44. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRA

Aldaketa, honako honetan: ordenantza, arautzen duena hirigune historikora eta komertzialera ibilgailuak sartzeko sistema. Hasierako onespena. Kamera bidezko kontrola, sartzeko eta aparkatzeko

Lizarrako Udalak, 2025eko urriaren 9an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa, honako honetan: Lizarrako hirigune historikora eta komertzialera ibilgailuak sartzeko sistema arautzen duen udal ordenantzan. Kamera bidezko kontrola, sartzeko eta aparkatzeko.

Hasierako onespenaren erabakia 2025eko 236. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 25ean, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza horretan egin aldaketa behin betiko onetsi, eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Lizarran, 2026ko urtarrilaren 28an.–Alkatea, Marta Ruiz de Alda Parla.

UDAL ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA LIZARRAKO HIRIGUNE HISTORIKORA ETA KOMERTZIALERA IBILGAILUAK SARTZEKO SISTEMA. KAMERA BIDEZKO KONTROLA, SARTZEKO ETA APARKATZEKO

SARRERA

Udalerriei esleitzen zaizkie, besteak beste, honako eskumen hauek: trafikoa antolatzea eta kontrolatzea beren titulartasuneko hiri barruko bideetan; hiri barruko bideen erabilera arautzea zirkulazioko udal ordenantzen bidez, aparkalekuen banaketa orekatua ahalbidetuz erabiltzaile guztien artean, kontuan hartuz ibilgailuen zirkulazioan beharrezkoa den arintasuna eta oinezkoen joan-etorria; hiri barruko bideak ixtea, beharrezkoa denean; eta hiri barruko bideetan ibilgailu jakin batzuei sarbidea murriztea. Hori dena, honako hauen arabera: urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 7. artikulua (legegintzako foru dekretu horren bidez onesten da Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina), eta apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.g artikulua (lege horren bidez arautzen dira Toki-araubidearen oinarriak).

Era berean, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 139. artikuluan xedatzen da "Zenbait gairi buruzko arau-hausteak eta zehapenak tipifikatzea":

"Toki-erakundeek toki-intereseko elkarbizitza-harremanak eta beren zerbitzuen, ekipamenduen, azpiegituren, instalazioen eta espazio publikoen erabilera egoki antolatzeko, arloan berariazko araudirik egon ezik, hurrengo artikuluetan ezarritako irizpideekin bat arau-hausteen sailkapena finkatu ahal izango dute, baita zehapenak ezarri ere, kasuan kasuko ordenantzetan jasotako eginbeharrak, debekuak zein murrizpenak ez betetzeagatik".

Aipatu xedapenetan ezarritakoaren babesean, Lizarrako Udalaren ordenantza honen xedea da hiriko eremu berezienak babestea eta, hartara, helburu nagusia da alde zaharraren eta hirigune komertzialaren babesa.

Horretarako, herriko kaleetako bide azpiegituraren berezitasunak kontuan hartuz, beharrezkoa da bide horiei erregulazio berezia ematea.

Udal administrazioak, honako araudi honen bidez, berariaz arautzen du ibilgailu motordunen sarbidea, egonaldia eta zirkulazioa hiriaren alde zaharrean barna, eta kontuan hartzen dira honako hauek: kaleak oso estuak direla, saltoki edo negozio gehienen berezitasuna, egon ohi den oinezkoen trafiko handia, aparkatzeko beharra eta gune monumental guztien berariazko ezaugarriak, baita aldameneko kaleetan ere, zeinak merkataritza handiagoa baitute, bereziki Sorkunde Garbiaren pasealekuan eta pasealeku hori Los Llanos parkearen eremuarekin lotzen duten kaleetan, orain arte hiriaren eremu urdina osatzen baitzuten. Eremu hori desagertu eginen da, aparkalekuen arautze berriaren ondorioz, eta aparkatzeko arau berrian egonaldiaren denbora kontrolatzen da soilik, irudiak baliabide teknikoen bidez hartuta eta aldez aurretik ordaindu beharrik gabe.

Horregatik guztiagatik, ezartzen dira ondotik azaltzen diren artikuluak, horien bidez sistema bat arautzeko, Lizarrako hirigune historikora eta komertzialera ibilgailu motordunekin sartzeko eta horiek aparkatzeko.

Urriaren 1eko 39/2015 Legeak indarra hartzeak berrikuntza garrantzitsua ekarri du ordenantzen esparrura, lehen aldiz ezarri baitira erregelamendu-ahalak bete behar dituen printzipioak eta organo eskudunek nahitaez bete beharreko hainbat gai (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

Hala, erregelamenduak egitean ohiko mugak ezartzeaz gainera (legezkotasun printzipioa, arau-hierarkiaren printzipioa, publizitate printzipioa), legegintza berriak "erregulazio onaren printzipioak" izenekoak ezartzen ditu, eta izen horren azpian biltzen dira "premia, efikazia, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia" printzipioak, eta horiek bete beharra xedapen orokorraren hitzaurrean justifikatua egon behar da –Legearen 129. artikuluaren arabera–.

Aurreko paragrafoen bidez justifikatzen da betetzen direla premiaren, eraginkortasunaren eta gardentasunaren printzipioak, eta haietan argi frogatzen da ekimena arrazoitzen duen interes orokorra justifikatua dagoela, lortu nahi den helburua zalantzarik gabe identifikatua dagoela, eta hori lortzeko hautatu den tresna egokia dela.

Espedientean jasotzen diren aurrekarietan ikusten denez, arau honen xede diren pertsonek eta taldeek parte hartu dute arauaren prestakuntzan, ukitutako sektoreek ekarpenak egin baitituzte, eta arazoa aztertzeko bilerak eta abar egin baitira.

Ordenantza honetan jasotzen den erregulazioa da justu ezinbestekoa haren xedeari erantzuteko –bateragarri egitea, batetik, hiriaren alde jakin batean ibilgailu motordunekin sartu eta ibiltzeko eskubidea; bestetik, eremu horren kontserbazioa bermatzea, dituen ezaugarri bereziengatik eta, azkenik, joan-etorrien arintasuna bermatzea–. Ezin da jardun modu eraginkorragoan, eskubideak gutxiago murriztuz edo erabiltzaileei betebehar gutxiago ezarriz.

Gainera, irudiak hartzeko erabiltzen diren elementuek betetzen dituzte datu pertsonalak babesteko erregulazio-arauetan aplikagarriak diren mugak, eta irudiak hartzeko elementu horiek ordenantza honetan ezarritako helburua besterik ez dute,, hala ere, arau-hausteak eta delituak atzemateko erabil daitezke, beharrezkoa bada, aplikagarriak diren xedapenetan ezarri bezala.

Sistemaren aplikazioaz arduratzen diren pertsonek soilik izango dute irudi horiek ikusteko aukera; ez du beste inork izanen kamera horietako irudiak eskuratzerik.

Segurtasun juridikoa berez dagokio honelako xedapen bat aplikatzeari, erregulazio-esparru egonkorra ezartzen baitu, aurreikus daitekeena, integratua, argia eta ziurtasunekoa eta, hartara, arauaren helburu direnek ez dute jasanen diskrezionalitate hutsean oinarritutako administrazio jarduera bat, eragin dena ordenamendu juridikoak toki entitateei (jabari publikoko ondasunei dagokienez) ematen dieten ahalen neurriz kanpoko erabileraren ondorioz.

Azkenik, erabat eraginkorra da (interesdunei ezartzen zaizkien karga administratiboen eta baliabide publikoen kudeaketaren ikuspegitik) arautzea baimenak eta sarbideak Lizarrako alde zaharrerako eta gainerako kaleetarako, zeinak baitira ibilgailuen zirkulazioaren arauketaren xede, irudiak atzemateko elementuen bidez arautu ere.

I. TITULUA.–ESKUMENA, HELBURUAK, UKITUTAKO EREMUA

1. artikulua. Eskumenak.

Ordenantza hau onetsi da udalei dagozkien eskumenak erabiliz, ibilgailuen zirkulaziorako diren espazio publikoen erabilera arautzeari dagokionez, babes harturik apirilaren 2ko 7/1985 Legea (arautzen ditu toki-araubidearen oinarriak) eta urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako errege-dekretua (horren bidez onesten da Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legea).

2. artikulua. Helburuak.

Xedapen honek, araututako eremuan ibilgailu motordunen sarbidea kontrolatzeko sistema ezartzearen bidez, honako helburu hauek ditu:

1. Oinezkoen eta txirrindularien joan-etorri segurua bermatzea Lizarrako alde zaharreko kaleetan zehar.

2. Herritarren sarbide ordenatua eta baketsua ahalbidetzea alde zaharrean dauden hauetarako: saltoki, etxebizitza, kultur etxe eta ikastetxe, erakunde publiko eta gune monumentaletaraino.

3. Eremu horretako ekonomia eta garapena sustatzea.

4. Alde zaharrean dabiltzan ibilgailu motordunen kopurua murriztea.

5. Hiri barneko kalitate handiagoa lortzea eremu horretan, estetika hobetuz eta ibilgailu motordunek sorrarazitako zaratak eta keak murriztuz.

6. Hiriaren monumentu ondarea babestea ibilgailuen zirkulazioak eragindako emisioen kalteetatik.

7. Ordenantza honetan mugatzen den alde zaharraren ondoko eremu komertzialean, indarrean den eremu urdina ordeztea sarbideetan irudiak hartzen dituen sistema arautzaile berri baten bidez, zeinak kontrolatuko baitu egonaldiaren gehieneko denbora eta ibilgailuei ahalbidetuko baitie aparkaleku eremuetan txandaka aparkatzea.

3. artikulua. Ordenantzaren aplikazio eremua.

Hiriaren alde zaharrari eta eremu komertzialari dagokie trafikoaren erregulazio berezi honek ukitzen duen eremua, eta kaleen zerrendak honela eransten dira: "I. EREMUKO ERANSKINA / ALDE ZAHARRA" eta "II. EREMUKO ERANSKINA / EREMU KOMERTZIALA". III. Eranskinean ageri da, xedapen honetan, horien planoa: "III. ERANSKINA / EREMUEN MUGEN ADIERAZPEN GRAFIKOA ETA KAMEREN KOKAPENA".

I. eremua, "Alde zaharra", Sarbide Kontrolatuko Eremu (SKE) gisa definitua dago kale hauek osatzen duten perimetroaren barnean: Sorkunde Garbiaren pasealekua, Deierri etorbidea, Entrañas aldapa, Zezenen kalexka, Nabarreria kalea, Merkatu Zaharra kalea eta Asteria kalea. Perimetro horretatik kanpo, era berean sarturik daude San Nikolas kalea, Rua kalea eta San Martin plaza.

III. eranskineko planoaren arabera, II. eremua "Eremu komertziala", Aparkaldi Mugatuko Eremu (AME) gisa definitua dago eta honako kale hauei dagokie: Sorkunde Garbiaren pasealekua, San Veremundo, Jaun Gartzia Berrezarle (zati bat), Karlos II. Gaiztoa, San Andres, Vianako Printzea, Gustavo de Maeztu eta Aralar Mendia plaza, egungo eremu urdinaren mugaketarekin bat etorriz eta, hortaz, hark arautzen dituen eremu pribatuak barne hartzen dituela.

II. TITULUA.–SARBIDEAK: LEKUAK ETA BALDINTZAK

I. KAPITULUA.–I. EREMUA "ALDE ZAHARRA"

4. artikulua. Seinaleak.

1. Ibilgailuak eremu kontrolatuan sartzeko sarbide gune guztietan, bide-seinale bertikalak egonen dira, adierazten dutenak baimenik ez duten ibilgailu motordun guztiek debekatua dutela zirkulatzea, eta, horretaz gain, bizitegi-kalearen (S-28) seinale orokor bat , honako hau adierazten duena:

–Ibilgailuen gehieneko abiadura 20 km/h da.

–Gidariek lehentasuna eman behar diete oinezkoei.

–Ibilgailu motordunek ezin dute aparkatu zamalanak egiteko behar den denbora baino luzeagoan, eta inolaz ere 30 minututik gora.

Azoka egunetan ez da Santiago plazara eta Foru plazara sartzerik izanen 11:00etatik 15:00etara.

–Oinezkoak zirkulazio eremu osoan ibil daitezke.

–Jolasak baimenduak daude oinezkoen edo ibilgailuen zirkulazioa eragozten ez duten artean, baina, betiere, bizikidetza arauak bete behar dira.

–Oinezkoek ez diete alferrik traba egin behar gidariei.

–Bizikletak, patinak, "segway" izenekoak, patin elektrikoak edo antzekoak eremu horietan ibili ahalko dira oinezkoen zirkulazioa errespetatuz eta beren abiadura bidearen ezaugarrietara egokituz.

Era berean, sarbide kontrolatuko eremutik ateratzeko guneetan, seinale bertikal batzuk egonen dira, adierazten dutenak bizitegi-kalea (S-29) bukatzen dela eta aurreko guneetan jasotako murrizketak bukatzen direla, eta adieraziko dute, orobat, berriz aplikatzen direla zirkulazioko arau orokorrak.

2. Sarbide kontrolatuko eremuan sartzeko eta handik ateratzeko guneetan instalatuak egonen dira irudiak hartuz matrikulak irakurtzeko gailuak, eta, nolanahi ere, erabiltzen ahalko dira kontrolerako beste edozein bitarteko ere.

5. artikulua. Sarrera eta irteera guneak. Matrikulen egiaztapena.

Sarbide kontrolatuko eremurako sarrera/irteera soilik eginen da sarbide kontrolerako guneetan zehar, zeinak kale hauetan baitaude:

–Sarrera/Irteera:

  • Santiago plaza - Entrañas aldapa.
  • Foruen plaza - Sorkunde Garbiaren pasealekua.
  • Rua kalea - Curtidores.
  • San Martin plaza - Anai Diego kalea.

–Sarrera soilik:

  • Ruiz de Alda kalea - Espoz y Mina.
  • Nabarreria kalea - Lizarra pilotalekua.

–Irteera soilik:

  • San Nikolas kalea.
  • Antso Ramirez kalea.
  • La Imprenta kalea.

Halako eran non, xede edo jatorriko kalearen arabera, sarrera edo irteera handik hurbilen dagoen eremutik zehar egin behar baita.

6. artikulua. Ibilgailuen sarbidea alde zaharreko Sarbide Kontrolatuko Eremuan (SKE), eta zirkulazioko arau orokorrak.

1.–Sarbidea:

–Baimena eskatzetik salbuetsirik daude bizikletak, "segway" izenekoak, patin elektrikoak edo antzekoak.

–Gainerako ibilgailuak sarbide kontrolatuko eremuan sartzeko, banakako baimena eduki behar dute, sarbide eskubidea ematen diena eta haren baldintzak zehazturik dituena, honako hauei buruz: sarrera/irteera lekua, barnean egoteko denbora eta baimenaren iraupena.

–Eremu kontrolatuan sarrera zehatz bat behar den kasuetan, banakako eskaera egin beharko da sarrera hori egiteko. Interesdunak sartu behar duen ibilgailuaren matrikula eta data, gertaera hori gertatu aurretik, zuzenean sartuko ditu bitarteko telematikoen bidez sarbide kontrolerako sisteman, edo egoitza elektronikoaren nahiz Udaltzaingoaren bidez tramitatu beharko du. Oinezkoen eremuan egoteko gehieneko denbora 30 minutukoa da.

  • Larrialdiren batengatik sartu behar izanez gero, ondoren gehienez ere 72 orduko epea edukiko da sarrera egin dela jakinarazteko eta hori eragin duten arrazoiak justifikatzeko.

2.–Zirkulazio arau orokorrak:

–Sarbide kontrolatuko eremuetara sartzea eskatzen duten ibilgailuek indarrean eduki behar dituzte aseguru poliza eta IATren (Ibilgailuen Azterketa Teknikoa) aldeko txostena.

–Sarbide kontrolatuko eremura sartzeko baimena lortzen ahalko duten ibilgailuen Baimendutako Gehieneko Masa (BGM) 5.500 kg-koa izanen da. Hori baino Baimendutako Gehieneko Masa (BGM) handiagoko ibilgailuen sarbidea mugatuko da soilik Herritarren Segurtasunaren Arloko zuzendaritzak baimenduetara, eta baimenean jasotzen diren mugekin.

–Gidariek beren ibilgailuak aparkatu ahalko dituzte soilik pertsonak beren etxebizitzetara eramateko eta zamalanak egiteko edo berariazko baimena duten bestelako jarduerak egiteko, eta honako baldintza hauek betetzen badira:

  • Ezinbesteko denbora besterik ez da erabiliko eta, betiere, baimen bakoitzaren berariazko baldintzak beteko dira. Ez dira zamalantzat joko bi minututik beherako egonaldiak; aldiz, igarotzekotzat joko dira eta, horrenbestez, zigorgarriak izango dira.
  • Ibilgailuaren eta fatxadaren artean gutxienez metro bateko distantzia utzi behar da.
  • Ezingo da oinezkoen eta ibilgailuen ibilia eragotzi edo oztopatu, ezta atari, saltoki edo pasabide baimenduen sarbideak ere.
  • Neurri txikia duten kaleetan, ezin badira aurreko puntuak bete, aparkatzea debekatua dago.

Nolanahi den, baimena edukita ere, sarrera arrazoitua izan behar da, eta Udaltzaingoaren alorretik geroago eskatu ahalko da egindako sarrerak justifikatzen dituen dokumentazioa.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, sarrera ez badago justifikatua, Udaltzaingoak abian jarriko du dagokion zehapen-espedientea. Dela berez jendea joan delako dela galtzadan jarduerak daudelako, oinezkoen dentsitateak ahalbidetzen ez badu pertsonendako arriskurik gabe sartzea, ezin izango da sartu egoera horrek irauten duen artean.

Horretarako, sartzea eragotzi ahalko da beste bitarteko batzuen bidez (hesiak, zutoinak, etab.) eta, betiere, Udaltzaingoaren jarraibideak bete beharko dira eta harekin harremanean jarri beharko da telefonoz edo eskura dagoen beste edozein modutara.

II. KAPITULUA.–II. ZONA "EREMU KOMERTZIALA"

7. artikulua. Seinaleak.

Erabiltzaileek errazago identifika dezaten, Aparkaldi Mugatuko Eremua (AME) osatzen duten bideetako tarteak behar bezala seinaleztatuko dira, bai horizontalean bai bertikalean, bnat etorriz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu artikuludunarekin. Seinaleztapenaren testua gaztelaniaz eta euskaraz egonen da.

8. artikulua. Sarrera eta irteera. Kontrola, aparkatzeko.

Eremu hau osatzen duten kaleetan ibilgailuen zirkulazioa librea da, ez baitituzte bete behar hiri barruko bideetan zehar ibilgailuen zirkulazioa arautzen duten arauak besterik; salbuespena da horietan aparkatzeko egokitutako eremuetan aparkatzea, honako muga hauen arabera arautua baitago:

1. Ibilgailuak aparkatu ahalko dira kaleetan horretarako mugaturiko eta aurretik deskribaturiko guneetan, honako aldi eta ordutegi hauen arabera:

a) Aparkatzeko gehieneko denbora laurogeita hamar (90) minutukoa izango da, ezarritako ordu-tartearen barruan. Aparkaldia laurogeita hamar (90) minutuko muga gainditu gabe amaitzen bada, mugaraino geratzen den denbora hurrengo ordu-tartean baliatu ahal izanen da.

b) Ordutegia hau izango da: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara, salbu jaiegunetan, eta larunbatetan, 09:00etatik 14:00etara.

c) Aparkatze mugatuko eremuan baimendutako gehieneko denbora bukatu aurretik, ibilgailua handik kendu behar da, eta nahitaez atera behar da araututako eremutik.

Aparkatze mugatuari dagokionez, ordenantza honetan xedatutakoa betetzen ote den kontrolatuko da matrikulak irakurtzen dituzten kamerak instalatuz AMEn sartzeko guneetan, eta, horretaz gain, Udaltzaingoak kontrolerako bestelako bitarteko batzuk ere erabil ditzake.

III. TITULUA.–SARBIDE KONTROLATUKO EREMUETARA (SKE) ETA APARKALDI MUGATUKO EREMUETARA (AME) SARTZEKO ETA HORIETAN EGOTEKO ETA FUNTZIONATZEKO IRIZPIDEAK

I. KAPITULUA.–SARRERA KONTROLATUKO EREMUA

9. artikulua. Baimenak.

1. Sarbide iraunkorra edo aldi baterakoa duten ibilgailuen altak emanen dira baimen-motaren arabera ezarritako irizpideen arabera, eta honako modalitate hauek izanen dituzte:

A.–Baimenak SKEren perimetroan helbideraturik dauden ibilgailuendako.

1.–Automatikoki ofizioz sartuko dira ibilgailua helbideraturik duten eta sarbide kontrolatuko eremuko egoiliar diren pertsona guztiak.

2.–Bizilekutik hurbilen dagoen Sarbide Kontrolatuko Eremuan barrena zirkulatzea ahalbidetzen du.

3.–Egonaldia honakoa izango da Sarbide Kontrolatuko Eremuan:

–Mugagabea, baldin ibilgailua aparkaleku (garaje) batean aparkatzen bada.

–Ibilgailua garajeko aparkaleku batean aparkatzen ez bada, zamalan txikiak egin ahalko ditu bere egoitzatik hurbilen dagoen lekuan, ezinbesteko denboran.

Kasu horretan, sarbide kontrolatuko eremuan egoteko gehieneko denbora 30 minutukoa da.

B.–Sarbide kontrolatuko eremuan kokatua dagoen helbidea duten bizilagunak.

1.–Baimen hau honako hauendako da:

B.1.–Ibilgailua jabetzan, "renting", "leasing" edo antzeko formula baten bidez duten bizilagunak, SKEren perimetroan helbideraturik ez daudenak.

B.2.–Desgaitasunen bat izanik, beren kabuz mugitzeko gai ez diren edo mendekotasun egoeran dauden bizilagunak. Gehienez ere bi ibilgailu, eta inoiz beste ibilgailu batzuekin sartzeko beharra edukiz gero, berariazko baimena beharrezkoa da.

Baimenaren titularrak zuzenean sartu beharko du sarbide kontrolatuko eremuan noizean behin sartu behar den egunari eta ibilgailuari buruzko informazioa, horretarako ezarritako bitarteko telematikoen bidezko sarbide-kontrolerako sisteman, egoitza elektronikoan edo Udaltzaingoaren bidez.

Tramite hori gertaeraren aurretik egin behar da eta, ez bada posible, ondoren gehienez ere 72 orduko epea edukiko da sarrera egin dela jakinarazteko.

B.3.–70 urtez gorako bizilagunak, gehienez ere bi ibilgailu dituztenak.

Inoiz beste ibilgailu batekin sartzeko beharra edukiz gero, baimena eskatu beharko da, B.2 kasuan araututako prozedura berari jarraikiz.

B.4.–Ibilgailu baten jabe ez den egoiliarrak zamalanak egin behar baditu etxean modu puntualean, aldez aurretik eskatu beharko du sartzeko baimena. Hala egitea ezinezkoa den kasuetan, gehienez 72 ordu izanen ditu, zamalanetarako ibilgailua sartzen denetik hasita, horren berri emateko.

Baimena lortzeko prozedura aurreko B.2 eta B.3 apartatuetan araututakoa izango da; hala ere, kasu horretan interesdunak behar bezala arrazoitu behar du SKEra sartzeko beharra.

2.–Baimen hauetakoren bat lortzeko, eskabidearekin batera honako agiri hauek erantsi behar dira:

–B.1.

  • Sarbide kontrolatuko eremuan erroldaturik dauden bizilagunak: ofizioz egiaztatuko da. Erroldaturik ez daudenendako, sarbide kontrolatuko eremuan bizilekua dutela frogatzen duen dokumentazioa eta NANaren fotokopia.
  • Ibilgailua eskatzailearen izenean eta Lizarran helbideratua badago, dokumentazioa ofizioz egiaztatuko da. Lizarran helbideratua ez badago, eta "renting", "leasing" edo antzeko formula baten mende badago, hori frogatzen duen dokumentazioa erantsi behar da.

–B.2.

  • Sarbide kontrolatuko eremuan erroldaturik dauden bizilagunak: ofizioz egiaztatuko da. Erroldaturik ez daudenendako, sarbide kontrolatuko eremuan bizilekua dutela frogatzen duen dokumentazioa eta NANaren fotokopia.
  • Mugikortasun murriztua duten pertsonen aparkatzeko behin-behineko txartelaren fotokopia edo mendekotasun balorazioaren ebazpena, edo egoera hori frogatzen duen agiria.
  • Ibilgailu motordunaren matrikula.
  • Baimenerako kalkulatzen den iraupena.

–B.3.

  • Sarbide kontrolatuko eremuan erroldaturik dauden bizilagunak: ofizioz egiaztatuko da.
  • Erroldaturik ez daudenendako, sarbide kontrolatuko eremuan bizilekua dutela frogatzen duen dokumentazioa eta NANaren fotokopia.
  • Noizbehinkako ibilgailuaren matrikula.

–B.4.

  • Sarbide kontrolatuko eremuan erroldaturik dauden bizilagunak: ofizioz egiaztatuko da.
  • Erroldaturik ez daudenendako, sarbide kontrolatuko eremuan bizilekua dutela frogatzen duen dokumentazioa eta NANaren fotokopia.
  • Sartzeko eskaera zein ibilgailu motordunarendako egiten den, haren matrikula.

3.–Baimen hauen bidez ahalbidetzen da Sarbide Kontrolatuko Eremuan zirkulatzea etxebizitzatik hurbilen dagoen inguruan salgaien zamalanak egiteko, eta B.2 eta B.3 kasuetan, baimena duten pertsonak beren helbideetara eramateko.

Sarbide kontrolatuko eremuan egoteko gehieneko denbora 30 minutukoa da.

4.–Jabetzako ibilgailua sartzeko baimena iraunkorra edo aldi baterakoa izanen da, "renting", "leasing" edo antzeko kontratuaren iraupenaren arabera.

Mugitzeko ezintasuna duten bizilagunen kasuan, baimena urtebetekoa izango da, gehienez ere. Baimena iraungi ondoren, egoiliarrak mugitzeko zailtasunekin jarraitzen badu, aldi baterako beste baimen bat eskatu beharko du eta, horretarako, dagokion medikuaren txostena erantsi behar du.

Mendekotasuna duten pertsonen kasuan, baimena iraunkorra izanen da.

70 urtez gorako pertsonen kasuan, baimena iraunkorra izango da.

Nolanahi, baimen horretarako eskubidea galduko da sarbide kontrolatuko eremuan bizitzeari uzten zaionean.

5.–Motozikleta edo ziklomotor bat denean, sarbide kontrolatuko eremu osoan zehar ibili ahalko du, edozein kontrolgunetik pasatu eta egonaldi mugagabea izango du, baldin horretarako egokituriko leku (garaje) batean aparkatzen badu.

C.–Sarbide Kontrolatuko Eremuan dagoen pasabidedun garaje baten titularrak edo erabiltzaileak.

1.–Sarbide Kontrolatuko Eremuan dagoen pasabidedun garaje baten titularrari edo erabiltzaileari zuzendua.

2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera honako agiri hauek erantsi behar dituzte:

–Haren jabetza edo erabiltzeko eskubidea frogatzen duen agiria.

3.–Sarbide kontrolatuko eremuan zehar ibiltzea ahalbidetzen du, garajeraino dagoen ibilbide hurbilekoenetik, eta soilik garaje horretan aparkatzeko xedez.

Ez dio gidariari baimenik ematen bere ibilgailua sarbide kontrolatuko eremuan aparkatzeko.

4.–Garajeko aparkaleku hori hainbat pertsonek erabiltzen badute, baimendutako ibilgailu bakar bat egon ahalko da, aldi berean, eremu kontrolatuan.

D.–Sarbide Kontrolatuko Eremuan kokaturiko saltegien titularrak.

1.–Baimena, Sarbide Kontrolatuko Eremuan kokaturik dagoen baimendutako saltegi baten titularrarentzat.

2.–Baimen hori lortzeko, eskabidea besterik ez dute aurkeztu behar.

3.–Establezimenduaren titulartasuna duenak bi ibilgailu ere sartu ahalko ditu baimen horrekin. Ibilgailu horiek ezingo dute Sarbide Kontrolatuko Eremuan aldi berean ibili, berariazko baimena izan ezean.

4.–Sarbide Kontrolatuko Eremuaren barruan zirkulatzeko aukera emango du, egunero, establezimendutik hurbilen dagoen eremutik, eta zamalan txikiak baino ez ditu egingo, ezinbestekoa den denboran.

Sarbide kontrolatuko eremuan egoteko gehieneko denbora 30 minutukoa da.

5.–Saltegiko titularrak aldian behingo baimenak eskatu ahalko ditu establezimenduko bezero direnen ibilgailuetarako, sarbide kontrolatuko eremuan sartu behar badute, salgaiaren bolumena, pisua edo beste edozein inguruabar dela eta, zamalanak egiteko beharrezkoa denean.

Eskabidearekin batera, ibilgailua identifikatzeko datuak erantsiko ditu.

Oinezkoen eremuan egoteko gehieneko denbora 30 minutukoa da.

Establezimenduaren titularrak zuzenean sartu beharko du sarbide Kontrolatuko Eremuan noizean behin sartu behar den egunari eta ibilgailuari buruzko informazioa, horretarako ezarritako bitarteko telematikoen bidezko sarbide-kontrolerako sisteman edo Udaltzaingoaren bidez.

Tramite hori gertaeraren aurretik egin behar da, eta ez bada posible, ondoren, gehienez ere 72 orduko epea edukiko da sarrera egin dela jakinarazteko.

6.–Zamalanak, ahal den neurrian, jatorriko edo xedeko establezimendutik edo higiezinetik hurbilen dagoen eremuan eginen dira. Zamak ez dira inola ere lurzoruan pilatuko edo utziko.

E.–Zamalanak.

1.–Baimena, zirkulaziorako sarbide kontrolatuko eremuan zamalanak egiten dituzten ibilgailu industrialak eta komertzialak dituen enpresa baten titularrarentzat.

2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera erantsi behar dute:

–Administrazio eskudunak emandako garraiorako administrazio baimenaren kopia, nahitaezkoa denean.

–Garraiorako baimena nahitaezkoa ez denean, interesdunak frogatu beharko du Ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) alta emana duela.

3.–Sarbidearen barruan zirkulatzeko baimena emango du, lanegunetan, 09:00etatik 20:00etara. Larunbat eta jaiegunetan, 09:00etatik 13:00etara.

4.–Sarbide kontrolatuko eremuan egoteko denbora zamalanak egiteko izango da, horretarako ezinbestekoa den denboran, eta denbora hori ez da bestelako zereginetan aritzeko erabiliko.

5.–Zamalanak, ahal den neurrian, jatorriko edo xedeko establezimendutik edo higiezinetik hurbilen dagoen eremuan eginen dira.

6.–Sarbide kontrolatuko eremuan egoteko denbora zamalanak egiteko izango da, horretarako ezinbestekoa den denboran, eta denbora hori ez da bestelako zereginetan aritzeko erabiliko.

7.–Zamalanak, ahal den neurrian, jatorriko edo xedeko establezimendutik edo higiezinetik hurbilen dagoen eremuan eginen dira. Zamak ez dira inola ere lurzoruan pilatuko edo utziko.

F.–Lanak, aldairak eta etxeko konponketak.

1.–Baimena, zirkulaziorako sarbide kontrolatuko eremuan lanak, aldairak eta etxeko konponketak egiten dituzten ibilgailu industrialak eta komertzialak dituen enpresa baten titularrarentzat.

2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera erantsi behar dute:

–Administrazio eskudunak emandako garraiorako administrazio baimenaren fotokopia, nahitaezkoa denean.

–Garraiorako baimena nahitaezkoa ez denean, interesdunak frogatu beharko du Ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) alta emana duela.

–Obra lizentziaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren kopia.

G.–Larrialdietako ibilgailuak.

1.–Osasun zerbitzuak, su-itzaltzekoak, polizia, babes zibila eta anbulantzia zerbitzuetarako ibilgailuendako baimena.

2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera honako informazio hau erantsi behar dute:

–Ahal dela, zerbitzuetatik bertatik emanen dituzte matrikulen zerrendak, eta matrikula sisteman irauliko dira.

–Halakorik ezean, ibiligailuak behar bezala errotulaturik eta atzealdean identifikatuak badaude, egiten diren sarrerak ofizioz baimenduko dira.

3.–Ahalbidetuko du egunaren edozein unetan eta kontrol gune guztietatik sartzea eta sarbide kontrolatuko eremuan egotea, baldin larrialdietako lanak edo esleitutako zaintza lanak egiten ari badira.

H.–Taxiak.

1.–Automobilean bidaiariak eramateko zerbitzu publikoari atxikitako ibilgailu baten titularrendako baimena.

2.–Hona hemen baimena lortzeko prozedura:

–Lizarrako Udalaren lizentzien erregistroan dauden lizentziadun ibilgailuen datuak automatikoki irauliko dira matrikulak irakurtzeko sisteman.

–Interesa duten eta aurreko puntuan sartzen ez diren gainerako pertsonek eskabide bat aurkeztu beharko dute administrazio eskudunak emandako administrazio baimenaren fotokopiarekin batera eta ibilgailuaren matrikula adierazi.

3.–Baimen honek ahalbidetiko du egunaren edozein unetan eta kontrol gune guztietatik sartzea, zerbitzuan badaude eta zerbitzuaren jatorria edo xedea sarbide kontrolatuko eremuan badago.

Sarbide kontrolatuko eremuan ezin izango du egon beharrezkoa baino denbora luzeagoan, eta inolaz ere ez du gaindituko 30 minutuko epea.

I.–Administrazio publikoen ibilgailu ofizialak.

1.–Baimen hori Lizarrako Udalarentzat, Jurramendiko Mankomunitatearentzat, Nafarroako Gobernuarentzat eta ibilgailu ofizialak dauzkaten gainerako administrazio publikoentzat da, sartzeko beharra arrazoituz frogatzen bada.

2.–Administrazioek berek emanen dituzte matrikulen zerrendak, eta matrikula sisteman irauliko dira.

3.–Baimen honen bidez ahalbidetzen da sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzea xede puntutik hurbilen dagoen ibilbidetik mantentze-lanak egiteko, salgaien zamalan txikiak egiteko, eta egun eta orduen mugarik gabe pertsonak beren helbideetara eramateko, ezinbesteko denboran, eta ezin izango da 15 minututik gora aparkaturik egon.

Oinezkoen eremuan egoteko gehieneko denbora 30 minutukoa da.

J.–Lizarrako Udalean zerbitzuak egiteko enpresa emakidadunen ibilgailuak.

1.–Baimen hori Lizarrako Udalaren enpresa emakidadun baten titularrarentzat da, ibilgailuak Udalaren logotipoarekin errotulaturik dituena, sartzeko beharra arrazoituz frogatzen bada.

2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera erantsi behar dute:

–Sarbide kontrolatuko eremuan sartzeko beharraren azalpen arrazoitua.

3.–Ahalbidetzen da sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzea xede puntutik hurbilen dagoen ibilbidetik, baimenean zehazturiko mugarekin eta ezinbesteko denboran. Ibilgailua ezin da egon sarbide kontrolatuko eremuan, egiten diren lanetarako beharrezkoa ez bada.

4.–Baimenaren indarraldia emakidaren epearekin bat etorriko da.

Desgaitasunen bat dutenendako aparkatzeko txartelaren titularrak izan daitezke:

1.–Baimen hori desgaitasunen bat duten pertsonek aparkatzeko txartelen titularrentzat da.

2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera erantsi behar dute:

–Desgaitasunen bat duten pertsonen aparkatzeko txartelaren fotokopia.

3.–Ahalbidetzen da sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzea xede puntutik hurbilen dagoen ibilbidean zehar.

Txartela ikusteko moduko lekuan jarriko da.

Eremuan egoteko gehieneko denbora 30 minutukoa da.

4.–Alta ematen ahalko diete bi ibilgailuri. Aldian behin beste ibilgailu batzuekin sartu behar badute, eskaera egin beharko dute, ibilgailu zehatzaren matrikula adierazita.

Baimenaren titularrak zuzenean sartu beharko du Sarbide Kontrolatuko Eremuan noizean behin sartu behar den ibilgailuari buruzko informazioa (data eta matrikula), horretarako ezarritako bitarteko telematikoen bidezko sarbide-kontrolerako sisteman, egoitza elektronikoaren edo Udaltzaingoaren bidez. Tramite hori gertaeraren aurretik egin behar da, eta ez bada posible, ondoren gehienez ere 72 orduko epea edukiko da sarrera egin dela jakinarazteko. Sarbide kontrolatuko eremuan, aldi berean, soilik egon ahalko da baimendutako ibilgailuetako bat.

5.–Sarbide kontrolatuko eremuan sartzeko baimenen indarraldia txartelaren indarraldiaren epearekin bat etorriko da, 5 urtekoa gehienez ere.

L.–Hotel-establezimenduak.

1.–Baimena, sarbide kontrolatuko eremuan kokaturik dagoen ostatu baten titularrarentzat da, bezeroak sartzeko behar badute.

2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera honako agiri hauek erantsi behar dituzte:

–Aparkaleku bat eskatuz gero, titulartasuna eta plaza kopurua frogatzen dituen agiria.

3.–Ahalbidetzen da sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzea xede puntutik hurbilen dagoen ibilbidetik, ostaturako erreserba epearen denboran.

Sarbide kontrolatuko eremuan sartu eta egon ahalko da ekipajearen zamalanak egiteko establezimenduaren ondoan, ezinbesteko denboran, eta ez da inolaz ere 30 minututik gora egonen.

Ez dio gidariari baimenik ematen bere ibilgailua sarbide kontrolatuko eremuaren beste leku batean aparkatzeko. Aparkaleku plaza bat daukan establezimendua bada, ez du mugarik izango sarrera kopuruari eta egonaldiari dagokienez; azken hau, dagokion garaje plazan aparkatzen badu.

4.–Hotel-establezimenduak zuzenean sartu beharko du Sarbide Kontrolatuko Eremuan noizean behin sartu behar den ibilgailuari buruzko informazioa (data eta matrikula), horretarako ezarritako bitarteko telematikoen bidezko sarbide-kontrolerako sisteman, egoitza elektronikoaren edo Udaltzaingoaren bidez. Tramite hori gertaeraren aurretik egin behar da, eta ez bada posible, ondoren, gehienez ere 72 orduko epea edukiko da sarrera egin dela jakinarazteko.

5.–Establezimenduaren titularrak bi ibilgailu ere sartu ahalko ditu baimen horrekin. Ibilgailu horiek ezin izanen dira aldi berean egon sarbide kontrolatuko eremuan.

Ahalbidetuko du sarbide kontrolatuko eremuan ibiltzea establezimendutik hurbilen dagoen ibilbidean zehar, zamalan txikiak egiteko ezinbesteko denboran.

Sarbide kontrolatuko eremuan egoteko gehieneko denbora 30 minutukoa da.

M.–Larrialdietarako zerbitzu teknikoa.

1.–Larrialdietarako zerbitzu teknikoko enpresarentzat, bere eragiketak zamalanetarako ordutegian ezin baditu egin eta larrialdiak presazko esku-hartzea eskatzen badu.

2.–Baimen hau lortzeko, aldez aurretik baimena eduki behar da (Lanak, aldairak eta etxeko konponketak).

3.–Ahalbidetzen du sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzea xede puntutik hurbilen dagoen ibilbidetik, eta zamalanetarako ordutegitik kanpo eremuan egotea, larrialdi zerbitzua bukatu arte.

4.–Baimenaren titularrak zuzenean sartu beharko du Sarbide Kontrolatuko Eremuan sartu den egunari eta ibilgailuari buruzko informazioa, horretarako ezarritako bitarteko telematikoen bidezko sarbide-kontrolerako sisteman, egoitza elektronikoaren edo Udaltzaingoaren bidez.

Tramite hori gertaeraren aurretik egin behar da, eta ez bada posible, ondoren, gehienez ere 72 orduko epea edukiko da sarrera egin dela jakinarazteko.

Sarbidea eskatuko da larrialdi zerbitzu bakoitzerako, eta egindako zerbitzuaren faktura edo albarana eskatu ahalko da.

N.–Etxez etxeko janari banaketa.

1.–Baimen hori ibilgailuen bidez etxez etxeko janari banaketa egiten duten enpresentzat da.

2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera erantsi behar dute:

–Administrazio eskudunak emandako garraiorako administrazio baimenaren fotokopia, nahitaezkoa denean.

–Garraiorako baimena nahitaezkoa ez denean, interesdunak frogatu beharko du Ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) alta emana duela.

3.–Ahalbidetzen du egunaren edozein unetan kontrol gune guztietatik sartzea edo ateratzea, eta xede puntutik hurbilen dagoen ibilbidetik zirkulatzea, egin beharreko zerbitzua sarbide kontrolatuko eremuan badago.

Sarbide kontrolatuko eremuan ezin izango du egon beharrezkoa baino denbora luzeagoan, eta inolaz ere ez du gaindituko 30 minutuko epea.

O.–Ekitaldiak egiteko behar den baimena.

1.–Ekitaldi erlijioso edo zibiletan eta erakusketa, azoka, ekitaldi ludiko edo kulturaletan parte hartzen dutenentzat da.

2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera erantsi behar dute:

–Sarbidea justifikatzen duen dokumentazioa ulergarria.

3.–Ahalbidetzen da sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzea, xede puntutik hurbilen dagoen ibilbidetik eta ezinbesteko denboran.

4.–Eskabidea tramitatzeko, egoitza elektronikoan edo Udaltzaingoaren bidez, eta hori gutxienez 72 ordu lehenago gertaeraren aurretik egin behar da, eta eskatzaileak baimenaren berrespena jaso arte ez du sartzeko baimenik izango.

P.–Guardiako farmaziak.

1.–Baimena, sarbide kontrolatuko eremuan kokaturik dagoen farmazia baten titularrarentzat, salmenta orduetatik kanpo guardian daudenean, bezeroak beren ibilgailuekin farmaziaraino hurbiltzea errazteko.

2.–Farmaziaren titularrak zuzenean sartu beharko du sarbide kontrolatuko eremuan noizean behin sartu behar den ibilgailuari buruzko informazioa (data eta matrikula), horretarako ezarritako bitarteko telematikoen bidezko sarbide-kontrolerako sisteman, egoitza elektronikoaren edo Udaltzaingoaren bidez.

Tramite hori gertaeraren aurretik egin behar da, eta ez bada posible, ondoren, gehienez ere 72 orduko epea edukiko da sarrera egin dela jakinarazteko.

3.–Ahalbidetzen da sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzea, guardiako farmazia dagoen xede puntutik hurbilen dagoen ibilbidetik eta ezinbesteko denboran, eta ezin izango da 30 minututik gora sarbide kontrolatuko eremuan egon.

Q.–Zirkulatzeko txartel bereziak dituzten ibilgailuak.

Eman zitzaizkien baldintza berberekin arautuko dira.

R.–Etxeko laguntza zerbitzua.

1.–Baimen hau da, soil-soilik, Sarbide Kontrolatuko Eremuan (SKE) egoiliarren etxez etxeko zerbitzua ematen duen enpresak egiaztatutako pertsonendako da, ez beste inorendako.

2.–Baimen hau emateko, eskabidearekin batera, aurkeztu beharko da etxez etxeko zerbitzurako sarbidea justifikatzen duen dokumentazioa.

3.–Baimenak ahalbidetzen du joan beharreko helbidera iristeko gertuen dagoen Sarbide Kontrolatuko Eremuaren barruko barruko ibilbideari jarraituz soilik zirkulatzea, zerbitzua emateko behar den denboran, eta gehienez ere 30 minutuz.

S.–Egoera bereziak:

Udalak ulertzen du gerta daitezkeela aurreko puntuetan jaso gabeko egoerak, beren berezitasunagatik jaso ez direnak baimen zehatz batean. Horregatik, salbuespen moduan, egoera berezietarako baimen bereziak eman ahalko dira sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzeko.

Interesdunak arrazoituko ditu sarbiderako beharra eta inguruabar bereziak, berariaz araututakoak ez bezalakoak, haren ustez eskatutako baimena justifikatzen dutenak.

Eskabidea edozein erregistroren bidez tramitatu eta Udaltzaingoaren Alorreko zuzendaritzara zuzendu behar da. Eskatzaileak baimenaren berrespena jaso arte ez du sartzeko baimenik izango, eta ebazpenik ezean ulertuko da eskaera ezetsi egin dela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan xedatutakoaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Sarbide Kontrolatuko Eremutik zirkulatzea ahalbidetuko du, joan beharreko helbidetik hurbilen dagoen ibilbidetik, eta behar den denboran, eremuan 30 minutu baino gehiago egon gabe.

II. KAPITULUA.–APARKALDI MUGATUKO EREMUA

10. artikulua. Zerrendatik baztertzea.

Ordenantza honetan araututako iraupen mugatuko aparkatzetik salbuesten dira, eta beharrezko baimenak ezertan galarazi gabe, honako ibilgailu hauek:

a) Udal lizentzia Lizarran duten auto-taxi ibilgailuak.

b) Estatuaren, autonomia erkidegoen, edo bestelako erakunde publikoen jabetzako ibilgailu ofizialak, baldin beren eskumeneko zerbitzuak emateko erabiltzen badira, eman bitartean eta behar bezala identifikaturik badaude.

c) Osasun laguntza emateko direnak, Gizarte Segurantzaren jabetzakoak, larrialdi zerbitzuetakoak eta anbulantziak.

d) AME aparkatze mugatuko eremua osatzen duten kaleetako batetik garaje bateko aparkalekura sartu behar duten ibilgailuak, garaje barruan badaude.

e) AME barruan baimendutako denbora baino luzeagoan egon behar duten ibilgailuak (aldairak, obrak, etab.), baimena jaso ondoren.

f) Desgaitasunen bat duten pertsonentzako aparkatzeko txartela duten ibilgailuak, aparkatze mugatuko eremuaren perimetro barnean egoteko beharra dutenak, baita horretarako markatutako aparkalekuetan ere.

g) Motozikletak, ziklomotorrak (hiru eta lau gurpilekoak izan ezik) eta bizikletak, nahiz eta, betiere, aparkatu beharko diren horretarako prestatutako tokietan, eta sekula ere ez ibilgailuentzat erreserbatutako eremuetan.

IV. TITULUA.–KONTROLA, ZAINTZA ETA ESKAERAK

I. KAPITULUA.–SARRERA KONTROLATUKO EREMUA

11. artikulua. Baimenen jarraipena eta kontrola.

1. Baimen iraunkorrak emateko alderdi tekniko eta administratiboak Lizarrako Udaltzaingoaren Alorrari dagozkio.

2. Era berean, Udaltzaingoak emango ditu behin-behineko baimenak eta zainduko ditu diziplina eta matrikulak irakurtzeko gailuen erabilera.

3. Aldizkako kontrolak eginen dira, egiaztatzeko ea alde zaharreko Sarbide kontrolatuko eremuan (SKE) sartzeko baldintzak betetzen diren. Horretarako, eskatzaileei edo baimena ematea proposatzen duten erakundeei eskatzen ahalko zaie baldintzak betetzen dituztela justifikatzen duten agiriak.

12. artikulua. Baimen eskaerak eta berritzeak.

1. Interesa duten pertsona fisiko edo juridiko guztiek, edozein baimen eskatu baino lehen, alta eman behar dute, beren burua identifikatu eta autentikatu behar dute Lizarrako Udalak komunikazio pertsonal eta pribaturako hiritarren eskura jartzen duen bitarteko birtualean.

Eragiketa hori egiteko, Lizarrako Udalak onartutako sinadura elektronikoko sistema bat eduki behar dute pertsona juridikoek.

Sinadura elektronikorik ez duten eta interesa duten pertsona fisikoen eskura prozedura bat jarriko da, eta horretan behar bezala identifikatzen ahalko dira.

2. Xedapen honetan kasu bakoitzean ezarritako dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko dira sisteman alta emateko eta baimen iraunkorretarako edo noizbehinkako baimenerako eskaerak, horretarako ezarritako bitarteko telematikoen bidez.

Baimenak online kudeatu ezin direnean, interesdunak kudeatu ahalko du Herritarrendako Laguntza Zerbitzuarekin telefono bidez (948 548226 zenbakian) edo bestela, Udaltzaingoaren Alorreko Bulegora bertaratuz (Antso Azkarra kaleko 2ra), astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:00etara.

3. Premiazko, behin-behineko edo noizbehinkako eskabideak, arrazoi justifikatua izanik, ezin badira 2. puntuan ezarritako bideetatik egin, salbuespen moduan, egin ahalko dira Lizarrako Udaltzaingoaren bidez.

13. artikulua. Baimena galtzea.

1. Une jakin batean baimena emateko oinarritzat hartutako datuak edo baldintzak aldatuz gero, titularra behartua dago hori jakinaraztera, egiaztatu ondoren, baimena luzatu edo eteteko. Hala ere, ahal dela, egiaztapen hori ofizioz eginen da aldian behin, eta indargabetu eginen dira eskatutako baldintzak jada betetzen ez dituzten baimenak. Egiaztapena ofizioz egiteak ez du salbuesten baimenaren titularrak aipatu aldaketak jakinarazteko duen betebeharraz.

2. Eremu horietako funtzionamenduaren arauak behin eta berriz ez-betetzeak espedienterako bidea emango du eta, ondorioz, baimena ezeztatu ahalko da, aldi baterako edo behin betiko.

14. artikulua. Baimen eskabideak eta horiek ematea.

Aparkatze mugatuko eremuan garaje plaza bat duten erabiltzaileek zerrenda zuri batean sartzeko eskatu behar dute, eta ibilgailuaren matrikularekin batera, ibilgailua gordetzeko lokala non dagoen adierazi.

Baimen horren bidez ibilgailua aparkatu ahalko da denbora mugarik gabe, garajearen barruan beti, eta araubide orokorrari lotuko zaio handik kanpo aparkatzen duenean.

Baimenak zenbait matrikula bil ditzake, baina une oro aparkalekua hartzen duen ibilgailuari baino ez zaio aplikatuko. Gainerakoak ordenantzaren muga orokorren azpian geldituko dira.

Horretarako, baimenean jasotako ibilgailu batek baino gehiagok denbora mugatu horretan, aldi berean, araua hausten badu, ulertuko da baimena duela aparkatze mugatuko eremuan aurrena sartu den ibilgailuak. Gainerakoei ordenantza honen araberako zehapena jarriko zaie.

Baimendutako ibilgailuaren titularraren betebeharra da gertatzen diren aldaketen eta baimena emateko betetzen ziren baldintzen aldaketen berri ematea.

Eskaera egin daiteke egoitza elektronikoaren edo Udaltzaingoaren bidez.

9. artikuluko f) apartatuan ezarritako noizbehinkako baimenetarako, eskabidea egin behar da egoitza elektronikoaren edo Udaltzaingoaren bidez, eta azaldu gorabehera mota (aldairak, obrak, etab.), kalea eta ekintza egiteko data.

Tramite hori gertaeraren aurretik egin behar da eta, ez bada posible, ondoren gehienez ere 72 orduko epea edukiko da sarrera egin dela jakinarazteko.

Artikulu honetan araututako baimen araubidea ez bada behin eta berriz betetzen, espediente bat irekiko da aurreko artikuluko 2. puntuan adierazitako moduan.

V. TITULUA.–ZEHAPEN-ARAUBIDEA

15. artikulua. Arau-hausteak.

1. Araututako eremuetan sartzeko eta haietan aparkatzeko arauak ez betetzetik datozen arau-hausteak, arau-hauste arintzat hartuko dira eta 80 euroko isunarekin zehatuko dira baimenik gabe sartzeagatik, eta 60,00 euroko isunarekin aparkatzeko arauak ez betetzeagatik. Ehuneko berrogeita hamarreko hobaria eginen da ordainketa egiten bada jakinarazten denetik hogei eguneko epean; murriztapen hori eginen da baldin uko egiten bazaio zehapenaren aurka inolako ekintza edo errekurtso administratibo aurkezteari, edo halakoetan atzera egiten bada.

2. Arau-hauste larritzat hartuko da araututako eremuetan sartzeko eta haietan aparkatzeko arauak behin eta berriz ez betetzea. Arau-hauste astunak 200,00 euroko isunarekin zehatuko dira, eta ehuneko berrogeita hamarreko hobaria eginen da, baldin eta ordainketa egiten bada jakinarazten denetik hogei eguneko epean; murriztapen hori eginen da zehapenaren aurka inolako ekintza edo errekurtso administratibo aurkezteari uko egiten bazaio edo halakoetan atzera egiten bada.

3. Gainerako arau-hausteak kalifikatuko dira jarraikiz Trafikoari buruzko Legearen eta Zirkulazioko Erregelamendu Orokorrari edo Eremu publikoaren txukuntasunaren gaineko udal ordenantzari, eta tramitatuko dira jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legean araututako prozedurari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

4. Azaldutakoa ezartzen da ezertan galarazi gabe jabari publikoko ondasunetan egin daitezkeen kalte-galerak ordaintzeko dagoen betebeharra, ordenantza hau betetzeari lotuta egon edo ez.

16. artikulua. Organo eskudunak.

Prozedura irekitzeko eta hura ebazteko erabakia hartzeko organo eskuduna Lizarra Udaleko Alkatetza da, eta Lizarrako Udaltzaingoko buruari dagokio prozedura instruitzea.

17. artikulua. Subjektu erantzuleak.

Ordenantza honi dagokionez, egiten diren arau-hausteen erantzule dira sarbideen kontrolerako ezarritako irudiak atzemateko sistemek identifikatzen dituzten ibilgailuen titularrak.

Beharrezkoa bada, titularren erantzukizuna da identifikatzea une horretan ibilgailua gidatzen zuen pertsona, hura izango baita salatutako arau-haustearen erantzulea.

Ordenantza honen xedapenen arau-hausteengatik Lizarrako Udaltzainek berek ezartzen dituzten salaketen erantzule izango dira une horretan ibilgailua gidatzen duten pertsonak.

18. artikulua. Sartzeko eta aparkatzeko baimenak baliogabetzea.

Arau-haustea behin eta berriz egiten bada, emandako baimenak baliogabetu ahalko dira, Udaltzaingoaren Alorreko aurretiko txosten proposamena edukita.

Ondorio guztietarako, behin eta berriz egiten dela ulertuko da interesdunak urte natural batean zehapena jaso badu ordenantza honen xedapenen aurka egindako bi arau-hauste baino gehiagorengatik.

Baliogabetzea arrazoitu egin behar da, eta betiere, entzunaldia emango zaio interesdunari, hamabost egun balioduneko epean, bere eskubideak defendatzeko alegazioak aurkez ditzan.

19. artikulua. Zehapen-prozedura.

Jasotako zehapenak ezarriko dira hertsiki lotuz urriaren 1eko 39/2015 Legean jasotako printzipio eta zehapen prozedurei (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), bai eta urriaren 1eko 40/2015 Lege indardunetan jasotako printzipio eta zehapen prozedurei ere (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea ), kontuan hartuta ezar daitezkeen berezitasunak, hots, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruz kasu bakoitzean aplikagarriak diren xedapenetatik ezar daitezkeen berezitasunak .

Alkateak zehapen prozeduraren izapidetze erraztua adostu ahalko du ulertzen duenean badaudela aski irizpide zehapena arin gisa kalifikatzeko, eta interesdunak ezin izango dio berariaz horri kontra egin. Hori dena, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 96.5 artikuluarekin (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

XEDAPEN IRAGANKORRA

Behin ordenantza honek indarra harturik, eta harik eta gaitzen diren arte sarbide sistemaren konektagarritasuna ahalbidetzen duten bitarteko tekniko guztiak , baimenak zuzenean tramitatuko dira Lizarrako Udaltzaingoaren bulegoetan edo Udal Erregistroaren bulegoetan.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Foru dekretu honek indarra hartzen duenean, indarrik gabe geldituko dira haren edukiaren kontra dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabete iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki-erakundeei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari dagokionez.

Sarrera/Irteera:

  • Santiago plaza - Entrañas aldapa.
  • Foruen plaza - Sorkunde Garbiaren pasealekua.
  • Rua kalea - Curtidores.
  • San Martin plaza - Anai Diego kalea.

–Sarrera soilik:

  • Ruiz de Alda kalea - Espoz y Mina.
  • Nabarreria kalea - Lizarra pilotalekua.

–Irteera soilik:

  • San Nikolas kalea.
  • Antso Ramirez kalea.
  • La Imprenta kalea.

Iragarkiaren kodea: L2601248