Iragarkia
47. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 5a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
CAPARROSO
Ordenantza, animalien ongizateari buruzkoa. Behin betiko onespena
Caparrosoko Udalak, 2025eko azaroaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Animalien ongizateari buruzko udal-ordenantza.
Hasierako onespena argitaratu zen 2025eko 249. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 16an, eta ondoren jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean. Epe hori iragan da, eta ez da aurkeztu erreklamaziorik, kexarik edo oharrik; beraz, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da ordenantzaren testu osoa, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluekin.
Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean testu osoa argitaratu eta biharamunean.
Argitara ematen da, eta ohartarazten da behin betiko onespen honen kontra bide hauetako bat erabil daitekeela:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
Caparroson, 2026ko otsailaren 2an.–Alkatea, Carlos Alcuaz Monente.
ANIMALIEN ONGIZATEARI BURUZKO ORDENANTZA
SARRERA
Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoa, indarrean sartu zenez geroztik, animaliak babesteko ordenantzak eguneratu behar izan dituzte Nafarroako udalek, lege berri horren arabera egokitzeko eta erantzuna emateko gure gizartean animalien ongizatearen inguruan gero eta zabalduagoa den sentiberatasunari eta kontzientziazioari.
Ordenantza honen artikuluetan arautuko dira, besteak beste, animaliak izateko baldintza orokorrak, osasun- eta segurtasun-baldintzak, animaliekin lotutako jarduera industrialak, komertzialak edo zerbitzuetakoak, eta halaber, etxeko animaliekin edo udalerrian dauden hiriko animalien koloniekin pertsonek dituzten harremanak.
Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoak, honako eskumen hauek jartzen ditu udalen eskuetan:
Udalen betebeharrak:
a) Abandonatutako edo galdutako animaliak biltzea, ostatu ematea eta mantentzea, eta katu-koloniak kudeatzea.
b) Baldintzak ezartzea lagun egiteko animaliak etxe partikularretan, bizilagunen erkidegoetan eta bide publikoetan edukitzeari buruz.
c) Kontrolatzea eta zaintzea beren udalerrian erroldatutako lagun egiteko animaliak, egiaztatzearren zuzen identifikatuta eta erregistratuta daudela.
d) Lagun egiteko animaliak konfiskatzea, baldin eta haiengan tratu txarren aztarnak detektatzen badira, eraso fisiko baten edo desnutrizioaren sintomak agertzen badituzte edo instalazio desegokietan badaude.
e) Lagun egiteko animalien zentroak zaintzea eta ikuskatzea.
f) Sustatzea animalien babesari buruzko prestakuntza-, dibulgazio- eta informazio-jarduerak.
Betebehar horiek arautuko dira ordenantza hauetan, alde batera utzi gabe honako eskema honetan antolatu diren hainbat alderdi:
–Atariko tituluak ezarriko ditu ordenantza honen xedea, aplikazio-eremua eta salbuespenak, eta ordenantza garatzeko aintzat hartu diren oinarrizko printzipioak eta artikuluetan aplikatzen diren definizioak, ulergarriagoa izan dadin.
–1. tituluak zeinahi animalia udalerrian izateko araubidea ezarriko du, haren funtzioa eta mota edozein direla ere. Arautzen dira, besteak beste, animaliak izateko mugak, mantenuaren eta tratuaren baldintza orokorrak, animalien presentzia eta bizikidetza bide publikoan, eta haiei dagozkien osasun-arauak.
–2. tituluak animaliekin jarduten diren establezimendu baimenduen jarduera ekonomikoak arautuko ditu.
–3. tituluak animalia espezifikoen egoeretarako edo taldeetarako xedapen gehigarriak garatuko ditu: lagun egiteko animaliak, txakur potentzialki arriskutsuak, laguntza-txakurrak, ekidoak eta beste kasu batzuk.
–4. tituluak udalerriko hiriko animalien koloniak arautuko ditu.
–5. tituluak ezarriko du ordenantza honen zehapen araubidea: zehaztuko du zer arau-hauste ekarriko dituzten ez-betetzeek, eta ezarriko ditu zehapenak, bai eta haien graduazioa, preskripzioa eta zehapenak ezartzeko eskumenak ere.
ATARIKO TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
I. KAPITULUA.–UDAL ORDENANTZAREN XEDEA, ESPARRUA ETA PRINTZIPIO GIDARIAK
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da animalien babesari buruz Europako arautegian eta Estatuko nahiz erkidegoetako legedian ezartzen den lege-esparrua osatzea, udalaren eskumenetatik eratorriko den arautegia ezarriz, animalien babesa eta haien eta herritarren arteko bizikidetza arautzeko udal-mugartean.
2. artikulua. Esparrua.
Ordenantza honek ezartzen dituen betebeharrak aplikatu beharko dira Caparrosoko udal-mugarte guztian, eta esparru hori zabaldu ere egin daiteke, udal hau partaide duten mankomunitateekin adostuta, edo udal hau partaide duten bestelako elkarteekin adostuta, elkarteak toki-araubidearen legedian aurreikusitakoak badira eta ordenantza hau aplikagarri bazaie.
3. artikulua. Printzipio gidariak.
Oinarrizko printzipio hauek gidatuko dute ordenantza:
1. Bermatzea lagun egiteko animalien babes eta ongizate mailarik handienak.
2. Bermatzea arduraz edukiko direla.
3. Sustatzea herritarrek animalien defentsan eta babesean duten parte-hartzea.
4. Osasun- eta segurtasun-baldintza egokiak bermatzea udalerrian.
5. Animaliak dituzten herritarren eta animaliarik ez duten herritarren arteko bizikidetza zuzena bermatzea.
4. artikulua. Herritarrendako informazioa.
Udal-agintariek dibulgazio- eta heziketa-kanpainak egin behar dituzte, herritarren artean honako printzipio hauek sustatzeko eta printzipio horien bete beharraz kontzientziatzeko:
1. Prestakuntza-, dibulgazio- eta informazio-jarduerak, ezagutarazteko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoa.
2. Sentsibilizatze- eta sustapen-kanpainak, animaliak arduraz edukitzeko, aintzat hartuta animalien behar etologiko eta fisiologikoak; dibulgazio-kanpainak animaliak txertatzeaz eta identifikatzeaz, eta kontrolik gabeko ugaltzea eta abandonuak saihesteko hartu beharreko neurriez; eta, halaber, sustapen-kanpainak, adopzioak harrera-zentro baimenduetan egiteko.
3. Ekintzak sustatzea, lankidetzan aritzeko animalien babesean eta defentsan aritzen diren elkarteekin; zehazki, Nafarroako Gobernuaren Animalien Ongizaterako Atalaren entitate laguntzaile deklaratu direnekin.
II. KAPITULUA.–DEFINIZIOAK
5. artikulua. Definizioak.
Ordenantza honen ondorioetarako, hona hemen zer diren hauek:
–Animalia basatiak / basafauna:
Animalia autoktonoak edo ez-autoktonoak, basa bizi direnak eta bizirauteko gizakiaren beharrik ez dutenak.
–Etxeko animaliak:
Pertsonekin hazi, ugaldu eta bizi ohi diren espezieetako animaliak, basafaunakoak ez direnak. Mota honetan sartzen dira, halaber, haragia, larrua edo gizakiarendako baliagarria den beste produkturen bat emateko abeltegietan hazten diren abereak, nekazaritzan erabiltzen direnak eta zamariak.
a) Lagun egiteko animaliak:
Gizakiek edukitzen dituzten animaliak dira, baldin eta asmoa ez bada animalia horiek kontsumitzea edo horien ekoizpenak aprobetxatzea, edo, oro har, ez badira edukitzen merkataritza-xedeekin edo irabazi-asmoarekin, espeziea edozein dela ere.
Definizio horretan txakur, katu eta hudo guztiak sartzen dira, alde batera utzita zertarako erabiltzen diren edo non bizi diren, bai eta aisiarako edo kirol-xedeetarako erabiltzen diren ekidoak ere, baldin eta haiek edukitzearen xedea kontsumoa edo haien ekoizpenen aprobetxamendua ez bada.
Definizio horren barruan sartzen dira, halaber, elikagaiak ekoizteko erabiltzen direnez bestelako ugaztunak, ornogabeak (erleak, erlastarrak, moluskuak eta krustazeoak izan ezik), uretako apaintze-animaliak, anfibioak, narrastiak, hegaztiak eta beste edozein animalia-espezie, hala nola legezko jatorria duten basanimaliak edo itxian hazitakoak ere, lagun egiteko animalia gisa edukitzen direnak.
Ez dira lagun egiteko animaliatzat hartuko babes bereziko araubidea duten espezieei, espezie mehatxatuei edo espezie exotiko inbaditzaileei buruz Estatuak edo autonomia-erkidegoek egindako zerrenda edo katalogoetan jasota dauden espezieak, baldin eta haien edukitza ez badago legez baimenduta.
b) Lagun egiteko animalia exotikoa:
Basafaunako animalia ez-autoktonoak, banaka eta gatibu bizi direnak.
c) Ekoizpenerako animaliak:
Animalia hauek elikagaiak ekoizteko hazten eta mantentzen dira, edo animalia-jatorriko produktuak ekoizteko, edozein industria-erabileratarako, edo bestelako merkataritza-helburuetarako, edo irabazi-asmoz.
d) Laguntza-, segurtasun- edo gida-txakurra:
Nolabaiteko desgaitasun fisikoa nahiz psikikoa dutenei laguntzeko hezi eta baimendu diren txakurrak, edo gaixotasunen bat dutenei eguneroko zereginetan laguntzen dietenak; orobat, pertsonei laguntzeko eta segurtasun-lanak egiteko hezitakoak eta edozein administraziok baimendutakoak, baita substantziak, objektuak eta pertsonak bilatzeko erabiltzen direnak ere.
–Kale-katuak edo katu basatiak:
Kale-katuak edo katu basatiak dira erdi-basa bizi direnak. Etxeko katu abandonatu edo galduak izan ohi dira, egokitu eta aske bizirauten dutenak, eremu publiko nahiz pribatuetan; edo kale-katuen aurreko belaunaldietatik kalean sortu eta hazi diren katuak.
Gizarteratu gabeko katuak izaten dira, oro har gizakiarekiko kontaktua saihesten dutenak. Erabat egokituak daude bizimodu horretara, eta ezin dira bizi leku itxian, gizakiaren kontrolpean eta lagun egiteko animalien gisara. Haien egoera ez da gizakiarengandik guztiz independentea, finkatzeko nahiago izaten baitituzte leku babestuak, aukera ematen dietenak janaria erraz eskuratzeko. Ez dute alde egiten naturara, eta ez dira bizi animalia basatiak ehizatzetik bakarrik.
Katu horiek katu-koloniak osatzen dituzte, eta Udalaren ardura da haiek babestea.
–Etxeko katu herratuak:
Etxebizitza edo leku itxi batean itxiak ez dauden katuak eta, beraz, erdi-aske ibiltzeko aukera dutenak. Hemen sartzen dira bai landa-eremu eta baratzeetan edukitzen diren katuak, onuragarriak direlako eduki ere, bai kanpora ateratzeko aukera dutenak, bizitoki-eremuetako etxe baxuetan bizi direnak, edo etxe atxikietan nahiz txaletetan. Animalia horiek hor daude norbaitek hala nahi duelako, eta, beraz, haren ardura izanen dira haiek identifikatzea, zaintzea eta hirugarrenei eragiten dizkieten eragozpen eta kalteen aurrean erantzutea.
Katu horiek katu-kolonien inguruan ibiltzen dira askotan, baina ez dira koloniakoak.
–Katu galduak:
Jabea duten katuak dira, aske bizi direnak itxita egon diren lekutik alde egin ondoren edo nahi gabe galdu ondoren.
–Katu-kolonia:
Kale-katuz edo katu basatiz osatutako taldea; hiri- edo landa-ingurunean bizi dira, gehienetan leku finko batean, publiko nahiz pribatua, hor topatzen baitituzte babeslekua eta janaria.
–Katu-kolonien zaintzailea:
Pertsona partikularrak edo animalien babeserako elkarteetako kideak, udal-agintariek identifikatu eta baimendutakoak, katu basatien kolonia bat edo gehiago zaintzea eta jaten ematea.
–Animalien defentsarako edo babeserako elkarteak:
Elkarte gisako entitateak dira, irabazi-asmorik gabekoak eta legez eratuak; haien helburu edo xede nagusia da animalien ongizatea eta babesa bermatzea.
–Elkarte laguntzaileak:
Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legearen arabera, Nafarroako Gobernuarengandik entitate laguntzaileen aitortza jaso duten elkarteak dira.
–CES:
Kale-katuak kontrolatzeko metodo bat da CES metodoa (euskaraz, "Harrapatu/Antzutu/Askatu"). Kolonia bateko katuak harrapatzen eta antzutzen dira, eta, ebakuntzaren ondoren suspertuta, berriz askatzen dira haien jatorrizko lekuan edo, kasu bakanen batean, antzeko lekuren batean, animalia ezin bada itzuli lehengo leku berera.
–Animalia galduak:
Jabea duten lagun egiteko animaliak dira, ihes egin dutenak edo nahi gabe galdu direnak.
–Animalia abandonatuak:
Jabea duten lagun egiteko animaliak dira, aske dabiltzanak, itxita dauden lekutik ezustean alde egin dutelako edo jabeak aske utzi dituelako, haien desagerpenaren berri eman gabe agintari eskudunei, edo jabeak berreskuratu nahi ez dituenak, harrera-zentroetan jaso ondotik.
–Jabea:
Animaliaren jabe den pertsona da, animalia haren izenean behar bezala erregistratu eta erroldatua duena, edo, titulartasun ofizialik ezean, inguruabar hori froga dezakeena, titulartasuna eta jabaria frogatzeko zuzenbidean onartutako edozein metodoren bidez.
–Edukitzailea:
Ez da jabea, baina animalia aldi baterako dauka edo eduki ohi du, eta horregatik da animaliaren arduraduna.
–Edukitze arduratsua:
Animalia bat edukitzea eta erantzuna ematea haren behar fisiko, etologiko eta ingurumenekoei, haren ongizatea bermatuta, eta behar diren bitartekoak jarrita animaliak ez diezaien arriskurik ekarri komunitateari, beste animalia batzuei edo inguruneari.
–Gune zoologikoa:
Gune zoologikotzat hartuko dira bilduma zoologikoak gordetzen dituzten espazioak, behar bezala identifikatuak eta baimenduak, bat etorriz apirilaren 12ko 104/2013 Foru Aginduan eta arlo hau arautzen duten bestelako erregelamenduetan araututakoarekin.
I. TITULUA.–ANIMALIAK EDUKITZEAREN ARAUBIDE JURIDIKOA
I. KAPITULUA.–EDUKITZEAREN MUGAK
6. artikulua. Animaliak edukitzearen aurretiko baldintzak.
1. Animaliak edukitzeko, oro har, jabeek edo edukitzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Garbitasun-, osasun- eta ongizate-baldintza egokiak izatea animaliak zaintzeko, gobernatzeko eta tratatzeko, eta halaber osasun-arriskuak eta auzokoendako eragozpenak saihesteko ere.
b) Animaliak kontrol- eta segurtasun-neurri egokietan edukitzea, ihes egitea saihesteko eta arrisku-egoerarik ez izateko, ez pertsonendako, ez beste animaliendako, ez eta beraiendako ere.
c) Albaitaritza-arreta egokia ematea, bermatzeko animalia osasun-egoera fisiko eta psikologikorik onenean dagoela.
d) Administrazioak eman beharreko baimenak izatea eta osasun- eta segurtasun-betebeharrak betetzea, legediak eta agintari eskudunek ezartzen dutenari jarraikiz.
e) Leku fisiko egokia izatea, bermatu dadin bete daitezkeela edukitzeko baldintza horiek.
2. Ordenantza honen 3. tituluari jarraikiz arautuko da nola eduki animalia espezifikoak.
7. artikulua. Animalien edukitzaileen erantzukizuna.
1. Animaliaren edukitzailea da erantzulea (galarazi gabe animaliaren jabearen erantzukizun osagarria), baldin animaliak kalte-galerak eta eragozpenak eragiten badizkie pertsonei, ondasunei eta ingurune naturalari, Kode Zibilaren 1905. artikuluari jarraikiz, honako hau ezartzen baitu:
"Animaliaren edukitzaileak edo animaliaz baliatzen da erantzulea, baldin eta animalia horrek kalteak eragiten baditu, nahiz eta animaliak ihes egin edo animalia hori galdu. Erantzukizuna amaituko da soilik baldin eta kaltea ezinbesteko kasuak eragin badu, edo kaltea gertatu bada hura jasan duenaren erruz".
2. Animalien jabeen edo edukitzaileen ardura izanen da behar diren neurriak hartzea, animaliak ez daitezen etxeetatik nahiz lokaletatik atera inork eraman gabe.
3. Galdutzat edo abandonatutzat joko dira bizitokitik edo zaintza-tokitik kanpora libre dabiltzan animaliak, eta udal-zerbitzuek atzematen ahalko dituzte.
8. artikulua. Debekuak.
1. Debekatuta daude 19/2019 Foru Legean eta haren erregelamenduzko garapenean debekatutzat jotzen diren jardunbideak (19/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoa). Lege horretan ezartzen dira aurrekoak ez betetzearen ondorioak eta dagozkien zehapenak.
2. Debekatuta daude, orobat, udalaren eskumenekoak diren jardunbide hauek:
a) Kaleko animaliak edo animalia basatiak aztoratzea edo atzematea, salbu berariazko baimena bada animalien populazioa kontrolatzeko.
b) Animalia basatiei edo basati bihurtutakoei jaten ematea bide publikoan, salbu eta katu-kolonien zaintzaile direnen kasuan, Udalak behar bezala baimendu eta ziurtatu baditu, ordenantza honetan ezartzen denaren arabera.
c) Dirua irabazteko asmoz animaliak erakustea, saltzea edo trukatzea bide eta espazio publikoetan, salbu eta animalia abandonatuak edo galduak ematea, adoptatzea edo harreran hartzea, lagun egiteko animalien harrerako zentroen bidez edo animalien defentsarako eta babeserako entitateen bidez, Udalak eman beharreko baimenaren babesean.
d) Produktu toxikoak edo sufrea jartzea bide publikoetan edo haien ondoko higiezinetan.
e) Bide publikora atera daitezkeen animaliei pixa egiten uztea jabetza pribatuko eraikinetako hormetan eta ateetan.
f) Bide publikora atera daitezkeen animalien gorozkiak ez jasotzea eremu publiko horietatik.
g) Ikuskizunetan animaliak erabiltzen dituzten zirkuak jartzea udalerrian, lursailak pribatuak izan nahiz publikoak izan.
II. KAPITULUA.–ANIMALIAK ZAINTZEKO ETA MANTENTZEKO BALDINTZAK
9. artikulua. Animaliak zaintzeko eta mantentzeko gutxieneko baldintzak.
1. Jabeek elikagaiak, ura, aterpea eta espazioa eman beharko diete animaliei, behar beste, eta aireztatze, hezetasun eta tenperatura egokietan, eta behar diren neurriak hartu beharko dituzte animalien alferrikako sufrimendua saihesteko, haien bizi-beharrak asetzeko eta haien ongizate fisiko eta psikikoa bermatzeko, espezie bakoitzaren beharren arabera, eta honako baldintza hauen arabera:
a) Edateko ur garbia ematea, egoera klimatikotik behar bezala gordea, eta janari aski eta orekatua ematea, animalia nutrizio- eta osasun-egoera onean egon dadin. Animaliaren beharrak asetzeko adinako ontziak erabili beharko dira ura eta janaria emateko.
b) Baldintza egokiak izatea espazioari, aireztapenari, hezetasunari, tenperaturari eta argitasunari dagokienez, animalien bizi-beharrak asetzeko eta ongizate fisiko eta psikikoa bermatzeko. Animaliaren gordelekuak iragazgaitza izan behar du, eta animaliari lesiorik ez eragiteko moduko materialez egina.
c) Animalien gordelekuak garbi mantentzea, barnean dela haien kakak eta pixak bertatik kentzea egunero.
2. Kasu partikularretan agintari eskudunek ezartzen ahal dutena gutxietsi gabe, baldintza hauek ezartzen dira animalien gordelekuetarako:
a) Animaliaren ohiko bizilekutzat ezin dira erabili ibilgailuak, kabina txikiak, argi-patioak, balkoiak, galeriak, teilatu lauak edo aireztatzeko patioak, ez badira animalia aske mugitzeko adinakoak.
b) Animaliak ezin dira kaioletan edo leku txikietan eduki, barnean ezin badira mugitu edo mugimendua oso mugatua badute. Leku horiek egokiak izan behar dute animaliaren tamainaren eta pisuaren arabera.
c) Balkoi, terraza eta antzekoetan neurri egokiak hartu behar dira, animaliek ihes egin ez dezaten, eta haien gorozkiek eta pixek ez dezaten fatxada edo bide publikoa kaltetu, eta ez diezaieten eragozpenik eragin inguruko auzokideei, goiko, beheko nahiz ondokoei.
4. Lagun egiteko animalien zaintza espezifikoa ordenantza honen artikulu batean arautuko da, aurrerago.
10. artikulua. Kokapena eta aldi batez lotzeko bitartekoak.
Indarreko erregelamenduetan ezartzen da zer baldintzatan kokatu eta lotu behar diren animaliak, animalia motaren arabera (etxekoak, lagun egitekoak, ekoizpenekoak eta abar).
Lagun egiteko animalien kasuan, ordenantza honek aurreragoko artikulu batean arautuko du nola kokatu eta lotu behar diren, lagun egiteko animaliendako xedapen espezifiko baten bidez.
III. KAPITULUA.–ANIMALIEN PRESENTZIA ETA BIZIKIDETZA BIDE PUBLIKOAN
11. artikulua. Eragozpenak auzokideei.
1. Animaliak dituzten pertsonek beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dituzte, auzokideei eragozpenik ez eragiteko animaliak gorde edo mantentzearen ondorioz, ordu guztietan, gau eta egun, bai animalia etxe barnean badago, baita beste toki batean badago ere, hala nola terrazan, teilatu lau batean, balkoian, patio edo antzekoetan, finkan edo baratzean, merkataritza-lokal edo abeltegi batean, edo animalia gordetzeko beste edozein lekutan.
2. Animaliek eragozpenak eragiten badituzte modu jarraituan (eskumena duen agintaritzak hala egiaztatuta), zaratengatik, usainengatik nahiz bestelako arrazoiengatik, udal-agintaritzak behar diren neurriak hartzen ahalko ditu, ebazpen bidez, auzokideen lasaitasuna bermatzeko; horretarako, arautegietan ematen zaizkion eskumenak baliatuko ditu, eta animalien jabeek edo edukitzaileek nahitaez bete beharko dituzte neurri horiek.
12. artikulua. Animaliak bide eta espazio publikoetan.
1. Etxeko animalien jabeek edo edukitzaileek une oro bermatu behar dute animaliek ez dutela kalterik eragiten espazio publikoetan, eta ez dituztela haiek zikintzen.
2. Debekatuta dago usoei jaten ematea, salbu eta Udalak baimendutako janaria ematen bazaie.
3. Berariaz debekatuta dago udal-mugartean dauden animaliengana metro bat baino gutxiagora hurbiltzea, haiei jaten ematea, haiek atzematea, ukitzea, haiei gauzak botatzea eta nolanahi den ere eragozpena sortzea, eta egokitutako lekuetan gordetzen diren animaliei bereziki; adibidez, ahate, beltxarga eta antzekoei. Hegaztiak arrautzak txitatzen ari diren garaian, debekatuta dago horretarako egokitutako lekuetara hurbiltzea.
4. Lagun egiteko animalien kasuan, ordenantza honek aurreragoko artikulu batean arautuko du bide publikoan nola eduki eta lotu behar diren, lagun egiteko animaliendako xedapen espezifiko baten bidez.
5. Ekidoen kasuan, ordenantza honek aurreragoko artikulu batean arautuko du bide publikoan nola eduki behar diren, ekidoendako xedapen espezifiko baten bidez.
13. artikulua. Garraioa, eta aldi baterako edukitzea ibilgailu partikularretan.
1. Animaliak ibilgailu partikularretan garraiatzen direnean, arau hauek bete behar dira:
a. Animaliek leku aski izan behar dute altxatzeko eta etzateko, leku batetik bestera eramaten dituen ibilgailuan.
b. Garraiatzen direnean, animaliek aire zabaletik babesturik egon behar dute, eta osasunerako kaltegarri izan daitezkeen egoera klimatikoetatik babesturik.
c. Une oro erabili behar dira trafikoaren arautegian ezarritako lotzeko moduak, gidariak ez dezan arreta galdu animaliak mugitzearen ondorioz, eta ez dadin haren maniobra-gaitasuna edo ikuspena eragotzi.
d. Animaliak ibilgailuan sartzeko eta ateratzeko unean, behar diren sistemak eta baliabideak erabiliko dira, animaliei kalterik edo sufrimendurik ez eragiteko, eta ihes egin ez dezaten.
e. Katuak edo hudoak garraiatzen direnean, garraio-saskian sartuta eraman behar dira une oro.
2. Ibilgailua aparkatuta badago, animalia barnean duela, labur eta modu puntualean egonen da aparkatuta, eta itzalpean, bermatzeko animaliak aireztatze eta tenperatura egokiak dituela, arduraduna kanpoan dagoen bitartean.
3. Debekatuta dago animaliak ibilgailuaren maletategian itxita uztea, salbu eta maletategia bat eginda badago ibilgailuaren bidaiari-tokiarekin.
IV. KAPITULUA.–OSASUN-ARAUAK
14. artikulua. Xedapen orokorrak.
1. Animalia daukanak une oro bermatu behar du animaliak duen eskubidea garbi, osasuntsu, ongizatez eta seguru bizitzeko, espezie bakoitzaren ezaugarri eta beharren arabera.
2. Albaitaritzako jarraipena egin beharko zaie animaliei, eta gutxienez kontrol bat egin aldian-aldian. Kontrol hori osasun-kartillan jaso beharko da, edo haren baliokidean. Gutxieneko sendaketek egokiak izan behar dute, bai gaixotasunak prebenitzeko tratamenduei eta sendaketei dagokienez, bai udal-agintaritzak ezartzen dituen osasun-neurri prebentiboak aplikatzeari dagokionez. Animaliaren arduradunak bermatu behar ditu tratamendu prebentiboak, sendaketak eta gaixotasunak arintzekoak.
3. Gaixotasun kutsagarrien deklaraziorik egiten bada, animalien jabeek edo edukitzaileek bete beharko dituzte agintari eskudunek indarreko araudiaren arabera ezartzen dituzten osasun-xedapenak.
4. Ordenantza honen artikulu batean arautuko da, aurrerago, lagun egiteko animalien arautegi espezifikoa.
15. artikulua. Albaitarien betebeharrak.
1. Albaitarien jardunbidea araututa dago haien lanbide-jarduerari dagokion araubidean eta 19/2019 Foru Legean (19/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoa), honako hauei dagokienez: animalien identifikazioa eta erregistroa, nahitaezko osasun-azterketak, txertaketak, osasun-dokumentazioa eta datu klinikoen fitxategiak, zaintza eta kontrol epidemiologikoak, animalien tratu txarren komunikazioak eta hiltzeko edo eutanasiako protokoloak.
2. Baldin albaitariek eta albaitaritza-klinikek, lanean dihardutela, zoonosi-guneen edo -kasuen berri badute, Udalaren osasun-zerbitzuei jakinarazi beharko diete berehala, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan dagokion departamentuarekin bete behar diren osasun-betebeharrak.
3. Gainera, albaitarien, albaitaritza-kontsultategien, -kliniken eta -ospitaleen betebeharra da Caparrosoko Udalari jakinaraztea ezagutu dituzten ustezko tratu txarren kasuak.
16. artikulua. Animalien hilotzen kudeaketa.
1. Jabeari dagokio animalia baten hilotza kudeatzea, indarreko legediaren arabera, eta funtsezko hiru eginbeharretan zehazten da haren lege-betebeharra:
–Animaliaren hilotza ez abandonatzea.
–Hilotza ezabatzea, indarreko legediak ezartzen duen bezala.
–Bere gain hartzea aurrekoa betetzeko behar diren jarduketen kostuak.
2. Animalia bat hilik aurkituz gero, haren identifikazioa ezinbestekoa da Administrazioak aurkikuntza jakinaraz diezaion jabeari, eta ondoren hark bere gain har ditzan dagozkion lege-betebeharrak. Hala, jabearen betebeharra eta eskubidea ere bada animalia hilaren aurkikuntzaren jakinarazpena jasotzea, eta Udalaren betebeharra da jakinaraztea, jabea identifikatu eta lokalizatu ondoren. Animalia identifikatuta ez badago, haren argazki bat gordeko da, haren balizko identifikazioa egiteko etorkizunean.
3. Establezimendu baimenduetan erraustu beharko da animalia sakrifikatua edo modu naturalean hildakoa, eta deuseztatzeko beste edozein metodo ere halakoetan gauzatuko da, edo osasun-agintariek ezartzen dituzten zehaztapenen arabera.
II. TITULUA.–ANIMALIAK HAZTEA, SALTZEA ETA HAIEKIN BESTELAKO JARDUERAK EGITEA: ARAUBIDE JURIDIKOA
I. KAPITULUA.–JARDUERARAKO LIZENTZIAK
Honako hauek dira ordenantza honi atxikitako industria-, merkataritza- edo zerbitzu-jarduerak:
–Animalien haztegiak.
–Animalien zaindegiak.
–Animaliak salerosteko dendak.
–Animaliendako apaindegi-zerbitzuak oro har.
–Animaliendako kontsultategiak, klinikak eta ospitaleak.
–Animalien hilerriak.
–Aipatutako jarduera horietako batzuk batera hartzen dituzten jarduerak, edo beren funtzionamendurako animaliak erabiltzen dituzten jarduerak.
Jarduera sailkatuen gaineko arauen arabera izapidetu beharko da instalaziorako eta funtzionamendurako lizentzia, galarazi gabe aplikatzekoak diren gainerako xedapenak bete beharra.
II. KAPITULUA.–ANIMALIAK HAZI EDO SALTZEN DITUZTEN ESTABLEZIMENDUAK
Lagun egiteko animaliak merkataritza-helburuekin hazten edo saltzen dituzten establezimenduek bete beharko dituzte apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean ezartzen diren baldintzak (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea).
III. KAPITULUA.–LAGUN EGITEKO ANIMALIEN ZENTROAK
Lagun egiteko animalien zentroek gutxieneko baldintza batzuk bete beharko dituzte, animalia baten edukitzaileari dagozkion betebeharrez gainera, apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea), deusetan ukatu gabe beren sailkapenaren arabera erregelamenduz ezartzen diren betebeharrak.
IV. KAPITULUA.–BESTE JARDUERA BATZUK ANIMALIEKIN
Alkatetzak baimendu beharko ditu aldi baterako egiten diren jarduerek, hala leku itxietan nola leku irekietan egindakoek. Baimen hori eskuratzeko eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Jardueraren deskribapena.
–Eskatzailearen izena, helbidea eta telefonoa.
–Kokalekua.
–Eskaerako jarduera zenbat denborarako den.
–Jarduerako animalien kopurua eta espezieak.
–Erantzukizun zibileko asegurua, jarduerak irauten duen denborarako.
–Instalazioen onarpenari eta erregistroari buruzko egiaztagiria, behar den ministerioak emana.
–Instalazio elektrikoen buletina, behin-behineko hargunerako.
Nafarroako Gobernuan animalien osasun, identifikazio eta ongizatearen gaietan eskumena duen departamentuak ebatziko du administrazio-baimena, animaliekin egiten diren ikuskizunetarako, azoketarako, erakusketetarako, lehiaketetarako, filmazioetarako eta gainerako jardueretarako.
III. TITULUA.–AURREKO TITULUEI BURUZKO XEDAPEN ESPEZIFIKOAK
I. KAPITULUA.–BERARIAZKO XEDAPENAK LAGUN EGITEKO ANIMALIENDAKO
17. artikulua. Lagun egiteko animaliak edukitzea etxebizitza partikularretan.
1. Oro har, lagun egiteko animaliak etxebizitza partikularrean edukitzea baimentzen da, betiere betetzen badira garbitasun- eta osasun-baldintzak, eta ongizateari eta segurtasunari dagozkienak, animaliarendako eta pertsonendako, bai eta auzokideei eragozpenik ez eragiteari dagozkionak ere, agintaritza eskudunak behar bezala egiaztatuta.
2. Animaliak etxebizitza partikularretan hazteko baldintza izanen da garbitasun-, osasun-, ongizate- eta segurtasun-baldintzak betetzea, animaliarendako eta pertsonendako. Animaliak hazteko jarduera ohikoa bada, hazkuntza-zentrotzat hartuko da etxea, eta, beraz, zentro horiek bete behar dituzten lege-baldintza berak betetzea eskatuko zaio. Emearen bizitzan umealdi bat baino gehiago izatea ohiko hazkuntza dela ulertuko da.
3. Etxebizitza batean baimentzen den animalia kopururik handiena, gune zoologikoaren lizentzia lortu ezean, apirilaren 12ko 104/2013 Foru Aginduan xedatutakoaren arabera, arautegi horretan zehaztutakoaren hurrengo txikiagoa izanen da. Irizpidea da animalia kopuru handiago batek osasun-arriskua ekar lezakeela.
4. Animaliak ezin dira zaindu leku batean hertsiak modu iraunkorrean, eta bermatu beharko da kanpora ateratzeko modua dutela, animaliaren behar etologikoek eskatu ahala, non ez den tartean albaitariaren agindurik, edo agintari eskudunen debekurik.
5. Animaliak ez dira modu iraunkorrean lotuta edukiko; aldian-aldian eta denbora batez bakarrik lotzen ahalko dira, arduradunak zainduta, bermatuta loturak ez diela kalterik egiten eta aukera dutela mugitzeko, etzateko, elikatzeko, edateko eta gordetzeko.
6. Animaliak ezin izanen dira eduki arduradunek gainbegiratze eta kontrol egokia egin ezin duten lekuetan, eta, beraz, ezin izanen dira ohituraz bakarrik utzi balkoietan, patioetan, terrazetan edo antzekoetan etxebizitzaren jabea etxean ez dagoenean. Etxebizitzara sartzeko askatasuna izan behar dute, eta beti izan behar dute janaria, ur garbia eta atseden hartzeko gordelekua.
7. Animaliak ezin izanen dira bakarrik utzi etxean bi egunez baino gehiago jarraian, jabearen, edukitzailearen edo zaintzeko eginkizuna bere gain duen pertsonaren arretarik gabe. Txakurren kasuan, epe hori ezin da inoiz izan 12 ordutik gorakoa.
18. artikulua. Lagun egiteko animaliak edukitzea bide publikoan.
1. Debekatuta dago animaliak sartzea umeen jolastokietan edo umeen erabilerarako bakarrik diren lorategietan, non ez den berariazko baimenik erakusten Udalak jarritako errotuluetan.
2. Txakurrak katez edo uhalez loturik soilik ibiltzen ahalko dira bide publiko guztietan, herriko lorategietan eta herritarrek aisiarako gehienbat erabiltzen dituzten berdeguneetako parkeetan, eta eraikinen sarreretan eta jabetza komuneko tokietan (atariak, eskailerak, igogailuak, eskailera-buruak, etab.), eta haiek kontrolatzeko gauza den norbaitek eraman beharko ditu.
Aurreko puntuan aipatu eremuetatik kanpora onartuko da animaliak libre ibil daitezen, beren aisialdirako, baina betiere inguruan animaliaz arduratuko den eta kontrolpean izanen duen inor baldin bada.
Nolanahi ere, lehenago noizbait erasorik egin duten txakurrek edota aldez aurretik arriskutsutzat jo daitezkeenek beraiei dagokien berariazko arautegia bete beharko dute.
3. Debekatuta dago animaliendako kaltegarri diren urkatze-lepokoak, lepoko ziridunak eta elektrikoak erabiltzea edo saltzea. Lepoko elektrikoak erabiltzen ahalko dira halakoak beharrezkoak direnean animalia jakin baten trebakuntzan, baldin eta albaitari batek edo aitortutako trebatzaile batek hala zehazten badu.
4. Debekatuta daude beren barnean txakurrari ahoa irekitzea galarazten dioten muturrekoak.
5. Gomendatzen da uhal luzagarriak luzatu ez daitezela jende asko dabilen lekuetan, edo hiriko espaloietan ibiltzean, leku zabalagoetara iritsi arte.
6. Animalien jabeek edo edukitzaileek nahitaez errespetatu behar dituzte animaliei buruzko errotulu informatiboetan ageri diren jarraibideak.
7. Debekatuta dago txakurrak garbitzea edo bestelako gorputz-garbitasuneko jarduerak egitea bide eta espazio publikoetan eta iturrietan.
8. Debekatuta dago bide eta espazio publikoetan txakurrak heztea eraso, defentsa, zaintza edo antzekoetarako.
19. artikulua. Txakurren aisialdirako eremuak (ZEC).
1. Caparrosoko Udalak lagun egiteko animaliendako leku erreserbatuak egokituko ditu, solte ibil daitezen. Behar bezala seinaleztatu, hesitu eta argiztatuko ditu, eta bermatuko ditu garbitasuna eta osasun-kondizioak, animalien aisialdirako, sozializaziorako eta haien behar fisiologikoak egiteko, garbitasun-egoera egokian.
2. Eremu horietan animalien eta pertsonen segurtasuna bermatu beharko da, eta egokiak izan beharko dute animalien ihesa edo galtzea prebenitzeko. Animalien edukitzaileek beren animaliak zaindu beharko dituzte, ez diezaieten eragozpenik eragin eremua darabilten gainerako pertsonei eta animaliei.
3. Caparrosoko Udalak gida bat prestatuko du txakurren aisialdirako eremuen funtzionamendua azaltzeko, eta hartan arautuko dira instalazioen baldintzak eta haien erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.
4. Nolanahi ere, erabilera-arau hauek bete beharko dira:
a) Animalia bat askatzea jabearen edo edukitzailearen ez beste inoren erantzukizuna izanen da; eremu horietarako ezarritako arauak bete beharko dituzte, eta batez ere animalia zaindu, ez galtzeko edo ihes egiteko, eta eragozpenik ez eragiteko eremu bera darabilten pertsonei nahiz animaliei.
b) Eremu horiek erabiltzen dituzten pertsonen erantzukizuna izanen da beren animaliek gainerako animaliei, pertsonei edo ondasunei eragiten dizkieten kalteei erantzutea.
c) Animaliaren jabeak edo edukitzaileak jaso beharko ditu animaliaren gorozkiak.
d) Beste animaliekiko borrokak eta liskarrak galarazi beharko ditu.
e) Animalia lotu gabe ateratzea saihestu beharko du.
f) Eremua egoera onean mantendu beharko du.
g) Eremuan ageri diren erabiltzaileendako jarraibideak bete beharko ditu.
5. Beste eremu publiko batzuetan ere ezar daitezke txakurrak aske ibiltzeko lekuak, ez badira arraza potentzialki arriskutsuetakoak; behar bezala identifikatu eta seinaleztatuko dira, baina ez dute izanen itxiturarik eta ekipamendu espezifikorik, eta horietan txakurrak aske ibiltzen ahalko dira, leku horiei dagozkien arauetan berariaz ezarri bezala.
6. Txakur-arraza potentzialki arriskutsuen kasuan, berariazko arautegian xedatutakoa aplikatuko da.
20. artikulua. Lagun egiteko animaliak establezimenduetan eta bestelako lekuetan edukitzea.
1. Berariaz debekaturik dago txakurrak, katuak edo lagun egiteko bestelako animaliak sartzea elikagaiak ekoizteko, biltzeko, garraiatzeko, saltzeko nahiz maneiatzeko era guztietako lokaletan. Establezimendu horien jabeek nahitaez erakutsi beharko dute debeku hori kanpoan, ikusteko moduan.
2. Igerileku publikoetan, erabilera orokorreko eremuetan eta establezimendu turistikoen erabilera pribatuko eremuetan, debekatuta dago txakurrak edo bestelako animaliak ibiltzea edo han egotea, bainuen denboraldian.
3. Debekatuta dago animaliak sartzea kirol, kultura nahiz aisialdiko ikuskizunetako lokaletara, publikoarendako irekita dauden bitartean, non ez diren animalien lehiaketak, sariketak edo kontzentrazioak, edo agintari eskudunak zehazten eta baimentzen dituen bestelakoak.
4. Erabilera publikoko lokalen arduradunek beren irizpideen arabera debekatzen ahalko dute animaliak beren establezimenduetan sartzea eta bertan egotea, eta establezimenduaren sarreran eman beharko dute horren berri edo animaliak onartzearen berri, ikusteko moduko leku batean. Debeku horretatik salbuetsita daude gida-, segurtasun- eta laguntza-txakurrak, eta antzeko eginkizunak dituzten beste batzuk, horretarako baimena dutela erakutsiz gero.
Establezimendu bakoitzean aplikatzen den irizpide orokorra edozein dela ere, jabeek debekatzen ahalko dute animalia baten sarrera, tamainagatik, erasokortasunagatik, urduritasunagatik, itxura txarragatik edo bestelako edozein arrazoirengatik, irizten badiote bezeroendako aztoragarriak edo beldurgarriak direla.
Sartzea eta bertan egotea baimenduta ere, animaliek kate edo uhalez lotuta egon behar dute. Hala ere, txakur potentzialki arriskutsuek beti egon beharko dute uhal ez luzagarri batez edo katez lotuak, eta muturrekoa jarrita, indarrean dagoen legediaren arabera.
5. Caparrosoko Udalaren erabakia izanen da animaliei sarbidea ematea edo ez ematea Udalaren titulartasuneko eraikinetara, eta eraikinen sarreran adierazi beharko da animalien sarbidea baimentzen den ala ez.
21. artikulua. Gorozkiak eta pixak.
1. Animalien jabeek edo edukitzaileek saihestuko dute, une oro, beren animaliek kalteak eragitea eremu publiko, kale edo fatxadetan, edo haiek zikintzea. Bereziki, jarraibide hauek bete behar dira:
a. Debekatuta dago txakurren eta beste animalien gorozkiak bide publikoan uztea, edo ibiltariek erabili beharreko lekuetan, batez ere umeen jolastoki eta parkeetan.
b. Animalien gorozkiak berehala jaso beharko dira, ahal bada baliabide iragazgaitz eta estankoak erabiliz, eta zorro edo ontzi horiek dagokien edukiontzian bota beharko dira.
c. Debekatuta dago animaliek pixa egitea eraikinen fatxadetan, hiri-altzarietan eta ibilgailuen gurpiletan.
d. Halakorik gertatuz gero, berehala garbitu beharko da.
2. Arestiko xedapenak betetzen ez badira, udal-agintaritzako agenteek animaliaren jabeari edo edukitzaileari eskatzen ahal diote kaltetutako elementuak berehala garbitzeko, galarazi gabe aipatutako arau horiek ez betetzeagatik zehapenak aplikatzea.
22. artikulua. Lagun egiteko animaliak garraio publikoan eramatea.
1. Lagun egiteko animaliak garraio publikoan eramateko, kontuan hartu beharko da zer ezartzen duen garraio-enpresen arautegiak.
2. Laguntza- eta segurtasun-txakurrak aske ibiltzen ahal dira hiri-garraiobide publikoetan, betiere jabeak edo pertsona baimenduak lagunduta, eta indarra duen arautegia betetzen badute.
3. Garraiobide publikoen titularrak partikularrak direnean (esaterako, taxia), titularrak baimena ematen edo ukatzen ahalko du.
4. Nolanahi ere, animaliek garraiobide publikoetan sarbidea izateko, garbitasun- eta osasun-egoera onean egon behar dute, eta ez diete eragozpenik eragin behar zerbitzuaren erabiltzaileei.
23. artikulua. Lagun egiteko animalien identifikazioa.
1. Lagun egiteko animalien jabeek edo edukitzaileek nahitaez identifikatuta izan behar dute animalia, mikrotxip homologatu eta ezabaezin baten bidez, eta osasun-txartel ofizial bat izan behar dute, albaitari batek Lagun egiteko Animalien Nafarroako Erregistroan inskribatu aurretik, 19/2019 Foru Legeari eta hura garatzeko erregelamenduari jarraikiz (19/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoa).
2. Animaliaren jabearen datuak aldatzen badira, edo jabe aldaketa izaten bada, edo animalia hiltzen bada, informazio hori eguneratu egin beharko da dagokion erregistroan, albaitari baten bitartez, 19/2019 Foru Legeari eta hura garatzeko erregelamenduari jarraikiz (19/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoa).
3. Hala ere, Caparrosoko Udalak eskatzen ahalko du txakurrak beste modu batean identifikatzea, alkatearen bando baten bidez. Esaterako animaliaren pasaportea edo osasun-txartela izatea eskatzen ahalko du, jardunbiderako baimena duen albaitari batek emandakoa, eta datu hauek jasoko dituena: animaliaren izena, mikrotxip-zenbakia, jaiotze-data, espeziea, arraza, sexua, tamaina, kolorea, txertaketak; titularraren datuak, barnean direla helbidea eta harremanetarako telefonoa; komeni da, ahal izanez gero, animaliaren argazkia ere eranstea.
4. Gomendatzen da lagun egiteko animaliek une oro eramatea, espazio edo bide publikoetan, identifikazio-plaka bat edo lepokoan egokitutako bestelako edozein euskarri, eta hartan ikusgai egotea animaliaren izena eta edukitzailearen harremanetarako telefono bat, hura lokalizatzeko, animalia galduz gero. Neurri hori ez da nahitaezkoa, baina horrela errazagoa izanen da bizilagun batek animaliaren jabea aurkitzea Udalaren biltze-zerbitzura jo beharrik gabe, eta, hortaz, animalia Udalaren egoitzara eraman beharrik gabe, arau-hausteak ekar lezakeen zehapena saihestuta.
24. artikulua. Zer egin pertsonei edo beste animalia batzuei lesiorik eraginez gero.
1. Pertsona bat lesionatzen bada lagun egiteko animaliaren baten erasoaren ondorioz, Udalaren osasun-zerbitzuei emanen die horren berri, medikuaren agiria erantsita.
2. Osasun-zentroek eta medikuek laguntza medikoa edo kirurgikoa ematen badiete lagun egiteko animalia baten erasoak eragindako lesioak dituzten pertsonei, Udalaren osasun-zerbitzuei jakinarazi beharko diete.
3. Udal-teknikari eskudunek erabakiko dute nolako osasun-kontrola egin behar zaion animalia erasotzaileari. Udalaren osasun-zerbitzuek behar den zentrora eramanen dute hozka egin duen animalia, eta bertan osasun-azterketa eginen diote eta zaintzapean edukiko dute, legez ezarritako denboran, eta, bidezkoa bada, nahitaezko txertoa jarriko diote.
4. Hozka egin duen txakurraren jabea edo edukitzailea beharturik dago animaliaren datuak ematera erasoa jasan duenari edo haren legezko ordezkariei, bai eta eskatzen dioten agintari eskudunei ere. Gainera, animalia bere ohiko aterpean atxiki beharko du, nahitaez, Udalaren osasun-zerbitzuek bildu arte, eta berariaz debekaturik dago animalia inora eramatea edo hiltzea. Haien betebeharra da, halaber, albaitariari jakinaraztea animaliaren edonolako osasun- edo portaera-aldaketa.
5. Animalia erasotzailea alderrai badabil edo inork ezagutzen ez badu, Udalaren zerbitzu eskudunaren ardura izanen da hura bizirik atzematea eta haren osasun-azterketa egitea animalien harrera-zentroan.
25. artikulua. Lagun egiteko animalia abandonatuak eta galduak.
1. Udal-mugartean animalia abandonatu edo galduren bat izanez gero Caparrosoko Udalari jakinarazi behar zaio. Udalaren ardura izanen da animalia atzematea eta zaintzea, animaliak jasotzeko zerbitzu iraunkor baten bidez; zerbitzua Udalarena nahiz mankomunatua izan daiteke, edo Foru Komunitatearen Administrazioarekin hitzartua, edo tokiko beste erakunderen batekin, animalien defentsa eta babeserako elkarteren batekin, edo horretan aritzen diren pertsona juridiko edo fisikoekin, baldin agintaritza eskudunaren aitortza eta baimena badute.
2. Partikular batek animalia abandonatu edo galdu bat bere kabuz atzematen badu, udal-zerbitzuak bertan ez daudelako, eta animaliaren edo pertsonen segurtasun fisikoa arriskuan jartzen duen egoera bat eragozteko, edo premia handiko esku-hartzea eskatzen duen egoera bat dagoelako, animalia hori atzeman izana berehala jakinarazi behar dio Udalari. Animalia atzeman duen pertsonak bete egin beharko ditu Udalaren zerbitzuek ematen dizkioten jarraibideak animalia aldi baterako zaintzeko edo Udalaren zerbitzuei edo aterpeei entregatzeko.
26. artikulua. Lagun egiteko animaliak titulartasun publikoko egoitza-zerbitzuetan.
Caparrosoko Udalak titulartasun publikoko egoitza-zerbitzuak sortzen ahalko ditu, betiere teknikoki eta ekonomikoki posible bada.
1. Egoitza-zerbitzu publikoek, haien ezaugarriek aukera ematen badute, eta modu progresiboan, lagun egiteko animalia bat duten pertsonei bermatuko diete beren animaliarekin egoitza horietan egoteko aukera, 19/2019 Foru Legeari eta hura garatzeko erregelamenduari jarraikiz (19/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoa).
2. Caparrosoko Udalak sentiberatasuna izanen du lagun egiteko animaliek adinekoekin eta behar bereziak dituztenekin duten funtzio sozialaren aurrean.
II. KAPITULUA.–TXAKUR POTENTZIALKI ARRISKUTSUENDAKO XEDAPENAK
27. artikulua. Araubide orokorra.
Txakur potentzialki arriskutsuei berariazko araudia aplikatuko zaie (50/1999 Legea, abenduaren 23koa, animalia potentzialki arriskutsuak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa, eta 287/2002 Errege Dekretua, martxoaren 22koa, lege hori garatzekoa), 19/2019 Foru Legean ezarritakoaz gain (19/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoa).
28. artikulua. Animalia arriskutsu bat edukitzeko lizentzia pertsonala.
1. Jabeek edo edukitzaileek berariazko lizentzia bat eduki beharko dute, baldin eta beren animalia potentzialki arriskutsua bada, ordenantza honen sailkapenaren arabera.
Animalia eskuratu aurretik eskatu behar da lizentzia, eta, hura emateko, Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunak onespena eman beharko du, Arau-hausleen Erregistroan kontsulta egin ondoren.
2. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Adin nagusikoa izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.
b) Inoiz kondenatua izan ez izana honako delitu hauetako batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, edo talde armatu batekin edo droga trafikatzaileekin elkartu izana; eta orobat, zehapenik jaso ez izana animalia potentzialki arriskutsuak edukitzearen gaineko arau-hausteengatik.
c) Gaitasun psikologikoaren agiria, udal-agintariek aitortutako erakunde ofizial batek emana.
d) Erantzukizun zibileko aseguru bat erakustea, animaliek hirugarrenei eragiten ahal dizkieten kalteengatik. Gutxienez urtebeteko iraupena izan behar du, eta 120.000 euroko zenbatekoa.
e) Caparrosoko Udalak onesten duen udal-tasa ordaintzea.
3. Lizentzia eskatzera beharturik daude animalia potentzialki arriskutsuen jabeak edo edukitzaileak, baldin eta udalerrian bizi badira edo udalerrian egiten badute animaliak salerosteko edo trebatzeko jarduera. Era berean, lizentzia hori eskatu beharko dute animalia arriskutsuen jabeek edo edukitzaileek, baldin animaliak hiru hilabetez bederen udalerrian egon behar badu.
Animalia potentzialki arriskutsuen jabeek edo edukitzaileek betebehar hori izanik ere, herritarrek Udalari jakinarazten ahal diote udalerrian badirela halako animaliak dituztenak, jabeak nahiz edukitzaileak, Udalak behar diren ekintzak egin ditzan, legeei jarraikiz.
4. Lizentziak 4 urteko indarraldia izanen du, eta betiere eutsi beharko zaie eskuratzeko bete behar ziren baldintzei. Aurrekoa gorabehera, Udalak egiaztatzen ahalko du, ofizioz edo salaketaren ondorioz, animalia potentzialki arriskutsu baten jabeak edo edukitzaileak lizentzia eskuratzeko baldintzei eusten ote dien, eta, dagokion ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen badu animalia potentzialki arriskutsuaren jabeak edo edukitzaileak ez duela baldintzaren bat betetzen, animalia edukitzeko lizentziarik ez duela kontsideratuko du, eta behar diren legezko ekintzak abiaraziko ditu.
III. KAPITULUA.–LAGUNTZA-TXAKURRENTZAKO XEDAPENAK
Laguntza-txakurrei aplikatuko zaie apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean xedatutakoa (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea), eta orobat haiei dagokien arautegi espezifikoa, egun jasotzen dena otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legean, hark arautzen baitu desgaitasuna duten pertsonek, laguntza-txakurra berekin dutela, eremu irekietan eta beste eremu mugatu batzuetan sartu, ibili eta egoteko duten askatasuna; edo bestela, hura ordezten duen arauan jasotakoa.
IV. KAPITULUA.–AGINTARITZAREN AGENTEEN ETA SEGURTASUN-ENPRESA BAIMENDUEN JABETZAKOAK DIREN TXAKURRENTZAKO XEDAPENAK
1. Ez dira txakur potentzialki arriskutsutzat hartuko, legea aplikatzeari begira, udaltzainen eta baimen ofiziala duten segurtasun-enpresen txakurrak, baldin eta agenteei edo segurtasun-langileei laguntzeko zeregina badute.
2. Agintaritzaren agenteei eta segurtasun-enpresetako langileei laguntza ematen dieten txakurrek heziketa egokia izan behar dute, baita osasun-kontrola ere, eta mikrotxip batez identifikatuta egon behar dute. Animalia horien arduradunek haiek kontrolatzeko gaitasuna eta trebetasuna izan behar dituzte, eta galarazi behar dute zaintzaren xede den eraikinetik ihes egitea edo ateratzea, eta orobat herritarrei eragozpenak edo lesioak eragitea.
3. Leku ikusgarrian iragarri behar da, errotulu batean, badela zaintza-txakur bat, eta arriskua egon daitekeela.
V. KAPITULUA.–EKIDOENTZAKO XEDAPENAK
1. Ekido guztiek identifikatuta egon behar dute, eta behar den dokumentazioa izan behar dute, betiere betez espezie horiei dagokien eta indarreko legedian ezarritakoa.
2. Debekatuta dago ekidoek edo animaliek tiratutako ibilgailuak bide publikoan gidatzea, oro har, Udalaren baimenik izan ezean.
3. Bide publikoan dabiltzan ekido guztiek erantzukizun zibileko aseguru baten estaldura izan behar dute, eragin ditzaketen kalteak estaltzeko.
4. Hiri-eremuan, behar den baimena izanez gero, ibilgailu motordunen mugapen berak izanen dituzte, indarra duten zirkulazio-erregelamenduen arabera.
5. Animaliak ez dira inolaz ere bide publikoan utziko, hiri-altzariei edo finka partikularren osagaiei lotuta, edo zaintzarik gabe.
6. Baimendutako azoka eta ikuskizun publikoek, ekidoak tartean baldin badira, albaitariaren ikuskapena eta ziurtapena behar dituzte, 19/2019 Foru Legeari eta hura garatzeko erregelamenduari jarraikiz (19/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoa).
7. Baimendutako azokak eta ikuskizun publikoak egiten ari direlarik, bai eta ekidoak bide publikoan barna ibiltzen direlarik ere, debekatuta dago animaliei oinazea eragitea, edo edonolako jardunbiderik egitea edo elementurik erabiltzea baldin arriskua ekar badezakete animaliendako, zaldizkoendako, parte-hartzaileendako edo ikusleendako.
8. Baimendutako azokak eta ikuskizun publikoak egiten ari diren bitartean nahitaezkoa izanen da:
a. Animalia etengabe zaintzea eta kontrolatzea.
b. Segurtasun-neurriak erabiltzea parte-hartzaileendako eta ikusleendako, eta batez ere babes-kaskoa erabiltzea, arautegiak hala ezartzen duen kasuetan.
c. Ekidoendako segurtasunerako eskura dauden neurriak erabiltzea.
9. Antolakuntzako kideek, parte-hartzaileek eta laguntzaileek nahitaezkoa dute baldintza hauek zuzen betetzea, eta animaliek tratu ona izateko behar diren baliabide guztiak erabiltzea.
VI. KAPITULUA.–EKOIZPENERAKO ANIMALIENTZAKO XEDAPENAK
Ekoizpenerako animaliei aplikatuko zaizkie arloari dagozkion arautegi espezifikoetan ezartzen diren betebeharrak eta debekuak.
VII. KAPITULUA.–ANIMALIA BASATI ETA EXOTIKOENTZAKO XEDAPENAK
29. artikulua. Debekatutako animaliak edukitzea.
Debekatuta dago edukitzea 19/2019 Foru Legearen laugarren xedapen gehigarrian erregistratutako animaliak parke zoologiko erregistratuetatik kanpo edo agintaritza eskudunak berariaz baimendutako gune zoologikoetatik kanpo (19/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoa).
30. artikulua. Animalia exotikoak edukitzea.
1. Espezie ez-autoktonoetako animaliak edukitzeko, kontuan hartuko da zer ezartzen den Espainiako Estatuak sinatutako nazioarteko itun eta hitzarmenetan, Europako arautegietan eta 19/2019 Foru Legean (19/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoa).
2. Fauna ez-autoktonoko espezie bateko animaliaren jabe direnek, betiere horiek edukitzea baimendua dutenean, agiri bidez frogatu beharko dute haien legezko jatorria.
3. Animalia horiek une oro egonen dira espeziearentzat egokia den ingurune batean, haien beharrak eta ongizatea bermatzeko.
31. artikulua. Basanimalia autoktonoak edukitzea.
Debekatuta dago espezie autoktonoetako animaliak edukitzea gune zoologikoetan nahiz eremu partikularrean, barnean direla ehiza-espezieak, baldin agintaritza eskudunak berariaz baimendu ez badu, 19/2019 Foru Legeari eta bertan ezartzen diren baldintzei jarraikiz (19/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoa).
VIII. KAPITULUA.–BESTE XEDAPEN BATZUK
32. artikulua. Lagun egiteko animalia gisa sailkatuta ez dauden etxeko animaliak.
1. Etxeko bestelako animaliak edukitzea (untxiak, etxeko hegaztiak, etab.) ez da inoiz izanen osasun publikorako arrisku edo auzokideendako eragozpen iturri.
2. Eraikin bakoitzeko kopuru baimendua zenbatzeko, kontuan hartuko dira animalien ezaugarriak, gordelekua, espazio erabilgarria, garbitasun- eta osasun-baldintzak, eta auzokideei edo inguruari eragiten ahal dizkieten ondorioak eta eragozpenak.
3. Hasiera batean, hiri-eremuan ezin da esne-behirik eduki (behitegiak), animalia handirik eduki edo hazi (kontsumorako edo aisialdirako izanda ere), artzaintza-jarduerarik egin, ez eta artalderik pasarazi ere, berariazko baimenik eman ezean, eta, betiere, baimen horretan jaso beharko dira salbuespenaren baldintza espezifikoak.
33. artikulua. Autokontsumorako animaliak edukitzea.
Baldin eta familiaren autokontsumorako animaliak (hegaztiak, untxiak, usoak, faisaiak, arkumeak, ahuntzak eta antzeko animaliak) hazi nahi badira etxebizitza partikularretan, berariazko araudia bete beharko da, baita hirigintzako arauak eta lurzoruaren erabileraren gainekoak ere.
34. artikulua. Gune zoologikoak.
Aplikagarria izanen da 104/2013 Foru Agindua, apirilaren 12koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako gune zoologikoen baimena, sailkapena, erregistroa eta kontrol zoosanitarioa arautzen dituena.
35. artikulua. Abere-lehiaketak eta animalien beste bilketa batzuk.
Aplikagarria izanen da 491/2013 Foru Agindua, abenduaren 13koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean abere-lehiaketak eta animalien beste bilketa batzuk arautzen dituena.
36. artikulua. Esperimentaziorako animaliak edukitzea.
Esperimentaziorako animaliei aplikatuko zaie 53/2013 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, oinarrizko arau batzuk ezartzen dituena animaliak babesteko, saiakuntzak egiteko eta beste helburu zientifiko batzuetarako, irakaskuntza barne.
IV. TITULUA.–UDALERRIKO ANIMALIA-KOLONIEN ARAUBIDE JURIDIKOA
I. KAPITULUA.–JABEEN ERANTZUKIZUNA
Orube edo etxebizitza itxi edo hustuen jabeen betebeharra da behar diren neurriak hartzea bertan ez daitezen finkatu katu herratu edo basati, uso edo bestelako animalien koloniak. Kolonia hori lehendik finkatua badago, saihestu beharko da beste espazio batzuk kolonizatzea, eta handik kendu behar bada, ahal dela, katuen kasuan, animaliak babesteko entitate batek kendu beharko ditu, eta bermatu beharko da lan hori egiten dela animaliak babesteko indarreko araudiaren arabera, dagokion udal-baimenaren bidez.
II. KAPITULUA.–HIRI-HEGAZTIEN POPULAZIOEN GAINEKO KONTROLA
1. Udalaren esku dago eremu publikoan animalien populazioen kontrol espezifikoak egitea, haien ugaritasunagatik edo ezaugarriengatik osasun-arazoak eragiten badituzte edo kalteak edo eragozpenak sortzen ahal badizkiete pertsonei, ondareari, animaliei edo ingurumenari.
2. Bide publikoan eta Udalaren ekipamenduetan izurrite-kontrolak aplikatzen badira, izurriteen kontrol integratuaren printzipioetan oinarritutako programei jarraituko zaie, eta lehentasuna izanen dute neurri prebentiboek eta animaliei minik edo kalterik eragiten ez dieten metodoek, apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean ezarritakoa betez (Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko Foru Legea).
3. Hegaztien kasuan, hiriko habitata beretzat mesedegarriena den moduan betetzen dute, eta beraz, arazoa epe ertain-luzera eraginkorki kontrolatzen dela bermatze aldera, funtsezkoa da identifikatzea non dituzten janari-iturriak eta habiak egiteko lekuak, eta haiek kontrolatzea.
4. Espazio pribatuen (etxebizitzak, eraikinak, orubeak, lursailak, etab.) jabeen erantzukizuna da garbitasun- eta osasungarritasun-baldintza egokietan edukitzea, eta neurriak hartzea beren etxebizitzetan hegaztiak ez daitezen kokatu, ez dezaten habia egin edo ez daitezen ugaldu. Udalak informazioa emanen du jarduteko moduari buruz eta zuzenean egin daitezkeen ekintzei buruz.
5. Hegazti horien gehiegizko populazioa kontrolatzeko, saihestu behar da hegaztiei jaten ematea eremu publikoetan. Betiere, Udalak debeka dezake zenbait espezie elikatzea, alkatearen bando baten bidez.
6. Komeni da Udalari abisua ematea, jakinez gero tokiren batean usoek eragozpenak eragiten dituztela, hala nola eraikin hutsetan.
III. KAPITULUA.–KATU-KOLONIEN GAINEKO KONTROLA
37. artikulua. Katu-koloniak sortzea.
1. Katu-kolonia bat sortu eta kontrolatzeko, errespetatu beharko dira ordenantza honetan eta animalien ongizateari buruzko foru-legea garatzen duen erregelamenduan ezarritako kokapen-baldintzak eta betekizun higieniko eta sanitarioak.
2. Katu-kolonia bat hiri-eremu batean edo landa-eremu batean egon daiteke, baina betiere saihestu behar da animaliak ingurune natural batera sartzea, hala nola ehiza-barrutietara, faunaren aterpeetara, naturagune babestuetara eta/edo Natura 2000 Sarera, dagokion baimena eduki ezean, hala nola ehiza-barrutiaren edo -aterpearen titularrak emandakoa edota ingurumen-organo eskudunarena, edo aplikatzekoak diren beste baimen batzuk.
3. Udalak du koloniaren kokalekua ezartzeko ardura. Koloniak ezin die animaliei kalterik edo arriskurik eragin, ez eta osasun publikoari, animalien osasunari, ingurumenari eta herritarren bizikidetzari ere.
4. Caparrosoko Udalak sortutako katu-koloniak zaindu eta kudeatuko dira, ahal dela, animaliak babesteko entitate edo elkarteekin lankidetzan, 19/2019 Foru Legearen 17.3 artikuluan araututakoari jarraikiz. Nolanahi ere, albaitariaren laguntza eta prestatutako zaintzaile-elikatzaileak izan beharko dituzte. Ondorio horietarako, aldian-aldian eta horretarako eskaria dagoenean, Udalak prestakuntza ikastaroak antolatuko ditu, katu-koloniak zaintzen eta katuei jaten ematen trebatzeko. Ikastaro horiek gainditu dituztela egiaztatzen dutenek soilik izanen dute zaintzaile-elikatzaile izateko identifikazioa eta akreditazioa.
5. Caparrosoko Udalak mugatzen ahalko du zenbat animalia egon daitezkeen gehienez katu-kolonia batean, justifikatutako arrazoiak tarteko. Kopuru hori gaindituz gero, kolonia osoa edo gehiegizko animaliak birkokatu behar dira, erregelamendu honen 60.6 artikuluan ezarritakoarekin bat.
6. Katu-kolonia bat deuseztatzeko eta haren kokapena aldatzeko, udalaren txostena beharko da, horren justifikazioa eta animaliak birkokatu beharra biltzen dituena, erregelamendu honen 60.6 artikuluan ezarritakoarekin bat.
38. artikulua. CES/R programa.
1. Koloniaren populazioa kontrolatzeko, CES/R programa aplikatuko da (atzematea, esterilizazioa eta jaregitea edo itzulera).
2. CES/R programa aplikatzeko, honako jarduketa hauek egin behar dira:
a) Prestatutako langileek atzeman behar dituzte animaliak, 19/2019 Foru Legean araututakoa betez. Ahal dela, tranpa-kaiolak erabiliko dira, eta etengabe behatuko dira. Ahal den neurrian, ez zaie estresa eraginen animaliei.
b) Animaliak, albaitariaren aholkupean, atzematearen kaiola berean eramanen dira albaitariaren kontsulta edo klinika batera, bete dadin Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko 19/2019 Foru Legearen 6.4 eta 7.19 artikuluetan araututakoa.
c) Albaitari batek:
c.1) Animalien egoeraren ebaluazioa eginen du, azterketa fisiko orokor baten bidez, gaixotasunak edo patologiak baztertzeko, edo ziurtatzeko eme bat ez dagoela ernari, horrelakoetan esterilizazioa ez baita gomendagarria. Ikusten bada animalia bat ez dagoela behar bezala esterilizatzeko, interbentzioa atzeratuko da oneratu arte.
c.2) Eutanasia aplikatzen ahalko dio animalia bati, hark gaixotasun edo lesio bat baldin badu, eragozten diona animalien ongizatearen gutxieneko parametroekin bateragarria den bizi-kalitatea izatea, sufrimendu larria eta konponezina saihesteko.
c.3) Animaliak esterilizatuko ditu.
c.4) Animaliak mikrotxip bidez identifikatuko ditu, erregelamendu honen I. tituluan araututakoarekin bat.
c.5) Animaliak markatzen ahalko ditu, belarriaren puntan zentimetro bateko zeharkako ebaki bat eginez, erregelamendu honen 62. artikuluan ezarritakoarekin bat, errazago identifikatzeko esterilizatutako katu bat, koloniaren parte dena.
c.6) Erregelamendu honen II. tituluan ezarritako nahitaezko txertoak eta desparasitazioak aplikatuko dizkie animaliei.
c.7) Animalia bakoitzari egindako albaitaritza-jarduera guztiak fitxa kliniko batean erregistratuko ditu, eta fitxa hori animalia hartzen den unean irekiko du.
d) Animaliak non atzeman ziren, hor bertan jareginen dira. Albaitariak, animaliaren egoeraren ebaluazioa egiten duenean, koloniaz arduratzen diren langileen laguntzarekin, uste badu animalia bat adoptatzeko modukoa dela (sozializatutako katuak edo sozializa daitezkeenak), harrera-zentro batera edo harrera-etxe batera eramanen du.
39. artikulua. Katu-kolonien erregistroa.
1. Caparrosoko Udalak katu-kolonien erregistro publiko bat eramanen du, eta, bertan, gutxienez, honako informazio hau jasoko da, ezertan galarazi gabe datuak babesten dituen araudian ezarritakoa:
a) Koloniaren izena, erregistro-zenbakia, sorrera data eta osatzen duten animalien kopurua.
b) Koloniaren arduradunaren (pertsona fisikoa edo juridikoa izan), zaintzaile-elikatzaileen eta albaitari arduradunaren izena eta NANa edo IFZa, eta horiekin guztiekin harremanetan jartzeko datuak.
c) Instalazioen kokapena, mota eta kopurua: jateko eta edateko askak, etxolak, etab.
d) Animalien identifikazioa, osasun-datuak, altak eta bajak.
2. Katu-kolonia bakoitzaren arduradunak jakinarazi beharko ditu datuetan gertatzen diren aldaketak, erregistroa eguneratzeko.
40. artikulua. Kokapeneko baldintzak.
1. Katu-koloniak toki hauetakoren batean egon daitezke:
a) Bide eta espazio publikoak.
b) Udal-parkeak eta lorategi-eremuak.
c) Udalaren titulartasuneko orubeak eta eremuak.
d) Jabearen berariazko baimena duen edozein kokaleku pribatu, etxebizitza partikularrak izan ezik.
2. Ezin izanen da koloniarik jarri:
a) Kirol-zentroetako instalazioetan.
b) Txakurrentzat bereziki egokitutako guneetan.
c) Jatetxeetako eta/edo taberna eta kafetegietako terrazetan.
d) Osasun-zentroetako instalazioetan (osasun-etxeak, ospitaleak eta klinikak).
e) Zahar-egoitza eta geriatrikoetan.
f) Eskola, institutu edo ikastetxeen instalazioetan.
g) Haur-parkeetan eta haurtzaindegietan.
h) Etxebizitza partikularretan.
i) Abeltzaintzako ustiategietan, elikagaien industrietan, edo giza kontsumorako ez diren animalia-azpiproduktuekin lan egiten duten industrietan.
j) Osasun- edo ingurumen-arloan arriskuak sor ditzaketen beste leku batzuetan.
3. Koloniek, gainera, gutxienez 100 metroko distantzia gorde beharko dute hauetatik:
a) Osasun-zentroetako instalazioak (osasun-etxeak, ospitaleak eta klinikak).
b) Zahar-egoitzak eta geriatrikoak.
c) Eskola, institutu edo ikastetxeen instalazioak.
d) Haur-parkeak eta haurtzaindegiak.
e) Ibilgailuen trafiko handiko bideak.
f) Abeltzaintzako ustiategiak, elikagaien industriak, giza kontsumorako ez diren animalia-azpiproduktuekin lan egiten duten industriak eta beste batzuk, animalien osasuna dela-eta.
g) Lagun egiteko animalien zentroak eta bestelako gune zoologikoak.
4. Aireportu-eremuetan, errespetatu beharko dira aplikatu beharreko araudiak une bakoitzean ezartzen dituen distantziak.
5. Caparrosoko Udalak du kokaleku jakin batean kolonia bat ezartzeko ardura, artikulu honetan araututakoarekin bat. Aukera ematen ahalko du artikulu honetako 2. eta 3. puntuetan ezarritakoa betetzen ez duten espazioetan edo distantzietan kolonia bat finkatzeko, baldin eta justifikatutako eta egiaztatutako arrazoiak badaude. Beharrezko neurriak hartuko ditu erregelamendu honen 57. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritakoa betetzen dela ziurtatzeko, bereziki kolonia landa-eremu batean ezartzeko baimena ematen denean.
6. Caparrosoko Udalak kolonia bateko animaliak birkokatzen ahalko ditu, inguruneko baldintzak ez badira egokiak animaliak bertan egoteko, aldez aurretik justifikazio-txosten bat eginda eta albaitariak gainbegiratuta. Animaliak birkokatzeko, antzeko ezaugarriak dituen beste katu-kolonia bat sortuko da. Animaliak, aldi baterako, baldintza etologikoak errespetatzen dituzten esparru egokituetan egoten ahalko dira, eta ez dira kaioletan isolatuta egonen, albaitari batek berariaz adierazten ez badu.
7. Kolonia kartel baten bidez identifikatuko da eremu publikoan. Kartel horretan, gutxienez, koloniaren erregistro-zenbakia eta kolonia ez errespetatzeak dakartzan zehapenak agertu beharko dira.
41. artikulua. Kolonia mantentzea.
1. Caparrosoko Udala da katu-koloniak kudeatu eta mantentzearen arduraduna, udal-langileen bidez edo hirugarren batekin hitzartutako langileen bidez.
2. Udalak, udalaz gaindiko erakundeak edo eskualdeak berariaz baimendu eta egiaztatutako prestakuntza jaso duten pertsonek izanen dute kolonia bateko animaliak zaintzeko eta elikatzeko ardura.
3. Katu-koloniak, gutxienez, honako zuzkidura hauek izan behar ditu:
a) Libratzeko hondartegiak: sarbide errazeko eremuetan jarrita, garbitzeko, baina jendearen pasabideetatik urrun, ahal den guztietan, eragozpenak saihesteko.
b) Jateko eta edateko askak: garbitzeko eta desinfektatzeko material egokikoak. Ahal dela, babestuta egonen dira, zaintzaile-elikatzaileez gain beste inork ez dezan elikagairik utz. Diseinuak, ahal den neurrian, beste animalia-espezie batzuek jatea saihestuko du.
c) Animaliak aterpetzeko lekuak.
4. Animaliei pentsu lehorra baino ez zaie emanen. Pentsu hori egunero izanen dute, eta ez da inoiz lurrean utziko. Kontsumitu gabeko pentsua aldian behin kenduko da. Pentsu hezea animaliak atzemateko edo albaitariak aginduta bakarrik erabiltzen ahalko da.
5. Kolonia osatzen duten animaliak baimendutako eremu eta espazio publikoetan baino ezin dira elikatu. Ahal den neurrian, beste animalia batzuek ez dute elikagaia eskuratuko.
6. Kolonia dagoen lekuak eta inguruneak baldintza higieniko-sanitario egokietan egon behar dute, bereziki jateko eta edateko askak garbitzeari dagokionez. Baldintza higienikoen aldizkako kontrolak egin behar dira, eta agintaritza eskudunaren esku egonen den txosten batean jasoko dira.
42. artikulua. Albaitaritzako jarduerak eta kontrolak.
1. Katu-kolonia bakoitzak albaitaritza-zerbitzu bat izan behar du. Zerbitzu horrek higiene- eta osasun-programa bat ezarri behar du, gutxienez honako hauek zehazteko: esterilizazioa, desparasitazioak, gaixotasunen kontrola, nahitaezko txertaketak eta animalia gaixo eta zaurituen tratamendua. Era berean, osasun-neurriak ezarriko ditu, koloniara katu berri bat iristen denean: berrogeialdia, tratamenduak eta txertoak.
2. Koloniako animalia bakoitzak fitxa kliniko bat izan behar du, eta, honako hauek jaso behar dira bertan: animaliaren identifikazioa, osasun-datuak, tratamenduak, diagnostikoak eta garrantzitsutzat jotzen den guztia.
3. Animaliak udalaren, udalaz gaindiko erakundearen edo eskualdearen izenean identifikatuko dira, erregelamendu honen I. tituluan katuak identifikatzeko ezarritakoarekin bat. Animalia identifikatzeko pasaportearen ordez edo animalia identifikatzeko agiriaren ordez, aurreko puntuan adierazitako fitxa klinikoa erabil daiteke.
4. Animalien esterilizazioa albaitari profesional batek eginen du, baimendutako instalazioetan eta edozein interbentzio kirurgikoren neurriak errespetatuz. Kolonia bateko katu guztiak, ahal dela, sei hilabete bete aurretik esterilizatuko dira, edo atzematen direnean.
5. Esterilizatutako animaliak belarrian mozketa bat izanda markatzen ahalko dira, erregelamendu honen 58.c artikuluan ezarritakoaren arabera, baldin eta koloniaz arduratzen den albaitariak beharrezkotzat jotzen badu identifikatzeko eta animaliaren onurarako, berriz atzematea eta lekualdatzea eraginen liekeen estresa saihesteko. Marka egiten duen albaitariak horren berri jasoko du ziurtagiri baten bidez edo, zuzenean, animaliaren fitxan.
6. Animaliei txertoa jarriko zaie, ahal den guztietan, lagun egiteko animalien nahitaezko tratamenduei dagokienez erregelamendu honetan araututakoarekin bat. Une horretan parasitoen aurkako barneko eta kanpoko tratamendua eginen da.
7. Koloniaz arduratzen den albaitariak agintaritza eskudunari jakinaraziko dio zein diren nahitaez aitortu beharreko gaixotasunak, 48 orduko gehieneko epean. Amorrua kontrolatzeko kontingentzia-planean ezarritakoa aplikatuko da gaixotasun hori detektatuz gero.
8. Koloniako animaliaren bat hiltzeko edo eutanasia egiteko, 19/2019 Foru Legearen 12. artikuluan zehaztutakoari jarraituko zaio, horretarako ezartzen diren protokoloak betez.
43. artikulua. Ikuskapenak eta kontrolak.
1. Caparrosoko Udalak kontrolatu behar du betetzen direla katu-koloniak erregulatzen dituen araudian ezarritako baldintzak. Gutxienez, urteko kontrol bat egin behar du, bai eta dagokion txostena ere. Txosten horretan jaso behar da aplikatzekoa den araudia bete dela, koloniaren helburuak zein diren, herritarrekin izandako gorabeherak konpondu direla eta, hala badagokio, zer neurri hartu diren.
2. Caparrosoko Udalak, agiri bidez egiaztatutako kexa eta gorabeherengatik, neurri espezifikoak ezartzen ahalko ditu detektatutako egoera konpontzeko. Neurri horiek murriztaileagoak izan daitezke katu-kolonietarako oro har aurreikusitakoak baino. Beharrezkoa izanez gero, eta aldez aurretik justifikatuta, aurreikusten ahalko du koloniaren arduradunari baimena ezeztatzea ere, eta kudeaketa beste arduradun bati esleitzen ahalko dio.
3. Kolonia bat sortzeko baimena ezeztatzea txosten arrazoitu batean oinarritu beharko da. Neurria hilabete lehenago jakinaraziko zaio horren arduradunari, eta kolonia osatzen duten animaliak, ahal dela, udalerri bereko beste kolonia batzuetan banatuko dira, edo kolonia berriak sortuko dira, erregelamendu honen 60.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, betiere albaitari batek gainbegiratuta.
44. artikulua. Sentsibilizazio-protokoloak eta -kanpainak.
1. Udalek, udalaz gaindiko erakundeek edo eskualdeek protokoloak ezarriko dituzte katu-kolonien kudeaketa, kontrola eta jarraipena egiteko, bai eta prestakuntza ere animaliak maneiatzen dituzten langileentzat. Gutxienez, erregelamendu honetan ezarritakoa bete behar da.
2. Udalek, udalaz gaindiko erakundeek edo eskualdeek informazio-kanpainak sustatu beharko dituzte herritarren artean katu-kolonien kudeaketari buruz. Horretarako, erakunde laguntzaileen laguntza jaso dezakete.
45. artikulua. Zerbitzua mankomunatzeko aukera.
Udalak enpresa espezializatu bati enkargatzen ahalko dio zerbitzua, edo beste erakunde batzuekin mankomunatzen ahalko da, zerbitzu hobea emateko.
V. TITULUA.–ZEHAPEN-ARAUBIDEA
I. KAPITULUA.–ANIMALIEN ONGIZATEA ZAINTZEA ETA KONTROLATZEA
46. artikulua.
1. Udalaren eskumenekoak diren ikuskapen- eta kontrol-eginkizun guztiak eginen dira, barne direla identifikazioa, kautelazko neurriak eta behin-behinekoak hartzea, hala nola animaliak lekutik kentzea edo/eta konfiskatzea eta animalien zentroen ikuskapena, Europar Batasuneko araudiak eta estatuko eta autonomia-erkidegoko legediak animalien babesaren arloan ezarritako lege-esparruan xedatutakoaren arabera.
2. Ikuskapenaz arduratzen diren unitateek laguntza eskatzen ahalko diete ikuskapen-lanaren lurralde-esparruan laguntzaile gisa erregistratutako animaliak babesteko erakundeei.
3. Udal-agintaritzako agenteek egin beharreko ikuskapen-, zaintza- eta kontrol-eginkizunak eragotzi, atzeratu edo galarazten duten egiteak eta ez-egiteak arau-hauste administratibo izaten ahal dira, indarreko xedapenen arabera.
4. Pertsona guztiek jakinarazten ahal diote Udalari ordenantza honen arabera edo aplikatzekoa den arloko araudiaren arabera arau-hauste administratibo izaten ahal den gertakari bat.
II. KAPITULUA.–ZEHAPEN-ARAUBIDEA
47. artikulua. Arau-hausteak.
Aplikagarriak diren edozein mailatako arau sektorialetan xedatutakoa ezertan eragotzi gabe, ordenantza honetan araututakoaren kontrako arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak dira, irizpidetzat aintzat hartuz osasun publikorako edo animalien osasunerako arriskua, intentzionalitate maila, litekeen kaltearen larritasuna, eta zaintza eta kontrolerako zailtasunak.
1. Arau-hauste arinak hauek izanen dira:
a) Ez edukitzea apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak edo ordenantza honek eskatzen dituen erregistroak, edo horiek osatu gabe edo gabeziekin edukitzea.
b) Lagun egiteko animaliak edukitzea identifikatu edo erregistratu gabe apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean eta/edo ordenantza honetan ezarritako moduan.
c) Lagun egiteko animaliak hemezortzi urteko adinaz beherakoei eta ezgaituei eskualdatzea, guraso-ahala, tutoretza edo zaintza duten pertsonen baimenik gabe.
d) Espezie orotako animaliak erakustea erakusleihoetan, merkataritza-establezimenduetan nahiz aisiarako edo jostetarako lokaletan.
e) Etxebizitza batean bost animalia heldu baino gehiago edukitzea, txakurrak, katuak edo erregelamenduz zehazturiko beste edozein espezietako aleak, behar den baimena eduki gabe.
f) Lagun egiteko animaliak modu desegokian edo horretarako bereziki egokitu gabeko maletategietan garraiatzea, betiere animaliek kalterik pairatzen ez badute.
g) Espezie orotako animaliek parte hartzea ferietan, erakusketetan, lehiaketetan, erakustaldietan, filmaketetan, kultur jardueretan edo antzekoetan, behar den baimena eduki gabe.
h) Espezie orotako animaliak artifizialki manipulatzea salmentarako erakargarri egiteko, jostetarako edo adierazpen artistikorako.
i) Lagun egiteko animaliei ez egitea jendetasun- eta heziketa-probarik, animaliaren aiurria eta portaera direla-eta gomendagarria denean.
j) Lagun egiteko animalia galduak edo abandonatuak biltzeko jarduerak egitea horretarako baimenik ez duten erakunde pribatuek.
k) Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Erregistroan jabeek egunean ez edukitzea lagun egiteko animalien datuak, eta animalien galera, heriotza, salmenta edo titulartasun-aldaketa ez jakinaraztea ezarritako epeetan.
l) Txakurrak ez eramatea uhalez edo katez loturik hiri-espazio publikoetan edo bizilagunen erkidegoen espazio komunetan, edo ordenantza honetan xedaturikoa bete gabe eramatea.
m) Hiri-espazio publikoak edo bizilagunen erkidegoen espazio komunak zikintzea lagun egiteko animalien eginkari solido edo likidoekin, eta ez garbitzea.
n) Behar diren neurriak ez hartzea saihesteko norberaren ardurapeko espezie orotako animaliek eragin ditzaketen kalteak edo eragozpenak.
o) Txakurrak eta beste animalia batzuk ibiltzea eta egotea ordenantza honek debekaturiko tokietan.
p) 19/2019 Foru Legearen edo ordenantza honen manuak ez betetzea dakarren edozein egite edo omisio, ez badago tipifikatuta arau-hauste astun edo oso astun gisa.
q) Artikulu honen hurrengo apartatuan tipifikatutako arau-hausteren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik arau-hauste astuntzat hartzea merezi ez duenean.
2. Honako hauek tipifikatzen dira arau-hauste astun gisa:
a) Espezie orotako animaliak elikatuta edukitzea nahikoa edo egokia ez den modu batez edo debekatuta dauden elikagaiekin.
b) Espezie orotako animaliak toki edo instalazio desegokietan edukitzea, higiene-, osasun- edo segurtasun-baldintza egokiak ez badituzte, dimentsio desegokiak badituzte edo, haien ezaugarriengatik, distantziagatik edo beste edozein arrazoirengatik, eguneroko kontrol eta ikuskapen egokia egitea ezinezkoa bada.
c) Espezie orotako animaliak denbora luzez lotuta edo itxita edukitzea, edo sufrimendu edo kalteak eragiten ahal dizkieten baldintzetan; edo gizakiarengandik edo beste animalia batzuengandik beti bakartuta edukitzea, baldin eta espezie gregarioetakoak badira; eta txakurrak etengabe lotuta edukitzea, aplikatu beharreko foru-arauetan eta ordenantza honetan ezarritakoa urratuz.
d) Lagun egiteko animaliak ez txertatzea edo agintari eskudunek nahitaezkotzat deklaraturiko tratamenduak ez ematea, eta ez esterilizatzea ordenantza honetan ezarritako baldintzetan edo agintari eskudunek hala agintzen dutenean.
e) Albaitari batek egin ez dituen antzutzeak, txertaketak, tratamenduak edo denetariko ebakuntza kirurgikoak, edo halakoak egitea 19/2019 Foru Legean ezarritako baldintzen eta betebeharren aurka.
f) Lagun egiteko animaliei albaitari-azterketa ez egitea, 19/2019 Foru Legearen arabera hala ezarrita dagoenean edo agintaritza eskudunak agintzen duenean.
g) Ez betetzea lagun egiteko animalien zentroetarako, gune zoologikoak diren aldetik, ezarritako baldintzak eta betekizunak, arau-hauste arin gisa tipifikatuta ez badago.
h) Lagun egiteko animaliak haztea edo saltzea, aplikatu beharreko foru-arauetan eta ordenantza honetan ezarritakoa urratuz.
i) Lagun egiteko animaliak laborategi edo klinikei eskualdatzea, bete gabe indarreko araudian ezarritako betebeharrak.
j) Espezie orotako animaliak dohaintzan ematea, zozketa bidez ematea edo saritzat ematea; edo publizitate-erakargarri moduan, sari moduan edo opari moduan ematea, animalia horien kostu bidezko transakzioak ez diren beste eskuratze batzuen ondorioz.
k) Lagun egiteko animaliak parasitoekin edo gaixorik saltzea, edo albaitariaren ziurtagiria eduki gabe, gaixotasunik ez dutela egiaztatzeko.
l) Albaitaritza-zerbitzu ofizialei ez jakinaraztea nahitaez deklaratzekoak diren gaixotasunak, alerta sanitario bat deklaratu ez denean.
m) Espezie orotako animaliak erabiltzea ferietako atrakzio edo karruseletan eta zirkuetan.
n) Espezie orotako animaliak modu iraunkorrean edukitzea aparkatutako ibilgailuetan, edo aldi baterako edukitzea ibilgailuetan aireztapenik edo tenperatura egokirik gabe.
o) Espezie orotako animaliak abian den ibilgailu motordun bati lotuta eramatea.
p) Urkatze lepokoak, ziridunak edo elektrikoak erabili eta saltzea, baldin eta lagun egiteko animaliendako kaltegarriak badira; edo haiek erabiltzea aplikatu beharreko foru-arauetan eta ordenantza honetan ezarritakoa urratuz.
q) Espezie orotako animaliei ez ematea nahitaezkoak diren albaitaritza tratamenduak, tratamendu aringarriak, prebentzio tratamenduak edo behar dituzten funtsezko tratamendu sendagarriak.
r) Behar diren neurriak ez hartzea lagun egiteko animalien ugalketa ez-kontrolatua saihesteko.
s) Edozein espezietako animaliei bide ematea edo ez eragoztea arrisku bat izan daitezen pertsonen eta animalien osasunerako edo segurtasunerako, edo gauzei kalte materiala eragin diezaieten.
t) Lagun egiteko animaliak giza kontsumorako edo animalien kontsumorako erabiltzea.
u) Laguntzarik ez ematea istripua izan duen, zaurituta dagoen edo arriskuan dagoen edozein espezietako animalia bati, laguntza hori norberarendako edo hirugarrenendako arriskurik gabe ematen ahal denean.
v) Albaitari batek eginkizun jakin batzuk betetzea haietarako gaikuntzarik eduki gabe, edo gaituta egonda ere, ez betetzea gaikuntzan ezarritakoa.
w) Lagun egiteko animaliak garraiatzea modu desegokian edo horretarako bereziki egokitu gabeko maletategietan, animaliek kalteak pairatzen badituzte.
x) Hiru urteko epean egitea arau-hauste arin bat baino gehiago, ebazpen irmoz hala deklaratu eta jakinarazi denean.
y) Hurrengo apartatuan tipifikatutako arau-hausteren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik arau-hauste oso astuntzat hartzea merezi ez duenean.
3. Arau-hauste oso astunak hauek izanen dira:
a) Espezie orotako animaliei tratu txarrak ematea.
b) Espezie orotako animalien arteko borrokak antolatzea, haiei buruzko publizitatea egitea edo haiek gauzatzea.
c) Espezie orotako animaliak erabiltzea ikuskizunetan, jai herrikoietan, borroketan, animalien arteko aurrez aurrekoetan, beste animalia batzuen harrapaketan, erasoetan, simulatu gabeko eszenen filmaketan edo ankerkeria edo tratu txarra inplikatzen duten beste jarduera batzuetan, edo animaliei sufrimenduak, naturaren aurkako tratamenduak edo tratamendu laidogarriak edo heriotza eragiten ahal dizkieten jardueretan, 19/2019 Foru Legearen 7.13 artikuluan araututakoaren arabera.
d) Espezie orotako animaliak trebatzea edo heztea beren oldarkortasuna gara dezaten, eta borroketarako prestatzea, borroka egin dezaten akuilatzea, edo lan eginaraztea haien osasunari edo ongizateari kalte egiten dien modu batez.
e) Espezie orotako animaliak abandonatzea.
f) Galdutako edo desagertutako lagun egiteko animaliak ez berreskuratzea 10 egun balioduneko epean, 19/2019 Foru Legearen 15.3 artikuluan eta ordenantza honetan xedaturikoaren arabera.
g) Lagun egiteko animalia bat hiltzea 19/2019 Foru Legean eutanasiarako edo hilketarako araututakoa urratuz.
h) Lagun egiteko animaliei ebakuntza kirurgiko debekatuak egitea, 19/2019 Foru Legean ezarritako salbuespenekin.
i) Espeziea edozein dela ere, animaliaren sufrimendua edo heriotza eragiten duten edo eragin dezaketen hazkuntza-prozedurak erabiltzea; horren barnean sartzen da ugalketarako erabiltzea gaixotasun hereditario larriak dituzten animaliak, heriotza behar baino lehenago eragin dezaketenak edo ondorioak arintzeko albaitaritza-ebakuntzak behar dituztenak.
j) Espezie orotako animaliei nahita tiro egitea, indarreko legedian jasotako kasuetan izan ezik eta ehiza-espezieen kasuan izan ezik, baimendutako ehiza-jardueretan betiere.
k) Espezie orotako animaliei substantzia kaltegarriak ematea, alferrikako sufrimendua edo kaltea eragin badezakete.
l) Espainiako Estatuan indarrean diren nazioarteko itun eta hitzarmenen bidez babestutzat edo desagertzeko arriskuan deklaratutako espezieen kasuan, bai eta 19/2019 Foru Legean berariaz debekatutako animalien kasuan ere, edo, kasua bada, lagun egiteko animalia gisa edukitzeko zilegi direnen zerrendetan sarturik ez daudenen kasuan ere, debeku da haien espezimen, kume, arrautza edo beste atal edo produktu oro merkaturatzea, saltzea, edukitzea, erakustea eta naturalizatzea.
m) Aktaz edo administrazio-ebazpenez behin-behinean immobilizaturik dauden animaliak garraiatzea, edozein espezietakoak.
n) Lagun egiteko animalia baten osasun-kontrolerako neurriak ez hartzea edo ez betetzea, eta agintaritza eskudunari gaixotasun kutsagarri baten kasuak ez jakinaraztea, halakoak susmatzen edo diagnostikatzen direnean, osasun-alerta bat deklaratu denean.
o) Ezezkoa ematea 19/2019 Foru Legean ezarritako eginkizunak betetze aldera agintaritza eskudunak edo haren agenteek eskatutako datuak edo informazioa emateari, edo horretarako trabak jartzea, bai eta okerreko informazioa edo dokumentazio faltsua ematea ere.
p) Oztopoak jartzea aplikatzekoak diren foru-arauetan eta ordenantza honetan ezarritako behin-behineko neurriak aplikatzeari.
q) Hiru urteko epean arau-hauste astun bat baino gehiago egitea, ebazpen irmoz hala deklaratu eta jakinarazi denean.
48. artikulua. Erantzukizuna.
1. Ordenantza honetan tipifikaturiko arau-hausteen erantzule jotzen dira haiek egiten dituzten pertsona fisiko eta juridikoak, zabarkeria hutsez bada ere.
2. Ordenantza honen aurkako arau-hauste bat pertsona bati baino gehiagori egozten ahal zaionean, eta ezinezko gertatzen bada bakoitzaren partaidetza-maila zehaztea, solidarioki erantzunen dute eginiko arau-hausteei zein ezarritako zehapenei dagokienez. Era berean, pertsona juridikoek jarduera utzi badute, arau-haustea egin zen unean administratzaile-kargua zutenak izanen dira ezarritako zehapenen erantzule subsidiarioak.
49. artikulua. Eskumena eta prozedura.
Hargatik eragotzi gabe 19/2019 Foru Legearen 32. artikuluan zehatzeko ahalaren erabilera subsidiarioari buruz xedatutakoa, alkateak ezarriko du nolako zehapena jarriko den ordenantza honen arauen aurkako arau-hausteengatik, bere eskumenen esparruaren barnean eta eskumena beste norbaiten esku uzteko aukera galarazi gabe. Aurretiaz zehapen-espediente bat abiarazi beharko da, eta kasu bakoitzaren inguruabarrak kontuan hartuko dira zehapenak mailakatzeko; hori guztia, ezertan galarazi gabe epaitegiari erruduntasun-testigantza pasatzea edo eginiko jarduketak agintaritza eskudunei igortzea, hala behar denean arau-haustearen izaeragatik.
Zehapen-prozeduran, beteko dira Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen IV. tituluko xedapenak, eta hasiera-egunetik urtebete izanen da prozedura ebazteko.
19/2019 Foru Legean ezarritako preskripzio-epeak aplikatuko dira (19/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoa).
50. artikulua. Zehapenak.
Ordenantza honetan ezarritako arau-hausteengatik zehapen hauek aplikatuko dira:
a) Arau-hauste arinengatik, 200 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna.
Arau-hausleak nahita egin ez dituen arau-hauste arinen kasuan, zehapena ohartarazpen bat izan daiteke, baldin eta arau-hausle horri ez bazaio ezarri foru-lege honetako bestelako zehapenik, administrazio-bidean, aurreko hiru urteetan, ezertan galarazi gabe hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera ezar daitezkeen zehapen osagarriak.
b) Arau-hauste astunengatik, 1.001 eurotik 6.000 eurora bitarteko isuna.
c) Arau-hauste oso astunengatik, 6.001 eurotik 100.000 eurora bitarteko isuna.
51. artikulua. Zehapen osagarriak.
1. Aurreko artikuluan araututako zehapenak ezertan galarazi gabe, zehapen-espedientea ebazteko eskumena duen organoak erabakitzen ahalko du honako zehapen osagarri hauek aplikatzea:
a) Instalazioak, lokalak edo establezimenduak gehienez ere bi urtez ixtea arau-hauste astunen kasuan, eta lau urtez arau-hauste oso astunen kasuan.
b) Aldi baterako debekatzea edo desgaitzea 19/2019 Foru Legean edo ordenantza honetan araututako jardueretan aritzeko, gehienez ere bi urtez arau-hauste astunen kasuan, eta lau urtez arau-hauste oso astunen kasuan.
c) Animaliak konfiskatzea arau-hauste astunen edo oso astunen kasuan.
d) Animaliak edukitzeko debekua ezartzea gehienez ere bi urterako, arau-hauste astunen kasuan, eta lau urterako, arau-hauste oso astunen kasuan.
e) Albaitari gaitu edo baimenduari aitortza hori kentzea.
52. artikulua. Zehapenen mailakatzea.
1. Zehapena honako irizpide hauei jarraikiz mailakatuko da:
a) Nahita edo nahi gabe egitea.
b) Animalien babesari, animalien osasunari, osasun publikoari edo ingurumenari eragindako kaltea edo sortutako arriskua, edo ukitutako animalia kopurua.
c) Berrerortzea, urtebetean animalien babesari buruzko araudia behin baino gehiagotan hausteagatik, administrazio-bidean ebazpen irmoz hala deklaratu denean.
d) Arau-hauslearen kargua edo eginkizuna, edo jardueraren ezaguera-maila handiagoa izatea, bere lanbideagatik eta ikasketengatik.
e) Arau-hausleak agintaritza eskudunari laguntza eman izana, gertaerak argitzeko eta babespeko ondasuna lehengoratzeko.
f) Jokabide berean arau-hausteak pilatu izana.
2. Bi urteko epean berrerortze edo errepikatze soila gertatzen bada, zehapenaren zenbatekoa %50 gehituko da. Epe horretan bi aldiz edo gehiagotan berreroriz edo errepikatuz gero, gehikuntza %100ekoa izanen da.
3. Egitate berean bi arau-hauste administratibo edo gehiago pilatzen badira, arau-hauste astunenari dagokion zehapena ezarriko da, erdiko edo goiko graduan.
53. artikulua. Zehapenak murriztea.
Proposatutako zehapena isun bat denean, zehapen-espedientean ebazpena eman baino lehen ordaintzen bada isunaren zenbatekoa, egitateen erantzukizuna aitortuko da, eta zehapenaren zenbatekoa %40 murriztuko da.
54. artikulua. Kautelazko neurriak.
1. Udal-zerbitzuek, era arrazoituan, behar diren kautelazko neurriak proposatzen eta hartzen ahalko dituzte hala komeni dela deritzotenean, bermatze aldera herritarren segurtasuna, higienea eta osasun publikoaren babesa, bai eta animalien ongizatea ere. Honako neurri hauek hartzen ahalko dira, besteak beste:
a) Animaliak konfiskatzea.
b) Agintaritza eskudunak ez ematea animaliak garraiatzeko legez aginduzkoak diren agiriak.
c) Jarduerak, instalazioak edo garraiobideak etetea edo geldiaraztea eta establezimenduak ixtea, aginduzkoak diren baimen edo erregistroak ez badituzte.
2. Kautelazko neurriak hartzeko, 19/2019 Foru Legearen 25. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da (19/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoa) baita 39/2015 Legearen 56. artikuluan xedatutakoa ere (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).
Xedapen iragankor bakarra.–Ordenantza honen esparruan sartzen diren animalien jabeek eta arduradunek, bai eta ordenantza honen eraginpean dauden erakunde, profesional eta osasun-zerbitzuek ere, hilabeteko epea izanen dute, ordenantza indarrean jartzen denetik hasita, bertan ezarritako betebehar formalak betetzeko.
Ordenantza hau argitaratzearekin bat, indargabeturik gelditzen da Lagun egiteko animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen udal-ordenantza (2016ko 201. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 18koa).
Azken xedapen bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarriko da behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.
Iragarkiaren kodea: L2601469
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
