44. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

22/2026 EBAZPENA, otsailaren 13koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dei egiten baita 2026. urtean probak egin daitezen Lanbide Heziketako erdi eta goi mailetako heziketa zikloetan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloetan eta Kirol Irakaskuntzetako zikloetan sartzeko, eta proba horien egutegia ezartzen baita Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako.

Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren 46. artikuluan, erdi eta goi mailako zikloetan sartzeari dagokionez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 41. artikuluan eskatutako baldintzak aipatzen dira, eta Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko kondizioetako bat sarrera-proba bat gainditu izana da. Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 52. artikuluan ezartzen denaren arabera, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzetako erdi eta goi mailetako heziketa zikloetan sartzen ahal dira, baldintza akademikoak bete ez arren, sarrera-proba bat gainditzen dutenak; eta, azkenik, lege organiko haren 64. artikuluaren arabera, kirol irakaskuntzetako erdi eta goi mailetan sartzen ahal dira, eskatzen diren titulu edo ziurtagiriak izan ez arren, sarrera-proba bat gainditzen dutenak. Horrez gainera, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak 46.2 artikuluan xedatzen duenez, hezkuntza administrazioek sarbide-baldintzak betetzen ez dituzten pertsonentzako sarrera-probetarako deialdiak egin beharko dituzte urtero.

Martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoa garatuz, Lanbide Heziketaren sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetarako sarbidea arautzen du, eta baldintza gisa ezartzen du sarrera-proba bat gainditu behar dela, erdi mailakoa edo goi mailakoa, hurrenez hurren. Sarrera-proba horiek helduentzako oinarrizko konpetentziak egiaztatzeko prozeduraren erregelamendu-garapenaren arabera antolatu beharko dira. Erregulazio hori otsailaren 11ko 86/2025 Errege Dekretuaren bidez egin da (errege dekretu horrek ebaluatu eta egiaztatzen ditu lan esperientziaren bidez, prestakuntza-bide ez-formalen bidez eta ikaskuntza informalen bidez eskuratutako oinarrizko konpetentziak); izan ere, haren bidez arautzen da nola erabili erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetako D graduetan sartzeko probetan.

Ebazpen honen bidez, 2026an Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako heziketa zikloetan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko erdi eta goi mailako heziketa zikloetan eta kirol irakaskuntzen zikloetan sartzeko probetarako deialdia egiten da, eta proba horien egutegia ezartzen da.

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, prozesuaren zatiren batean parte hartzen duten pertsona guztiek inprimakien bidez ematen dituzten datuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Hezkuntza Departamentuko fitxategietan sartuko dira, estatistika aldetik lantzeko eta prozedura horren ondorioz sor daitezkeen egiaztagiriak kudeatzeko. Datuetan sartzeko, zuzentzeko, aurka egiteko eta ezerezteko eskubideak erabili ahal izanen dira Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura joz. Zerbitzu hori San Domingo kaleko 8. zenbakian dago, Iruñean. Berariaz horrela adierazten duten pertsonak beren datuen tratamenduaren aurka ager daitezke, arrazoi sendorik eta bidezkorik badago.

Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du ebazpen bat eman dadin, batetik, Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako zikloetan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko zikloetan eta araubide bereziko kirol irakaskuntzetako zikloetan sartzeko proben 2026ko deialdia onesteko, eta bestetik, proba horien egutegia ezartzeko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dei egitea 2026. urtean probak egin daitezen Lanbide Heziketako irakaskuntzetako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzetako eta araubide bereziko kirol irakaskuntzetako erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko, eta proba horien egutegia ezartzea, ebazpen honen eranskin gisa ageri diren oinarrien arabera.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik hasita.

4. Ebazpen hau eta eranskinak honako hauei helaraztea, behar diren ondorioak izan ditzaten: Hezkuntzako Ikuskapenaren Zerbitzua; Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzua; Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzua; Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzua; Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzua; Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua; Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzua; Lana Aktibatzeko eta Lurraldea Koordinatzeko Zerbitzua; Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren hiru zerbitzuak: Arte Ikasketen Atala; Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atala; Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Atala; Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Orientazio Atala; Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Lurralde Antolaketarako eta Agentzien Koordinaziorako Atala; Iruñeko Bigarren Zabalguneko Enplegu Agentzia; Tuterako Enplegu Agentzia; Agoizko Enplegu Agentzia; Lodosako Enplegu Agentzia; Tafallako Enplegu Agentzia; Altsasuko Enplegu Agentzia; Lizarrako Enplegu Agentzia eta Doneztebeko Enplegu Agentzia.

Iruñean, 2026ko otsailaren 13an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

1. ERANSKINA.–ZIKLOETARAKO SARRERA-PROBEN DEIALDIA. 2026. URTEA

Deialdia.

1. Deialdi hau honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsona guztiei zuzenduta dago:

a) Erdi mailako zikloetan sartzeko proban inskribatzeko, beharrezkoa da gutxienez hamazazpi urte izatea edo proba egiten den urtean adin hori betetzea.

b) Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako zikloetarako sarrera-proban inskribatzeko, beharrezkoa da gutxienez hemeretzi urte izatea edo proba egiten den urtean adin hori betetzea.

c) Kirol irakaskuntzetako goi mailako zikloetan sartzeko proban inskribatzeko, beharrezkoa da gutxienez hemeretzi urte izatea edo proba egiten den urtean adin hori betetzea, eta, horrez gainera, kirol teknikari titulu bat izatea, kasuan kasuko kirol modalitate edo espezialitatekoa.

2. Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko proba hauetarako deia egiten da, 2026. urterako, Nafarroako Foru Komunitatean:

–Erdi mailako zikloetan sartzeko proba.

–Lanbide Heziketako goi mailako zikloetan sartzeko proba.

–Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako zikloetan sartzeko proba.

–Kirol Irakaskuntzetako goi mailako zikloetan sartzeko proba.

Izena ematea.

3. 2026ko martxoaren 3tik 10era bitarteko epea izanen da erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko probetan izena emateko.

4. Sartzeko probetarako inskripzioa bidali beharko da Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko erdi mailako eta goi mailako zikloak ematen dituzten Nafarroako edozein ikastetxe publiko edo itundutara, edo bertan entregatu beharko da. Ikastetxe horien zerrenda zehatza ikusgai dago Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoaren "Lanbide Heziketako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko eta Kirol Irakaskuntzetako zikloetarako sarrera-probak" fitxan; esteka honetan dago:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Pruebas-de-acceso-a-ciclos-de-FP-de-Artes-Plasticas-y-Diseno-y-de-Ensenanzas-Deportivas

5. Sarrera-probetarako inskripzioa honela egiten ahalko da:

a) Erregistro telematikoa, "Educa" atariaren bidez.

b) Aurrez aurre, ikastetxeko idazkaritzan.

Bi kasuetan, inskripzioa aurreko ataletan aipatutako edozein ikastetxetara zuzenduko da.

Ikastetxeek behar den laguntza eta sostengua emanen diete 2025-2026 ikasturtean bertan matrikulaturik dauden ikasleei erregistro telematikoaren bidez egin dezaten sarrera-proben 2026ko deialdiko inskripzioa.

6. Izangai bakoitzak inskripzio-orri bakar bat bete beharko du, Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan dagoen "Lanbide Heziketako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko eta Kirol Irakaskuntzetako zikloetan sartzeko probak" fitxako ereduen araberakoa.

7. Inskripzioak jasotzen dituzten ikastetxeek eskatzaileari inskripzio-orriaren fotokopia bat emanen diote, noiz sartu den adierazita eta zigilua jarrita. Eskabidea Educa atariaren erregistro telematikoaren bidez aurkezten dutenek inskripzioaren egiaztagiri bat deskargatzen ahalko dute.

Proba egiteko egokitzapenak.

8. Honako hauek egokitzapenak eska ditzakete sartzeko proba egiteko:

–Desgaitasunen bat frogatzen duten pertsonak. Inskripzio-orrian proba egiteko eskatzen den egokitzapena adierazi beharko da.

–Hezkuntza laguntzako berariazko premiak egiaztatzen dituzten pertsonak. Egokitzapenak indarra duten arauetan xedaturikoari jarraikiz eginen dira.

9. Desgaitasuna egiaztatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu beharko da: Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (IMSERSO) edo autonomia erkidegoko organo eskudunak emandako ebazpena edo ziurtagiria; Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, edo Lanaren, Migrazioen eta Gizarte Segurantzaren Ministerioarena, edo Defentsa Ministerioarena; Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuko Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emandako txartela, desgaitasun maila aitortzen duena, identifikatzeko baliozko dokumentu batekin batera.

10. Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituen ikaslea dela frogatzeko, "Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituen ikaslearen kondizioa egiaztatzeko ziurtagiria" delakoan adierazitako informazioa biltzen duen dokumentua aurkeztu beharko da; derrigorrezko ikasketak edo derrigorrezkoaren ondoko ikasketak zein ikastetxetan egin dituen, horietako azkeneko orientatzaileak sinatuta behar du dokumentu horrek, ebazpen honen 2. eranskineko ereduari jarraikiz.

Salbuespenak probako esparru edo zati batzuk egin behar ez izateko.

11. Probaren esparruetarako salbuespenak eskatzen ahalko dira, 2026ko sarrera-probetarako deialdian horretarako aplikatzekoa den ebazpenean ezarritako egoeretan.

Dokumentazioa.

12. Erdi mailako eta goi mailako zikloetan sartzeko probetan inskribatzeko orriarekin batera, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Nahitaezko agiriak:

–NAN, AIZ edo pasaportearen fotokopia.

–Sarrera-probetan inskribatzeko tasaren kontzeptu gisa ezarritako diru kopurua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren diru-bilketa kontuan sartu izanaren gordekina.

–Sarrera-probetan izena emateko tasaren ordainketaren 100eko 50eko hobaria edo hartarako salbuespena izanez gero, kondizio hori egiaztatzeko dokumentazioaren fotokopia.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legearen 36.5 artikuluan ezarrita daude salbuespenak eta 100eko 50eko hobariak.

b) Dokumentazioa proba egiteko egokitzapenak eskatzen badira:

–Desgaitasunaren egiaztagiriaren fotokopia.

–Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituen ikaslea dela egiaztatzen duen agiria, zer egokitzapen mota behar duen adierazita.

c) Dokumentazioa, salbuespena eskatzen bada erdi mailako sarrera-probaren esparruetarako edo goi mailako sarrera-probaren esparruetarako: Salbuespena eskatuz gero, egiaztagiriekin batera aurkeztu beharko da, salbuespen horiek ezartzen dituen ebazpenean ezarritakoaren arabera eta 2026ko probetarako deialdian aplikatzekoa denari jarraikiz.

13. Kirol Irakaskuntzetako goi mailako zikloetan sartzeko proban inskribatzeko orriarekin batera, izangaiek, aurreko oinarrian adierazitako dokumentazioaz gainera, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Kirol teknikari tituluaren fotokopia, dagokion kirol modalitate edo espezialitatekoa.

–Kirol Irakaskuntzetako erdi mailako zikloko ikasketa ziurtagiriaren fotokopia, zikloko batez besteko azken nota jasotzen duena.

Izena emateko tasak.

14. Jarraian adierazitakoak dira proban inskribatzeko tasak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legearen 36. artikuluari jarraikiz, kontuan harturik hartan ezarritako onura fiskalak:

–Sarrera-probetarako inskripzioa: 18 euro.

–Kategoria orokorreko familia ugarietako kideak, guraso bakarreko familiak edo gurasobakartasun egoeran daudenak (kategoria orokorrekoak) eta %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak: 9 euro.

–Kategoria bereziko familia ugariko kideak; guraso bakarreko familiak edo gurasobakartasun egoeran daudenak (kategoria berezikoak); ekintza terroristen biktimak (baita haien ezkontideak eta seme-alabak ere); genero indarkeriako ekintzen biktimak (baita haien seme-alabak ere); %65eko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak; langabeak, frogatzen baldin badute langabezian egon direla gutxienez sarrera-probetan inskribatu aurreko hilabetean (erakunde eskudunak emandako kartillaren bidez): tarifa ordaintzetik salbuetsiak.

15. Probetan inskribatzeko tasa ordaintzeko, dagokion ordainketa-gutuna bete beharko da Interneten bidez. Ordainketa-gutun hori eskuragai dago Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoaren "Lanbide Heziketako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko eta Kirol Irakaskuntzetako zikloetan sartzeko probak" fitxan.

16. Tasaren kuota izena emateko ezarritako epean ez ordaintzea edo osorik ez ordaintzea baztertzeko arrazoia izanen da; orobat, bazterturik geldituko da tasa ordaintzetik salbuetsita egoteko edo tasaren hobaria izateko behar diren agirietako bat aurkezten ez bada edo agiri horietan faltsukeriaren bat atzematen bada.

Tasak itzultzea.

17. Tasa ez da itzuliko izangaiak baztertuak gelditzen badira beraiei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik.

Sarrera-probetan inskribatzen diren pertsonen behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

18. Ebazpen honen 3. eranskinean ezarrita daude inskripzio prozesuaren egutegia, onartutako pertsonen behin-behineko zerrendak, erreklamazioetarako epeak eta onartutako pertsonen behin betiko zerrenda argitaratzeko egutegia.

19. Erreklamazioak sarrera-probetan inskripzioa egin zen zentroan aurkeztuko dira. Erreklamazioa egiteko, Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan dagoen "Lanbide Heziketako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko eta Kirol Irakaskuntzetako zikloetan sartzeko probak" fitxan dagoen eredua erabiliko da.

20. Inskripzio zentroaren eskumenekoak diren erreklamazioak ikastetxean ebatziko dira. Erreklamazioak ebazteko eskumena sarrera-probak koordinatzeko epaimahaiari badagokio, ikastetxeak probak koordinatzeko epaimahaiari helaraziko dizkio, telematikoki. Zentroaren edota probak koordinatzeko epaimahaiaren eskumenekoak diren erreklamazioak zehazteko, epaimahai koordinatzaile horrek zentroei eman eta zuzentzen dizkien jarraibideak hartuko dira kontuan.

Erdi mailako zikloetan sartzeko proba. Egitura eta edukia.

21. Uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 110. artikuluan ezarritakoarekin bat, erdi mailako zikloetarako sarrera-probaren helburua da erdi mailako zikloei dagokien prestakuntza probetxuz egiteko konpetentzia, ezagutza eta trebetasun nahikoak egiaztatzea.

22. Aipatutako 110. artikuluan ezartzen den bezala, erdi mailako heziketa zikloetarako sarrera-proba antolatzen da helduentzako oinarrizko konpetentziak egiaztatzeko prozeduraren erregelamendu-garapenari jarraikiz. Prozedura hori araututa dago otsailaren 11ko 86/2025 Errege Dekretuaren bidez, zeinak ebaluatu eta egiaztatzen baititu lan esperientziaren bidez, prestakuntza-bide ez-formalen bidez eta ikaskuntza informalen bidez eskuratutako oinarrizko konpetentziak. Horrenbestez:

–Erdi mailako zikloetarako sarrera-probetan, oinarrizko konpetentzien 3. maila erabiltzen da, oinarrizko konpetentziak ebaluatzeko eta akreditatzeko ezarritako erreferentzia-esparrukoa, zeina ezarri baitzen otsailaren 11ko 86/2025 Errege Dekretuan.

–Goi mailako zikloetarako sarrera-probetan, oinarrizko konpetentzien 4. maila erabiltzen da, oinarrizko konpetentziak ebaluatzeko eta akreditatzeko ezarritako erreferentzia-esparrukoa, zeina ezarri baitzen otsailaren 11ko 86/2025 Errege Dekretuan.

23. Erdi mailako zikloetan sartzeko proba bakarra da, eta esparru hauetan egituratzen da:

ESPARRUA

OINARRIZKO KONPETENTZIA

ARIKETAK

Komunikaziokoa

Komunikaziokoa

Gaztelania edo Euskara irakasgaiko ariketa bat

Matematikoa

Matematikoa

Matematika / A Matematika irakasgaiko ariketa bat

Sozial-digitala

Digitala

Geografia eta Historia + Digitalizazioa ariketa bat

24. Erreferentziazko curriculuma, otsailaren 11ko 86/2025 Errege Dekretuaren 23. artikuluan ezartzen den bezala, prozeduraren erreferentziako esparrua da, esparru horretako oinarrizko konpetentzien 3. mailan, aipatutako errege dekretuaren I. eranskinean egiten den zehaztapenari jarraituz.

Nafarroan gardentasun izapidean dago (Araudian parte hartzea) orain lan esperientziaren bidez eta prestakuntza-bide ez-formalen bidez eta ikaskuntza-bide informalen bidez helduek eskuratutako oinarrizko konpetentziak ebaluatzeko eta akreditatzeko prozedura, bai eta Lanbide Heziketaren Sistemaren esparruan dituen ondorioak ere. Erregelamenduz garatzen ez den bitartean, orientazio gisa, erdi mailako sarrera-probako hiru esparruetako ariketen curriculum-erreferentzia izanen da Nafarroako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasgai hauetan ezarritakoa (71/2022 Foru Dekretua, ekainaren 29koa, Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duena):

–Komunikazio esparrua: DBHko 3. eta 4. mailetako "Gaztelania eta Literatura" eta "Euskal Hizkuntza eta Literatura" irakasgaiak.

–Esparru matematikoa: DBHko 3. mailako "Matematika" irakasgaia eta DBHko 4. mailako "A Matematika" irakasgaia.

–Esparru sozial-digitala: DBHko 3. eta 4. mailetako "Geografia eta Historia" irakasgaia, DBHko "Teknologia eta Digitalizazioa" irakasgaia (1. mailatik 3.era) eta DBHko 4. mailako "Digitalizazioa" irakasgaia.

Irakasgai horietako oinarrizko jakintzak aurretik aipatutako izapideen fitxan zehaztuko dira.

25. Proba gaztelaniaz edo euskaraz egiten ahalko da; aukera hori inskribatzeko unean adierazi beharko da. Gaztelaniako ariketa eta Euskarako ariketa gaztelaniaz eta euskaraz erantzun beharko dira, hurrenez hurren, proba egiteko zer hizkuntza aukeratu den gorabehera.

Goi mailako zikloetan sartzeko proba. Egitura eta edukia.

26. Uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 114. artikuluan ezarritakoarekin bat, Lanbide Heziketako goi mailako zikloetarako sarrera-probaren helburua da goi mailako zikloei dagokien prestakuntza probetxuz egiteko konpetentzia, ezagutza eta trebetasun nahikoak egiaztatzea.

27. Aipatutako 114. artikuluan ezartzen den bezala, goi mailako heziketa zikloetarako sarrera-proba antolatzen da helduentzako oinarrizko konpetentziak egiaztatzeko prozeduraren erregelamendu-garapenari jarraikiz. Prozedura hori araututa dago otsailaren 11ko 86/2025 Errege Dekretuaren bidez, zeinak ebaluatu eta egiaztatzen baititu lan esperientziaren bidez, prestakuntza-bide ez-formalen bidez eta ikaskuntza informalen bidez eskuratutako oinarrizko konpetentziak.

28. Lanbide Heziketako goi mailako zikloetan sartzeko proba bakarra da, eta esparru hauetan egituratzen da:

ESPARRUA

OINARRIZKO
KONPETENTZIA

ARIKETAK

Komunikaziokoa

Komunikaziokoa

Gaztelania edo Euskara irakasgaiko ariketa bat

Matematikoa

Matematikoa

Matematika Orokorra irakasgaiko ariketa bat

Digitala

Digitala

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak irakasgaiko ariketa bat

29. Erreferentziazko curriculuma, otsailaren 11ko 86/2025 Errege Dekretuaren 23. artikuluan ezartzen den bezala, prozeduraren erreferentziako esparrua da, esparru horretako oinarrizko konpetentzien 4. mailan, aipatutako errege dekretuaren I. eranskinean egiten den zehaztapenari jarraituz.

Nafarroan gardentasun izapidean dago (Araudian parte hartzea) orain lan esperientziaren bidez eta prestakuntza-bide ez-formalen bidez eta ikaskuntza-bide informalen bidez helduek eskuratutako oinarrizko konpetentziak ebaluatzeko eta akreditatzeko prozedura, bai eta Lanbide Heziketaren Sistemaren esparruan dituen ondorioak ere. Erregelamenduz garatzen ez den bitartean, orientazio gisa, Lanbide Heziketako goi mailako sarrera-probako hiru esparruetako ariketen curriculum-erreferentzia izanen da Nafarroako Batxilergoko irakasgai hauetan ezarritakoa (72/2022 Foru Dekretua, ekainaren 29koa, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duena):

–Komunikazio esparrua: "Gaztelania eta Literatura I eta II" edo "Euskal Hizkuntza eta Literatura I eta II" irakasgaiak.

–Esparru matematikoa: "Matematika Orokorra" irakasgaia.

–Esparru digitala: "Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak" irakasgaia (79/2022 Foru Agindua, irailaren 30ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde esparruan dauden ikastetxeetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko etapetan eskaini beharreko aukerako irakasgaien curriculuma arautzen duena).

30. Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako zikloetan sartzeko proba bakarra da, eta esparru hauetan egituratzen da:

ESPARRUA

OINARRIZKO KONPETENTZIA

ARIKETAK

Komunikaziokoa

Komunikaziokoa

Gaztelania edo Euskara irakasgaiko ariketa bat

Oinarri Artistikoak

Kontzientzia eta Adierazpen Kulturalak 1

Oinarri Artistikoak irakasgaiko ariketa bat

Marrazketa Artistikoa

Kontzientzia eta Adierazpen Kulturalak 2

Marrazketa Artistikoa irakasgaiko ariketa bat

Orientazio gisa, Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako sarra-probako hiru esparruetako ariketen curriculum-erreferentzia izanen da Nafarroako Batxilergoko irakasgai hauetan ezarritakoa (72/2022 Foru Dekretua, ekainaren 29koa, Nafarroako Foru Komunitateko Batxilergoko etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duena):

–Komunikazio esparrua: "Gaztelania eta Literatura I eta II" edo "Euskal Hizkuntza eta Literatura I eta II" irakasgaiak.

–Oinarri artistikoen esparrua: "Oinarri Artistikoak" irakasgaia.

–Marrazketa artistikoaren esparrua: "Marrazketa Artistikoa I eta II" irakasgaia.

31. Araubide bereziko kirol irakaskuntzen goi mailako zikloetarako sarrera-proba izanen da Lanbide Heziketako goi mailako zikloetan sartzeko proba edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako zikloetan sartzeko proba.

32. Proba gaztelaniaz edo euskaraz egiten ahalko da; aukera hori inskribatzeko unean adierazi beharko da. Gaztelaniako ariketa eta Euskarako ariketa gaztelaniaz eta euskaraz erantzun beharko dira, hurrenez hurren, proba egiteko zer hizkuntza aukeratu den gorabehera.

Sarrera-probaren kalifikazioa.

33. Erdi mailako zikloetan sartzeko proba:

a) Hiru esparruetako bakoitza 1etik 10era kalifikatuko da, bi dezimalekin.

–Komunikazio esparruko nota izanen da "Hizkuntza" irakasgaiko ariketan lortutakoa.

–Esparru matematikoko nota izanen da "Matematika" eta "A Matematika" irakasgaietako ariketan lortutakoa.

–Esparru sozial-digitaleko nota izanen da "Geografia eta Historia" eta "Digitalizazioa" irakasgaietako ariketan lortutakoa.

b) Erdi mailako zikloetan sartzeko probaren azken kalifikazioa 1etik 10era adieraziko da, bi dezimalekin zehaztuta. Hiru esparruen batezbesteko aritmetikoa eginez aterako da, betiere bakoitzean lau puntu edo gehiago atera badira. Azken kalifikazioan 5 puntu edo gehiago lortuz gero, proba gainditutzat joko da.

c) Probaren esparruren batean salbuespenak daudenean, azken kalifikazioa kalkulatzeko kontuan hartuko da zer ezarri duen Lanbide Heziketaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak sarrera-probetan salbuespenak ezartzeko ebazpenean, aplikatzekoa bada 2026ko probetarako deialdian.

34. Goi mailako zikloetan sartzeko proba:

a) Hiru esparruetako bakoitza 1etik 10era kalifikatuko da, bi dezimalekin.

Lanbide Heziketako goi mailako zikloetan sartzeko proban:

–Komunikazio esparruko nota izanen da "Hizkuntza" irakasgaiko ariketan lortutakoa.

–Esparru matematikoko nota izanen da "Matematika Orokorra" irakasgaiko ariketan lortutakoa.

–Esparru digitaleko nota izanen da "Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak" irakasgaian lortutakoa.

Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako zikloetan sartzeko proban:

–Komunikazio esparruko nota izanen da "Hizkuntza" irakasgaiko ariketan lortutakoa.

–Oinarri artistikoen esparruko nota izanen da "Oinarri Artistikoak" irakasgaiko ariketan lortutakoa.

–Marrazketa artistikoaren esparruko nota izanen da "Marrazketa Artistikoa" irakasgaiko ariketan lortutakoa.

b) Goi mailako zikloetan sartzeko probaren azken kalifikazioa 1etik 10era adieraziko da, bi dezimalekin zehaztuta. Hiru esparruen batezbesteko aritmetikoa eginez aterako da, betiere bakoitzean lau puntu edo gehiago atera badira. Azken kalifikazioan 5 puntu edo gehiago lortuz gero, proba gainditutzat joko da.

c) Probaren esparruren batean salbuespenak daudenean, azken kalifikazioa kalkulatzeko kontuan hartuko da zer ezarri duen Lanbide Heziketaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak sarrera-probetan salbuespenak ezartzeko ebazpenean, aplikatzekoa bada 2026ko probetarako deialdian.

35. Kirol Irakaskuntzetako goi mailako zikloetan sartzeko proba: probaren azken kalifikazioa 0tik 10era adieraziko da, bi dezimalekin. Sarrera-probako kalifikazioaren eta kirol teknikari titulazioaren irakaskuntzetako azken kalifikazioaren arteko batezbesteko aritmetikoa eginen da, baldin eta bi notak lautik gorakoak badira (edo lau). Azken kalifikazioa bost puntukoa edo hortik gorakoa izanez gero, gainditutzat hartuko da.

Proben emaitzak eta erreklamazioak.

36. Behin-behineko emaitzak, erreklamazioak eta behin betiko emaitzak Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoaren "Lanbide Heziketako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko eta Kirol Irakaskuntzetako zikloetarako sarrera-probak" izapideen fitxan argitaratuko dira, ebazpen honen 3. eranskinean adierazten diren egunetan.

37. Erreklamazioak koordinazio epaimahaiko buruari igorritako eskabide baten bidez aurkeztuko dira. Erreklamazioa egiteko, Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan dagoen "Lanbide Heziketako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko eta Kirol Irakaskuntzetako zikloetan sartzeko probak" fitxan dagoen eredua erabiliko da.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatuta, dagokion ebaluazio epaimahaia bilduko da haiek aztertu eta ebazteko.

38. Emaitzen behin betiko aktak jendaurrean jartzearekin betetzat joko da ebaluazio epaimahaiek eta proben koordinazio epaimahaiak erreklamazioen gainean hartzen dituzten erabakien berri emateko prozedura. Aktaren eranskin bat ere argitaratuko da, non adieraziko baita, modu arrazoituan, ea kontuan hartu diren izandako erreklamazioak.

Sarrera-proba gainditu izanaren ziurtagiria eta akreditazio partzialak.

39. Zikloetan sartzeko proba gainditzen duenak eskubidea izanen du ziurtagiri bat jasotzeko, non adieraziko baita Gai edo Ez-gai izan den eta zein kalifikazio lortu duen, zenbakitan emana, bi dezimalekin.

40. Interesdunek probarako inskripzioa egin zuten ikastetxean eskuratzen ahalko dituzte sarrera-proba gainditu izanaren ziurtagiriak, ebazpen honen 3. eranskinean adierazitako datetan.

41. Sarrera-probaren esparru edo zati bat edo gehiago gainditzen duenak eskubidea izanen du akreditazio partzial bat egin dakion. Bertan adieraziko da zein esparru edo zati gainditu dituen eta lortutako kalifikazioa, 5etik 10era, bi dezimalekin. Akreditazio partzial horrek hurrengo deialdietarako balioko du Nafarroako Foru Komunitatean.

Probaren zein esparru gainditu diren frogatzeko egiaztagiriak ebazpen honen 3. eranskinean adierazitako egunetan eskuratzen ahalko dira Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuan (Kale Nagusia 65, Ezpeleta jauregia, 2. solairua, Iruña).

Zikloetan sartzeko proba gainditu izanaren ziurtagiriaren ondorioak.

42. Zikloetan sartzeko proba gaindituz gero, Estatuko lurralde osoan izanen du balioa.

43. Erdi mailako zikloetan sartzeko proba gaindituz gero, ikasketa hauek egin daitezke:

–Lanbide Heziketako erdi mailako heziketa ziklo guztiak.

–Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzetako erdi mailako heziketa ziklo guztiak; horretarako, gainera, gaitasun artistikoaren proba gainditu beharko da.

–Araubide bereziko kirol irakaskuntzetako erdi mailako ziklo guztiak; horretarako, gainera, berariazko baldintzak bete beharko dira.

44. Lanbide Heziketako goi mailako zikloetan sartzeko proba gaindituz gero, ikasketa hauek egin daitezke:

–Erdi mailako zikloetan sartzeko proba gaindituz egin daitezkeen ziklo guztiak.

–Lanbide Heziketako goi mailako heziketa ziklo guztiak.

–Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzetako goi mailako ziklo guztiak. Beharrezkoa izanen da, bestalde, gaitasun artistikoaren proba gainditzea.

45. Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako zikloetan sartzeko proba gaindituz gero, ikasketa hauek egin daitezke:

–Erdi mailako zikloetan sartzeko proba gaindituz egin daitezkeen ziklo guztiak.

–Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzetako goi mailako ziklo guztiak, gaitasun artistikoaren proba gainditu beharrik izan gabe, salbuetsita egonen baita.

–Lanbide Heziketako goi mailako zikloetan sartzeko, beharrezkoa izanen da, gainera, Lanbide Heziketako goi mailako zikloetan sartzeko probaren esparru matematikoa eta digitala gainditzea.

46. Kirol Irakaskuntzetako goi mailako zikloetan sartzeko proba gaindituz gero, ikasketa hauek egin daitezke:

–Araubide bereziko kirol irakaskuntzetako goi mailako zikloak; gainera, kirol teknikari titulua izan behar da, behar den modalitatean, eta kirol arloko berariazko baldintzak bete beharko dira.

–Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko erdi mailako zikloak (azken kasu horretan, gainera, beharrezkoa izanen da gaitasun artistikoaren proba gainditzea).

47. Goi mailako zikloetan sartzeko proba gainditzen dutenak salbuetsita egonen dira goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko heldutasun proba egin behar izatetik, baldin eta hala ezartzen badu heldutasun proba horien deialdia egiten duen ebazpenak.

48. Nafarroan heziketa zikloak egin nahi dituzten ikasleen onarpen prozesua arautzen duen araudiak ezartzen duenez, talde batek berariazko sarbidea izanen du, deialdi honen eraginpeko zikloetarako sarrera-proba baten bidez sartzen direnentzat, eta zikloetarako sarrera ikastaro baten medioz.

25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba.

49. 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditua dutenek ez dute erdi eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko proba egin beharko, eta, beraz, ez dute inskribatu beharrik izanen.

50. 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditzeak aukera ematen du erdi mailako zikloetan eta goi mailako zikloetan sartzeko proba gaindituta egin daitezkeen ziklo guztietan sartzeko.

Arte Plastikoetako eta Diseinuko erdi eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko, gainera, beharrezkoa izanen da gaitasun artistikoaren proba gainditzea, salbu 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba hori gainditu bada Arteak eta Giza Zientziak modalitatean.

Sarrera-proben baliokidetzak ondorio profesionaletarako, eta profesionaltasun ziurtagiriak lortzea.

51. Hala ezartzen baitu 3.1 artikuluan ekainaren 10eko EDU/1603/2009 Aginduak –martxoaren 7ko EDU/520/2011 Aginduak aldatutakoak–, erdi eta goi mailako zikloetarako sarrera-probak gainditzea baliokidea da, ondorio profesionaletarako (enplegu publiko zein pribatuetan sartzeko ondorioetarako baino ez), DBHko graduatuaren titulua izatearekin, betiere egiaztatzen bada kondizio hauetakoren bat betetzen duela:

a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenbiziko bi kurtsoetako irakasgai guztiak gaindituak izatea.

b) Erdi mailako heziketa zikloa ikasten hasia izatea eta lanbide modulu batzuk gaindituak izatea, betiere, modulu horien iraupena heziketa zikloaren iraupen osoaren erdia baldin bada gutxienez.

c) Goi mailako heziketa zikloa ikasten hasia izatea eta lanbide modulu batzuk gaindituak izatea, betiere, modulu horien iraupena heziketa zikloaren iraupen osoaren herena baldin bada gutxienez.

d) Goi mailako arte irakaskuntzetako 10 ECTS kreditu edo gehiago gainditurik izatea, edo, hala badagokio, 1603/2009 EDU Aginduaren 5. xedapen gehigarrian xedatutakoa (EDU/520/2011 Aginduaren bidez aldatua).

e) Atzerrian egindako ikasketak egiaztatzea, hain zuzen, DBHko hirugarren kurtsoan sartzeko Espainiako hezkuntza sisteman eskatzen den mailaren balio berekoak.

f) Helduen Bigarren Hezkuntzaren I. mailako esparru guztiak gaindituak izatea.

52. Hala ezartzen baitu 4.1 artikuluan ekainaren 10eko EDU/1603/2009 Aginduak –martxoaren 7ko EDU/520/2011 Aginduak aldatutakoak–, goi mailako zikloetarako sarrera-probak gainditzea baliokidea da, ondorio profesionaletarako (enplegu publiko zein pribatuetan sartzeko ondorioetarako baino ez), Batxilergo titulua izatearekin, betiere egiaztatzen bada baduela, gainera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatuaren titulua edo baliokide akademikoren bat.

53. Aurreko bi oinarrietan ondorio profesionaletarako ezarri diren baliokidetzek aukera ematen diete eskatutako ikasketa titulurik ez duten helduei lanpostu horietan aritzeko. Baliokidetza horiek ezartzen dira, bakar-bakarrik, lanpostu publiko edo pribatuen deialdietan eskatzen diren betebeharrei dagokienez.

54. Erdi mailako zikloetan sartzeko proba gainditzeak 2. mailako profesionaltasun ziurtagiria lortzeko bidea ematen du.

Goi mailako zikloetan sartzeko proba gainditzeak 3. mailako profesionaltasun ziurtagiria lortzeko bidea ematen du.

Proben egutegia.

55. Probak egiteko eta horien emaitzak argitaratzeko egutegia ebazpen honen 3. eranskinean ezarrita dago.

Zikloetan sartzeko probetako salbuespenak.

56. Lanbide Heziketaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpen bidez ezarriko dira erdi mailako zikloetarako sarrera-probari eta sarrera ikastaroari eta horien esparruei dagozkien salbuespenak, bai eta goi mailako zikloetarako sarrera-probari eta sarrera ikastaroari eta horien zatiei dagozkien salbuespenak ere.

Sarrera-proben koordinazio epaimahaia eta ebaluazio epaimahaiak.

57. Koordinazio epaimahai bat eratuko da, Lanbide Heziketan eskumena duen zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez izendatua, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, kide hauek izanen dituena: epaimahaiburu bat, idazkari bat eta lau epaimahaikide.

58. Erdi mailako zikloetan sartzeko probarako, ebaluazio epaimahaiak eratuko dira, kide hauek izanen dituztenak: mahaiburu bat eta, gutxienez, mahaikide bat probaren esparru bakoitzeko.

59. Goi mailako zikloetan sartzeko probarako, ebaluazio epaimahaiak eratuko dira, kide hauek izanen dituztenak: mahaiburu bat eta, gutxienez, mahaikide bat probaren esparru bakoitzeko.

60. Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako zikloetan sartzeko probarako, ebaluazio epaimahaiak eratuko dira, kide hauek izanen dituztenak: mahaiburu bat eta, gutxienez, mahaikide bat probaren esparru bakoitzeko.

61. Epaimahai horien eraketa, eginkizunak eta jarduketa finkatzeko, Lanbide Heziketan eskumena duen zuzendari nagusiak jarraibide batzuk emanen ditu, ebazpen bidez.

2. ERANSKINA.–ACREDITACIÓN DE LA CONDICIÓN DE ALUMNADO DE NECESIDADES ESPECÍFICAS DE APOYO EDUCATIVO / HEZKUNTZA LAGUNTZAKO BERARIAZKO PREMIAK DITUEN IKASLEAREN KONDIZIOA EGIAZTATZEKO ZIURTAGIRIA

Centro docente /Ikastetxea

Domicilio /Helbidea

Localidad /Herria

El Departamento de Orientación de este centro acredita que ........................................................................... es una alumna o alumno con necesidades específicas de apoyo educativo debido a dificultades específicas de aprendizaje y trastornos por déficit de atención e hiperactividad / por necesidades educativas especiales, a los efectos de las Adaptaciones de las Pruebas de Acceso.

Ikastetxe honen Orientazio Departamentuak egiaztatzen du ...................................................................................... berariazko hezkuntza-laguntza behar duen ikaslea dela, ikasteko zailtasun espezifikoak eta arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmenduak dituelako / hezkuntza-premia bereziak dituelako, sarrera-proben egokitzapenen ondorioetarako.

ADAPTACIONES NECESARIAS /BEHARREZKO EGOKITZAPENAK

Ampliación de tiempo (20 minutos máximo).

Denbora luzatzea (20 minutu gehienez).

Asiento reservado (Se sitúa al alumnado con dificultades específicas de aprendizaje alejado de las zonas de paso para evitar distracciones).

Eserlekua erreserbatzea (Ikasteko zailtasun espezifikoak dituzten ikasleak pasaguneetatik urrun kokatuko dira ez dezaten arreta galdu).

Tras las indicaciones iniciales, se le preguntará a nivel personal si han entendido las instrucciones, las opciones...

Hasierako jarraibideen ondoren, banaka galdetuko zaie argibideak, aukerak, etab. ulertu dituzten.

Llamadas de atención (Cuando se ve al alumnado con dificultades específicas de aprendizaje distraído se le pregunta qué tal va para que siga haciendo el examen).

Ohartarazpenak (ikasteko zailtasun espezifikoak dituzten ikasleak distraituta ikusiz gero, zer moduz ari diren galdetuko zaie, azterketa egiten jarrai dezaten).

Para el alumnado con dificultades específicas de aprendizaje: revisión del examen por parte del profesorado en el periodo adicional de tiempo, para comprobar que es comprensible y si tuvieran que realizar alguna corrección, será siempre dentro del tiempo máximo concedido.

Ikasteko zailtasun espezifikoak dituzten ikasleen kasuan, irakasleek azterketa berrikusiko dute denbora gehigarriaren tartean, ulergarria den egiaztatzeko, eta zuzenketaren bat egin behar izanez gero, utzitako gehieneko denboraren barruan egin beharko dute.

Ordenador. Para los alumnos con dificultades específicas de aprendizaje que habitualmente utilice el ordenador como ayuda técnica en el centro, se facilitará un ordenador con procesador de textos, conectado a red eléctrica y sin conexión a internet. El corrector ortográfico estará activado. En algunas asignaturas no se puede utilizar: Dibujo, Matemáticas, Física, Química. En asignaturas como Biología se escribe el texto y los dibujos necesarios se hacen a mano. Se sitúa al alumnado en última fila, para no hacer visible la pantalla.

Ordenagailua. Ikasteko zailtasun espezifikoak dituzten ikasleen kasuan, ikastetxean laguntza tekniko moduan ordenagailua erabiltzeko ohitura baldin badute, ordenagailu bat utziko die, testu prozesagailua duena, sare elektrikora konektatua eta interneteko konexio gabe. Zuzentzaile ortografikoa aktibatuta egonen da. Ezin izanen da erabili irakasgai batzuetan: Marrazketa, Matematika, Fisika, Kimika. Biologia moduko irakasgaietan, testua idazten da eta beharrezko marrazkiak eskuz egiten dira. Ikasleak azken ilaran eseriko dira, pantaila ez dadin agerian egon.

Información sobre dificultades específicas de aprendizaje para los correctores.

Ikasteko zailtasun espezifikoei buruzko informazioa zuzentzaileendako.

OBSERVACIONES /OHARRAK

.............................................., a .................... de............................................... de 2026 /

............................. (e)n, 2026ko .......................................... (a)ren ...................... (e)an

La orientadora-el orientador /Orientatzailea

Fdo/Stua.: ..........................................................................

3. ERANSKINA.–NAFARROAN ZIKLOETAN SARTZEKO PROBEN 2026KO DEIALDIAREN EGUTEGIA

JARDUKETA

EGUNAK

Inskripzio-eskaerak aurkezteko epea.

2026ko martxoaren 3tik 10era (14:00ak arte)

Azken eguna ikastetxeek inskripzioak EDUCAn sar ditzaten.

2026ko martxoaren 13a

Azken eguna koordinazio epaimahaiari igortzeko desgaitasuna dela-eta proban egin beharreko egokitzapenen eskaerak (inskripzioa egiten den ikastetxeak), baita berariazko zatia egin beharraz salbuestekoak ere, lan eskarmentua edukitzeagatik.

2026ko martxoaren 18ra arte

Onartutako pertsonen eta egokitzapenen behin-behineko zerrendak argitaratzea.

2026ko martxoaren 25a

Behin-behineko zerrendei (onartutako pertsonena eta egokitzapenena) erreklamazioak egiteko epea.

2026ko martxoaren 26tik 30era (14:00ak arte)

Onartutako pertsonen behin betiko zerrenda eta egokitzapenen ebazpena argitaratzea.

2026ko apirilaren 14a

Informazio honen argitalpena webgunean: izangaien gelaz gelako banaketa.

2026ko maiatzaren 15a (erdi mailako proba eta goi mailako proba)

Erdi mailako zikloetan sartzeko proba: Ariketak egiteko eguna.

2026ko maiatzaren 20a

Komunikazio esparrua, Esparru matematikoa eta Esparru digitala (9:30etik 12:30era)

Lanbide Heziketako goi mailako zikloetan sartzeko proba: ariketak egitea.

Kirol Irakaskuntzetako goi mailako zikloetan sartzeko proba.

2026ko maiatzaren 21a

Komunikazio esparrua, Esparru matematikoa eta Esparru digitala (9:30etik 12:30era)

Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako zikloetan sartzeko proba: ariketak egitea.

2026ko MAIATZAREN 21a

Komunikazio esparrua, Oinarri artistikoen esparrua eta Marrazketa artistikoaren esparrua (15:30etik 19:30era)

Erdi mailako eta goi mailako zikloetan sartzeko probaren behin-behineko emaitzak argitaratzea.

2026ko maiatzaren 26a

Erdi mailako eta goi mailako zikloetan sartzeko probaren behin-behineko emaitzei erreklamazioak jartzeko epea.

2026ko maiatzaren 27tik 29ra (14:00ak arte)

Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko probaren behin betiko emaitzen argitalpena.

2026ko ekainaren 4a

Proba gainditu izanaren ziurtagiriak (inskripzioa egiten den ikastetxean jaso behar dira).

2026ko ekainaren 11tik aurrera

Ziurtagiri partzialak (Hezkuntza Departamentuan jaso behar dira).

2026ko urriaren 20a

Iragarkiaren kodea: F2602397