Iragarkia
45. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 3a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MORENTIN
Aldaketa, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena
Morentingo Udalak, 2025eko irailaren 17an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Morentingo Udalaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa (2025eko 254. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 23an).
Jendaurreko aldia inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Morentinen, 2026ko otsailaren 4an.–Alkatea, Ana Ormaechea Merino.
ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA MORENTINEKO UDALAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.
Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea udal-mugarte honetako herri-ondasunak administratzeko, xedapen-egintzak gauzatzeko, babesteko, berreskuratzeko eta aprobetxatzeko.
2. artikulua.
Herri-ondasunak dira herritar guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua.
Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute tributurik izanen beren gain.
Ez da aldaketarik izanen haien izaeran eta tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.
4. artikulua.
Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurretako aprobetxamenduen ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, ezertan galarazi gabe xedatzen dena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan.
II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN-EGINTZAK
5. artikulua.
Morentingo Udalaren ahalmena da herri-lurretako ondasunen gainean xedatzea, haiek administratzea, haien aprobetxamendu-erregimena egitea eta haiek antolatzea, ordenantza honetan azaltzen den moduan.
Morentingo Udalak herri-ondasunen inguruan hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute aipatutako 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan (6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).
6. artikulua.
Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Morentingo Udalak frogatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, lehentasuneko aukerak izan arren.
Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu diren edo betetzen ez diren kasuetarako.
Itzultze hori gertatzen bada, lur horiek Morentingo Udalaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.
Prozedurari dagokionez, jarraikiko zaio 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA
7. artikulua.
Morentingo Udalaren ahalmena da herri-lurretako ondasunen gainean xedatzea, haiek administratzea, haien aprobetxamendu-erregimena egitea eta haiek antolatzea, ordenantza honetan azaltzen den moduan.
8. artikulua.
Morentingo Udalak edozein unetan berreskuratzen ahalko du berari dagozkion jabari publikoko edo herri-jabariko bidegabe galdutako ondasunen eta eskubideen edukitza. Aldez aurretik, aholkularitza juridikoko idazkariak edo, kasua bada, letradu batek irizpena eman beharko du eta interesdunari entzun beharko zaio. Halaber, egintza zibilak sustatuko ditu; hain zuzen, beharrezkoak direnak herri-lurretako ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.
9. artikulua.
Morentingo Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du komunikazio horien gaineko erabakia.
10. artikulua.
Ondasunak herri-ondarerako berreskuratzeko transakziorik egin nahi izanez gero, Morentingo Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko berariazko onespena beharko du.
11. artikulua.
Morentingo Udalak administrazio-bidea erabiliko du, baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz jabari publikoko ondasunen edo herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko. Lehenago kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da; eta utzarazpen administratiboaren bidezko prozeduraren arauei jarraitu beharko zaie.
12. artikulua.
Morentingo Udalak, ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.
Interpretazio-erabakiak berehala betearaztekoak izanen dira, ezertan eragotzi gabe jurisdikzio-organo eskudunek haiei buruz ematen dituzten ebazpenak.
13. artikulua.
Morentingo Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da, zehaztuko den gisan. Horrek aitzinera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Udalak.
IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
14. artikulua.
Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:
a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak.
b) Herri-larreen aprobetxamenduak.
c) Etxerako egurraren aprobetxamenduak.
15. artikulua.
Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte familia-unitateetako titularrek:
a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.
b) Udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea urte bat eta sei urte arteko antzinatasunez.
c) Morentinen urtean bederatzi hilabetez, gutxienez, jarraian egiazki bizitzea.
d) Onuradunak Morentingo Udalarekin dituen zerga-betebeharrak egunean izatea.
2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, familiakoekin bizi arren, baldin eta haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.
3. Artikulu hau interpretatzean sortzen ahal diren zalantzak Udalak argituko ditu, banan-banan.
II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA
16. artikulua.
Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:
a) Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak.
b) Herritarrei zuzenean adjudikatzeko aprobetxamenduak.
c) Morentingo Udalaren ustiapen zuzena edo enkante publiko bidezko adjudikazioa.
Laborantzako lurren aprobetxamenduak adjudikatzeko prozesua egiteko, Udalak aitzineko zenbakian zehaztutako modalitateak aplikatuko ditu hurrenez hurren.
1. ATALA.–HERRITARRENTZAKO LEHENTASUNEZKO APROBETXAMENDUAK
17. artikulua.
Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitatearen titular diren herritarrek ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia-unitatearen diru-sarrerek, guztira, soldata eta erdiaren azpitik egon.
Familia-unitatean baldin bada ezintasun fisikorik edo psikikorik duen kiderik, agiri bidez frogatua, kide horietako bakoitzeko diru-sarrera bat zenbatuko da, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ri dagokiona.
Artikulu honek aipatzen dituen errenta mailak zehazteko irizpideak datu objektiboetan oinarritu beharko dira, hala nola pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldata bidezko diru-sarrerak, laborantzako lurrak errentan edo beste tituluren baten bidez edukitzea, toki mailako zergak ordaindu behar dituzten ondasun higiezinen gaineko kapital zergapegarria –norberaren etxebizitzari dagokiona izan ezik–, jardueretan aritzeagatik dagokion tokiko zerga oinarria, bai eta gisako izaera duen beste edozein datu ere.
18. artikulua.
Honako azalera hau ezarri da eredu-lotetzat, modu honetan:
16. artikuluan ezarritakoaren ondorioz onuradun suertatzen direnei entregatuko zaizkien loteak zehazteko, honako koefiziente hauek aplikatuko zaizkio eredu-loteari, familia-unitateko kide kopuruaren arabera:
a) Hiru kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea; hau da, lehorreko 10 erregu edo ureztalurreko erregu 1.
b) Lau kidetik seira bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea; hau da, lehorreko 20 erregu edo ureztalurreko 2 erregu.
c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia-unitateak, 3 koefizientea; hau da, lehorreko 30 erregu edo ureztalurreko 3 erregu.
d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia-unitateak, 5 koefizientea; hau da, lehorreko 40 erregu edo ureztalurreko 4 erregu.
Udalak zehaztuko du zer azalerako eredu-lotea behar den lanbide arteko gutxieneko soldataren erdiaren pareko diru-sarrera garbiak sortzeko.
19. artikulua.
Baldin eta familia-unitate askok betetzen badituzte baldintzak lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Udalak beheititzen ahalko ditu ordenantza honen 17. eta 18. artikuluetan adierazitako faktoreak, proportzionalki eta arrazoituz –aitzinetik Nafarroako Gobernuak baimena emanda–, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Udalak laborantzako herri lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa mota horretarako.
20. artikulua.
Urteko zikloko laboreetarako, baliatzeko edo aprobetxamenduko epea ez da zortzi urtetik beherakoa izanen, eta, zortzi urtetik goitiko ziklokoetarako, ez du laborearen bizitza baliagarria gaindituko.
21. artikulua.
Onuradunek pagatu beharreko kanona Udalak finkatuko du eta eremuan antzeko ezaugarriak dituzten lurren errentamendu-prezioaren %50 artekoa izaten ahalko da zenbatekoa.
Kanona urtero eguneratuko da, gehienez ere KPIaren arabera. Betiere, kanonak gutxienez ere estaliko ditu Morentingo Udalak ordaindu beharreko kostuak.
22. artikulua.
Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ez dituzte ez errentan ematen ahalko ez ustiatzen ahalko lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.
Onuradunei adjudikaturiko lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, baldin eta haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen badira eta kide guztiek 15. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.
23. artikulua.
Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartzeko, adjudikaziodunak edo bere familia-unitateko kideek egin beharko dituzte laborantza lanak –lan horien ezaugarriak izanen dira ordenantza honen 15. artikuluan jasotzen direnak–, eta ez dute soldatapekorik hartzen ahalko, non eta ez duten horretara behartzen sasoien edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek. Alabaina, zuzeneko laborantzaren izaera ez da galduko soldatapekoak hartzen badira gerora eritasun batek erasatearen ondorioz, edo aldi baterako beste arrazoi baten ondorioz, zeinak, Udal honen iritziz, eragozten baitu laborantza pertsonalki egitea. Horrelakoetan, 15 eguneko epearen barrenean jakinaraziko zaio Morentingo Udalari, behar den baimena eman dezan.
Baldin eta Udalaren iritziz ezintasun fisikoa edo besteren bat behin betikoa bada eta herri-lurretako lurzatietan ezin bada zuzeneko laborantza pertsonalik egin, 24. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
24. artikulua.
Ezintasun fisikoagatik edo beste arrazoiren batengatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki laboratu, herri-lurren hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez adjudikatuko ditu Morentingo Udalak, hau da, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Laborantza pertsonala galarazten duen arrazoia egiaztatu ondotik, adjudikaziotik eskuratutako diru-sarrerak –kanona kenduta– abonatuko dizkie Udalak titularrei, haiek eskatzen badituzte.
Morentingo Udalak ahalmena du erabakitzeko noiz gertatzen den ezintasun fisikoa edo beste arrazoiren bat, eta eskatuko ditu egoki iruditzen zaizkion agiriak.
Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie, adjudikazio aldia bukatu arte.
Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek Udalaren diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.
25. artikulua.
Morentingo Udalak onuradunei edozein unetan eskatzen ahalko die egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiteko eta egoki iruditzen zaizkion agiriak aurkezteko, era horretan ziurtatu ahal izateko laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela.
Udalak suposatuko du honako onuradun hauek, besteak beste, ez dutela adjudikatutako herri-lursaila zuzenean eta pertsonalki lantzen:
a) Nekazaritzako makineria edukita, adjudikatutako herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez dutenek.
b) Landazaintza Zerbitzuaren edo Herri-lurren Batzordearen ustez adjudikatutako lurzatiak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituztenek, ordenantza honen 22., 23. eta 24. artikuluei jarraikita.
c) Erregaiak, ongarriak eta lehengaiak erosi izanaren agiriak edo ekoitzi eta saldutako produktuenak aurkezteko eskatu eta Udalak ezarritako epealdian aurkezten ez dituztenek.
d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinak aitortzen ez dituztenek, horretara behartuta egon arren.
e) Adjudikatutako lurzatiaren %80 bederen lantzen ez dutenek.
f) Laborantzako lurren jabe izanik, errentan ematen dituztenek.
2. ATALA.–HERRITARREI ZUZENEAN ADJUDIKATZEKO APROBETXAMENDUAK
26. artikulua.
Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondotik, gelditzen diren laborantzako lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titular diren herritarren artean.
27. artikulua.
Lehentasuna dutenentzako adjudikazioa egin ondotik erabakiko du Udalak herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko loteen azalera, zenbateko laborantza azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, familia-unitate bakoitzaren diru-sarrera garbiekiko alderantzizko proportzioan.
28. artikulua.
Adjudikatzeko aldia 20. artikuluan ezarritako berbera da.
29. artikulua.
Aprobetxamendu modalitate honen onuradunek Udalak ezarritako kanona ordaindu beharko dute. Kanonaren zenbatekoa izanen da gisako ezaugarriak dituzten lurrak errentan emateko eskualdean izaten diren prezioen %90, gutxienez.
30. artikulua.
Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, ordenantza honen 22., 23., 24. eta 25. artikuluetan xedatutakoa bete beharko da.
31. artikulua.
Udalak laborantzako herri-lur batzuk gordeko ditu onuradun berriei adjudikatzeko, gehienez ere lur horien azaleraren %5.
32. artikulua.
Aurkeztutako eskaerak lurren eskaintza gainditzen badu, lehentasuna duten herritarrentzako adjudikazioa egin ondotik ezetsi eginen dira diru-sarrerarik handienak dituzten familia-unitateetako titularren eskaerak.
Familia-unitateen errenta mailak zehazteko, jarraikiko zaie ordenantza honen 17.3 artikuluan ezarritako irizpide berei.
33. artikulua.
Morentingo Udalak baratze familiarrak ematen ahalko dizkie halaxe nahi duten familia-unitateen titularrei, Udalak ezartzen duen azalera dutenak, honako baldintza hauetan:
a) Eskatzailea ez da izanen inongo ureztalurren jabea, ezta herri-lurretako beste loteren baten onuraduna ere.
b) Baratzea zuzenean eta pertsonalki landuko da, 22., 23., 24. eta 25. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
c) Udalak finkatuko du adjudikazio-epea.
d) Udalak finkatuko du kanona.
Morentingo Udalak eskaera horietarako lur nahikoa gordeko du; laborantzako herri-lurren azalera guztiaren %10, gehienez ere.
3. ATALA.–UDALAK ZUZENEAN USTIATZEA EDO ENKANTE PUBLIKOA EGITEA
34. artikulua.
Laborantzarako lurra sobera baldin badago 1. eta 2. ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondotik, Morentingo Udalak enkante publikoan adjudikatuko du zehaztuko den epe jakin baterako; hain zuzen ere, banaketa berria egin bitarte.
Udalak finkatuko du hasierako prezioa, eta eskualde honetan antzeko ezaugarriak dituzten lurrak errentan emateko prezioaren parekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, KPIaren (kontsumoko prezioen indizea) arabera.
Baldin eta aitzineko artikuluan aipatzen den enkantea egin ondotik oraindik ere gelditzen bada laborantzarako lurra soberan, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.
4. ATALA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA
35. artikulua.
Morentingo Udalaren osoko bilkurak erabakia hartu eta Udalaren iragarki-taulan ediktua paratuta, hamabost egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurretako lurzatien adjudikazioa eska dezaten.
36. artikulua.
Eskaerei zinpeko aitorpena erantsiko zaie, honako hauek adierazten dituena:
a) Morentingo Udaleko bizilaguna izatea, ordenantza honen 15. artikuluan adierazitako antzinatasunarekin, eta gutxienez urtean bederatzi hilabetez herrian bizitzea.
b) Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.
c) Familia-unitatea osatzen duten kideak, eta, lehentasuna duten herritarren aprobetxamenduak eskatzen dituztenen kasuan, ezintasun fisikoa edo adimenekoa duten kideak.
d) Familia-unitateko kide bakoitzak jabetzan duen labore azalera eta labore motak.
e) Familia-unitateko kide bakoitzak lantzen dituen lurrak, errentan edo jabetzakoa ez den beste tituluren baten bidez, eta nolako laborantza motakoak diren.
f) Hiri-higiezinen zergapeko kapitalak, kontuan hartu gabe norberaren etxebizitzari dagokiona, bai Morentin udalerrian, bai beste batzuetan.
g) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, abeltzaintzaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak.
Zinpeko deklarazioa egiaztatzeko, Morentingo Udalak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, ordenantza honen 17.3 artikuluan zehazten den bezala.
37. artikulua.
Morentingo Udalak adjudikatzeko onartu direnen behin-behineko zerrenda onetsiko du.
38. artikulua.
Modalitate bakoitzeko onartuen behin-behineko zerrenda Udal honen ediktuen taulan jarriko da, dagokion epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da.
39. artikulua.
Alegazioak eta zuzendutako akatsak izanez gero, haien gaineko ebazpena emanen du, eta mota bakoitzean herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.
40. artikulua.
Behin ikusita lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitatearen titularren behin betiko zerrenda, Morentingo Udalak ordenantza honen 18. artikuluan ezarritako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak adjudikatuko ditu.
Laborantzako herri-lurren gainerako eremuari dagokionez, Udalak laborantzako loteak adjudikatuko dizkie herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren behin betiko zerrendan dauden familia-unitateen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera izanen dira ordenantza honen 27. artikuluaren araberakoak.
Lurzatien adjudikazioa buruturik, onuradunen eta haiei dagozkien herri-lurzatien zerrenda jendaurrean jarriko da Udalaren ediktu taulan, dagokion epean, eta Udalak osoko bilkuran onetsiko ditu zerrendak.
41. artikulua.
Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, ebatzi eta akatsak zuzenduta, Udalak behin betikotzat joko du laborantzako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.
III. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA
42. artikulua.
Ordenantza honen xedea da Morentingo udal larreetako bazkalekuen adjudikazioa eta aprobetxamendua arautzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta haren arau xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.
43. artikulua.
Adjudikaziodun izan daitezke pertsona fisikoak edo juridikoak, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua, edota legez eratutako pertsona juridikoa izatea.
b) Udaleko Biztanleen Erroldan biztanle gisa inskribatua egotea, gutxienez ere hiru urte lehenagotik.
c) Urtean gutxienez ere bederatzi hilabetez jarraian bizitzea Morentinen.
d) Abeltzaintzan aritzea. Udal honen iritziz nahikoa den moduan frogatu beharko du hori, eta Aziendaburuen Erregistroan alta emanda egon beharko du.
e) Morentingo Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.
44. artikulua.
Udal honen titulartasuneko bazkalekuak, mugak ere kontuan hartuta, honako hauek dira:
a) Goiko gatz-bidea: Mendiko larreetatik kontzejuko eskortara arte, eta gorantz doan gatz-bide osoa du mugatzat. Bide horretatik igarotzen da bazkalekuetara doan azienda.
b) Beheko gatz-bidea: Kontzejuko eskortatik beherantz doazen larreak eta belarrak hartzen ditu, bai eta gatz-bideak beherantz bereizten dituen guztiak ere.
Eskatzaile bakarra egonez gero, bi bazkalekuak batera adjudikatzen ahalko dira.
45. artikulua.
Kontuan harturik lurzoru mota, bai eta bazkaleku bakoitzaren kokapena, dituen laborantza-eremuak eta inguruabar bereziak ere, Udalak tasazioa finkatuko du.
46. artikulua.
Kanon edo urteko errenta bat ezarriko du Udalak, azienda aterpetzeko eskortak erabiltzeagatik:
Kanon hori dena batera ordainduko da; hau da, ekintza bakarrean ordainduko da belarrei dagokien zenbatekoa. Kanon independentea da, larreen benetako balioarekin loturarik ez duena, eta berrikus daiteke Nafarroako bizi-indizearen arabera.
47. artikulua.
Udal eskortak biztanleei zuzenean adjudikatzeko, horretarako eskubidea duten eskatzaileen arteko ahozko eskaintza prozedura erabiliko da, larreen balio errealaren %80 eta %90 arteko tarte batean.
Eskaintzarik baldin badago eta haietako bat edo guztiak adjudikazioaren maximoaren %90era iristen badira, zozketa bat eginen da eskaintza maximo berdinen artean.
48. artikulua.
15 eguneko epea izanen da ordenantza honen 43. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituztenek bazkalekuak eska ditzaten.
Eskabidearekin batera, zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko da, zeinean ordenantza honetan eskatzen diren baldintzak betetzen direla adieraziko baita.
49. artikulua.
Biztanleen arteko zuzeneko adjudikazio prozedura bukatuta, eta bazkalekuren bat oraindik adjudikatu ez bada, enkante publikoa eginen da, zuzeneko adjudikazio prozeduran ezarritako epe bererako, eta indizetzat hartuta bazkalekuen balio errealaren %90.
50. artikulua.
Adjudikazioa 8 urtekoa izanen da eta ez da inolaz ere luzatzen ahalko.
51. artikulua.
Egun ezarrita dauden zergak ordaindu beharko ditu adjudikaziodunak, bai eta, kasua bada, belarrak aprobetxatzeko epean ezartzen direnak ere.
52. artikulua.
Adjudikaziodunak, adjudikazioaren unean, bazkalekuaren balioaren %10eko fidantza jarri beharko du, eta Udalaren iritziz fidatzaile solidario eta kaudimendun bat aurkezten duenean itzuliko zaio.
53. artikulua.
Adjudikazioen urteko zenbatekoa eta eskorten kanona, bai eta ezarritako edo ezar litezkeen zergak ere, aldez aurretik ordainduko dira, urteroko ordainketetan, uztaileko lehenengo hamabostaldian.
54. artikulua.
Belarren adjudikazioaren zenbatekoa eta eskortaren kanona urtero eguneratuko dira, bizitzaren kostuaren igoeraren arabera.
55. artikulua.
Udalak eskubidea izanen du egun landu gabe dauden lurrak berriz hartzeko, nekazaritzarako, larre berrietarako edo basoberritzeko, betiere adjudikaziodunari kalte-ordaina emanez okupatutako azaleraren arabera, adjudikazioaren prezioa kontuan hartuta, bai eta larreen aprobetxamendutik zenbat denbora kentzen zaion ere.
56. artikulua.
Errespetatu egin beharko da euriondoko araubidea, hiru egunekoa neguan eta egun batekoa udan, inoiz sartu gabe ura jariatzen zaien lurretan.
57. artikulua.
Bertako idoiak idortzen badira, bazkalekuetako abeltzain adjudikaziodunek ez dute inolako kalte-ordainik eskatzen ahalko, eta haien kontura egin beharko dute aziendarendako behar den ur hornidura.
58. artikulua.
Adjudikaziodunak bere gain hartuko du bere aziendak sortzen dituen kalteen erantzukizuna, bai finka partikularretan, bai herri finketan.
Adjudikaziodunak betebehar hauek izanen ditu:
a) Azienda katastroan edukitzea, adjudikazioak dirauen bitartean.
b) Adjudikatutako bazkalekua azpierrentan ez ematea, ezta eskualdatzea ere.
c) Ganadua Morentingo herrigunean ez larratzea eta bertatik ez pasaraztea.
59. artikulua.
Herri-lurretako larreak baliatzen dituen aziendak osasun ziurtagiria izanen du, aplikatu beharreko araudian eskatzen diren baldintzak betetzen dituela dioena.
60. artikulua.
Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:
a) Herri-larreak baliatzen dituzten aziendek ez betetzea azienden osasun babesaren gainean aplikatu beharreko araudia.
b) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.
c) Aziendak sartzea adjudikatu ez zaizkion bazkalekuetan.
d) Ordenantza honetan baimentzen ez diren lekuetan eta tenoreetan larratzea edo igaroaraztea azienda.
e) Adjudikaturiko bazkalekua azpierrentamenduan ematea edo eskualdatzea.
f) Ordenantza honetako 43. artikuluko baldintzetakoren bat ez betetzea.
g) Eskorta ez erabiltzea ordenantza honetan adierazitako erabileretarako.
61. artikulua.
Arau-hausteek honako zehapen hauek izanen dituzte:
–Aurreko artikuluko a), e), f) eta g) letretakoek kontzesioa galtzea ekarriko dute.
–Artikulu bereko b), c) eta d) atalei buruzkoek isuna ekarriko dute, Udalak zehaztuko duen zenbatekoa duena.
Hori guztia, ezertan ukatu gabe ondasun publikoetan edo hirugarrenen ondasunetan eragindako kalteen zenbatekoa, zeinak kalteen egileek bidezko moduan ordainduko baitituzte.
62. artikulua.
Bazkalekuak ardi-aziendak bakarrik erabiltzen ahalko ditu, eta debekatuta dago beste edozein azienda mota larratzea.
63. artikulua.
Eskortak soil-soilik erabiliko dira bazkalekuan dagoen ardi-azienda aterpetzeko, eta debekatuta dago beste edozein helburutarako erabiltzea (lastoa, materialak, erregaiak, etab. biltegiratzeko, adibidez).
64. artikulua.
Adjudikaziodunak eta fidatzaileak erantzukizun pertsonala izanen dute, bai eta beren ondasunen bidez ere, eskortetan gertatzen diren kalte guztien gainean.
65. artikulua.
Eskortetan sortzen den simaurra adjudikaziodunena izanen da eta hartaz baliatzen ahalko dira adjudikazioaren azken eguna arte; gero Udalarena izanen da.
66. artikulua.
Eskorten adjudikaziodunak haietan gertatzen diren uraren eta argiaren ordainagiri guztiak ordaindu beharko ditu.
67. artikulua.
Udalbatzak eta eskorten adjudikaziodunek bisita bat eginen dute adjudikazioaren ondotik, eta eskortaren eta instalazioen egoeraren akta eginen dute.
Bisita hori urtero eginen da, eta dagokion akta idatziko da. Lehenengo akta egin ondotik sortutako kalte guztiei erantzunen diete errematatzaileak, eta, hala badagokio, fidatzaileak, eta Udalak adierazitako moduan konpondu beharko dira kalte horiek.
68. artikulua.
Bazkaleku bakarrerako eskubidea baizik ez du izanen familia-unitate bakoitzak, biztanleei zuzenean adjudikatzen zaizkienen artean.
IV. KAPITULUA.–ETXERAKO EGURRAREN APROBETXAMENDUA
69. artikulua.
Mendian (Morentingo udal barrutian erabilgarri dauden zuhaiztiak) aski baldin badago, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak markatu ondotik, Morentingo Udalak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.
70. artikulua.
Udalak urtero finkatuko du familia-unitateei esleitu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.
71. artikulua. Egur-loteak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea.
72. artikulua. Egurra banatzerakoan Udala irizpide sozialetan oinarrituko da eta diru aldetik apalenak diren familia-unitateei lehentasuna emanen die.
73. artikulua. Aitzineko artikuluan aipatzen diren familia-unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Udalak irizpide objektiboak erabiliko ditu, ordenantza honen 17. artikuluan azaltzen den bezala.
74. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduagatik kanon bat ordaindu beharko balitz, Udalak finkatuko luke, urtero.
75. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ez dira pilatzen ahalko ez bideetan, ez mendi pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Basozainak ematen dituen jarraibideei eginen zaie kasu beti. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei ukatu eginen zaie aprobetxamendua.
76. artikulua. Adjudikazio prozedurari dagokionez, ordenantza honetako 35., 36., 37., 38., 39., 40., 41., 47., 48., 49., 50., 51., 52., 53. eta 54. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.
V. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTE APROBETXAMENDU BATZUK
77. artikulua. Ehiza barrutietan herri-lurrak ere sartuta badaude, honako hauei jarraitu beharko zaie haietako ehizaren aprobetxamendua egiteko: 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko Arauak eta xedapen osagarriak, bai eta horretarako ezartzen diren legeak ere.
78. artikulua. Udalak kasu bakoitzerako prestatuko dituen baldintza-agirien arabera eginen dira honako hauek: ondareko uren emakida, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza. Gainera, baldintza-agiriak jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak haien onespena eman beharko du.
VI. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN
79. artikulua.
Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu herri-lurren gainean dauden aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek ukitutako proiektuek honako xede hauek baldin badituzte:
a) Herri-lurren gaineko kargak kentzea.
b) Herri-lurrak hobetzea.
c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio, beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.
Proiektu horiek Udalak nahiz bizilagun interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.
Hona hemen jarraiki beharreko prozedura:
a) Udalak osoko bilkuran hartutako erabakia, onesten dituena proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendu berezia.
b) Hilabetez jendaurrean jartzea eta, halakorik aurkezten bada, Udalaren osoko bilkurak erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.
c) Nafarroako Gobernuak onestea.
Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei ordainduko zaizkie sortzen zaizkien kalte-galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, baldin eta zuzenbidez hala egokitzen bazaie.
V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
80. artikulua.
Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:
a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Udalak ezartzen dituen epeetan.
c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrentzako aprobetxamendua, aprobetxamendu modua edozein delarik ere.
d) Herri-lurra ez erabiltzea adjudikazioaren helbururako.
e) Udalak adjudikatu gabe herri-lurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.
f) Labore iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak, etab.) udal baimenik gabe landatzea.
g) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.
h) Herri-larreak baliatzen dituzten aziendek ez betetzea azienden osasun babesaren gainean aplikatu beharreko araudia.
i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.
j) Larratze-eremuak ez errespetatzea.
k) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.
81. artikulua.
Arau-hausteek honako zehapen hauek izanen dituzte:
–a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik emakida kenduko da, ezertan eragotzi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezar ditzaketen zehapenak.
–g) arau-haustearengatik galdu eginen da herri-lurren edo herri-larreen adjudikaziodun izateko eskubidea.
Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, Udalak zehaztu beharreko zehapena ezarriko da.
Iragarkiaren kodea: L2602292
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
