47. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

10/2026 EBAZPENA, otsailaren 10ekoa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez xedatzen baita Zizur Nagusiko eta Zizurko udal mugarteak Gazolazko esparruan aldatzeko espedientea hastea, jendaurrean jartzea eta ukitutako udalei entzunaldia ematea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen duenez, Nafarroako udalak sortu eta ezabatzeko prozesuak, baita beren mugarteak aldatzekoak ere, foru lege horretan eta berau garatuko duten erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoari jarraikiz eginen dira.

Arau horren 2. apartatuak adierazten du aipatutako prozesuetako xedeak hauek izan behar dutela:

"a) Udal eskumeneko zerbitzuen eskaintza hobetzea.

b) Kasuan kasuko toki entitateen kudeaketa ahalmena handitzea.

c) Udal mugarteak errealitate fisiko, demografiko, urbanistiko eta kulturaletara egokitzea.

d) Tokiko arazoetan herritarren partaidetza erraztea eta zerbitzuak benetan ematen direla bermatzea."

Era berean, arauaren hirugarren apartatuak xedatzen duenez, udalak sortu eta ezabatzeko prozesuek, baita mugarteen aldaketek ere, ezin izanen dute inoiz ere ekarri hirigune jarraitu bat udal mugarte batean baino gehiagotan zatitzea.

Arauaren 15. artikuluko 1. apartatuak ezartzen du, halaber, udal mugarteak alda daitezkeela, besteak beste, udal bat edo batzuen lurraldearen zati bat banatu eta beste bati edo batzuei gehitzeko, eta 2. apartatuak, berriz, ezartzen du gisa horretako aldaketak egiteko beharrezkoa dela mugarteak mugakideak izatea.

Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 17. artikuluko 1. apartatuak ezartzen du udal mugarteak aldatzeko prozesua, 15.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan, herritarren, interesdun diren udalen edo Nafarroako Gobernuaren ekimenez abiatu daitekeela. Ekimena abian jarri ondoren, Foru Komunitateko Administrazioak jarraitu beharreko prozeduran honako hauek egin behar dira: espedientea gutxienez ere bi hilabetez jendaurrean jartzea, ukitutako udal eta kontzejuei entzunaldia ematea epe horretan berean, eta Nafarroako Kontseiluaren irizpena jasotzea, Estatuko Administrazioari horren berri emanda. Udal mugarteen aldaketaren gaineko ebazpena ematea Nafarroako Gobernuari dagokio.

2025eko maiatzaren 29ko eta uztailaren 2ko bilkuretan, Zizur Nagusiko Udalak eta Zizurko Udalak, hurrenez hurren, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 17. artikuluak eskatzen dituen gehiengoekin, erabaki zuten onestea Zizur Nagusiko eta Zizurko udal mugarteak Gazolazko esparruan aldatzeko ekimenaz baliatzea, garatu nahi den lurralde mugaketarako prozeduran sartutako azalerarekin eta helburuekin.

Aurkeztutako dokumentazio teknikoa Zizur Nagusiko Udalak egin du, eta ukitutako toki entitateek osoko bilkuran onetsi zuten 2025eko irailaren 25ean, Zizur Nagusian, eta 2025eko azaroaren 26an, Zizurren; dokumentazio horretan jasota daude Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak egindako errekerimenduak, Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuaren abuztuaren 4ko txostenean adierazitakoak (txosten hori espedientean sartuta dago).

Bat etorriz Toki Entitateetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamenduaren 14.1 artikuluan ezarritakoarekin (erregelamendu hori uztailaren 11ko 1690/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), espedientean honako hauek bildu dira: aldatu nahi den lurraldearen planimetria, muga berriak zehaztuta, eta erregelamenduan eskatzen den gainerako dokumentazioa, bai eta proposatutako aldaketa justifikatzeko zergatiak ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6/1990 Foru Legearen 13., 14. eta 15. artikuluetan aldaketarako aurreikusitako oztopoetatik bat ere ez dagoenez, bidezkoa da espedienteari hasiera ematea eta jendaurreko tramitea eta ukitutako udalei entzunaldia emateko tramitea betetzea, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

Horrenbestez, aurretik azaldutakoarekin bat, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Zizur Nagusiko eta Zizurko udal mugarteak Gazolazko esparruan aldatzeko espedientea hastea.

2. Espediente hori jendaurrean jartzea eta entzunaldia ematea Zizur Nagusiko eta Zizurko udalei eta Gazolazko Kontzejuari. Azkenik, entzunaldia emanen zaie Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalari.

3. Espedientea jendaurrean egoteko eta aipatu entitateei entzunaldia emateko tramitearen epea bi hilabetekoa izanen dela adieraztea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita. Horrenbestez, espedientea aztergai egonen da Zizurko eta Zizur Nagusiko udal bulegoetan eta Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Arrieta kalea 12, Iruña).

4. Ebazpen hau aipatutako entitate guztiei jakinaraztea, bai eta Lurralde Kohesiorako Departamentuko Kartografia, Topografia eta Geodesia Atalari eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Lurraldeko Informazio Sistemen Atalari ere.

5. Ebazpen hau Geografia Institutu Nazionalaren Eskualde Zerbitzuari igortzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren atarian argitaratzea.

https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/jendaurreko-informazioaren-tramitea/espediente-102.25.000

6. Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuari agintzea espedientearen instrukzioa bere gain har dezala hurrengo izapideetan.

Iruñean, 2026ko otsailaren 10ean.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.

Iragarkiaren kodea: F2602239