47. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TAFALLA

Oposizioa, barne-igoera murriztuan, administrari-ofizialaren bi plaza betetzeko

Tafallako Udaleko Gobernu Batzarrak, 2026ko otsailaren 12an egin bilkuran,

ERABAKI DU:

Lehena.–Deialdi honen oinarriak onestea: deialdia, Tafallako Udaleko administrari-ofizialaren bi plaza barne-igoera murriztuan betetzeko, oposizio bidez, plantillan plazarik gehitu gabe.

Bigarrena.–Deialdiaren oinarriak argitara ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bat etorriz ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 25. artikuluan xedaturikoarekin (foru-dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua).

Hirugarrena.–Erabaki honen berri ematea Udalbatzari, organo horrek egiten duen hurrengo osoko bilkura arruntean, eta dagokion espedientean sartzea.

DEIALDIA, TAFALLAKO UDALEKO ADMINISTRARI-OFIZIALAREN BI PLAZA BARNE-IGOERA MURRIZTUAN BETETZEKO, OPOSIZIO BIDEZ, PLANTILLAN PLAZARIK GEHITU GABE, UDALEKO PLANTILLAKO LANGILE FINKOENDAKO, DEIALDIAN ESKATZEN DIREN BALDINTZAK BETETZEN BADITUZTE

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Tafallako Udaleko administrari-ofizialaren bi plaza barne-igoera murriztuan betetzea, oposizio bidez, plantillan plazarik gehitu gabe. Parte har dezakete Udaleko plantillako langile finkoek, deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

1.2. Udalaren 2025eko plantilla organikoa 2025eko martxoaren 27ko osoko bilkuran onetsi zen behin betiko (2025eko 77. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 22koa), eta bertan barne-igoera murriztua ezarri zen plantillan 01.08 eta 03.05 kodeekin identifikaturiko administrari laguntzailearen lanpostuetarako, C mailan sartze aldera, administrari-ofizial gisa (kodeak: 01.08 eta 03.05, hurrenez hurren).

1.3. Prozesu honetarako deia egin da bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluan ezarritakoarekin (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

1.4. Deialdi honen ondorioz izendatzen diren izangaiak, behar diren hautaprobak gainditu ondotik betiere, administrari-ofizial izanen dira eta C mailan sartuko dira plazaz jabetzen direnetik. Hala, aurretik betetzen zituzten plazak automatikoki amortizatuko dira, eta, ondorioz, plaza kopurua ez da gehituko plantilla organikoan.

1.5. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du ezertan aldatuko langileak mailaz igo aurretik zuen araubide juridikoa, funtzionarioa izan nahiz lan-kontratuduna izan. Eskubide pasiboen araubide berari ere eutsiko dio.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Tafallako Udaleko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea, D mailakoa, eta administrari laguntzailearen lanposturako izendatua edo esleitua egotea.

b) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean edukitzea Batxilergo titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokidea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Titulazioaren baldintzaren ordez, kasu honetan (C maila) aukeran egonen da zortzi urteko antzinatasun aitortua frogatzea administrazio publikoen zerbitzuan, bat etorriz 251/1993 Legegintzako foru-dekretuaren 15.2 artikuluan ezarritakoarekin.

c) Bost urteko antzinatasun aitortua frogatzea administrazio publikoetan.

d) Abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona zerbitzuak egiten ari baldin bada administrazio honetako beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.

2.2. Hautatutako izangaiek baldintza horiek guztiak frogatu beharko dituzte deialdi honetan ezarritako epean eta moduan. Ulertuko da baldintza horiek betetzen direla eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta bete beharko dira hautapen-prozesu osoan, izendapena egiten den arte.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Tafallako Udalaren erregistroan, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea), hogei egun naturaleko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Deialdi honetan argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio eskabideak.

Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu aurretik eta Tafallako Udalaren erregistro orokorrera igorri aurretik.

3.2. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denboraren nahiz baliabideen aldetik. Kasu horretan, eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

3.3. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, bi aldeena.

b) Honako alderdi hauek frogatzen dituen ziurtagiria: administrari laguntzailearen izendapena, lanpostu horretan duen antzinatasuna eta administrazio-egoera. Udalak ofizioz gehituko du.

c) Tafallako Udalari 10,45 euro ordaindu izanaren frogagiria, lanpostu deialdia izapidetzeko tasagatik.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

Tasa hori kreditu txartelaren bidez ordaintzen ahalko da eskabidea bulegoan bertan aurkezten denean, edo La Caixako ES 22 2100 3696 69 2200068626 kontura transferentzia eginez; azken kasu horretan, datu hauek jarri beharko dira nahitaez ordainagirian:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–NANa/IFZa.

–Kontzeptua: barne-igoera murriztuko deialdia, administrari-ofiziala.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki-taulan eta webgunean (deialdiaren fitxan).

Ezarritako epean ez bada batere eskabiderik aurkezten, alkateak ebazpen bat emanen du deialdiko plaza bete gabe uzteko.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epean izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko, zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta webgunean (deialdiaren fitxan) argitaratzen denetik hasita.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondoren, Alkatetzak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki-taulan eta webgunean (deialdiaren fitxan).

Inor ez bada bazterturik gelditzen, zuzenean onetsiko da izangai onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila arestian aipaturiko bide berak baliatuz.

5. oinarria.–Oposizioaren nondik norakoa.

5.1. Oinarri hauetan adierazitakoaren arabera eginen da deialdia.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioaldiko probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5.2. Oposizioaldia 2026ko apiriletik aurrera hasiko da, eta proba hau izanen du:

5.2.1. Proba teoriko-praktikoa.

Proba teoriko-praktikoa izanen da, eta idatziz erantzun beharko zaie galdera teoriko-praktiko batzuei; II. eranskineko gaiei buruzko galderak izanen dira.

Galdera guztietan hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da balioduna. Galdera guztiek balio bera izanen dute. Epaimahaiak adieraziko du, hasi baino lehen, izangaiek ariketa egiteko zenbat denbora izanen duten gehienez.

Ariketan 50 puntu lor daitezke, gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira eskatzen den gehieneko puntuazioaren erdia, gutxienez, eskuratzen ez duten izangaiak.

Proba hau egiteko ez da inolako testurik kontsultatzen ahalko, ez eta bestelako materialik erabiltzen ahalko ere, bolaluma urdina edo beltza ez bada.

5.3. Probarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek azaldu beharko dute aldean daramatela nortasun agiri nazionala, AIZa (atzerritarraren identifikazio-zenbakia) edo pasaportea. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.

5.4. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

5.5. Proba egin ondoren, Udalaren webgunean eta iragarki-taulan argitaratuko dira izangaiek lortutako emaitzak.

6. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

6.1. Epaimahaiaren osaera argitaratuko da behin eraturik dagoenean.

Epaimahaiburua: Xabier Alcuaz Andueza, Tafallako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Gonzalo Ibarrola Inchusta, Tafallako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Cristina Elizalde Duque, Tafallako Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: izendatzeke.

Epaimahaikidea: Langileen Batzordeak izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: Langileen Batzordeak izendatu beharrekoa.

Epaimahaikidea: Marta Pernaut Ojer, Tafallako Udaleko aholkulari juridikoa.

Ordezkoa: Rosa Ferrer García, Tafallako Udaleko idazkaria.

Epaimahaikide idazkaria: Fátima Moral Escudero, Tafallako Udaleko lan-harremanetako graduduna.

Ordezkoa: Verónica Zabalegui García, Tafallako Udaleko Langileriaren Alorreko administrari-ofiziala.

6.2. Epaimahaia eratuko da epaimahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago.

6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

6.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruzko auzi guztiak.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7. oinarria.–Prozesua gainditu dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

Prozesua buruturik, gainditu duten izangaiak izendatzeko proposamena igorriko dio epaimahaiak Alkatetzari.

8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Alkatetzak administrari-ofizial izendatuko ditu (C maila) aurreko apartatuan aipaturiko proposamenean jasotzen diren izangaiak, eta aginduko du izendapena argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean; dena dela, izendapenaren aurretik, izangai horiek agiri bidez frogatu beharko dute betetzen dituztela 2. oinarriko baldintzak.

8.2. Izangai izendatuek hamar egun naturaleko epea izanen dute karguaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Aipatu epearen barnean izangairen batek ez badu jabetza hartzen, administrari-ofizial izateko eskubide guztiak galduko ditu, behar bezala frogaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik.

9. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Administrazioarekiko Auzien Tafallako Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Tafallan, 2026ko otsailaren 12an.–Alkatea, Xabier Alcuaz Andueza.

I. eranskina.–DEIALDIA, TAFALLAKO UDALEKO ADMINISTRARI-OFIZIALAREN BI PLAZA BARNE-IGOERA MURRIZTUAN BETETZEKO, OPOSIZIO BIDEZ, PLANTILLAN PLAZARIK GEHITU GABE

DATU PERTSONALAK:

Deiturak eta izena:

NANa edo agiri baliokidea:

Jaioteguna:

Jaioterria:

( )

Nazionalitatea:

Egungo helbidea:

Herria:

Posta-kodea:

Probintzia:

Telefono finkoa:

Telefono mugikorra:

Helbide elektronikoa:

Zure aurrera azaldu, eta adierazten dut:

–Ez nago desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez naiz administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

–Baditut lanpostuaren eginkizunetan aritzeko behar diren gaitasun fisikoa eta psikikoa.

–Baditut deialdian eskatzen diren tituluak eta betetzen ditut bertan eskatzen diren baldintza guztiak, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Desgaitasunik izanez gero (markatu hala badagokio):

Minusbaliotasuna dut eta, horrenbestez, azaltzen dudan egokitzapena eskatzen dut, adierazten ditudan arrazoiengatik. (Beste orri batean, minusbaliotasunaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira).

Minusbaliotasuna dudala frogatzen duen agiria aurkezten dut, erakunde eskudun batek emana.

ESKATZEN DUT onartua izatea honako deialdi honetako hautaprobetan: deialdia, Tafallako Udaleko administrari-ofizialaren bi plaza barne-igoera murriztuan betetzeko, oposizio bidez, plantillan plazarik gehitu gabe. Hari dagokionez, hain zuzen, adierazten dut haren oinarriak ezagutu eta espresuki onartzen ditudala eta eskabideak aurkezteko epean betetzen ditudala oinarrietan eskatzen diren baldintza guzti-guztiak.

Nazionalitate espainiarra ez duten izangaiak (markatu hala badagokio):

Zin egin edo hitzematen dut ez dudala nire Estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten didan diziplina zehapenik edo zigor penalik.

Tokia eta data

Sinadura

TAFALLAKO UDALEKO ALKATE-UDALBURUA

Bat etorriz datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoarekin, Tafallako Udalak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu bere datuen isilpeko tratamendua bermatzeko. Aurkeztutako eskabidearen kudeaketa administratibo hutsa egitea da herritarrek emandako datu pertsonalen bilketaren, tratamenduaren eta lagapenaren helburua. Herritarrek edozein unetan erabil dezakete datuetan sartzeko eta haiek zuzentzeko eskubidea, jendearentzako arreta bulegoetara joanez, Nafarroako Frantzisko plaza 5, 31300 Tafalla; telefonoa: 948 7018 11.

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: I. titulutik V. titulura, biak barne.

2.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriei buruzkoa. II. eta V. tituluak.

3.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: III. titulua: I. kapituluko 1. eta 2. atalak eta II. kapitulua. VI. titulua. IX. titulua: I. kapituluko 1., 2. eta 3. atalak eta II. kapituluko 2. atala. Urriaren 18ko 279/1990 Foru Dekretua (dekretu horrek hein batean garatzen du Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako toki-erakundeen egintza eta erabakiak aurkaratzeari dagokionez).

4.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, onesten duena Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua: IV. titulua: I. kapituluko 3. eta 4. atalak eta II. kapituluko 1. atala.

5.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: II. titulua: Udal zergak.

6.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. V. titulua: Administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina.

7.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena: I. tituluko V. kapitulua: Jarduera sailkaturako lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak.

8.–1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, onesten duena Toki Entitateetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua: II. titulua: Biztanleria eta errolda: I. kapitulua. Herritarrak eta udal errolda; II. kapitulua. Udal erroldaren kudeaketa; III. kapitulua. Udal errolda egiaztatzea eta kontrolatzea; IV. kapitulua. Udal errolda berrikustea.

Oharra: zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean den araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Iragarkiaren kodea: L2602335