45. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AIEGI

Araua, ludoteka zerbitzua emateko prezio publikoei buruzkoa. Behin betiko onespena

Aiegiko Udalak, 2025eko urriaren 30ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen arau bat, Aiegiko ludoteka zerbitzua emateko prezio publikoei buruzkoa.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2025eko 242. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 4an.

Jendaurrean ikusgai egon den aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, arau fiskal hori behin betiko onetsi da, eta haren testu osoa argitaratzen da.

Aplikatzekoa den araudia: Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Aiegin, 2026ko urtarrilaren 5ean.–Alkatea, Leonardo Camaces Murillo.

2. ARAU FISKALA.–AIEGIKO LUDOTEKEN PREZIO PUBLIKOA ARAUTZEN DUEN ARAUA

Aiegiko Udalak helburu nagusi izan du koordinatzea baliabideak, proposamenak, eginahalak eta planteamendu berriak, abian jar daitezen hainbat ekimen, bateragarri egiteko familia, lana eta bizitza pertsonala, geure herriko ikuspuntutik.

Hautemandako arazo nagusietako bat izan zen oporraldietan haurrei zuzendutako zerbitzurik eza. Horregatik, lehentasunezko erabakia izan zen oporraldi horietan "ludoteka"ko kontziliazio zerbitzua sortzea.

Horrenbestez, Aiegiko Udalean sendotu egin da ludoteka zerbitzua, helburu nagusia izanik Aiegiko herritarrek bateragarri egitea familia, lana eta bizitza pertsonala.

Orain arte, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasuneko Batzordeak antolatu eta arautu izan ditu ludoteka zerbitzuak, eta osoko bilkuran onetsi izan dira zerbitzuaren arauak eta prezio publikoak, batzorde horrek irizpena eman ondotik.

Arau erregulatzaile honen xedea da, hortaz, zerbitzua ematearen alderdi komunak arautzea, nahiz eta jakin ludoteka bakoitzaren alderdiak banan-banan hartu eta zehaztu behar direla.

Zerbitzua

Zerbitzuaren deskripzioa.

1. artikulua. Xedea.

1. Xedapen honen helburua da oinarrizko alderdiak arautzea Aiegiko Udalak antolatzen duen ludoteka zerbitzurako, hura ematerakoan kasu guztietan gorde behar diren printzipio sozialak zehaztuz eta haren prezio publikoa ezartzeko arau orokorrak erregulatuz.

2. Arau honek ezarritako esparruaren barnean, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasuneko Batzordeak erabakiko ditu ludoteka bakoitzaren ezaugarriak, eta ondotik alkateak emandako dekretu bidez onetsiko dira.

2. artikulua. Ludoteka zerbitzuaren edukiak.

2.1. Aiegiko Udalak eskola oporraldi guztietarako emanen du ludoteka zerbitzua.

2.2. Ludoteka bakoitza programatuko da kontuan hartuta partaideen gutxieneko eta gehieneko ratioa, aldez aurretik zehaztua adin talde bakoitzerako.

Ratio horiek irizpidetzat hartuko dira, bermatze aldera emandako zerbitzuen kalitatea eta bideragarritasun ekonomikoa.

3. artikulua. Zerbitzuaren helburuak.

1. Zerbitzuaren antolakuntzak eta eskaintzak kalitatea izan beharko dute helburu, nahiz eta horretarako defizit ekonomikoa sortu. Hala izanez gero, jokatuko da jarraikiz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 32. artikuluari.*

2. Hona hemen zerbitzuaren helburu orokorrak:

a) Erraztea Aiegiko emakumezkoak eta gizonezkoak laneratzea eta gizarteratzea, eta egoera horri eustea.

b) Babesa ematea, bateragarri izan daitezen Aiegiko gizonezkoen eta emakumezkoen familia, lana eta bizitza pertsonalak.

c) Herritarren parte-hartzea bultzatzea.

(*) 32. artikulua. Zenbatekoa.

1. Prezio publikoen zenbatekoarekin, gutxienez estali beharko da emandako zerbitzuaren edo egindako jardueraren kostua.

Zerbitzuaren kostua kalkulatzeko, foru lege honen 105.2 artikuluan tasei buruz aurreikusitako kontzeptu berak hartuko dira kontuan.

2. Entitateak aitzineko atalean aurreikusitako mugaren azpitik finkatzen ahalko ditu prezio publikoak, horretarako arrazoiak badaude, izan horiek gizarte, ongintza, kultura edo interes publikokoak. Hala izanez gero, diferentziarik badago hura berdintzeko, kasuan kasuko diru-zuzkidurak jaso beharko dira entitatearen aurrekontuetan.

Orobat, honako hauek dira zerbitzuaren helburuak:

a) Seme-alabei kasu egiteko denbora faltagatik gurasoek izaten duten ezegonkortasun emozionala gutxitzea.

b) Seme-alabei kasu egiteak eta haiek zaintzeak familiari ekartzen dion gehiegizko zama arintzea, eta, hala, erraztasunak ematea aisialdiaz gozatzeko.

c) Udal instalazioen erabilera optimizatzea.

d) Jostatzeko eta hezteko zerbitzuen eskaintza handitzea 3 eta 12 urte bitartekoentzat.

e) Zerbitzuaren jarraitutasuna sendotzea.

f) Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko aukera-berdintasuna bultzatzea.

g) Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko erantzukizun partekatua bultzatzea.

h) Esparru bat sortzea haurrak pertsona moduan haz daitezen, jolas- eta heziketa-jardueretan parte hartuz eta jostaketaren bidez.

i) Umeen artean bultzatzea ingurumena babestearen eta kontsumo arduratsuaren aldeko balioak eta jarrerak.

Zerbitzua kudeatzeko arauak

4. artikulua. Esparru subjektiboa.

1. Ludoteka zerbitzua Haur Hezkuntzako 1. mailatik Lehen Hezkuntzako 6. mailara arte eskolatutako haurrentzat izanen da.

2. Lehenik eta behin, lehentasuna izanen dute Aiegin erroldatutako haurrek, eta, horretarako, izena emateko epe espezifiko bat irekiko da erroldatuentzat.

3. Lehenengo epea bukatu ondotik, izena emateko bigarren epe bat irekiko da, eta izena emateko hurrenkeraren irizpideari jarraituko zaio. Lehenengo epean izena eman ez duten erroldatuek ez dute lehentasunik izanen bigarren epean, eta inskripzio-hurrenkeraren arabera soilik arautuko da epe hori.

4. Inskripzio epeak bukatu ondotik egiten diren eskaerak kontuan hartuko dira baldin eta hala ahalbidetzen badute ludotekaren antolakuntzan aldez aurretik finkatutako ratioek.

5. artikulua. Familiak.

10. artikuluan xedatzen denez, tarifa murriztua eginen zaie familia mota hauei: izen-emate bat baino gehiago egiten duten familia-unitateei (bigarrenean, tarifa murriztua), familia ugariei, guraso bakarrekoei eta kalteberatasun egoeran daudenei.

6. artikulua. Elkarlana Udalarekin.

6.1. Udalak konpromisoa hartzen du zerbitzua bideragarria eta eskuragarria izan dadin, eta, horretarako, laguntza ekonomikoak emanen ditu, ordenantza honen 3.1 artikuluan.

6.2. Orobat, lagunduko du ahalik eta hobekien egin dadin jarduera, antolatzaileen esku utziz udal instalazioak eta behar diren gainerako bitartekoak.

7. artikulua. Kontratazioa.

Ludoteka zerbitzuaren kontratazioak beteko ditu Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen xedapenak.

Prezio publikoa

Ordainarazpenaren kudeaketa.

8. artikulua. Oinarria.

Ordainarazpen hau honako hauetan oinarritzen da: Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea, hain zuzen ere haren lehen tituluko III. kapituluaren 2. ataleko 2. azpiatala, eta haren 28. artikuluko baimena.

9. artikulua. Zenbatekoa eta ordaintzeko beharra.

1. Udako ludoteka zerbitzuaren prezio publikoak honako hauek dira:

  • 1 seme-alaba, 60 euro/aste.
  • 2 seme-alaba: 108 euro/aste.
  • 3 seme-alaba: 135 euro/aste.
  • Zaintza zerbitzua, 8:00etatik 9:00etara eta 14:00etatik 15:00etara. 10 euro/astea, haur bakoitzeko.

Lau laneguneko asteetan, prezioa hainbanatuko da.

–Aste Santua eta Gabonak (4 egun):

  • 1 seme-alaba: 40 euro.
  • 2 seme-alaba: 64 euro.
  • 3 seme-alaba: 96 euro.

2. Ludoteka zerbitzua eta prezioaren ordainketa aste baterako eginen dira, gutxienez.

3. Izena emateko unean, ordaintzera behartuta daudenek ordaintza bi epetan egiteko aukera izanen dute: bat hasieran eta bestea abuztu hasieran.

10. artikulua. Hobariak.

–Familia ugaria eta guraso bakarrekoa: Zenbateko osoaren %20a.

–Kalteberatasuna: Zenbateko osoaren %50a.

Hobariok ez dira metagarriak.

Behin-behineko izen-emate eskaerarekin batera, hobariak eskatzeko baldintza justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztuko da, aurrez aurre, posta elektronikoz edo egoitza elektronikoaren bidez. Ezarritako epeaz kanpoko agiriak ez dira kontuan hartuko.

11. artikulua. Ordaintzera behartuak.

1. Arau honetako prezio publikoa ordaintzeko betebeharra zerbitzua ematen hasten denetik sortzen da. Hala ere, zerbitzua hasi aurretik zenbateko guztia ordaintzeko eskatuko da, jarraikiz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 34. artikuluari.

2. Onuradun guztiek ordaindu beharko dute prezio publikoa, edo, bestela, gurasoek edo zerbitzuez baliatu diren adingabeen tutoreek edo haien legezko ordezkariek, Udalak zehaztutako finantza-erakundeen bidez.

3. Onuraduna bertaratzen ez bada udalari leporatu ezineko arrazoiengatik, berdin egonen da behartuta prezio publikoa ordaintzera. Aldiz, baldin eta zerbitzua ematen ez bada, eta erantzukizuna ez bada prezio publikoa ordaintzera behartuta dagoenarena, dagokion zenbatekoa itzuliko zaio. Horretarako, aldez aurretik dokumentu bidez justifikatu beharko du horren kausa —agiri medikoa edo beste—, eta zerbitzuen arduradunek aztertuko dute aurkeztutakoa.

4. Aipatutako epeetan ordaintzen ez diren zorrak premiamendu-prozeduraren bidez eskatuko dira, bat etorriz uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuarekin.

5. Zerbitzua bukatzea edo etetea. Zerbitzua emateari uzten ahalko zaio honako arrazoi hauengatik:

–Erabiltzaileak eskatuta: kasu horietan, ludotekak hasi baino astebete baino aurrerapen txikiagoz ematen bada baja zerbitzuan, erabiltzaileak 60 euro ordaindu beharko ditu eragindako gastuen konpentsazio gisa.

–Prezio publikoa ez ordaintzeagatik. Horrek ez du galarazten sortu eta ordaindu gabeko zenbatekoak kobratzea, premiamendu administratiboaren bidez.

–Zentroaren arauak behin eta berriz ez betetzeagatik.

–Zerbitzua guztiz kentzeagatik, Udaleko osoko bilkurak hala erabaki ondotik.

12. artikulua. Osoko bilkuraren eskumenak.

Udaleko osoko bilkurak izanen du onesteko eskumena.

I. ERANSKINA.–RATIOAK

–Gehieneko ratioak:

  • Haur Hezkuntzako 1. mailatik 3.era: 12 ume monitore bakoitzeko.
  • Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 6.era: 15 ume monitore bakoitzeko.

Behin betiko taldeak zehaztuko dira inskripzio epea bukatu ondotik, inskripzio kopuruaren arabera. Adinaren araberako haurren kopuruak ez badu zehazki bat egiten ezarritako ratioekin, talde mistoak egiten ahalko dira, baldin eta haurren kopuru osoak ez baditu gainditzen ezarritako ratioak. Horrela kalkulatuko dira unitateak.

Iragarkiaren kodea: L2601829