44. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

DEIALDIA, 2026ko BIO-Europe azokan parte hartzeko, sektore bioteknologiko eta biofarmazeutikoaren enpresendako.

Ekitaldi hori Kolonian izanen da, azaroaren 9tik 11ra.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Nazioarteko Plana sustatzen du, Foru Komunitateak nazioartean duen posizionamendua hobetzeko asmoz.

Nafarroako Nazioarteko Planaren arabera, osasunaren sektorea Nafarroako nazioartekotze-estrategian landu beharreko arlo estrategikoetako bat da.

Bio Europe Fall azoka, industria bioteknologikoaren arloan, Europan urteko bigarren seihilekoan egiten den nazioarteko ekitaldi garrantzitsuena da.

Enpresa bioteknologiko garrantzitsuenak erakartzen ditu, baita farmazeutikoak eta inbertitzaileak ere, eta milaka bitariko topaketa egiten dira bertan. Azokarekin batera eginen diren hitzaldiak, talde bilerak eta enpresa aurkezpenak direla eta, funtsezko ekitaldia da sektore horrendako.

Azken edizioan, 2025ean, 220 erakusketarik eta babeslek baino gehiagok parte hartu zuten. 60 herrialdetako 3.200 enpresa baino gehiagoko 5.800 ordezkari inguru bertaratu ziren. 32.000 topaketatik gora egin ziren.

Nafarroako Gobernuaren iritziz, azoka honek aukera bikainak eskain ditzake sektore honetan aritzen diren Nafarroako enpresendako.

Ekintzaren xedeak.

–Azokan "Nafarroa" marka ezagutaraztea eta Nafarroako ekosistema bioteknologiko eta biofarmazeutikoaren irudi taldekatu, profesional eta erakargarria eskaintzea.

–Nafarroako enpresei merkatuaren prospekzioa egiten laguntzea, jakin dezaten zer egoeratan dagoen sektore bioteknologikoa eta biofarmazeutikoa nazioartean.

–Osasunaren sektoreko eta, zehazki, sektore bioteknologiko eta biofarmazeutikoaren Nafarroako enpresei laguntza instituzionala ematea, nazioarteko garapenean.

–Finantzaketa- edo negozio-aukerak identifikatzea eta bide ematea Nafarroako enpresei harremanetan jar daitezen etorkizunean bazkide edo inbertitzaile izan daitezkeenekin ere.

Sektoreak.

–Sektore bioteknologikoa, biofarmazeutikoa eta farmazeutikoa.

Ekintzaren edukia.

–Nafarroaren erakustoki instituzionala eskura jartzea, parte hartzen duten enpresek bilerak egiteko topalekua izan dadin, bai eta atari bat ere, Nafarroako ekosistema bioteknologikoaren eta biofarmazeutikoaren sustapenerako eta azalpenerako. Erakustoki hori Hall 7 pabiloian egonen da.

–Azokan parte hartzeko erregistroa (erregistro 1 entitate bakoitzeko*).

* Pre-Revenue Biotech kategorian sartzen diren enpresek bina erregistro izan ditzakete.

Azokak entitate bat Pre-Revenue Biotech kategorian sartzeko irizpideak honako hauek dira:

–Finantzaketaren edozein fasetan egotea, IPO delakoa barne.

–Dirusarrerarik ez izatea.

–Terapiak edo diagnostikoak garatzen egotea eta eta horien jabetza intelektuala izatea edo medikamentuak diseinatu edo aurkitzeko erabiltzen den plataforma teknologiko baten jabetza intelektuala izatea.

–Edo ikertzailea izatea unibertsitate, ospitale, ikerketa institutu edo gobernu entitate batean.

–Azokara joan aurretik, entitate parte-hartzaileei esportazio-diagnostiko bat egiteko aukera ematea, jakiteko parte hartzen duen enpresa bakoitza zer mailatan dagoen prestaturik nazioartekotzeko.

–Entitate parte-hartzaileen sustapena eta zabalkundea, Nafarroak azokan jarriko duen erakustokian.

Nafarroako Gobernuak ez ditu ordainduko bidaietako, hoteletako, otorduetako, barneko joan-etorrietako edo enpresa bakoitzaren bestelako gastuak, horiek parte-hartzaileen kontura izanen baitira.

Entitate parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

Honako baldintza hauek azokan parte hartzeko eskaera aurkezten denean bete beharko dira.

–Sektore bioteknologiko eta biofarmazeutikoko entitatea izatea (enpresa, zentro teknologikoa, ikerketa zentroa, klusterra, etab.). Lehentasuna izanen dute enpresa txiki eta ertainek, eta, tokirik geratzen bada, halakoak ez direnak sartzen ahalko dira.

–Egoitza soziala Nafarroan izatea edo Nafarroan egitea garapen eta/edo ekoizpen lanak.

–Web-orria ingelesez izatea.

–Harremanetarako pertsona bat izatea, ingelesez dakiena, azoka egin aurretik, bitartean eta bukatu ondoren arreta emanen duena (curriculuma erantsi).

Eskaera aurkezteko epea.

Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira, nahitaez, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 9:00etatik aurrera, eta 2026ko martxoaren 27ko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bidez.

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Ekintzan parte har dezaketen enpresen gehieneko kopurua.

Ekintza honetan 10 enpresak parte har dezakete gehienez, eta gutxienez 6 enpresa beharko dira. Eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera hautatuko dira parte-hartzaileak, ezarritako gehieneko kopurura iritsi arte.

BIO-Europe azokan banaka parte hartzen duten enpresa erakusketariek Navarra Health erakustokian ere parte hartzen ahalko dute, baldin eta lekurik geratzen bada.

Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko du inskripzio fitxan adierazten den helbide elektronikora, eta parte-hartzaileei dei eginen zaie azokan izanen duten baterako jarduna prestatzeko bilera batera.

Eskaera onartzen badu, entitate parte-hartzailea behartuta egonen da ekintza egitera, idatziz justifikatu beharreko ezinbesteko kasuetan izan ezik. Ezinbesteko arrazoirik ez badago, eta enpresak erabakitzen badu ez parte hartzea, azoka hasi baino gutxienez bi hilabete lehenago aurkeztu beharko du uko-egitea. Bestela, hurrengo paragrafoan ezarritako penalizazioa aplikatuko zaio.

Aurreko paragrafoan adierazitako kasuetan izan ezik, enpresa bat eskatutako eta onartutako misio batera joaten ez bada, eta hurrengo bi urteetan misioetako batean parte hartzea eskatzen badu, misio horietarako itxarote-zerrendako azken postuan egonen da.

Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak.

–Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskaeran zehazten direnak.

–Azokara joatea eta bezeroei eta eskakizun komertzialei erantzuteko prest egotea azokako egun guztietan.

–Ekintza egiten denetik hasita hamabost eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultari erantzutea misioa izan eta sei hilabetera, jakiteko aurrerapenik izan ote den egindako harremanetan eta jasotako informazioetan.

Iruñean, 2026ko urtarrilaren 20an.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2600737