Iragarkia
45. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 3a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
3E/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 28koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira ofizialki aitortutako aisialdiko hezkuntza eskolek ekipamendua erosteko dirulaguntzen deialdiaren oinarriak. Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko kodea: 883950.
Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak, 14. artikuluan (Gazteriaren arloko berariazko politikak), gazteria arloko hezkuntza ez-formalaren eremua azaltzen du. Gazteria arloko hezkuntza ez-formala arautu gabeko jardueren multzo bat da, helburu duena pertsonaren garapena bultzatzea. Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolak irakasten ahalko du (NGJE) –ekainaren 21eko 236/1999 Foru Dekretuaren bidez sortu zen eskola–, hori baita gazteen bizitzan hezkuntza ez-formala bultzatzen duen entitatea, bai eta ofizialki aitortutako aisialdiko hezkuntza eskolek ere.
Nafarroako Gazteriaren Institutua jakitun da aisialdiak gaztaroan duen garrantziaz. Aisialdi hezigarri eta komunitarioa zera da: elkarbizitza, atsedena, dibertsioa eta garapen pertsonala. Gainera, alderdi ludiko bat du, eta hori ezinbestekoa da pertsonen oreka sozial, fisiko, psikologiko eta emozionalerako. Alderdi ekologiko bat ere bai, behartzen baitu inguruneari begiratzera eta hura zaintzera, eta presatzen gaitu ingurumenean uzten dugun inpaktuaz jabetzeko. Aisialdi hezigarriko lokalak eta entitateak sozializaziorako espazioak dira, erreferentzia positiboko figurak dituztenak eta oinarri hartzen dutenak borondatezko parte-hartze automotibatua eta atsegingarria, baina errealitate eta esperientzia desberdinak dituzten beste pertsona batzuekin hartu-emanean, hezkuntza-ekintza eta garapen komunitariorako bide emanez.
Halaber, uztailaren 5eko 56/2023 Foru Dekretuan, Nafarroako Foru Komunitatean aisialdiko hezkuntza eskolak eta horien irakaskuntzak aitortzeko bidea arautzen da.
Ofizialki aitortutako aisialdiko hezkuntza eskolei laguntzeko, Nafarroako Gazteriaren Institutuak bidezkotzat jotzen du norgehiagokako deialdi bat onestea aipatu eskolei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzeko, 2026. urtean zehar ekipamendua eros dezaten.
Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko prozedura ere.
Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak aitortzen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea ofizialki aitortutako aisialdiko hezkuntza eskolek ekipamendua erosteko dirulaguntzen 2026ko deialdia eta haren oinarri arautzaileak. Oinarriak ebazpen honen eranskinetan jaso dira.
2. 15.000 euroko gastua erreserbatu eta baimentzea, Nafarroako 2026rako Aurrekontu Orokorretako "Aisialdiko hezkuntza eskoletarako ekipamendurako dirulaguntzak" izeneko 340002 34100 7819 232100" partida ekonomikoaren kargura, eta 5.000 eurokoa, "Toki entitateen aisialdiko hezkuntza eskoletarako ekipamendurako dirulaguntzak" izeneko 340002 34100 7609 232102 partida ekonomikoaren kargura.
3. Ebazpen hau eta haren I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratu ondotik.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalera, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera, eta, orobat, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatura.
Iruñean, 2026ko urtarrilaren 28an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, José Maria Burgaleta Encina.
I. ERANSKINA.–OFIZIALKI AITORTUTAKO AISIALDIKO HEZKUNTZA ESKOLEK EKIPAMENDUA EROSTEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea eta helburua.
Deialdi honen xedea da dirulaguntza batzuk emateko araubidea ezartzea, ofizialki aitortutako aisialdiko hezkuntza eskolek (aurrerantzean, eskolak) ekipamendu informatikoa, informazioaren teknologia berriak, altzariak, tresneria eta material inbentariagarria eros ditzaten 2026. urtean.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera, laguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira.
Dirulaguntzen helburua da ofizialki aitortutako aisialdiko hezkuntza eskolei laguntzea, ekipamendu informatikoa, informazioaren teknologia berriak, altzariak, tresneria eta material inbentariagarria eskuratzeko gastuak finantzatuz 2026an. Izan ere, onura publikokotzat jotzen da eskola horiek hezkuntza ez-formaleko lanak behar bezala egin ahal izateko behar dituzten bitartekoak ematea. Aisialdiko hezkuntza eskolek punta-puntako ekipamendua izateak eragin zuzena du ematen duten prestakuntzaren kalitatean.
Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.
2. Entitate onuradunak.
2.1. Nafarroako Gazteriaren Institutuak, Aisialdiko hezkuntza eskolak aitortzeko bidea arautzen duen uztailaren 5eko 56/2023 Foru Dekretuarekin bat, ofizialki aitortutako aisialdiko hezkuntza eskolek jasotzen ahalko dituzte deialdi honen xedeko dirulaguntzak.
2.2. Eskolek baldintza hauek bete beharko dituzte dirulaguntza eskatzen den unean:
a) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea.
b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.
3. Aurrekontua.
Deialdiari aurre egiteko 20.000 euroko aurrekontua erabiliko da guztira; horietatik 15.000 euro toki entitateenak ez diren aisialdiko hezkuntza eskolentzat izanen dira, eta "Aisialdiko hezkuntza eskoletarako ekipamendurako dirulaguntzak" izeneko 340002 34100 7819 232100 partida ekonomikoaren kargura ordainduko dira, eta 5.000 euro toki entitateenak diren aisialdiko hezkuntza eskolentzat; kasu horretan, Nafarroako 2026rako Aurrekontu Orokorretako "Toki entitateen aisialdiko hezkuntza eskoletarako ekipamendurako dirulaguntzak" izeneko 340002 34100 7609 232102 partida ekonomikoaren kargura dira.
4. Gastu diruz lagungarriak.
4.1. Oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskolek ekipamendu informatikoaren, informazioaren teknologia berrien, altzarien, tresneriaren eta material inbentariagarrien erosketa gastuen kontzeptuarengatik eskuratzen ahalko dituzte dirulaguntzak.
Ekipamendu informatikoaren gastutzat hartuko dira beren jarduerak egiteko behar den materiala erostearen ondoriozkoak: ordenagailuak, inprimagailuak, ekipamenduen eguneraketa, web orriak sortzea eta mantentzea, softwarea, gailu mugikorrak, telefonoak, argazki eta bideo makinak, USBak, GPSak eta beste gailu digital batzuk. Erositako ekipo informatikoek aukera eman behar dute Interneten sartzeko eta sare sozialak erabiltzeko.
Altzarien eta tresnen gastutzat hartuko dira jarduerak egiteko behar den materiala erostearen ondoriozkoak: mahaiak, aulkiak, apalategiak, armairuak, etab.
Halaber, material inbentariagarriaren gastutzat hartzen dira ondasun suntsigarriak: koadernagailuak, arbelak, plastifikagailuak, birringailuak, praktikak egiteko material ez-kontsumigarria (kanpin-dendak, manikiak...).
4.2. Diruz lagungarriak izateko, ekipamendu informatikoa, altzariak, tresneria eta material inbentariagarria erosteko gastuak 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera egin beharko dira.
5. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
5.1. Entitate eskatzaile bakoitzak ekipamendu informatikoa, altzariak, tresnak eta material inbentariagarria erosteko jasoko duen gehieneko dirulaguntza izanen da kostuaren %100era artekoa, betiere gehieneko muga 7.2 oinarrian ezarritakoa izanda.
5.2. Nolanahi ere, dirulaguntzaren zenbatekoak ez du behin ere gainditzen ahalko ekipamendu informatikoa, altzariak, tresnak eta material inbentariagarria erostearen kostua.
6. Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea.
6.1. Dirulaguntza-eskaerak, hasierako dokumentazioa eta frogagiriak Nafarroako Gazteriaren Institutuari aurkeztu beharko zaizkio, eta telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ahal dela "Tramiteak" aukeraren bitartez, Nafarroako Gobernuaren egoitza elektronikoan (www.nafarroa.eus).
6.2. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
6.3. Dirulaguntza-eskaerak instantzia bidez aurkeztuko dira, honako agiri hauekin batera:
–Eskabide orokorra (II. eranskina).
–Ekipamendurako aurreikusten diren gastuen laburpena (III. eranskina), bai eta aurrekontuak eta/edo enpresa hornitzaileen fakturak ere, eskuratu nahi den materiala jasotzen dutenak.
7. Dirulaguntzak emateko prozedura eta balorazio irizpidea.
7.1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun hurrenkera ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpidearekin bat:
–Eskola bakoitzak 2025ean izan dituen tituludunen kopurua (aisialdiko begiraleak eta zuzendariak). Berdinketarik egonez gero, azken kalifikazioaren akta lehenago aurkeztu duenaren alde ebatziko da. 2025ean tituludunik ez duten eskolen kasuan, deialdi honetan parte hartzeko eskaera erregistroan sartu zen egunaren arabera ezarriko da lehentasun hurrenkera.
7.2. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoaren ehunekoari dagokienez, irizpide honi jarraituko zaio:
–Ekimen pribatuko aisialdiko hezkuntza eskolentzat:
- Tituludun gehien dituen eskolak %100eko dirulaguntza jasoko du, 3.500 euro gehienez.
- Tituludunen bigarren kopuru handiena duen eskolak %100eko dirulaguntza jasoko du, 3.000 euro gehienez.
- Tituludunen hirugarren kopuru handiena duen eskolak %100eko dirulaguntza jasoko du, 2.500 euro gehienez.
- Tituludunen laugarren kopuru handiena duen eskolak %100eko dirulaguntza jasoko du, 2.200 euro gehienez.
- Tituludunen bosgarren kopuru handiena duen eskolak %100eko dirulaguntza jasoko du, 2.000 euro gehienez.
- Tituludunen seigarren kopuru handiena duen eskolak %100eko dirulaguntza jasoko du, 1.800 euro gehienez.
Eman beharreko zenbatekoak esleitu ondoren, adierazitako irizpideari jarraikiz, kreditu erabilgarririk badago, kreditu hori zati berdinetan banatuko da aurreko eskolen artean, eta gehieneko zenbatekoak gainditzen ahalko dira lehentasun hurrenkeraren arabera, baina inola ere gainditu gabe aurkeztu den gastu guztiaren zenbatekoa, ez eta defizita ere, beste dirusarrera batzuk jasoz gero.
Kreditu erabilgarriaren lehen banaketa hori egin ondoren ere kreditua balego, aurkeztutako gastuen zenbateko osoa oraindik jaso ez luketen eskolen artean banatuko litzateke. Bigarren banaketa honetan aurrekoan bezala jokatuko da, hau da, zati berdinetan eta aurkeztutako gastu guztiaren zenbatekoa gainditu gabe, ez eta defizita ere, beste dirusarrera batzuk jasoz gero.
Berdin jokatuko da kreditua dagoen bitartean edo eskola horietako bakoitzari emandako zenbatekoa aurkeztutako gastuen zenbateko osora iristen den bitartean.
–Toki entitateen aisialdiko hezkuntza eskolentzat:
- Tituludun gehien dituen eskolak %100eko dirulaguntza jasoko du, 3.000 euro gehienez.
- Tituludunen bigarren kopuru handiena duen eskolak %100eko dirulaguntza jasoko du, 2.000 euro gehienez.
Eman beharreko zenbatekoak esleitu ondoren, adierazitako irizpideari jarraikiz, kreditu erabilgarririk badago, kreditu hori zati berdinetan banatuko da aurreko eskolen artean, eta gehieneko zenbatekoak gainditzen ahalko dira lehentasun hurrenkeraren arabera, baina inola ere gainditu gabe aurkeztu den gastu guztiaren zenbatekoa, ez eta defizita ere, beste dirusarrera batzuk jasoz gero.
Kreditu erabilgarriaren lehen banaketa hori egin ondoren ere kreditua balego, aurkeztutako gastuen zenbateko osoa oraindik jaso ez luketen eskolen artean banatuko litzateke. Bigarren banaketa honetan aurrekoan bezala jokatuko da, hau da, zati berdinetan eta aurkeztutako gastu guztiaren zenbatekoa gainditu gabe, ez eta defizita ere, beste dirusarrera batzuk jasoz gero.
Berdin jokatuko da kreditua dagoen bitartean edo eskola horietako bakoitzari emandako zenbatekoa aurkeztutako gastuen zenbateko osora iristen den bitartean.
8. Antolamendua eta instrukzioa.
8.1. Dirulaguntza hauek emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atala izanen da.
8.2. Eskaerak ahalik hobekien ebaluatu ahal izateko, Nafarroako Gazteriaren Institutuak entitate eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko.
Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, entitate interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan hamar egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, bidezkoa den ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.
9. Laguntzak emateko ebazpena.
9.1. NGIko zuzendari kudeatzailea izanen da dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa. Ebazpena emateko eta interesdunei jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izanen da eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik.
Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.
9.2. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren zenbatekoa agertuko da. Orobat, dirulaguntza jasoko duten entitate eskatzaileen zerrenda bildu beharko du, eta gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.
10. Justifikatzeko epea eta modua.
Dirulaguntza justifikatzeko epea 2026ko irailaren 30ean amaituko da.
Dirulaguntza ordainduko da diruz lagundutako jarduketa amaitutakoan eta eskatutako ziurtagiriak aurkeztutakoan. Dirulaguntzan onetsitako zenbatekoa osorik jasotzeko, dirulaguntzarako onetsitako gastuaren zenbatekoa, gutxienez, justifikatu beharko da.
Justifikatutako gastua onetsitakoa baino txikiagoa bada, ordainduko den dirulaguntzaren zenbatekoa ere murriztuko da, modu proportzionalean.
Jarduketa diruz lagungarrien guztirako gastuaren justifikazioa aisialdi eskolak egindako ziurtagiri bat aurkeztuz eginen da (IV. eranskina). Ziurtagiri horretan diruz lagungarriak diren ekipamenduaren inguruko gastuak eta haien kostua zehaztu beharko dira.
Ziurtagiri horri dagozkion fakturak eta froga-balio bereko agiriak erantsiko zaizkio.
Kasu guztietan, egindako gastu eta ordainketa guztien frogagiriak aurkeztu beharko dira.
Fakturak indarra duen legediari jarraikiz jaulkiko dira, honako datu hauek jarrita: fakturatzen duen enpresaren izena edo sozietate-izena eta IFZa, faktura egiten deneko eguna, zenbakia, kontzeptua, zenbatekoa eta fakturatutako objektu edo kontzeptu bakoitza, zigilua, ordaintzeko modua eta aplikatu den balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa).
Honako hauek ez dira inolaz ere onartuko: ordainagiri hutsak, kutxako tiketak, albaranak, dohaintzak, emate-orriak, autofakturak eta froga-baliorik, merkataritzako trafiko juridikoan baliorik eta egindako gastua frogatzeko administrazio eraginik ez duten ziurtagiriak.
11. Dirulaguntzaren ordainketa.
NGIko zuzendari kudeatzaileak dagokion ordainketa ebazpena eman eta jakinaraziko du, 10. oinarrian ezarritakoaren araberako egiaztagiriak aurkeztu ondoren. Dirulaguntzak transferentzia bidez ordainduko dira, dagokion ordainketa ebazpena onetsi ondoren.
Gastu diruz lagungarriaren %100 justifikatzen ez bada, benetan gauzatutako gastua zenbatean murriztu den, proportzio berean gutxituko da dirulaguntza.
12. Betebeharrak.
12.1. Dirulaguntzen onuradun diren entitateek dirua nahitaez dirulaguntzaren helburuetan erabili beharko dute, gutxienez bi urtez, eta hala egin dela justifikatu dokumentuen bidez. Gainera, NGIk eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko ditu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraituz.
12.2. Entitate onuradunek bete behar dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan dirulaguntzen onuradunei ezarritako betebehar orokorrak.
12.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, dirulaguntzen onuradun diren entitateek jasotako funtsak itzuli beharko dituzte.
12.4. Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikaz aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, tramiteetako deialdiaren fitxaren bidez. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).
Onuradunak informazio arloko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, atal honetan agindutako informazioa entitate onuradunak ez aurkezteak berekin ekarriko du onetsitako dirulaguntza ez ordaintzea eta, bidezko bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharra, Dirulaguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
12.5. Era berean, entitate onuradunek derrigorrez adierazi beharko dute erositako ondasunak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak finantzatu dituela. Diruz lagundutako jardueraren publizitatean eta hedapenean Nafarroako Gobernuaren anagrama eta logotipoa erabiltzeko, bete beharko da Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan xedatutakoa, hura aldatzen duen urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak emandako idazketari jarraikiz.
13. Bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten eskolek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte helburu eta xede beretarako, baina haiek, guztira, ezin izanen dute gastuaren %100 gainditu, barnean dela deialdi honetan oinarrituta emandako zenbatekoa.
Kontzeptu berberetarako laguntza bi erakundetatik edo gehiagotatik jasotzen duten aisialdiko hezkuntza eskolek zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko dute, ordezkariak sinatua, jasotako dirulaguntza guztien batura egindako gastua baino txikiagoa dela adierazteko.
14. Ez-betetzeak.
Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, eta jasotako dirua itzuli beharra –Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz–, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.
15. Errekurtsoak.
Ebazpen honen eta haren eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
16. Aplikatzekoa den legeria.
Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.
Iragarkiaren kodea: F2601442
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
