47. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ZIZUR NAGUSIA

Oposizio-lehiaketa murriztua, kultur koordinatzailearen plaza bat betetzeko

Zizur Nagusiko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2026ko otsailaren 6an, deialdi bat onetsi zuen, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko kultur koordinatzailearen plaza bat.

Hautapen-prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, Langileak Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, aplikatu beharreko gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Zizur Nagusiko Udaleko langileendako oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzea kultur koordinatzailearen plaza bat, B mailakoa eta euskarazko C1 hizkuntza-eskakizuna duena. Plazak 23000 zenbakia dauka plantilla organikoan.

1.2. Prozedura eginen da bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluarekin, zeinak ezartzen baitu hautaproben deialdia egiten ahalko dela beren funtzionarioetara murrizturik (betiere deialdiko lanpostu hutsak ez badakar plantillako lanpostuen kopurua handitzea), ikusten bada komeni dela lanpostu zehatz batzuk barne-igoeraren bidez betetzea, administrazio unitateen antolaketarengatik eta haien gain utzitako lanengatik.

1.3. Hautaprobak gainditu ondoan lanposturako izendatzen den izangaia B mailan sailkatuko da, eta jasoko ditu maila horretako ordainsariak, jarraikiz Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduari (erregelamendua onetsi zen uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez), eta jasoko ditu, orobat, Zizur Nagusiko Udalaren plantilla organikoan lanpostu horretarako ezarritako ordainsari osagarriak.

1.4. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko izangaiak izendapenaren aurretik zuen araubide juridikoa. Hala, eutsiko dio Gizarte Segurantzako eta osasun-laguntzarako araubide berari.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa murriztu honetan onartuak izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Zizur Nagusiko Udalaren zerbitzuko funtzionario edo lan-kontratudun finko izatea.

b) Deialdiaren xede den plaza baino beheragoko maila batean egotea.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

d) Unibertsitateko diplomadun, ingeniari tekniko, arkitekto tekniko edo hirugarren mailako lanbide heziketaren titulua izatea, edo horien baliokide bat.

e) Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, euskarazko C1 maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat izatea. Titulu edo ziurtagiri hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean bildu den tituluen zerrendan agertu beharko da, edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa izan beharko da. Baldintza hori frogatu beharko da deialdi honen 3.2 oinarriari jarraikiz.

f) Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta ez egotea inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua.

g) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

h) Haber abonado la tasa por derechos de examen.

Baldintza horiek frogatu beharko dira eskabideak aurkeztean, eta bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako; era berean, hautapen prozesu osoan zehar eutsi beharko zaie, izendatzeko unera arte.

Puntu honetan adierazitako agiriak aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuko. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

3.–Parte hartzeko eskabideak aurkeztea eta tasak ordaintzea.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu behar dira Zizur Nagusiko Udaleko Erregistro Orokorrean, hogei egun naturaleko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina, eta I. eranskineko ereduari lotu behar zaizkio; haietan adierazi behar da betetzen direla eskatutako baldintza guzti-guztiak.

3.2. Behar bezala betetako eskabide horrekin batera, behar diren agiriak aurkeztu beharko dira, frogatzeko betetzen direla deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak (2. oinarria), bai eta honako hauek ere:

–2.1. d) oinarrian adierazitako tituluaren fotokopia.

–Euskarako C1 jakite-maila frogatzen duen titulua, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera. Horrek agertu beharko du Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean bildu den tituluen zerrendan, edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazio bat izan beharko du. Hizkuntzaren jakite-maila hori frogatzen ahalko da, orobat, horretarako berariaz eginen den proba baten bidez. Hortaz, proba egin nahi dutenek hala adierazi beharko dute parte hartzeko eskabidean. Proba hori eginen da hautaprobak hasi baino lehen.

Izangaiak eskabideari gehitu behar dizkio lehiaketaldian baliatu nahi dituen merezimenduen ziurtagiriak.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.4. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten adierazi beharko dute.

3.5. Tasa.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 20 euroko tasa ordaindu beharko da. Tasa telematika bidez ordainduko da, eskabidea formalizatzen den unean. Tasa hori egoitza elektronikoaren bidez ordainduko da, "Tasen autolikidazioa" izapidean.

Azterketa eskubideen tasa ordaindu ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan.

Ezarritako epean eskaerarik aurkeztu ezean, oposizio-lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratzen denetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute deialdian onartuak izateko baldintzen inguruan, horiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan, eta haiek ebatzi ondoren, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan.

Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Andoni Serrano Zabalza, Zizur Nagusiko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkaria.

Ordezkoa: Jon Gondán Cabrera, Zizur Nagusiko Udaleko alkate udalburua.

Epaimahaikidea: Ainara Santaquiteria Echarri, Antsoaingo Udaleko kultura eta herritarren parte-hartzeko teknikaria.

Ordezkoa: José Javier Paz Jiménez, Azagrako Udaleko kultur teknikaria.

Epaimahaikidea: David Echeverría Irigaray, Azkoiengo Udaleko kultur teknikaria.

Ordezkoa: Ángel García Carreño, Nafarroako Kultur Kudeaketako Profesionalen Elkarteko ordezkaria.

Epaimahaikidea: Sandra Urrutia Olleta, Zizur Nagusiko Udaleko langileak ordezkatzen dituzten organoek proposaturiko ordezkari sindikala.

Ordezkoa: Itxaso de las Heras Goñi, Zizur Nagusiko Udaleko langileak ordezkatzen dituzten organoek proposaturiko ordezkari sindikala.

Epaimahaikide idazkaria: Cristina Fabo Legarda, Zizur Nagusiko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Olatz Arizaleta Azcona, Zizur Nagusiko Udaleko administrazio publikoko teknikaria.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo eskudunari horren berri eman, baldin eta urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean badaude (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. Artikuluan ezarritakoaren arabera).

5.3. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, bildu beharko da kide guztien gehiengo osoa gutxienez.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

Halaber, ahalmena izanen du beharrezkotzat jotzen dituen barneko jardun-arauak emateko, zuzen egin daitezen oposizio-lehiaketaren proba guztiak edo horietako batzuk, betiere deialdiaren oinarriei egokituz.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldian 20 puntu eskuratuko dira, gehienez ere.

Epaimahaiak izangaiek alegatu eta behar bezala egiaztatutako merezimenduak baloratuko ditu, ondotik ematen den baremoari jarraikiz.

a) Laneko eskarmentua (12 puntu gehienez)

1) Edozein administrazio publikotan, A edo B mailako kultur koordinatzaile gisa egindako zerbitzuengatik: 1 puntu urte bakoitzeko.

2) Edozein administrazio publikotan, A edo B mailako kultur teknikari edo kudeatzaile gisa egindako zerbitzuengatik: 0,50 puntu urte bakoitzeko.

b) Prestakuntza osagarria (8 puntu gehienez):

1) Graduondokoa, kultur kudeaketaren edo kultur politiken arloan (150 ordu gutxienez): 2 puntu.

2) Masterra, kultur kudeaketaren edo kultur politiken arloan (200 ordu gutxienez): 5 puntu.

3) Diploma/LHko gradua, gizarte eta kultur animazioaren arloan: 1 puntu.

Laneko eskarmentua baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:

1. Bete diren lanpostuen maila, haietan eskatutako titulazioa, lanpostuaren izena eta eginkizunak.

2. Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

3. Lanaldi partzialeko zerbitzuak badira, lanaldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

4. Beste zerbitzu batzuekin aldi berean egindako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.

5. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

6. Egindako zerbitzuak baloratzeko, aurkeztu beharko da, zerbitzuak zein administraziotan edo enpresa pribatutan egin diren, harexek eginiko ziurtagiri bat, frogatzen dituena lanpostuko eginkizunak eta adierazten duena lanpostu horretarako eskatu zen titulazioa.

Merezimenduak agiri bidez frogatu beharko dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Horrela egin ezean, ez dira aurkeztutzat hartuko. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahal ditu izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

Epaimahaiak izangaien merezimenduak baloratuko ditu baremoaren atal bakoitzean. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretiaz azaldu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik.

6.3. Oposizioaldia 2026ko apiriletik aurrera eginen da. Gehienez ere 80 puntu eskuratzen ahalko dira, eta honako ariketa baztertzaile hauek izanen ditu:

a) Lehen ariketa: teorikoa. Idatziz erantzun beharko zaie 80 galderari (4 erantzun-aukera izanen dituzte). II. eranskineko gai-zerrendari buruzkoak izanen dira. Orobat, erreserbako beste 5 galdera gehituko dira.

Ariketa honengatik gehienez 40 puntu emanen dira, eta gutxienez 20 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko. Erantzun zuzen bakoitzeko 0,5 puntu lortuko dira, eta erantzun oker bakoitzak zigorri ekarriko du (zehazki, erantzun zuzen bakoitzaren laurdena).

b) Bigarren ariketa: praktikoa. Bi kasu praktiko ebatzi beharko dira, lanpostuaren zeregin, eginkizun eta nondik norakoei buruzkoak. II. eranskineko gai-zerrenda hartuko da oinarritzat.

Ariketa honengatik gehienez 40 puntu emanen dira, eta gutxienez 20 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko.

Proba bakoitzaren gehieneko iraupena epaimahaiak zehaztuko du, haiek hasi aurretik.

6.4. Oposizioaldiko ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo, bestela, epaimahaiaren iritziz onargarria den beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak.

6.5. Ariketak pliken bidez eginen dira. Biak eginen dira egun berean, bata bestearen ondoren. Plikak jendaurrean irekiko dira, eta ekitaldi hori Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan iragarriko da, gutxienez ere 24 ordu lehenago.

7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta izendapen proposamena.

7.1. Hautaprobak amaituta, kalifikazio-epaimahaiak Zizur Nagusiko egoitza elektronikoan argitaratuko du gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, bai eta lehiaketaldian lortu dituzten kalifikazioak ere. Orobat, puntuzioarik handiena eskuratu duen izangaia izendatzeko proposamena eginen du, eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariari bidaliko dio zerrenda.

7.2. Berdinketarik gertatuz gero, lehen proban puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, bigarren proban lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.

7.3. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak horretarako eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Horren emaitzak argitara emanen dira Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoan.

7.4. Izendapen proposamena Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da.

Izendapen proposamena Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, proposatutako izangaiak zinpeko deklarazioa aurkeztu beharko du Udaleko erregistro orokorrean, non adieraziko baitu ez dagoela desgaitua edo gabetua funtzio publikoetan aritzeko eta ez dela zerbitzutik kendua izan inongo administrazio publikotan.

7.6. Proposatutako izangaiak ez badu deklarazio hori aipatutako epean aurkezten, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ez da izendatuko, eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna galarazi gabe.

7.7. Baldin gertatzen bada 7.6 apartatuan aipatutako kasua, baja beteko da probak gainditu dituztenen zerrendan (7.1 apartatua) ondo-ondotik heldu den izangaiarekin, eta harekin ere aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

8.–Izendapena eta plazaz jabetzea.

8.1. Aurreko oinarriko hautapen-prozesua amaituta, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak ebazpen bat emanen du, hautapen-prozesua gainditu eta puntuaziorik handiena eskuratu duen izangaia izendatzeko Zizur Nagusiko Udaleko kultur koordinatzaile.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izendatzen den izangaiak izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko du lanpostuaz. Ezinbesteko kasuetan salbu, aipatu epean lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Zizur Nagusiko Udaleko B mailako kultur koordinatzaile bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu, eta aurreko oinarrian ezarri bezala jokatuko da. Halakoetan, lanpostua beteko da 7.1 oinarriko zerrendan ondotik heldu den izangaiarekin.

9.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.

Prozedura honen ondorioz, administrazio-araubideko aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda bat eratuko da, bat etorriz aplikatzekoa den araudiarekin. Zerrenda Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da.

10.–Datuen babesa.

Izangaiei honako honen berri ematen zaie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO); zehazki, haren 13. artikuluari:

–Zizur Nagusiko Udala da deialdiko parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Hona hemen oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna denean kontratu horren alderdi bat, edo tratamendua beharrezkoa denean kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).

–Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko denboran ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, datuak babesteko ordezkariaren bidez (delegadaprotecciondedatos@zizurnagusia.es).

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, beronen oinarrien edo berau aplikatzeko egintzen aurka, kalifikazio-epaimahaiak emanak ez badira, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Tokiko Gobernu Batzarrari zuzendua, hilabetean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Zizur Nagusian, 2026ko otsailaren 6an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

I. ERANSKINA.–ESKAERA EREDUA

https://sedeelectronica.zizurmayor.es/

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. Espainiako 1978ko Konstituzioa. Atariko titulua. I. titulua.

2. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa. Atariko titulua. I. titulua.

3. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

4. 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua: I. kapitulua. II. kapitulua. III. kapitulua. IV. kapitulua. V. kapitulua.

5. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Atariko titulua. I. titulua. III. titulua. VI. titulua. IX. titulua.

6. 2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Atariko titulua. I. titulua: Adjudikazio botereak. Kontratistak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak.

7. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. I. titulua. II. titulua: Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio-egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Diziplina araubidea.

8. 5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa. II. titulua, I. eta III. kapituluak; III. titulua, I., II. eta III. kapituluak.

9. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. I. titulua. II. titulua.

10. Dirulaguntzak: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa. I. titulua: Dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak. 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Zizur Nagusiko Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza orokorra.

11. 2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako toki ogasunei buruzkoa. I. titulua. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. I. kapitulua. Baliabide motak. III. titulua. Aurrekontua eta gastu publikoa. I. kapitulua. Aurrekontu orokorrak eta II. kapitulua. Exekuzioa eta likidazioa.

12. Berdintasuna: 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasunari buruzkoa: I. titulua. Zizur Nagusiko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako ordenantza.

13. Zizur Nagusiko Udalaren Erregelamendu Organikoa. Atariko titulua: xedapen orokorrak. Bigarren titulua: Osoko Bilkuraren antolaketa. Laugarren titulua: Tokiko Gobernu Batzarra. Bosgarren titulua: batzordeak. Bederatzigarren titulua: herritarren informazioa eta parte-hartzea

14. 18/1986 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, Euskarari buruzkoa. 103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta mendeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan. Zizur Nagusiko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza.

15. Euskararen egoera demolinguistikoa. Hizkuntza-gaitasunari, euskararen jarrerari eta transmisioari buruzko datuak eta ikerketak, eta euskararen erabilerari buruzko datuak eta estatistikak.

16. Nafarroako toki entitateetako euskara zerbitzuak. Nafarroako Udal Euskara Teknikarien Sarea (NUETS).

17. Zizur Nagusiko Udalaren euskara zerbitzuaren eginkizunak eta jarduerak.

18. 1/2019 Foru Legea, urtarrilaren 15ekoa, Nafarroako eskubide kulturalei buruzkoa. Eskubide kulturalak. Kulturarako irispidea izateko eta bizitza kulturalean parte hartzeko eskubidea. Administrazio Publikoen erantzukizuna kulturaren arloan.

19. 2/2023 Legegintzako Foru Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez onesten baita fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bategina. II. titulua: II. kapitulua: 1. eta 2. atalak.

20. 31/2022 Foru Legea, azaroaren 28koa, Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruz. VI. titulua: I. kapitulua.

21. Nafarroako Gobernuaren eskuliburua kultura ondasun eta zerbitzuetarako irisgarritasunari buruz 2022.

22. Nafarroako Kulturaren Plan Estrategikoa (2024-2028).

23. Kultur proiektuen diseinua. Egitura, faseak eta edukia. Helburuak eta ekintzak. Proiektua garatzeko baliabideak. Aurrekontua. Jarraipena eta kontrola. Ebaluazioa.

24. Zabalkundea, publizitatea, ikusleen arreta eta kudeaketa kultur jardueretan.

25. Kultur ekintzaren komunikazio eta hedapen estrategiak. Publikoen fidelizazioa eta heziketa. Kultur bitartekaritza.

26. Festetako eta kulturako jarduerak programatu eta gauzatzea.

27. Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiaren esku-hartze ildoak, Nafarroako toki erakundeei lotuak. Deialdiak, programak, dirulaguntzak.

28. Estatuaren programa, arte eszenikoen ikuskizunak toki entitateen espazioetan erakusteko (PLATEA).

29. Nafarroako Antzokien Sarea.

30. Zinema eta ikus-entzunezkoak gaur egungo kulturan. Nafarroako egoera, testuinguruan kokatuta.

31. Musika gaur egungo kulturan. Nafarroako egoera, testuinguruan kokatuta.

32. Kultur eta sormen industriak Nafarroan.

33. Kultur etxe batean jarduerak programatu eta gauzatzea. Zizur Nagusiko kultur etxeko kultura eskaintza

34. Zizur Nagusiko kultura arloko eragileak eta elkarteak.

35. Zizur Nagusiko kultura ondarea.

36. Zizur Nagusiko Udalaren kultura zerbitzuaren araudiak eta deialdiak. Kultur etxeko auditoriuma. Kultur jardueren zerbitzua emateko prezio publikoaren eta jardueraren gaineko araudia. Deialdia, laguntzak emateko elkarte eta taldeei, jarduera soziokulturalak egin ditzaten.

Iragarkiaren kodea: L2602017