45. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARBARIN

Aldaketa, honako honetan: ordenantza, eguzki energia biltzeko instalazioak arautzen dituena udal-mugartean. Behin betiko onespena

Barbaringo Udalak, 2025eko irailaren 25ean egin osoko bilkuran, aho batez erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa bat ordenantza honetan: ordenantza, eguzki energia biltzeko instalazioak arautzen dituena udal-mugartean.

Espedientea jendaurrean egon zen 30 egunez, 2025eko 246. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, abenduaren 11n, bai eta Barbaringo Udalaren iragarki-taulan ere, eta epe horretan inork ez zuen alegaziorik aurkeztu.

Beraz, behin betiko onesten da udal-mugartean eguzki energia biltzeko instalazioak arautzen dituen udal ordenantzaren aldaketa, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Eta argitaratu egiten da.

Barbarinen, 2026ko otsailaren 4an.–Alkatea, María Carmen Puerta Extremera.

ORDENANTZA, EGUZKI ENERGIA BILTZEKO INSTALAZIOAK ARAUTZEN DITUENA BARBARINGO UDAL-MUGARTEAN

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

Ordenantza honen xedea da arautzea Barbaringo udal-mugartean eguzki energia biltzeko instalazioek bete beharko dituzten baldintza tekniko, estetiko eta administratiboak, bai hiri-lurzoruan, bai lurzoru urbanizagarrian, bai urbanizaezinean.

2. artikulua. Helburua.

Ordenantza honen helburua da energia berriztagarrien ekoizpena eta erabilera sustatzea, bermatuz, batetik, instalazioen arkitektura eta paisaia integrazio egokia eta, bestetik, indarrean dagoen hirigintza araudia betetzea.

II. KAPITULUA.–INSTALAZIOAK HIRI-LURZORUAN ETA LURZORU URBANIZAGARRIAN

3. artikulua. Instalazioen helburua.

Udal Plan Orokorreko Katalogoan sartutako edo Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak babestutako eraikinetan eguzki-panelak paratzeko eskabideek beharko dute erakunde horren aurretiko berariazko baimena. Kultura Zuzendaritza Nagusiak egindako txostena nahitaezkoa eta loteslea izanen da, eta udal lizentziaren eskabideari atxiki beharko zaio.

4. artikulua. Instalazioak industria erabilerako lurzoruan.

Industria-tailerretarako (IT) eremu homogeneoa da Barbaringo Udal Plan Orokorrak industrialtzat kalifikatua duen lurzorua, eta bat dator industriarako SI-1 sektorearekin eta lurzoru urbanizagarriko AR-3 banaketa eremuarekin. Eremu horretan eguzki panelak instalatzeko baldintzak izanen dira hura garatzeko izapidetuko den plan partzialean ezarritakoak.

III. KAPITULUA.–INSTALAZIOAK LURZORU URBANIZAEZINEAN

5. artikulua. Sare elektrikoarekin konektatzeko linea elektrikoak.

Instalazio fotovoltaikoa dela-eta linea elektriko bat eraiki behar bada energia sare orokorrarekiko konexio punturaino garraiatzeko, lurpekoa izanen da.

Era berean, lurzoru urbanizaezinean kokatutako eguzki energia hartzeko instalazio orok izan beharko du Nafarroako Gobernuan ingurumenaren arloan eskumena duen departamenturen aldez aurreko baimena, eta jarduketa bateragarria izan beharko da ingurumenari eta lurralde antolamenduari buruz indarrean dagoen araudiarekin.

IV. KAPITULUA.–IZAPIDETZEA

6. artikulua. Lizentzia eskatzea.

Landa lurzoruan eta lurzoru industrialean instalatzeko, lizentzia eskatu beharko da.

Hiri erabilerarako, erantzukizun ziurtagiria eskatu beharko da.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu ondotik sartuko da indarrean, eta indarrean egonen da harik eta Barbaringo Udalak berariaz aldatu edo indargabetu arte.

Iragarkiaren kodea: L2601682