1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
5E/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 19koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira "Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak" eta "Zoladura-lanak sareekin" inbertsio lerroen barruan 2026-2028 plangintza aldiari dagozkion zerrenda hauek: aurrekontu-baliabideen kargura behin-behinean sartutako inbertsioen zerrenda, erreserban dauden inbertsioen zerrenda eta onartu ezin diren inbertsioen zerrenda.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 61. artikuluan xedatutakoari jarraikiz eman zen martxoaren 22ko 8/2022 Foru Legea, Toki Inbertsioen Plana arautzen duena (2022ko apirilaren 1ean indarra hartu zuen), toki entitateekiko lankidetza ekonomikorako tresna izan dadin. Haren helburu nagusia da bermatzea nahitaezkoak diren udal zerbitzuak Foru Komunitate osoan ematen direla.
Foru lege honen 2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Toki Inbertsioen Plana azpiegiturak eta zuzkidurak instalatzeko, hobetzeko eta berritzeko inbertsioen multzoa da; honako apartatu hauetan daude horiek sailkatuta: Inbertsio Programak, Toki Programazioa eta Determinazio Libreko Programa.
Toki Programazioaren ataleko plangintza hiru urtekoa izanen da 2023-2025 aldirako, 2026-2028 aldirako eta hurrengoetarako, hala badagokio.
II. tituluaren II. kapitulua Toki Programazioari buruzkoa da, eta 13. artikuluan ezartzen denaren arabera, programak honako inbertsio lerro hauek izanen ditu:
a. Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak.
b. Zoladura-lanak sareekin.
c. Sarerik gabeko zoladura-lanak.
d. Zeharbideen urbanizazio-lanak.
e. Udal eta kontzejuetako zuzkidurak.
Aipatutako foru legearen 16. artikuluan, Toki Programazioaren atalari dagozkion inbertsioak behin-behinean sartzeko prozedura zehazten da, eta, horrekin bat etorriz, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak abenduaren 23an emandako 570E/2024 Ebazpenaren bidez (2025eko otsailaren 11ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua) onetsi ziren Toki Programazioaren inbertsio lerro bakoitzerako zenbatekoen hasierako banaketa, gehieneko kostu unitarioen eguneraketa, toki entitate bakoitzaren gehieneko ekarpenaren mugen eguneraketa, inbertsioak hautatzeko eta lehenesteko irizpideak eta Toki Inbertsioen Planean sartzeko eskaeretarako ereduzko agiriak, hori guztia 2026-2028 plangintza aldirako. Ebazpen horretan 2 hilabeteko epea ezarri zen, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, toki entitate interesdunek Toki Inbertsioen Planaren Toki Programazioaren atalean sartu nahi zituzten inbertsioen eskaerak aurkez zitzaten.
Arestian aipatu den 16. artikuluan ezartzen denez, eskaerak aurkezteko epea agorturikoan, inbertsioak hautatu eta lehenetsiko dira, martxoaren 22ko 8/2022 Foru Legearen 19. artikuluan eta III. eranskinean adierazitako irizpideei jarraikiz, eta Toki Administrazioaren arloan eskuduna den zuzendaritza nagusiak ebazpen bat emanen du Toki Inbertsioen Planaren Toki Programazioaren atalaren barruan sartzen diren inbertsioak onesteko. Ebazpen horrek honako hauek bildu beharko ditu:
a. Aurrekontu baliabideen kargura behin-behinean sartutako inbertsioen zerrenda bat.
b. Erreserban dauden inbertsioen zerrenda bat.
c. 8/2022 Foru Legean ezarritako baldintzak ez betetzeagatik onartu ezin diren inbertsioen zerrenda bat.
Ebazpen horren ordez ebazpen independenteak ematen ahalko dira inbertsio lerro bakoitzerako, salbu eta "Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak" eta "Zoladura-lanak sareekin" inbertsio lerroen kasuan, horietarako bai baterako ebazpena onetsi beharko baita.
Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara, eta horrek jakinarazpen ondorioak izanen ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Bestetik, 8/2022 Foru Legearen 3. artikuluarekin bat, Planak 30.000.000 euroko zuzkidura dauka 2022ko ekitaldirako eta, ondoko ekitaldietarako, honela kalkulatuko da urte bakoitzeko zuzkidura: aurreko ekitaldiko aurrekontuan Kapital Transferentzien Funts gisa jasotakoa, gehi Nafarroako Foru Komunitateak aurreko ekainean daukan urterik urterako kontsumoko prezioaren indizean (KPIa) ezarritako zenbatekoa adinakoa, hala ezarrita baitago Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 123. artikuluan. Bestalde, 4. artikuluaren arabera, Toki Programazioaren atalari Planaren urteko zuzkiduraren %40 dagokio.
Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren abenduaren 23ko 570E/2024 Ebazpenean, Toki Programazioaren inbertsio lerro bakoitzerako zenbatekoen hasierako banaketa onetsi zen. Banaketa hori egiteko, Toki Programaziorako 13.947.088,32 euroko zuzkidura kalkulatu zen 2026ko, 2027ko eta 2028ko ekitaldi bakoitzerako. Une honetan, kontuan harturik Nafarroako Foru Komunitatean 2025eko ekainean izandako urtetik urterako kontsumoko prezioen indizea (KPIa) eta Nafarroako Gobernuaren epe ertaineko aurrekontu-plangintza, bidezkoa da urteko zuzkidura eguneratzea "Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak" eta "Zoladura-lanak sareekin" inbertsio lerroei dagokionez, 2026an %2,4ko KPIa, 2027an %1,7ko KPIa eta 2028an %2,4ko KPIa aplikatuz.
Espedientean Toki Azpiegituren Zerbitzuaren txostena jaso da, 2026ko urtarrilaren 7koa, agerian uzten duena eskaera guztiak epearen barruan aurkeztu direla, hau da, 2025eko apirilaren 11ra arteko epearen barruan.
Eskaerei esleitutako puntuazioak ematean, inbertsioa egiteko beharrari erreparatu zaio lehenik, eta aldagai horren arabera inbertsioak honela sailkatu dira: presakoak, epe laburrean beharrezkoak direnak, komenigarriak direnak edo lehentasunik gabeak. Bigarrenik, toki entitateak Toki Inbertsioen Planetatik jaso duen ekarpen bolumenari begiratu zaio. Inbertsioen behar-maila zehaztean, "Zoladura-lanak sareekin" motako inbertsioen eskaerei ezarri zaien maila da batera gauzatu beharreko sare eskaerari esleitu zaion berbera. Eskaerak ezin onartuzkoak direla joko da ez-lehentasunezkotzat sailkatu badira, esleitu zaien gehieneko ekarpen ekonomikoaren muga gainditu badute edo zoladura-lanetarako eskaera izanik ez badaude lotuta sareetarako eskaera finantzagarri bati. Txosten teknikoan, xeheki azaldu da nola eman den atal bakoitzari dagokion puntuazioa; hortaz, behar bezala arrazoitu da hautatutako eta lehenetsitako inbertsioen proposamena.
Toki Azpiegituren Zerbitzuak diru-erreserba bat egin du premiazko prozeduraren bidez behin betiko sartzen diren inbertsioei eta egin beharreko ordainketei aurre egiteko, 8/2022 Foru Legearen 4. artikuluan ezarri bezala, eta, orobat, foru lege horren 17. artikuluan aurreikusten diren %10 bitarteko gehikuntzei erantzun ahal izateko.
Kontuan harturik bai hautapen eta lehenespenean lortutako hurrenkera, bai erabilgarri dagoen aurrekontua, Toki Azpiegituren Zerbitzuak honako zerrenda hauek onets daitezela proposatu du, "Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak" eta "Zoladura-lanak sareekin" inbertsio lerroetarako: behin-behinean sartutako inbertsioen zerrenda –69 inbertsio bilduta, 91 "Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak" lerroko eskaerei dagozkienak eta 50 "Zoladura-lanak sareekin" lerroko eskaerei dagozkienak–, erreserban dauden inbertsioen zerrenda –83 inbertsio, 98 "Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak" lerroko eskaerei dagozkienak eta 63 "Zoladura-lanak sareekin" lerroko eskaerei dagozkienak– eta ezin onartu diren eskaeren zerrenda –109 inbertsio, 145 "Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak" lerroko eskaerei dagozkienak eta 96 "Zoladura-lanak sareekin" lerroko eskaerei dagozkienak–.
Proposamena bat dator honako xedapen hauetan jasotako baldintzekin: 8/2022 Foru Legearen II. eranskineko 1.A) eta 1.B) atalak, non diruz laguntzen ahal den zenbatekoa kalkulatzeko oinarria arautzen baita, eta 570E/2024 Ebazpena, zeinaren bidez toki entitate bakoitzeko gehieneko kostu unitarioak eta toki entitate bakoitzaren gehieneko ekarpenaren mugak eguneratzen baitira eta inbertsioak hautatzeko eta lehenesteko irizpideak onesten baitira.
Espedientean jaso dira Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuaren 2026ko urtarrilaren 7ko txostena eta Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuaren 2026ko urtarrilaren 7ko txostena, non Toki Azpiegituren Zerbitzuak egindako proposamena berresten baita.
Horrenbestez, Toki Inbertsioen Plana arautzen duen martxoaren 22ko 8/2022 Foru Legean ezarritakoarekin bat, eta erabiliz Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuak aitortzen dizkidan eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. Eguneratzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren abenduaren 23ko 570E/2024 Ebazpenaren xedapen zatiaren lehen atalean "Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak" eta "Zoladura-lanak sareekin" inbertsio lerroetarako aurreikusitako zenbatekoak, kontuan harturik Nafarroako Foru Komunitatean 2025eko ekainean izandako urtetik urterako kontsumoko prezioen indizea (KPIa) eta Nafarroako Gobernuaren epe ertaineko aurrekontu-plangintza, 2026an %2,4ko KPIa, 2027an %1,7ko KPIa eta 2028an %2,4ko KPIa aplikatuz, honako xehetasun hauen arabera:
| 2026 | 2027 | 2028 | 2026-2028 | Ehunekoa |
Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak | 4.284.545,54 | 4.357.382,81 | 4.461.960,00 | 13.103.888,35 | %30 |
Zoladura-lanak sareekin | 4.570.181,90 | 4.647.874,99 | 4.759.423,99 | 13.977.480,88 | %32 |
2. Zenbateko hauek erreserbatzea, 8/2022 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera premiazko prozeduraren bidez behin betiko sartzen diren inbertsioei eta egin beharreko ordainketei aurre egiteko eta foru lege horren 17. artikuluan aurreikusten diren ekarpen gehikuntzei erantzun ahal izateko: 505.697,46 euro, "Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak" inbertsio lerroari esleitutako zenbatekotik, eta 1.951.186,68 euro, "Zoladura-lanak sareekin" inbertsio lerroari esleitutako zenbatekotik.
3. Onestea Toki Inbertsioen Planaren Toki Programazioaren atalaren barruan "Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak" eta "Zoladura-lanak sareekin" inbertsio lerroetan behin-behinean sartzen diren inbertsioen zerrenda, aurrekontu-baliabideen kargura, eta haientzat guztira 24.624.485,09 euroko ekarpena egitea (BEZ gabeko inbertsioa, 45.769.597,86 euro), 1. eranskinaren arabera.
4. Onestea Toki Programazioaren atalaren barruan "Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak" eta "Zoladura-lanak sareekin" inbertsio lerroetarako erreserban dauden inbertsioen zerrenda. Guztizko ekarpena 23.273.297,10 eurokoa da (BEZ gabeko inbertsioa, 36.421.278,89 eurokoa), 2. eranskinaren arabera.
5. Onestea onartu ezin diren inbertsioen zerrenda, 3. eranskinean jasotzen dena. Inbertsio horiek ezin onartuzkoak dira 8/2022 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez dituztelako.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dutela haren aurka, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean. Ebazpena argitaratzeak jakinarazpenaren ondorioak izanen ditu.
7. Lau hilabeteko epe luzaezina ezartzea, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, 1. eranskinean jaso diren inbertsioen titular diren toki entitateek aurkez dezaten Toki Inbertsioen Plana arautzen duen martxoaren 22ko 8/2022 Foru Legearen 17.1 artikuluan adierazitako dokumentazioa, behin betiko zerrendan sartzeko.
Iruñean, 2026ko urtarrilaren 19an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús María Rodríguez Gómez.
1. ERANSKINA.–Toki Inbertsioen Planaren Toki Programazioaren ataleko "Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak" eta "Zoladura-lanak sareekin" inbertsio lerroetarako behin-behinean sartutako inbertsioen zerrenda (XLS).
2. ERANSKINA.–Toki Programazioaren ataleko "Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako sareak" eta "Zoladura-lanak sareekin" inbertsio lerroetarako erreserban dauden inbertsioen zerrenda (XLS).
3. ERANSKINA.–8/2022 Foru Legean ezarritako baldintzak ez betetzeagatik onartu ezin diren inbertsioen zerrenda (XLS).
Iragarkiaren kodea: F2601423