Iragarkia
47. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 5a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
UHARTE
Oposizio-lehiaketa, bete dadin zerbitzu anitzetako enplegatuaren (mantentze-lanak) plaza bat
Alkatearen 2026ko otsailaren 16ko 2026-0193 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen, oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko zerbitzu anitzetako enplegatuaren (mantentze-lanak) plaza bat, lan-araubide finkoan. Plazak euskarazko hizkuntza-eskakizuna du (B2 ahoz eta B1 idatziz).
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketaren bidez betetzea zerbitzu anitzetako enplegatuaren (lorezaintza) plaza bat, lan-araubide finkoan eta lanaldi osoan. Plaza horrek 4019 zenbakia du plantilla organikoan.
Halaber, deialdi honen bidez, eratu nahi dira aldi baterako kontratazioak egiteko zerrendak, prozeduran plazarik lortzen ez duten izangaiekin. Oposizio-lehiaketaren emaitzekin zerrenda bat eratuko da, Udalak etorkizunean aldi baterako kontratuak egin behar dituenean erabiltzeko. Kasu horretan, kontratuak eginen dira hautaprobak gainditu dituzten izangaiek lortutako puntuazioaren ordenaren arabera, eta une oro errespetatuz zerrendak kudeatzeko barne araudia, kontratua egiteko unean indarrean dagoena.
Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.
Lanpostuak D mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan eginiko sailkapenaren arabera, bai eta Udaleko plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.
Printzipioz, goizeko txandan aritu beharko da lanpostuan.
Bete beharreko eginkizunak. Bere mailako eta kategoriako eginkizunak izango ditu, besteak beste honako hauek:
–Espaloien eta kaleen mantentze-lanarekin eta hiri-altzariak mantentzearekin lotutakoak.
–Udal-eraikinen mantentze-lanekin zerikusia dutenak (ikastetxea, haur-eskolak, kultur etxea, Plazaldea, udaletxea, etxabeak, alokairuko etxebizitzak...).
–Kultura-jarduerekin lotutako instalazio ez-iraunkorrak muntatzeko eta desmuntatzeko lanak.
–Ibilgailuak eta ibilgailu bereziak gidatzea.
–Babes zibilarekin lotutako zereginak.
–Noizean behin, berezko jarduerekin lotutakoak, kaleak eta eraikinak eskobatzea eta garbitzea. Kaleak eskobatzeko makina autopropultsatua gidatzea eta mantentzea.
–Noizean behin, honelako lanak: hilerriaren mantentze-lanak; gorpuak, gorpuzkiak eta/edo errautsak ehorztea, lurpetik ateratzea eta murriztea.
–Noizean behin, kirol-instalazioak eta igerilekuak mantentzearekin lotutakoak.
–Noizean behin, atezain lanak.
–Udalak agintzen dizkion beste eginkizun guztiak, Udaleko zerbitzu anitzen arloan edo betetzen duen lanpostuan gauzatzen direnen arabera, bere titulazioari eta mailari dagozkionak.
–Agintzen zaizkion antzeko beste batzuk, espezializazio zehatzik behar ez dutenak.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak izenpetutako eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio. Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak, haien kontura biziz gero.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Eskola Graduatuko titulua, Lanbide Heziketako lehen mailako titulua edo horien baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea. Tituluak atzerrian lortu badira, homologazioa frogatzen duen agiria eduki beharko da.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.
e) B motako gidabaimena izatea.
f) Ez egotea desgaitua edo baztertua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publiko baten zerbitzutik kendua.
g) Euskararen ezagutza frogatzea. Udalaren 2. hizkuntza eskakizuna izanen da (B2, ahozkoan eta B1 idatzian). Eskatzen dutenek euskara-azterketa bat egin ahal izango dute eskatutako maila frogatzeko.
Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dute aipatutako baldintza horiek betetzen dituztela, deialdi honetako oinarrietan ezartzen diren epean eta moduan. Baldintzak bete beharko dituzte, hain zuzen ere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta horien jabe beharko dute izan oposizioaldiak dirauen bitartean eta kontratua egiten zaienera arte.
3.–Eskabideak.
Uharteko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, aurrez aurre edo elektronikoki, hogei egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak lotuko zaizkio deialdi honen I. eranskin gisa argitaratutako ereduari, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela baldintza guzti-guztiak, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.
Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri ofizial baliokide batena.
b) B motako gidabaimenaren fotokopia.
c) Eskatutako titulazioaren fotokopia.
d) Eskatutako euskara maila duela frogatzen duen agiria (ziurtagiri ofiziala) edo, bestela, maila hori frogatzeko proba egin nahi dutenendako Udalak antolatuko duen azterketan izena emateko eskaera. Eskaera hori deialdian parte hartzeko eskabidean egin beharko da.
e) Lan-bizitza eta izangaiak lehiaketaldian aurkezten dituen merezimenduak ziurtatzen dituzten agiriak.
f) Ordainagiria, frogatzen duena espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 5,00 euro ordaindu izana (diru-sarrera egiteko kontua: S59 3008 0087 74 1447560721). Ordainagirian "ZERBITZU ANITZAK (MANTENTZE LANAK) deialdiaren tasa" idatzi behar da. Tasa, ordaindu ondoren, ez da itzuliko. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da. Salbuetsita egonen dira inskripzioa egiteko unean langabezian daudela frogatzen dutenak.
Desgaitasuna duten pertsonek horren frogagiriak aurkeztu beharko dituzte, etorkizunean eginen diren deiei begira.
Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
Desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denbora eta baliabideen aldetik, ariketak egin ahal izateko, hala behar izanez gero. Halakoetan, eskabidean adierazi beharko dute, beste orrialde batean, zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
Telematikoki aurkeztuz gero, artxibo guztiak bereizita aurkeztu beharko dira, eta haien tituluak lotura zuzena izan behar du edukiarekin. Inskripzioak eskuz idatzita aurkezten badira, letra argiz eginen da, eta, ahal dela, letra larriz. Inskripzioko oinarrizko datuak irakurtzerik ez badago, inskripzioa atzera botako da.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Uharteko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Udalaren web-orrian argitaratzeko.
Baztertutako izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta, hala badagokio, egindako akatsak zuzendu, hamar egun balioduneko epean, behin-behineko zerrendak argitaratu eta biharamunetik hasita.
Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, Uharteko Udaleko alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Udalaren web-orrian argitaratzeko aginduko du.
5.–Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduna.
Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Alfredo Arruiz Sotés, Uharteko Udaleko alkatea.
Epaimahaikidea: Txemari Zurbano Peñas, Uharteko Udaleko zerbitzu anitzetako arduraduna.
Epaimahaikidea: Juan Antonio Viedma Feligrera, Uharteko Udaleko zerbitzu anitzetako administrari-ofiziala.
Epaimahaikidea: Uharteko Udaleko ordezkaritza sindikalak izendatzen duena.
Epaimahaikide idazkaria: Gustavo Jiménez Martín, Uharteko Udaleko Giza Baliabideetako kudeatzailea.
Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balioa izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek.
Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruzko auzi guztiak.
Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu: lehiaketaldia eta oposizioaldia; lehenbizi lehiaketaldia eginen da. Oinarri hauetan adierazi bezala eginen dira.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren oposizioaldiko ariketak. Gainerako proben iragarkiak Udalaren web-orrian argitaratuko dira.
Lehiaketaldia:
Lehiaketaldia ez da baztertzailea. Lehiaketaldiaren helburua da izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzea, eta gehienez ere 25 puntu emanen dira, baremo honekin bat:
–Merezimenduen kalifikazioa.
- Laneko eskarmentua: 15 puntu gehienez.
- Lan egindako hilabeteak batuko dira, honako baremo honen arabera:
- Edozein administrazio publikotan zerbitzu anitzetako (mantentze-lanak) langile gisa lan egin izana: 1,25 puntu urte bakoitzeko.
- Enpresa pribatuan zerbitzu anitzetako (mantentze-lanak) langile gisa lan egin izana: 1 puntu urte bakoitzeko.
Laneko eskarmentua frogatzeko, izangaiek lan-bizitza aurkeztu beharko dute, bai eta administrazioaren edo enpresaren egiaztagiria ere.
- Prestakuntza: 10 puntu gehienez.
- Zerbitzu anitzekin (mantentze-lanak) zuzenean lotutako prestakuntza-ekintza bakoitzeko.
- 20 ordukoak eta hortik gorakoak, 40 ordura iritsi gabe: 1 puntu.
- 40 ordukoak eta hortik gorakoak, 100 ordura iritsi gabe: 2 puntu.
- 100 ordukoak eta hortik gorakoak: 3 puntu.
Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiakideek alegatutako eta frogatutako merezimenduez.
Merezimenduak baloratuko dira, harik eta deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.
Merezimenduen frogagiriak aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko agiriekin batera.
Merezimenduen balorazioaren kontra alegazioak jar daitezke bost egun balioduneko epean, Udalaren webgunean argitaratu eta biharamunetik hasita, Udalaren erregistroan eskabidea aurkeztuz.
Oposizioaldia.
Oposizioaldiak ariketa hauek izanen ditu, eta gehienez ere 75 puntu lortzen ahal dira. Oposizioa ez da hasiko 2026ko martxoa baino lehen.
Lehenbiziko probak ariketa bakarra izanen du. Galdera sorta bati erantzun beharko zaio; zenbait aukera emanen dira erantzuteko, baina horietako bakarra izanen da zuzena. Galderak izanen dira II. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak. Erantzun okerrek puntuak kenduko dituzte, epaimahaiak proba hasi aurretik ezarritako proportzioan. Ariketa honetan, gehienez ere, 30 puntu lor daitezke, eta bazterturik geldituko dira 15 puntura iristen ez diren izangaiak.
Bigarren ariketan proba teoriko-praktiko bat edo batzuk egin beharko dira, lotuta egonen direnak lanpostuko zereginekin. Ariketa horren gehieneko puntuazioa 45 puntukoa izanen da.
Proba hauek egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta bestelako materialik ere, bolaluma izan ezik.
Dei bakarraren bidez eginen dira oposizioaldiko proba guztiak, eta izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela agertuko dira, nork bere nortasuna behar bezala frogatzeko. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.
7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, kontratatzeko proposamena, eta agirien aurkezpena.
Ariketa kalifikatzen bukatutakoan, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda argitara emanen du Uharteko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, erdietsitako puntuazioaren hurrenkeran, oposizioaldian eta lehiaketaldian izangai bakoitzak lorturiko kalifikazioak batuta. Epaimahaiak deialdia egin duen organoari bidaliko dio zerrenda, puntuaziorik handiena lortu duen izangaia kontratatzeko proposamenarekin batera.
Emaitzak argitara eman eta 10 egun balioduneko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren erregistro orokorrean:
a) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren kopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
b) Euskara maila (B2 ahoz eta B1 idatziz) behin betiko egiaztatzen duen agiria.
c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
d) Osasun-ziurtagiria, erakusten duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea, jarraikiz deialdiko lanpostuan gauzatu beharreko jardueretarako ezarritako osasun-protokoloei. Ezin izanen dira kontratatu aipatutako osasun-azterketan "gai" kalifikazioa ez duten izangaiak.
e) Zin egite edo hitzematea, Nafarroako Foru Araubidea begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
f) Izangaiak Espainiako nazionalitatea ez badu, zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela diziplina-zehapenik edo zigor penalik, bere estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dionik.
g) Hala behar badu, Uharteko Udalak eskatzen dituen agiri osagarriak.
Aipatutako epearen barrenean agiriak aurkezten ez badira (salbu aski arrazoitutako ezinbesteko kasuetan), izangaia ezin izanen da kontratatu eta, beraz, haren jarduketa guztiak deuseztaturik geldituko dira, galarazi gabe legokiokeen erantzukizuna.
Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Uharteko Udalak lanpostua beteko du zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin, hots: hautaprobak gainditu dituztenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin.
8.–Kontratazioa.
Hautapen prozedura bukatu eta izangaiak aurreko oinarrian aipatzen diren agiriak ekarri ondoan, alkateak kontratatu eginen du.
Deialdiaren emaitza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Hautatutakoak alkatetzaren ebazpenean adierazitako egunean sinatu beharko du kontratua. Epe horretan izangaiak kontratua formalizatzen ez badu, salbu ezinbesteko kasuetan, kontrataziorako eskubide guztiak galduko ditu eta 9. oinarrian ezartzen denari jarraituko zaio.
9.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.
Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarri denarekin bat, Funesko Udaleko alkateak aldi baterako Uharteko kontratazioak egiteko izangaien zerrenda hauek eratuko ditu, deialdi honen oinarrietan ezarritako prozedurari jarraikiz.
–Hautaprobak gaindituta ere, plazarik gabe gelditu diren izangaien zerrenda.
–Hautapen prozesuaren ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda.
Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrendak osatzeko prozedura.
Kalifikazio-epaimahaiaren espedientea jasota, Uharteko Udaleko alkatearen ebazpen baten bidez onetsiko dira, hala behar badu, aldi baterako kontratazioa egiteko zerrenda hauek: a) Probak gainditu baina plazarik eskuratu ez dutenen zerrenda; b) Hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda, hautaprobak gaindituta ere plazarik gabe gelditu diren izangaiak ez badira.
Gerta liteke Udalak eskatzea deialdiaren 2. oinarrian eskatu den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideen ordainagiriarena edo egoki irizten duen bestelako agiriren bat. Hautaprobak gaindituta ere plazarik gabe gelditu diren izangaien kasuan, hautapen prozesuan zenbat eta puntuazio handiagoa erdietsi, eta gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan zenbat eta puntuazio handiagoa erdietsi, halakoxea izanen da lehentasuna aldi baterako kontratazioa egiteko zerrendetan. Edonola ere, aldi baterako kontratazioetarako zerrendetako izangaiei deitzeko irizpideak izanen dira ezarrita daudenak kontratazioaren unean indarrean den Udaleko zerrendak kudeatzeko barne araudian.
10.–Datu pertsonalak babestea.
Bat etorriz ezarrita dagoenarekin 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan (DBEO), honako honetaz ohartarazten zaie izangaiei: Uharteko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna. Datuen tratamenduaren xedea da zerbitzu anitzetako enplegatuaren (mantentze-lanak) plaza bat betetzea, oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratu finkoaren bidez, lanaldi osoan. Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (legezko betebeharra bete behar izatea) eta 6.1.b) artikulua (kontratuaren aurreko neurriak aplikatzea). Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko denboran ere. Udalak beste erakunde ofizial batzuei lagatzen ahalko dizkie izangaien datuak, laneko helburuekin betiere, eta edozein unetan ukatzen ahalko ditu. Datuak lagako dira legeak xedatutako kasuetan, eta deialdian ezarritakoaren arabera emanen dira argitara. Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatu, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo egoitza elektronikoaren bidez.
11.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, aukeran:
Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik.
Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barnean.
Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen erakundean berean, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.
Uharten, 2026ko otsailaren 16an.–Alkatea, Alfredo Arruiz Sotés.
I. ERANSKINA.–HAUTAPEN-PROZESUAN PARTE HARTZEKO ESKABIDE EREDUA
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
Administrazioko gaiak.
1. gaia.–Udala. Osaera. Kideak hautatzea. Osoko bilkura, Alkatetza eta Tokiko Gobernu Batzarra. Informazio batzordeak. Udal erakundeen funtzionamendua.
2. gaia.–Genero berdintasuna: 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua. Berdintasunerako erakundeen antolaketako sistema. III. titulua: Berdintasunerako eskubidea bermatzeko tresnak.
3. gaia.–Barne-araudia: Udal ordenantza, hizkera eta irudi ez-baztertzailearen erabilera arautzen duena. Euskararen ordenantza.
4. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. I. titulua: langile motak. II. titulua. 2. kapitulua: funtzionarioaren izaera hartu eta galtzea. II. titulua. 6. kapitulua: administrazio egoerak. II. titulua.–7. kapitulua: lanpostuak betetzea. II. titulua. 8. kapitulua: eskubideak eta betebeharrak. II. titulua.–9. kapitulua: diziplina-araubidea.
5. gaia.–13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa (1-10 art.).
6. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. II. titulua. Udalerria: 11.etik 27.era arteko artikuluak. V. titulua. Toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak. I. kapitulua: 46.etik 54.era arteko artikuluak. VI. titulua, I. kapitulua. Ondasunak: 79.etik 83.era arteko artikuluak.
7. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Atariko titulua, I. titulua, I. kapitulua: udalerriak: 1. eta 4. arteko atalak eta 8. atala. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea, I. kapitulua: 1 eta 2. atalak. IV. titulua: toki-erakundeen ondasunak: I. kapitulua, 1. atala, eta II. kapitulua, 1. eta 2. atalak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola. II. kapitulua, 1 eta 2. atalak.
Lanbideko gaiak.
1. gaia.–Mantentze elektrikoko oinarrizko lanak egiteko ezagutzak: oinarrizko kontzeptuak. Elektrikarien eskuzko tresnak: erabilera eta maneiua. Mekanismo elektrikoak. Lanparak: lanpara motak. Larrialdietako argiteria. Banaketa elektrikoko koadroak.
2. gaia.–Iturgintzako, berokuntzako eta saneamenduko oinarrizko mantentze-lanak egiteko ezagutzak. Oinarrizko kontzeptuak. Iturgintzako eskuzko tresnak: erabilera eta maneiua. Tresna sanitarioak. Tresna sanitarioen mantentze-lanak. Txorrotak: motak. Matxurak eta konponketak. Hodiak eta osagarriak: motak. Lotzeko sistemak. Iturgintzako instalazio baten osagaiak: motak. funtzioa. Berokuntza instalazio baten osagaiak: funtzioa. Igorgailuak: motak. Igorgailuen balbulak: igorgailuen balbula motak eta funtzioak. Berokuntza-zirkuituak. Berokuntza-instalazioa betetzea, hustea eta purgatzea. Saneamendua: erretenak. Zorrotenak. Kutxatilak: motak eta betekizuna.
3. gaia.–Igeltserotzako eta pinturako oinarrizko mantentze-lanak egiteko ezagutzak. Oinarrizko kontzeptuak. Igeltserotzako erremintak: eskuzko erremintak eta elektrikoak. Erabilera eta maneiua. Garbiketa eta mantentze-lana. Oreak, morteroak eta itsasgarriak. Bitarteko osagarriak: motak. Segurtasun-neurriak. Eskuzko erremintak eta pintura-tresnak: erabilera eta maneiua. Garbiketa eta mantentze-lana. Pinturak: pintura motak. Pinturak aplikatzeko metodoak. Bernizak: berniz motak. Bernizak aplikatzeko metodoak.
4. gaia.–Zurezko eta metalezko arotzeriako oinarrizko mantentze-lanak egiteko ezagutzak. Oinarrizko kontzeptuak. Metrologia. Barauts motak. Zurezko arotzeriako erremintak: eskukoak eta elektrikoak. Erabilera eta maneiua. Garbiketa eta mantentze-lana. Metal-arotzeriako erremintak: eskukoak eta elektrikoak. Erabilera eta maneiua. Mantentze-lanak. Lotzeko sistemak. Ate eta leihoetako burdineria: motak. Sarrailak eta sarraila-zilindroak: motak. Mantentze-lanak.
5. gaia.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa: xedea, aplikazio-eremua eta definizioak. Ergonomia lanpostuan. Zamak eskuz erabiltzea. Ahalegin fisikoari loturiko arriskuak. Arrisku biologikoak. Arrisku kimikoak. Norbera babesteko ekipamenduak eta segurtasun-arauak, lorezaintzako, korronte elektrikoetako, iturgintzako, igeltserotzako, pinturako eta zurezko eta metalezko arotzeriako jarduerekin lotutakoak.
6. gaia.–Igerilekuetako mantentze-lanak. Honako hauek ezagutzea: uren ponpaketa, iragazkiak eta gai zuzentzaileen dosifikatzaileak.
7. gaia.–742/2013 Errege Dekretua, irailaren 27koa, igerilekuen irizpide tekniko-sanitarioak ezartzen dituena. 123/2003 Foru Dekretua, maiatzaren 19koa, Erabilera kolektiboko igerilekuen baldintza tekniko-sanitarioak ezartzen dituena (2003ko 83. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 2koa), akats zuzenketa (2003ko 125. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 30ekoa) eta maiatzaren 2ko 20/2006 Foru Dekretua, zeinaren bidez aldatzen baita maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretua (2006ko 60. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 19koa).
8. gaia.–865/2003 Errege Dekretua, uztailaren 4koa, Legionellosia prebenitu eta kontrolatzeko irizpide higieniko eta sanitarioak ezartzen dituena.
9. gaia.–Kaleen garbiketa, eskuz eta kale-garbigailu autopropultsatuarekin. Trafiko arauak, kale-garbigailu autopropultsatuaren funtzionamendua eta mantentze-lanak.
10. gaia.–Uharteko udalerria: kaleen, parajeen eta ibaien izena eta kokapena; biztanleria eta geografia. Bide nagusiak. Zerbitzu publikoak. Instalazio eta ekipamendu publikoak. Udal eraikin nagusien kokapena: udaletxea, Udalaren kirol-instalazioak, ikastetxeak, ludoteka, liburutegia eta abar.
Iragarkiaren kodea: L2602352
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
