaren hastapenak. Prospektiba estrategikoaren tresna-kutxa.
III. MULTZOA.–IKERKETA SOZIALERAKO TRESNAK.
56. gaia.–Analisi demografikoa. Osagai demografikoak. Kontzeptuak eta neurriak.
57. gaia.–Iturri demografiko nagusiak. Onura. Edukiak.
58. gaia.–Biztanleriaren mugimendu naturala: jaiotza-tasa, hilkortasun-tasa, biztanleriaren hazkundea (faktore sozialak eta biologikoak). Nafarroako biztanleriaren dinamika.
59. gaia.–Biztanleriaren proiekzioak. Zenbatesteko prozedurak eta metodoa. Errolda arteko zenbatespenak.
60. gaia.–Adierazleak: eraikuntza, erabilera egokia eta alderagarritasuna esparruz esparru. Adierazle-sistemak.
61. gaia.–Gizarte-ikerketa. Ikerketaren perspektibak. Ikerketa baten diseinua: etapak eta motak.
62. gaia.–Neurketa gizarte-zientzietan. Kontzeptuen operazionalizazioa. Neurketa-mailak. Baliozkotasuna eta fidagarritasuna.
63. gaia.–Metodo kuantitatiboak eta metodo kualitatiboak.
64. gaia.–Metodologia dialektikoa: oinarriak eta garatzeko teknikak.
65. gaia.–Ikerketa, ekintza eta parte-hartzea: etapak eta garatzeko faseak.
66. gaia.–Ikuspegi kualitatiboa: behaketa (parte-hartzailea eta ez parte-hartzailea), banakako eta taldeko elkarrizketak (foku-taldea), bizi-istorioak eta eztabaida-taldeak.
67. gaia.–Ikuspegi kuantitatiboa. Datu-iturriak: inkesta eta galdetegia. Datuak euskarri elektronikoarekin biltzeko moduak (CAPI, CATI, CAWI). Iturri administratiboak. Alde onak eta txarrak. Erabilerak.
68. gaia.–Teknika ezberdinen bidez lortutako informazioa eta emaitzak integratzea: dikotomia kualitatiboa/kuantitatiboa hausnarketa soziologikotik. Triangulazioa.
69. gaia.–Datu-iturriak: inkestak, administrazio-erregistroak, datu-meatzaritza.
70. gaia.–Iturri estatistiko publikoak erabiltzea. Behatokiak eta hedapenerako atariak.
71. gaia.–Datu irekiak eta informazio publikoa berrerabiltzea tokiko plangintzarako.
72. gaia.–Lagina: teoria eta aplikazioa. Aztertutako unibertsoa, laginaren tamaina, laginketa-errorearen kontzeptua eta aztergai diren unitateen hautaketa (laginketa motak).
73. gaia.–Aldagai bakarreko estatistika deskribatzailea: banaketak, joera zentrala eta barreiadura. Bi aldagaiko estatistika: taulak eta elkartze-neurriak.
74. gaia.–Inferentzia estatistikoa. Parametroak kalkulatzea eta hipotesiak egiaztatzea. Konfiantza-tarteak.
75. gaia.–Aldagai anitzeko analisia. Definizioa eta sailkapena.
76. gaia.–Informatika eta datuen analisia. Estatistika-programen paketeak: datuak tratatzeko tresnak (Excel, SPSS, SAS, R+, PYTHON...).
77. gaia.–Datuak bistaratzea: zer den, metodologia, grafikoak, diseinuaren printzipioak.
78. gaia.–Internet eta ikerketa soziala Big Dataren aroan: iturriak, erauzketa, datuen tratamendua.
II. ERANSKINA.–SOZIOLOGOEN PLAZA HUTSAK
PLAZA | DEPARTAMENTUA | ATXIKIPEN-ESPARRUA | ARAUBIDE | HERRIA | SEXU-DELITUEN ZIURTAG. | HIZKUNTZAK | GIDABAIMENA |
9271 | LEHENDAKARITZA ETA BERDINTASUN DEPARTAMENTUA | POLITIKA PUBLIKOEN PLANGINTZA, KOORDINAZIO, BERRIKUNTZA ETA EBALUAZIOKO ZUZ. NAG. | FUNTZIONARIOA | IRUÑA | |||
10123 | ETXEBIZITZAKO, GAZTERIAKO ETA MIGRAZIO POLITIKETAKO DEPARTAMENTUA | NAFARROAKO GAZTERIAREN INSTITUTUA | FUNTZIONARIOA | IRUÑA | X | ||
11027 | LEHENDAKARITZA ETA BERDINTASUN DEPARTAMENTUA | POLITIKA PUBLIKOEN PLANGINTZA, KOORDINAZIO, BERRIKUNTZA ETA EBALUAZIOKO ZUZ. NAG. | FUNTZIONARIOA | IRUÑA | B | ||
11245 | LEHENDAKARITZA ETA BERDINTASUN DEPARTAMENTUA | ANALISI ETA PROSPEKZIO BULEGOA | FUNTZIONARIOA | IRUÑA | |||
12115 | ETXEBIZITZAKO, GAZTERIAKO ETA MIGRAZIO POLITIKETAKO DEPARTAMENTUA | MIGRAZIO POLITIKETAKO ZUZ. NAG. | FUNTZIONARIOA | BURLATA | B | ||
71881 | OSASUN DEPARTAMENTUA | OSASUN PUBLIKOAREN ETA LAN OSASUNAREN INSTITUTUA | FUNTZIONARIOA | IRUÑA | |||
73092 | OSASUN DEPARTAMENTUA | OSASUN PUBLIKOAREN ETA LAN OSASUNAREN INSTITUTUA | FUNTZIONARIOA | IRUÑA |
Iragarkiaren kodea: F2602748
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
