45. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERASKOAIN

Aldaketa, honako honetan: ordenantza fiskala, arautzen duena nola aplikatu hobariak ECO eta 0 isuriko ibilgailuei trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko udal-zergan. Behin betiko onespena

Beraskoaingo Udalak, 2025eko azaroaren 13an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea eta izapidetzea Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duen ordenantza, ECO eta zero isuriko ibilgailuen hobarietarako.

Espedientea jendaurrean jarri zen, iragarkia argitaratuta 2025eko 242. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 4an, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurreko epean ez zaio inolako alegaziorik aurkeztu espedienteari. Beraz, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluarekin (foru-lege hori Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa da, eta aipatutako artikulua aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Argitara ematen da, aipatutako ordenantzaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak sortzeko.

ORDENANTZA FISKALA, TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA, ECO ETA ZERO ISURIKO IBILGAILUEN HOBARIETARAKO

1. artikulua. Izaera eta oinarriak.

Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga zuzeneko zerga bat da, eta derrigorrez ezarrita dago Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean (1995/13311 EDL). Ordenantza fiskal honen bidez arautuko da zerga hori, aipatu foru-legearen 159. artikulutik 166.era bitartean xedatutakoari loturik.

2. artikulua. Hobariak.

1. Zergaren kuotari dagokionez, honako hobari hauek aplikatuko dira, aipatu foru-legearen 162.4 artikuluan ezarritakoarekin bat:

a) %100eko hobaria "0 isuriko ibilgailuetarako": ibilgailu elektriko bateriadunak (IEB), autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoak (AHIE), 40 kilometroko gutxieneko autonomia duten ibilgailu elektriko hibrido entxufagarriak (IEHE) eta hidrogeno-pilako ibilgailuak, edo Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak hala sailkatzen dituenak.

b) %50eko hobaria "ECO ibilgailuetarako": 40 kilometrotik beherako autonomia duten ibilgailu hibrido entxufagarriak, ibilgailu hibrido ez-entxufagarriak (HEV), gas naturalez propultsatutako ibilgailuak, gas natural bidezko ibilgailuak (GNC eta GNL) eta petrolio-gas likidotu bidezkoak (PGL), edo Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak hala sailkatzen dituen beste batzuk.

2. Artikulu honetan ezarritako hobariak erregutuak izanen dira, eta interesdunek eskatu beharko dute haiek ematea, baldin eta aldez aurretik baldintzak betetzen badituzte eta Udalari frogatzen bazaio betetzen direla haiek emateko eskatutako baldintzak. Horretarako, eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen nortasuna egiaztatzen duen agiria.

b) Zirkulazio-baimenaren kopia.

c) Ibilgailuaren ikuskapen teknikoaren txartelaren kopia. Txartelean, hala badagokio, ibilgailuaren erreforma adierazi beharko da, edo ibilgailuaren ingurumen-etiketa ziurtatzen duen agiria, eta data.

3. Hobari horiek lortzeko, ibilgailuen titularrek udalerri honetan egon beharko dute erroldaturik, eta hobaria eskatu egin beharko dute, ibilgailuaren ezaugarriak, matrikula eta onuraren zergatia adierazita, eta frogatu beharko dute adierazitakoa egia dela, frogagiriak aurkeztuta.

4. Hobariak jasotzeko, Udalak aldez aurretik onartu egin beharko ditu, eta ondorioak izanen ditu eskaera egin eta hurrengo zergaldian. Nolanahi ere, matrikulazio berriko ibilgailuek 2 hilabeteko epea izanen dute hobaria eskatzeko, Trafiko Burutzan alta ematen dutenetik, urte horretan bertan ondorioak izateko.

5. Gainera, hobaria jasotzeko baldintza izanen da egunean izatea Beraskoaingo Udalarekiko zerga-betebeharrak; halaxe eskatuko da hobaria onartzeko, eta, betetzen ez bada, hobaria galdu eginen da.

6. Ibilgailua matrikulatu eta hurrengo bost ordainagirietan aplikatuko dira hobariak.

Beraskoainen, 2026ko otsailaren 10ean.–Alkatea, Pablo Riezu Merino.

Iragarkiaren kodea: L2602012