Iragarkia
45. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 3a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
346/2026 EBAZPENA, otsailaren 19koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, ILLADMIN proiektuari atxikitako doktoratu ondoko kontratu baten deialdia onesten duena.
2025eko otsailaren 3an 101162094 zenbakiko Grant Agreement delakoa sinatu zen Europako Batzordearen eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren artean, ILLADMIN proiektua finantzatzeko. Proiektuaren ikertzaile nagusia Guillem Ripoll Pascual da.
Ikusirik Zerbitzu Juridikoaren txostena.
Ikusirik kreditu erreserbaren ziurtapena.
Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.
Ikerketako errektoreordeak proposaturik.
Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuen 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak betez –estatutuak 2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsi zituen, eta Nafarroako Gobernuaren 2011ko martxoaren 21eko erabaki batek aldatu–, bai eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 50. artikuluak ematen dizkidanak ere.
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Onestea ILLADMIN proiektuari atxikitako doktoratu ondoko kontratu baten deialdia, ebazpen honen eranskinean adierazitako oinarriekin bat etorriz.
Bigarrena.–Deialdi honek sortzen duen gastua baimentzea, 149.688,00 euro gehienez. Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2026ko, 2027ko, 2028ko eta 2029ko ekitaldietarako duen Gastuen Aurrekontuetako partiden kargura ordainduko da.
- 2026:
30.31.15.626A - 131.08 Prestakuntzan dauden ikertzaileak: 22.050,00 euro.
30.31.15.626A - 160.00 Gizarte Segurantza: 7.056,00 euro.
- 2027:
30.31.15.626A - 131.08 Prestakuntzan dauden ikertzaileak: 37.800,00 euro.
30.31.15.626A - 160.00 Gizarte Segurantza: 12.096,00 euro.
- 2028:
30.31.15.626A - 131.08 Prestakuntzan dauden ikertzaileak: 37.800,00 euro.
30.31.15.626A - 160.00 Gizarte Segurantza: 12.096,00 euro.
- 2029:
30.31.15.626A - 131.08 Prestakuntzan dauden ikertzaileak: 15.750,00 euro.
30.31.15.626A - 160.00 Gizarte Segurantza: 5.040,00 euro.
Hirugarrena.–Kontratua emateko ebazpenean, beharrezkoak diren aurrekontu doikuntzak eginen dira doktoratu ondoko kontratua noiz hasten den kontuan hartuta.
Laugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Ikerketako errektoreordeari, Guillem Ripoll Pascual ILLADMIN proiektuko ikertzaile arduradunari, Aurrekontu eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari, Kontu-hartzailetzari eta Gizarte Kontseiluaren Ekonomia Batzordeari.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitara dadila agintzea. Horretaz gainera, Ikerketa Zerbitzukoek Unibertsitatearen baliabide elektronikoen bidez eta Europako Batzordearen Euraxess Jobs atariaren bidez emanen dute ebazpenaren berri.
Seigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2026ko otsailaren 19an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.
ILLADMIN PROIEKTUAREN ESPARRUKO DOKTORATU ONDOKO KONTRATU BATEN DEIALDIA
EBAZPENAREN ERANSKINA
ILLADMIN ikerketa-proiektuaren barrenean, helburu gisa agertzen da doktore gazteei prestakuntza ematea aipatutako proiektuaren barrenean ikerketa-zereginak egin ditzaten, espezializazio eta hobekuntza handiagoak lor ditzaten.
Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legeak 22. artikuluan jasotzen du Zientziako eta Teknologiako Espainiako Sisteman Sartzeko kontratua izeneko aldi baterako kontratu modalitatea.
Hori guztia kontuan harturik, doktoratu ondoko kontratu baterako deialdi hau egiten du NUPek.
1.–Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da doktore bat aukeratzea ILLADMIN proiektuari atxikitako doktoratu ondoko kontratu baten onuradun izan dadin. Zehazki, hau izanen da kontratua:
Doktoratu ondoko kontratua: Ekonomia Esperimentalaren eta Portaeraren Ekonomiaren arloko ikerketa.
2.–Kontratazio modalitateak.
ILLADMIN proiektuari atxikitako doktoratu ondoko kontratu baten deialdia bere xedapen komunek eta berariazkoek arautuko dute, eta, haiek emateko, beharrezkoa izanen da behar besteko aurrekontua izatea. Kontratu hori formalizatzeko, Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Espainiako Sisteman Sartzeko kontratu bat eginen dute hautaturiko pertsonak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 22. artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz.
3.–Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
3.1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoratu ondoko ikertzaileei prestakuntza emateko kontratuen helburu nagusiak honako hauek dira: doktore-titulua duten eta inongo doktoratu ondoko bekarik edo laguntzarik jaso ez duten ikertzaileen ikerketa-gaitasuna sustatzea Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 22. artikuluari jarraikiz, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikerketa-jarduera areagotzea.
3.2. Ekonomiaren edo pareko diziplinaren baten arloan (adib.: Zientzia Politikoak, Zuzenbide Publikoa edo Soziologia) doktore izatea izanen da Ekonomia Esperimentalaren eta Portaeraren Ekonomiaren arloko ikertzaile doktore bat kontratatzeko baldintza.
3.3. Baldintza hori eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko da.
4.–Kontratazioaren araubide juridikoa.
4.1. Kontratuaren onuradunaren eskubideak eta betebeharrak deialdi honetan ezarritakoak izanen dira, baita aplikatzekoa zaion legeria indardunean ezartzen den beste edozein ere.
4.2. Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 22. artikuluan ezarritakoak arautuko du kontratua.
4.3. Guillem Ripoll Pascual ikerketa-proiektuaren arduraduna izanen da kontratazioaren zuzendaria, eta kontratuaren onuradunak Institute for Advanced Research in Business and Economics (INARBE) institutura batuko da.
4.4. Deialdi honetan jasotzen den kontratuak ez du inolaz ere konpromisorik ezartzen onuraduna gerora Nafarroako Unibertsitate Publikoko plantillan sartzeko.
4.5. Deialdi honen babeseko kontratazioaren berezko soldata jasotzea bateraezina da funts publiko edo pribatuekin finantzaturiko beste laguntza edo beka batzuk jasotzearekin, bai eta deialdiaren onuradunari kontratu edo estatutu lotura ekartzen dioten soldata edo lansariak kobratzearekin ere. Nolanahi ere, badira salbuespen batzuk, betiere Ikerketako errektoreordeak horretarako baimena ematen badu:
–Prestakuntzan dauden ikertzaileek egiten duten ikerketa-jarduerarekin zuzenki loturik dauden ikerketa- edo irakaskuntza-lanetatik datozen ordainsariak, bai eta beste hauetatik datozen osagarriekin ere: I+Gko proiektuetako parte-hartze baimenduak eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoa aplikatuz egindako kontratuak.
–Ikertzaileen mugikortasuna eta prestakuntza sustatzeko laguntza osagarriak.
–Bestelako jarduerengatik noizean behin jasotako ordainsariak, betiere Ikerketako errektoreordearen ustez ez badiote trabarik egiten emandako kontratuaren xedea garatzeari.
5.–Eskaeren aurkezpena.
Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Hautaketa-prozesu honetarako inskripzioa telematikoki egin beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan:
https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=8768&block=PDI-INVES_1096&blockType=AREAS_SEDE, "Hasi tramitea" botoiaren bidez.
"Erantsi fitxategiak" eremuan, 6. oinarrian aditzera emandako dokumentuak erantsi behar dira.
6. Eskaera egiteko inprimakiak eta dokumentazioa.
a) Inprimaki normalizatua (II. eranskina), eskatzaileak behar bezala betea eta sinatua. Unibertsitatearen webgunean dago deskargatzeko.
b) Merezimenduen zerrendaren inprimakia (III. eranskina). Unibertsitatearen webgunean dago.
Inprimakiarekin batera, alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko da. Agiriz egiaztatutako merezimenduak baino ez dira baloratuko, merezimenduak aurkeztea eta egiaztatzea ez baita deialdiko baldintza baztertzailea. Eskatzaileak ez badu dokumentazio hori aurkezten, Unibertsitateak ez ditu merezimendu horiek baloratuko, eta ez du eskatuko merezimenduak egiaztatzeko. Ez dira kontuan hartuko egiaztatzeko eskumena eskuordetua ez daukaten pertsonek, organoek edo erakundeek jaulkitzen dituzten agiriak.
Merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak gaztelania, euskara, ingelesa edo frantsesa ez den hizkuntza batean idatziak badaude, hizkuntza horietako batera egindako itzulpena erantsi beharko da.
c) Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.
d) Doktore tituluaren aurreko tituluaren fotokopia.
e) Doktore tituluaren fotokopia edo eskatu izanaren egiaztagiria.
f) ILLADMIN proiektuaren barrenean garatu beharreko proiektua, IV. eranskineko jarraibideen arabera adierazia.
Deialdi honen oinarrietan interesdunei eskatutako dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskuetan baldin badago jada, ez dira dokumentazio hori aurkeztera behartuak egonen, baina zirkunstantzia hori jakinarazi beharko dute idazki baten bidez. Idazki horretan, zein dokumentu den eta zein egunetan eta zein administrazio unitatetan aurkeztu zen identifikatu behar dute.
7.–Hautapen Batzordea.
Hautapen Batzordeak hautatuko ditu eskaera aurkezten duten ikertzaileak. Kide hauek izanen ditu batzordeak:
–Guillem Ripoll Pascual (presidentea), ILLADMIN proiektuaren ikertzaile nagusia eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Saileko eta INARBE Institutuko ikertzaile nabarmena.
–Javier Hualde Bilbao, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Saileko eta INARBE Institutuko katedraduna.
–Íñigo Hernández Arenaz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Saileko eta INARBE Institutuko irakasle kontratatu iraunkorra.
8.–Hautaketa egiteko irizpideak.
Atal honetan ezarritakoari jarraikiz eginen da hautaketa:
–Eskatzailearen curriculuma (85 puntu gehienez ere)
- I. eranskinean ezarritakoaren arabera ebaluatuko da.
–Elkarrizketa pertsonala (20 puntu gehienez ere)
- Honako alderdi hauek baloratuko dira: nolako jakintza eta esperientzia duten izangaiek proiektuarekin lotutako gaian, nolako gaitasuna duten emaitzak jendaurrean aurkezteko, zer maila duten hizkuntzetan eta nolako gaitasuna duten proiektuak gidatzeko, taldean lan egiteko, gauzak antolatzeko eta abar. Curricumaren balorazioan 50 puntu baino gehiago lortzen dituztenei bakarrik eginen zaie elkarrizketa.
Hautaketa-prozesua gainditzeko, 65 puntu lortu beharko dira gutxienez: gutxienez 50 puntu curriculumaren balorazioan eta gutxienez 15, berriz, elkarrizketaren balorazioan.
9.–Eskaeren tramitazioa eta ebazpena.
–Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, gehienez ere hilabete bateko epean, tramitera onartutakoen behin-behineko zerrenda onetsiko da, baita eskaturiko kontraturako baldintzaren bat ez egiaztatzeagatik edo eskaturiko agiriak ez aurkezteagatik baztertutakoena ere. Zerrenda hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko da: https://www.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa?opcion=2&languageId=100001. Hartan, 10 egun balioduneko epea emanen zaie eskatzaileei, argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, hautemandako akatsak zuzentzeko. Ezarritako epean egin ezean, eskaera ez da tramitera onartuko.
–Ikerketa Zerbitzuak aurkeztutako erreklamazioak ebatziko ditu, eta Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio deialdi honek xede duen kontrataziorako tramitera onartutako eta baztertutako eskaeren behin betiko proposamena. Ikerketako errektoreordearen ebazpen baten bidez, onartutako eta baztertutako eskaeren behin betiko zerrenda onetsiko da; ebazpena Nafarroako Unibertsitate Publikoko iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da. Ebazpen horren aurka, interesdunek zilegi izanen dute aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, aukeran, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
–Deialdi honen xede den kontrataziorako onartutako eta baztertutako eskaeren behin betiko zerrendaren ebazpena argitaratu eta gehienez ere hilabeteko epean, Hautapen Batzordeak behin-behineko puntuazioen akta eta kontratuaren esleipenaren behin-behineko proposamena onetsiko ditu. Akta hori Unibertsitateko iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko da, eta gehienez ere 10 egun balioduneko epea emanen da, hura argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, interesdunek erreklamazioak aurkez ditzaten.
–Hautapen Batzordeak erreklamazioak ebatziko ditu, behin betiko puntuazioak eta esleipen proposamenak onetsiko, eta behar den proposamena bidaliko dio Ikerketako errektoreordeari. Ikerketako errektoreordearen ebazpen baten bidez, deialdi honen xede den kontrataziorako behin betiko puntuazioak eta esleipenak onetsiko dira. Ebazpen hori unibertsitateko iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da, eta, haren aurka, interesdunek zilegi izanen dute aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, biak ere argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratzea da Unibertsitateak onarturiko publizitate tresna bakarra. Hala ere, interesdunei posta elektronikoz jakinarazten ahalko zaie, modu osagarrian eta ez-ofizialean.
10.–Kontratuaren baldintzak.
10.1. Deialdia eta hautapen prozesua bukatuta, Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Espainiako Sisteman Sartzeko kontratu bat eginen dute hautaturiko pertsonak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 22. artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz.
10.2. Kontratua lanaldi osokoa izanen da, hiru urterako, eta 6 hilabeteko probaldia izanen du, Langileen Estatutuaren 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.
10.3. Salbuespen gisara, aurrekonturik egonez gero eta kontratuaren zuzendariak jarduerari buruzko aldeko txostena egin ondoren, aukera egonen da kontratua luzatzeko, 2011ko Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 14/2011 Legearen 22.1 d) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
10.4. Kontratazioaren urteko zuzkidura ekonomiko gordina 49.896,00 euro-koa izanen da gutxi gorabehera, eta legezko aldaketei loturik egonen da. Urteko zuzkidura horrek barne hartzen ditu soldata gordinaren eta Gizarte Segurantzako enpresa-kuotaren kostuak, Unibertsitateak ordaindu beharrekoak. Onuradunak 37.800,00 euro-ko soldata gordina jasoko du urtean, legezko aldaketei loturik betiere. Urteko soldata gordin horretan sartzen da langileari ordaindu beharreko Gizarte Segurantzako langile kuota, bai eta PFEZ kontzeptuan dagozkion atxikipenak ere.
11.–Onuradunaren betebeharrak.
–Onuradunak kontratua onartzeak berekin dakar deialdi honetan ezarritako arauak onartzea, bai eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak kontratuaren jarraipen zientifikorako ezartzen dituenak ere.
–Kontratazioaren helburu den ikerketa-lana egiteko xedez, kontratua esleitzeko ebazpenean edo kontratuan bertan adierazten den egunean bertan sartzea Nafarroako Unibertsitate Publikoan; une horretan sartzen ez bada, kontratuari uko egiten diola ulertuko da. Halaber, kontratuari uko egiten zaiola ulertuko da baldin eta kontratua ez bada sinatzen Giza Baliabideen Ataletik bidalitako kontratua sinatzeko jakinarazpena jaso eta hurrengo 15 egun balioduneko epean. Ikerketako errektoreordeak, interesdunak eskatuta, kontratuaren zuzendariaren oniritziarekin, lanean hasteko eguna atzeratzeko baimena ematen ahal du horretarako larritasun handiko arrazoiak daudenean. Bateraezintasun arrazoiak ez dira ezinbesteko kausatzat jotzen lanean hasteko eguna atzeratzeko.
–Kontratua atxikiriko ikerketa-taldean aprobetxamenduz egitea bere lana.
–Kontratazioarekin lotutako lana garatzean lortutako informazio zientifikoak edo teknikoak ez zabaltzea, kontratazioaren zuzendariaren baimenik ez badu.
–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeari igortzea egindako lanari buruz eskatzen dizkioten txostenak, kontratuaren zuzendariak ontzat emanak.
–Kontratuak iraun duen aldian egiten diren argitalpen guztietan eta ikerketa-jardueretatik eratorritako beste emaitza guztietan agerraraztea Nafarroako Unibertsitate Publikoak emandako finantzaketa izan dutela.
–Kontratua bukatu ondoren, egindako lanaren azken oroitidazkia aurkeztu beharko da, ikerketaren zuzendariak ontzat emana, lan bizitzaren ziurtagiriarekin batera.
–Erdietsitako kontratuari uko egiten diotenek hari uko egiteko idazkia bidaliko diote Ikerketako errektoreordeari, eta, bertan, horretarako arrazoiak eman.
–Kontratazioaren onuradunak Nafarroako Unibertsitate Publikoari lagatzen dizkio kontratuaren helburu den ikerketa-jardueraren ondorioz sortzen diren emaitzei legozkiekeen eskubideak. Unibertsitateak kontratazioaren onuradunari egile edo asmatzaile eskubideak aitortuko dizkio lortzen lagundu duen emaitzen gainean, Unibertsitateko ikertzaile kontratatuei edo ikertzaile funtzionarioei dagozkien baldintza berdinetan betiere.
12.–Onura sozialak.
Sinatutako kontratuari dagozkion lan arloko eta arlo sozialeko onurak edukiko ditu kontratazioaren onuradunak.
13.–Irakaskuntza.
13.1. Kontratazio honen onuradunak zilegi du baimena eskatzea Unibertsitateko sail batean prestakuntzarako xedez irakaskuntza-lanetan laguntzeko, betiere ikerketaren zuzendaria eta inplikatutako saileko zuzendaria ados badaude. Urtean ehun ordu har ditzake gehienez lankidetza horrek.
13.2. Gobernu Kontseiluak 2018ko maiatzaren 30eko bileran onetsitako prozeduraren arabera eskatuko da baimena, eta behar den inprimaki normalizatua aurkeztuko da Laguntza Administratiborako Unitatean, aipatu prozeduran ezarritakoari jarraikiz.
14.–Kontratazioa etetea.
Kontratu honen onuradunak eskubidea edukiko du Gizarte Segurantzaren babes ekintzako araubideko prestazioak jasotzeko, hartan ezarritako moduan, Gizarte Segurantzari buruzko Legearen Testu Bateratua onesten duen 1994ko ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, haien sorburu diren gorabeherek irauten duten artean. Baimenei dagokienez, Langileen Estatutuak eta aplikatzekoak diren lege indardunek ezarritakoari jarraituko zaio.
Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 22.1 c) artikuluaren arabera, kontratuaren iraupenaren zenbaketa eten eginen da halako kasuengatik: aldi baterako ezintasunagatik; haurdun egoteagatik; arriskua izateagatik haurdunaldian edo esnea emateko aldian; haur baten jaiotzagatik; haur bat adopzioan edo harreran hartzeagatik edo adopzio xedez zaintzeagatik; esnea emateko baimena lanaldi osoetan metatua izateagatik; edo halako zerbaitekin zerikusia duen antzeko egoerengatik, baita, kontratuak gehienez ere irauten duen bitartean, kasu hauengatik ere: lanaldi osoko baimenak hartzea kontziliazioagatik edo adingabeak, senideak edo mendeko pertsonak zaintzeagatik; eta seme-alabak edo senideak zaintzeagatiko eszedentziak baliatzen emandako denboragatik; edo genero indarkeriagatik.
Kontratuak irauten duen bitartean, ondoren adieraziko diren arrazoiengatiko baimenak lanaldi murriztuan hartuz gero, kontratua luzatu eginen da murriztu den lanaldi-zatiaren baliokide den denboran: haur baten jaiotza; amatasuna; aitatasuna; haur bat adopzioan edo harreran hartzea edo adopzio xedez zaintzea; esnea emateko baimenarengatik lanaldia murriztea; haur goiztiarraren jaiotzagatik edo erditzearen ondoren ospitaleratzea; legezko zaintza; minbizia edo gaixotasun larria duten adingabeak zaintzea; gaixotasun larria duten edo istripu bat izan duten senitartekoak edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzea; edo genero indarkeria; edo antzeko arrazoiengatik lanaldia murriztea; bai eta kontziliazioa edo adingabeak, senideak edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko arrazoiak ere.
Luzapen hori egiteko beharrezkoa izanen da behar adinako aurrekontua egotea. Eskaera Unibertsitateko erregistro elektronikoan aurkeztuko da, kontratua amaitu baino bi hilabete lehenago beranduenez.
Horretaz gainera, hautatutako izangaiaren eskubide moralak errespetatuko dira, bereziki bere egile eta/edo asmatzaile izaeraren aitorpenari dagokionez, legedi indardunarekin bat etorriz.
15.–Datuen babesa.
Deialdi honetako parte-hartzaileek emandako datu pertsonalak araudi hauei jarraikiz tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena; eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.
Tratamendu honen xedea ikerketaren kudeaketa administratiboa da, eta bere oinarri juridikoa, botere publikoa baliatzea eta interes publikoa betetzea, betiere Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamenduko 6.1.e) artikuluaren arabera. Zehazki, xedea ikertzaile gazteak prestatzea da, urtero ikertzaileak prestatzeko laguntzen deialdia eginez prestakuntzan dauden ikertzaileen lana sustatzeko.
Tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da, eta interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, bai eta beste eskubide batzuk ere, delegado.protecciondatos@unavarra.es helbideaz baliatuz, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoko 11. artikulutik 18. artikulura bitartean ezarritakoaren arabera.
NUPek identifikazio- eta harreman-datuak, sinadura, merezimenduen zerrenda eta titulazioari, kalifikazio akademikoari, curriculumari eta ikerketa-jarduerari buruzko datuak tratatuko ditu. Era berean, esleitutako kontratua eta horren onuraduna NUPen iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko dira, aurreikuspenen arabera. Azkenik, bankuko datuak ere tratatuko dira saridunari ordainketak egiteko.
Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean ere.
Horretaz gainera, Ikerketa Zerbitzukoek Unibertsitatearen baliabide elektronikoen bidez eta Europako Batzordearen Euraxess Jobs atariaren bidez emanen dute ebazpenaren berri.
16.–Errekurtsoak.
Deialdi hau onesten duen ebazpenaren aurka eta deialdiko oinarrien aurka, zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, biak ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
I. ERANSKINA.–ILLADMIN PROIEKTURAKO DOKTORATU ONDOKO KONTRATAZIORAKO HAUTAGAIEN CURRICULUMA BALORATZEKO BAREMOA
KATEGORIAK | ||
1.–a) Ikerketa-jarduerak, jakintza transferitzekoak, proiektu eta argitalpen zientifikoak (30 puntu gehienez). | Ikerketaren emaitzak | 18 |
Emandako biltzarrak eta mintegiak | 6 | |
Ikerketako proiektuak eta kontratuak | 3 | |
Ezagutzaren transferentzia eta zabalpen zientifikoa | 3 | |
2.–Prestigio aitortua duten unibertsitate eta ikerketa-zentroetan hautagaiak egindako ikerketa-egonaldiak (10 puntu gehienez ere). | 10 | |
3.–Lehiaketa bidezko kontratu eta bekak (5 puntu gehienez). | 5 | |
4.–Doktoretza eta masterra (10 puntu gehienez). | 10 | |
5.–ILLADMIN proiektuaren barrenean garatu beharreko ikerketa-proiektua (25 puntu gehienez). | 25 | |
6.–Beste merezimendu batzuk (gehienez 5 puntu). | 5 | |
Merezimenduen kalkuluaren xehetasunak
Merezimendu bakoitza behin bakarrik puntuatuko da, eta ezin izanen da merezimendu bera bi apartatutan aurkeztu.
Irizpide orokor gisa, honako elementu hauek baloratuko dira, kontuan izanik zenbateko lotura dagoen jardueraren eta postuaren profilaren artean. Apartatu bakoitzerako, 0 eta 1 bitarteko ponderazio faktore bat ezartzen ahalko da. Zorrotz justifikatua egon behar da ponderazio faktorea, eta koherentea izan behar da erabiltzen den bakoitzean.
1.–a) Ikerketa-jarduerak, jakintza transferitzekoak, proiektu eta argitalpen zientifikoak (30 puntu gehienez).
1.1. Ikerketa-proiektuak (18 puntu gehienez).
Hautagaiaren ikerketa-lanen eduki zientifikoa baloratuko da batez ere (artikuluak, liburu bateko kapituluak, liburuak, working paper direlakoak, erreseinak, oharrak...), eta ekarpenen kopurua baino gehiago haien kalitatea hartuko da aintzat, faktore hauek kontuan harturik:
–Ikerketa-lanen kalitate zientifikoa eta berrikuntzari dagokiona, abiapuntuko hipotesiaren garrantzi eta berritasuna kontuan harturik, bai eta proposatutako helburuena eta erabilitako metodologiena ere.
–Emaitzek nolako inpaktu zientifiko-teknikoa eta soziala duten aurrerapauso esanguratsuak bultzatzeko arlo horretako punta-puntako ezagutzan.
Horiez gain, kontuan hartuko dira beste gai batzuk ere, hala nola hautagaiak nolako autonomia duen ikerkuntzan.
1.2. Emandako biltzar eta mintegiak (6 puntu gehienez ere).
Nagusiki, hautagaiak bere ikerketa-lanak aurkeztu dituen biltzarrak eta mintegiak ea prestigiodunak diren hartuko da kontuan, eta ekarpenen kopurua baino gehiago haien kalitatea hartuko da aintzat.
1.3. Ikerketa-proiektuak eta -kontratuak (3 puntu gehienez).
Hauek baloratuko dira nagusiki: deialdiaren prestigioa, proiektuen eta kontratuen iraupena, lortutako finantzaketa eta, azkenik, haren lurralde dimentsioa, hau da, eskualdekoa, estatukoa edo nazioartekoa ote den.
1.4. Ezagutzaren transferentzia eta dibulgazio zientifikoa.
Nagusiki, hautagaiak ezagutzaren transferentziaren eta zabalpen zientifikoaren arloan eginiko jarduerei emanen zaie balioa, eta ekarpenen kopurua baino gehiago haien kalitatea hartuko da aintzat.
2.–Prestigio aitortua duten unibertsitate eta ikerketa-zentroetan hautagaiak egindako ikerketa-egonaldiak (10 puntu gehienez ere).
Hauek baloratuko dira nagusiki: ikerketa-zentroen edo unibertsitateen prestigioa, harrerako ikerketa-taldearen kalitatea eta garrantzia eta egonaldien iraupena.
3.–Lehiaketa bidezko kontratu eta bekak (5 puntu gehienez).
Hauek baloratuko dira nagusiki: deialdiaren prestigioa, bekaren edo kontratuaren iraupena, eta, azkenik, lortutako finantzaketa eta haren lurralde dimentsioa, hau da, eskualdekoa, estatukoa edo nazioartekoa ote den.
4.–Doktoretza eta masterra (10 puntu gehienez).
Nagusiki, eginiko masterreko eta doktoretzako programen arloko prestigioa hartuko da kontuan, bai eta tesiaren zuzendariena ere.
5.–ILLADMIN proiektuaren barrenean garatu beharreko ikerketa-proiektua (25 puntu gehienez).
Nagusiki, alderdi hauek baloratuko dira:
–Proposamenaren kalitate zientifikoa eta berrikuntzari dagokiona, abiapuntuko hipotesiari, lortu nahi diren helburuei eta proposatutako metodologiaren kalitate zientifikoari dagokienez.
–Proposamena bideragarria ote den, besteak beste kontuan hartuta hautagaiaren prestakuntza eta aldez aurretik lortutako emaitzak.
–Emaitzek nolako inpaktu zientifiko-teknikoa eta soziala duten aurrerapauso esanguratsuak bultzatzeko arlo horretako punta-puntako ezagutzan.
6.–Beste merezimendu batzuk (gehienez 5 puntu).
Apartatu honetan, Batzordearen irizpidearen arabera, hauek baloratuko dira: unibertsitatetik kanpo egindako jarduera profesionala, hizkuntzak, jasotako espezializazio ikastaroak, unibertsitateko beste titulazio batzuk, bekak, sariak eta lehiakideak bere jarduera profesionalari buruz aurkezten duen beste edozein merezimendu, betiere deialdian eskatutako profilari egokitzen bazaio.
–Ekonomia Esperimentala eta Portaeraren Ekonomia.
Hautaketa-prozesua gainditu eta elkarrizketaren fasera igarotzeko, baremoko atal guztiak batuta lortzen den azken puntuazioa 50 puntukoa edo handiagoa izan behar da.
Banakako elkarrizketa
Elkarrizketara deitutako pertsonen zerrenda argitaratuko da; baremoan lortutako puntuazioa zehaztuko da, 50 puntuko edo handiagoa izan behar baita.
Elkarrizketari dagokion gehieneko puntuazioa 20 puntu da.
Banakako elkarrizketa kontratuaren edukiarekin lotua egonen da, eta Balorazio Batzordeak eginen du. Besteak beste, honako alderdi hauek baloratuko dira: nolako jakintza eta esperientzia duten izangaiek proiektuarekin lotutako gaian, nolako gaitasuna duten emaitzak jendaurrean aurkezteko, zer maila duten hizkuntzetan eta nolako gaitasuna duten proiektuak gidatzeko, taldean lan egiteko, gauzak antolatzeko eta abar.
Hautaketa-prozesua gainditzeko, gutxienez 15 puntu lortu beharko dira elkarrizketa-fasean.
II. ERANSKINA.–ESKAERA-INPRIMAKIA
Hemen dago eskuragarri: NUPen egoitza elektronikoa. Proiektuei atxikitako doktoratu ondoko kontratuen deialdia.
https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=8768&block=PDI-INVES_1096&blockType=AREAS_SEDE
III. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN INPRIMAKIA
Hemen dago eskuragarri: NUPen egoitza elektronikoa. Proiektuei atxikitako doktoratu ondoko kontratuen deialdia.
https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=8768&block=PDI-INVES_1096&blockType=AREAS_SEDE
IV. ERANSKINA.–DOKTORATU ONDOKOENTZAKO 2026KO DEIALDIAN IKERKETA-PROPOSAMENAK AURKEZTEKO JARRAIBIDEAK
Guillem Ripoll.
Nafarroako Unibertsitate Publikoa.
Doktoratu ondoko kontraturako hautaketa-prozesuaren amaierako fasearen barnean, ikerketa-proposamen labur bat aurkeztera gonbidatzen zaitugu. Dokumentu horri esker, ikerketa-ideia original eta bideragarriak garatzeko duzun gaitasuna ebaluatzen ahalko dugu. Ideiek bat etorri behar dute proiektuaren helburuekin. Proposamenak doktoratu ondoren garatu nahiko zenituzkeen 3 ikerketa-ideia zirriborratu behar ditu. Ideia bakoitza argitaratzeko moduko artikulu baten gisan egituratu behar da, eta ILLADMIN proiektuko gai orokorrekin lotuta egon behar du.
Proposamenak honako atal hauek izan beharko ditu:
1.–Izenburua eta laburpena [1 orrialde gehienez].
2.–Sarrera eta nola uztartzen den ILLADMIN proiektuarekin [1 orrialde gehienez].
a. Azal ezazu zure proposamenak nola osatzen edo zabaltzen dituen proiektuaren helburuak, eta zein den aurreikusitako metodologia.
3.–Ikerketa-ideiak [gehienez 1 orrialde ikerketa-ideia bakoitzeko].
a. Ikerketa-galdera edo -hipotesia.
b. Ekarpen teorikoa, osatzera datorren literaturaren aipamen laburra.
c. Ikuspegi metodologikoa.
d. Arrisku potentzialak (teknikoak edo linguistikoak, esate baterako) eta argitaratzeko bide posibleak.
4.–Ondorioak [1 orrialde gehienez].
a. Deskribatu proposaturiko ikerketa zenbateraino datorren bat zure aldez aurreko ezagutzarekin eta esperientziekin.
b. Azaldu zure proposamenak zer nolako garrantzi zientifiko eta soziala izatea espero duzun.
5.–Erreferentziak [mugarik gabe].
Formatuari buruzko oharrak:
1.–Hizkuntza: ingelesa.
2.–Formatua: Times New Roman 12, lerroartea bakuna, marjinak estandarrak (2,5 cm).
Iragarkiaren kodea: F2602893
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
