Iragarkia
47. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 5a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ANTSOAIN
Oposizio-lehiaketa, udaltzain-agenteen bi plaza betetzeko
Antsoaingo Udaleko Gobernu Batzarrak, 2026ko otsailaren 13an hartu erabaki baten bidez, deialdi bat onetsi zuen, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko udaltzain-agenteen bi plaza, Antsoaingo Udaltzaingokoak.
Prozedura hori honako arau hauen mende egonen da: 23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa; 718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, onesten duena Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honen oinarriak.
Antsoainen, 2026ko otsailaren 13an.–Alkatea, Marta Díez Napal.
OINARRIAK
1. oinarria.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da udaltzain-agenteen bi plaza oposizio-lehiaketa bidez betetzea, Antsoaingo Udalean jardun dezaten. Honako txanda hauetan banatuta daude, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikuluan ezarritakoarekin bat (Legegintzako Foru Dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina):
–1 plaza txanda irekian.
–1 plaza igoera-txandan.
Deialdiko lanpostu hutsak hauek dira:
PLAZA ZENBAKIA | HIZKUNTZA ESKAKIZUNA |
4013 | Euskara, merezimendua |
Zehaztu beharrekoa | Euskara, C1 |
1.2. Igoera-txandako plaza txanda irekikoari gehituko zaio, baldin bete gabe gelditzen bada, izangaiek ez dutelako eskuratu hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa.
1.3. Halaber, igoera-txandan hutsik dauden plazak baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditurik ere plazarik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, lehia garbian txanda horretako izangaiekin eta lortutako azken puntuazioaren arabera (horretarako baturik jakite mailako hautaprobetako puntuazioa, proba fisikoetakoa eta proba psikoteknikoetakoa, eta kasua bada, euskaraz jakiteagatik gehitutako balioa).
1.4. Izendatzen diren izangaiek beteko dituzte udaltzain-agenteen berezko eginkizunak, eta izanen dituzte dagozkion eskubide eta betebeharrak, zeinak ezarrita baitaude Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean. Gainera, C mailan sailkatuko dira, foru lege horretan ezarritako mailen artetik.
1.5. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.
2. oinarria.–Aplikatu beharreko araudia.
Prozedura hau eginen da honako arau hauei jarraikiz: 23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa; 718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, onesten duena Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; 103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako Administrazio Publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honen oinarriak.
3. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
3.1. Txanda irekia.
Oposizio-lehiaketa honetan txanda irekian onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea.
b) 18 urte beteak izatea, eta ez izatea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina, indarrean dauden legeekin bat.
c) Honako titulu hauetako bat edukitzea edo eskuratzeko moduan egotea, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean: Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokide deklaratutako bat.
Atzerrian eskuratutako titulua izanez gero, haren homologazioa frogatzen duen agiria eduki beharko da eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunean.
d) Behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak betetzeko, eta ez sartzea deialdiaren IV. eranskinean ageri diren baztertzeko arrazoi medikoetan.
e) Izangaia dolozko delitu batengatik kondenatua ez izatea, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.
f) A2 eta B motako ibilgailuak gidatzeko gidabaimenak izatea, indarrean.
g) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa. Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez adieraziko da.
h) Berariazko euskara-eskakizuna duten plazen kasuan, euskara-titulua izatea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren baliokidea.
Frogatzen ahalko da, orobat, eskatutako jakite-mailaren proba espezifikoa eginez, bat etorriz Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean ezarritakoarekin.
3.2. Igoera-txanda.
Txanda irekiko izangaiei eskatutako baldintzez gain, honako baldintza hauek ere bete behar dituzte:
a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea eta administrazio publikoetan aitortutako bost urteko antzinatasuna frogatzea, salbu eta Nafarroako polizietako edo Nafarroako beste udaltzaingo-zerbitzu batzuetako kideak, zeinek frogatu beharko baitituzte zortzi urteko benetako zerbitzuak Nafarroako polizietako kide gisa.
b) Abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona zerbitzuak egiten ari baldin bada Antsoaingo Udaleko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.
c) Deialdiko plaza hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.
3.3. Baldintza horiek guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, 3.1.f) oinarrikoa izan ezik; hari dagokionez, aski izanen da betetzen hastea oinarrizko prestakuntza-ikastaroa egiteko (deialdiaren 7.3.5 apartatua) izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako.
4. oinarria.–Eskabideak.
4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak zer epetan eta non aurkeztu behar diren:
Eskabideak lotu beharko zaizkio deialdiaren aipamenean eskuragarri dagoen ereduari (https://sedeelectronica.ansoain.es/tablondeanuncios/). Eskabideetan izangaiek adierazi beharko dute deialdian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eskabide-eredua eskuratzen ahalko da, halaber, Antsoaingo Udaleko Erregistro Orokorrean (Herritarren Arretarako Bulegoa), Udaletxeko plaza z.g., 31013.
Parte hartzeko eskabideak Antsoaingo Udalaren erregistro elektronikoan aurkeztu beharko dira, Udalaren egoitza elektronikoan: https://sedeelectronica.ansoain.es, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez, 20 egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
Eskabidea aurkezten bada 39/2015 Legean ezarritako beste erregistroren batean, eta eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barnean, personal@ansoain.es helbide elektronikora igorri beharko da deialdian parte hartzeko eskabidea, eta adierazi beharko da zer erregistrotan aurkeztu den dokumentazio osagarria.
Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztu behar da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, hura ziurtatu aurretik.
Eskabideak aurkeztuko dira deialdi honen I. eranskineko ereduari jarraikiz. Eskabidean izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatzen diren baldintza guzti-guztiak hautapen-prozesuan parte hartzeko.
Noiznahi zuzentzen ahalko dira eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, ofizioz nahiz interesdunak eskaturik.
4.2. Tasak.
Hautapen-prozesuan parte hartu ahal izateko, izangaiek 10,90 euro ordaindu beharko dituzte, espedientea formalizatzeagatik eta azterketa eskubideengatik. Tasa hori ordaindu beharko da diru-sarrera eskudirutan eginez edo bankuko transferentzia bidez eginez, kontu zenbaki honetan: ES 51 2100 5198 04 2200091055 (La Caixa). Horrelakoetan, ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:
–Izangaiaren izen-deiturak.
–NANa/IFZa.
Azterketa eskubideen tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean (3. ordenantza fiskala) ezarritakoaren arabera, tasa ordaintzetik salbuetsita egonen dira langabezian dauden izangaiak, baldin eta frogatzen badute dagokien enplegu-bulegoak emandako ziurtagiri baten bidez.
Ziurtagiri horretan, jaso beharko da langabe gisa inskribatu zen data, eta berariaz adierazi beharko da inskripzio-aldian ez dela lan-eskaintza egokirik baztertu eta ez zaiola uko egin lanbide-sustapeneko, -prestakuntzako edo -birmoldaketako ekintzetan parte hartzeari, salbu justifikatutako arrazoirik egonez gero.
Dagokion tasa ez ordaintzea izangaia hautapen-prozesutik baztertzeko arrazoitzat hartuko da, eta azterketa-eskubideen tasa ordaintzeak ez du ordeztuko, inola ere, eskabidea garaiz eta behar bezala aurkezteko izapidea.
Ez da azterketa eskubiderik itzuliko, baldin izangaia baztertzen bada interesdunari egozten ahal zaion arrazoiren batengatik; esaterako, baldintzak ez betetzeagatik edo deialdian eskatutako agiriak ez aurkezteagatik.
4.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Parte hartzeko I. eranskineko eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, eskaneaturik:
a) Indarreko NANaren edo pasaportearen fotokopia.
Europar Batasuneko beste estatu kideetako izangaien kasuan, jatorrizko herrialdeko nortasun agiri balioduna, indarrean dagoena, non agertu beharko baita titularraren nazionalitatea, edo pasaportea.
Espainiako herritarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarren ezkontide direnek, herritar horien ondorengoek eta –zuzenbidez bananduta ez badaude– ezkontidearen ondorengoek, 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak, baldin haien kontura bizi badira, pasaportea eta Europar Batasunean bizi den baten ahaide izatearen txartela; betiere, ez badira Europar Batasuneko estatu bateko herritarrak (hala izanez gero, aurreko apartatuan azaldutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute).
b) Hala badagokio, euskarazko jakite-mailaren ziurtagiria, baldin eta hizkuntza-eskakizuna duen plaza lortu nahi bada edo euskarazko jakite-maila baloratzea nahi bada, merezimendu gisa hartzen duen plazan.
c) Tasa ordaindu izanaren egiaztagiria edo hori ordaintzetik salbuetsita egotea frogatzen duen agiria.
d) %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu beharko dute:
–Organo eskudunak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona, hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
Egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek (probak egiteko denboretan eta/edo baliabideetan) komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.
e) Deialdian igoera-txandan parte hartzea eskatzen duten izangaiek, Antsoaingo Udala ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoak badira, eskabideari erantsi beharko diote abiaburuko lanpostua, maila eta bertan duten antzinatasuna frogatzen dituen agiria; zein administraziotakoak diren, hartan ziurtagiriak emateko eginkizuna esleitua duen organoak eman beharko du.
4.4. Aurreko apartatuetan ezarritakoa betetzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.
4.5. Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
4.6. Izangaiek helbide elektroniko bat adieraziko dute eskabidean, jakinarazpenak jasotzeko.
4.7. Aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira onartuko deialdian, eta ordura arteko jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.
5. oinarria.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.
5.1. Eskabideak aurkezteko epea buruturik, alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Antsoaingo Udalaren egoitza elektronikoan.
5.2. Behin-behineko zerrenda Antsoaingo Udalaren egoitza elektronikoan argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, aditzera emanik, orobat, deialdi honetan ezarritako proba teorikoa egiteko lekua, eguna eta ordua. Ebazpen hori Antsoaingo Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.
5.4. Ez da itzuliko ordaindu dena funtzio publikora sartzeko eta bertan jarduteko hautapen-prozesuetan parte hartzeko eskubideengatik, baldin eta izangaiak bazter gelditzen badira haiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.
5.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, izangaiek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
6. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.
6.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: Marta Díez Napal, Antsoaingo Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Jon Garai Vales, Antsoaingo Udaleko zinegotzia.
–Epaimahaikidea: Xabier Martínez Urroz, Antsoaingo Udaltzaingoko burua.
Ordezkoa: Juan Ceballos Itoiz, Berriozarko Udaltzaingoko burua.
–Epaimahaikidea: Sandra Irazábal Notivoli, Zizur Nagusiko Udaltzaingoko burua.
Ordezkoa: Sandra Urrutia Olleta, Zizur Nagusiko Udaltzaingoko bitarteko agente lehena.
–Epaimahaikidea: Mikel Merlo Salinas, langileen ordezkariek izendatua.
Ordezkoa: Javier Urtiaga Sanz, langileen ordezkariek izendatua.
–Idazkaria: M.ª Pilar Montañés Alsasua, Antsoaingo Udaleko Giza Baliabideetako zuzendaria.
Ordezkoa: Ainara Armendariz Castién, Antsoaingo Udaleko idazkaria.
6.2. Eraketa eta jarduna.
Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek.
Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira urriaren 1eko 40/2015 Legeren 23. artikuluan abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
Kalifikazio-epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du proba batzuetarako edo guztietarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez diote laguntza emanen kalifikazio-epaimahaiari.
7. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.
7.1. Oposizioa 2026ko maiatzetik aurrera hasiko da. Oposizioak, lehen fasean, hautapenaldia izanen du, eta horren barnean, proba baztertzaileak eginen dira: II. eranskineko gai zerrendari buruzkoa, gaitasun fisikoa neurtzekoak, proba psikoteknikoa eta proba medikoa: Bigarren fasean, oinarrizko prestakuntza-ikastaro bat gainditu beharko da.
7.2. Deialdi bakarra eginen da hautapenaldiko probetarako, eta izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oro har, oposiziotik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.
Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan, eta bost eguneko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkez ditzaten. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan argitaratuko; proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak adieraziko dira –behar dena–, bai eta hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.
7.3. Prozeduraren faseak, dokumentazioa, ikastarorako behin betiko onarpena, praktiketako funtzionarioen izendapena eta prestakuntza-ikastaroa.
7.3.1. Prozeduraren faseak:
Oposizioaldiak honako proba hauek izanen ditu, hurrenkera honetan:
a) Proba teorikoa: test motako ariketa bat egin beharko da, II. eranskineko gai-zerrendan azaltzen diren gaiei buruzkoa. 80 galdera teoriko-praktikoko sorta bati erantzun beharko zaio idatziz. Galdera guztietan hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da balioduna. Erantzun baliodun bakoitzak 0,875 puntuko balorazioa izanen du, eta erantzun okerrek 0,35 puntuko balorazio negatiboa izanen dute.
Lehen ariketa egiteko, izangaiek 90 minutu izanen dituzte, gehienez. Proba honetan 70 puntu lortzen ahal dira gehienez. Bazterturik geldituko da proba honetan gutxienez 35 puntu lortzen ez dituen izangaia.
Proban, erreserbako zortzi galdera gehigarri izanen dira, azterketako galderaren bat kendu behar bada ere, akatsa izateagatik.
Hala ere, epaimahaiaren ustez galdera oker gehiago badago, kendu eginen dira, eta ez dira kontuan hartuko azterketa zuzentzeko. Kasu horretan, galdera eta akats bakoitzaren balioa proportzioan handituko da, 70 puntuak banatuko baitira galdera baliodunen kopurua kontuan hartuta.
Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.
b) Euskarazko jakite-mailaren proba, C1 hizkuntza-eskakizuna frogatzeko.
Deialdian parte hartzeko eskabidean berariaz eskatzen dutenei, deia eginen zaie C1 hizkuntza-eskakizuna frogatzeko euskara-proba egin dezaten.
c) Gaitasun fisikoa neurtzeko proba: deialdiko III. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitza baztertzailea izanen da.
Gehienez txanda irekiko 20 izangairi deituko zaie gaitasun fisikoa neurtzeko proba hau egitera, eta, horietatik, gutxienez 10 izangaik bete beharko dute euskarako C1 jakite-maila izateko baldintza (baldin horrenbeste izangaik betetzen badute proba teorikoa gainditu dutenen artean). Hortaz, baldin txanda horretan proba teorikoan eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortu dutenak kopuru hori baino gehiago badira, kalifikaziorik handienak lortutakoak baino ez dira iraganen aipaturiko probara. Azken postuan kalifikazio bera duten izangai bat baino gehiago badaude, berdinduta dauden guztiek egiten ahalko dituzte proba fisikoak. Txanda irekiko gainerako izangaiak deialditik baztertuta geldituko dira.
Txanda irekiko izangai batek ere ez badu gainditzen proba fisikoa, dei eginen zaie hurrengo 20 izangaiei, proba teorikoan lorturiko puntuazioaren ordenan.
Proba teorikoa gainditu duten igoera-txandako izangai guztiek eginen dituzte proba fisikoak.
Ariketa bakoitza "gai" edo "ez gai" gisa puntuatuko da, eta horietako bakoitza baztertzailea izanen da. Deialdiko III. eranskinean ezartzen diren gutxieneko markak gainditzen ez dituzten izangaiei "ez gai" kalifikazioa emanen zaie, eta orobat, dopinaren kontrako kontrolen batean positiboa ematen dutenei edo kontrol horri uko egiten diotenei.
Izangaiak behartuta egonen dira dopinaren kontrako kontrola egitera, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Behar den organo espezializatuak eginen ditu analisiak, jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko. Hala, debeku dira hainbat substantzia, gai farmakologiko, dopin-metodo eta manipulazio. Horiek guztiak jasota daude Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzaren 2025eko abenduaren 2ko Ebazpenaren I. eranskinean; ebazpen horren bidez onetsi zen kirolean debekatuta dauden substantzia eta metodoen zerrenda (2025eko 295. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abenduaren 9koa).
Debekatuta dagoen edozein substantzia hautemanez gero, ukitutako izangaia hautapen-prozesutik baztertuko da, deusetan galarazi gabe izangaiak kontraanalisia egin diezaiotela eskatzeko duen eskubidea, ez eta kalifikazio-epaimahaiari bidezko alegazioak aurkezteko aukera ere.
Proba fisikoak hasi baino lehen, izangaiek erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko dute. Bertan berariaz adieraziko dute badituztela proba egiteko baldintza fisiko eta osasun-baldintza nahikoak. Adierazpen hori epaimahaiari emanen zaio deia egiten den unean. Proba egiteko eskubidea galduko dute adierazpena sinatzen ez dutenek edo hura sinatzeko moduan ez daudenek, eta prozesutik kanpo geldituko dira, ondorio guztietarako.
Oinarri honetan jasotako proba fisikoak grabatzen ahalko dira ikus-entzunezko bitartekoak baliatuz. Horren helburu bakarra izanen da epaimahaiari lagungarri izatea proben teknika eta gauzatze egokia epaitzeko, salbu kronometriari dagokionez.
Hori deusetan galarazi gabe, federazioetako epaileek gainbegiratu eta erabakiko dute ea probak oinarri hauetan ezarritakoari jarraikiz egiten diren, bai eta puntuazioak oinarri hauen arabera ematen diren ere.
d) Proba psikoteknikoa: hainbat proba eginen dira, zehazteko izangaia zer neurritan egokitzen den lanpostuaren profil profesionalaren eskakizunetara. Proba horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak eginen ditu, edo hark izendatutako langileek, eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako. Gaitasun-proba psikoteknikoa 0 puntutik 30era bitarte kalifikatuko da. Bazterturik geldituko dira gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
Proba fisikoak gainditzen dituzten izangai guztiek eginen dituzte gaitasun psikoteknikoaren probak.
Proba honela eginen da:
–Profil profesiografikoa zehaztea: profil hori proposatuko dute NAPIko Psikologia Aplikatuaren Atalak eta deialdiko kalifikazio-epaimahaiak, edo hark izendatutako langileek. Azken kasu horretan, lanpostuaren beharrak eta eskakizunak ezagutu beharko dituzte. Analisi horretatik abiatuta, zehaztuko dira ebaluatu beharreko faktoreak edo gaitasunak, bai eta eginkizunak behar bezala gauzatzeko beharrezkoak diren eskakizunak ere. Profil profesiografikoaren proposamena epaimahaiari helaraziko zaio, probak hasi aurretik onar dezan.
Kalifikazio-epaimahaia, probak egin aurretik, arduratuko da garrantzizkotzat jotzen diren afera guztiak bitarteko egokien bidez argitaratzeaz. Horretarako, NAPIko arlo psikoteknikoko teknikariekin koordinatuko da, eta horiek emanen dizkiote profilean jasotako eta baloratu beharreko faktoreak, bai eta zuzentzeko eta kalifikatzeko irizpideak ere.
Probak bi zati izanen ditu:
–Lehenbizikoan, ariketa psikotekniko bat edo batzuk eginen dira. Galde-sortak izanen dira, oro har nortasunari buruzkoak edo laneko gaitasunei eta/edo trebetasunei buruzkoak.
–Eta bigarrenean, banakako elkarrizketa pertsonala eginen da, eta/edo taldean egin beharreko lan bat, eta, hala, alderaketa eginen da lehen zatiko galde-sortarekin.
e) Proba medikoak. Proba psikoteknikoak gainditzen dituzten izangaiei, deialdiko plazak baino gehiago badira eta kalifikazio-epaimahaiak zehazten duen kopuruan, proba medikoak egitera dei eginen zaie, gaitasun psikofisikoa egiaztatu beharrez, deialdiko 3.1 apartatuko d) letran ezarritakoari jarraikiz.
Osasun-azterketa eginen du Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak (Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua, Lan Osasunaren Zerbitzua) edo, hala behar bada, behar bezala akreditatutako kanpoko entitate batek, eta horren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako.
Proba medikoetan izangaiei "gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen zaie. "Gai" kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.
f) Puntuazio erantsia euskara jakiteagatik:
4013 plazaren puntuazio erantsia euskara jakiteagatik. Gehieneko 100 puntuko puntuazioari gehienez 2,10 puntuko balorazioa gehituko zaio, izateagatik ofizialki akreditatutako erakundeek emandako ziurtagiria edo titulua euskararen jakite-mailari buruz, Europako Erreferentzia Esparruaren arabera; betiere, honako baremo honi jarraikiz:
–A1 maila: 0,42 puntu.
–A2 maila: 0,84 puntu.
–B1 maila: 1,26 puntu.
–B2 maila: 1,68 puntu.
–C1 maila: 2,10 puntu.
Deialdian parte hartzeko eskabidean berariaz eskatzen dutenei, deia eginen zaie jakite-maila frogatzeko euskara-proba egin dezaten.
7.3.2. Plazak hautatzea.
Hautaketa ekitaldia eginen da prestakuntza-ikastaroa egin aurretik, horrela zehazki jakinen baita nor sartuko den bete beharreko plazetan.
Ekitaldi horren helburua da azkenean dauden plazak betetzea, oposizio-lehiaketaldiko probetan lortutako puntuazio handienaren arabera.
Epaimahaiak bi zerrenda eginen ditu horretarako, guztizko puntuazio handienetik txikienera ordenatuta: bat, igoera-txandako plazarako izangaiena, eta beste bat, izangai guztiena. Dei egiten hasiko da, ordenaren arabera, lehenik igoera-txandako zerrendan agertzen direnei, txanda horretako plaza hutsak esleitzeko. Plaza horiek bete ondoren, gauza bera eginen da izangai guztiak jasotzen dituen zerrendarekin, kenduta igoera-txandan plaza lortu dutenak, txanda irekiko postuak betetzeko.
Ekitaldi horretan lanpostua adjudikatzen zaien izangaien zerrendan agertzen direnak behin-behinean proposatuko dira oinarrizko prestakuntza-ikastarorako. Proposatutakoen kopurua ez da inola ere izanen deialdiko lanpostu kopura baino handiagoa. Epaimahaiak argitara emanen du zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, zehaztuta bakoitzaren kalifikazio orokorrak.
Izangaien arteko puntuazio-berdinketak ebaztea: berdinketarik gertatuz gero puntuazio osoan, ebatziko da lehen proban (teorikoa) puntu gehien lortu dutenen alde, eta, berdinketak badirau, aintzat hartuko dira proba psikoteknikoan lortutako puntuazioak. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, zozketa bakarra eginen da hura hausteko, epaimahaiak berariaz antolatuko duen jendaurreko ekitaldi batean. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren deiturak eta izena.
7.3.3. Dokumentazioa eta ikastarorako behin betiko onarpena.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartu ahal izateko, behin-behinean onartutakoek frogatu beharko dute deialdiaren 3.1 apartatuko c), e) eta f) baldintzak betetzen dituztela, hamar egun naturaleko epean, ikastaro horretarako onartutakoen behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan argitaratzen denetik hasita. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Antsoaingo Udaleko Erregistro Orokorrean, epaimahaiko idazkariari zuzendurik:
–NANaren fotokopia konpultsatua, bi aldeena.
–Batxilergoko edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketako tituluaren edo horien balio bereko tituluaren fotokopia konpultsatua, bi aldeena.
–Euskara-tituluaren fotokopia konpultsatua, bi aldeena.
–Deialdian eskatutako gidabaimenen fotokopia konpultsatua, bi aldeena.
–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela dolozko delitu bat dela kausa kondenatua izan, ez dela administrazio publiko baten zerbitzutik kendua izan, eta ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, deusetan galarazi gabe delitu-aurrekarien deuseztapena aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.
–Justizia Ministerioaren mendeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, frogatzen duena ez dagoela izangaiaren aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.
–Erantzukizunpeko adierazpena, zeinaren bidez konpromisoa hartzen baita armak eramateko eta, behar denean, horiek erabiltzeko.
–Hala behar denean, deialdiko 8.2 apartatuaren laugarren paragrafoan aipatzen den aukeraz baliatzeko agiria.
Aurreko izapideak eginik, epaimahaiak behin betiko zerrenda argitaratuko du, puntuazio handienetik txikienera, adierazita zer izangai onartu diren oinarrizko prestakuntza-ikastaroan.
Baldin udaltzainendako oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinean onartutako izangairen batek ez badu aurkezten eskatutako dokumentazioa, edo ez badu osasun-azterketa gainditzen, behin betiko zerrendan ordeztu eginen da, probak gainditu eta eskatzen diren baldintzak beteta puntuazio handiena duen izangaiarekin.
7.3.4. Praktiketako funtzionarioen izendapena.
Polizia izateko oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartzen duten izangaiak Antsoaingo Udaleko praktiketako funtzionario izendatuko dira Alkatetzaren ebazpen baten bidez, salbu aurretik Nafarroako Administrazio Publiko bateko funtzionarioak direnak.
7.3.5. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa.
Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du oinarrizko prestakuntza-ikastaroa, eta baztertzailea izanen da; hala, izangaiak ikastaroko alor guztiak gainditu beharko ditu. Ikastaroa jarraikiko zaio irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuari eta aplikagarriak diren gainerako xedapenei (aipatutako foru dekretuak onetsi zuen Nafarroako Segurtasun Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua).
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan, izangaiak kalifikatu dira guztira lorturiko puntuazioaren ordenan, eta Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emaniko kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio-epaimahaiarendako. Eskolak kalifikazio horiek emanen ditu, hain zuzen, deialdi honetan ezarritako eta lehen aipatutako balorazioari jarraikiz. Horrenbestez, baztertu eginen dira oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez dituzten izangaiak.
Bat etorriz azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34.3 eta 45.3 artikuluekin, izangairen batek gainditu badu deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, aski izanen du Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ikastaro hori baliozkotzea. Horretarako, ziurtagiri ofizial bat aurkeztu beharko du, frogatzen dituena, alde batetik, ikastaroetako edukiak berdinak edo baliokideak direla, eta bestetik, baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Ziurtagiri hori Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, interesdunak eskatuta. Halaber, Nafarroako Segurtasun Eskolari dagokio beste ikastaro eta diploma batzuk osotasunean edo zati batean baliokidetzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenean, edo Nafarroako Segurtasun Eskolak berak lehenago, baldin eta edukiak baliokideak badira. Halakoetan, kasua bada, kalifikazioa ere emanen du.
Izangaiak, prestakuntza-ikastaroak dirauen bitartean, C mailaren hasierako soldata jasoko du, bai eta familia-laguntza ere, hala badagokio.
Ikastaroa egiteko onartutako izangaiak lehendik funtzionario badira, jarduneko administrazio-egoeran mantenduko dira ikastaroak dirauen bitartean, erregelamenduz ezartzen diren baldintzen arabera. Langile horiek eskubidea izanen dute graduari eta antzinatasunari dagozkien ordainsariak jasotzeko.
Era berean, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliatuta zeudenak, horrexetan segituko baitute.
Praktiketako funtzionario izateak ez dakar berekin eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Hori gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Epaimahaiak jakinaraziko dio baja hori Udalari.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan onartua izan baino lehen egindako osasun azterketaz gain, ikastaroa egin bitartean edo hura bukatutakoan, izangaiek agintzen zaizkien proba mediko guztiak pasatu beharko dituzte, deialdiaren 3.1.d) apartatuan aipatzen den baldintza betetzen segitzen dutela frogatzeko. Proba horien bidez egiaztatzen bada badela baztertzeko arrazoirik, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja emateko hautapen-prozesuan, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.
Oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditzen duten izangaiek, baldin eta hautapen-prozesuan baja ematen ez bazaie gaitasun psikofisikoa galtzeagatik, praktiketako funtzionarioak izaten segituko dute lanpostuaz jabetu arte.
7.3.6. Azken kalifikazioa.
Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautapen-prozesu osoko puntuazioak batuko dira, alegia, hautapen-fasean eskuratutako puntuazioak eta oinarrizko prestakuntza-ikastaroko puntuazioa.
8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.
8.1. Izendapena.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta gainditu dutenak izendatzeko proposamena igorriko du.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa bukatu, eta izangaiek zin egin edo hitzeman beharko dute Nafarroako Foru Eraentza errespetatu eta defendatuko dutela, Konstituzioari eta legeei men eginen dietela eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko dituztela.
Eskatutako agiriak aurkeztu ondoan, dagokion udalean eskumena duen organoaren erabaki baten bidez, Udaleko udaltzain eta funtzionario izendatuko dira oposizioa gainditzen duten izangaiak, txanden hurrenkeraren eta lortutako azken puntuazioaren arabera, aurreko apartatuan ezarritakoa bete badute.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Behin prestakuntza-ikastaroa bukatu ondoren, eta ikastaroa baliokidetu zaien izangaiak lanean hasi ondoren, jabetza hartzeak berekin ekarriko du une horretara arte edukitako lanpostuari berariaz uko egitea, eta gelditzea lanpostua gorde gabeko borondatezko eszedentziaren egoeran.
8.2. Plazaz jabetzea.
Izangaiek izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko dute plazaz.
Plazaz jabetzeak berekin ekarriko du praktiketako funtzionario izateari uztea.
Ezarritako egunean plazaz jabetzen ez direnek galduko dituzte Antsoaingo Udalean sartzeko eskubide guztiak, ezinbesteko kasuetan izan ezik.
Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xedeko plazetarako izendatuak izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badaude Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean; halakoetan, eta izendatu aurretik, babes-araubide horretan segitzea aukeratzen ahalko dute, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatzea.
9. oinarria.–Datuen babesa.
Datuen tratamenduaren arduraduna: Antsoaingo Udala.
Datuak babesteko ordezkaria: ansoain@ansoain.es.
Helburua: enplegu deialdiak kudeatzea, botere publikoen jardunean.
Oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e artikulua, tratamendua beharrezkoa da, betetzeko eginkizun bat interes publikoaren aldekoa edo botere publikoak erabiliz.
251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.
Datuak zenbat denboraz gordeko diren: datuak edukiko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan bitartean. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Datu-hartzaileak: datuak laga dakizkieke epaile eta auzitegiei eta prozeduran interesdun direnei, indarreko legedia betez, eta argitaratuko dira toki-erakundearen egoitza elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Eskubideak: interesdunek eskubidea dute datuak babestearen arloko eskubideak baliatzeko, erregistrora edo egoitza elektronikora joz.
Interesdunek, orobat, erreklamazioa jar dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan.
10. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, beronen oinarrien edo deialdia bera aplikatzeko egintzen aurka, baldin egintza horiek ez badira kalifikazio-epaimahaiarenak, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.
39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Jarritako errekurtso guztiak eta horien ebazpena argitaratuko dira egoitza elektronikoan, hautapen prozesu honetan interesdun direnei jakinarazteko ondorioetarako.
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA
Eskabide-eredua eskuragarri dago deialdiaren aipamenean (https://sedeelectronica.ansoain.es/tablondeanuncios/).
Eskabide-eredua eskuratzen ahalko da, halaber, Antsoaingo Udaleko Erregistro Orokorrean (Herritarren Arretarako Bulegoa), Udaletxeko plaza z.g., 31013.
II. ERANSKINA.–LEHEN PROBARAKO (TEORIKOA) GAI-ZERRENDA
1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Hitzaurrea. Atariko titulua. I. titulua: Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. III. titulua: Gorte Nagusiak. IV. titulua: Gobernua eta Administrazioa. VI. titulua: Botere Judiziala.
2.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Udalerria. V. titulua: Toki-erakundeei buruzko xedapen komunak. VII. titulua: Toki-erakundeen zerbitzurako langileak. XI. titulua: Zenbait arlotako arau-hauste eta zehapenen tipifikazioa toki-erakundeetan.
3.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. tituluaren barnean: Toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa, I. kapitulua: Udalerriak. III. tituluaren barnean: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea, I. kapituluko 1. atala eta 2. atala: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamendua.
4.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Atariko titulua: Xedapen orokorrak. I. titulua: prozeduran interesdun direnak, I. kapitulua: jarduteko gaitasuna eta interesdunaren kontzeptua. II. titulua: administrazio publikoen jarduera, I. kapitulua: jarduketarako arau orokorrak eta II. kapitulua: epemugak eta epeak. III. titulua: administrazio egintzak, I. kapitulua: administrazio egintzen betekizunak, II. kapitulua: egintzen eraginkortasuna, III. kapitulua: deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. V. titulua: egintzak bide administratiboan berrikustea, I. kapitulua: ofiziozko berrikuspena, eta II. kapitulua: administrazio errekurtsoak.
5.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Funtzionario publikoak. I. kapitulua. Hautaketa. II. kapitulua. Funtzionarioaren izaera hartu eta galtzea. III. kapitulua. Mailak eta graduak. IV. kapitulua. Administrazio karrera. V. kapitulua. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. VI. kapitulua. Administrazio egoerak.
6.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa: atariko titulua: zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa. I. liburua. I. titulua: arau-hauste penala. II. titulua: delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak. III. titulua: zigorrak.
7.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. Antsoaingo Udalaren ordenantza, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako.
8.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa. I. titulua. Xedapen orokorrak. IV. titulua. Emakumeen kontrako indarkeriaren detekzioa eta arreta. VII. titulua. Poliziaren arreta eta babes eraginkorra.
9.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, onesten duena Prozedura Kriminalaren Legea: II. liburua: I. titulua: salaketa. III. titulua: polizia judiziala. VI. titulua: zitazioa, atxiloketa eta behin-behineko espetxeratzea. VIII. titulua: I. kapitulua: toki itxian sartu eta hori miatzea. IV. liburua: prozedura bereziak, II. titulua: prozedura laburtua, II. kapitulua: polizia judizialaren eta fiskaltzaren jarduketak. III. titulua: delitu jakin batzuk azkar epaitzeko prozedura.
10.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, «Habeas Corpus» prozedura arautzen duena.
11.–Azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea, Nafarroako Poliziei buruzkoa.
12.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.
13.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, onesten duena Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina.
14.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, hizpide duena segurtasun indarrek eta kidegoek leku publikoetan bideokamerak erabiltzea.
15.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duena: Atariko titulua. I. titulua: legearen aplikazio eremua. III. titulua: prozeduraren instrukzioa.
16.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena.
17.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, ordutegi orokorra arautzen duena ikuskizun publikoetarako eta josteta jardueretarako.
18.–202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa onetsi eta enpresen eta lokalen erregistroak arautzen dituena.
19.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: II. titulua: datuak babesteko printzipioak. III. titulua: pertsonen eskubideak. IV. titulua: tratamendu zehatzei aplikatu beharreko xedapenak.
20.–Ordenantza, eremu publikoan terrazak eta ostalaritzari zein merkataritzari loturiko bestelako elementuak paratzea arautzen duena.
21.–Ordenantza, autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta gaua pasatzea arautzen dituena.
22.–Udal ordenantza, Antsoaingo udal-mugarteko aisialdiko biltoki iraunkor zein aldi baterakoak arautzen dituena.
23.–Ordenantza, Antsoaingo udalerrian joko eta apustuetarako aretoak ezartzea arautzen duena.
24.–Ordenantza, Antsoaingo bide publikoari buruzkoa.
25.–Udal ordenantza, Antsoaingo Udalean mugikortasuna eta trafikoa arautzen dituena.
26.–Antsoaingo kale-izendegia (udal webgunekoa).
27.–Gaztelaniaren oinarrizko ortografia. Ortografia-arauak. Nola erabili letrak edo grafemak. Nola erabili azentu grafikoa, ortografia-markak eta letra larri eta xeheak. Unitate lexikoen irudikapen grafikoa. Beste hizkuntza batzuetako adierazpenen, izen propioen eta zenbakizko adierazpenen ortografia.
III. ERANSKINA.–BIGARREN PROBARI (GAITASUN FISIKOA) DAGOZKION ARIKETAK
1.–Banku press-a, edo pisua jasotzeko proba, 38 kg gizonendako eta 20 kg emakumeendako.
Deskribapena: banku batean etzanda, ahoz gora, izangaiak 38 edo 20 kiloko pisua goratu beharko du 60 segundoan ahal duen aldi gehienetan. Bi eskuekin goratuko du pisua, barra hartuta sorbalden zabalera baino pixka bat zabalago (barrari esku-ahurraz helduta eta behatzak itxita). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Izangaiek saiakera bakarra izanen dute proba egiteko. Ezin da erabili ez eskularrurik, ez heltzea errazten duen beste edozein substantziarik, ez eta jantzia kendu ere, bizkarra bankuan zuzenean bermatzeko. Kamiseta gorputzari itsatsita gelditzen dela bermatu beharko da; galtzaren barrenetik sartu beharko da.
Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du. Ariketak irauten duen denbora guzti-guztian, oinek lurzorua ukitzen egon beharko dute.
Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetu eginen da, eta, beraz, ez da kontatuko.
Kasu hauetan, ariketa bukatutzat emanen da:
–Izangaiak, ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.
–Oin batek edo biek lurzorua ukitzeari uzten badiote.
Puntuazioa: egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:
ERREPIKAPENAK/PUNTUAZIOAK | EZ GAI |
Gizonak | 30 baino gutxiago |
Emakumeak | 20 baino gutxiago |
2.–Uretako trebetasun-proba (50 metro estilo librean).
Deskripzioa: joan-etorria egin behar da igerian, estilo librean, 25 metroko igeri-ontzi batean.
Ezin izanen da erabili urpeko betaurrekorik, ez eta urpean ibiltzeko beste tresnarik ere, baina bai igeriketa-betaurrekoak. Nahitaezkoa da igeritako txanoa janztea.
Saio bakarra eginen da.
Epaile kronometratzaileak "ya" erratean hasiko da ibilbidea.
Saioa baliogabetzat joko da, eta izangaia baztertuko da, baldin eta izangaiak:
–Kortxo-ilarak edo igerilekuko alboko kaleak nahiz ertza euskarri moduan edo bulkada hartzeko erabiltzen baditu.
–Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz abiada hartzen badu.
–Kalez aldatzen bada.
–Noranzkoa aldatzean horma ukitzen ez badu.
–Baliorik gabeko bi irteera egiten baditu.
Puntuazioa: honako eskala honen arabera puntuatuko da (denbora segundotan neurtua, segundo-ehunenak ez baitira kontuan hartuko):
ERREPIKAPENAK/PUNTUAZIOAK | EZ GAI |
Gizonak | 42" edo gehiago |
Emakumeak | 48" edo gehiago |
3.–Zalutasun proba (Barrow-en testa).
Abiapuntuko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera-marraren atzean.
Nola eginen den: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea "zortzi" baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz osatu beharko dute zirkuitua, lehenik alde batera, eta gero beste aldera (grafikoko A eta B ibilbideak). Izangai bakoitzari bigarren aukera emanen zaio ibilbide bakoitzean, lehenbiziko saioa baliogabetzat hartzen bada.
Saio baliogabea izanen da honako hau gertatzen denean:
a) Izangaiak zutoinetako bat botatzen duenean.
b) Zutoin bat hartzen duenean, eror ez dadin.
c) Izangaia ibilbidetik ateratzen denean.
Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:
a) Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.
b) Probarako ezarritako gehieneko denbora gainditzea.
Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideetan egindako denbora batuko da (A + B), kontuan izanik ibilbideak bukatuko direla izangaiak berriz irteera marra gurutzatzen duenean. Ondoko eskalari jarraikiko zaio (denbora segundotan neurtua, segundo-ehunenak ez baitira kontuan hartuko):
ERREPIKAPENAK/PUNTUAZIOAK | EZ GAI |
Gizonak | 23"8 baino gehiago |
Emakumeak | 27"5 baino gehiago |
4.–Erresistentzia-proba (Course Navette-ren testa).
Nola eginen den: izangaiek egin behar dute 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbide bat, jarraikiz zinta magnetofoniko batek emandako seinale akustikoen bidez markatutako erritmoari, ahalik eta joan-etorri gehien eginez. Izangaiek, seinalea entzutearekin batera, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Hortaz, izangai guztiek erritmo berean egin beharko dute lasterketa, eta ez da onartuko inork lasterketaren erritmoa gainditzea. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuz eta marra zapalduz. Soinua tarte erregularren arabera emanen da. Probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarrago eginen da. Izangaiek saiakera bakarra izanen dute proba egiteko.
Testaren helburua da markatzen den erritmoari eustea eskatzen diren tarteak bete arte. Izangaia seinalea entzun baino lehentxeago abiatzen bada, behin baino gehiagotan, abisu bat emanen zaio. Izangaia seinalea baino lehen ateratzen bada, metro bateko tartea gainditurik, probari bukaera emanen zaio besterik gabe.
Izangai bakoitzaren proba bukatuko da une honetan eta ordura arte egin dituen tarteak kontatutako dira.
Saioa baliogabea izanen da honako hau gertatzen denean:
–Izangaia gelditzea, salbu eta une batez soilik gelditzen bada, 20 metroen marraren gainean pibotatzen ari denean, seinale akustikoaren zain.
–Izangaia bere kaletik ateratzea.
–Izangaiak ibilbide bat bukatutzat ematea muturreko marra edo harago zapaldu gabe.
–Seinale akustikoa entzuten denean, izangaia ez iristea 20 metroen marratik metro bateko eremura.
–Izangaia hiru aldiz jarraian ez iristea muturreko marra edo harago zapaltzera, seinale akustikoak agintzen dionean. Seinaleak jotzen duen unean marratik metro bateko tartera egotea onartuko da. Segurtasun metroaren barrenean egonda, izangaiak ez badu lortzen marra zapaltzea seinale akustikoak jo baino lehen, abisu bat emanen zaio, kontrolatzailearen ezker-eskuin jarriko den kono baten bidez. Abisu hori kendu eginen zaio baldin eta lortzen badu 20 metroko beste marra ukitzea seinale akustikoak jotzean. Marra ukitzen ez badu, bigarren abisua emanen zaio. Bi abisu dituela, izangaia 20 metroko beste marrara iristen bada seinale akustikoarekin batera, bi abisuak kenduko zaizkio; garaiz iristen ez bada, berriz, hirugarren abisua emanen zaio, eta proba bukatutzat joko da.
Puntuazioa: izangai bakoitzak proba bukatzen duen arte egindako tarteen araberakoa izanen da (tarte bakoitza minutu batekoa da gutxi gorabehera), eskala honi jarraikiz:
ERREPIKAPENAK/PUNTUAZIOAK | EZ GAI |
Gizonak | 10 baino gutxiago |
Emakumeak | 8 baino gutxiago |
IV. ERANSKINA.–BAZTERTZEKO ARRAZOI MEDIKOEN TAULA
1.–Ikusmena. Begien sistema.
–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:
- 4/10 bi begietan, edo
- 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
- 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.
–Ikuseremu monokularra: ezin izanen da 120°-tik beherakoa izan plano horizontalean, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikuseremuko meridiano batetik bestera.
–Diplopia.
–Diskromatopsia larriak.
–Estereopsirik eza.
–Keratotomia erradiala.
2.–Entzumena. Entzumen-sistema.
–500 eta 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB-eko edo gehiagoko galera monoauraleko entzumen-zolitasuna.
–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.
3.–Mintzamena.
–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta disglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazteko modukoak.
4.–Aparatu muskuloeskeletikoa.
–Giltzaduraren baten ankilosia edo galera anatomikoa, eragin funtzionalaren arabera.
–Prozesu artikularrak, ondorio funtzionalen arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.
–Eskoliosiak, 20° baino handiagoak.
–Zifosiak, 30° baino handiagoak.
–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bat-egiteak eta ornoarteko diskoaren nahasmenduak.
–Espondilitis ankilosatzailea.
–Paget-en eritasuna.
–Osteoporosia eta osteomalazia, eragin funtzionalaren arabera.
–Fibromialgia.
–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.
5.–Digestio aparatua.
–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.
–B eta C hepatitis aktiboak edo eramaile-egoerak.
–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.
–Gibeleko zirrosia.
–Behazun-zirrosi primarioa.
–Pankreatitis kronikoa.
–Fibrosi kistikoa.
–Abdomeneko paretako herniak, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoak.
–Uzki-esfinterreko ihesa.
6.–Bihotz-hodietako sistema.
–Bihotz-gutxiegitasuna, maila guztietan.
–Arritmia eta blokeoak: eszitazio aurreko sindromeak eta erritmo edo kondukzio kardiakoaren edozein nahasmendu, honako hauek salbu: arritmia sinusala, estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako blokeo aurikulobentrikularra, eskuineko adarreko blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.
–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.
–Balbulopatiak.
–Miokardiopatiak.
–Perikardiopatia kronikoak.
–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.
–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.
–Hipertentsio arteriala (TASa > 140 eta TADa > 90).
–Hipotentsioa (TASa < 90 eta TADa < 45).
–Gutxiegitasun benoso eta linfatikoa.
7.–Arnas aparatua.
–Arnas aparatuko gaitz kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas eritasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).
–Pleurako isuri errepikatuak.
–Berezko pneumotorax errepikatuak.
–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.
–Asma eta bronkioetako hiperreaktibotasuna.
8.–Nerbio-sistema.
–Epilepsia.
–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizatzaileak.
–Neurona motorraren eritasunak.
–Ataxiak.
–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktua, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).
–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.
–Odol-hodien gaitz iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.
–Miastenia larria eta lotura neuromuskularraren bestelako nahasmenduak.
–Bertigoak.
–Siringomielia.
–Hidrozefalia.
–Miopatiak.
–Nerbio-sistema zentraleko lesioaren ondoriozko paralisia.
–Paralisi periferikoak, eragin funtzionalaren arabera.
–Nerbio-sistema periferikoko eritasunak, eragin funtzionalaren arabera.
–Neke kronikoaren sindromea.
–Anosmia.
–Beste nahasmendu motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren nahasmenduak), giza harremanetan eta lanean duten eraginaren arabera.
9.–Nahasmendu psikiatrikoak.
–Nahasmendu mental organikoak, salbu eta prozesu automugatuak eta itzulgarriak.
–Substantzia psikotropikoak (alkohola barne) kontsumitzearen ondoriozko nahasmendu mentalak eta portaeraren nahasmenduak.
–Eskizofrenia eta beste nahasmendu psikotiko batzuk.
–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, nahasmendu depresibo errepikariak, depresio-aldi larria, nahasmendu distimikoak).
–Antsietate-nahasmenduak, baldin eragin kliniko nabarmena badute.
–Nortasunaren nahasmenduak eta bulkaden kontrolari loturikoak, gizarte-harremanetan eta lanean eragina dutenak.
10.–Sexu- eta gernu-aparatua.
–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Gernu-inkontinentzia.
–Giltzurrun-polikistosia.
11.–Sistema endokrinologikoa.
–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.
–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Addison-en eritasuna, Cushing-en sindromea, feokromozitoma eta guruin suprarrenalen beste nahasmendu batzuk.
–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.
–Diabetes mellitusa.
–Adenomatosi endokrino anizkoitza.
–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
12.–Larruazala, fanerak eta guruin exokrinoak.
–Orbainak eta larruazalaren prozesu kronikoak, baldin poliziaren eginkizunetan aritzeko gaitasuna gutxitzen badute haien zabalerarengatik, ondorio funtzionalengatik eta kokapenarengatik.
13.–Odola eta organo hematopoietikoak.
–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.
–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Sindrome linfougalkor kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en eritasuna.
–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.
–Immunoeskasiak.
–Esplenektomia.
–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo eritropoietina erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.
14.–Bestelakoak.
–Amiloidosia.
–Kolagenosia.
–Lupus eritematoso sistemikoa.
–Artritis erreumatoidea.
–Esklerodermia.
–Sjögren-en sindromea.
–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.
–Obesitatea (gorputz-masaren indizea > 25).
15.–Azalpen orokorrak.
–Patologia baztertzaileak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu eragin funtzionalaren arabera, eta polizia lanetan aritzeari begira eginen den pronostikoaren arabera.
–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Eragin funtzionala duten bestelako gaitzak, zeinahi aparatu edo sistematakoak, baldin polizia lanetan aritzea eragozten badute ebaluazio mahaiaren iritziz.
Iragarkiaren kodea: L2602273
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
