45. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

337/2026 EBAZPENA, otsailaren 19koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, deialdi bat onesten duena Nafarroako Unibertsitate Publikoko zerbitzu orokorretako langile izateko lanpostu hutsak (D maila) lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzeko.

Gobernu Kontseiluak 2025eko azaroaren 25ean hartutako erabaki baten bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen 2025eko lan publikoaren eskaintza onetsi zen, eta han, besteak beste, zerbitzu orokorretako langile izateko bi lanpostu jaso ziren, funtzionarioen araubidekoak (D maila).

Kontuan harturik Nafarroako Unibertsitate Publikoko Teknikarien eta Kudeaketako eta Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegiaren 9.2 artikuluan ezarritakoa –arautegi hori Gobernu Kontseiluaren 2018ko ekainaren 19ko erabaki baten bidez onetsi zen, eta Gobernu Kontseiluaren 2026ko otsailaren 17ko erabaki baten bidez aldatu–, baita Nafarroako administrazio publikoetarako oro har ezarrita dagoena ere.

Kontuan hartuta TEKAZELak Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen proposamena, zeina ontzat eman baitu Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta haren funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko zerbitzu orokorretako langile izateko lanpostu hutsak (D maila) lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia onestea, bai eta deialdiaren oinarriak eta merezimenduak baloratzeko baremoa ere, zeinak ebazpen honen I. eta II. eranskinetan baitaude, hurrenez hurren,

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitara dadila agintzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2026ko otsailaren 19an.–Kudeatzailea, Mar González Paredes.

I. ERANSKINA.–NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO ZERBITZU OROKORRETAKO LANGILE IZATEKO LANPOSTU HUTSAK LEKUALDATZE-LEHIAKETAREN BIDEZ BETETZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea Nafarroako Unibertsitate Publikoko zerbitzu orokorretako langile izateko lanpostu hutsak (D maila) lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzea da.

1.2. Merezimendu-lehiaketa hau arautzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Teknikarien eta Kudeaketako eta Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegia, Gobernu Kontseiluaren 2018ko ekainaren 19ko erabaki baten bidez onetsia eta Gobernu Kontseiluaren 2026ko otsailaren 17ko erabaki baten bidez aldatua; Unibertsitateko kudeatzailearen 2019ko urtarrilaren 15eko 58/2019 Ebazpena, mugikortasun mapa onesten duena aipatutako arautegia osatzeko; Unibertsitateen G9 Taldeko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Mugikortasun Hitzarmena; 1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena; Nafarroako Administrazio Publikoetan Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegia, 1985eko azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia; deialdi honen oinarriak, eta aplikatzekoak diren gainerako araudi guztiak.

1.3. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, deialdi honen ondoriozko argitalpen eta komunikazioak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan eginen dira (https://www.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/azl-en-deialdiak?opcion=4&submenu=yes&languageId=100001), eta hortik kanpokoek ez dute inolako baliorik izanen, oinarri hauetan espresuki adierazten direnen kasuan izan ezik.

2.–Lanpostu hutsak.

2.1. Deialdiko lanpostu hutsak III. eranskinean ageri dira.

2.2. Zilegi da deialdi honetako lanpostuen hasierako kopurua handitzea, epaimahaiak deialdia egin duen organoari izangaien zerrenda (lortutako puntuen hurrenkeraren araberakoa) igortzen dion egunean hutsik dauden lanpostuak gehituta.

2.3. Halaber, zilegi da aipatutako lanpostuak deialditik kanpo uztea zerbitzu aktibora itzuli direnei edo burutza bat utzi duten langile finkoei esleitu zaizkielako, edo ordenamenduan ezarritako beste edozein arrazoirengatik.

2.4. Gainera, lehiaketan lanpostu berria lortzen duten izangaiek hutsik uzten dituzten lanpostuak ere beteko dira lehiaketa honetan. Aurrekoa gorabehera, izangaiek lekualdatze-lehiaketan lanpostua lortuta hutsik uzten dituzten lanpostuak bete beharrekoak ez badira, "iraungitzeko" lanpostuak direlako edo antolamendu-arrazoiak direla-eta, ez dira eskainiko.

3.–Izangaiek bete beharrekoak.

3.1. Merezimendu-lehiaketa honen xede diren lanpostuak betetzeko prozesuan parte hartzen dutenek baldintza hauek bete behar dituzte eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta esleitutako lanpostuaz jabetzen diren arte:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko edo Unibertsitateen G9 Taldeko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Mugikortasun Hitzarmena sinatu zuen unibertsitate bateko funtzionarioa izatea, haren egoera administratiboa zein den kontuan hartu gabe.

b) D mailako edo taldeko lanpostua edukitzea.

c) Zerbitzu orokorretako lanpostuan aritzeko izendatua izatea.

d) Langileak borondatezko eszedentziako egoera administratiboan dagoenean hartzen badu parte lekualdatze-lehiaketan, gutxienez urtebetez egon izatea egoera horretan.

3.2. Beharrezko hautaprobak gainditu ondoren Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera sartu ziren langileek, beren lanpostuak nahitaezkoa badu euskara edo Europako Erkidegoko beste hizkuntza bat jakitea, hizkuntza hori nahitaezkoa duten lanpostu hutsen artean baino ezin izanen dute aukeratu.

Hala ere, eskatzen den hizkuntza zein den kontuan hartu gabe, hautaproben emaitzek bidea ematen badiote interesdunari eskakizun hori ezarria ez duen lanpostu bat eskuratzeko, ez da baldintza hori aplikatuko.

3.3. Zerbitzu, atal, bulego edo aurrekoekin parekatutako unitate baten buru izan, eta deialdi honetan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztenek lekualdatze-lehiaketan parte hartzeko aukera izanen dute. Prozedura honetan esleitutako lanpostuetako batez jabetzeak berekin ekarriko du zerbitzuko, ataleko, bulegoko edo aurrekoekin parekatutako unitate baten buru izateari uztea.

3.4. Borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian dauden funtzionarioek lehiaketan parte hartzen badute berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostu bat esleituko zaie behin betikoz, betiere urtebete egon badira eszedentzian eta deialdiko betekizun guztiak betetzen badituzte.

3.5. Behin-behinean lanpostu huts bati atxikita berriz ere zerbitzu aktibora itzuli diren langileek nahitaez aurkeztu behar dute lekualdatze-lehiaketa honetara, behin betiko destinoa eslei dakien.

4.–Eskaerak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hamar egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.2. Eskaeraren aurkezpena.

Lekualdatze-lehiaketa honetarako inskripzioa telematikoki egin beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan:

https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=8256&block=PTGAS-TRAMS­GRALES_1096&blockType=AREAS_SEDE, "Eskaeraren alta" dioen tokian.

"Erantsi fitxategiak" eremuan, izangaiek 3. oinarrian aipatzen diren betekizunen eta II. eranskinean zerrendatzen diren merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte, aipatu dokumentazioa jada Nafarroako Unibertsitate Publikoak duenean izan ezik; hala bada, eskabidean adierazi beharko da. Nolanahi ere, Giza Baliabideen Zerbitzuak ez baditu dokumentu horiek lortzen, zilegi izanen du horiek eskatzea izangaiei.

Ezein kasutan ez dira aurkeztu beharko administrazio publikoetan emandako zerbitzuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak jada aitortuak baditu. Lehiatzaile bakoitzaren espedientean jasoko dira zuzenean, eta epaimahaiari emanen zaizkio barema ditzan.

5.–Izangaien onarpena.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak onesteko, azken horiek baztertzearen zergatiak azalduta, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko dira, deialdi honi dagokion atalean.

Zuzendu ezin daitezkeen baztertzeko arrazoiak izanen dira eskabidea ezarritako epetik kanpo aurkeztea eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean deialdian eskatutako baldintzak ez betetzea.

5.2. Behin-behineko zerrendetan ageri ez diren izangaiek edo behin-behinean baztertutakoek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat egin badute, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo bost egun balioduneko epean.

Behin betiko bazterturik geldituko dira onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatuz zerrenda horretan ez agertzearen aurka epearen barrenean alegaziorik aurkeztu ez duten izangaiak eta, bestetik, behin-behinean baztertuak gelditzea eragin zuten akatsak zuzendu ez dituztenak.

5.3. Akatsak zuzentzeko eta erreklamazioak egiteko epea bukatu ondoren, eta azken horiek ebatzita, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesteko. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko da zerrenda hori, deialdi honi dagokion atalean.

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartutako izangaien behin betiko zerrenda.

5.4. Onartuen behin betiko zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta ikusten bada izangairen batek ez duela betetzen baldintzaren bat, bertan behera geldituko dira deialdi honetan parte hartzeak dakartzan eskubide guztiak.

5.5. Onartutako eta baztertutako izangaien zerrendak argitaratuta, interesdunei jakinarazpena egin zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

5.6. Ezarritako epearen barnean ez bada eskaerarik aurkezten, kudeatzaileak ebazpen bat emanen du lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko.

6.–Epaimahai kalifikatzailea.

6.1. Honako hauek osatuko dituzte deialdiko lanpostu bakoitzaren merezimendu-lehiaketak kalifikatu behar dituzten epaimahaiak:

–Epaimahaiburua: Alberto Isusi Lomas, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Azpiegituren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko Zerbitzu Orokorren Unitateko burua.

Ordezko epaimahaiburua: Santiago Álvarez Folgueras, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Azpiegituren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, TEKAZELen Batzordeak izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, TEKAZELen Batzordeak izendatua.

–Epaimahaikide idazkaria: Juan Sebastián Grau Landarech, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuko TEKAZELak Kudeatzeko Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Berta Larumbe Leache, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuko TEKAZELak Kudeatzeko Ataleko administrazioko kudeaketaria.

6.2. Administrazio prozedura erkidearen arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu egoera horietako bat gertatzen denean.

Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira epaimahai kalifikatzailearen kideen izenak.

Hala ere, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendan hautagai onartu bakarra badago, ez da beharrezkoa izanen epaimahai kalifikatzailea eratzea, eta ez da haren osaera nominala zehaztuko, eta zuzenean lanpostu hutsak hautatzeko izapidea eginen da.

6.3. Hautaprobak aurrera egin ahala, epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak interpretatzetik eta aplikatzetik sortzen diren zalantzak, baita deialdian kontuan hartzen ez diren arazoak konpontzeko behar diren neurriak hartu ere.

6.4. Epaimahaiak sei hilabete izanen ditu gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik kontatzen hasita, lehiaketaren atalen balorazioak egiteko.

6.5. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

7.–Merezimenduak.

7.1. Alderdi hauek baloratuko dira:

a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: 30 puntu gehienez.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: 10 puntu gehienez.

Aurreko apartatuetan adierazitako puntuazioari hizkuntzak jakiteari dagokion balorazioa gehituko zaio.

7.2. Aurreko apartatuko a) eta b) letretan aipatzen diren elementuak deialdi honen II. eranskinean ezarritako merezimenduen baremoarekin bat balioetsiko dira.

7.3. Epaimahaiak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman. Epaimahai kalifikatzaileak edozein unetan du aukera azalpenak eta datu osagarriak eskatzeko, izangaiek garaiz eta forman alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.

7.4. Izangaiek lehiaketan lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinketak jarraitzen badu, izangai zaharrenaren alde ebatziko da.

7.5. Merezimenduen kalifikazioa amaiturik, parte-hartzaileek lortutako puntuazioak argitaratuko ditu epaimahaiak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidez dagokiena alegatu dezaten beren merezimenduen balorazioaren inguruan.

7.6. Egin diren erreklamazioak ebatzi ondoren, epaimahai kalifikatzaileak behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu, eta izangaien zerrenda Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileari bidaliko dio, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, espediente osoarekin batera.

8.–Lanpostu hutsen aukeraketa, esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileei lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldi publikora deituko zaie Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko den iragarki baten bidez.

Giza Baliabideen Zerbitzuari emanen zaio lanpostu hutsen aukeraketa prozesua kudeatzeko ardura.

8.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Teknikarien eta Kudeaketako eta Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegiak ezarritakoarekin bat etorriz, izangaiek ezin izanen dituzte beren atalari atxikitako lanpostu hutsak aukeratu, campusa edo lanaldia aldatzea ekartzen duen kasuetan izan ezik.

8.3. Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileek lanpostu hutsak aukeratzen bukatutakoan, gainerako lanpostu hutsak G9 Taldeko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Mugikortasun Hitzarmena sinatu zuten beste unibertsitateetako langileei eskainiko zaizkie.

8.4. Lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldira joaten ez direnek galdu eginen dituzte lehiaketan parte hartzeko eskubide guztiak.

8.5. Behin lanpostu hutsa aukeratuta, ezin izanen zaio uko egin.

8.6. Lanpostu hutsak aukeratu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du izangaiei dagokien lanpostua esleitzeko. Ebazpen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da, deialdi honi dagokion atalean.

Argitalpen hori gauzatuta, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

8.7. Esleipenari buruzko ebazpena argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean hartu beharko dute izangaiek esleitu zaien lanpostuaren jabetza, non eta ebazpen horrek ez duen jabetza hartzeko beste data bat ezartzen.

9.–Lansariak.

Lekuz aldatzen diren langileek xedapen indardunek esleitzen dizkieten lansariak jasoko dituzte.

10.–Datu pertsonalen tratamendua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. Tratamenduaren deskribapena Tratamendu Jardueren Erregistroan dago kontsultatzeko, hemen: https://www.unavarra.es/eu/sites/portal-transparencia/home.html.

Datuen tratamenduaren eraginpeko interesdunak hautaketa-prozesuetako izangaiak eta NUPeko langileak izanen dira. Datu pertsonal hauek tratatuko dira: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea honako hauek tramitatzea da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertzeko errekurtsoa, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, aurkaratutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, aurkaratutako egintza jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA

a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: 30 puntu gehienez ere.

Administrazio publikoetan emandako zerbitzuen balorazioa egiteko, dagokion deialdia argitaratzean aitortutako antzinatasuna hartuko da aintzat, eta urte bakoitzak puntu bat balioko du.

Oharra a) atalari buruz: urte kopurua osoa ez bada, zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 10 puntu gehienez ere.

Oharra b) atalari buruz: atal honetan, deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak besterik ez da aintzat hartuko.

b.1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-jardueretan parte hartu izana: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu); 7 puntu gehienez ere.

Oharrak b.1. atalari buruz:

1. Baloratu beharreko prestakuntza-jardueretako ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua adierazten ez duten ziurtagiriak kreditu batekotzat hartuko dira.

3. Ikasturte bateko iraupena adierazten duten ziurtagiriak 12 kreditukotzat hartuko dira.

4. Puntuazio berarekin baloratuko da prestakuntza-jardueretan parte hartu izana baldin eta, erakunde antolatzailearen baldintzak bete ez arren, Administrazioaren aginduz egin badira edo Administrazioak baliozkotu baditu. Horien artean espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoen Etengabeko Prestakuntza Akordioen barnean antolatutakoak.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, nola unibertsitarioak hala unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

b.2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztu izana, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egin izana eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratu izana: 2 puntu gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, betiere kontuan harturik lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak nolako maila duen, hots, lokala, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa.

b.3) Sektore publikoan prestakuntza saioak antolatzea edo halakoetan irakasle aritzea: 2 puntu gehienez ere, epaimahai kalifikatzaileak baloratu beharrekoa jardueren iraunaldiaren arabera.

c) Puntuazio gehigarria hizkuntzak jakiteagatik.

c.1) Ingelesa, frantsesa edo alemana jakiteagatik. Bakoitzarengatik gehienez ere 2 puntu emanen dira.

c.2) Euskara jakiteagatik, gehienez ere 2,76 puntu.

Oharrak c atalari buruz:

1. Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea den ezagutza-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat duenak gehieneko balorazioa eskuratuko du.

2. Titulazio edo ziurtagiri hori ez badu, gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen zaio Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren baliokidea den titulu edo ziurtagiri bat duenari, 2/5 A2 mailaren baliokidea duenari, 3/5 B1 mailaren baliokidea duenari, eta 4/5 B2 mailaren baliokidea duenari.

III. ERANSKINA.–ZERBITZU OROKORRETAKO LANPOSTU HUTSAK

LANPOSTUA

NORA ATXIKIA

CAMPUSA

LANALDIA

690

AZPIEGITUREN ETA ZERBITZU OROKORREN ZERBITZUA / ZERBITZU OROKORREN UNITATEA

IRUÑEA

G

694

AZPIEGITUREN ETA ZERBITZU OROKORREN ZERBITZUA / ZERBITZU OROKORREN UNITATEA

IRUÑEA

A

696

AZPIEGITUREN ETA ZERBITZU OROKORREN ZERBITZUA / ZERBITZU OROKORREN UNITATEA

IRUÑEA

A

909

AZPIEGITUREN ETA ZERBITZU OROKORREN ZERBITZUA / ZERBITZU OROKORREN UNITATEA

IRUÑEA

A

Iragarkiaren kodea: F2602861